
168. zk., 2023ko irailaren 4a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (201 KB - 14 orri.)
- EPUB (121 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
4105
EBAZPENA, 2023ko abuztuaren 4koa, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendariarena, «Erronka 2030» Laguntza Programa arautzen duten oinarriak onartu, argitaratu eta horietarako deialdia egiten duena.
SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren menpeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoak, hainbat jarduketa egiten ditu bultzada bat emateko Euskal Autonomia Erkidegoko industria eta enpresen jarduerari, inbertsioari, garapenari, industria arloko dibertsifikazio eta lehiakortasunari, berrikuntzari, nazioartekotzeari, informazioaren eta ezagutzaren gizarteari eta enpresen ekintzailetzari.
Zentzu horretan, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak hainbat ekintza garatzen ditu Euskadiko enpresa-ehuna sustatzeko. Ekintza horien artean aipatzekoak dira ekintzailetza eta kultura ekintzailea sustatzea helburu duten laguntza-programak.
Ondorioz, laguntza-programa hau euskal ekintzailetza-ekosistema hobetu eta sustatzeko lehentasunezko helburuarekin diseinatu da.
Hori guztia dela eta, honako hau
EBAZTEN DU:
Lehenengoa.– Onestea «Erronka 2030» Laguntza Programaren oinarri arautzaileak eta deialdia, zeintzuen edukia atxikita baitago ebazpen honen eranskinean.
Bigarrena.– «Erronka 2030» programaren oinarri arautzaileak onesten dituen Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea oso-osorik.
Hirugarrena.– Ebazpen honen kontra berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke aukeran SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusian, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
AZKEN XEDAPENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
En Bilbao, 2023ko abuztuaren 4a.
SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,
AITOR URZELAI INZA.
ERANSKINA
«ERRONKA 2030» LAGUNTZA-PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren menpeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia. Euskal Autonomia Erkidegoan industria- eta enpresa-jarduera sustatzera zuzendutako ekintzak garatzeko ardura du, baita inbertsioaren, berrikuntzaren, nazioartekotzearen eta enpresa-ekintzailetza sustatzearen bidez euskal enpresetan trantsizio teknologiko-digitala, energetikoa-ingurumenekoa eta demografiko-soziala txertatzen laguntzeko ardura ere, lehiakortasunerako bektore gisa.
«Erronka 2030» programa gaur egun indarrean dagoen Ekintzailetzaren Erakundearteko Planarekin bat datorren tresna da. 2030era erronkak identifikatzean, Euskadiko ekosistemaren lehentasunezko 35 hobekuntza-arloren eta erronkaren zerrenda planteatu zen 2021-2024 aldirako, erresilientzia handitzeko, laguntza-prozesu eta -dinamikak eraginkortasun handiagoarekin artikulatzeko eta ekintzailetzaren potentziala ahalik eta gehien baliatzeko xedearekin, hurrengo urteetan berreskuratzeko palanka gisa.
Zerrenda hori plana egiteko prozesuan eragile publikoek eta pribatuek egindako ekarpenei esker egin da, bai eta euskal ekintzailetza-ekosistemari buruzko aurretiazko txostenetan jasotako hobekuntza-arloen bilketari esker ere, hala nola euskal ekintzailetzaren etorkizunari buruzko 2030 txostena, aurreko EEP 2020 Erakundearteko Plana eta haren balantzearen urteko txostenak (2017., 2018. eta 2019. urteak).
Programa erakundearen Dirulaguntzen Plan Estrategikoan dago jasota. Plan hori 2023ko ekitaldirako onartu zen, Administrazio Kontseiluak 2022ko abenduaren 21ean egindako bilkuran eta 2023ko ekainaren 13an aldatu zen, honako helburu hauek lortzen laguntzeko: «proposamen eta proiektu pilotuei laguntzea, eta euskal ekintzailetza-ekosistema sustatzeko eta hobetzeko proiektu pilotuak diseinatzeko, planifikatzeko eta abian jartzeko gastuei aurre egitea, honako gai hauei dagokienez: Kultura eta Balio Ekintzaileak, Giza Kapitala, Ekintzailetza-Iturri eta -Ideiak, Merkatuetarako Sarbidea, Azpiegitura Adimendunak, Ekosistema, etab.».
1. artikulua.– Xedea.
Programa honen helburua euskal ekintzailetza-ekosistema sustatzeko eta hobetzeko proiektuei laguntzea da, ekimenak dinamizatu eta bateratzeko, bertako eragileak elkartu daitezen eta parte har dezaten, eta, sinkronizazio eta koordinazio handiagoa lor dadin.
2. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura eta laguntzen izaera.
1.– Laguntza hauek egoki jasotako eskaeren ondoz ondoko lehia-prozedurari jarraituz emango dira. Beraz, eskaerak banaka eta modu ordenatuan ebatziko dira, eskaera bakoitza oinarri hauetan eskatutako dokumentazio guztiarekin egoki bete den unearen arabera.
2.– Programa honen esparruan ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak dira.
3.– Programa hau aplikatzearen ondorioz emandako laguntzak garrantzi txikiagoko edo minimis laguntzak dira. Ondorioz, Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Araudiak xedatutakoaren mende egongo dira.
4.– Programa honen esparruan emandako dirulaguntzek ez dute lotura zuzenik esportatutako zenbatekoekin, banaketa-sare bat ezarri edo ustiatzearekin edo esportazio-jarduerarekin lotutako beste gastu korronte batzuekin.
3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Dirulaguntza-programa honen helburura 2023an 150.000 euro bideratuko dira, eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan horretarako ezarri diren aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuak Euskal Autonomia Erkidegoko 2023ko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude.
2.– Espedientea osatua dagoenean, era ordenatuan egingo da dirulaguntzen esleipena. Programaren guztizko zenbatekoa gainditzen duten laguntzei ezezkoa emango zaie, ebazpen baten bidez.
3.– Programarako funtsak agortzen badira, programari amaiera emango zaio, eta horren berri emango du SPRIren zuzendari nagusiak www.spri.eus webgunean eta EHAAn argitaratuko den ebazpen baten bidez.
4.– Behin aurrekontu-kreditua bukatuta, ezingo da beste dirulaguntzarik eman eta, hori dela eta, aurkeztu diren baina ebazteke dauden eskaerak berariaz ezetsiko dira.
4. artikulua.– Onuradunak eta baldintza hori lortzeko eskakizunak.
1.– Programa honen xede diren dirulaguntzak eskuratu ahal izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatutako pertsona fisikoek eta Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza soziala eta/edo gutxienez jarduera-zentro bat duten pertsona juridikoek, baldin eta 5. artikuluan deskribatutako diruz lagundu daitezkeen jarduerak gauzatzeko proiektuak aurkezten badituzte.
2.– Ezingo dituzte deialdi honetan aurkezten diren dirulaguntzak jaso:
a) Herri-administrazioek edo horietakoren baten sektore publikoaren parte direnek.
b) Azaroaren 17ko 38/2003 Dirulaguntzen Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan aurreikusitako egoeraren batean daudenek; horien artean daude:
– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez izatea.
– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrarekin lotutako ordainketak egunean ez izatea.
– Zehapen penalak edo administratiboak izatea, eta, ondorioz, dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukerarik ez izatea; edo laguntzak jasotzeko desgaitzen dituen legezko debekua izatea.
c) Armen ekoizpenarekin, merkaturatzearekin eta finantzatzearekin lotutako jarduerak garatzen dituztenek.
d) Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa dela edo barne-merkatuarekin bateraezina dela erabaki ondoren, laguntzak errekuperatzeko agindu baten menpe daudenek.
e) Sexuagatiko diskriminazio-jarduerak egin dituztenek, ez eta sexu-diskriminazioa egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko araudia ez betetzeagatik zehapen administratibo edo penalik jaso dutenak ere, zehapenean ezarritako epean. Era berean, ezin izango dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso, Estatuaren araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten erakundeak izanik, plan hori ez duten erakundeek, eta 50 langile baino gehiagoko enpresek, baldin eta sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak ezarri izana egiaztatzen ez badute, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuko legeriak ezarritakoaren arabera.
f) Arau-hauste astun edo oso astunengatik zehapenak jaso dituztenek, ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legea ez betetzeagatik ebazpen irmo bidez.
g) Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun eta oso astunengatik zehapenak jaso dituztenek, neurri zuzentzaile egokiak gauzatu eta zehapena bete arte administrazio-bidean ebazpen irmo bidez.
h) LGTBIfobia gauzatzen, bultzatzen edo sustatzen dutenek, ez eta konbertsio-terapiak sustatzen edo egiten dituztenek ere, Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.
3.– Laguntza-eskaera aurkezten den unetik hasi eta emandako dirulaguntza likidatu arte bete beharko dira aurreko ataletan laguntzen onuradun izateko aipatutako eskakizunak.
4.– Aurreko paragrafoetan aurreikusitako alderdiak modu honetan egiaztatuko dira:
a) SPRIk ofizioz egiaztatuko du honako eskakizunak betetzen direla:
– Pertsona juridikoei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera-zentro bat izatea.
– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea.
Dena den, eskatzaileak uko egin ahal izango dio. Hala bada, kasu bakoitzean organo eskudunaren administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko ditu.
b) Gainerako eskakizunak erantzukizunpeko aitorpenaren bidez egiaztatuko dira; eskaera egiteko inprimaki elektronikoan txertatuta dago erantzukizunpeko aitorpena.
5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.
1.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak izango dira euskal ekintzailetza-ekosistema sustatzeko eta hobetzeko proiektuak, honako gai hauei buruzkoak:
a) Kultura eta Balio Ekintzaileak.
1.– Inkonformismo-, proaktibitate- eta sormen-balioak sustatzea, ekonomia- eta gizarte-sarea berreskuratzeko eta iraunarazteko mekanismo gisa.
2.– Jarrera eta balio desiragarrien adibide diren ekintzailetza-ereduak bistaratzea, adibide positiboen hedapena, porroten normalizazioa eta desinformazioaren aurkako borroka bultzatzeko.
b) Giza Kapitala.
1.– Enpresek, startupek, ZTB eragileek eta eragile publikoek ekosisteman eskatzen dituzten profil profesional berrien eskaintza eta eskaria konektatzea, profesionalak erakartzea barne, bereziki RIS3 eremuetan.
2.– Belaunaldi-erreleboa bultzatzea, ekintzailetzarako eta ekonomia-sarea gaztetzeko palanka gisa.
c) Ekintzailetza-iturriak eta -ideiak.
1.– OTEBBei (oinarri teknologikoko ekintzailetza berritzailea) laguntzearen aldeko apustua egiten jarraitzea, batez ere RIS3 sektoreetan, eta EAEn egiteke dagoen trantsizio hirukoitza bultzatzea maila teknologikoan (digital-energetikoa - ingurumenekoa eta demografiko eta soziala), enpresa, produktu eta zerbitzu berrien iturri gisa.
2.– Berdintasunezko ekintzailetza homogeneoaren aldeko apustua, eta arreta berezia jartzea emakumeen ekintzailetzari.
d) Merkatuetarako Sarbidea.
1.– Elkarlaneko ekintzailetza sustatzea (ekintzaileen, enpresa berrien, enpresa finkatuen artean), merkaturako sarbidea eta jasangarritasuna ahalbidetzeko.
2.– Ekintzaileek eta erretiratutako edo aurrez erretiratutako enpresaburuek/zuzendariek proiektu ekintzaileei merkatuan sartzeko ematen zaien laguntzan parte hartzea.
e) Azpiegitura Adimendunak.
1.– Gutxiegi erabiltzen diren azpiegiturak baliatzea, azpiegitura horien (eta haien proiektuen) arteko lotura sustatzea.
2.– Datozen urteetan aurreikus daitezkeen azpiegitura espezializatu berriak ekosisteman modu harmonikoan txertatzea.
f) Ekosistema.
1.– Ekintzailetzarako lurralde erakargarri eta ekintzailetza industrial-teknologikoko ekosistema erakargarri izatea indartzea.
2.– Euskal ekosistemaren nazioartekotzea eta kanpoan ikusgarri izatea (haren eragileak, jarduera).
Inola ere ez da diruz lagundu daitekeen jarduera izango Europar Batasuneko beste estatu kide batzuetara edo beste herrialde batzuetara esportatzea, eta, beraz, programa honen esparruan emandako dirulaguntzak ezin izango dira zuzenean lotuta egon esportatutako kopuruekin, banaketa-sare bat ezartzearekin eta ustiatzearekin edo esportazio-jarduerarekin lotutako beste gastu arrunt batzuekin.
Programa honen esparruan emandako dirulaguntzak ezin izango dira eman inportatutako produktuen ordez etxeko produktuak erabiltzearen arabera.
6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta aplika daitezkeen baldintzak.
1.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak izango dira aurreko artikuluan deskribatutako gaiekin zerikusia duten guztiak, betiere proiektua gauzatzeko hirugarrenek egindako lanekin bat badatoz (mugatzeko asmorik gabe, proiektua diseinatzeko eta planifikatzeko gastuak, espazioen errentamenduak, aholkularitza, tresna edo plataforma digitalak diseinatu eta egitea).
Ez dira diruz lagundu daitezkeen gastuak izango onuradunaren beraren baliabideei dagozkienak (mugatzeko asmorik gabe, onuradunaren beraren langileei lotutako gastuak, besteak beste soldatak ordaintzea), taldeko enpresenak barne.
2.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak baloratzeko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:
– Proiektua gauzatzeko beharrezkoak izango dira eta ezingo dituzte gainditu 7. artikuluko ehunekoak eta kopurua.
– Laguntza-eskaera SPRIn aurkezten denetik eta proiektua gauzatzeko epean zehar sortu edo fakturatu beharko dira. Epe hori 12 hilabetekoa izango da. Halaber, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako proiektuen laguntza-eskaera aurkeztu aurretik sortu edo fakturatutako gastuak onartuko dira.
– Deskontuak eta antzekoak izanez gero, gastua gutxitu egingo da.
– Gastu hautagarriaren balioespena kutxako irizpidearen araberakoa izango da.
– Dirulaguntzaren xede diren lanak erabat azpikontratatu ahal izango zaizkie enpresa espezializatuei, egokitzat jotzen denean, eta, kasu horretan, Dirulaguntzen Lege Orokorraren 31.3 artikuluan aurreikusitakoa betez, diruz lagundu daitekeen zenbatekoak gainditu egiten baditu kontratazio publikoaren arloan indarrean dagoen araudiak kontratu txikirako ezarritako kopuruak, onuradunak gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, bere ezaugarriak bereziak izateagatik, merkatuan ez badago lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko behar beste erakunde, edo baldin eta gastua ez bada egin dirulaguntza-eskaeraren aurretik.
– DLOaren 29. artikuluan aurreikusitakoarekin bat, ulertuko da onuradun batek azpikontratatu duela hirugarrenekin dirulaguntzaren xedea den jardueraren egikaritze osoa edo partziala hitzartzen badu. Kontzeptu horretatik kanpo gelditzen da onuradunak bere kabuz diruz lagundutako jarduera egiteko egin behar ordaindu behar dituen gastuak. Ildo horretatik, hirugarrenekiko azpikontratazioa edo kontratazioa diruz lagundutako jardueraren % 100eraino irits daiteke, eta hirugarrenekin diruz lagundutako jarduerak kontratatu edo azpikontratatzeko aplikagarriak izango dira DLOaren 29. artikuluan jasotako gainerako aurreikuspenak.
– Onuraduna enpresa bat denean, ez dira kontuan hartuko 3/2004 Legean (abenduaren 29koa, merkataritza-eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituena) aurreikusitako ordainketa-epeak betetzen ez dituzten gastuak.
7. artikulua.– Laguntzen modalitateak eta zenbatekoak.
Deialdi honen xede diren laguntzak dirulaguntza gisa egituratuko dira diruz lagundu daitezkeen gastuen ehuneko hauetan, onuradun-tipologiaren arabera, eta, nolanahi ere, onuradun bakoitzeko gehienez ere 15.000 euro:
– Pertsona fisikoa, elkartea, fundazioa eta unibertsitatea: % 100.
– ETEak: % 80.
– Enpresa handia: % 60.
8. artikulua.– Laguntzak metatzea eta mugak.
1.– Programa honetan aurreikusitako laguntzak beste laguntza bateragarri batzuk edo Europako Erkidegoko beste finantzabide batzuekin metatu ahal izango dira, betiere diruz lagundu daitezkeen gastu berberetarako gehieneko laguntzaren intentsitatea errespetatzen bada.
2.– Laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izango erakunde onuradunak garatzeko asmoa duen jardueraren kostua baino handiagoa, soilik laguntza hori aintzat hartuta edo edozein administraziok edo horien sektore publikoek xede bererako emandako beste laguntza batzuk gehituta. Baldin eta beste laguntza publiko batzuk eta programa honen bidez emandakoa metaturik lortzen den zenbatekoak gainditu egiten badu kostu hori, murriztu egingo da programa honetan araututako laguntzaren zenbatekoa jardueraren gehiegizko finantzaketa saihesteko behar den neurrian.
3.– Programa hau aplikatuz emango diren laguntzak garrantzi txikikoak edo de minimis laguntzak izango dira.
4.– Erakunde onuradun batek jaso dezakeen minimis laguntzaren guztizkoak ezingo du 200.000 eurotik gorakoa izan, indarrean dagoen ekitaldi fiskala eta aurreko biak aintzat hartuta. Baldin eta enpresa onuradunak errepideko garraio-sektorean besteren konturako garraio-operazioak egiten baditu, gehieneko hori 100.000 eurora murriztuko da (horrez gain, laguntza ezingo da erabili merkatu-gaiak errepidez garraiatzeko ibilgailuak erosteko). Hortaz, programa honetan aurreikusitako laguntzak ez dira esleituko, baldin eta esleitutako laguntzak muga hori gainditzen badu hain justu ere onuradunak eskuratutako beste minimis laguntza batzuk erantsi ondoren. Berdin dio laguntza horiek zein administraziok esleitu dituen.
5.– Minimis laguntzak ez zaizkio metatuko Estatuko inongo dirulaguntzari, diruz lagundu daitezkeen gastu horiei dagokienez, baldin eta metatze horrek gaindituko balu laguntzaren intentsitatea edo dagokion gehieneko laguntzaren kopurua. Gehieneko kopuru hori kasu bakoitzaren ezaugarri zehatzen arabera dago ezarrita, kategorien araberako salbuespen-araudi baten edo Batzordeak harturiko erabaki baten bitartez.
6.– Aurrez aipatutako muga horiek edo programa honek zehazten dituen beste batzuk gaindituz gero, soberako kantitatea murriztu egingo da programaren arabera emandako zenbatekotik.
7.– Minimis laguntzak emandakotzat joko dira enpresari aitortzen zaionean baduela legezko eskubidea laguntza jasotzeko.
9. artikulua.– Laguntza-eskaera.
1.– Eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta oinarri hauen ondoriozko gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoak erabiliz egingo dira SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia erakundearen webguneaz baliaturik.
2.– Aurrez ikusitako laguntzetarako sarbidea izateko baldintzak betetzen dituzten pertsona fisikoek eta juridikoek SPRIren webgunean gaitutako Laguntza Eskaera inprimakiak bete beharko dituzte.
3.– Eskaera hori sinadura elektroniko aurreratuaren bidez (ziurtagiri elektroniko egiaztatu batekin) sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko nahikoa ahalorde duen pertsona batek. SPRIren sistemetan emandako sinadura elektronikoaren eguna hartuko da aurkezpen-egun modura.
4.– Eskaerarekin, espresuki baimena ematen zaio SPRIri eska dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak eguneratuak dituela egiaztatzen duen ziurtagiria eta, era berean, kontsulta dezan enpresa EJZen (ekonomia-jardueraren gaineko zergan) alta emanda dagoen epigrafea. Dokumentu horiek kontsultatzeko baimena ukatzen bada, eskatzaileak aurkeztu beharko ditu, laguntza-eskaerarekin batera.
5.– Erakunde eskatzailearen eta bere legezko ordezkariaren edo bere izenean jarduten duen pertsona fisikoaren identifikazio-datuak jaso beharko dira laguntza-eskaeran.
10. artikulua.– Laguntza eskatzeko dokumentazioa.
Laguntza-eskaerarekin batera dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:
1.– Administrazio dokumentazioa.
a) Erantzukizunpeko adierazpena. Izapide-inprimakiaren parte den ereduaren araberako adierazpena, erakundearen legezko ordezkariak egina edo, bere izenean jarduten duen pertsona fisikoaren kasuan, eskatzaileak egina. Adierazpen horretan, honako inguruabar hauek jasoko dira:
– Eskatzailearen legezko ordezkariaren izen-abizenak eta nortasun agiri nazionalaren zenbakia (NAN) edo atzerritarraren identifikazio-zenbakia (AIZ), eta informazio bera norberaren izenean jarduten duten pertsona fisikoentzat.
– Pertsona juridikoen kasuan, erakunde eskatzailearen izena, identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ) eta egoitza soziala.
– Eskatzailea pertsona fisikoa den kasuan, EAEn erroldatuta egoteari buruzko datua, edo pertsona juridikoen kasuan, gutxienez EAEn duen jarduera-zentro baten helbidea.
– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko edo haren erakunde laguntzaileekiko betebeharrak egunean izatea.
– Aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta laguntza eskatzen den ekitaldi fiskalean zehar emandako minimis laguntzen zerrenda, emakida-data, organismoa, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.
– Proiektu bererako eskatu diren edo erakunde publiko edo pribatuek eman dituzten laguntzen zerrenda, eskaeraren eta hala badagokio emakidaren data, organismoa, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.
– Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 31.3 artikuluan aurreikusitakoa aplikatuz, diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoa kontratazio publikoaren arloan indarrean dagoen araudian kontratu txikirako ezarritako zenbatekoa baino handiagoa bada, onuradunak hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, obrarako konpromisoa hartu, zerbitzua eman edo ondasuna entregatu aurretik, salbu eta bere ezaugarri bereziengatik horiek egiten, mailegatzen edo hornitzen dituzten behar besteko erakunderik ez badago merkatuan, edo gastua dirulaguntzaren aurretik egin bada.
– Oinarri hauetako 4 artikuluko baldintzak betetzea, eta bereziki hauek:
– Ez egotea berreskuratzeko agindu baten menpe Batzordearen aurretiazko erabaki bati jarraikiz, zeinaren bidez laguntza bat ilegaltzat edo barne-merkatuarekiko bateraezintzat jo den, eta ez izatea krisian dagoen enpresa bat, krisian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatuko laguntzei buruzko erkidegoko gidalerroekin bat (EBAO 2014/C 249/01).
– Enpresa eskatzaileak ez edukitzea Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13 artikuluan ezarritako debekurik.
– Ez jardutea armen ekoizpen, komertzializazio edo finantzaketan, Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legean xedatutakoarekin bat.
b) Legezko ordezkariaren notario-ahalordea. Onuraduna langile autonomoa baldin bada, dagokion foru-aldundiaren edo udaleko ogasun-sailaren ziurtagiri eguneratua, jarduera ekonomikoa egiaztatuko duena.
c) Eskatzailearen NAN/IFZ.
d) Finantza-erakundearen ziurtagiria, onuradunaren titulartasuna eta kontu korrontearen zenbakia (IBAN) egiaztatzen duena.
2.– Dokumentazio teknikoa.
a) Proiektuaren memoria, proiektuaren helburuak, faseak eta gauzatzeko epeak adierazita.
b) Proiektuaren aurrekontua, hura deskribatzen eta egiaztatzen duen dokumentazioa erantsita.
3.– Laguntza-eskaera, eskatutako dokumentazioarekin batera, hautatutako hizkuntza ofizialean aurkez daiteke. Era berean, laguntza-eskaeraren ondorioz sortutako jardueratan eta prozedura guztian zehar, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da azaroaren 24ko 10/1982 Legeak, euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoak, xedatutakoaren arabera.
11. artikulua.– Laguntza-eskaerak aurkezteko epea.
Laguntza-eskaerak aurkezteko epea oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasi eta 2023ko urriaren 27an amaituko da. Halaber, eskatzaileentzako arreta teknikoa 2023ko urriaren 27ko 15: 00etan (Espainiako penintsulako ordua) amaituko da.
Laguntza-eskaera eta aurreko artikuluan eskatutako dokumentazioa diruz lagundu daitekeen jarduera hasi baino lehen aurkeztu beharko dira. Halaber, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako proiektuen laguntza-eskaerak onartu egingo dira izapidetzeko.
12. artikulua.– Ebaluazio- eta ebazpen-prozedura.
1.– Laguntza-eskaerak espedientea osatuta dagoen unean ebaluatu eta ebatziko dira.
2.– Laguntza-eskaerak ebaluatzea.
SPRIko teknikariek eskaeren lehenengo balorazioa egingo dute, eta programaren kudeaketaz arduratzen den pertsonak onartuko du eta Hautaketa Batzordeari bidaliko dio.
Hautaketa Batzordeak aztertuko ditu epearen barruan aurkeztutako eskaerak eta programa honetan xedatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatuko du. Honako hauek osatuko dute Hautaketa Batzordea: Aitor Cobanera Rodriguez jn. SPRIko Enpresa Sustapeneko zuzendaria, presidentea izango dena; Leyre Madariaga Gangoiti and. , Eraldaketa Digital eta Ekintzailetzako zuzendaria; eta, Imanol Cuétara Camiruaga jn., Idazkaria izango dena. Hautaketa Batzordea, onartutako proposamenei hurrengo atalean ezarritako esleipen-irizpideak aplikatuta, dagokion txostena bidaliko dio SPRIko zuzendari nagusiari, honako hauek adierazita: onuradun gisa proposatutakoen nortasuna, balorazio-fasean lortutako puntuazioa, proposatutako jarduketa, zenbatekoa eta uko egiteko proposatutakoak, uko-egite horren arrazoiak adierazita.
Batzordearen funtzionamenduarekin lotutako guztiari 40/2015 Legean (urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena) xedatutakoa aplikatuko zaio.
3.– Proiektuak ebaluatzeko, irizpide eta puntuazio hauek aplikatuko dira:
a) Proiektuaren egokitzapen-maila programaren helburuei eta gaiei dagokienez (gehienez ere 10 puntu).
b) Proiektuaren argitasuna eta sormena (gehienez ere 10 puntu).
c) Parte-hartzaileak, eragile sustatzaileen aniztasuna eta euskal ekintzailetza-ekosisteman parte hartzen ez duten eragileak egotea lehenetsita (gehienez ere 15 puntu).
d) Proiektuaren egingarritasun teknikoa, ekonomikoa eta legala (gehienez ere 15 puntu.
e) Espero den eragina, ekosisteman (ekonomia, enplegu, gizarte eta ingurumen terminoetan) neur daitezkeen eraginak nabarmenduta (gehienez ere 20 puntu).
f) Bazterkeria-arriskuan dauden kolektiboetan eragina izateko gaitasuna (gehienez ere 10 puntu).
g) Emakumeen enplegua hobetzeko eragina izateko gaitasuna (gehienez ere 10 puntu).
h) Gazteen enplegua hobetzeko eragina izateko gaitasuna (gehienez ere 10 puntu).
Laguntza-eskaeren jarduketek gutxienez 50 puntu lortzen ez badituzte, ukatu egingo dira.
4.– Ebazpena Zuzendaritza Nagusiak emango du, ondoz ondoko lehiaren araubidean, eta eskaerak aurkezpen-ordenaren arabera ebatziko dira, beharrezko aurrekontu-kreditua dagoen bitartean. Ebazpenaren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epe eta moduan, edo zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahalko da Bilboko administrazioarekiko auzien epaitegietan.
5.– Ebazteko epea. Eskaerari buruzko berariazko ebazpena emateko eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, egindako eskaera osatu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Epe hori igaro eta ez bada jakinarazpenik egin, interesdunek eskaera ezetsitzat jo ahal izango dute.
6.– Ebazpenak eskatzaileei jakinaraztean, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, baldintzak eta diruz lagundu daitekeen jarduera egiteko epeak adieraziko dira, bai eta jarduera garatzeko beharrezkoa den beste edozein baldintza ere.
7.– Ebazpena bitarteko elektronikoen bidez eman eta jakinaraziko zaio eskatzaileari, ebazpena ematen denetik gehienez ere 10 egun balioduneko epean.
8.– Esleitutako laguntzen berri denek izan ditzaten, SPRIren webgunean eta EHAAn argitaratuko dira.
13. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.
1.– Behin diruz lagundu daitezkeen jarduketak amaitzean, onuradunek proiektuaren egikaritzea justifikatu beharko dute, eta, horretarako, SPRIren webgunean eskuragarri dauden likidazio-eskaeraren inprimakiak erabiliko dituzte.
2.– Likidazio-eskaera erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsonak sinatu beharko du, sinadura elektroniko bidez, edo bere izenean jarduten duten pertsona fisikoak. Aurkezpen-datatzat hartuko da SPRIren sistemetako sinadura elektronikoarena.
3.– Eskaerarekin batera, espresuki baimena ematen zaio SPRIri eska dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak eguneratuak dituela egiaztatzen duen ziurtagiria eta, era berean, kontsulta dezan enpresa EJZen (ekonomia-jardueraren gaineko zergan) alta emanda dagoen epigrafea.
4.– Laguntza-eskaeran eskatzailearen eta bere legezko ordezkariaren edo bere izenean jarduten duen pertsona fisikoaren identifikazio-datuak jaso beharko dira.
5.– Likidazio-eskaera proiektua amaitu eta gehienez ere 2 hilabeteko epean aurkeztu beharko da, eta, nolanahi ere, 2025eko abuztuaren 29a baino lehen. Eskaerarekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:
a) Egikaritutako gastuen justifikazio-memoria eta gastu eta diruz lagundu daitezkeen gastuen fakturak, kostuak banakatuta.
b) Finantza-erakundearen ordainketako banku-egiaztagiriak, proiektuan diruz lagundu daitezkeen gastuena.
c) Finantza-erakundearen ziurtagiria, onuradunaren titulartasuna eta kontu korrontearen zenbakia (IBAN) egiaztatzen duena, hura aldatuz gero aurretik aipatutakoari begira.
d) Proiektuaren testuinguruan egindako lanak egiaztatzen dituen memoria teknikoa. Honako informazio hau jasoko du:
– Proiektuaren abiapuntuaren diagnostikoa.
– Proiektua egikaritzean egindako jarduketak.
– Proiektuaren amaierako balantzea, euskal ekintzailetza-ekosisteman lortutako hobekuntzak nabarmendu beharko dira.
6.– Ebazpena Zuzendaritza Nagusiak emango du, eta haren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren aurrean, 39/2015 Legean (urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa) ezarritako epe eta moduan.
14. artikulua.– Laguntza- edo likidazio-eskaeren zuzenketa.
1.– Laguntza- edo likidazio-eskaera ez badira guztiz betetzen edo ez bada haiekin batera eskatutako gainerako dokumentazioa aurkezten, SPRIk eskatzaileari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean hutsune hori betetzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko.
2.– Epe hori igaro eta onuradunak zuzenketarik egin ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko da laguntza-eskaeraren kasuan, eta bi kasuetan (laguntza- eta likidazio-eskaera) dagokion ebazpena emango da.
15. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.
1.– Dirulaguntzak ordainketa bakar batean ordainduko dizkio SPRIk erakunde onuradunari, 13. artikuluan eskatzen diren likidazio-eskaera eta egiaztagiriak aurkeztu ondoren.
2.– Egindako diruz lagundu daitekeen laguntza txikiagoa bada esleitzeko ebazpenean onetsitako aurrekontua baino, proportzionalki doituko da, 7. artikuluan ezarritako mugak aplikatuta.
16. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
1.– Oinarri hauen testuinguruan esleituko diren dirulaguntzen onuradunak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrei daude lotuta, eta, zehazki honako hauei:
a) Emandako laguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntzaren emakidaren jakinarazpena jaso eta hamabost egun balioduneko epean erakunde onuradunak ez badio espresuki uko egiten hari SPRIren aurrean, ulertuko da hura onartuta gelditu dela.
b) Emandako laguntza haren xedea garatzeko erabiltzea.
c) Onartzea SPRIk beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio gehigarri guztia eskatu ahal duela, eta SPRIk izendatutako langileek beharrezko eta komenigarritzat jotzen dituzten egiaztapenak egin ditzaketela beren instalazioetan, emandako laguntzaren xede den proiektua egikaritu dela eta eskatutako baldintzak bete direla egiaztatzeko.
d) Faktura osoak gordetzea eta SPRIren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskura jartzea bost urteko epean, diruz lagundu daitezkeen gastuak egiten direnetik zenbatzen hasita.
e) Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari edo beste kontrol-organo eskudun batzuei, bai nazionalak eta bai komunitarioak, eskatutako informazioa ematea laguntzen jomugaren fiskalizazio-funtzioak betetzean.
f) Berehala jakinaraztea SPRIri dirulaguntza edo laguntzak eskatu edo jaso direla, baita diru-sarrera edo baliabideak ere, hemen araututako laguntzen xede bererako, edozein Administrazio edo erakunde publiko edo pribaturen eskutik.
g) SPRIri jakinaraztea laguntza emateko kontuan hartutako edozein inguruabar aldatu dela.
h) Programa honen bitartez emandako dirulaguntzaren jatorriaren publizitate egokia egitea.
i) Hizkuntza eta irudien erabilera ez-sexista bermatzea diruz lagundutako proiektua osatzen duten dokumentu eta euskarrietan.
17. artikulua.– Laguntzen aldaketa.
1.– Laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta, nolanahi ere, beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuetatik aldi berean laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badira, eta, hala badagokio, helburu bererako beste diru-sarrera edo baliabide batzuk eskuratzen badira, laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere programa honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.
2.– Halaber, eskatzaileen eskaera eta justifikazioaren ondoren, programaren kudeaketaren arduradunak geroratze bat eman ahalko du egin beharreko jarduerak egikaritzeko, betiere ez bada 6 hilabete baino gehiagoz gainditzen proiektuak egikaritzeko gehieneko epea.
3.– Jarduketak laguntza-eskaeran eta aurkeztutako dokumentazio osagarrian jasotakoak izango dira, eta SPRIk aldaketak baimendu ahalko ditu, betiere aldaketa horiek aldez aurretik justifikatu baditu erakunde onuradunak, amaitu aurretik, eta ez bada hutsaltzen programa honek hasiera batean jarraitutako jarduketa eta helburuen izaera.
18. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Onuradunek oinarri hauetan eta gainerako arau aplikagarrietan ezarritako baldintzak edo laguntzen emakidaren ebazpenean ezarritako baldintzak urratzen badituzte, emandako laguntza jasotzeko eskubidea galduko dute, eta SPRIri ordura arte jaso dituzten laguntzen zenbatekoa itzultzeko betebeharra izango dute; horrekin batera, dagozkien berandutze-interesak ere ordaindu beharko dituzte, eta, beharrezkoa izanez gero, itzulketa hori lortzeko ekintza legalak abiaraziko dira, honako hauetan xedatutakoarekin bat: 1/1997 Legegintzako Dekretua eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren II. titulua (EAEko Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena). Horrez gain, dagozkion legezko ekintzak eta zehapenak ezarri ahalko dira Indargabetze- eta itzulketa-espedienteak (partziala edo totala) abiarazi eta ebaztea SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusiari dagokio.
2.– Edonola ere, ez-betetzetzat joko dira honako hauek artikulu honetan aurreikusitakoaren arabera:
a) SPRIren baimenik gabe laguntza-eskaeran eta dokumentazio osagarrian aurreikusitako jarduketak aldatzea. Egikaritzearen edozein aldaketa ez bazaio SPRIri jakinarazten eta aldaketa horrek laguntzaren emakidaren azterketa-baldintzak aldatzen baditu, ez betetzetzat joko da ondore horietarako. Aldaketak baimendu ahalko dira, betiere SPRIri eskatzen bazaizkio eta erakunde onuradunak justifikatzen baditu, ahal den neurrian, proiektuan aplikatu aurretik, betiere ez bada hutsaltzen programa honek hasiera batean jarraitutako jarduketa eta helburuen izaera.
b) Diruz lagundu daitezkeen gastuak epean ez justifikatzea edo ez betetzea programa honetan edo laguntza emateko ebazpenean eskatutako baldintzak.
c) Proiektua osorik ez egikaritzea.
d) Diruz lagundutako proiektua egikaritzeko ezarritako epeak gainditzea, betiere ez badago aldaketa- edo luzapen-baimenik.
e) Laguntza lortu izana programa honetan jasotako baldintzak bete gabe edo laguntzaren emakidari begira ezarritakoak urratuz.
f) Programan edo laguntzaren emakidan aurreikusitako kontrol-neurriei uko egitea edo oztopatzea.
g) Proiektua beste edozein modutan desbideratzea edo ez betetzea laguntzaren emakidaren ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar.
h) Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan aurreikusitako kausak.
3.– SPRIri dagokio ez-betetzea egiaztatzeko espedientea abiarazi, izapidetu eta ebaztea.
4.– Programaren xede den jardueraren kostua gainditzen duen laguntza-zatia ere itzuli beharko da gehiegizko finantzaketa gertatzen bada beste laguntzen pilaketaren ondorioz hura kobratu ondoren (8. artikuluan arautzen da). Kasu horretan itzuli beharreko zenbatekoa gertakaria adierazten duen eta itzulketa agintzen duen ebazpenean zehaztuko da.
AZKEN XEDAPENETAKO Lehenengoa
Programa honi araudi hau aplikatu ahal zaio:
1.– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua), dirulaguntzen arloko oinarrizko legedia osatzen duen aldetik.
2.– 1/1997 Legegintza Dekretua, azaroaren 1ekoa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.
3.– 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketaren jardunbide orokorra arautzen duen eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezartzen dituena.
4.– Europako Batzordearen 1407/2013 (EB) Zuzentaraua, abenduaren 18koa, Europar Batasunaren minimis laguntzen funtzionamendu-itunaren 107. eta 108. artikuluen aplikazioari buruzkoa (EBAO 2013 L 352/1)
AZKEN XEDAPENETAKO Bigarrena
Erakunde onuradunek diruz lagundutako jardueraren finantzaketaren izaera publikoa jakinarazi beharko dute. Horretarako, jasotako laguntza aipatu beharko dute, eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren logotipoa sartu beharko dute, ikusteko moduan, diruz lagundutako jardueren dibulgazio publikorako material, argitalpen edo ekitaldi guztietan.
AZKEN XEDAPENETAKO Hirugarrena
Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan (aurrerantzean, DBEDBLO), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorrean (aurrerantzean, DBEO) eta datu pertsonalak babestearen arloan aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritakoarekin bat etorriz, jakinarazten da emandako datuak SPRIk tratatuko dituela eta haren Tratamendu Jardueren Erregistroan sartuko dituela.
Tratamendu horren helburua da, deialdiaren interes publikoan eta parte hartzeko eskaeran oinarrituta, eskatzen den laguntzaren espedientea kudeatzea, eta datu pertsonalak tratatzeko oinarri juridikoa SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia sortzeko estatutuetan ezarritako helburuak betetzeko SPRIk duen interes publikoa da.
Informazio hori arlo horretan eskumena duen Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei laga ahalko zaie.
Datuak gorde egingo dira laguntza emateko espedientea izapidetzen den bitartean eta legez eska daitekeen epean, legezko betebeharrak bete ahal izateko.
Interesdunek eskubidea izango dute datuak zuzentzeko edo ezabatzeko, tratamendua mugatzeko, tratamenduari uko egiteko, datuak eramateko edo tratamendu automatizatuan soilik oinarritutako erabakirik ez hartzeko, bai eta datuak babesteko araudi aplikagarrian aurreikusitako beste edozein eskubide ere, baldin eta eskubide horiek aplikagarriak badira, lopd@spri.eus helbide elektronikora idatzita. Era berean, interesdunak harremanetan jarri ahal izango dira datuak babesteko gure ordezkariarekin, dpd@spri.eus helbide elektronikora idatzita.
Era berean, interesdun orok du edozein motatako erreklamazioak aurkezteko eskubidea dagokion kontrol-agintaritzan, eta SPRIren kasuan, Datuak Babesteko Euskal Bulegoa izango da: www.avpd.eus.
SPRIren datu pertsonalak babesteari buruzko informazio gehigarri eta xehatua kontsultatzeko, pribatutasun-politika atalera jo dezakezue https://agenda.spri.eus/lege-oharra/pribatutasun/ helbidean.
AZKEN XEDAPENETAKO Laugarrena
SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren erabakiak, oinarri hauei dagokienez, administrazio-izaerakoak dira, eta jurisdikzio eskuduna administrazioarekiko auziena da.
RSS