
168. zk., 2023ko irailaren 4a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (224 KB - 18 orri.)
- EPUB (132 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
4106
EBAZPENA, 2023ko abuztuaren 8koa, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiarena, «Basque Digital Innovation Hub (BDIH) – Konexio 2023» laguntza-programaren oinarri arautzaileak onartzea eta deialdia argitaratzea agintzen duena.
SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publikoa da, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendekoa. Euskal Autonomia Erkidegoan honako hauek sustatzera bideratutako jarduketez arduratzen da: industria- eta enpresa-jarduera, inbertsioa, garapena, dibertsifikazioa eta industria-lehiakortasuna, berrikuntza, nazioartekotzea, Informazio eta Ezagutza Gizartearen garapena, eta enpresa arloko ekintzailetza-jarduera.
Hori horrela, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia Industria Adimendunerako Estrategia sustatzera zuzendutako askotariko ekintzak garatzen ari da, enpresen artean digitalizaziorako eta jasangarritasunerako teknologia aurreratuen erabilera sustatzeko. Enpresak teknologia horiek erabiltzen hasi berriak dira, eta bide hori sustatzeko eta ildo horretan sentsibilizatzeko ekintzen beharra dago.
Horren ondorioz, Laguntza Programa hau diseinatzean, lehentasunezko helburu gisa ezarri da industria-enpresen artean digitalizazioari eta jasangarritasunari lotutako teknologien erabilera sustatzea.
Hori guztia dela eta, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– «Basque Digital Innovation Hub (BDIH) – Konexio» 2023 Laguntza Programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea (horren edukia eranskin gisa gehitu da Ebazpen honetan) eta hari lotutako gastua baimentzea.
Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratzea.
Hirugarrena.– Ebazpen honen kontra berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
AZKEN XEDAPENa
Ebazpen honek eragina izango du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Bilbao, 2023ko abuztuaren 8a.
SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,
AITOR URZELAI INZA.
ERANSKINA
BASQUE DIGITAL INNOVATION HUB (BDIH) - KONEXIO 2023 LAGUNTZA PROGRAMA ARAUTZEKO OINARRIAK
Eusko Jaurlaritzak Fabrikazio aurreratuaren estrategia (Basque Industry 4.0) berrikusi zuen 2020an, eta hortik etorri zen Industria Adimendunaren 2021-2025 aldirako estrategia berria. Industria Adimenduna kontzeptua berrikuntza eta fabrikazio jasangarriko teknologiak eta abangoardiako teknologia digitalak sortzean eta aplikatzean datza; berrikuntza eta teknologia horiek balio erantsi handiko produktu eta zerbitzuak sortzeko eta aberastasunari, enpleguari eta ingurumen-inpaktua minimizatzeari dagokionez potentzial handia duten negozio-eredu berriak garatzeko sortzean eta aplikatzean, hain zuzen. Hor sartzen da produktuak eta prozesuak bizi-zikloaren ikuspegitik diseinatzea, material eta prozesu jasangarriak erabiltzea eta funtzionalitatea, eraginkortasuna eta/edo erabilera-esperientzia hobetzen duten eta/edo datua ustiatzearen bidez balioa ematen duten irtenbide digitalak aplikatzea.
Industria Adimendunaren estrategiaren xedea berrikuntza, garapen teknologikoa, jasangarritasuna eta talentua sustatzea da, euskal industriaren lehiakortasuna lortzeko eta gero eta globalagoa den ekonomian negozio-nitxo batzuetan lider-posizioa hartzeko palanka gisa.
Basque Digital Innovation Hub-a (BDIH) irabazi-asmorik gabeko ekimen bat da, eta RIS3 Euskadi Espezializazio Adimenduneko Euskal Estrategiarekin loturik dago (Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Plana 2030-RIS3 Euskadi eta Industrializazio Planean definitua eta ezarria), enpresa-ehunari teknologia digital eta jasangarriak esperimentatzen laguntzeko.
BDIHren helburua Europako industria-ehunari eta, bereziki, euskal ETE-ei industria adimenduaren, energiaren eta osasunaren ingurunean industria digitalaren eta jasangarriaren erronkei aurre egiteko beharrezkoak diren gaitasun zientifiko eta teknologiko berritzaile eta bikainak eskuratzeko bide erraz eta errentagarri bat eskaintzea da, hala, ETE-ei eboluzionatzen eta lehiakorrago izaten laguntzeko.
Sare bat da, eta hor daude sartuta digitalki konektatutako I+G azpiegiturak, planta pilotuak eta RIS3 estrategietako (industria adimenduna, energia eta osasuna) askotariko alderdietan espezializatutako know-how delakoa, 8 nodotan antolatuta: Fabrikazio aditiboa, Robotika malgua eta kolaboratiboa, Zibersegurtasuna, Makina adimendunak eta konektatuak, Material aurreratuak, Data Driven Solutions, Sare Elektriko Digitalak, eta Gailu Medikoak eta Osasun Digitala.
BDIHen jabetza partekatzen dute I+G zentroek, lanbide heziketako zentroek, unibertsitateek eta enpresa arloko I+G unitateek, eta horiek guztiak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) kideak dira eta eskualdeko erakunde publikoen babesa dute. Zerbitzuak eskaintzen ditu I+G arloko proiektuak garatzeko, industria-proiektuak eskalatzeko, abangoardiako teknologiak erakusteko, baliozkotzeko eta azaltzeko, eta prestakuntzarako eta oinarri teknologikoko enpresa berriak azeleratzeko baliabide gisa, leihatila bakarraren ikuspegiarekin.
Era berean, Europako Batzordeak, Komunikazio Sareen, Edukien eta Teknologiaren Zuzendaritza Nagusiaren (DG Connect) bidez, eta «Digital Single Market» Estrategiaren esparruan, hainbat ekimen sustatu ditu azken urteotan; besteak beste, Digital Innovation Hubs izenekoa; horren helburua da Europaren lehiakortasuna hobetzea teknologia digitaletan, baita ETE guztiek, tamaina, herrialdea eta sektorea edozein dutelarik ere, berrikuntza digitalen onurak eskuratu ditzaketela bermatzea ere. Digital Innovation Hubs horiek leihatila bakar gisa funtzionatzen dute; horietan, enpresek eta, bereziki, ETE-ek, startupek eta enpresa ertainek negozioak, ekoizpen-prozesuak, produktuak eta zerbitzuak hobetzeko laguntza jaso dezakete teknologia digitala txertatzearen bidez.
Europako «Digital Single Market» estrategiaren lehentasunetako bat da DIH sare indartsu bat sustatzea, Europa mailan, Europako enpresa guztiek aukera digitalak aprobetxa ditzaketela bermatzeko. Helburu horrekin, DG Connect zuzendaritzak 500 ekimen baino gehiago biltzen zituen hasierako katalogo bat egin zuen, eta Europa mailako lantalde bat abian jarri ere bai; lantalde horretan, Europako Digital Innovation Hubs horiek esperientziak eta jardunbide egokiak partekatzen dituzte, baita gomendioak proposatu ere.
Testuinguru horretan, BDIH EAEko DIHa da, Europako katalogo horren barruan, Europako Batzordearen berrikuspena gainditu ondoren.
Aurreko hori kontuan hartuta, BDIHra eta Europako zenbait DIHtara atxikitako aktiboen erabilera sustatzeko beharra ikusi da, programa honen bitartez industriaren arloko euskal enpresek dituzten beharrizanei erantzuteko duten gaitasuna dela-eta.
Halaber, adierazi behar da programa hau jasota dagoela SPRIren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan, Administrazio Kontseiluak 2022ko abenduaren 21ean 2023ko ekitaldirako hartutako erabakiaren bidez onetsitakoan (2023ko martxoaren 31ko saioan aldatu zen), eta Planaren helburu hau betetzea du xede: «Manufaktura-enpresen produktu eta zerbitzuen diseinuan eta garapenean teknologia digital eta iraunkorrak sartzen laguntzea, Basque Digital Innovation Hub (BDIH) osatzen duten aktiboei buruzko bideragarritasuna, aholkularitza eta laguntza teknikoa aztertzeko proiektuen bidez, robotika malgu eta kolaboratiboaren, fabrikazio gehigarriaren, zibersegurtasunaren, makina adimendun eta konektatuen, material aurreratuen, gailu medikoen eta osasun digitalaren eta sare elektriko digitalen arloetan».
1. artikulua.– Xedea.
Programa honen helburua da euskal industriari Basque Digital Innovation Hub (BDIH) eta Europako zenbait Digital Innovation Hubs (DIHs) esperimentazio- eta testatze-azpiegituren erabilerarako sarbidea, konexioa eta laguntza teknikoa emango dion zubi-plan bat aurrera eramatea.
Helburu hau BDIHko edo aukeratutako nazioarteko DIHko eragileek eskainitako laguntza tekniko baten bidez gauzatuko da, zenbait nodok eskaintzen dituzten teknologia digitalak eta jasangarriak xurgatzeko gaitasuna areagotzeko aukera emango duen ekintza-plan bat edo kontzeptu proba bat egiteko. Hauek dira aipatutako nodo horiek: Robotika malgu eta kolaboratiboa, Fabrikazio gehigarria, Material aurreratuak, Zibersegurtasuna, Makina adimendun eta konektatuak, Sare elektriko digitalak eta Gailu medikoak eta osasun digitala, lehen aipatu ditugun azpiegituretan gauzatzekoak.
Ekintza horiek emaitzara irekitako metodologia bati jarraituz gauzatuko dira, enpresek aukera izan dezaten zentroek zer-nolako laguntza ematen dieten erabakitzeko; era horretan, eskaintzen diren aktibo eta zerbitzuen nahiz enpresen eta haien beharrizanen arteko egokitzapena hobea izango da.
2. artikulua.– Laguntzen izaera.
1.– Laguntza hauek egoki jasotako eskaeren hurrenkerari jarraituz emango dira. Beraz, eskaerak banaka eta modu ordenatuan ebatziko dira, eskaera bakoitza oinarri hauetan eskatutako dokumentazio guztiarekin egoki bete den unearen arabera.
2.– Programa hau aplikatzearen ondorioz emandako laguntzek garrantzi txikiagoko edo de minimis laguntza izaera dute. Ondorioz, 2013ko abenduaren 18an Batzordeak onartutako (EB) 1407/2013 Erregelamenduak xedatutakoaren mende egongo dira.
3.– Programa honen bidez ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira.
4.– Programa honen barruan emandako dirulaguntzek ez dute lotura zuzenik esportatutako kopuruekin, banaketa sare bat sortu eta ustiatzearekin, edo esportazio jarduerarekin lotutako beste gastu arrunt batzuekin.
3. artikulua.– Baldintzak eta definizioa.
Programa honen helburuetarako definizio hauek ezarri dira:
1.– Laguntzaren intentsitatea. Laguntzaren zenbatekoa, aukera daitezkeen gastuen eta/edo inbertsioen onartutako gehieneko aurrekontuen ehuneko gisa adierazita.
2.– BDIH – Basque Digital Innovation Hub. Enpresei eskuragarri jarritako teknologiei lotuta prestakuntzarako, ikerketarako, testatze eta balioztatzeetarako aktibo eta zerbitzuen sare konektatua. Guztiak 1. eranskinean daude jasota.
3.– BDIHko eragilea. Basque Digital Innovation Hub osatzen duten eragile zientifiko-teknologikoen multzoa. Guztiak 1. eranskinean daude jasota.
4.– DIH – Digital Innovation Hub. «Berrikuntza digitaleko zentroak» dira eta ez dute irabazi-asmorik. Enpresei, bereziki ETE-ei, eta sektore publikoari laguntzen diete eraldaketa digitala gauzatzen. DIHaren nukleoan ikerketaren eta teknologiaren arloko erakunde bat (RTO) edo unibertsitate-laborategi bat egon ohi da; horrek, zenbait bazkiderekin batera, honako zerbitzu hauek eskaintzen ditu, besteak beste: teknologia digital, software eta hardware berriekin esperimentazioa, berrikuntza digitalei etekinik handiena ateratzeko gaitasunak eta entrenamenduak. Hautatutako DIHen zerrenda 2. eranskinean ageri da.
5.– Europako DIHetako gastuak. Aurkeztutako proiektuaren alorrean adituak diren eta proiektu horren exekuzioan parte hartu duten DIHak azpikontratatzeko gastuak.
4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Dirulaguntza-programa honen helburura bideratutako 2023ko baliabide ekonomikoak 992.360 eurokoak dira, eta SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan horretarako ezarri diren aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. SPRIren aurrekontuak 2023rako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude.
2.– Funtsak mugatuak direnez, programa honen bitartez lortu nahi da ahalik eta denbora tarte txikiena igarotzea laguntza eskatzen denetik ematen den arte, eta horrenbestez, espedientea osatua dagoenean eta era ordenatuan egingo da esleipena. Programaren guztizko zenbatekoa gainditzen duten laguntzei ezezkoa emango zaie, ebazpen baten bidez.
3.– Programarako funtsak agortzen badira, gelditu egingo da laguntzak emateko prozesua, eta horren berri emango du SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiak sozietatearen web orrian (web www.spri.eus) eta EHAAn argitaratuko den ebazpen baten bidez.
4.– Behin aurrekontu-kreditua bukatuta, ezingo da beste dirulaguntzarik eman eta, hori dela eta, aurkeztu diren, baina ebazteke dauden eskaerak ezetsi egingo dira.
5. artikulua.– Erakunde onuradunak eta izaera hori lortzeko eskakizunak.
1.– Programa honetan jasotako laguntzak eskuratu ahal izango dituzte industria arloko enpresek eta produktu-prozesu industrialekin lotutako zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresek, eskaera eginda, 6. artikuluan deskribatutako diruz lagun daitezkeen jarduerak egiteko proiektuak aurkezten badituzte. Hori guztia, baldin eta:
a) Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera-zentro bat badute. Hain zuzen ere, aurkeztutako proiektuak zentro horretan izan beharko du inpaktua eta bertan egin beharko da diruz laguntzekoa den jarduera.
b) Euskadiko Ekonomia Jardueren Gaineko Zergaren epigrafe industrialean alta emanda badago.
c) BDIHko eragile bat edo gehiagoren edo DIHko eragile baten laguntza badute proiektua gauzatzeko.
2.– Ezingo dituzte deialdi honetan aurkezten diren dirulaguntzak jaso:
a) Administrazio publikoa badira edo administrazio publikoren baten sektore publikoaren parte badira.
b) 2003ko azaroaren 17ko 38/2003 Dirulaguntzen Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean badaude; horien artean daude:
– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez izatea.
– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrarekin lotutako ordainketak egunean ez izatea.
– Zigor penalak edo administratiboak izatea, eta ondorioz dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukerarik ez izatea; edo laguntzak jasotzeko desgaitzen dituen legezko debekua izatea.
c) Jarduera armen ekoizpen, merkaturatze eta finantzaketaren arloan egiten dutenek, 14/2007 Legeak, 2007ko abenduaren 28koak, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunarenak, xedatutakoaren arabera.
d) Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa dela edo barne-merkatuarekin bateraezina dela erabaki ondoren, laguntzak errekuperatzeko agindu baten menpe badaude.
e) Sexuagatiko diskriminazio-jarduerak egin dituztenek, ez eta sexu-diskriminazioa egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko araudia ez betetzeagatik zehapen administratibo edo penalik jaso dutenak ere, zehapenean ezarritako epean. Era berean, ezin izango dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso, Estatuaren araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten erakundeak izanik, plan hori ez duten erakundeek, eta 50 langile baino gehiagoko enpresek, baldin eta sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak ezarri izana egiaztatzen ez badute, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuko legeriak ezarritakoaren arabera.
f) Arau-hauste astun edo oso astunengatik zehapenak jaso dituztenek, ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legea ez betetzeagatik ebazpen irmo bidez.
g) Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun eta oso astunengatik zehapenak jaso dituztenek, neurri zuzentzaile egokiak gauzatu eta zehapena bete arte administrazio-bidean ebazpen irmo bidez.
h) LGTBIfobia gauzatzen, bultzatzen edo sustatzen dutenek, ez eta konbertsio-terapiak sustatzen edo egiten dituztenek ere, Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.
3.– Laguntza-eskaera aurkezten den unetik hasi eta emandako dirulaguntza likidatu arte bete beharko dira aurreko ataletan laguntzen onuradun izateko aipatutako eskakizunak.
4.– Aurreko paragrafoetan aurreikusitako alderdiak modu honetan egiaztatuko dira:
a) SPRIk ofizioz egiaztatuko du honako eskakizunak betetzen direla:
– Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera-zentro bat dutela, zeinetan proiektuak eragina izango duen.
– Euskadiko Ekonomia Jardueren Gaineko Zergaren epigrafe industrialean alta emanda daudela.
– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituztela.
Dena den, eskatzaileak berariaz uko egin diezaioke baimena emateari. Hala bada, kasu bakoitzean eskumena duen organoaren administrazio-ziurtagiri positiboak eman beharko ditu.
b) Gainerako eskakizunak erantzukizunpeko aitorpenaren bidez egiaztatuko dira; eskaera egiteko inprimaki elektronikoan txertatuta dago erantzukizunpeko aitorpena.
6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta gauzatzeko epea.
Diruz lagundu daitezkeen jardueratzat hartuko dira industria arloko enpresek eta produktu-prozesu industrialekin lotutako zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresek gidatutako laguntza teknikoa emateko proiektuak, honako hauetarako aukera ematen badute:
– Teknologia digitalak eta jasangarriak xurgatzeko gaitasuna areagotzen duen ekintza-plan bat egitea, eta/edo.
– Horien kontzeptu-proba bat egitea.
Proiektu horien gauzatzea 2023ko abenduaren 20a baino lehen amaitu behar da. Proiektuak, halabeharrez, honako teknologia hauek txertatzeko kontzeptu-proba bat diseinatzera bideratuta egongo dira:
– Robotika malgua.
– Fabrikazio gehigarria.
– Zibersegurtasuna.
– Makina adimendunak eta konektatuak.
– Material aurreratuak.
– Sare elektriko digitalak.
– Gailu medikoak eta osasun digitala.
Ez dira diruz lagunduko artikulu honetan deskribatzen diren eta erakunde onuradunaren beraren katalogoaren barruan dauden produktuak/zerbitzuak.
Inola ere ez da diruz lagunduko Europar Batasuneko kide diren beste herrialde batzuetara edo hirugarren herrialdeetara esportatzea; eta, ondorioz, Programa honen testuinguruan diruz lagundutako dirulaguntzek ezingo dute zuzenean lotuta egon esportatutako kantitateekin, banaketa-sare bat martxan jarri eta ustiatzearekin, edo esportazio-jarduerarekin lotutako beste ohiko gastu batzuekin.
7. artikulua.– Gastu hautagarriak eta gastu hautagarriei aplikatzeko baldintzak.
1.– Gastu hautagarritzat hartuko dira ondorengo kontzeptu hauek, aurreko puntu batean deskribatutako diruz lagundu daitezkeen jarduerekin lotuak:
– Aurkeztutako proiektuaren alorrean aditua den eta proiektu horren exekuzioan parte hartu duen BDIHaren kontratazio-gastuak (erakunde onuradunak hautatuko du).
– Aurkeztutako proiektuaren alorrean aditua den eta proiektu horren exekuzioan parte hartu duen Europako DIHaren kontratazio-gastuak (erakunde onuradunak hautatuko du).
– Erakunde eskatzaileko langileen bidaia-gastuak (Europako DHI baten aktiboak erabiltzen direnean soilik).
2.– Gastu hautagarriek ez dituzte gaindituko 8. artikuluan adierazitako gehieneko ehuneko eta zenbatekoak.
3.– Gastu hautagarriek Laguntza Eskaera SPRIn aurkezten denetik aurrera eta proiektua gauzatzeko epean sortuak edo fakturatuak izan behar dute. Halaber, laguntza-eskaera aurkeztu aurretik sortu edo fakturatutako gastuak ere onartuko dira, proiektua 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera hasi bada.
4.– Ez dira gastu hautagarritzat joko, inola ere, laguntzaren eskatzaileak berak edo eskatzailearen taldeko enpresek egindako lanak, material didaktikoak prestatzea, aretoen alokairua, dietak eta antzeko gastuak. Gastu horiek fakturen kontzeptutik bereizita aurkeztu beharko dira.
5.– Gastu hautagarriak baloratzeko, irizpide hauek izango dira kontuan:
a) Lotura zuzena izango dute programa honen helburu den jarduerarekin.
b) Deskontuak eta antzekoak izanez gero, gastua gutxitu egingo da.
c) Gastu hautagarriaren balioespena kutxako irizpidearen araberakoa izango da.
d) Antzeko proiektuen batez besteko gastuekin alderatuta, proiektuaren gastu-aurrekontua handiegia dela irizten bada, gastu hautagarrien oinarria murriztuko da, gastu egokitzat eta proportzionatutzat jotzen den zenbatekoaren arabera.
6.– Fakturan aplikatutako Balio Erantsiaren gaineko Zerga ez da gastu hautagarria izango.
7.– Dirulaguntza jaso dezaketen lanen exekuzioa, egoki den kasuetan, enpresa espezializatuei azpikontrata dakioke. Hala eginez gero, Dirulaguntzen Lege Orokorreko 31.3 artikuluan aurreikusitakoa betez, diruz lagun daitekeen zenbatekoak gainditu egiten baditu kontratazio publikoaren arloan indarrean dagoen araudiak kontratu txikirako ezarritako kopuruak, onuradunak gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, bere ezaugarriak bereziak izateagatik, merkatuan ez badago lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko behar beste erakunde, edo gastua dirulaguntza eman baino lehen egin bada.
8.– Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 29. artikuluan ezarritakoaren arabera, onuradun batek azpikontratatu egiten duela ulertuko da hirugarren batekin adosten duenean dirulaguntzaren xede den jarduera osorik edo zati batean gauzatzea. Kontzeptu horretatik kanpo da onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz gauzatzeko egin beharreko gastuen kontratazioa. Hori horrela, azpikontratazioa edo hirugarrenen kontratazioa diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 100era iritsi ahal izango da, eta diruz lagundutako jardueren azpikontrataziorako edo hirugarren kontrataziorako aplikagarri izango dira Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 29. artikulu horretan jasotako gainerako aurreikuspenak.
9.– Nolanahi ere, oinarri hauen testuinguruan diruz lagun daitezkeen gastutzat hartuko dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluarekin bat datozenak.
8. artikulua.– Laguntzen modalitatea eta zenbatekoa.
1.– Deialdi honen xede diren laguntzak dirulaguntza gisa emango dira, honako ehuneko hauetan, onartutako gastu hautagarriak aintzat hartuta:
– Gastu hautagarrien % 80 diruz laguntzea, gehieneko zenbateko hauekin:
– 12.000 euro proiektua BDIHko eragile batekin lankidetzan gauzatuz gero.
– 20.000 euro proiektua BDIHko eragile batekin baino gehiagorekin lankidetzan gauzatuz gero.
– 15.000 euro proiektua Europako DIH batekin eginez gero, proiektuko 12.000 euroko eta bidaietarako 3.000 euroko muga partzialekin.
2.– Enpresa onuradunak proiektuari loturiko diruz lagun daitezkeen gastuetarako urtean eskura dezakeen gehieneko dirulaguntza, gehienez, diru lagun daitezkeen bi jardueratara bideratuko da, hortaz, erakunde bakoitzeko bi eskaera onartuko dira gehienez.
9. artikulua.– Laguntzak metatzea eta mugak.
1.– Programa honetan jasotako laguntzak eskuratzen dituzten erakundeek beste laguntza bateragarri batzuk edo Europako Erkidegoko beste finantzabide batzuk eskura ditzakete, betiere gastu hautagarrietarako gehieneko laguntzaren intentsitatea errespetatzen badute.
2.– Laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izango erakunde onuradunak garatzeko asmoa duen jardueraren kostua baino handiagoa, soilik laguntza hori aintzat hartuta edo edozein administraziok edo horien sektore publikoek xede bererako emandako beste laguntza batzuk gehituta. Baldin eta beste laguntza publiko batzuk eta programa honen bidez emandakoa metaturik lortzen den zenbatekoak gainditu egiten badu kostu hori, murriztu egingo da programa honetan araututako laguntzaren zenbatekoa jardueraren gehiegizko finantzaketa saihesteko behar den neurrian.
3.– Programa hau aplikatuz emandako laguntzek garrantzi gutxiagoko laguntzen edo de minimis izaera dute.
4.– Erakunde onuradun batek jaso dezakeen de minimis guztizko laguntzak ezingo du 200.000 euro baino handiagoa izan, abian den ekitaldi ekonomikoak (2023) eta aurreko bi ekitaldiek (2021 eta 2022) osatzen duten aldi osoaren arabera zenbatuta. Onuraduna errepidez merkantzien garraioko lanak besteen kontura egiten dituen enpresa bat bada, gehieneko zenbateko hori 100.000 eurora gutxituko da (gainera, laguntza ezingo da erabili errepide bidezko merkantziak garraiatzeko ibilgailuak erosteko). Hori dela eta, ez da Programan aurrez ikusitako laguntzarik emango emandako laguntzak, onuradunak jaso izan ditzakeen beste de minimis laguntza batzuei gehituta, muga hori gainditzen duenean, laguntza horiek emandako administrazioa edo administrazioak edozein izanda ere.
5.– De minimis laguntzak ez zaizkio metatuko Estatuko inongo dirulaguntzari, diruz lagun daitezkeen gastu horiei dagokienez, baldin eta metatze horrek gaindituko balu laguntzaren intentsitatea edo dagokion gehieneko laguntzaren kopurua. Gehieneko kopuru hori kasu bakoitzaren ezaugarri zehatzen arabera dago ezarrita, kategorien araberako salbuespen-araudi baten edo Batzordeak harturiko erabaki baten bitartez.
6.– Aurrez aipatutako muga horiek edo programa honek zehazten dituen beste batzuk gaindituz gero, soberako kantitatea murriztu egingo da programaren arabera emandako zenbatekotik.
7.– De minimis laguntzak emandakotzat joko dira enpresari aitortzen zaionean baduela legezko eskubidea laguntza jasotzeko.
10. artikulua.– Laguntza Eskaera.
1.– Eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta oinarri hauen ondoriozko gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoak erabiliz egingo dira SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia erakundearen webguneaz baliaturik.
2.– Aurrez ikusitako laguntzetarako sarbidea izateko baldintzak betetzen dituzten erakundeek SPRIren webgunean gaitutako Laguntza Eskaera formularioak bete beharko dituzte.
3.– Eskaera hori sinadura elektroniko aurreratuaren bidez (ziurtagiri elektroniko errekonozitu batekin) sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko nahikoa ahalorde duen pertsona batek. SPRIren sistemetan egindako eskaerako sinadura elektronikoaren eguna hartuko da aurkezpen-egun modura.
4.– Eskaerarekin, espresuki baimena ematen zaio SPRIri eska dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak eguneratuak dituela egiaztatzen duen ziurtagiria eta, era berean, kontsulta dezan enpresa EJZen (jarduera ekonomikoen gaineko zergan) alta emanda dagoen epigrafea. Dokumentu horiek kontsultatzeko baimena ukatzen bada, eskatzaileak aurkeztu beharko ditu, laguntza-eskaerarekin batera.
5.– Erakunde eskatzailearen eta bere legezko ordezkariaren identifikazio-datuak jaso beharko dira Laguntza Eskaeran.
6.– Laguntza Eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:
a) Entitatearen ordezkari legalaren erantzukizunpeko adierazpena. Erakundearen lege-ordezkariak egindako erantzukizunpeko aitorpena, eskaerari atxikitako ereduaren arabera egina, hauek egiaztatzen dituena:
– Erakundeko lege-ordezkariaren izen-abizenak eta Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia (NAN) edo Atzerritarraren Identifikazio Zenbakia (AIZ).
– Erakundearen izena, Identifikazio Fiskaleko Zenbakia edo kodea (IFZ/IFK) eta helbide-soziala.
– Erakunde eskatzailearen jarduera ekonomikoaren zentroetako baten egoitza, gutxienez, Euskal Autonomia Erkidegoan egotea eta proiektuak zentro horretan eragina izatea.
– Euskadiko Jarduera Ekonomikoen Zergaren kasuan kasuko epigrafean alta emanda egotea.
– Zerga arloko betebeharrak, Gizarte Segurantzarekin lotutakoak eta/edo bere erakunde laguntzaileekin adostutakoak egunean izatea.
– Aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta laguntza eskatzen den ekitaldi fiskalean jasotako de minimis laguntzen zerrenda, bertan adierazi beharko da laguntza hori noiz eman zen, zer erakundek eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.
– Proiektu hori bera gauzatzeko beste erakunde publiko zein pribatu batzuei eskatutako edo/eta haiek emandako dirulaguntzak, bertan adieraziz laguntza hori noiz eskatu zen, eta, hala badagokio, zein organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.
– Dirulaguntzen Lege Orokorreko 31.3 artikuluan aurreikusitakoa betez, diruz lagun daitekeen zenbatekoak gainditu egiten baditu kontratazio publikoaren arloan indarrean dagoen araudiak kontratu txikirako ezarritako kopuruak, onuradunak gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, bere ezaugarriak bereziak izateagatik, merkatuan ez badago lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko behar beste erakunde edo gastua dirulaguntza eman baino lehen egin bada.
– Oinarri hauetako 5. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea eta batez ere:
– Enpresa eskatzaileak ez duela administrazio-zehapenik edo zehapen penalik eta, beraz, ez duela galdu dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko gaitasunik. Halaber, adierazi beharko du ez daukala aipatutakoak eskuratzeko ezgaitzen duen legezko galarazpenik, ezta sexu-bazterkeriaren bat gertatu delako ezarritako debekurik ere.
– Enpresa eskatzailea ez dagoela Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zigor-prozeduraren eraginpean.
– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrarekin lotutako ordainketak egunean dituela.
– Burutu gabeko dirua errekuperatzeko agindurik ez duela, batzordeak hala erabaki duelako laguntzaren bat barne-merkatuarekiko bateragarri ez eta ilegal jo duenez; eta enpresa ez dagoela krisian, krisian dauden finantza-arloaz besteko enpresak Salbatzeko eta Berregituratzeko Estatuko Laguntzen inguruko Jarraibide Komunitarioen arabera (EBAO 2014/C 249/01).
– Enpresa eskatzaileak ez duela ezarrita Dirulaguntzen Lege Orokorraren 13.2 artikuluan jasotako debekurik.
– Armarik ez produzitzea, merkaturatzea edo finantzatzea, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legeak ezarritakoarekin bat etorriz.
b) Legezko ordezkariaren notario-ahalordea. Onuraduna langile autonomoa baldin bada, dagokion Foru Aldundiaren edo Udaleko Ogasun Sailaren ziurtagiri eguneratua, jarduera ekonomikoa egiaztatuko duena.
c) Erakunde onuradunaren IFZ.
d) Proiektuaren memoria, erakunde eskatzaileak aurkeztua. Bertan, honako hauei buruzko informazio xehatua agertu beharko da:
– Proiektuaren laburpena.
– Proiektua abiarazteko motibazioa, hautemandako arazoa/beharra.
– Faseak eta zereginak.
– Espero den emaitza eta eragina.
– Proiektua gauzatzen parte hartuko duen BDIHaren nodoa (edo nodoak) (nodoko eragilea edo eragileak adierazi beharko da/dira).
– Erakunde onuraduneko taldea (profila eta proiektuko rola).
– Erakunde kontratatuaren taldea (profila eta proiektuko rola).
– Proiektuaren aurrekontua (barruko eta kanpoko dedikazioaren banakapena eta bidaia-gastuak, Europako DIH batekin lankidetzan arituz gero).
– Proiektuaren eskaintza tekniko eta ekonomikoa, parte hartuko duten BDIHko eragileek eta/edo hautatu den Europako DIHkoek aurkeztua. Bertan, honako hauei buruzko informazio xehatua agertu beharko da:
– Proiektua zein BDIH nodotan (batean edo gehiagotan) edo Europako DIHtan kokatzen den.
– Proiektu mota (diagnostikoa eta ekintza-plana, kontzeptu-proba).
– Proiektua BDIHren zein aktiborekin gauzatuko den.
– Egingo diren jardueren, eta esperotako emaitzaren edo emaitzen azterketa xehea.
– Aurrekontuaren banakapena, langileen eta bidaien gastuak barne (DHIen kasuan, hala dagokionean).
– BDIH/DIHko taldea (CVen laburpena).
– Proiektua gauzatzeko egutegia.
7.– Enpresa onuradunak eta SPRIk baliozkotzat joko dituzte Laguntza Eskaeran adierazitako harremanetarako pertsonaren helbide elektronikora telematikoki bidaltzen diren jakinarazpen guztiak. Laguntzaren onuradun gisa agertzen den enpresaren posta elektronikoa bakarrik onartuko da harremanetarako helbide gisa.
8.– Eskatzaileek bermatuta izango dute beren hizkuntza -euskara edo gaztelania- ahoz nahiz idatziz erabiltzeko eskubidea, Programa honen ondorioz SPRIrekin izango dituzten harreman guztietan.
11. artikulua.– Laguntza-eskaerak aurkezteko epea.
1.– Programa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da laguntza-eskaerak aurkezteko epea, eta 2023ko urriaren 23an bukatuko da. Eskatzaileentzako arreta egun horretako arratsaldeko 17:00etan (penintsulako ordua) amaituko da.
2.– Laguntza-eskaera ez badago guztiz beteta edo dokumentu osagarri guztiak aurkezten ez badira, enpresari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean falta den informazioa edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko. Hala egiten ez badu, eskaera bertan behera utzi duela ulertuko da, eta horri dagokion ebazpena emango da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoarekin bat.
12. artikulua.– Ebaluazio- eta ebazpen-prozedura.
1.– Laguntza Eskaeren ebaluazioa eta ebazpena espedientea entregatu eta osorik dagoela egiaztatzean egingo dira.
2.– Hauek dira aurkeztutako laguntza-eskaerak onesteko ebaluazio-irizpideak:
1. irizpidea – Proiektuaren egikaritzeak duen balioa erakunde onuradunarentzat (30 puntu).
2. irizpidea – Proiektua aurkezteko dokumentazioaren kalitatea. Helburu, eginkizun eta kostuen zehaztapen eta egokitzapen maila (30 puntu).
3. irizpidea – Erakunde onuradunek eta agente teknologikoek proposatutako lantaldearen kalitatea (20 puntu).
4. irizpidea – Proiektua egikaritzeko eskaeraren motibazioa teknologia egokia gehitzeko, estrategiarako egokitua (20 puntu).
Zehaztutako irizpideak zenbateraino betetzen diren aztertuko da guztizko puntuazioa emateko. Irizpide bakoitzari emandako puntuazioaren % 50eko gutxienekoa lortzen ez duten laguntza-eskaerak ukatu egingo dira.
3.– Proiektuak eta haiei emandako puntuazioa, aipatutako irizpideen arabera, baloratzeko xedearekin, Hautaketa Batzorde bat osatuko da, eta osaera eta funtzio hauek izango ditu:
Cristina Oyón (presidentea), Alberto Fernández, Amaia Martínez, Iñaki Suarez eta Susana Larrea (idazkaria).
Hautaketa Batzordearen zeregina da eskaerak aztertzea, hautagaien meritu eta gaitasunak baloratzea eta, ondorioz, organo eskudunari helaraztea proiektu bakoitzari emandako puntuazioa, Batzordeak horretarako prestatuko duen txosten teknikoan oinarrituta.
4.– Ebazpena SPRIko Zuzendaritza Nagusiak egingo du, segidako egilespenaren erregimenean, eta erakunde eskatzaileari jakinaraziko zaio gehienez ere 15 egun balioduneko epean, igortzen denetik zenbatzen hasita. Baiespen- edo ezespen-ebazpen hori SPRIko zuzendari nagusiak emango du, eta eskatzaileari jakinaraziko zaio; halaber, haren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epe eta moduan.
5.– Ebazteko gehieneko epea 6 hilabetekoa izango da agiri guztiak aurkezten diren egunetik kontatzen hasita. Aipatutako epean ebazpenik ematen ez bada, ezetsi egin dela ulertuko da.
6.– Ebazpenetan esleitzen den dirulaguntzaren zenbatekoa eta gainerako baldintzak adieraziko dira.
7.– Ebazpena SPRIren webgunean eta EHAAn argitaratuko da, denek izan dezaten emandako laguntzen berri.
13. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.
1.– Diruz lagundu daitekeen jarduera amaitu eta 10 egun balioduneko epearen barnean, erakunde onuradunek proiektua gauzatu izana justifikatu beharko dute, SPRIren web-guneko likidazio-eskaeraren inprimakiak betez.
2.– Eskaera hori sinadura elektronikoaren bidez sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsona batek. SPRIren sistemetan emandako sinadura elektronikoaren eguna hartuko da aurkezpen-egun modura.
3.– Eskaerarekin, espresuki baimena ematen zaio SPRIri zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak eguneratuak izatea egiaztatzen duen ziurtagiria eska dezan eta, era berean, kontsulta dezan enpresa EJZen (jarduera ekonomikoen gaineko zergan) alta emanda dagoen epigrafea.
4.– Erakunde eskatzailearen eta bere legezko ordezkariaren identifikazio-datuak jaso beharko dira likidazio-eskaeran.
5.– Likidazio-eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira.
a) Gehienez bi orrialdeko memoria, honako alderdi hauek adierazita:
– proiektuaren balioa erakunde onuradunarentzat, 6 hilabeteko epean.
– proiektutik eratorritako ekintza-planaren laburpena, hala badagokio.
– aurreikusitako jarraipena.
b) Egikaritutako gastuen justifikazio-memoria eta gastu eta inbertsio hautagarrien fakturak, kostuen desglosearekin.
c) Finantza-erakundearen ordainketako banku-egiaztagiriak, proiektuan diruz lagun daitezkeen gastuena.
d) Finantza-erakundearen ziurtagiria, onuradunaren titulartasuna eta kontu korrontearen zenbakia (IBAN) egiaztatzen duena, baldin eta aurretik adierazitakoa aldatu egin bada.
6.– Enpresentzako soilik, ez dira kontuan hartuko abenduaren 29ko 3/2004 Legeak (merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka egiteko neurriak ezartzen dituena) aurreikusten dituen ordainketa-epeak betetzen ez dituzten gastuak.
7.– Ebazpena Zuzendaritza Nagusiak emango du eta haren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epe eta moduan.
14. artikulua.– Laguntza- edota Likidazio Eskaerak zuzentzea.
1.– Laguntza- edota Likidazio Eskaerak ez badaude behar bezala beteta puntu guztietan edo ez bada eskatutako dokumentazio osoa ekartzen, SPRIk 10 egun balioduneko epea emango dio erakundearen legezko ordezkariari akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak helarazteko.
2.– Epe hori igaro eta onuradunak zuzenketarik egin ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko da laguntza-eskaeraren kasuan, eta bi kasuetan (laguntza- eta likidazio-eskaera) dagokion ebazpena emango da.
15. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.
1.– Esleitutako dirulaguntzaren ordainketa aldi bakar batean egingo zaio laguntzaren erakunde onuradunari, 13. artikuluan eskatutako likidazio-eskaera eta justifikazio-dokumentazioa aurkeztu ondoren.
Ez da ordainketarik egingo onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekin lotutakoak betetzen ez baditu edo itzultze-bidezkotasunaren ebazpenagatik zorduna bada.
2.– Baldin eta gastu hautagarria dirulaguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontuan adierazitakoa baino txikiagoa bada, dirulaguntza proportzionalki egokituko zaio gastuari, 8. artikuluan ezarritako irizpideen arabera.
16. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
1.– Oinarri hauen testuinguruan esleituko diren dirulaguntzen erakunde onuradunak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrei daude lotuta, eta, zehazki honako hauei:
a) Emandako laguntza onartzea. Hartara, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen denetik hamar baliodun eguneko epean eta SPRIren aurrean espresuki horri uko egin ezean, ulertuko da erakunde onuradunak laguntza onartu duela.
b) Emandako laguntza jarduketa-plana aurrera eramateko erabiltzea, baita esleipenaren xede izan ziren gastuak finantzatzeko ere.
c) SPRIk beharrezkotzat jotako dokumentazio osagarria eska dezakeela eta SPRIk izendatutako langileek, bere edozein instalaziotan, beharrezkotzat eta egokitzat jotako egiaztapen guztiak egin ditzaketela onartzea. Horien guztien helburua izango da emandako laguntzaren xede den proiektua gauzatu dela eta eskatutako baldintzak bete direla egiaztatzea.
d) Faktura osoak gordetzea eta SPRIren, Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea lau urtez, gastu hautagarriak gauzatzen direnetik aurrera.
e) Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari edo eskumena duten beste kontrol-organo batzuei (Estatu zein komunitate mailakoak) laguntzen helburuaren fiskalizazio-funtzioak betetzeko garaian eska dezaketen edozein informazio ematea.
f) SPRIri berehala jakinaraztea laguntzak edo dirulaguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide eskatu edo jaso dutela xede berbererako beste Administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuetatik.
g) Dirulaguntza esleitzeko aintzat hartu den arrazoiren bat aldatu bada, horren berri ematea SPRIri.
h) Programa honetan onartutako dirulaguntzaren jatorriari buruzko publizitate egokia egitea, diruz lagundutako proiektuaren emaitzak SPRIk eskatutako moduan edo foroetan zabalduta.
i) Hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista egitea, diruz lagundutako proiektua gauzatu bitartean sortzen diren dokumentu eta euskarri guztietan.
17. artikulua.– Laguntzak aldatzea.
1.– Laguntza emateko baldintzetan edozein aldaketa gertatzen bada eta, edozein kasutan, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako laguntzak edo dirulaguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide jaso badira xede berbererako, laguntza esleitzeko Ebazpena aldatu ahal izango da, betiere Programa honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen jarraitzen badira.
2.– Halaber, programaren kudeatzaileak jarduerak gauzatzeko luzapen bat eman dezake, baldin eta erakunde eskatzaileek hala eskatu eta behar bezala justifikatzen badute; luzapen horren ondorioz, gehienez, 2 hilabetez atzeratu ahal izango da proiektuak gauzatzeko epea.
3.– Jarduketak Laguntza Eskaeran eta aurkeztutako dokumentazio osagarrian jasotakoak izango dira, eta SPRIk aldaketak baimendu ahalko ditu, betiere aldaketa horiek aldez aurretik justifikatu baditu erakunde onuradunak, amaitu aurretik, eta ez bada hutsaltzen programa honek hasiera batean jarraitutako jarduketa eta helburuen izaera.
18. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketak.
1.– Ikusiko balitz erakunde onuradunak ez duela bete Programa honetan, aplikatzekoak diren gainerako arauetan eta laguntzaren ebazpenean ezarritako baldintzetakoren bat, laguntza eskuratzeko eskubidea galduko du eta SPRIri itzuli beharko dizkio ordura arte kobratu duen laguntzaren zenbatekoa gehi dagozkien legezko berandutze-interesak, eta behar balitz, legezko jarduketak abiaraziko dira diru kopuru horiek itzul ditzan.
2.– Edonola ere, artikulu honetan aurrez ikusitako eraginetarako ez-betetzea izango da honako hau:
a) Laguntza-eskaeran eta dokumentazio osagarrian jasotako ekintzak aldatzea SPRIren baimenik gabe. Halaber, ez betetzea izango da SPRIri ez jakinaraztea proiektuaren exekuzioan gertatutako aldaketak, baldin eta aldatu egiten badituzte laguntza emateko aztertu ziren baldintzak. Posible da aldaketak baimentzea, betiere erakunde onuradunak baimena eskatu badio SPRIri, eta justifikatu baditu aldaketa horiek, ahal dela, proiektuan aplikatu baino lehen, eta betiere, Programa honek lagundutako jardueren eta lortu nahi dituen helburuen izaera aldatzen ez badute.
b) Gastu hautagarriak epe barruan ez justifikatzea edo Programa honetan eta laguntza emateko ebazpenean jasotako eskakizunak ez betetzea.
c) Diruz lagundutako proiektua betetzeko epeak gainditzea, aldatzeko baimena edo luzapena eman ez bada.
d) Laguntza eskuratzea Programa honetan ezarritako baldintza eta eskakizunak edo laguntza emateak berekin zekartzan baldintzak bete gabe.
e) Programan edo laguntza emateko ebazpenean aurreikusitako kontrol neurriak ez onartzea edo horien garapena oztopatzea.
f) Proiektua beste zerbaitera desbideratzea edo laguntzak emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.
g) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2013 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako beste edozein kasu.
3.– SPRIri dagokio ez-betetzea egiaztatzeko espedientea hasi, izapidetu eta ebaztea.
4.– Ez badira betetzen deialdi honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan jasotako betekizunak edo, hala badagokio, dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen direnak, dirulaguntza ezeztatuko da ez-betetze espedientea ireki ondoren, eta, dirulaguntza eta berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari, 1/1997 Dekretu Legegilean eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuko II. tituluan (zeinaren bidez arautzen baitira EAEko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen araubide orokorra, bermeak eta itzulerak eta zeinaren bidez ezartzen baitira dirulaguntza horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintzak, araubidea eta betebeharrak) ezarritakoari jarraiki, nahiz eta horrek ez duen eragotziko kasuan kasuko ekintza legalak abiaraztea eta dagozkion zigorrak jartzea. SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Zuzendaritza Nagusiari dagokio dirulaguntza ezeztatzeko –eta, hala badagokio, partzialki edo guztiz itzularazteko– espedienteak abiarazi eta ebaztea.
5.– Halaber, gainfinantzazioa badago ordainketaren ostean beste laguntza batzuk jaso izanagatik, programak helburu duen jardueraren kostua gainditzen duen laguntza zatia itzuli beharko da, 9. artikuluan araututakoari jarraiki. Kasu horretan, itzuli beharreko zenbatekoa zehaztuko da gertaera hori adierazteko eta itzulera erabakitzeko emango den ebazpenean.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatzekoa den araudia.
Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:
1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Lege hori garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua) dirulaguntza arloko oinarrizko legeriari dagokion guztian.
2.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia.
3.– Abenduaren 17ko 698/1991 dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen berme eta ordainketen araubide orokorra, eta zeinetan finkatzen diren berorren kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak.
4.– Europako Batzordearen EB 1407/2013 Erregelamendua, abenduaren 18koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO 2013 L 352/1).
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan (aurrerantzean, DBLO), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko Datuak Babesteko 2016/679 Erregelamendu Orokorrean (aurrerantzean, DBEO) eta datu pertsonalak babesteko gainerako araudi aplikagarrian ezarritakoarekin bat etorriz, jakinarazten da emandako datuak SPRIk tratatuko dituela eta haren Tratamendu Jardueren Erregistroan sartuko direla.
Tratamendu horren helburua, deialdiaren interes publikoan eta parte hartzeko eskabidean oinarritua, eskatutako laguntzaren espedientea kudeatzea da. Datu pertsonalak tratatzeko oinarri juridikoa da SPRIk duen interes publikoa, SPR-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia sortzeko estatutuetan ezarritako helburuak betetzeko.
Informazio hori gaian eskumena duen Administrazio Publikoari eta SPRI Taldeko enpresei laga ahal izango zaie.
Laguntza emateko espedientea izapidetzen den bitartean eta legez eska daitekeen epean gordeko dira datuak, legezko betebeharrak bete ahal izateko.
Interesdun guztiek eskubidea izango dute datuak zuzentzeko edo ezabatzeko, tratamendua mugatzeko, datuen eramangarritasunari aurka egiteko edo tratamendu automatizatuan soilik oinarritutako erabaki baten xede ez izateko, bai eta datuak babesteko araudi aplikagarrian aurreikusitako beste edozein eskubide ere, eskubide horiek aplikagarriak direnean, honako helbide elektroniko honetara idatziz bidalita: lopd@spri.eus. Era berean, interesdunak Datuak Babesteko gure ordezkariarekin harremanetan jarri ahal izango dira, idatzizko komunikazioaren bidez, helbide elektroniko honetan: dpd@spri.eus
Era berean, interesdun orok du edozein erreklamazio aurkezteko eskubidea dagokion kontrol-agintaritzan, eta SPRIren kasuan, Datuak Babesteko Euskal Bulegoa izango da: www.avpd.eus
SPRIk Datu Pertsonalen Babeserako esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, jo https://agenda.spri.eus/es/aviso-legal/privacidad/ web-orrialdeko pribatutasun-politikara.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauei buruz hartzen dituen erabaki guztiak administratiboak dira eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa da jurisdikzio eskuduna.
1. ERANSKINA
BDIH-ko AKTIBOEN ZERRENDA
Esteka honetan kontsulta daiteke nodoen eta horien aktiboen zerrenda:
https://www.spri.eus/es/ayudas/bdih-konexio/
2. ERANSKINA
ONARTUTAKO DIGITAL INNOVATION HUBS-EN ZERRENDA
1.– DIH Flanders Make (BE).
2.– Digital Innovation HUB Lombardia (IT).
3.– ARTES 4.0 (Advanced Robotics and enabling digital Technologies & Systems 4.0) Toscana (IT).
4.– Dihnamic Nouvelle-Aquitane (FR).
5.– Advanced Manufacturing Research Centre of Wales (UK).
6.– VTT Smart Manufacturing, Tampere (FI).
7.– Toscana A X.0 –(IT)
8.– Euroregional European Digital Innovation HUBS (Dihnamic, IRIS, BDIH) –(Akitania (FR), Nafarroa, Euskadi)
RSS