Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

169. zk., 2023ko irailaren 5a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4114

EBAZPENA, 2023ko abuztuaren 14koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Urnietako (Gipuzkoa) 31. sektorearen (Azkarate) Plan Partzialari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2023ko ekainaren 12an, Urnietako Udalak eskabide bat aurkeztu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Urnietako (Gipuzkoa) 31. sektorearen (Azkarate) Plan Partzialaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa egin zedin, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2023ko ekainaren 9an, ukituriko administrazio publikoekin eta interesdunekin. Jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira.

Bestalde, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun guztiek aukera izan zezaten ingurumenari buruz egin nahi zituzten ohar guztiak egiteko.

Erantzuteko legezko epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluaren arabera.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handi bat bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko xedez.

Urnietako (Gipuzkoa) 31. sektorearen (Azkarate) Plan Partziala abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasa behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua honako hauek zehazteko: ingurumen-eragin adierazgarririk ez duela –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edo ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar dela, ingurumenean eragin adierazgarria izan dezakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatzeko, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Urnietako (Gipuzkoa) 31. sektorearen (Azkarate) Plan Partzialaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea. Hona hemen txostenaren edukia:

A) Planaren azalpena: helburuak eta jarduketak.

Urnietako HAPOko Azkarate-31. hirigintza-jarduerarako eremuaren (aurrerantzean HJE) HAPPren helburua eremuaren antolamendu xehatua garatzea da; eremuak 89.610 m2-ko azalera du, indarrean dagoen Urnietako HAPOk sektore horretarako zedarritutako egiturazko hirigintza-parametroen arabera.

HAPOk lurzoru urbanizagarri sektorizatu gisa sailkatzen du eremua, eta haren antolamendu xehatua plan partzial baten bidez zehazteko agintzen du. Hauek dira aurreikusitako jarduketak:

– Udalerriko zenbait kaletan hiri-bilbeari jarraipena ematea.

– Oinezkoentzako eta bizikletentzako bide-lotuneak.

– Eraikin berriak, tartean, 472 etxebizitza berri.

– Espazio libreen tokiko sistema bat sortzea.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta bat etorriz Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparru bat. Planak ez du lurzoru berria erabiltzea aurreikusten, baizik eta lehendik urbanizagarritzat sailkatuta dagoena antolatzea. Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, Planak ez du indarrean den hirigintza-araudia aldatzen baldintzatzaileak, etorkizunean ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legerian zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektu berriak baimentzea ahalbidetuko dutenak, txertatzeko, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez.

b) Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere. Plana bateragarria da gainerako lurralde-planekin, plan sektorialekin eta hierarkian maila handiagokoak diren hirigintza planekin.

c) Plana egokia den edo ez ingurumen-kontsiderazioak integratzeko, bat eginik, bereziki, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin. Planak lurzoru urbanizatu bat hartzeko eta optimizatzeko aukera eman eta/edo laguntzen du; hala, ez dira hartuko artifizialdu gabe dauden beste lurzoru batzuk. Gainera, plan honen garapenak eraikuntzetan energia aurrezten lagunduko duten elementuak ezartzea ahalbidetu dezake, eraikuntza jasangarriagoa lortzeko.

d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak. Ez da hauteman Plana egikaritzearen ondoriozko ingurumen-arazo esanguratsurik, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, urei eta uholde-arriskuen prebentzioari, hondakinen kudeaketari, natura-ondareari, paisaiari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira eragin-eremuarekin lotutako esku-hartze eta jarduerak. Dena den, eta aurrerago garatuko denarekin bat, adierazi behar da egoki diren neurriak hartu beharko direla eraikin berrien kalitate akustikoaren helburuak betetzeko, bai haien barruko aldean, bai kanpoko aldean.

e) Era berean, plana egokitzat jotzen da Erkidegoko edo Espainiako ingurumenaren arloko legedia txertatzeko.

2.– Ondorioen eta eragina pairatu dezakeen eremuaren ezaugarriak.

31.– HJEa (Azkarate) Urnietako (Gipuzkoa) udalerriaren ipar-mendebaldean dago. Plan partzialak 89.610 m2-ko (8.96 ha) eremuaren antolamendu xehatua egiten du. Eremuak honako hauek inguratzen dute: 6. HJEa (Aranzubi) eta 4. HJEa (Urraca), sektorearen iparraldean dauden hiriko bizitegi-auzoak; 22. HJEa (Salesianos), eremuaren hegoaldean dagoen ekipamendu pribatua; GI-3722 errepidea (garai bateko GI-131) mendebaldean, gaur egun, hiri bidea baita (Idiazabal kalea) saihesbidearen exekuzioaz geroztik; bukatzeko, Madril-Irun trenbidea, eremuaren muga baita ekialdean.

Lurzoru urbanizagarri sektorizatua da, bizitegi-erabilera izango duena.

Eremuan ez dago ur-ibilgu egonkorrik. Ibilgurik hurbilena trenbidearen paraleloan doa, eremutik 100 metro ekialdera. Ur-punturik ere ez da identifikatu.

«Hernani-Urnieta korridore tektonikoa» izeneko interes geologikoko eremuan dago. Aztertutako eremuan ez da interes geologikoko gunerik identifikatu, eta formazioa ez dago sartuta EAEko Interes Geologikoko Lekuen Inbentarioan.

Eremuan dagoen egungo landarediak ez du ingurumen-interesik, ekinbide antropikoaren eraginez eraldatutako espezieak dira. Espezie inbaditzaileak badaude, bereziki banbua (Phyllostachys sp.). Ez da flora mehatxaturik topatu.

Faunari dagokionez, babes-maila desberdinekin katalogatutako hainbat espezie hauteman dira; aztertutako eremua ferra-saguzar mediterraneoarentzako (Rhinolophus euryale) Interes Bereziko Eremuaren barnean dago, eta espezie hori kudeatzeko planaren proposamenean zehazten da.

Hala ere, badirudi ez dagoela habitat egokia, eta, ondorioz, espezie horiek eremuan aurkitzea ez da erraza izango.

Ez hirigintza-jarduerarako eremua, ez haren ingurune hurbila, ez dira ez eremu babestuak, ez inbentariatutako interes naturalistikoko beste leku batzuk ere (EAEko espazio esanguratsuen katalogo irekiko espazioak, LAGetako interes naturalistikoko eremuen zerrenda irekia eta EAEko hezeguneen inbentarioa).

Ez da kultura-ondareari lotutako elementurik hauteman aztergai den eremuan, ez eta haren inguruan ere.

Ingurumen-arriskuak:

Eremuan ez da higadura-arriskua duen gunerik topatu.

EAEko uholde-arriskuaren kartografiaren arabera, Plan Partzialaren eremua 10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuko guneetatik kanpo dago, eta, ondorioz, lehentasunezko fluxu-guneetatik kanpo.

Eremu osoa akuiferoak kutsatzeko arrisku hutsalekoa da.

Eremuan ez dago lurzorua bereziki kutsatzen duten jarduerak jasan edo jasaten dituen lursailik.

Zaratari dagokionez, kalitate akustikoaren helburuekin loturiko ez-betetzeak hauteman dira eremuan. Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Departamentuak prestatutako Gipuzkoako errepideen foru-sareko zarataren mapa estrategikoen arabera, aztergai dugun eremuak eta A-15 errepidearen eragin-eremuak bat egiten dute zati batean, Azkarate eremuaren mendebaldean.

Bizitegi-garapenaren eremua, ekialdean eta trenbidearen paraleloan, trenaren eragin-eremuak zertxobait ukitzen du.

Zarata-iturri nagusiak ondoko errepideak eta trenbidea dira. Inpaktu akustikoaren azterketak jasotzen du egungo egoeran ez direla betetzen eremuan kalitate akustikoaren helburuak, eta, beraz, zenbait neurri proposatzen dira egoera minimizatzeko.

Kanpoaldeko zaratari dagokionez, lortutako emaitzen arabera, etorkizunean (20 urte barru) egoera txarra izatea espero liteke aztertutako hiru aldietarako (goiza, arratsaldea eta gaua), gehienbat Idiazabaleko bideko trafikoagatik.

Jarduera hauek sor dezakete inpakturen bat:

– Etxolak eta eraikinak eraistea (zarata, hondakinak...).

– Landaredia soiltzea.

– Lur-mugimenduak.

– Urbanizazio-lanak (espaloiak, bideak, bestelako azpiegiturak eta zerbitzuak).

– Eraikinak eraikitzea.

– Paisaia-integrazioa (espazio libre komunak).

Eremuaren ezaugarriengatik, intereseko natura-elementurik ez izatean, ez da espero ingurumen-inpaktu adierazgarririk gertatzea plana garatzeko egin nahi diren jarduketen ondorioz.

3.– Ebazpen honetan, neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Urnietako (Gipuzkoa) 31. sektorearen (Azkarate) Plan Partzialari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira Planean.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan ezarritakoarekin bat etorririk eta, aurrekoaren aurka ez doan orotan, Ingurumen Dokumentu Estrategikoan eta Planean bertan jasotakoaren arabera.

Plana garatzeko proiektuetan eta jarduketetan aplikagarriak diren ingurumenaren arloko baimenak edo prozedurak alde batera utzi gabe, honako hauek izango dira Planaren ondoriozko obrak gauzatzeko neurri babesle eta zuzentzaileak:

• Kutsadura akustikoari buruzko neurriak.

Zaratari dagokionez Planean hartu beharreko erabakien artean, eta Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, etorkizunean ezingo da hirigintza-garapenik gauzatu eremu batean baldin eta kanpoaldean kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez badira, hargatik eragotzi gabe 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.

Behar den isolamendu-maila jarri beharko da, aplikatu beharreko kalitate akustikoko helburuak bete ahal izateko, bai egunez, bai gauez. Fatxadako isolamendu horiek berariaz justifikatu behar dira eraikuntza-proiektuan.

Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora. Halaber, eguneko lan-ordutegi bat errespetatuko da.

• Kultura-ondarea babesteko neurriak.

Hargatik eragotzi gabe Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa, obrak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira behin-behinean, eta berehala emango zaio horren berri Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari; hark erabakiko du zer neurri hartu. Aurrekoaz gain, espedientean dauden txostenekin bat etorriz, Azkarate baserriaren gaineko edozein jarduketa eginez gero, eraikinaren balio arkeologikoaren azterketa egin beharko da, datazioa eta sailkapen tipologikoa barne, aipatutako 6/2019 Legearen 65. artikuluaren arabera. Azterketa horren emaitzek aukera emango dute Azkarate baserrian gerora egingo den edozein jardueraren oinarriak eta irizpideak finkatzeko.

• Hondakinak sortzeari eta kudeatzeari buruzko neurriak.

Obrek eta garbiketa-kanpainak dirauten bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Hondakinen eta Lurzoru Kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatu beharreko arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko.

Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte (833/1988 Errege Dekretua, uztailaren 20koa, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duena).

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

• Etxegintzako jasangarritasunari buruzko neurriak.

Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoetarako beharrezko ezaugarriei dagokienez, Eraikuntza iraunkorrerako gidan (https://www.ihobe.eus/argitalpenak) jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, arlo hauetan izan beharko dute eragina:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

– Energia. Energia-kontsumoa murriztea eta/edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

– Barne-kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

• Beste neurri prebentibo eta zuzentzaile batzuk.

– Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, horietarako isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean afekzio negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinen kudeaketa eta abar.

– Espazio libreen tratamendua: hala badagokio, espazio libreak landareztatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egindako «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotakoari jarraituko zaio. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Inbaditzeko ahalmena duten espezie aloktonoak ez dira inola ere erabiliko, bereziki Phyllostachys sp. Neurriak hartuko dira espezie horiek lur-mugimenduen bidez hedatzea ekiditeko; betelanetan, landareztatze-lanetan eta urbanizazioko lorategi-lanetan erabiliko diren mailegu-lurren eta landare-lurren jatorria eta osaera kontrolatu beharko da.

– Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makina mekanikoak erabiliko dira.

– Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, ustekabeko isuriek eragindako eraginak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, eta abar). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak eta makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan jarriko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

– Paisaian integratzea: ingurunearen ingurumen-ezaugarriak kontuan izanda, eta garapen berria inguruko paisaian integratzeko asmoz, zenbait eraikuntza-baldintza zehaztuko dira (materialak, koloreak, morfologia, altuerak, bolumenak, eta abar), bat etorriko direnak inguruneko eraikinen eta estetikaren tipologiarekin.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Urnietako (Gipuzkoa) 31. sektorearen (Azkarate) Plan Partzialak ondorio kaltegarri esanguratsurik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Urnietako Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean, Urnietako HAPOko 31. sektoreko (Azkarate) Plan Partziala onartzen ez bada. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatu ezean.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko abuztuaren 14a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala