
174. zk., 2023ko irailaren 12a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (195 KB - 12 orri.)
- EPUB (122 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
HEZKUNTZA SAILA
4218
AGINDUA, 2023ko irailaren 5ekoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena eta Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez Eskolako Agenda 2030 eta Lanbide Heziketako Agenda 2030 programak garatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeei eman beharreko dirulaguntzen oinarri arautzaileak ezartzen baitira eta deialdia egiten baita 2023-2024 ikasturterako.
Nazio Batuen arabera, arazo ekosozialak desagerraraztea –besteak beste, pobrezia bere forma eta dimentsio guztietan eta baliabide naturalen neurrigabeko erabilera– ezinbesteko baldintza da garapen jasangarria lortzeko. Horretarako, gizarte-eredu jasangarria, inklusiboa eta ekitatiboa ahalbidetu behar da, guztiontzako aukera gehiago sortuz, desberdinkeriak murriztuz, bizi-maila duinak lortuz, gizarte-garapen ekitatibo eta inklusiboa eta baliabide naturalen eta ekosistemen antolamendu integratua eta jasangarria sustatuz.
2015eko irailaren 25ean, Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak aho batez onartu zuen Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda. Ekintza-plan unibertsal, integral eta eraldatzaile bat da, giza garapena gizarte, ekonomia eta ingurumenaren alorretan bultzatzea helburutzat duena. Garapen Jasangarrirako 17 helburuek eta horiek garatzen dituzten 169 jomugek izaera integratua eta zatiezina dute, eta garapen jasangarriaren hiru dimentsioak hartzen dituzte barnean (soziala, ekonomikoa eta ingurumenekoa).
Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartu du 2030 Agendan ezarritako erronka, Euskadi Basque Country 2030 Agenda finkatuz. Han, gobernu-programaren eta garapen jasangarriarekin loturiko helburuen arteko lerrokatze- eta ekarpen-maila islatzen da.
Horrez gain, Jasangarritasunerako Udalerrien Sarearen 2020rako Plan Estrategikoan oinarritutako Tokiko 2030 Agendak lurralde-estrategia jasangarri, sozial, adimendun, orekatu eta parte-hartzailea sustatzea du helburu, eskolen parte-hartzea eta eskola-proiektuen garapena ahalbidetzeko.
Halaber, euskal gizarte justuagoa eta jasangarriagoa lortzeko, 2030erako Jasangarritasunerako Hezkuntza Estrategiak hezkuntza eraldatzaile bat garatzeko zimenduak ezartzen ditu, elkarlana xede izanik. Eragile guztiei lekua emango die, elkarrekintzan aritu daitezen, helburu argi batekin: Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren pertsona guztien arteko konplizitatea lortzea, gure bizimodutik kultura berri baterako trantsizioa lortzeko. 2030erako Jasangarritasunerako Hezkuntza Estrategiaren lehenengo jomugan, ekintzarako hezkuntzan, jarduketa-ildoetako bat da hezkuntza-esparru ezberdinetan eragile dinamizatzaileek eta berritzaileek jasangarritasunerako hezkuntzaren arloan daukaten rola sustatzea, eta bigarren eta laugarren ekintzek proposatzen dute «Eskolako Agenda 2030» berria diseinatzea eta «Lanbide Heziketako Agenda 2030» garatzea.
Horrekin batera, Heziberri 2020 Planaren 4. artikuluak, «Oinarrizko Hezkuntzaren Xedeak» izenburua duenak, c atalean honela dio: ikasleak helduarorako eta bizitza oso baterako prestatzea, gizabanako diren aldetik; bizikidetza harmoniatsua garatzearekin eta gizarte justu eta zuzenago bat eraikitzearekin konprometituak; eta natura zaintzearekin eta garapen jasangarriarekin konprometituak.
Aurrekoa kontuan hartuta, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak eta Hezkuntza Sailak Eskolako Agenda 2030 (EA2030) eta Lanbide Heziketako Agenda 2030 (LHA2030) programak garatzeko ezinbesteko jotzen dute ikastetxeei dirulaguntzak ematea jasangarritasunerako hezkuntzako berariazko proiektuei ekiteko. Proiektu horiek, batetik, ikastetxeko hezkuntza- eta curriculum-proiektuetan jasangarritasun-ikuspegia sendotuko dute, eta, bestetik, ikasleak eta hezkuntza-komunitateak garapen jasangarriaren inguruan konprometitzeko gaituko dituzten kontzientzia, gaitasuna, ezagupena, balioak eta eraldatzeko ekimenak garatzen lagunduko dute.
Horrez gain, laguntza hau Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2021., 2022. eta 2023. urteetarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dago, zeina Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2021eko martxoaren 17ko Aginduaren bidez onartu baitzen (sail beraren webgunean argitaratu zen), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan eskatzen den bezala, eta arau horretan jasotako edukia zuela. Bestalde, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak eta Hezkuntza Sailak egokitzat jotzen dute eskola-programetan jasangarritasunerako hezkuntza sartzea eta ikastetxeek eta irakasleek ingurumenaren arloan egiten duten lana sustatzea eta aitortzea.
Ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuak (EHAA, 47. zk., 2021-03-05) eta Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 71/2021 Dekretuak (EHAA, 47. zk., 2021-03-05) ematen diguten eskumenaz baliatuz, eta bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan xedatutakoarekin, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritakoarekin, azken hori garatzen duen Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzei eta laguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenekin, honako hau
EBAZTEN DUGU:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea hau da: Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeei dirulaguntzak ematea, norgehiagoka-prozeduraren bidez, 2023-2024 ikasturtean Eskolako Agenda 2030 (EA2030) eta Lanbide Heziketako Agenda 2030 (LHA2030) programak garatzeko.
2.– Diruz lagundu daitezkeen proiektuen jarduketa-eremua Euskal Autonomia Erkidegoa izango da.
2. artikulua.– Hezkuntza-proiektua.
1.– Euskadi Basque Country 2030 Agendan oinarrituta, eta arazo ekosozial lokalak eta globalak konpontzen esku hartzeko behar diren gaitasunak eta konpromisoak garatzeko, ingurumen-hezkuntzako EA2030 edo LHA2030 proiektu bat egingo da, garapen jasangarriko helburuen esparruan, ikastetxeko eta tokiko ekintza eraldatzaileak sustatzen dituena.
2.– EA2030 edo LHA2030 programa gauzatzeko, ikastetxeei Hezkuntza Saileko laguntza-zerbitzuen aholkularitza, laguntza teknikoa eta prestakuntza eskainiko zaie. Deialdi honetarako, proiektu bakoitzari Hezkuntza Saileko laguntza zerbitzuen aholkulari bat gutxienez esleituko zaio.
3.– Proiektuak ikastetxeko hezkuntza- eta curriculum-proiektuetan eta ikastetxeko urteko planaren barruan txertatu behar dira; era berean, ikastetxeko gainerako proiektuekiko lankidetza sustatu behar da. Urtetik urtera, proiektuaren ondorioz hartutako konpromisoak eta erabakiak erreferente izango dira ikastetxearen jasangarritasun-irizpideak osatzen joateko.
4.– EA2030erako, ikastetxeetako etapetako batek gutxienez parte hartuko du proiektuan, eta etapa horretako irakasle eta ikasle guztiek parte hartu beharko dute. LHA2030erako, proiektua garatzen duten heziketa-zikloetako irakasle eta ikasle guztiek parte hartu beharko dute.
5.– Proiektua ikastetxearena da, eta zuzendaritza-taldearen erantzukizuna izango da. Proiektuko lanak koordinatu eta gauzatzeko, koordinazioa egingo duen pertsona bat gutxienez izendatuko da. Hau aukeratzerakoan, lehentasuna emango zaio behin betiko langile izateari edo ikastetxean gutxienez bi ikasturte egin izanari, ikastetxearen funtzionamendua ondo ezagutzeari eta prozesua dinamizatzeko eta gidatzeko gaitasuna izateari. Era berean, ikastetxeak hauek bermatuko dizkio koordinatzaileari:
a) EA2030 eta LHA2030 proiektuen koordinatzaileei berariaz zuzendutako prestakuntza-ikastaroetan parte hartzea.
b) Proiektua koordinatzeko denbora eta baliabideak, informatikoak barne, izatea.
c) Beste ikastetxe batzuekin batera, Hezkuntza Saileko hezkuntza-laguntzako zerbitzuen jasangarritasunerako hezkuntzaren arloak (lehen, Ingurugelak) egokitzat jotzen dituen koordinazio-bileretan parte hartzea.
6.– Koordinatzaileak beste irakasle batzuen laguntza izango du, eta talde gidari bat osatuko dute. Talde hori izango da proiektuaren dinamizatzailea, eta parte-hartzaile kopurua ikastetxearen tamainaren proportzioaren arabera ezarriko da. Talde horretan irakasleek baino ez dute parte hartuko, eta EA2030 eta LHA2030 proiektuen koordinatzaileak zuzenduko eta gainbegiratuko du. Ez da gehieneko kide kopururik ezarriko, baina gutxienez hauek izan beharko dute:
a) Proiektuaren koordinatzailea.
b) EA2030ean, irakasle bat proiektuan parte hartzen duen etapa bakoitzeko. LHA2030ean, irakasle bat proiektuan parte hartzen duen ziklo-maila bakoitzeko.
Talde Gidarian parte hartzea borondatezkoa izango dela aurreikusten da. Gutxieneko parte-hartzea estaltzen ez bada, ikastetxeak ezarriko du ordezkariak hautatzeko prozedura.
7.– EA2030ean, «Ostadar Zirkulua» eta LHA2030ean, «Jasangarritasunerako Batzorde EKOSoziala» eratuko dira; batean zein bestean, ikastetxeko estamentu guztiek, familiek, irakasle ez diren langileek, irakasleek eta ikasleek izan dezakete ordezkaritza. Talde horren eginkizuna izango da ikastetxeak egoera ekosozialen esparruan eta garapen jasangarriko helburuen esparru berrian definitu duen ingurumen-hezkuntzako proiektua babestea eta haren jarraipena egitea. Talde hori ikastetxearen tamainaren arabera eratuko da, eta ikasleek gehiengoa osatzen dutela bermatuko da.
8.– Proiektua abian jarri eta garatzeko, ezinbestekoa izango da Ikasleen Batzarra sortzea. Batzar hori ikasgela bakoitzean hautatutako ekoordezkariek osatuko dute. Batzarraren eginkizunak honako hauek dira:
a) Proiektua martxan jartzea, hartutako konpromisoetatik eta hobetzeko proposamenetatik abiatuta.
b) Gela bakoitzaren proposamenak bildu eta aztertzea.
c) Batzarrean egindako proposamenak idaztea eta zabaltzea, ekoordezkarien bitartez.
d) Proiektuaren jarraipena eta ebaluazioa egitea.
Batzarrak talde hauek definitu ahal izango ditu bere jardunerako:
a) Ekoliderrak: Ikasleen Batzarrak hautatuko ditu bere kideen artetik, eta bilerak dinamizatuko dituzte. Era berean, ekoliderrek beste estamentu batzuetan ordezkatuko dute batzarra (Talde Gidarian, Ostadar Zirkuluan, Udalean...)
b) Brigada Berdea: ikastetxearen arabera eginkizun espezifikoak dituzten ikasleen taldea (instalazioak gainbegiratzea, jardunbide egokiak...)
9.– AE2030 proiektua eskolako eta tokiko esparruetan garatuko da. LHA2030ean, proiektua ikastetxean eta lurralde historikoan gauzatuko da. Era berean, proiektuan parte hartzen duten hezkuntza arautuko etapek edo mailek parte hartuko dute proiektua garatzen den bitartean antolatzen diren Lanbide Heziketako foroetan (eskola barrukoa, eskola artekoa, udalekoa, lurraldekoa, Euskal Herrikoa).
3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Xede horretarako, milioi bat berrehun eta berrogeita hamar mila (1.250.000) euro bideratuko dira gehienez, 2023.1000542100.1.44210.42100.2023.001122 aurrekontu-aplikazioaren kargura.
4. artikulua.– Entitate onuradunak.
Agindu honetan jasotako laguntzak jaso ahal izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan dauden unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publiko eta itunpeko ikastetxe pribatu guztiek.
5. artikulua.– Betekizunak.
1.– Entitate onuradunak egunean izan beharko ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere.
Betekizun horiek eskatuko dira bai entitate onuradun izateko, bai izaera horri eusteko emandako dirulaguntza likidatu arte; beraz, baldintza horiek betetzen direla egiaztatuko da kontzesioa egiten den unean eta ordainketak agintzean.
2.– Ezin izango dira dirulaguntza honen onuradun izan dirulaguntza edo laguntza publikoa eskuratzea eragozten duen edozein debeku edo zehapen administratibo edo penal duten entitateak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23.2 artikuluan ezarritakoa barne.
3.– Halaber, ezin izango dira dirulaguntzen onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan jasotako inguruabarretako batean dauden entitateak. Kasu horietako batean dauden zehazteko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 4. apartatutik 6.era bitartean ezarritakoari jarraituko zaio, eta inguruabar bakoitzerako ezarritako muga izango dute.
6. artikulua.– Entitate eskatzailearen betekizun jakin batzuk egiaztatzea.
1.– Parte hartzeko eskabidearekin batera, baimena emango zaio instrukzio-organoari ofizioz egiazta dezan laguntzak eskatzen dituzten entitateek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, behar beste aldiz.
Hala ere, entitate eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, kasu horretan, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko du.
2.– Eskabideetan aukera egongo da laguntza eskatzen duen entitateak berariaz baimena eman diezaion instrukzio-organoari gainerako datuak edo dokumentuak eskuratu edo egiaztatzeko, hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoak esleituta dituen egiaztatze-, kontrol- eta ikuskatze-ahalmenak.
3.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren testu bategina aplikatuz, betekizun hauek egiaztatuko dira, eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez:
a) Laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalik ez izatea, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23.2 artikuluan ezarritakoa barne.
b) Entitate eskatzaileak ez dauka Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan jasotako debekurik, eta, bereziki, dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketan egunean egoteari dagokionez.
c) Entitate eskatzailea ez dago sartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den ezein itzultze- edo zehapen-prozeduratan. Halako prozedura batean sartuta badago, dagokion prozedura edo prozedurak identifikatuko dira.
d) Entitate eskatzaileak adierazten du ikastetxeko klaustroa eta gobernu-organoa (Ordezkaritza Organo Gorena (OOG), Eskola Kontseilua edo Kontseilu Soziala, kasuan-kasuan dagokiona) informatuta daudela, ados daudela eta onartzen dituztela EA2030 edo LHA2030 proiektuak ikastetxearen barne-antolaketan izan ditzakeen ondorioak.
e) Era berean, entitate eskatzaileak adierazten du egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera doan dokumentazioan jasotako datuak, eta betetzen dituela agindu honek laguntzen onuradun izateko ezartzen dituen betekizunak.
7. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Diruz lagundu ahal izango dira EA2030 eta LHA2030 proiektuen garapenari zuzenean lotutako gastuak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
2.– Eskolaz kanpoko ingurumen-hezkuntzako zentroetako jarduerak, egonaldiak eta bisitak, bai eta ingurumen-ondarea ezagutzeko egiten direnak ere, Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan egin beharko dira, dirulaguntza jasoko badute.
3.– Ingurumen-hezkuntzarekin zerikusia duten garapen jasangarriko helburuez gain, emandako dirulaguntzaren guztizkoaren % 20ra arte bideratu ahal izango da ondorengo beste garapen jasangarriko helburu hauetara: 1.a, 2.a, 3.a, 4.a, 5.a, 8.a, 9.a, 10.a, 16.a eta 17.a.
4.– Gastu hauek diruz lagundu ahal izango dira, emandako dirulaguntza osoaren % 30era arte: eguzki-plakak, argiztapena, isolamendu akustikoa, txorrotak, megafonia-sistemak, karbono dioxido detektagailuak, aire-arazgailuak eta antzekoak.
8. artikulua.– Diruz lagundu ezin diren gastuak.
Gastu hauek ez dira diruz lagunduko:
a) EA2030 edo LHA2030 proiektuarekin zuzenean lotuta ez daudenak, eta zehazki:
– Ingurumen- eta energia-auditoretzen eta -ziurtagirien gastuak.
– Bulegoko materialaren gastuak, AE2030 edo LHA2030 programak eragindakoak gainditzen badituzte.
– Ospakizun-gastuak, proiektuan parte hartzen duten pertsonei eskerrak edo esker ona emateko ekitaldiekin erlazionaturikoak izan ezik.
– Zergak, karguak edo tasak.
– Zentroaren egiturazko gastuen fakturak, hala nola argia, ura etab.
– Mugikorretarako, web-orrietarako eta abarretarako aplikazioak, dirulaguntzaren xedearekin zuzenean lotuta ez dauden gaietan.
– Ikastetxeko instalazioak mantentzeko lanak, hala nola lorezaintza, konponketak edo antzekoak.
b) Proiektua itunpeko ikastetxe pribatuetan planifikatzeko eta garatzeko irakasleek erabiltzen dituzten orduen kostua.
c) Ingurumen-hezkuntzako jarduerekin zuzenean lotuta ez dauden materialak, tresnak, altzariak edo bestelako inbertsio-gastuak.
Gasturen batekin zalantzarik izanez gero, informazio gehigarria eskatuko da, laguntzaren helburua betetzeko edo jarduera gauzatzeko egindako gastua den zehazteko.
9. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Eskabide-orria sailaren web-orrian egongo da eskuragarri, eta bitarteko bera erabiliz aurkeztuko da: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0038410. Ikastetxe bakoitzeko laguntza bat baino ez da emango; beraz, ikastetxe batek eskabide bat baino gehiago aurkezten badu, azkena joko da baliozkotzat, eta hura bakarrik izapidetuko da.
3.– Entitate eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta dokumentazioa, nahi duten eran. Era berean, prozedura osoan zehar, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
4.– Agindu honetan aipatzen diren dirulaguntzak jaso nahi dituzten entitate eskatzaileek eskabidea bete beharko dute (eskabide-orri elektronikoa). Hona hemen eskabidearen edukia:
– Ikastetxearen eta haren legezko ordezkariaren datuak.
– Jakinarazteko eta komunikatzeko kanalak eta hizkuntza.
– Abisuak jasotzeko datuak.
– Proiektuaren datuak (proiektuaren izenburua, koordinazioa, Talde Gidaria, proiekturako aurreikusitako dedikazio-orduak, parte-hartzaileak eta aurreikusitako jarduerak).
– Datu ekonomikoak (eskatutako dirulaguntza, diru-sarrerak eta aurreikusitako gastuak).
– Erantzukizunpeko adierazpenak eta baimenak.
Xede bererako beste administrazio publiko edo entitate pribatu batzuetatik laguntzaren bat jasoz gero, eskabidean adierazi beharko dute.
5.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren web-orriaren barruan, ikastetxe publikoek eskuragarri izango dute «AE2030erako eta LHA2030erako ordezkaritzaren eskuordetza-dokumentua». Dokumentu hori erabiliko da soilik zentroaren legezko ordezkaria (zuzendaria) ez beste norbaitek kudeatzen baditu eskabideaz bestelako administrazio-izapideak Nire karpetaren bidez.
10. artikulua.– Aurkeztutako eskabidearen akatsak zuzentzea.
Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak eskabidean akatsen edo zehaztugabetasunen bat aurkitzen badu, entitate eskatzaileari jakinaraziko dio, eta akatsa edo zehaztugabetasuna zuzentzeko hamar eguneko epea emango dio. Jakinarazpenean adieraziko da ezen, entitateak zuzenketa egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, betiere aldez aurretik ebazpena emanda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan jasotakoari jarraituz.
Eskabidea aurrez aurre aurkezten bada, elektronikoki aurkeztu behar dela adieraziko zaio entitate eskatzaileari. Horretarako, zuzenketa egin den eguna hartuko da eskabidea aurkeztu den datatzat.
11. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak egitea.
12. artikulua.– Balorazio-epaimahaia.
1.– Eskabideak balorazio-epaimahai batek aztertuko ditu, eta honako hauek osatuko dute epaimahaia:
– Ingurumen Hezkuntza, Prestakuntza eta Sentsibilizazioko Zerbitzuko arduraduna edo haren ordezkoa; epaimahaiburu lanak egingo ditu.
– Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzako bi teknikari, Natura Ondare eta Klima Aldaketaren zuzendariak izendatuak. Sailburuordetza horretan antzinatasun handiena duen pertsonari dagozkio idazkaritzaren berezko zereginak.
2.– Balorazio-epaimahaiaren osaera izenduna, aurreko apartatuan aurreikusitakoaren arabera, EHAAn argitaratuko da, hala ezarrita baitago azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 49. artikuluan.
3.– Balorazio-epaimahai horrek egingo duen balorazio-aktan, hau jasoko du: onartutako eskabideak, ukatutako eskabideak eta justifikazioa, eman daitekeen gehieneko kopurua eta eskabide bakoitzerako proposatutako kopurua. Horrez gain, horren proposamena helaraziko dio Natura Ondare eta Klima Aldaketaren zuzendariari.
13. artikulua.– Dirulaguntzak esleitzeko eta kuantifikatzeko irizpideak.
1.– Programa garatzeko dirulaguntza eskatzen duten ikastetxe publiko eta itunpeko pribatu guztiek jasoko dute dirulaguntza, baldin eta agindu honetako betekizun guztiak betetzen badituzte.
2.– Dirulaguntza bakoitzaren gehieneko zenbatekoak ezin izango du gainditu entitateak eskatutakoa, ezta gehieneko kopuru hauek ere:
– 5.000 euro, Eskola Jasangarriaren Ziurtagiria indarrean duten ikastetxeentzat.
– 3.000 euro, gainerako ikastetxeentzat.
3.– Ezarritako gehiengoak kontuan harturik, irizpide hauek aintzat hartuta kalkulatuko da dirulaguntza:
a) Ikastetxe bakoitzak, EA2030 edo LHA2030 proiektua garatzeko, gutxienez 750 euro jasoko ditu.
b) Horrez gain, Eskola Jasangarriaren Ziurtagiria indarrean duten ikastetxeei 1.000 euro gehiago esleituko zaizkie. Puntu hau ofizioz egiaztatuko da.
c) Aurreko bi apartatuetan adierazitako zenbatekoak deialdiaren guztizko zenbatekoari kendu ondoren lortzen den zenbatekoa proportzionalki banatuko da, jarraian adierazten den formulari jarraikiz lortutako puntuazioaren arabera:
– Ikastetxe bakoitzari 2023-2024 ikasturtean EA2030 edo LHA2030 proiektuan parte hartuko duten 2 urtetik gorako ikasleak beste puntu emango zaizkio.
– Aurreko puntuazio horri batu egingo zaio ikastetxeak duen bekadun kopurua bider bi eginda lortzen den zenbatekoa, eskabide-epea amaitzen den uneko estatistika ofizialaren arabera.
– Ikastetxe bakoitzari emandako puntuazioa faktore konstante batekin biderkatuko da. Faktore hori lortzeko, eragiketa hau egingo da: banatzeko gelditzen den guztizkoa zati ikastetxe guztiei emandako puntuen batura.
– Lehen banaketaren ondoren soberakinik badago, 2. apartatuan adierazitako gehieneko zenbatekoak edo eskatutako dirulaguntzaren zenbateko osoa lortu ez duten ikastetxeen artean banatuko da. Kasu horretan, faktore konstantea lortzeko, soberakina ikastetxe horiei emandako puntu guztien baturarekin zatituko da.
– Soberakina dagoen bitartean, aurreko epigrafean adierazitako prozeduraren arabera banatuko da.
14. artikulua.– Dirulaguntzaren bateragarritasuna.
Agindu honetan ezarritako mugak alde batera utzi gabe, deialdi honen xede diren dirulaguntzak bateragarriak dira edozein administraziok edo beste entitate publiko edo pribatu batek proiektu bererako ematen dituen beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin, betiere horrek diruz lagundutako proiektuaren gainfinantzaketarik eragiten ez badu.
Proiektua amaitu eta oinarri hauetako 17.b artikuluan aurreikusitako justifikazio-kontu sinplifikatua aurkeztu ondoren, gainfinantzaketarik egon dela egiaztatzen bada, agindu honen babesean emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, hautemandako gainfinantzaketaren baliokidea den zenbatekoan.
15. artikulua.– Dirulaguntza emateko ebazpena.
1.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Natura Ondare eta Klima Aldaketaren zuzendariak, horretarako eratutako balorazio-epaimahaiak egindako proposamena ikusita, eta epaimahaiaren balorazio-aktaren bidez, ikastetxe interesdunei dirulaguntzak ematea ebatziko du, agindu honek ondorioak sortzen dituenetik gehienez ere sei hilabeteko epean. Ebazpen hori telematikoki jakinaraziko zaie ikastetxeei, jendeak horren berri izan dezan; dena den, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 41. eta 45. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz. Ebazpen horretan, dirulaguntza jaso dezaketen proiektuak zehaztuko dira, bai eta dirulaguntzen zenbatekoa ere, eta adieraziko da zer proiektu baztertu nahi diren eta zergatik.
2.– Aurreko paragrafoan aipatutako ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote entitate interesdunek Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluen arabera.
3.– 1. paragrafoan adierazitako epea igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, ikastetxe interesdunek dirulaguntzaren eskabidea ezetsi zaiela ulertu ahal izango dute, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
4.– Entitate onuradunei dirulaguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura.
16. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun diren entitateek Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 46. eta 14. artikuluetan xedatutako betebeharrak bete beharko dituzte, eta, zehazki, honako hauek:
a) Dirulaguntza onartzea. Dirulaguntzaren esleipendun diren ikastetxeek ez badiote berariaz uko egiten dirulaguntzari hamar eguneko epean, 15. artikuluan aipatutako jakinarazpen telematikoa egin eta hurrengo egunetik aurrera, dirulaguntza osorik onartzen dutela ulertuko da.
b) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko eskatzen dieten informazio guztia ematea.
c) Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzari jakinaraztea helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu eta, hala badagokio, eskuratu direla beste edozein administrazio edo entitate publiko zein pribatutatik.
d) Zabalkunderako kartel eta material guztietan, bai eta publizitatean ere, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren eta Hezkuntza Sailaren logotipoak sartzea.
e) Egiten diren dokumentu eta ekintzetan genero-ikuspegia txertatzea eta hizkuntzaren eta irudiaren erabilera inklusiboa egitea.
f) Aurkeztutako dokumentazioan jasotako informazio teknikoa eta pedagogikoa erabiltzeko eskubidea ematea Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari eta Hezkuntza Sailari, doan eta modu ez-esklusiboan, bi sailetako informazio-sistemetan erabiltzeko eta txertatzeko, bai eta informazio hori zabaltzeko edo argitaratzeko ere, edozein bitarteko eta formatu bibliografiko, ikus-entzunezko, informatikotan edo teknikaren erabilera ahalbidetzen duen edozein formatutan. Nolanahi ere, jabetza intelektualaren eskubideak errespetatuko dira.
g) Ikastetxeak, bere antolaketa-autonomiaren eremuan, proiektuaren koordinazioaz arduratuko den pertsonaren ordutegiak eta proiektuaren Talde Gidaria osatzen duten pertsonen ordutegiak egokituko direla bermatu beharko du, proiektuan duten funtzioarekin bateragarri egiteko. Ikastetxe publikoen kasuan, Hezkuntza Sailak irakaskuntza-etapa eta -modalitate bakoitzerako ematen dituen ikasturte-hasierako zirkularretan adierazitako araudia beteko da beti.
17. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.
1.– Ikastetxe onuradunek 2024ko ekainaren 28a baino lehen justifikatu beharko dute emandako dirulaguntza, https://www.euskadi.eus/nirekarpeta URLaren bidez. Egoitza elektronikora sartzeko formularioaren bidez, erantzukizunpeko adierazpenak ere beteko dira. Adierazpen horietan, entitate eskatzaileak adieraziko du deialdiaren aginduan ezarritako betebeharrak eta baldintzak betetzen dituela, dirulaguntza behar bezala erabiltzen dela egiaztatzeko prest dagoela, eta eskabidean adierazitakoarekin alderatuta proiektuan izan diren aldaketak ezagutzera emango dituela, halakorik badago. Jarraian, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren web-orrian (www.euskadi.eus/zerbitzuak/0038410) eskuragarri dagoen dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
a) «Proiektuaren memoria»: EA2030 edo LHA2030 proiektuak ikastetxean izan duen garapena deskribatzen duen dokumentua. Dokumentu horrek informazio hau jasoko du:
1) EA2030 edo LHA2030 proiektuaren datu orokorrak.
2) EA2030 edo LHA2030 proiektuaren faseak.
3) EA2030 edo LHA2030 proiektuaren ebaluazioa.
4) EA2030 edo LHA2030 proiektuarekiko gogobetetasuna.
5) EA2030 edo LHA2030 eta tokiko/lurraldeko jasangarritasunaren arteko sinergiak.
b) «Justifikazio-kontua»: justifikazio ekonomikoa justifikazio-kontu sinplifikatuko administrazio-prozeduraren bidez egingo da, eta bertan jasoko dira ikastetxeari dagozkion datuak, proiektuaren datuak eta ikasleek eta irakasleek bertan duten parte-hartzea. Gainera, proiektuaren behin betiko diru-sarreren eta gastuen zerrenda sailkatua jasoko du (faktura-zenbakia, jaulkitzailea, kontzeptua, data eta zenbatekoa identifikatuta). Fakturak justifikazio honetarako baliozkoak izateko, diruz lagundutako ikasturtean eginda egon behar dute; hau da, 2023ko irailaren 1a eta 2024ko ekainaren 28a –justifikazioa aurkezteko azken eguna– bitartean.
Inprimaki horren bidez, irakasleek (koordinatzailea eta Talde Gidaria) EA2030 edo LHA2030 proiektuari urtean eskaini dioten ordu kopurua jakinaraziko da.
c) Proiektuak izan ditzakeen aldaketak egoitza elektronikoaren dagokion atalean jaso beharko dira, justifikazioaren dokumentazioa eranstean, eta, halaber, hor egongo dira eskuragarri nahitaezko erantzukizunpeko adierazpenak ere. Aldaketarik badago, hauek adieraziko dira: aurrekontuan jasotako jarduera, jarduera horretan izandako aldaketak eta aldaketa horien arrazoia.
2.– Organo kudeatzaileak, % 10eko ausazko laginketa sistematikoko tekniken bidez, egoki iritzitako frogagiriak egiaztatuko ditu, dirulaguntza behar bezala aplikatu dela egiaztatzeko. Horretarako, hautatutako gastu-frogagiriak bidaltzeko eskatu ahal izango dio entitate onuradunari.
3.– Justifikazio-epea amaitu eta entitateak ez baditu dagozkion agiriak aurkeztu, edo aurkeztutako justifikazioan akatsen bat edo zehaztasunik eza atzematen badu edo argibideren bat behar duela ikusten badu organo kudeatzaileak, hamar eguneko epea emango zaio dagozkion agiriak aurkezteko. Gainera, jakinaraziko zaio epe hori igaro eta errekerimenduari erantzun ez badio, ulertuko dela ez duela bete justifikatzeko betebeharra, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan eta oinarri arautzaile hauen 21. artikuluan ezarritako ondorioekin.
4.– Organo kudeatzaileak proiektua bisitatzea erabaki dezake, Hezkuntza Saileko hezkuntza-laguntzako zentroaren jasangarritasunerako hezkuntzaren arloko aholkulariekin batera, diruz lagundutako proiektua in situ ezagutzeko.
18. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.
Dirulaguntza bi fasetan ordainduko da:
– Zenbatekoaren % 80 dirulaguntza onartu ondoren ordainduko da, agindu honen 16. artikuluan ezarritakoaren arabera.
– Gainerako % 20a dirulaguntza likidatu ondoren ordainduko da, diruz lagundutako jarduera eta haren benetako kostua epe barruan justifikatu ondoren, 17.1.b) artikuluan adierazitako moduan.
19. artikulua.– Irakasleek hezkuntza-berrikuntzako proiektuan parte hartu dutela egiaztatzea.
1.– Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendariak ofizioz egiaztatuko du irakasle koordinatzaileen eta Talde Gidariaren parte-hartzea EA2030 eta LHA2030 proiektuetan, baldin eta balorazio positiboa jaso badute eta proiektua garatzeko gutxienez 30 ordu erabili badituzte.
2.– Egiaztagiri hori ikastetxeko zuzendaritzak ziurtatutako datuetan oinarrituko da. Datu horiek agindu honen 17. artikuluan aipatutako justifikazio-izapidean jasoko dira, eta bertan proiektua koordinatzeaz arduratuko den pertsona eta Talde Gidariko pertsonak ageriko dira («Justifikazio-kontua»).
3.– Pertsona berari ez zaio inoiz ere 90 ordu baino gehiagoko egiaztagiririk emango, ikasturte berean, kontzeptu hauetarako: prestakuntza-proiektuak eta hezkuntza-berrikuntzako proiektuak edo ekintzak, EA2030, LHA2030 edo osasunerako hezkuntza eta sustapena.
20. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
Dirulaguntza emateko orduan kontuan hartu ziren baldintzak aldatzen badira ezertan, baina, hori bai, laguntzen xedea bete bada hala ere, edo beste edozein entitate publiko zein pribatutatik bestelako dirulaguntza edo laguntzarik jaso bada, baliteke dirulaguntzak emateko ebazpena aldaraztea horrek. Horretarako, Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak dagokion likidazio-ebazpena emango du, dirulaguntzaren zenbatekoa doitzeko, eta, hala badagokio, gehiegizko kopuruak itzultzeko.
21. artikulua.– Aldi bateko datuen babesa.
Datu pertsonalak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan xedatutakoaren arabera tratatuko dira.
Datuen babesari buruzko informazio guztia helbide honetan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/093300-capa2-eu.shtml
22. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzultze-prozedura.
1.– Entitate onuradunak ez baldin badu dirulaguntza eskatu den eta eman den horretarako erabiltzen, diruz lagundu den jarduera egiten ez badu, eskatu zen horretarako aplikatu izana justifikatzen ez badu, edo, orokorrean, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan, agindu honetan edo dirulaguntza emateko ebazpenean agindutako betebeharrak betetzen ez baditu, itzuli egin beharko ditu bai emandako eta jasotako diru-kopuruak, bai dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesak, hala ezarrita baitago arau horretan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta haiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan.
2.– Jarduketaren zati bat betetzen ez bada, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.2 artikuluari jarraikiz, honela jokatuko da dirulaguntzaren justifikazioa aztertu ondoren, agindu honen 17. artikuluan agertzen den bezala:
a) Dirulaguntzaren xede diren jarduerak zati batean betetzen ez badira, laguntzaren zati bat itzuli beharko da, lortu ez diren helburuen gastuari edo justifikatu gabeko jardueraren gastuari dagokion ehunekoan.
b) Baimendu gabeko aldaketak eginez gero, desbideratutako zenbatekoei dagokien laguntza itzuliko da.
3.– Natura Ondare eta Klima Aldaketaren Zuzendaritzari dagokio itzulketa-espedientea hastea, eta gainerako laguntza izapidetzeko erabiltzen diren bitarteko elektroniko berberen bidez jakinaraziko du. Dokumentu horretan, espedientearen oinarria, itzultzeko modua, epeak eta errekurtsoa agertuko dira.
23. artikulua.– Errekurtsoak.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari edo Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu hau honako hauetan xedatutakoaren mende dago: urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua; eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta hura garatzen duen erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko erregulazioa.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko irailaren 5a.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
Hezkuntzako sailburua,
JOKIN BILDARRATZ SORRON.
RSS