Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

167. zk., 2023ko irailaren 1a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
4088

EBAZPENA, 2023ko uztailaren 14koa, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearena. Honen bidez, laneko segurtasunaren eta osasunaren eremuan ikerketa-proiektuak egiteko eta Saf€ra esparruan garatzen diren ikerketa-proiektuak egiteko laguntza-deialdia egiten da.

Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak (aurrerantzean, Osalan) laneko segurtasun eta osasunaren arloko ikerketa-jarduerak bultzatzea du bere eskumenen artean. Osalan sortzeko abenduaren 21eko 7/1993 Legean laneko segurtasun, higiene eta osasunaren prebentzio- eta sustapen-helburuak betetzeko beharrezko egitekoak ezartzen dira, eta, besteak beste, laneko segurtasun eta osasun arloan ikerketa-programak landu, bultzatu eta garatzea proposatzen da.

Deialdi honen lehentasunezko arloak Laneko Segurtasun eta Osasuneko 2021-2026 Euskal Estrategiaren esparruan daude, eta hau da deialdiaren helburua: laneko segurtasun eta osasunaren arloko gai batzuetan ikerketa-proiektuak egitera bultzatzea, haien emaitza lan-jardunean aplikatu ahal izateko, eta, modu horretara, laneko arriskuak prebenitzeko eta langileen osasuna hobetzeko. Horrez gain, ikerketa-taldeak finkatu nahi dira, eta talde berriak sartu, haien bidez laneko segurtasun eta osasunaren eremuan ikerketa aurreratzeko eta garatzeko.

Laneko segurtasun eta osasunaren arloko ikerketa-proiektuetarako laguntzen deialdi hau Osalanen 2023ko ekitaldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dago. Osalaneko zuzendariak 2023ko urtarrilaren 17an emandako ebazpenaren bidez onartu zen Plan Estrategiko hori. Plan horretan jasotzen dira Osalanek Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen Egitura eta Jarduerarako Erregelamendua onartzen duen uztailaren 30eko 191/2002 Dekretuan zehazten diren eskumen eta eginkizunen arabera kudeatzen dituen dirulaguntzak. Bat etorriz Dirulaguntzen Lege Orokorraren Erregelamenduaren 11.4 artikuluarekin, plana 2023-2025 epealdian izango da indarrean.

Bestalde, Osalan, Europako beste herrialde batzuetako 16 erakunde eta antolakunderekin batera, Saf€ra taldearen bazkide da, hau da, izen bereko Era-Net amaitu ondoren sortu zen Europako taldearen kide. Talde horren helburua da segurtasun industrialaren eremuko ikerketa koordinatzea. Proiektu horietan, Osalanek honako hau laguntzen du diruz: Saf€rak onartzen dituen ikerketa-jardueretan parte hartzen duten Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako erakundeei dagokien zatia, betiere proiektuak laneko segurtasuna eta osasuna barne hartzen baditu.

Saf€ra proiektuan duen lankidetza-konpromisoa betetzeko, dirulaguntza horien aurrekontuaren zati bat erabiliko du 2023an ebatziko den 2022ko Saf€ra deialdi bateratuaren barruan garatzen diren ikerketa-jarduerak finantzatzeko. Saf€ra deialdiko batzordeak onartzen dituen proiektuek ebazpen honetan deitutako laguntzak jaso ahalko dituzte.

Printzipio horien ildotik, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko 2023ko ekitaldirako aurrekontu orokorrak onesten dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legean jasotakoarekin, eta onetsitako gastu-kredituaz baliatuz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da honako proiektu hauetarako dirulaguntza-deialdia egitea norgehiagokaren arabera, eta horiek arautzea:

– Laneko segurtasunaren eta osasunaren arloko ikerketa-proiektuak.

– Saf€ra esparruko ikerketa-proiektuak, 2022ko Saf€ra deialdi bateratukoak.

2. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Ebazpen honetan araututako laguntzak bateragarriak dira administrazio honek, beste administrazio batzuek edo beste entitate publiko nahiz pribatu batzuek helburu bererako eman ditzaketenekin. Edonola ere, erakunde onuradunak dirulaguntza horiek eskuratuz gero, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari jakinarazi beharko dio.

2.– Emandako laguntza eta dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu egindako jarduketaren kostu osoaren % 100, jarduketa horrexetarako diren beste dirulaguntzak edo finantzatutako ekintza horretan bertan lortutako diru-sarrerak ere kontuan hartuta.

3. artikulua.– Kreditu erabilgarria.

Ebazpen honen xedera bideratuko diren baliabide ekonomikoak Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen 2023ko aurrekontuen IV. kapituluan ezarritako aurrekontu-kreditutik etorriko dira. Zenbatekoa laurehun mila (400.000) eurokoa da, eta aurrekontu-egozpena 3113 programatik dator (Laneko Segurtasun eta Osasuna, 01 zerbitzua, Zuzendaritza Orokorra), IV. kapituluaren barruan (eragiketa arruntetarako transferentziak eta dirulaguntzak, 450. artikulua, PEP 19/1556 elementua).

4. artikulua.– Finantzaketa.

1.– Deialdi honen arabera emango diren dirulaguntzen finantzaketa Osalanen 2023ko gastu-aurrekontuari egotziko zaio: 400.000 euro, guztira:

– 150.000 euro 2023rako ordainketa-kreditu gisa.

– 150.000 euro 2024rako konpromiso-kreditu gisa.

– 100.000 euro 2025erako konpromiso-kreditu gisa.

Aurrekontuko 400.000 euroetatik, 200.000 euro Saf€ra deialdiaren esparruan garatzen diren ikerketa-proiektuetarako dirulaguntzetara bideratuko dira, eta 200.000 euro laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan garatzen diren ikerketa-proiektuetarako.

2.– Saf€ra programaren esparruan garatzen diren ikerketa-proiektuetara bideratutako dirulaguntzen zenbatekoa I. eranskinean jasotako ikerketa-proiektuak finantzatzeko erabili ahal izango da, baldin eta programa horretan parte hartzeko epea amaitutakoan eskabiderik aurkeztu ez bada, edo aurkeztutako proiektuetatik bat ere onartzen ez bada.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Ebazpen honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan daitezke Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera ekonomikoa garatzen duten pertsona juridikoak.

6. artikulua.– Erakunde onuradunen eskakizunak.

1.– Ezingo dira onuradun izan zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez dituzten erakundeak, ez eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2., 3. eta 3 bis puntuetan xedatutako beste edozein egoeratan daudenak ere. Eskakizun horiek bete beharko dira onuradun izateko zein eskuratutako laguntza likidatu arte onuradun gisa irauteko.

2.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluan zehaztutakoa bete behar dute erakunde eskatzaileek.

3.– Erakunde eskatzaileak ez izatea ezarrita laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten dion administrazio edo zigor arloko zehapenik, edo dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko ezgaitzen duen legezko debekurik, sexu-bereizkeria egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko araudia ez betetzeagatik ezarritako debekuak barne, dagokion zehapenean ezarritako epean. Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta, estatu-legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen bezala sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko edo haien aurka egiteko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.

7. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Osalaneko Plangintzako Zuzendariordetzari dagokio deialdian aurreikusitako laguntzei buruzko kudeaketa-lanak egitea.

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea bi hilabetekoa izango da, ebazpen honek eragina duenetik aurrera, hau da, deialdi hau Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Datuak larriki ezkutatzeak edo aldatzeak, edo eskatutako informazioa edo eskabidearen aplikazio telematikoan sartutako agiriak manipulatzeak eskabidea ezestea ekarriko du.

9. artikulua.– Eskabideak egitea eta aurkeztea.

1.– Erakunde eskatzaileak legez eratuta egon beharko du, eta erakundearen legezko ordezkariak ordezkaritza-ahal nahikoa justifikatu beharko du, agiri hauek erantsita:

– Erakundearen fundazio-eskrituren eta estatutuen kopia eskaneatua edo, bestela, erregistro-ziurtagiri ofiziala, legez eratuta edo dagokion erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatzeko.

– Ordezkaritza-ahal nahikoa egiaztatzeko notario bidez legitimatutako izenpea duen dokumentu publiko edo pribatuaren kopia eskaneatua. Erakundearen ziurtagiri elektroniko batekin identifikatzen bada, ez da beharrezkoa egiaztatzea ordezkaritza-ahal nahikoa duela izapideak ziurtagiriaren titular den erakundearen izenean egiteko.

2.– Pertsona juridikoek bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dituzte eskabideak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako organoen erregistro elektronikoetan.

Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak.

3.– Eskabidea eta ondorengo izapideak erakunde eskatzailearen ordezkari batek elektronikoki egin ahalko ditu; horretarako, ordezkaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko Ahalordeen Erregistroan izena eman ahal izango du, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak.

4.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak elektronikoki izapidetzeari buruzko jarraibideak, ebazpen honen eranskinean jasotakoak, honako helbide elektroniko hauetan daude eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/servicios/0048507

5.– Eskabidearen osteko izapideak helbide honetan egingo dira, bide elektronikoz: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.

6.– Entitate eskatzaileek EAEko hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta horri erantsi beharreko gainerako agiriak. Era berean, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, hala ezarrita baitago Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan.

7.– Deialdiaren organo kudeatzaileak automatikoki eta behar beste aldiz egiaztatuko du dirulaguntza eskatu duten entitateek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen ote dituzten, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik behar izango, bat etorriz azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginarekin.

8.– Dirulaguntzaren eskatzaileek berariaz aurka egin ahal izango diote deialdiaren organo kudeatzaileak administrazio eskudunean egiaztatzeari zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, bai eta nortasun- eta bizileku-datuak ere; kasu horretan, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko dute. Aukera hori eskabidean sartuko da.

9.– Deialdian ezarritako eskakizunak betetzen dituztela egiaztatzeko beharrezkoak diren dokumentuak edo egiaztagiriak eskatu ahalko dizkie organo kudeatzaileak erakunde parte-hartzaileei.

10.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du deialdi honen oinarriek zehazten dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartzen direla.

11.– Eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

– Ikerketa-proiektuaren memoria (II. eranskina), atal guztiak beteta.

– Ikerketa-taldeko kide bakoitzaren curriculuma, araututako ereduari jarraituz (V. eranskina).

– Ikerketa-proiektua egiteko beste erakunde batzuen lankidetza edo parte-hartzea behar bada, haren lankidetzarako konpromisoa adierazten duen idazkia erantsi beharko da, erakundearen legezko ordezkariak izenpetua (VI. eranskina).

10. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikulua aplikatuz, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez (eskabideari erantsiko zaio) honako hau egiaztatuko da:

a) Helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu eta, hala badagokio, lortu direla, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.

b) Erakunde eskatzaileak ez izatea ezarrita laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten dion administrazio edo zigor arloko zehapenik, edo dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko ezgaitzen duen legezko debekurik, sexu-bereizkeria egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko araudia ez betetzeagatik ezarritako debekuak barne.

c) Ez dutela berdintasun-plan bat indarrean edukitzeko legezko betebeharrik, Estatuko araudiaren arabera, edo, legezko betebehar hori izanez gero, plan hori dutela eta sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezarri dituztela, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko Estatuko legeriak ezarritako baldintzetan.

d) Erakunde eskatzaileak egunean izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa, eta ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan jasotako eta onuradun izatea eragozten duen ezein egoeratan.

e) Egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan ageri diren datuak, eta dirulaguntzen onuradun izateko eskakizunak betetzen dituela.

11. artikulua.– Eskabideak zuzentzea.

1.– Ikusiz gero eskabidea izapidetzea onartzeko behar diren dokumentuak falta direla edo haietan akats formalak daudela edota balioesteko aurkeztutako dokumentuetan akatsak daudela, interesdunari hamar egun balioduneko epean akatsak zuzentzeko edo behar diren dokumentuak aurkezteko eskatuko zaio, eta adieraziko zaio, horrela egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela edo izapiderako eskubidea galdu duela ulertuko dela, ebazpena eman ondoren.

2.– Zuzentzeko jakinarazpena elektronikoki egingo da. Jakinarazpenak «Nire karpeta» atalean kontsultatu beharko dira (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/egoitza). Interesdunak jaso izana elektronikoki izenpetzen duenean joko da egindakotzat jakinarazpen hori. Jakinarazpena bidali eta hamar eguneko epean interesdunak ez badu edukia eskuratu, ukatu egin duela ulertuko da, eta izapidea egindakotzat joko da prozeduraren arabera, non eta ez den egiaztatzen, ofizioz edo entitate hartzaileak eskatuta, teknikoki edo materialki ezin izan dela jakinarazpen horren edukira sartu.

12. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta gauzatzeko epeak.

1.– Saf€ra deialdiaren batzordeak aldez aurretik onartutako proiektuak soilik izan daitezke ebazpen honetan jasotako Saf€ra esparruan garatutako ikerketa-proiektuetarako laguntzen onuradun.

Saf€ra deialdiaren esparruan garatzen diren ikerketa-proiektuek honako jarduera edo gai hauetako bati buruzkoak izan beharko dute:

– Industria-segurtasuna, jasangarritasun-aginduaren testuinguruan.

– Material aurreratuen segurtasuna energia bihurtzeko eta biltegiratzeko aplikazioetan.

– Lanpostu aldakorrak eta plataformetan oinarritutako ekonomiaren segurtasuna.

Proiektuak gauzatzeko epea bi urtekoa izango da, dirulaguntza ematea onartzen den egunetik aurrera.

2.– Laneko segurtasun eta osasunaren arloan garatzen diren ikerketa-proiektuak ebazpen honen I. eranskinean jasotako jarduera eta gaietako bati buruzkoak izango dira.

Ikerketa-proiektuek genero-ikuspegia txertatu beharko dute, 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3., 16. eta 18.4 artikuluetan jasotakoaren arabera (1/2023 Legegintzako Dekretua, martxoaren 16koa, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duena). Honako hau hartuko da kontuan, labur-labur: Ikerketa-proiektuaren esparru zehatzean emakumeen eta gizonen artean egon daitezkeen aldeak sistematikoki kontuan hartzea. Horretarako, honako hau hartuko da kontuan:

a) Sexuaren aldagaia sistematikoki sartzea egiten den datu-bilketan.

b) Emakumeen eta gizonen arteko desberdinkeriak, desberdinkeria horiek nola azaleratzen diren eta aztertu beharreko errealitatean zer eragin duten ezagutzea ahalbidetuko duten adierazleak ezartzea eta sartzea.

c) Beharrezkoak diren adierazleak eta mekanismoak diseinatzea eta sartzea, aipatutako legearen 3.1 artikuluko azken paragrafoan aipatutako diskriminazio anizkoitzeko egoerak sortzen dituzten beste aldagai edo faktore batzuen eragina ezagutzeko.

d) Lagin zabalak hartzea, sartutako aldagai guztiak sexuaren aldagaia oinarri hartuta ustia eta azter daitezen ahalbidetzeko.

e) Datuak ustiatzea eta zabaltzea emakumeek eta gizonek azterlanaren eremuan dituzten egoera, baldintza, jomuga eta beharrizanak ezagutu ahal izateko moduan.

Proiektuak gauzatzeko epea bi urtekoa izango da, dirulaguntza ematea onartzen den egunetik aurrera.

13. artikulua.– Laguntzaren zenbatekoa eta diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Agindu honetan ezarritako erregimenaren babespean ikerketa-proiektuetarako emango diren laguntzen zenbatekoak eskabidean aurkeztutako aurrekontuaren defizitaren ehuneko ehun (% 100) lortu ahal izango du.

2.– Saf€ra esparruan garatzen den ikerketa-proiektu bakoitzeko gehieneko laguntza 50.000 eurokoa izango da proiektu eta urte bakoitzeko.

3.– Segurtasun eta osasunaren arloko ikerketa-proiektu bakoitzeko gehieneko laguntza 50.000 eurokoa izango da.

4.– Diruz lagundu ahal izango dira ikerketa-proiektuak garatzeko beharrezkoak diren gastu guztiak, baldin eta ondoren zehaztutako mugak betetzen badira, deialdi honen 12. artikuluan proiektua gauzatzeko ezarritako epean gauzatzen badira eta eskabideari erantsitako dokumentazioan behar bezala zehazten badira, eta, betiere, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. eta 31. artikuluetan ezarritako arauak betetzen badira.

Dirulaguntzaren bidez, jardueraren guztizko gastuen ehuneko ehuneraino finantzatuko da. Ikerketa-proiektua egiteko jardueren garapenean sortzen direnak hartuko dira guztizko kostutzat.

Kostu horien artean daude honako hauek:

a) Langile-gastuak:

– Entitate onuradunaren langile-gastuak; entitate horrek egiaztatu beharko ditu langile horiek zenbat ordu egin dituzten proiektuari loturiko jardueretan eta orduen kostua.

– Teknikari laguntzaileak proiektura biltzeak ekarritako kostua. Teknikari horiek obra edo zerbitzu jakinerako edo prestakuntza-beken bidez kontratatuko dira, proiekturako soilik, eta horretan baino ez dute jardungo lanean.

b) Gauzatze-gastuak:

– Aparatuak eta tresnak. Ekipamendu eta tresnen kostuak ikerketa-jarduerarako erabiltzen diren neurrian eta aldian finantzatuko dira, eta, beraz, urteko amortizazioak baino ezingo dira finantzatu. Aparatu eta tresna hauek aurkeztuko dira justifikatzeko: hasieran onartuak, izendapen berberekin, edota gerora onartutako aldaketetan jasotakoak. Ez da aparatuak eta tresnak aldatzeko eskatu beharko, baldin eta berriek pareko funtzionalitatea badute. Nolanahi ere, aldaketa horiek argi azaldu beharko dira justifikatzeko memoria ekonomikoan. Partida horren barnean finantzatzeko gastutzat hartuko da aparatuak eta tresnak «renting» eta «leasing» formulen bidez eskuratzea. Kasu horietan, hauek baino ez dira hartuko gastu finantzagarritzat: tresna horiek ikerketa-jardueretarako erabiltzen diren hilabeteei dagozkien ordainketa-kuotak.

– Azpikontratazio-gastuak. Azpikontratazio-gastuak behar bezala xehakatuko dira, eta proiektua gauzatzeko eginikoak soilik hartuko dira aintzat. Azpikontratazioa deialdi honen 14. artikuluan ezarritako ezaugarrien mende egongo da. Hasierako memorian edo ondorengo baimenetan onetsitako azpikontratazio-gastuak finantzatuko dira.

– Ikerketa-proiektuan zuzenean erabiltzeko bibliografia-funtsak eta material suntsikorra erosteko gastuak.

– Bidaiak, joan-etorriak eta mantenu-gastuak: ikerketa-lantaldeko kideenak edo proiekturako kontratatutako teknikari laguntzaileenak baino ez, Laneko Segurtasun eta Osasuneko proiektuetarako finantzatu daitekeen kostuaren % 5eko mugarekin, eta Saf€ra esparruan garatutako proiektuetarako % 15eko mugarekin. Gastu hauek baino ez dira finantzatuko: eskabidearen memorian aipatzen direnak edo ondoren onartzen direnak, ikerketa-proiektua gauzatzeko eta emaitzak aurkezteko ezinbestekoak direnean. Inoiz ez dira finantzatuko egonaldi akademikoen edo prestakuntza jasotzeko egonaldien ondoriozko gastuak.

– Ez dira finantzatuko egungo egoerari buruzko ikastaroak, prestakuntza-jarduerak, berrikuspen bibliografikoak eta zeharkako gastuak.

Inoiz ez da diruz lagunduko benetan jasan gabeko BEZa, edo dirulaguntzaren onuradunak beste moduren batean berreskuratu dezakeena.

14. artikulua.– Azpikontratazioa.

Dirulaguntza jasotzen duen jardueraren parte diren proiektuko ikerketa-jarduerak azpikontratatu ahal izango dira, baldin eta erakunde onuradunak berak egin ezin baditu (dena dela, hori ikerketa-proiektuaren memoria teknikoan egiaztatu beharko da). Hasierako memorian edo ondorego baimenetan onartutako azpikontratazio-gastuak finantzatuko dira.

Ezingo da azpikontrataziorik egin azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 29.7 artikuluan xedatutako egoeraren batean dauden pertsona edo erakundeekin.

Azpikontratazioek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoa bete beharko dute, eta ezingo dute gainditu ikerketa-proiektuaren guztizko gastu finantzagarriaren % 50.

15. artikulua.– Ikerketa-lantaldeen eskakizun orokorrak.

1.– Saf€ra esparruan garatutako proiektuen kasuan, ikerketa-taldeek 2022ko Saf€ra deialdi bateratuaren oinarrietan ezarritako eskakizunak beteko dituzte. Eskakizun horiek, ebazpen honen 16. artikuluan ezarritako balorazio-batzordeak baloratzean, betetzat joko dira Saf€ra deialdiko batzordeak proiektuak onartzen baditu.

2.– Laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan garatuko diren proiektuen kasuan, proiektua garatuko duten ikerketa-taldeak ikertzaile nagusi batek zuzendu beharko ditu, eta taldeak honako hauek betetzen dituzten langileek osatu beharko dituzte:

a) Ikertzaile nagusiak honako hauek izan beharko ditu:

– Doktoretza-titulua edo MEC 3 unibertsitate-titulua edo baliokidea. Bestalde, erakunde onuradunarekin lotura izatea funtzionario-harreman baten bidez edo estatutupeko edo lan-kontratuko kontratu baten bidez, eta zerbitzu aktiboan egotea proiektua gauzatzen den aldi osoan.

– Gutxienez hiru urteko esperientzia egiaztatua izatea I+G+b jardueratan.

b) Ikerketa-taldeko kide izan daitezke:

– Honako titulu hauek dituztenak: doktoretza edo unibertsitate-titulua.

– Prestakuntza jasotzen ari diren ikertzaileak, prestakuntza-beka baten bidez edo praktiketako kontratuaren bidez proiektuan ari direnak, bat etorriz Prestakuntza jasotzen ari diren ikertzaileen estatutua onartzen duen urtarrilaren 27ko 63/2006 Errege Dekretuan xedatutakoarekin.

c) Ikerketa-taldeko kide guztiek aurkeztutako ikerketa-proiektuaren garapenarekin lotura argia duten ikerketa-lanak egin beharko dituzte.

Artikulu honetan ikertzaile nagusientzat ezarritako eskakizunak ikerketa-proiektuak irauten duen aldi osoan bete beharko dira.

Artikulu honetan ikerketa-taldeko gainerako kideentzat ezarritako eskakizunak ikerketa-proiektuarekin duten loturak irauten duen bitartean bete beharko dira.

16. artikulua.– Balorazio-batzordea.

1.– Aurkeztutako eskabideak ebaluatzeko balorazio-batzorde bat eratuko da, eta honako kide hauek osatuko dute:

Batzordeburua:

Iñaki Olaizola Nogales, Osalaneko plangintzako zuzendariordea.

Kideak:

– Maria Nieves de la Peña Loroño, Osalanen Bizkaiko Lurralde Zentroko lan-arriskuen prebentzioko arduraduna.

– Teresa Bahillo del Río, Osalanen plangintza zuzendariordetzako lan-osasuneko unitateko medikua.

– Arantza Lijó Bilbao, Osalanen Bizkaiko Lurralde Zentroko lan-osasuneko unitateko medikua.

– Javier Krutxaga Nieto, Osalanen Bizkaiko Lurralde Zentroko industria-sektoreko arduraduna.

– Maite Tolosa Bernardez, Osalanen zuzendariordetza teknikoko prestakuntza eta dokumentazio arloko kudeatzailea.

– Fernando Serrano Sanz, Osalanen Arabako Lurralde Zentroko lan-arriskuen prebentzioko teknikaria.

– Raquel Raposo Acevedo, Osalaneko plangintzako zuzendariordetzako berdintasun-teknikaria.

Idazkaria:

Francisco Javier González Gómez, Osalaneko plangintzako zuzendariordetzako ikerketa-teknikaria.

2.– Batzordebururik ez badago, hura kanpoan edo gaixorik baldin badago, edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, maila, antzinatasun eta adin handieneko batzordekideak ordeztuko du batzordeburua, bat etorriz, betiere, hurrenkera horretan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 19. artikuluan xedatutakoarekin.

Bat etorriz Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 16. artikuluan xedatutakoarekin, Osalanen Plangintzako Zuzendariordetzako ikerketa-teknikaria izango da balorazio-batzordeko idazkaria. Idazkaria ez badago, kanpoan bada edo gaixorik baldin badago, beste batzordekide batek, zuzendariorde teknikoaz bestelakoa, hartuko du haren lekua aldi baterako.

3.– Balorazio-batzordeak aholkulariak eduki ahal izango ditu, ahotsarekin baina botorik gabe. Batzordeburuak izendatuko ditu aholkulari horiek, deialdiaren xedeko gaian duten kualifikazio eta esperientzia aintzat hartuta. Aholkulariek ez dute zertan enplegatu publiko izan.

17. artikulua.– Eskabideen balorazioa eta adjudikazio-proposamena.

1.– Osalaneko plangintzako zuzendariordetzari egokituko zaio, organo instrukzio-egilea den aldetik, aurkeztu diren eskabideak aztertzea eta deialdi honetako eskakizun espezifikoak betetzen direla egiaztatzea.

2.– Aldez aurreko administrazio-eskakizunak betetzen dituzten ikerketa-proiektu guztiak baloratuko ditu 16. artikuluan zehaztutako balorazio-batzordeak, 18. artikuluan ezarritako irizpideen arabera.

Eskabideak baloratzeko prozesuan zehar, balorazio-batzordeak egoki iritzitako dokumentazio osagarria aurkez dezatela eskatu ahal izango die erakunde eskatzaileei.

Balorazio-batzordeak dagokion esleipen-proposamena egingo dio Osalaneko zuzendari nagusiari.

18. artikulua.– Balorazio- eta hautaketa-irizpideak.

1.– Saf€ra esparruan garatutako ikerketa-proiektuak:

Balorazio-batzordeak Saf€ra deialdiko batzordeak onartutako proiektuak aztertuko ditu, eta Saf€ra deialdiko batzordearen txostena eta puntuazioa kontuan hartuta baloratuko ditu. Puntu-hurrenkeraren arabera esleitzea proposatuko du.

Proiektuen arteko berdinketa gertatzen bada puntuazioan, Saf€raren hurrengo balorazio-irizpideetan puntu gehien eskuratzen dituen ikerketa-proiektuaren alde egingo da, lehentasun-hurrenkera honen arabera:

– Proiektuaren egokitasuna 2022ko Saf€ra deialdi bateratuko ikergaiekiko.

– Bikaintasun zientifikoa edo teknologikoa.

– Balio erantsiaren eta berrikuntzaren gradua.

2.– Laneko segurtasun eta osasunaren arloan garatutako ikerketa-proiektuak:

Esleitzen diren laguntzek I. eranskineko ikergaien zehaztapenak bete behar dituzte. Ikerketa-proiektuaren helburuak gai horiekin bat ez etortzea proposamena kanpoan uzteko arrazoia izango da.

Balorazio-batzordeak onartutako eskabideetan aurkeztutako ikerketa-proiektuak aztertuko ditu, eta honako irizpide hauek kontuan hartuta baloratuko ditu (gehienez 100 puntu lor daitezke):

Honako hauek izango dira balorazio-irizpideak:

a) Irizpide teknikoak: ikerketa-proiektuaren maila zientifiko-teknikoa eta genero-ikuspegia txertatzea (gehienez 60 puntu).

– Metodologia: argi deskribatuta dagoen, ikergaiarekin bat datorren, lanaren helburuak zeintzuk diren, lan-ildoaren garapenerako elementu eta teknikak zer-nola deskribatuta dauden, adierazleak zenbakarriak, justifikatuak eta kontrolatzeko modukoak diren baloratuko da (0-10 puntu).

– Gaiaren ezagutza eta aurrekariak: ikerketa-proiektuaren gaian lantaldeak zer esperientzia duen, lantaldeak genero-ikuspegia lan-eremu horretan txertatzen zer esperientzia duen, ikerketa-jardueraren lan-esparruarekin loturiko argitalpenak (0-5 puntu).

– Ikerketa-proiektuaren plangintza: zereginen deskribapena kronograma baten bidez (zereginen banaketa, sekuentzia eta iraupena). Azpikontratatutako jarduerak kronograman eta kudeaketa-planean txertatzea (0-10 puntu).

– Eskura dauden baliabideak proposatutako helburuetara egokitzea: giza baliabideak eta baliabide teknikoak, kudeaketa-plan koherentea eta posibilista, aurreikusitako epeak eta abar (0-5 puntu).

– Ikerketa-proiektuaren berrikuntza-maila: proiektuaren faktore berritzaileak, abantaila zientifiko-teknologiko nabarmenak (0-10 puntu).

– Memoria ekonomikoa bat etortzea ikerketa-proiektua gauzatzeko lanekin: aurrekontu xehakatua, deskribatutako jarduerekiko egokitasuna, partaide vs jarduera denbora-diagrama eta ikertzaileen kostua/orduko (0-10 puntu).

– Emaitzen hedapen zientifiko-teknikorako plana: jarduera modu aktiboan hedatzeko plana, ikertzaileek emandako tailer, mintegi edo saio klinikoen bidez; proiektua argitalpen zientifikoetan, aldizkari espezializatuetan, jardunaldi eta bilera zientifikoetan eta bestelako argitalpenetan argitara emateko aukera; patenteak erregistratzea eta abar (0-10 puntu).

b) Egokitasun-irizpideak (gehienez 25 puntu lor daitezke).

– Emaitzen aplikagarritasuna eta proiektuaren eragin sozioekonomikoa: proiektuaren erabilgarritasuna eta aplikazioak laneko arriskuen prebentzioan (enpresetan, ekoizpen-sektoreetan edo orokorrean duten aplikazioa) (0-15 puntu).

– Proiektuaren egokitasuna deialdiko ikergaiekiko: I. eranskinean aukeratutako gaiarekiko zehaztapena, argitasuna eta bat-etortzea, bai eta proiektuan genero-ikuspegia txertatzeko moduaren zehaztapena, argitasuna eta bat-etortzea ere (0-10 puntu).

c) Gainerako irizpideak (15 puntu gehienez).

– Ikertzaile nagusiaren curriculuma eta egokitasuna proiektua garatzeko: gaian duen esperientzia, zuzendutako beste ikerketa-proiektuak, proiektuaren lan-esparruarekin loturiko argitalpenak, genero-ikuspegia txertatzen duten ikerketa-proiektuetan parte hartzea (0-10 puntu).

– Proiektua garatuko duen ikerketa-taldearen historia zientifiko-teknikoa eta curriculuma: tituluak, ikerketa-taldeak proiektuaren gaiari buruz aurrez egindako lanak, taldeko kideek gaiarekin loturiko egindako argitalpenak, taldearen konpentsazioa eta lantaldea lan-arlo guztiak jorratzeko nahikoa izatea, emakumeen eta gizonen kopurua orekatua izatea, eta profil anitzak egotea adinari, jatorriari, dibertsitate funtzionalari edo beste batzuei dagokienez. (0-5 puntu).

Baztertu egingo dira gutxienez puntuazio hauetakoren batera iristen ez diren proposamenak:

– 40 puntu a) atalean (irizpide teknikoak).

– Guztira 60 puntu atal guztiak batuta.

Proiektuen arteko berdinketa gertatzen bada puntuazioan, hurrengo irizpideetan puntu gehien eskuratzen dituen ikerketa-proiektuaren alde egingo da, ondoren planteatutako lehentasun-hurrenkeraren arabera:

1.– Proiektuaren egokitasuna deialdiko ikergaiekiko.

2.– Emaitzen aplikagarritasuna eta ikerketa-proiektuaren eragin sozioekonomikoa.

3.– Genero-ikuspegia aintzat hartzea.

4.– Ikerketa-proiektuaren berrikuntza-maila.

5.– Emaitzen hedapen zientifiko-teknikorako plana.

19. artikulua.– Esleipena ebaztea.

1.– Osalaneko zuzendariak ebazpen arrazoitu baten bidez esleituko edo ukatuko du eskatutako laguntza. Ebazpen horretan, honako hauek jasoko dira: dirulaguntzaren onuradunak eta onuradunak ez diren erakundeen zerrenda, dirulaguntzaren baldintzak eta zenbatekoa. Ebazpen hori erakunde interesdunei jakinaraziko zaie, eta EHAAn argitaratuko da.

2.– Ebazpen honen babespean aurkeztutako eskabideei buruzko ebazpena emateko eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, ebazpenak indarra hartzen duenetik aurrera. Epe horretan ez bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi, ezetsitzat har daitezke eskabideak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe administrazioak berariazko ebazpena eman beharra.

3.– Dirulaguntza onartu dela ulertuko da, baldin eta aurkakorik adierazten ez bada 15 eguneko epean, laguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen den egunetik.

4.– Adjudikazio-ebazpenaren jakinarazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, ebazpen horren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu dakioke Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.3 eta 46.1 artikuluetan ezarritakoari jarraituz. Berariazko ebazpenik ez badago, errekurtsoa jartzeko epea sei hilabetekoa izango da, presuntziozko egintza gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, aurreko paragrafoan adierazitakoa betez.

5.– Erakunde onuradunei dirulaguntzak ematea, eta, hala dagokionean, horiek ordaintzea, baldintzatuta egongo da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek ematen dituzten xede bererako laguntzen esparruan, dirua itzultzeko edo zehapenen bat ezartzeko espedientea hasirik egon eta oraindik izapideak amaitu gabe baldin badaude.

6.– Jakinarazpen elektronikoak «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.

20. artikulua.– Esleipen-ebazpena aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzak baimenik gabe aldatuz gero, litekeena da laguntza emateko ebazpen hori aldatzea edo bertan behera uztea. Erakunde onuradunak Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorraren V. tituluan aurreikusitako arau-hauste eta zehapenen araubidea bete beharko du.

2.– Esleipen-ebazpenean zehaztutako epean eta moduan egin beharko dira jarduketak. Alabaina, dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintza teknikoak edo ekonomikoak aldarazteko moduko gorabeherarik gertatuz gero, betiere aldaketak dirulaguntzaren helburuei, funtsezko alderdiei edo laguntza emateko funtsezkoak izan direnei, eta erakunde onuradunen zehaztapenari eragiten ez badie, edo hirugarrenei edo erakundeei kalterik eragiten ez badie, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, eta emandako dirulaguntzen zenbatekoak birdoituko dira. Entitate onuradunek soberan jasotako zenbatekoak itzuli beharko dituzte, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako prozeduraren arabera (dekretu horrek ezarri zuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra; halaber, horiek kudeatzen parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko eskakizunak, erregimena eta eginbeharrak finkatu zituen).

3.– Finantzatutako jardueraren balantze ekonomikoa –gastu eta diru-sarrera guztiak kontuan hartuta– aurrekontuan jasotakoa baino txikiagoa denean, sortutako gastu errealari egokituko zaio dirulaguntza, era proportzionalean.

21. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzeko prozedura eta dirulaguntza ordaintzea.

1.– Behin amaituta ikerketa-proiektua esleipen-ebazpenean ezarritako baldintzetan eta eran gauzatzeko epea, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira gehienez 20 egun balioduneko epean:

a) Ikerketaren memoria zientifikoa, VII. eranskineko ereduari jarraituz. Gehienez 30 orrialde izango ditu.

b) Memoria ekonomikoa, egindako jarduerak eta horien kostua jasotzen dituena, IV. eranskinari jarraituz. Langileen gastuak nominekin eta gizarte-aseguruekin justifikatu ahalko dira.

c) Jasandako gastuen fakturak edo egiaztagiriak: onartutako aurrekontuan aurreikusitako gastuak fakturen eta balio frogagarri baliokidea duten dokumentuen bidez justifikatu beharko dira. Merkataritza-trafiko juridikoan baliozkoak izan beharko dira edo eraginkortasun administratiboa izan beharko dute, aurrekontuan adierazitako gastua benetan egin dela egiaztatzeko. Fakturek lotura argia izan beharko dute diruz lagundutako jarduerekin, eta kontzeptu finantzagarriak bereizita eta banakatuta agertu beharko dira. Fakturekin batera, horiek ordaindu direla egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira. Ordainagiriak fakturetarako ezarritakoez bestelako epeetan aurkeztu ahal izango dira, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari aldez aurretik eskatuta.

2.– Ikerketa-proiektuan aurreikusitako gastuak hura egiteko denboraren barruan egin beharko dira. Erakunde onuradunak emandako ordainketa-dokumentuek geroagoko muga-eguna izan dezakete, betiere justifikaziorako agiriak aurkezteko eman den epearen barnean baldin badago data hori.

3.– Saf€ra esparruan garatutako ikerketa-proiektuetarako dirulaguntzak ordaintzea:

Laguntza onartzeko izapideak bete ostean, ordainketa aurreratu bat egingo da, ikerketa-proiektua burutzeko jarduerak egiten hasteko beharrezko den finantzaketa gisa. Emandako laguntzaren zenbateko osoaren % 25 izango da, eta 2023ko ekitaldian gauzatuko da.

2024an emandako laguntzaren guztizko zenbatekoaren % 50 ordainduko da.

2025eko ekitaldian, ikerketa-proiektua egindakoan, laguntzaren azkeneko % 25 ordainduko da.

Ikerketa-proiektua hasi eta urtebete igaro ondoren, eta bigarren ordainketa egin baino lehen, erakunde onuradunek jarraipen-memoria bat aurkeztu beharko dute, III. eranskineko ereduari jarraikiz, bai eta memoria ekonomiko bat ere, IV. eranskinari jarraikiz, ordura arte izandako gastuekin eta gastu horien faktura eta egiaztagiriekin.

4.– Laneko segurtasun eta osasunaren arloko ikerketa-proiektuetarako dirulaguntzak ordaintzea:

Laguntza onartzeko izapideak bete ostean, ordainketa aurreratu bat egingo da, ikerketa-proiektua burutzeko jarduerak egiten hasteko beharrezko den finantzaketa gisa. Emandako laguntzaren zenbateko osoaren % 50 izango da, eta 2023ko ekitaldian gauzatuko da.

2024an emandako laguntzaren guztizko zenbatekoaren % 25 ordainduko da.

2025eko ekitaldian, ikerketa-proiektua egindakoan, laguntzaren azkeneko % 25 ordainduko da.

Ikerketa-proiektua hasi eta urtebete igaro ondoren, eta bigarren ordainketa egin baino lehen, erakunde onuradunek jarraipen-memoria bat aurkeztu beharko dute, III. eranskineko ereduari jarraikiz, bai eta memoria ekonomiko bat ere, IV. eranskinari jarraikiz, ordura arte izandako gastuekin eta gastu horien faktura eta egiaztagiriekin.

5.– Erakunde onuradunei ordainketak egiteko, honako baldintza hauek bete beharko dira:

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

– Zorrik ez izatea, itzultzeko ebazpen baten bidez aginduta.

– Ez sartuta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik bideratzeko dagoen itzultze- edo zigor-prozeduretan.

22. artikulua.– Jarduketen jarraipena eta kontrola.

Ebazpen honetan ezarritakoa betetzen dela bermatzeko eta ikerketa-proiektua gauzatzeko egiten ari diren eta egin diren jarduerak egiaztatzeko, beharrezkoak diren jarraipen-jarduera periodikoak gauzatuko dituzte Osalaneko langileek. Ildo horretan, entitate onuradunak behartuta egongo dira Osalanek, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazioa ematera.

23. artikulua.– Ez-betetzeak, erantzukizunak eta dirua itzultzea.

Dirulaguntzaren entitate onuraduna Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluko egoeraren batean egonez gero, edo Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan ezarritako kasuetako batean, edo Dirulaguntzei buruzko Erregelamendu Orokorra onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91., 92. eta 93. artikuluetan ezarritako kasuetako batean badago, edo ebazpen honetan eta aplika daitezkeen arauetan eta dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako arauak bete ezean, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak ebazpen bat emango du, eta, horren bidez, honako hau adierazi: ordaintzeko dauden kopuruak jasotzeko eskubidea galdu duela entitate onuradunak, eta, hala badagokio, ordura arte jasotako zenbatekoak eta dirulaguntza ordaindu zenetik sortutako berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkiola, hargatik eragotzi gabe bidezko beste akzio batzuk, betiere abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa betez (dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren bermeen eta itzulketen araubide orokorra arautzen du, eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen eskakizunak, jardunbidea eta obligazioak ezartzen ditu). Diru-kopuru horiek sarrera publikotzat hartuko dira, dagozkien legezko ondorioetarako, eta erantzukizun-araubide hau aplikatuko zaie: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 64. artikuluan ezarritakoa eta Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 52. artikuluan eta hurrengoetan jasotakoa.

Dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak partzialki betetzen ez badira, emandako dirulaguntza azkenean justifikatutako jardueretara egokituko da.

24. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. artikuluan jasotako betebeharrak eta deialdi honetan zehaztutako eskakizunak bete beharko dituzte erakunde onuradunek. Erakunde onuradunek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Halaber, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.2.g) artikuluan ezarritakoaren arabera, erakunde eskatzaileak egunean izan beharko ditu dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak, bai onuradun izateko, bai emandako dirulaguntza likidatu arte onuradun izaten jarraitzeko.

2.– Erakunde onuradunek Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 14. eta 16. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51. artikuluan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte.

3.– Dirulaguntzen onuradun diren proiektuekin lotutako jardueren ondorioz sortutako argitalpen, liburuxka, dokumentu eta euskarri informatiko guztietan, berariaz aipatu beharko da Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak diruz lagundu dituela, honako hauetan xedatutakoa betez: abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan jasotako Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Araudia (dekretu horren bidez arautzen da Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburua) eta lehendakaritzako idazkari nagusiaren 2013ko uztailaren 2ko Ebazpena, zeinen bidez sartzen baitira azken aldaketak Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan (2013ko uztailaren 31ko EHAA, 145. zk.).

Sortutako eduki horietan guztietan hizkera eta irudi inklusibo eta ez-sexistak erabili beharko dira, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik Gabe Bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 19.4 eta 23.3 c) artikuluetan xedatutakoa betez.

4.– Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari aldez aurretik jakinarazi beharko zaio diruz lagundutako jardueren baldintzetan izandako edozein aldaketa.

5.– Proiektuak amaitu ondoren, erakunde onuradunek proiektuaren memoria oso eta xehatua emango diote Osalani, eta erakunde onuradunetako ikerketa-taldeko pertsona batek edo batzuek diruz lagundutako proiektua aurkeztuko dute, Osalanek zehaztutako egunean eta tokian.

25. artikulua.– Datuen tratamendua.

Datu pertsonalak «Laneko arriskuen prebentzioaren arloko ikerketa-proiektuetarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran sartu eta tratatuko dira.

Arduraduna: Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea.

Xedea: arriskuen prebentzioaren arloko ikerketa-proiektuetarako dirulaguntzen eskabideen kudeaketa.

Legitimazioa: interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzea.

38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

7/1993 Legea, abenduaren 21ekoa, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea sortzekoa.

Hartzaileak:

– Ogasun publikoa eta zerga-administrazioa.

– Interesdun legitimoak.

Eskubideak: eskubidea duzu datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta xehea duzu gure web-orrian:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/128100-capa2-eu.shtml

Araudia:

– Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra:

https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa:

https://www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honetan berariaz ezarrita ez dagoen guztian, arau hauetako xedapenak aplikatuko dira: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren arautegia onartzen duena.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Administrazio-bideari amaiera ematen dion ebazpen honen aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiari hilabeteko epean, edo, bestela, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean; bi kasuetan, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da epea. Administrazio Publikoen Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.3. eta 46. artikuluetan ezarritakoaren arabera egingo da hori.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik izango ditu ondorioak.

Barakaldo, 2023ko uztailaren 14a.

Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusia,

MARÍA LOURDES ISCAR REINA.

I. ERANSKINA
IKERGAIEN ZERRENDA

Ikerketa-eremua: laneko arriskuen prebentzioa gizartean.

1. gaia.– Lan-arriskuen prebentzioa komunikabideetan.

Helburua: 2021-2026ko Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Estrategiaren (LSOEE) 1. helburu estrategikoa da «Laneko segurtasunari eta osasunari buruz kontzientziatuago dagoen gizartea, laneko arriskuak prebenitzeko orduan ezagutza hobea duena eta arduratsuagoa dena». Komunikabideak gizartearen iritzien ispilu dira eta, aldi berean, gizartearen iritzietan eragina dute. Aurkezten diren azterlanen helburua komunikabideek (prentsa, irratia, telebista, sareak, etab.) laneko arriskuen prebentzioari (laneko arriskuen prebentzioa) ematen dioten tratamendua ezagutzea izango da: gaiak, orientazioa, informazio-iturriak eta helburuak. Hori ezagutzea lagungarria da gizartean laneko arriskuen prebentzioari buruzko prestakuntzaren eta ezagutzaren zabalkundearen inguruan erabakiak hartzeko.

Espero den azken produktua: komunikabideek laneko arriskuen prebentzioari buruz gizarteari ematen dioten informazioaren maiztasuna, gaiak, informazio-iturriak, tratamendua, eragina edo beste aldagai batzuk ezagutzen lagunduko duten azterlanak. Hori ezagutzeak euskal administrazioari gizartean eta komunikabideetan ekintzak abiarazten lagunduko dio, aipatutako helburu estrategikoan aurrera egiteko.

Ikerketa-eremua: genero-faktoreek, adinak eta jatorriak lan-baldintzetan eta osasunean duten eragina.

2. gaia.– Sexuak-generoak zer eragin duen osasunean jarduera feminizatu edo maskulinizatuetan.

Helburua: 2021-2026ko Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Estrategiak (LSOEE) genero-berdintasuna zeharkako arrazoi garrantzitsu gisa jasotzen du. Azken urteetan, gero eta azterlan gehiagok jaso dituzte lanean antzeko esposizioen eraginpean dauden emakumeen eta gizonen arteko aldeak, osasunean duten eraginari dagokionez. Osasun-ondorio horiek sexuaren arabera nola aldatzen diren ikertzen dituzten azterlanak eta lanak baloratuko dira. Bereziki, sexu bateko pertsonen nagusitasuna nabaria den lanbideetan beste sexuko pertsona gehiago sartzean lanarekin lotutako osasun-ondorioak aldatu ote diren aztertzen duten azterlanak baloratuko dira.

Espero den azken produktua: osasun-ondorioen desberdintasunei buruzko azterketak, sexuaren arabera. Azterlan horiek honako hauek jaso ditzakete: teorian lanpostu berbera izan arren, esposizioari dagokionez dauden desberdintasunak; osasun-ondorioen arteko aldeak; edo prebentzioaren kudeaketan sexuaren arabera bereizitako beharrak aztertzen dituzten azterlanak.

3. gaia.– Langile migratzaileen kolektiboa eta lana (ingurunea, zereginak, arriskuak), aniztasunaren ikuspegia txertatuz.

Helburua: migratzaile asko hemen urte askotan gelditzeko etortzen dira. Migratzaileen kopuruak etengabe gora egiten du, eta gero eta jatorri gehiagokoak dira; horrekin batera, inguruabarrak ere askotarikoak dira, hala nola hizkuntza, kultura eta abar. Migratzaileen kolektiboaren prebentzioaren kudeaketa eraginkorra zaila izan daiteke. Aniztasunaren ikuspegia (hala nola generoa, kultura eta hizkuntza) barne hartzen duten eta migratzaileen lan-inguruneen ezaugarriak ezagutzeko balioko duten azterlanak baloratuko dira, baita zereginak, ingurune eta zeregin horiekin lotutako arrisku nagusiak, arrisku horien aurreko prebentzio-neurriak, sortzen diren laneko istripuak eta/edo gaixotasunak eta horien arrazoiak ezagutzeko balioko dutenak.

Espero den azken produktua: honako hauei buruzko txosten dokumentatua:

– Langile migratzaileen lan-ingurune eta zereginak eta aniztasuna.

– Laneko arriskuen prebentzio eraginkorrerako oztopoak, aniztasunaren ikuspegitik.

– Langile horientzako prebentzio-neurri espezifikoak, aniztasuna kontuan hartuta.

4. gaia.– Laneko arriskuen prebentzioa eta ohiko lan-ingurunera itzultzea, gerora sortutako «desgaitasunarekin» edo osasun-arrazoiek eragindako aldi baterako ezintasun-aldi luzeen ondoren.

Helburua: pertsona guztiok gure osasun-egoeran kalteak izan ditzakegu. Kalte horiek, era berean, aldaketak eragin ditzakete pertsonek lanean dituzten arrisku fisikoak, antolakuntzakoak, ingurumenekoak eta abar jasateko duten gaitasunean. Langileak medikuaren alta jaso ondoren, bere lanpostura itzuli behar du. Honako hauei buruzko azterlanak aurkez daitezke: gerora sortutako zein «desgaitasunekin» itzultzen diren langileak beren lan-ingurunera; zer arazo dituzten enpresek pertsona horiek berriz laneratzeko; eta zer jarduera egiten dituzten prebentzio-erakundeek pertsona horiei dagokienez.

Espero den azken produktua: zer kudeaketa-mota egin behar den laneko arriskuen prebentzioan (aniztasuna eta sortutako «desgaitasun» mota kontuan hartuta) ohiko lan-ingurunean, eta zer egoerak mugatu dezakeen lanera itzultzea, bai jasandako kalteengatik, bai lan-inguruneagatik, zereginagatik eta abarrengatik.

Ikerketa-eremua: prebentzioaren kudeaketa.

5. gaia.– Laneko arriskuen prebentzioaren kudeaketa EBko hainbat herrialdetan: laneko arriskuen prebentzioaren kalitatea alderatzeko parametroak.

Helburua: osasun-ondorioak, lan-istripuak eta lan-gaixotasunak desberdinak dira Europar Batasuneko herrialdeetan. Laneko arriskuen prebentzioaren kudeaketari eta prebentzioaren kalitatearekin duen loturari dagokienez, Europar Batasunaren barruan bereizgarritzat jo daitezkeen parametroak ezartzea helburu duten azterlanak baloratuko dira.

Espero den azken produktua: ezbehar-kopuru txikiena duten EBko herrialdeen eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko aldagaiak alderatuz, laneko arriskuen prebentzioaren kudeaketaren kalitatea alderatzeko orduan bereizgarriak izan daitezkeen faktoreak zehazteko adierazle eraginkorrak ezarriko dituzten azterlanak. Azterlan horietan, laneko arriskuen prebentzioaren kalitatean garrantzia duten faktore bereizgarriak jasoko dira: ezbehar-tasa, enpresaren tamaina, sektorea edo jarduera, prebentzioaren kudeaketa-eredua, prebentzio-zerbitzuak, prebentzioko inbertsioa, prebentzio-prestakuntza, ikuskaritza-jarduera, etab.

6. gaia.– Laneko arriskuen prebentzioko beharrak langile autonomoei dagokienez.

Helburua: langile autonomoen kolektiboak zailtasun gehiago ditu laneko arriskuek osasunean izan ditzaketen ondorioak saihesteko, haien legezko betebeharren artean ez dagoelako laneko arriskuen prebentziorako eredu bat edukitzea. Osasun-ondorioek kolektibo horren lanean duten eragina, beharrak eta laneko arriskuen prebentzioa hobetzeko beharrezko neurriak baloratzen dituzten azterlanak baloratuko dira.

Espero den azken produktua: langile autonomoen lanaren ondoriozko osasun-ondorioek duten eragina baloratuko duten eta kolektibo horren laneko arriskuen prebentzioa kudeatzeko aukera hobetuko duten neurriak proposatuko dituzten azterlanak.

7. gaia.– Gizarte-eragileen prebentzio-jarduera.

Helburua: gizarte-eragileek prebentzio-jarduera egiten dute. Helburua jarduera horren eragina aztertzea da. Gizarte-eragileek egindako prebentzio-jardueraren benetako eragina eta analisi horien emaitzak eta hautemandako gabeziak aztertzeko erabilitako metodoak ezagutzen lagunduko duten azterlanak baloratuko dira.

Espero den azken produktua: gizarte-eragileek egindako prebentzio-jardueraren benetako eragina dokumentatuko duten azterlanak edo eragin hori baloratzeko kanpo-ebaluazioko zer metodologia izango liratekeen eraginkorrak jakitea ahalbidetzen dutenak.

Ikerketa-eremua: lan-ingurune berriak.

8. gaia.– Telelana eta osasuna.

Helburua: lanpostuek osasun-kalteak prebenitzeko enpresan eskatzen diren ezaugarriak bete behar dituzte, nola lana ohiko lanpostuan egiten bada, hala etxean egiten bada, telelanaren bidez. Hala ere, faktore askok etxeko lana desberdina izatea eta beste arrisku batzuk izatea eragin dezakete. Arrisku horiek baloratzea eta zehaztea oso zaila da. Herri zehatzetan, telelanaren benetako baldintzak eta baldintza horiek osasunean duten eragina aztertuko dituzten azterlanak baloratuko dira.

Espero den azken produktua: honako hauek deskribatuko dituzten azterlanak: telelanaren baldintzak nolakoak diren, telelanak osasunean izan ditzakeen ondorioak, eta arriskuak prebenitzeko eta lan-baldintzak hobetzeko neurriak eta kudeaketak.

9. gaia.– Argiztapena, lan-ingurunean suspertzen ari den arriskua.

Helburua: gizakiak jarduera asko ingurune itxietan egiten ditu, eta beraz argiztapen artifiziala beharrezkoa da, bai kanpoko argirik sartzen ez delako, bai lantokian sartzen den kanpoko argia ez delako nahikoa zeregina egiteko (eguneko ordua, kokapena, zeregin-mota, etab.). Urteetan zehar, hainbat argi-mota garatu dira, kolore-teoriei, energia-aurrezpenari, ingurumenaren babesari eta abarri esker. Hasiera batean argiek eguzki-argia «imitatzen» bazuten ere, azken urteotan ingurune askotan nagusi den argiztapena eguzki-argiaren espektrotik urrundu da, eta espektro horretan sartzen ez diren koloreak nagusitu dira. Giza begiak ez duenez afinitate bera espektro elektromagnetikoko kolore guztietarako eta, gainera, kolore batzuk beste batzuk baino kaltegarriagoak direnez begientzat, beharrezkoa da zehaztea argi jakin batzuk erabiltzea arriskutsua ote den langileen osasunerako. Kolore-teoria berriekin eta aurrezpen energetikoarekin lotutako argi-mota berrien ezaugarriak ezagutzera emango dituzten azterlanak baloratuko dira. Argi berri horiek lan-inguruneetarako arriskutsuak izan daitezkeen aztertzea.

Espero den azken produktua: argi berrien ezaugarriak, horiekin lotutako lan-arriskuak (adibidez, tenperaturagatik eta/edo igorritako espektroagatik) eta lan-ingurune osasungarria izateko gomendatutako argien ezaugarriak zehaztuko dituzten azterlanak.

Ikerketa-eremua: langileen osasun-ondorioak.

10. gaia.– Agerraldietan ager daitezkeen osasun-ondorioak. Hazteria, batez ere ingurune sanitario eta soziosanitarioetan suspertzen ari den arriskua.

Helburua: pandemiak enpresetan prebentzio-zerbitzuen bidez jarduteko moduak utzi dizkigu. Osasun-ondorio batzuk agerraldi edo epidemia gisa ager daitezke lan-ingurunean. Ondorio horietako batzuen eragina nabarmen handitzen ari da. Hazteria egungoaren oso bestelako bizimodu bati lotutako gaixotasuna zen. Hala ere, azken urteotan hazteri-agerraldiak eta/edo hazteri kasuak egon dira ingurune sanitario eta soziosanitarioetan. Gainera, komunitatearen ingurunean hazteri iraunkorra dago. Gaixotasunaren hedapena saihesteko prebentzio-neurri egokiak eta arrisku-faktore nagusiak ezagutzea helburu duten azterlanak baloratuko dira. Agerraldi gisa ager daitezkeen beste gaixotasun batzuei dagokienez helburu berberak lortu nahi dituzten azterlanak ere baloratuko dira.

Espero den azken produktua: kontuan hartuta hazteria non agertzen ari den eta leku horiek zer ezaugarri dituzten (jarduera-motaren ezaugarriak, leku horietako erabiltzaileen egoera, etab.), hura saihesteko eta/edo kontrolatzeko neurriak zehaztuko dituzten azterlanak bilatzen dira. Hazteri kasuak agertzen diren lan-inguruneen ezaugarriak eta baldintzak, kasuen iturriak edo jatorria ezagutzea bilatzen duten azterlanak. Hazteria agertzea saihesteko ezarritako neurriak ezagutzea, sortutako kasuak ezabatzea eta lan-ingurunean horien hedapena kontrolatzea.

11. gaia.– Laneko istripu kardiobaskular eta zerebrobaskularrak.

Helburua: gaixotasun kardiobaskularren arrisku-faktore nagusiak pertsonaren ezaugarri fisikoak, bere bizimodua eta abar dira. Lan-faktore batzuk ere gaixotasun horiek izateko probabilitatea handitzen dute. Gaixotasun kardiobaskular horiek laneko istripu ez-traumatikoak eragin ditzakete. Istripu horiek, oro har, oso larriak edo hilgarriak izaten dira. Istripu hilgarrien guztizko kopurua handia da, baina oso zaila da horiei buruzko informazioa izatea, lanaren ondorioz gertatu ote diren zehazteko. Komenigarria litzateke osasunaren zaintzaren esparrutik neurri edo gomendio egokiak ematea ahalbidetuko duen informazioa izatea, mota horretako ondorioak murrizteko. Ondorio horiek pairatzeko arriskua handitzea eragiten duten laneko faktoreak ikertzen dituzten azterlanak baloratuko dira, baita arriskua gutxitzen lagunduko duten laneko prozedurak ezartzen dituzten azterlanak ere.

Parametro metabolikoak, bihotz-funtzionalismoa eta lan-nekea lan-inguruneko MIAren faktore etiologiko gisa har daitezkeen zehazteko landa-azterketa.

Espero den azken produktua: parametro metabolikoak, bihotz-funtzionalismoa eta lan-nekea lan-inguruneko istripu kardiobaskular eta zerebrobaskularren faktore etiologiko gisa har daitezkeen zehazteko landa-azterketak. Arriskua murriztuko duten lan-esparruko prebentzio-neurriak formulatzen eta baloratzen dituzten azterlanak.

Ikerketa-eremua: laneko ezbehar-tasa: lan-istripuak eta lan-gaixotasuna.

12. gaia.– Erabiltzen diren zirkulazio-bideetako lan-istripuak.

Helburua: erabiltzen diren zirkulazio-bideetan (trenbideenak, errepideak) lan egiteko arauak eta protokoloak daude, ibilgailuak eta trenak igarotzearen ondoriozko istripuak saihesteko. Hala ere, protokoloak egon arren, urtero istripuak daude bide horietan, batez ere errepideetan. Istripu horiek errepideetako mantentze-lanetako, segurtasun-zerbitzuko, mediku-laguntzako eta abarretako langileei eragiten diete. Zirkulazio-bideetan (errepideak, bideak) egiten diren jarduerekin eta horien tipologiarekin lotutako lan-istripuen ezaugarriak aztertuko dituzten, istripu horiek aztertuko dituzten eta horiek errepikatzea saihestuko duten azterlanak baloratuko dira.

Espero den azken produktua: bide-lanetako lan-istripuen tipologiei buruzko informazio dokumentatua emango duten azterlanak, horien arrazoiak eta lan-prozedura barne, tipologiaren arabera, mota horretako istripuak saihesteko prebentzio-neurriekin.

13. gaia.– Lan-istripuetako biktimentzako arreta integrala.

Helburua: lan-istripuak izaten dituzten pertsonak desagertu egiten dira istripuaren ondorengo lehen arreta eman ondoren. Badirudi istripuak gertatzen den unean bakarrik duela garrantzia, batez ere ondorio larriak baditu, baina a posteriori ez da sozialki existitzen eta ez da horretaz hitz egiten. Trafiko-istripuekin ere hala gertatzen da, eta gainera horietako batzuk lanekoak dira. Lan-istripuen biktimei modu integralean laguntzea aztertuko duten lanak baloratuko dira: arreta sanitarioa, soziosanitarioa, lanekoa eta abar, eta lan egiteko gaitasuna berrezartzeko ibilbidea.

Espero den azken produktua: lan-istripuen biktimentzako arreta hobetzeko elementuak, lan egiteko gaitasuna berrezartzeko ibilbideak eta lan-istripuen biktimen ikusgarritasuna hobetzeko estrategia eraginkorrak zehaztuko dituzten lanak.

14. gaia.– Lan-gaixotasunen azpideklarazioa.

Helburua: lan-gaixotasunak azpideklaratzea eta osasun-sistema publikora desbideratzea, egia esan, aditu gehienek egiten dute eta foro gehienetan gertatzen da. Azpideklarazio horrek kalte ekonomiko larria eragiten du, eta, gainera, ezagutzen ez diren gertakarien aurrean prebentzio-neurriak abian jartzeko zailtasun handia ere badakar. Azpideklarazioaren ezaugarriak zeintzuk diren proposatuko duten azterlanak baloratuko dira: gaixotasun motak, sektoreak, kolektiboak, etab. Halaber, egoera horri aurrea hartzeko mekanismoak ezartzen dituzten azterlanak baloratuko dira, baita lan-gaixotasuna deklaratzea sustatzen dutenak ere.

Espero den azken produktua: azpideklarazioaren errealitatea deskribatuko duten azterlanak eta hura murrizteko proposamenak.

Ikerketa-eremua: psikosoziologia aplikatua.

15. gaia.– Prozedura kualitatiboa arrisku psikosozialen ebaluazioetan / Ebaluazio psikosozialerako tresna kualitatiboak.

Helburua: enpresa guztiek arriskuak ebaluatu behar dituzte. Arrisku horiek ezabatu ezin direlako lantokian dauden arrisku guztiak dira. Ebaluazio horren helburua da zehaztea ea arrisku-maila kontuan hartuta, kasu bakoitzean, arriskua murrizteko edo kontrolatzeko prebentzio-neurriak abian jarri behar diren. Lanaren antolamendutik eratorritako arrisku psikosozialeko faktoreak, ziurrenik, azkenak izan dira zehaztasun zientifikoko ebaluazio-metodoak izaten. Metodo horiek zati kuantitatiboaren emaitzak osatu eta azalduko dituen zati kualitatibo bat izan dezakete. Langileen osasun-eraginak murriztea lortu duten ebaluazio kualitatiboko prozedurak deskribatuko dituzten azterlanak baloratuko dira, edo kalteak prebenitzeko antolaketa-diagnostiko zehatza ezagutzea ahalbidetzen dutenak.

Espero den azken produktua: arrisku psikosozialei lotutako osasuna hobetzeko ebaluazio kualitatiboen beharra baloratuko duten azterlanak eta ebaluazio psikosozialeko tresna kualitatiboak aztertuko dituzten azterlanak.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala