Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

164. zk., 2023ko abuztuaren 29a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4066

EBAZPENA, 2023ko uztailaren 24koa, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordearena, zeinaren bidez formulatzen baita Hernaniko (Gipuzkoa) Zabalaga LEH.01 eremuko plan bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

Hernaniko Udalak, 2023ko apirilaren 20an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan eskabide bat aurkeztu zuen, Hernaniko (Gipuzkoa) Zabalaga LEH.01 eremuko plan bereziari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura hasteko. Eskabidearekin batera zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, non jasotzen baitzen Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2023ko maiatzaren 3an, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, eta jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, izapidearen hasieraren berri eman zitzaion Hernaniko Udalari.

Halaber, espedientean dauden dokumentuak eskuragarri jarri ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki iritzitako oharrak egin zitzan.

Ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulten izapidean jasotako erantzunak ikusita, eta kontuan hartuta nolakoa den plana eta nolako eragin esanguratsuak izango dituen ingurumenean, txosten honen xedea da hau zehaztea da: ea plan horri ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion, balitekeelako ingurumenean eragin nabarmenak izatea, edo, bestela, ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoak ezarriko duen moduan.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handi bat bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko xedez.

Plana abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasatu behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, hauek zehazteko: ingurumen-eragin esanguratsurik ez duela –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edo ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar duela, ingurumenean eragin esanguratsua izan dezakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 75. artikuluan dago araututa, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten honetan, planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren plana gauzatzeko, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Hernaniko (Gipuzkoa) Zabalaga LEH.01 eremuko plan bereziari buruzko (aurrerantzean, plana) ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, irizpide hauen arabera:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Zabalaga LEH.01 eremua Hernaniko udalerriaren ipar-mendebaldeko muturrean dago, eta Donostiako udal-mugartearekin egiten du muga, Errekalde aldean. Zabalaga baserri zaharraren jabetzakoa zen, eta Chillida Leku museo-espazioa dago hor gaur egun.

Zabalaga LEH.01 eremuko plan berezian, Hernaniko udal-plangintzako arau subsidiarioen testu bategineko zehaztapenak bete dira; Hernaniko Udalak testu bategin hori 2011ko apirilaren 11n onartu zuen, eta 2011ko maiatzaren 13an argitaratu zen (Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala, 90. zk.).

Indarrean dagoen plangintzaren arabera, eremu horren kalifikazio orokorra hau da: «E.00 sistema orokorra. Ekipamendu komunitarioa», museo-erabilera. Egiturazko ekipamendu komunitarioko erabileretarako eremutzat jotzen dira halakoak, eta barnean hartzen dituzte lotuta dauzkaten eraikinak eta instalazioak.

Plan berezian, eguneratuta eta doituta daude Chillida Leku museo-espazioaren antolamendu xehatuaren helburuak, eta erreferentzia gisa balio du etorkizunean bertan egin nahi diren jarduketetarako (eraikuntza, urbanizazioa, erabilerak eta jarduerak), bai eta berdegune zabalak antolatu eta zaintzeko ere, eremuaren zati integral gisa, natura-, paisaia- eta kultura-balioei eusteko xedez.

Eremuaren antolamendu berriaren helburu orokorrak hauek dira:

– Lehendik dagoen ekipamendu komunitarioaren erabilera finkatzea (museo-espazioa).

– Egungo eraikinak finkatzea (E01 Zabalaga baserria, E02 Sarrerako pabiloia, E03 Zabalaga etxaldea, E04 Biltegia, E05 Zaintzailearen etxea, E06 Piknikgunea, E07 Mantentzea eta E08 Bulegoak).

– Eremua antolatzea bertan biltzen diren natura- eta paisaia-balioak, kultura-ondareko balioak eta abar babesteko helburuen arabera.

Plan berezian zehazten den kalifikazio xehatua honi dagokio:

e.00.– Ekipamendu komunitarioa: ekipamendu soziokulturalari dagokio (dagoen museo-espazioa).

c.10.– Bideen komunikazio-sarea: Gipuzkoako Foru Aldundiaren titulartasuneko GI-2132 errepidearen eta aurreikusitako espaloiaren eta bidegorriaren ondorioz jabari publikokoa den zerrenda dagokio.

d.30.– Ibai-ibilguak: Zabalaga errekaren jabari publikoari dagokio, EAEko Ibaien eta Erreken Ertzak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren arabera (Kantauriko isurialdea).

Planaren eremua gutxi gorabehera 9,5 hektarea lorategi dira, eta mantendu egingo dira. Berdegune horiek planaren lehentasunezko helburuetako bat dira natura-, paisaia- eta kultura-balioei eusteko. Kanpoko lorategi horietan, eskultura-piezen bilduma mantenduko eta erakusgaia izango da.

Plan berezian, lehendik dauden eraikinak finkatu dira, eta E02 Sarrerako pabiloia, E03 Zabalaga etxaldea eta E04 Biltegia handitzeko aukera aurreikusi da. Eremuak badauzkanez eskatutako oinarrizko zerbitzuak, ez da beharrezkoa azpiegitura-sareak zabaltzea. Hala ere, saneamendu-kolektorerik ez dagoenez, arazketa-sistema bat ezartzeko aukera aurreikusi da, ondoren, Zabalaga errekara isurtzeko.

Trazadura bat aurreikusi da espaloirako eta bidegorrirako, helburua baita Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuaren «GI-2131 errepidean (Errekaldeko lotunea – Galarretako biribilgunea tartea) txirrindulari eta oinezkoentzako ibilbidea eraikitzeko proiektua» sartzea.

Halaber, planak ekialdeko aparkalekua handitzeko aukera proposatu du, 50 aparkaleku-plaza gehitzeko aukerarekin eta, ondorioz, piknikgunea lekualdatzeko aukerarekin; baina, kokapena zehaztu gabe geratu da.

Lehendik dauden eraikinak eta berdeguneak finkatzea plan bereziaren xedea denez, ez da azaldu antolamendurako bestelako alternatibarik eremu horretan. Planaren esparruan, finkatzen diren erabileren eta eraikinen barruan, zenbait jarduketa ahalbidetu dira, gerora etorkizunean museo-erabilera garatzeko sortuko diren premien arabera gauzatu ahal edo ezin izango direnak, hala nola aparkalekua 50 plazan handitzea, piknikgunea lekuz aldatzea, eta eraikigarritasuna handitzea E02 Sarrerako pabiloian, E03 Zabalaga etxaldean eta E04 Biltegian.

Ondorioz, ez da planteatu garapen teknikorako, aldi baterako, kudeaketarako edo bestelako alternatibarik; izan ere, halakorik badago, premiaren araberako xehetasun-azterketetan eta urbanizazio-obra osagarrien proiektuetan jorratu beharko da.

B) Planaren ezaugarri teknikoak eta ingurumenekoak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluaren arabera, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira planari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:

a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak beste plan edo programa batzuetan nolako eragina duen, hierarkizatuta daudenak barne: plana garatzeko proposatu diren jarduketak aztertuta, ez da hauteman ingurumen-eragin nabarmenik, ez eta beste plan edo programa batzuekiko bateraezintasunik ere.

c) Plana egokia den ala ez ingurumenaren arloko alderdiak barne hartzeko, bereziki garapen jasangarriaren sustapena: plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzeko ingurumen-alderdiak barne hartzeari dagokionez.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: eremuaren ingurumen-ezaugarriak eta planaren irismena kontuan hartuta, ez da hauteman plana gauzatuz gero ingurumen-arazo adierazgarririk egongo litzatekeenik, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez egiten badira eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

e) Era berean, plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko eta Espainiako ingurumen-arloko legeak ezartzeko.

2.– Ukituko den zonaren ezaugarriak eta ondorioak:

Eremua Hernaniko udalerriaren ipar-mendebaldeko muturrean dago, eta Donostiako udal-mugartearekin egiten du muga, Errekalde aldean; hor dago Chillida Leku museo-espazioa, 95.992,25 m2-ko azalerakoa. Iparraldean eta mendebaldean Lore Toki finkaren lursailekin egiten du muga, ekialdean 01-458 katastro-lurzatiarekin, eta hegoaldean GI-2132 errepidearekin.

Eremuaren topografia nahiko irregularra da, 23 metro inguruko desnibela baitu iparraldeko erdigunerik altuenaren (+64,80) eta ipar-mendebaldeko muturreko alde baxuenaren (+41,65) artean.

Eremuan ez dago ez naturagune babesturik, ez korridore ekologikorik, ez interes geologikoko lekurik. Halaber, ez du bestelako katalogoetan jasotako ezein gune ukitzen (EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekia eta LAGetako natura-intereseko guneen zerrenda), ez eta Plan Hidrologikoko Gune Babestuen Erregistroko elementurik ere.

Kantauri Ekialdeko Demarkazioaren Plan Hidrologikoko (2015-2021eko zikloa) lurpeko ur-masen mugaketaren arabera, azterketa-eremua «Andoain - Oiartzun» masaren gainean dago (ES017MSBT017.002), Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren barruan.

Eremua Urumeako Unitate Hidrologikoan dago. Zabalaga erreka eremuaren ekialdetik mendebalderantz/ipar-mendebalderantz doa eta, 250 metro ibaian behera, Añorga errekan isurtzen ditu urak.

Landarediari dagokionez, eremua ez dator bat Batasunaren intereseko habitat motekin. Ez da identifikatu bakana izategatik edo mehatxatuta egoteagatik interesekoa den inolako landare-komunitate edo -espezierik.

Eremuan, erdialdean eta mendebaldean, lorategi-azalerak daude soropil eta heskaiekin txandakatuta (44.238,5 m2), eta eremuaren ekialderantz hostozabalen eremu bat (22.643,2 m2). Eremuaren behealdean, Zabalaga errekan zehar, hariztien baso misto atlantiko degradatu luzanga bat dago (29.091,3 m2), espezie aloktonoekin, hala nola sasiakazia (Robinia pseudoacacia) eta alboa edo platano arrunta (Platanus x hispaniarra). Zabalaga errekaren inguruan, badira beste espezie batzuk, hala nola sahatsak (sahats iluna edo Salix atrocinerea eta zume zuria edo Salix alba), hurritza (Corylus avellana), zuhandor arrunta (Cornus sanguinea) eta iratzeak (Pteridium aquilinum), jatorri aloktonoko beste batzuekin batera, hala nola haizemaile palmondoa (Livistona chinensis), sarrerako pabiloitik gertu.

Litekeena da ibaietako abifauna egotea (martin arrantzalea, ur-zozoa, etab.) Zabalaga errekaren ibilguan eta ertzetan, eremutik igarotzen denean. Era berean, kontuan hartuta eremua landazabaleko eremu batean dagoela, litekeena da landazabaleko hegazti katalogaturen bat egotea. Aztergai den eremuko zuhaitz-eremu helduetan, litekeena da baso-kiropteroen espezie babestuak egotea, bai eta interes bereziko gisa katalogatutako Eskulapioren sugea ere; izan ere, landazabal-basoetan ager daitezke eta, ondorioz, eremu honetan eta inguruetan ere bai.

Anfibioei buruz bildutako informazioaren arabera, aztergai den taulan zenbait espezie aipatu dira, besteak beste, hegoaldeko zuhaitz-igela, arriskuan dauden espezieen Euskadiko zerrendan galzoriko espezie gisa katalogatua. Hala ere, eremu horretan ez dago aipatutako espeziearen habitat adierazgarririk.

Aztertutako eremua ez dago galzoriko fauna kudeatzeko plan onartuen eraginpean.

EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoaren aurreproiektuaren arabera, eremua Lasarte-Oriako ikuspen-arroan dago (330. kodea); beraz, paisaia-balio oso txikikoa denez, ez dago paisaia-interes bereziko eremuetan sartuta. Hala ere, Chillida Leku zedarri eta berezitasun paisajistiko naturalen kategorian sartu da, euskal paisaien erreferente nagusietako bat delako.

Eremuak Zabalaga baserria dauka, eta baserri hori euskal kultura-ondarearen Ondarea informazio-sisteman dago sartuta, toki-mailan ondare-interesa duen elementu arkitektonikoa den aldetik, nahiz eta ez dagoen kultura-ondasun gisa deklaratuta. Planak ez du jarduketarik aurreikusi Zabalaga baserrian.

Zaratari dagokionez, Hernaniko (Gipuzkoa) Zabalaga LEH.01 eremuko plan berezirako azterketa akustikoan (Laecor, Ingeniaritza akustikoa), egiaztatuta dago etorkizunean ere beteko direla zarata-foku berriei buruzko muga-balioak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 52. artikuluaren arabera. Etorkizuneko agertokian kanpoko zarata aztertuta, ondorioztatu da hurbilen dauden bizitegi- eta industria-eraikinen fatxadei eragiten dien inpaktu-mailek betetzen dituztela 213/2012 Dekretuak baimendutako gehieneko mailak, egunez eta fatxada mailan.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, ez da identifikatu lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituen edo dituen lekurik. Ez dago higadura-arriskurik, eta akuiferoak kutsatzeko arriskua tartekoa da. Ez da aurreikusten uholde-arriskurik. Eremuaren hegoaldeko mugan zehar igarotzen den GI-2132 errepidea salgai arriskutsuak garraiatzeko erabiltzeari lotutako arriskua oso arrisku txikitzat jotzen da, eta hegoaldetik igarotzen den AP-8 bidekoa tarteko arrisku gisa identifikatzen da.

Plan bereziak aukera ematen du E02 Sarrerako pabiloia, E03 Zabalaga etxaldea eta E04 Biltegia eraikinen eraikigarritasuna handitzeko; 50 aparkaleku-plazara zabaltzeko; piknikgunea lekuz aldatzeko, eta Zabalaga errekara isuri aurretik ur beltzak arazteko sistema bat jartzeko. Halaber, planean, espaloiaren eta bidegorriaren trazadura dago, GI-2131 errepidean txirrindulari eta oinezkoentzako ibilbidea eraikitzeko proiektuari loturik.

Inpaktu nagusiak honako hauek izango dira: lurzorua okupatu eta irazgaizteak eragindakoak; hariztien baso misto atlantikoaren, faunaren eta paisaiaren gaineko afekzioak; Zabalaga errekako uren kalitatearen gaineko afekzioa; hondakinen sorrera eta baliabideen kontsumoa, makinen joan-etorrien, indusketen eta lur-mugimenduen ondoriozkoa; dauden eraikinetako obrak; zona batzuen aldi baterako okupazioa, eta museo-espazioaren ustiapena.

Egungo aparkalekua ekialderantz 50 plazara handitzeko jarduketak ekarriko du lurzoruaren artifizializazioaren ondoriozko afekziorik handiena; izan ere, horretarako, gehienezko 1.400 m2-ko okupazioa aurreikusi da, hau da, 1.300 m2 aparkalekua handitzeko eta 100 m2 piknikgunea birkokatzeko. Aparkalekua handitzeko jarduketa horrek eragin diezaioke ibilguari kalterik handiena; izan ere, ur-ibilgutik hurbil dauden lursailak okupatu eta artifizializatu behar dira, eta, horren ondorioz, hariztien baso misto atlantikoaren zerrenda ere kaltetu dezake.

Eraikinen eraikigarritasuna handitzeari dagokionez, ez dakigu obrek oinplano-okupazioa handitzea ekarriko duten, eta, hala badagokio, handitze hori oso puntualtzat jo da.

Ustiapen-fasean, eraikin berrirako lanetan baliabideak kontsumitzea eta hondakinak sortzea izango dira inpaktu posibleak. Zabalaga errekara isuri aurretik ur beltzak arazteko sistema martxan jarrita, ibaiko uren kalitatea hobetuko da.

Ingurunea eta plan berezia nolakoak diren kontuan hartuta, ez da espero naturagune babestuei, nekazaritza-inguruneari, lurpeko urei, ondare arkeologiko eta arkitektonikoari edo lurrazaleko sare hidrologikoko ibilguei eragitea. Halaber, ezin da aurreikusi uholdeengatiko edo kutsatuta egon litezkeen lurzoruak egoteagatiko afekziorik, eta ez da espero plan bereziak udal-sozioekonomian edo mugikortasunean eraginik izatea.

Ez da aurkitu bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.

Proposatzen diren jarduketak eta haien ondorioak mugatuak direnez, uste da inpaktu horiek txikiak izango direla, eta, oro har, aldi baterakoak eta itzulgarriak izango direla, betiere indarrean dauden legeak betetzen badira, batez ere zaratari, hondakinei eta isurketei buruzkoak, eta obrak horrelako jardueretarako jardunbide egokien arabera egiten badira.

3.– Ebazpen honetan, zenbait babes- eta zuzenketa-neurri ezartzen dira, planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Hernaniko Zabalaga LEH.01 eremuko plan bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, baldin eta aldez aurretik ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak ezartzen bazaizkio.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera eta ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoaren arabera gauzatuko dira, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan jasotakoaren arabera.

Aplikatu beharreko neurrien artean, plana garatzeko proiektu eta jarduketetatik eratorritakoak dira nabarmentzekoak. Besteak beste, honako neurri hauek hartu beharko dira xehetasun-azterketak eta urbanizazio-proiektu osagarriak idazteko orduan:

Zabalaga erreka babesteko neurriak.

Zortasun-eremuak ez du inolako jarduketarik izango, eta ur bazterreko landaredia errespetatuko da une oro. Ezin izango da zortasun-eremu gehiago okupatu ez E02 Sarrerako pabiloia, E03 Zabalaga etxaldea eta E04 Biltegia handitzeko, ez aparkalekua handitzeko, eta ez piknikgunea lekuz aldatzeko.

Zabalaga erreka zeharkatzen duten ibilgailu-sarbideak egokitzeari dagokionez, bereziki dauden bidegurutzeak handitzeko/egokitzeko aukerari dagokionez, plan hidrologikoaren araudian xedatutakoa bete beharko da.

Natura-ondarea babesteko neurriak.

Ez dira aldatuko errekatik hurbilen dauden eremuak, hariztien baso mistoa errespetatuko da eta, nolanahi ere, ahalegina egingo da zuhaitz urtetsuen oinak ez kaltetzeko.

Beharrezkotzat jo da berriro planteatzea bai aparkalekua ekialderantz zabaltzekoa bai piknikgunea lekuz aldatzekoa, baso horren osotasuna bermatzeko moduan. Zuhaitz-oinak kontserbatze hutsak ez du basoaren babesa bermatzen; izan ere, basoaren funtzionaltasun ekologikoaren zati handi bat galduko luke, aparkaleku edo piknikgune gisa erabiliz gero.

Halaber, zuhaitz aloktonoen ordez (Robinia pseudoacacia eta Platanus hispanica), pixkanaka-pixkanaka zuhaitz autoktonoak jartzeko lana egingo da.

Zaratari buruzko neurriak.

Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan xedatutakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokienez, obretarako eta ibilbide-zirkulaziorako erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira aire zabalean erabiltzeko diren makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.

Beste neurri prebentibo eta zuzentzaile batzuk.

Aurretik adierazitakoari kalterik egin gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak loturik egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, induskatutako lurzoruak kontrolatzeari eta urak eta airearen kalitatea babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Planean azkenean sartzen diren zehaztapenei erantsi beharko zaizkie neurri horiek guztiak.

– Obrak eta lurzoruaren okupazioa dakarten gainerako eragiketa osagarriak ezinbestekoa den gutxieneko eremuan egingo dira. Kontratistaren instalazio-eremuak –makinak gordetzeko gunea, obra-txabolak eta obrako materialak, landare-lurra eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak barne– ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak behintzat izango ditu jasota: lanaldiak, makineria, urik ez isurtzea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, eta abar.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: Ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketakoak, ebakiak, bilgarriak, eta errefuseko nahiz garbiketa-kanpainetako materialak.

Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

Zabortegira bidali beharreko hondakinak, gainera, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuaren eta Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera kudeatuko dira.

Hernaniko Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluarekin bat etorriz.

– Obrek dirauten artean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak igaro ondoko garbiketa-lanak, bai obrek eragina duten ingurunean, bai obrak egiteko eremuetara sartzeko lekuetan. Ureztapen- eta garbiketa-sistema bat edukiko da, aldi baterako estali gabe dauden eremuetarako eta ibilgailuak pasatzean material partikulatua aireratu daitekeen kasuetarako. Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira dagokion obra-faserako, istripuzko isurien eraginik ez izateko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, etab.). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragaitzetan kokatuko dira. Iragaiztu gabeko eremuetan, ez da egingo makinetarako mantentze-lanik.

– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoa ezertan eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

– Obrek ukitutako eremuak leheneratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz ukitu diren eremu guztiak leheneratuko dira, kendu diren intereseko landareak birlandatuta, hala behar bada. Birlandareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira, higadura-prozesurik ez gertatzeko, solidoak drainatze-sarera ez arrastatzeko, eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizaziorik ez izateko. Espezie autoktonoak erabiliko dira, habitat naturalizatuak sortzen laguntzeko eta inguru hurbileko landaredi naturalarekin bat etortzen saiatzeko.

– Eraikingintza jasangarria: eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izateko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpen eta -efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartuta, bai eta neurri horien aurkakoak izan gabe sustatzaileak proposatutakoak ere, ez dela aurreikusi Hernaniko Zabalaga LEH.01 eremuko plan bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Hernaniko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

Laugarrena.– Agintzea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak xedatutakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta Hernaniko (Gipuzkoa) Zabalaga LEH.01 eremuko plan berezia onartzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatu ezean. Hala bada, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritakoaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko uztailaren 24a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria falta izanik, eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriak dioenarekin bat etorriz.

Ingurumen Jasangarritasunaren sailburuordea,

AITOR ALDASORO ITURBE.


Azterketa dokumentala