Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

172. zk., 2023ko irailaren 8a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
4171

12/2023 FORU DEKRETU ARAUEMAILEA, uztailaren 26koa, berotegi efektuko gas fluordunen gaineko Zergari buruzkoa.

Apirilaren 21eko 7/2014 Legeak, zeinaren bidez aldaketak sartu baitziren Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Ituna onesten duen maiatzaren 23ko 12/2002 Legean, berotegi efektuko gas fluordunen gaineko zerga ituntzea ekarri zuen berekin. Zehazki, 34. artikuluan esaten du zerga hori tributu itundu bat dela eta hura arautzeko Estatuak une bakoitzean ezarrita dituen arau substantibo eta formal berberak aplikatu beharko direla. Lurralde historikoetako erakunde eskudunek ahalmena dute, hala ere, aitorpen eta ordainketa ereduak onartzeko eta likidazio aldi bakoitzeko ordainketa epeak zehazteko. Baina eredu horietako datuak, gutxienez, lurralde erkidean erabiltzen diren berberak izan beharko dira; eta epe horiek, berriz, ezingo dira izan Estatuko Administrazioak ezarritakoez oso bestelakoak.

Urriaren 29ko 16/2013 Legeak, ingurumen fiskalitatearen arloan zenbait neurri ezarri eta beste tributu eta finantza neurri batzuk onartzen dituenak, 5. artikuluan berotegi efektuko gas fluordunen gaineko zerga ezarri zuen estatu mailan, hidrokarburo halogenatuen isurien gainean jarduteko tresna gisa.

Hasiera batean, zerga zeharkako tributu gisa eratu zen, gas horien kontsumoaren gainean aplikatzen zen, eta fase bakarrean zergapetzen zuen gas horiek kontsumora jartzea, atmosfera berotzeko ahalmena kontuan hartuta.

Ondoren, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko uztailaren 8ko 14/2022 Legeak, zeinaren bitartez abenduaren 9ko 19/2013 Legea aldatu baita, berotegi efektuko gas fluordunen gaineko zergaren erreforma gauzatu da, bi helburu dituela: gasen kontrol eraginkorra bermatzea eta, ahal den neurrian, zergapekoen betebehar formalen konplimendua eta, beraz, Zerga Administrazioak zerga kudeatzeko era sinplifikatzea. Horren ondorioz, zerga egitatea ez da dagoeneko azken kontsumitzaileari gasak saldu edo entregatzea, eta orain zuzenean zergapetzen ditu zergaren eremu objektiboan sartzen diren gas fluordunen fabrikazioa, inportazioa, batasun barruko eskurapena edo edukitza irregularra.

Berotegi efektuko gas fluordunen gaineko zergaren konfigurazio berri horrek beharrezko egin du, era berean, konexio puntua aldatzea zergaren ordainarazpen eta ikuskapenean, eta aldaketa hori artikulatzeko apirilaren 3ko 9/2023 Legea onetsi da, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Ituna onesten duen maiatzaren 23ko 12/2002 Legea aldatzen duena. Haren bitartez, behar diren doikuntzak sartu dira administrazio bakoitzari dagozkion diru-sarreren egozpena hobetzeko.

Ekonomia Itunaren 34. artikuluak ematen duen gaikuntzaz baliatuta, gure lurraldean foru agindu hau eman zen: 564/2022 Foru Agindua, abenduaren 5ekoa, «Berotegi efektuko gas fluordunen gaineko zerga. Autolikidazioa» izeneko 587 eredua onetsi, hura aurkezteko eta zergaren itzulketa eskatzeko modua eta prozedurak ezarri, eta berotegi efektuko gas fluordunen gaineko zergaren erregistroan inskribatzea eta izakinen kontabilitatea eramatea arautzen duena.

Foru dekretu arauemaile honen xedea da Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga antolamendura ekartzea berotegi efektuko gas fluordunen gaineko zergaren erregulazioa, zergaren ordainarazpenari begira Ekonomia Itunean finkaturik dauden konexio puntuak haren barruan jasoz.

Alde horretatik, zerga honen zergadunek honako kasuotan ordaindu beharko diote zerga Gipuzkoako Foru Aldundiari:

– Zergaren eremu objektiboko gasak fabrikatzen diren kasuan, jarduera egiteko erabiltzen diren establezimenduak Gipuzkoan daudenean.

– Salmenten edo entregen kasuan, bai eta zergaren araudiaren arabera biltegizain gisa baimendutako zergadunek egindako gas kontsumoen kasuan ere, jarduera egiteko erabiltzen diren establezimenduak Gipuzkoan daudenean.

– Zergaren eremu objektiboko gasak Batasunaren barruan eskuratzen diren kasuan, zergadunaren egoitza fiskala Gipuzkoan dagoenean, biltegizain gisa baimendutako zergadunak direnean izan ezik, kasu horretan, aurreko erregela aplikatuko baita. Batasunaren barruko eskurapenak finkatu gabeko zergadun batek egiten baditu, haren ordezkariaren zerga egoitza Gipuzkoan dagoenean.

– Zergaren xede diren gasen edukitza irregularra egiten den kasuetan, edukitza irregularra egiaztatzeko unean gas horiek Gipuzkoan daudenean.

Gipuzkoako Foru Aldundiak bidezkoak diren itzulketak egingo ditu, itzultzeko eskatzen diren kuotak Administrazio honetan ordaindu badira. Dena dela, kuotak zein administraziotan ordaindu diren jakiterik ez dagoenean, itzulketa Gipuzkoako Foru Aldundiak egingo du itzulketarako eskubidea bere lurraldean sortu denean.

Zerga ordainarazteko eskumena Gipuzkoako Foru Aldundiari badagokio aurreko apartatuan jasotako irizpideen arabera, zergaren egiaztapena eta ikerketa Gipuzkoako Foru Aldundiko organoek egingo dute, zerga administrazioen arteko lankidetzari kalterik egin gabe.

Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzko uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauaren 13. artikuluko 5. apartatuak xedatzen du Foru Aldundiak foru dekretu arauemaileak eman ditzakeela, haien xede bakarra Gipuzkoako Lurralde Historikoko araudia egokitzea denean, baldin eta, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunaren arabera, lurralde historiko horretan araubide erkideko lurraldean dauden arau substantibo eta formal berberak bete behar badira. Bestalde, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorraren 8. artikuluak xedatzen du ezen, Foru Aldundiak, Batzar Nagusiek eskuordetuta, zerga arloko xedapen arauemaileak eman ahal izango dituela, foru arau baten mailarekin, haien xede bakarra Gipuzkoako Lurralde Historikoko araudia egokitzea denean, baldin eta, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunaren arabera, lurralde historiko horretan araubide erkideko lurraldean dauden arau substantibo eta formal berberak bete behar badira.

Horrenbestez, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposaturik, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Izaera.

Berotegi efektuko gas fluordunen gaineko zerga zeharkako tributu bat da, Espainiako lurraldean gas horien erabilera zergapetzen duena.

2. artikulua.– Eremu objektiboa.

Zerga honen ondorioetarako, «berotegi efektuko gas fluordunak» izango dira honako hauek: berotegi efektuko gas fluordunei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko apirilaren 16ko 517/2014/EB Erregelamenduaren I. eranskinean jasotzen diren hidrofluorokarburoak (HFC), perfluorokarburoak (PFC) eta sufre hexafluoruroa (SF6), bai eta substantzia horietako edozein duten nahasketak ere. Erregelamendu horrek 842/2006 (EE) Erregelamendua indargabetzen du.

3. artikulua.– Araudi aplikagarria.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunak, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onetsiak, 34. artikuluan xedatutakoaren esparruan, zerga exijituko da foru dekretu arauemaile honetan eta berau garatzen duten xedapenetan xedatutakoaren arabera.

2.– Foru dekretu arauemaile honetan ezarritakoak ez du galaraziko barne ordenamenduaren parte diren nazioarteko itun eta hitzarmenetan xedatutakoa aplikatzea.

4. artikulua.– Zergaren ordainarazpena.

1.– Gipuzkoako Foru Aldundiak kasu hauetan ordainaraziko du zerga:

– Zergaren eremu objektiboko gasak fabrikatzen diren kasuan, jarduera egiteko erabiltzen diren establezimenduak Gipuzkoako Lurralde Historikoan daudenean.

– Salmenten edo entregen kasuan, bai eta zergaren araudiaren arabera biltegizain gisa baimendutako zergadunek egindako gas kontsumoen kasuan ere, jarduera egiteko erabiltzen diren establezimenduak Gipuzkoako Lurralde Historikoan daudenean.

– Zergaren eremu objektiboko gasak Batasunaren barruan eskuratzen diren kasuan, zergadunaren egoitza fiskala Gipuzkoako Lurralde Historikoan dagoenean, biltegizain gisa baimendutako zergadunak direnean izan ezik, kasu horretan, aurreko erregela aplikatuko baita. Batasun barruko eskurapenak finkatu gabeko zergadun batek egiten baditu, haren ordezkariaren zerga egoitza Gipuzkoako Lurralde Historikoan dagoenean.

– Zergaren xede diren gasen edukitza irregularra egiten den kasuetan, edukitza irregularra egiaztatzeko unean gas horiek Gipuzkoako Lurralde Historikoan daudenean.

2.– Zerga ordainarazteko eskumena Gipuzkoako Foru Aldundiari badagokio aurreko apartatuan jasotako irizpideen arabera, zergaren egiaztapena eta ikerketa Gipuzkoako Foru Aldundiko organoek egingo dute, zerga administrazioen arteko lankidetzari kalterik egin gabe.

5. artikulua.– Kontzeptuak eta definizioak.

Zerga honen ondorioetarako, definizio hauek ezartzen dira:

a) «Batasunaren barruko eskurapena»: zerga aplikatzen den lurraldera –Kanarietara, Ceutara eta Melillara izan ezik–, Europar Batasuneko beste estatu batetik eskuratzailearentzat igortzen edo garraiatzen diren zerga honen menpeko gasen gaineko erabilera ahalmena lortzea transmisioaren egileak, eskualdatzaileak berak edo hirugarren batek aurreko edozeinen izenean eta kontura.

Era berean, Europar Batasunaren barruko eskurapenen pareko eragiketatzat hartuko da zergaren xede diren gasak gasen jabeak zergaren aplikazio lurraldean jasotzea –Kanarietan, Ceutan eta Melillan izan ezik–, bidalketa Europar Batasuneko beste estatu batetik egin badu.

b) «Gas fluordunen biltegizaina»: pertsona fisikoa edo juridikoa edo Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorraren 35.3 artikuluan aipatzen den entitatea, kudeaketa bulegoaren baimena jaso duena, erregelamenduz ezarriko diren baldintzetan, zergaren xede diren gasak eskuratzeko, 9. artikuluko 4. apartatuan aurreikusitako araubidea aplikatuta.

c) «Suntsitzea»: berotegi efektuko gas fluordun bat osotara nahiz zati handienean eraldatzeko edo deskonposatzeko prozesu iraunkorra, berotegi efektuko gas fluordunak ez diren substantzia egonkorrak sortzeko (bat edo gehiago).

d) «Ekipo militarra»: berariaz helburu militarretarako diren armak, munizioak eta gerrako materiala, estatu kideen funtsezko segurtasun interesak babesteko beharrezkoak direnak.

e) «Fabrikazioa»: zergaren xede diren produktuak lortzea.

Ez da fabrikaziotzat hartuko berotegi efektuko gas fluordunak birziklatzeko eta birsortzeko eragiketak egitea. Nahasketak lortzea ere ez da fabrikaziotzat hartuko.

f) «Inportazioa»: Halakotzat hartuko dira honako eragiketa hauek:

1) Zergaren aplikazio lurraldean (Ceutan eta Melillan izan ezik) sartzea Europar Batasunaren aduana eremuan ez dauden lurraldeetatik datozen produktuak, zerga honen xede direnak, baldin eta horrek produktuen zirkulazio askerako bide ematen badu Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko urriaren 9ko 952/2013/EB Erregelamenduak, Europar Batasuneko Aduana Kodea ezartzen duenak, 201. artikuluan jasotakoarekin bat.

2) Kanariar Uharteetan zergaren xede diren produktuak sartzea, horiek Europar Batasuneko aduana eremuaren barruan dauden baina zergaren aplikazio lurraldekoak ez diren lurraldeetatik datozenean, baldin eta sarrera horrek produktuen zirkulazio askerako bide eman balu zergaren xede diren produktuen jatorria Europar Batasunaren aduana eremutik kanpokoa izan balitz.

3) Ceutan eta Melillan sartzea zergaren aplikazio lurraldekoak ez diren lurraldeetatik datozen produktuak, zergaren xede direnak, baldin eta sarrera horrek produktuen zirkulazio askerako bide eman balu, hiri horietan 952/2013/EB Erregelamendua aplikatu beharko balitz.

g) «Nahasketa»: bi substantziaz edo gehiagoz osatutako fluido bat, zeinetatik gutxienez bat 517/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean zerrendatutako substantzia bat baita.

h) «Kudeaketa bulegoa»: Gipuzkoako Foru Aldundiaren egitura organikoari buruzko arauen arabera, berotegi efektuko gas fluordunen gaineko zerga kudeatzeko eskumena duen organoa.

i) «Atmosfera berotzeko ahalmena» edo «ABA»: berotegi efektuko gas batek karbono dioxidoarekin (CO2) alderatuta klima berotzeko duen ahalmena, zeina kalkulatzen baita berotegi efektuko gas kilogramo batek ehun urtean duen berotze ahalmena eta CO2 kilogramo batek duena alderatuz, 517/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean xedatutakoaren arabera. Nahasketa baten ABA honela kalkulatzen da: zergaren xede den gas fluordun bakoitzaren pisuko frakzioen baturaren batez besteko haztatua bider haien ABA.

j) «Birziklatzea»: berotegi efektuko gas fluordunen gaineko zerga aplikatzekoa den lurraldean oinarrizko garbiketa prozedura baten bidez egiten den tratamendua.

k) «Birsorkuntza»: berotegi efektuko gas fluordunen gaineko zerga aplikatzen den lurraldean prozedura edo tratamendu kimikoen bitartez egiten den berreskuratze eta hobetze tratamendua, gas fluordunaren ezaugarri teknikon arauari dagozkion mailak berrezartzeko.

l) «Edukitza irregularra»: zergaren xede diren gasak edukitzea, merkaturatzea, garraiatzea edo erabiltzea, gas horiek dauzkanak, merkaturatzen dituenak, garraiatzen dituenak edo erabiltzen dituenak ez badu frogatzen gas horiek zerga aplikatzeko lurralde eremuan fabrikatu, inportatu edo Europar Batasunaren barruan eskuratu dituela edo gas horiek aduana zaintzapean daudela, 952/2013 (EB) Erregelamenduaren arabera.

m) «Zergaren aplikazio lurraldea»: Espainiako lurraldea.

n) «Hirugarren lurraldea»: zerga aplikatzeko lurralde eremuan sartuta ez dagoena.

2.– Foru dekretu arauemaile honetan jasotzen diren eta substantibitate propioa duten kontzeptu eta terminoei dagokienez, berotegi efektuko gas fluordunei buruz Europar Batasuneko eta Estatuko araudian xedatutakoa beteko da, artikulu honetan definitu direnen kasuan izan ezik.

6. artikulua.– Zerga egitatea.

1.– Berotegi efektuko gas fluordunak fabrikatzea, inportatzea, Europar Batasunaren barruan eskuratzea edo modu irregularrean edukitzea dago zergari lotuta.

2.– Zerga egitatea gertatutzat joko da bai gasak ontzietan sartuta datozenean, bai produktu, ekipo edo aparatuei erantsi zaizkienean.

7. artikulua.– Zergari ez lotzeko kasuak.

1.– Ez dira zergari lotuta egongo:

a) Zergaren xede diren gasak zergaren aplikazio lurraldean fabrikatzea, inportatzea, Batasunaren barruan eskuratzea edo modu irregularrean edukitzea, haien ABA 150ekoa edo txikiagoa denean.

b) Zergaren xede diren gasak fabrikatzea, baldin eta, fabrikatzaileak zuzenean edo beste batek haren izenean edo kontura, zergaren aplikazio lurraldetik kanpora bidaltzeko erabiltzen badira.

c) Berotegi efektuko gas fluordunak zerga aplikatzen den lurralde eremutik kanpora bidaltzea, 9. artikuluko 4 apartatuan aurreikusitako araubidea aplikatu zaienean.

2.– Aurreko b) eta c) letretan aurreikusitakoa eraginkorra izan dadin, frogatu beharko da zergaren xede diren gasak benetan atera direla zergaren aplikazio lurraldetik.

8. artikulua.– Salbuespenak.

1.– Salbuetsita geratuko dira, erregelamendu bidez ezarriko diren baldintzetan, honako hauek:

a) Zergaren xede diren gasen fabrikazioa, inportazioa edo Batasunaren barruko eskurapena, gas horien konposizioa erabat aldatzen den prozesu batean transformazio kimikorako lehengai gisa erabiltzeko direnean. Gas horiek etiketatuta egon beharko dute, bertan adierazita xede horretarako erabiltzen direla, 517/2014 (EB) Erregelamenduaren 12. artikuluan xedatutakoaren arabera.

b) Zergaren xede diren gasen inportazioa edo Batasunaren barruko eskurapena, suntsitzeko merkaturatzen direnean. Gas horiek etiketatuta egon beharko dute, bertan adierazita ontziaren edukia suntsitu egingo dela eta ez duela beste erabilerarik izango, 517/2014 (EB) Erregelamenduaren 12. artikuluan xedatutakoaren arabera.

c) Zergaren xede diren gasen fabrikazioa, inportazioa edo Batasunaren barruko eskurapena, ekipo militarretan erabiltzeko direnean. Gas horiek etiketatuta egon beharko dute, bertan adierazita ontziaren edukia xede horretarako ez beste ezertarako erabiliko dela, 517/2014 (EB) Erregelamenduaren 12. artikuluan xedatutakoaren arabera.

d) Zergaren xede diren gasen Batasunaren barruko eskurapena, baldin eta, zerga egitate horri dagokion zergaren autolikidazioa aurkezteko epea amaitu baino lehen, gas horiek zuzenean bidaltzen baditu zergaren aplikazio lurraldetik kanpora Europar Batasunaren barruko eskuratzaileak, edo beste batek haren izenean edo kontura.

Salbuespen hori eraginkorra izan dadin, frogatu beharko da produktuak benetan irten direla zergaren aplikazio lurraldetik.

e) Hirugarren lurralde batetik datozen bidaiarien ekipaje pertsonalaren parte diren produktuetan dauden eta zergaren xede diren gasen inportazioa edo Batasunaren barruko eskurapena, betiere espedizio komertzial bat ez badira.

Zergaren xede diren gasak dituzten ontziak ez dira bidaiarien ekipaje pertsonalaren partetzat hartuko, gas horiek ekipo edo aparatuetan kargak egiteko erabiltzen badira.

Ulertuko da bidaiariek eramaten dituzten produktuek ez dutela eratzen espedizio komertzial bat tarteka eskuratutako ondasunak badira, bidaiarien erabilera pertsonal edo familiarrerako erabili edo oparitarako bideratzen badira, eta haien izaera eta kantitateagatik espedizio komertzial baten xede direla pentsatzerik ez badago.

f) Zergaren xede diren gasen fabrikazioa, inportazioa edo Batasunaren barruko eskurapena, gasak nazioarteko itsas edo aire nabigazioan –aisialdiko nabigazioa kenduta– aritzen diren itsasontzietan edo aireontzietan sartzeko badira.

Zergaren xede diren gasak eskuratzaileei lehen aldiz entregatzen edo eskura jartzen dizkieten zergadunek eskatu beharko diete aurretiazko aitorpen batean adieraz dezatela zertarako erabiliko dituzten produktu horiek. Aitorpen hori gorde beharko da martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak (Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorra) 65. artikuluan aipatzen dituen preskripzio epeek dirauten bitartean.

2.– Aurreko apartatuko a), b), c) eta f) letretan aipatzen diren salbuespenak eraginkorrak izan daitezen, gas horiek benetan zertan erabili diren frogatu beharko da.

9. artikulua.– Sortzapena.

1.– Fabrikazio kasuetan, zergaren sortzapena gertatuko da fabrikatzaileak lehen aldiz entregatzen edo eskura jartzen dizkionean eskuratzaileari zergaren xede diren gasak zergaren aplikazio lurraldean, edo, hala badagokio, fabrikatzaileak berak fabrikatutako gasak, zergaren xede direnak, erabiltzen dituenean.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, zerga egitatea gauzatu aurretik ordainketa aurreratuak egiten badira, benetan jasotako zenbatekoen prezioa osorik edo partzialki kobratzen den unean sortuko da zerga.

Aurkakoa frogatu ezean, ulertuko da zergaren xede diren gas fabrikatuen izakinetan ager daitezkeen aldeak (izakin gutxiago) gertatzen direla fabrikatzaileak horiek erabili, entregatu edo eskura jarri dituelako zergaren aplikazio lurraldean. Halakoetan, sortzapena gertatuko da diferentzia hori aurkitzen den unean, aurkakoa frogatu ezean.

2.– Inportazio kasuetan, aduana legeriaren arabera inportazio eskubideak sortzen diren momentuan gertatuko da zergaren sortzapena, inportazio horiek inportazio eskubideen mende egon edo ez.

3.– Batasunaren barruko eskurapenen kasuan, zergaren xede diren gasak eskuratzaileari emateko igortzen edo garraiatzen hasi eta hurrengo hilabetearen 15ean sortuko da zerga, non eta data hori baino lehen ez den eragiketa horien fakturarik egiten, kasu horretan, zergaren sortzapena faktura jaulkitzen den egunean gertatuko baita.

4.– Aurreko apartatuetan ezarritakoa gorabehera, zergaren xede diren gasak fabrikatu ondoren gas fluordunen biltegizain bati entregatzen edo eskura jartzen zaizkionean, edo fabrikatzailea, inportatzailea edo Batasunaren barruko eskuratzailea biltegizain denean, zergaren sortzapena gertatuko da azken horrek izaera hori ez duenari entregatzen edo eskura jartzen dizkionean edo gasak erabiltzen direnean.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa aplikatzeko, gas fluordunen biltegizainak izaera hori frogatu beharko du zergaren xede diren gasen saltzailearen aurrean edo inportazio aduanaren aurrean, kudeaketa bulegoak emandako baimena aurkeztuta.

Aurkakoa frogatu ezean, ulertuko da jasotzen diren gas zergapetuen izakinetan ager daitekeen diferentziak (izakin gutxiago) gertatzen direla biltegizainak horiek erabili dituelako edo biltegizain izaera ez duen bati entregatu edo eskura jarri dizkiolako zergaren aplikazio lurraldean. Halakoetan, sortzapena gertatuko da diferentzia hori aurkitzen den unean, aurkakoa frogatu ezean.

5.– Edukitza irregularraren kasuetan, zergaren sortzapena gertatuko da edukitza irregular hori egiaztatzen den unean, aurkakoa frogatu ezean.

10. artikulua.– Zergadunak eta gainerako zergapekoak.

1.– 6 artikuluko 1. apartatuan jasotako kasuetan, zerga honen zergadun izango dira pertsona fisikoak, pertsona juridikoak eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorraren 35.3 artikuluan aipatzen diren entitateak, zergaren xede diren gasak fabrikatzen, inportatzen edo Batasunaren barruan eskuratzen dituztenean.

Inportatzailetzat hartuko dira Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko uztailaren 26ko 3/2023 Foru Dekretu Arauemailearen 86. artikuluan ezarritakoaren arabera izaera hori dutenak.

2.– Aurrekoa gorabehera, 9. artikuluko 4. apartatuko kasuetan, gas fluordunen biltegizainak izango dira zergaren zergadunak.

3.– Zergaren xede diren gasen edukitza irregularraren kasuan, zergaduna izango da gas horiek eduki, merkaturatu, garraiatu edo erabiltzen dituena.

4.– Irregulartasunen bat somatzen bada erabileragatik salbuetsitako gasei emandako erabileraren justifikazioan, zergadunak behartuta egongo dira zerga eta ezar litezkeen zehapenak ordaintzera, harik eta produktuak jaso behar dituen eskuratzaileak horiek jaso dituela zergadunak justifikatu arte. 8. artikuluan aipatutako aitorpena aurkeztuz justifikatuko da hori; gasak jasotzen direnetik aurrera, berriz, obligazioa eskuratzaileena izango da.

11. artikulua.– Zerga oinarria.

1.– Zergaren xede diren produktuen pisua izango da zerga oinarria, kilogramotan adierazia.

2.– Aurrekoa gorabehera, zergaren eremu objektiboaren parte diren gasak dituzten produktu, ekipo edo aparatuen kasuan ez badira behar diren datuak ezagutzen zerga oinarria aurreko apartatuan xedatutakoaren arabera zehazteko, ulertuko da, aurkakoa frogatu ezean, haietan dagoen gas kantitatea honako hau dela:

a) Etxeko hozkailuak eta izozkailuak: 0,250 kilogramo hozteko potentzia unitate bakoitzeko, kW-tan adierazia.

b) Hozteko industria konpartimentuak eta merkataritza instalazioak: 1,5 kilogramo hozteko potentzia unitate bakoitzeko, kW-tan adierazia.

c) Izozteko industria konpartimentuak eta merkataritza instalazioak: 2,5 kilogramo hozteko potentzia unitate bakoitzeko, kW-tan adierazia.

d) Aire girotuko ekipo eramangarriak: 0,250 kilogramo hozteko potentzia unitate bakoitzeko, kW-tan adierazia.

e) Eraikinetako aire girotuko sistemetarako hozte ekipoak, bero ponpak eta hezetasuna kentzeko makinak: 0,500 kilogramo hozteko potentzia unitate bakoitzeko, kW-tan adierazia.

f) Turismo ibilgailuetarako aire girotua. 0,600 kilogramo ibilgailu bakoitzeko.

g) Furgoneta, kamioi eta orga garraiatzaile-jasotzaileetarako aire girotua: 1 kilogramo ibilgailu bakoitzeko.

h) Karabana, autokarabana eta ibilgailu berezietarako aire girotua: 2 kilogramo ibilgailu bakoitzeko.

i) Autobus edo autokarretarako aire girotua: 5 kilogramo ibilgailu bakoitzeko.

j) 250 mililitroko edo gutxiagoko edukiera osoa duten aerosolak: 0,125 kilogramo ontziko.

k) 250 mililitrotik 500 mililitrora bitarteko edukiera osoa duten aerosolak: 0,250 kilogramo ontziko.

l) 500 mililitrotik 1.000 mililitrora bitarteko edukiera osoa duten aerosolak: 0,5 kilogramo ontziko.

m) Ateak eta ate isolatuak: 0,25 kilogramo m2-ko.

n) Apar zigilatzailea: 500 gramo produktuaren kilogramoko.

ñ) Isolamendurako estruitutako poliestirenoa: 2,5 kilogramo m3 bakoitzeko.

o) Hotz ganberetarako eta izozkailuetarako panelak: 6 kilogramo m3 bakoitzeko.

p) Esnea hozteko tangak, zeharkako hozte sistema: 1 kilogramo hozteko potentzia unitate bakoitzeko, kW-tan adierazia.

q) Esnea hozteko tangak, zuzeneko espantsio sistema: 2 kilogramo hozteko potentzia unitate bakoitzeko, kW-tan adierazia.

12. artikulua.– Zerga tasa.

Zerga egitatea gertatzen den unean zergaren xede den gas bakoitzak atmosfera berotzeko duen ahalmenari 0,015 koefizientea aplikatzetik aterako da zerga oinarria, une bakoitzean indarrean dagoen araudiarekin bat; kilogramo bakoitzeko, 100 eurokoa izango da gehienez.

Zergaren xede diren gasak dituzten produktu, ekipo edo aparatuen kasuan, haien atmosfera berotzeko ahalmena ezagutzen ez bada, aurkakoa frogatu ezean ulertuko da kilogramo bakoitzeko aplikatu beharreko zerga tasa 100 eurokoa dela.

13. artikulua.– Kuota osoa.

Kuota osoa aterako da zerga oinarriari karga tasa aplikatuta.

14. artikulua.– Kenkariak.

1.– Hurrengo zirkunstantziak gertatzen diren likidazio aldi bakoitzari dagokion autolikidazioan, eta erregelamenduz ezarriko diren baldintzetan, zergadunek zergaldi horretan sortutako kuotetatik murriztu ahal izango dute zergadunak edo hirugarren batek, haren izenean edo kontura, zergaren aplikazio lurraldetik kanpora bidalitako gasak direla-eta ordaindutako zenbatekoa.

Apartatu honetan jasotako kenkaria aplikatzeko, Zerga Administrazioaren aurrean frogatu beharko da, zuzenbidean onartzen den edozein frogabide erabiliz, gasak zergaren aplikazio lurraldetik kanpora bidali direla eta zerga ordainduta dagoela.

2.– Aurreko apartatuaren arabera aplikatu behar diren kenkarien zenbatekoa likidazio aldi batean sortutako kuoten zenbatekoa baino handiagoa bada, soberakina hurrengo autolikidazioetan konpentsatu ahal izango da, baldin eta soberakina gertatu den likidazio aldia amaitu denetik lau urte igaro ez badira.

15. artikulua.– Itzulketak.

1.– Ordaindutako zergaren zenbatekoa itzultzeko eskatu ahal izango dute, erregelamenduz ezarriko diren baldintzetan, honako hauek:

a) Zergaren xede diren gasen inportatzaileek, baldin eta gas horiek zergaren aplikazio lurraldetik kanpora bidali badituzte beraiek zuzenean edo hirugarren batek haien izenean edo kontura.

b) Zergaren xede diren gasen eskuratzaileek, baldin eta, zergaren zergadun ez izanik ere, gas horiek zergaren aplikazio lurraldetik kanpora bidali direla frogatzen badute.

c) Zergaren xede diren gasen eskuratzaileek, baldin eta, zergaren zergadun ez izanik ere, frogatzen badute gas horiek 8. artikuluaren 1. apartatuko f) letran jasotzen den salbuespena aplikatzea ekarriko luketen helburuetara bideratu direla.

2.– Aurreko apartatuan jasotako kenkariak aplikatzeko, Zerga Administrazioaren aurrean frogatu beharko da, zuzenbidean onartzen den edozein frogabide erabiliz, apartatu horretako letretan zerrendatutako egitateak benetan gertatu direla eta zerga ordainduta dagoela.

3.– Zergadunek aplikatutako kenkarien zenbatekoek urte naturaleko azken likidazio aldian sortutako kuoten zenbatekoa gainditzen badute, orduan, zergadun horiek beren aldeko saldoa itzultzeko eskatu ahal izango dute likidazio aldi horri dagokion autolikidazioan, erregelamenduz ezarriko diren terminoetan.

4.– Artikulu honetan xedatutakoaren arabera bidezkoak diren itzulketak Gipuzkoako Foru Aldundiak egingo ditu, itzultzeko eskatzen diren kuotak Administrazio honetan ordaindu direnean. Dena dela, kuotak zein administraziotan ordaindu diren jakiterik ez dagoenean, itzulketa Gipuzkoako Foru Aldundiak egingo du itzulketarako eskubidea Gipuzkoako Lurralde Historikoan sortu denean.

16. artikulua.– Autolikidazioa eta ordainketa.

1.– Zergadunek zerga autolikidatu eta ordaintzeko betebeharra izango dute. Likidazio aldia hiruhileko naturala izango da.

Dena den, inportazioen kasuan, zerga likidatuko da aduana zorrerako aurreikusita dagoen eran, aduanei buruzko araudian xedatutakoaren arabera.

2.– Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak foru agindu bidez ezarriko ditu aurreko zenbakian aipatzen diren autolikidazioak aurkezteko era, eredua eta epeak, bai eta, hala badagokio, zergaren itzulketa eskatzekoak ere.

17. artikulua.– Erroldan eta erregistroan inskribatu beharra.

1.– Zergaren xede diren gasen fabrikazioa, inportazioa edo Batasunaren barruko eskurapena egiten duten zergadunek, bai eta gas horien biltegizainek ere, izena eman beharko dute berotegi efektuko gas fluordunen gaineko zergaren lurralde erregistroan, erregelamenduz zehaztuko den moduan. Erregistro horren edukia erregelamenduz ezarriko da, bai eta bertan inskribatzeko, baja emateko eta errebokatzeko prozedurak ere.

2.– Zenbaki honetan aipatzen den inskripzioa jarduera hasi aurretik egin beharko da.

18. artikulua.– Kontabilitate betebeharrak.

Merkataritza arauetan eta beste arau fiskal batzuetan ezarritako kontabilitate betebeharrak eragotzi gabe, zergaren xede diren gasak fabrikatzen dituzten zergadunek, biltegizainek eta, hala badagokio, gas horien inportatzaile edo Batasunaren barruko eskuratzaile jakin batzuek haien kontabilitatea eraman beharko dute bitarteko elektronikoen bidez, eta, hala badagokio, baita gas horiek lortzeko behar diren lehengaiena ere.

Erregelamendu bidez ezarriko da zer kasutan ez den beharrezkoa betebehar hori betetzea, eta zer baldintzatan eraman behar den aipatutako kontabilitatea.

19. artikulua.– Ordezkaria izendatzeko betebeharra.

Espainiako lurraldean finkatuta ez dauden zergadunek pertsona fisiko edo juridiko bat izendatu beharko dute zerga honekiko betebeharretan haien ordezkari jardun dezan Zerga Administrazioaren aurrean, eta izendapen hori, behar bezala egiaztatua, zerga honen zerga egitatea dakarren lehen eragiketa egin aurretik jakinarazi beharko dute.

20. artikulua.– Arau-hausteak eta zehapenak.

1.– Artikulu honetan ezarritako xedapen bereziak eragotzi gabe, zerga honekin lotuta egiten diren arau-hausteak zehatzeko, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorra (martxoaren 8ko 2/2005 Foru Araua) eta hura garatzen duten gainerako xedapenak aplikatuko dira.

2.– Zerga arloko arau-hausteak izango dira:

a) Berotegi efektuko gas fluordunen gaineko zergaren lurralde erregistroan inskribatzeko betebeharra, 17. eta 19. artikuluetan aurreikusia, ez betetzea.

b) Zergaren aplikazio lurraldean finkatu gabeko zergadunek ez betetzea ordezkari bat izendatzeko betebeharra, 19. artikuluan aurreikusia.

c) 9. artikuluko 4. apartatuan aurreikusitakoa aplikatu zaien gas fluordunen fabrikatzaileek edo biltegizainek izakin gutxiago agertzea zergaren xede diren gas kantitateetan.

d) Zergaren xede diren gasen eskuratzaileak 8. artikuluan jasotako salbuespenen bidegabeko onuradun izatea, gas horiek benetan zertara bideratu diren justifikatzen ez denean, dagokion salbuespena aplikatzeko hala egin behar den kasuetan.

3.– Aurreko apartatuan jasotako arau-hausteak honela zehatuko dira:

a) Aurreko apartatuko a) eta b) letretan aipatutakoen kasuan, 1.500 euroko diruzko isun finkoa.

b) Aurreko apartatuko c) letran aipatutakoaren kasuan, gas horiei legokiekeen kuotaren zenbatekoaren 100eko diruzko isun proportzionala.

c) Aurreko apartatuko d) letran ezarritakoaren kasuan, bidegabe aplikatutako onura fiskalaren 100eko 150eko diruzko isun proportzionala, eta gutxienez 1.000 euro.

4.– Aurreko apartatuan aurreikusitako zehapenei Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorraren 192. artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaie.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Araudira egiten diren igorpenak.

Ingurumen fiskalitatearen arloan zenbait neurri ezarri eta beste tributu eta finantza neurri batzuk onartzen dituen urriaren 29ko 16/2013 Legeari 5. artikuluari eta haren edukiari foru ordenamendu juridikoan egiten zaizkien aipamenak foru dekretu arauemaile honetako manuei buruz egindakoak direla joko da.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– Sistema elektrikoen fabrikazioan erabilitako sufre hexafluorurorako araubide berezia.

2023ko abenduaren 31ra arte, sufre hexafluoruroaren fabrikazioa, inportazioa edo Batasunaren barruko eskurapena salbuetsita egongo da, erregelamenduz zehaztuko diren baldintzetan, produktu elektrikoak fabrikatzeko erabiltzekoa denean. Gas horiek etiketatuta egon beharko dute, bertan adierazita ontziaren edukia xede horretarako ez beste ezertarako erabiliko dela, 517/2014 (EB) Erregelamenduaren 12. artikuluan xedatutakoaren arabera.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Farmaziako osagaien hornidurarako inhalagailu dosifikatzaileetan erabiltzekoak diren gas zergapetuen araubide berezia.

2026ko abenduaren 31ra arte, zergaren xede diren gasen fabrikazioa, inportazioa edo Batasunaren barruko eskurapena salbuetsita egongo da, erregelamenduz zehaztuko diren baldintzetan, farmaziako osagaien hornidurarako inhalagailu dosifikatzaileetan erabiltzekoak direnean. Gas horiek etiketatuta egon beharko dute, bertan adierazita xede horretarako erabiltzen direla, 517/2014 (EB) Erregelamenduaren 12. artikuluan xedatutakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Beste xedapen batzuen indarraldia.

Foru dekretu arauemaile hau indarrean jartzen denetik aurrera, indarra izaten segituko dute Gipuzkoako Lurralde Historikoan berotegi efektuko gas fluordunen gaineko zerga garatu eta aplikatzeko eman diren xedapen guztiek, eta, bereziki, abenduaren 5eko 564/2022 Foru Aginduak, «Berotegi efektuko gas fluordunen gaineko zerga. Autolikidazioa» izeneko 587 eredua onetsi, hura aurkezteko eta zergaren itzulketa eskatzeko modua eta prozedurak ezarri, eta berotegi efektuko gas fluordunen gaineko zergaren erregistroan inskribatzea eta izakinen kontabilitatea eramatea arautzen duenak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Erregelamenduzko xedapenak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak berotegi efektuko gas fluordunen gaineko zergaren erregelamendua onetsi arte, lurralde erkidean indarrean dauden erregelamenduzko xedapenak aplikatuko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Arauak emateko ahalmena.

Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari baimena ematen zaie foru dekretu arauemaile hau garatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzaten.

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA.– Indarrean jartzea.

Foru dekretu arauemaile hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Donostia, 2023ko uztailaren 26a.

Diputatu nagusia,

EIDER MENDOZA LARRAÑAGA.

Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatua,

JOKIN PERONA LERCHUNDI.


Azterketa dokumentala