Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

172. zk., 2023ko irailaren 8a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
4189

1032/2023 EBAZPENA, uztailaren 20koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Koloneko Minbiziaren Baheketako eta Jaioaurreko Baheketako Unitate Korporatiboko Buruaren lanpostua izendapen askeko sistemaren bidez betetzeko deialdia, Zuzendaritza Nagusiko Asistentzia Sanitarioko Zuzendaritzan, Ospitaleko Arreta Koordinatzeko Zuzendariordetzaren Koloneko Minbiziaren baheketako eta Jaioaurreko baheketako Unitatean.

Zuzendaritza Nagusiko Asistentzia Sanitarioko Ospitaleko Arreta Koordinatzeko Zuzendariordetzan, Koloneko Minbiziaren Baheketako eta Jaioaurreko Baheketako Unitate Korporatiboko Buruaren lanpostua hutsik dago. Hori dela eta, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluan, Osakidetzaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezartzen denaren arabera, Giza Baliabideen Zuzendaritza honek erabaki du lanpostu hori izendapen askez betetzeko deialdi publikoa iragartzea, honako oinarri hauen arabera

OINARRIAK

1.– Eginkizunak eta lanpostuaren atxikipena.

Atxikipena: Osakidetzako Zuzendaritza Nagusia. Asistentzia Sanitarioko Zuzendaritza. Ospitaleko Arreta Koordinatzeko Zuzendariordetza. Koloneko Minbiziaren Baheketako eta Jaioaurreko Baheketako Unitatea.

Lanpostua: Koloneko Minbiziaren Baheketako eta Jaioaurreko Baheketako Unitate Korporatiboko Burua. B taldea.

Lanaldi zatitua. (3. hizkuntza-eskakizuna derrigortasun-datarik gabe).

Eginkizunak:

– Prozesuak berrantolatzea eta monitorizazio eta ebaluaziorako irizpide eta adierazle berriak garatzea.

– Jarduketen inpaktua monitorizatzea eta ebaluatzea, Euskadin duten eraginkortasuna eta kostu-eraginkortasuna ezagutzeko.

– Prozesuak estandarizatzea beste minbizi batzuen baheketekin bateratzeko, oinarri hartuta ebidentzia zientifikoa, Europako gomendioak eta Osasun Sistema Nazionala.

2.– Parte hartzeko baldintzak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:

a) Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetan estatutupekoa, funtzionarioa edo lan-legepeko kontratudun finkoa izatea eta lanpostua jabetzan edukitzea B1/B2 lanbide-taldean.

b) Hiru urteko lan-esperientzia izatea, gutxienez, B1/B2 lanbide-taldean.

c) Titulazio akademikoa: Erizaintzako Diploma/Gradua.

d) Uztailaren 186/2005 19 Dekretuan eta Osakidetzako Euskara Planean ezarritako gainerako betebeharrak.

3.– Aintzat hartuko diren merezimenduak.

Epidemiologia klinikoaren eta osasun publikoaren arloetan egiaztatutako ezagutzak. Masterrak eta/edo doktoregoak baloratuko dira bereziki.

Esperientzia epidemiologia klinikoan eta osasun publikoan.

Era objektiboan egiaztatutako esperientzia baheketa-programen kudeaketan: planifikatzen, antolatzen eta monitorizatzen zein emaitzen eta inpaktuaren ebaluazioan lagundu izana.

Eginkizunekin lotutako ikerketa-proiektuetan parte hartu izana, Europako, estatuko nahiz autonomia-erkidegoko mailan.

Ezagutza zabaltzeko bilera eta biltzar zientifikoak, baita lanpostuaren eginkizunekin lotutako argitalpenak ere.

Halaber, lanpostu hau betetzeko interesgarria izan daitekeen eta balioa erants dezakeen edozein merezimendu aurkeztu ahalko da.

4.– Euskararen ezagutza.

Osakidetzan Euskararen erabilera normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak eta berau garatzen duten arauek xedatutakoaren arabera egingo da balorazioa.

5.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

Interesdunek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiko Giza Baliabideen Zuzendaritzara igorri beharko dituzte eskabideak, 15 egun balioduneko epean, Ebazpena EHAAn argitaratzen den egunaren hurrengo egunetik aurrera, helbide honetara: Araba kalea 45, Vitoria-Gasteiz. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan xedatzen den moduan ere aurkeztu ahalko dira.

Interesdunek eskabidea Zuzendaritza Nagusiko Giza Baliabideen Zuzendaritzara bidali beharko dute datu pertsonal guztiekin eta dokumentatutako Curriculum Vitaearekin.

Dokumentazioa honelakoa izan behar da:

– NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

– Funtzionario edo estatutupeko langile izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, lan-legepeko kontratudun finkoa dela egiaztatzen duen agiriarena.

– Baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duen dokumentazioaren fotokopia konpultsatua.

– Baloratu beharreko merezimendu guztien fotokopia konpultsatua.

CVaren aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden alderdiak ez dira ziurtatu behar izango aurreko paragrafoan ageri den moduan; hala ere, eskatzaileak horren berri eman behar du eskaeran.

6.– Balorazio Batzordea.

Balorazio-batzorde bat osatuko da, eta batzordeburua Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Hautaketako eta Horniketako zuzendariordea edo hark eskuordetzen duena izango da, eta hauexek izango dira bertako partaideak: Ospitaleko Arreta Koordinatzeko zuzendariordea, Ospitaleko Arreta Koordinatzeko zerbitzuburua eta Hautaketako eta Horniketako teknikaria (zeina idazkaria izango den, eta hitza eta botoa izango dituen).

Batzordeak, eskabideak baloratu ondoren, eginbide osagarriak gauzatzea erabaki dezake; eta izangaiei horren berri emango die.

Izangaien balorazioa egindakoan, eta berau kontuan hartuta, dagokion izendapena egiteko proposamena aurkeztuko da. Lanpostua hutsik uztea proposa dezake epaimahaiak, betiere aurrez txosten arrazoitua eginez, baldin eta izangaiek betetzen ez badituzte bete beharreko baldintzak.

Akta egingo da Batzordea biltzen den bakoitzean. Bertan, aurkeztutako izangaiak eta gauzatutako eginbide osagarriak (halakorik balego) zerrendatuko dira, eta lanpostua euretako bati esleitzeko edo deialdia bete gabe uzteko kontuan hartutako arrazoiak emango dira.

7.– Hautaketa-prozedura.

Ezin izango dira baloratu, inolaz ere, deialdia EHAAn argitaratzen den egunean eskuratu gabe dauden merezimenduak, ez eta eskaerak aurkezteko epea amaitu aurretik behar bezala alegatu eta egiaztatu ez direnak ere.

8.– Prozedurari amaiera ematen dion ebazpena.

Hemen abiatzen den prozedura amaitzeko (lanposturako esleitzea edo lanpostua hutsik uztea), ebazpena eman behar du Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendariak. Hori Intranetean eta Osakidetzako webgune korporatiboan argitaratuko da. Ebazpen horrek EHAAn argitaratzen den egunetik izango ditu ondorioak, bertan besterik xedatu ezean.

9.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetzako zuzendari nagusiari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko uztailaren 20a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendaria,

LUISA LARRAURI EREÑOZAGA.


Azterketa dokumentala