Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

162. zk., 2023ko abuztuaren 25a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

LAN ETA ENPLEGU SAILA
4036

AGINDUA, 2023ko abuztuaren 9koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen den Lan eta Enplegu Saileko Lan eta Gizarte Segurantza Sailburuordetzako «goi-kargudunaren idazkari» lanpostua (520010 kodea, 195 dotazioa) izendapen askez betetzeko deialdi publikoa.

Laster geratuko da hutsik Lan eta Enplegu Saileko Lan eta Segurtasun Sailburuordetzako idazkari postua (520010 kodea, 195 dotazioa). Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 102.2 c) artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak aldeko txostena eman ondoren, sail honek erabaki du eranskinean zehazten den lanpostua izendapen askez betetzeko deialdia egitea. Hona hemen

OINARRIAK

Lehenengoa.– Parte hartu ahal izateko baldintzak.

1.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako karrerako funtzionarioek, Lanpostuen Zerrendan ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte (eranskinean zehaztatuta daude).

Aipatutako langileek edozein administrazio-egoeratan egonda har dezakete parte deialdi honetan, egoera hauetan izan ezik:

a) Eginkizun-gabetze irmoa duten funtzionarioek, egoera horrek dirauen bitartean.

b) Norbere kontuetarako edo familia elkartzeko eszedentzian egonik, lanera itzuli baino lehen, eszedentzian egon beharreko denbora bete ez duten langileek.

2.– Orobat, parte hartu ahal izango dute beste administrazio publiko batzuetako karrerako funtzionarioek, irakaskuntzako eta Justizia Administrazioko karrerako funtzionarioek bai eta erakunde sanitarioetako estatutupeko langile finkoek ere, betiere espresuki ezartzen bada langile mota horrek betetzeko moduko lanpostua dela, eta, hortaz, zehazki identifikatzen bada dagokion kodearekin, agiri honen eranskinean zehaztukoarekin bat etorriz.

Langile horiek deialdi honetan parte hartu ahal izango dute, betiere Lanpostu Zerrendan ezarritako baldintzak egiaztatzen badituzte eta zerbitzu aktiboko administrazio-egoeran edo jatorrizko administrazioan lanpostua gordetzea dakarren administrazio egoeran badaude, non eta ez duten 6 hilabetetik beherako eginkizun-gabetze behin-behinekoa edo irmoa.

Bigarrena.– Eskabideak.

Eskatzaileek, datu pertsonalak eta gaur egungo destinoa zehaztuta, Lana eta Enplegu Sailaren langileen gaietan duen Zuzendaritzara bidali beharko dituzte eskabideak, 15 egun balioduneko epean. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Hirugarrena.– Betekizunak eta merezimenduak.

Parte hartzeko eskabideari «curriculum vitae» erantsiko zaio, eta, hor, datu pertsonalak eta zein alde, azpitalde edo kidegotakoa den zehazteaz gain, beste hauek ere jasoko dira:

a) Tituluak.

b) Administrazio Publikoan zein, hala badagokio, enpresa pribatuan betetako lanpostuak, batez ere lehiatzen den lanpostuaren antzeko funtzioak dituztenak.

c) Egiaztatutako Hizkuntza-eskakizuna.

d) Jasotako edo emandako prestakuntza-ikastaroak.

e) Hizkuntza-ezagupenak.

f) Eskatutako lanpostuari esleitutako funtzioekin lotuta, jakinaraztea egoki jotzen den bestelako merezimendu guztiak.

Eskabidearekin batera, eskatzen diren betekizunen eta aurkeztutako merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte hautagaiek, Langileen Erregistroan ez badaude.

Hautagaia deitutako lanpostuaren funtziotara ongi egokitzen dela bermatze aldera, deialdi egin duen organoari aukera ematen zaio hautagaiak alegatu dituen merezimenduak egiaztatzeko egoki jotzen dituen bitartekoak erabil ditzan; elkarrizketa pertsonala edo proba egin dezake horretarako, edo Giza Baliabideen Zerbitzuko organo teknikoen txostenak eskatu.

Deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen diren datan bete behar dira eskatutako betekizunak, eta esleitutako lanpostuez jabetu arte eutsi behar zaie. Parte hartzeko baldintzak betetzen jarraitzen ez duten parte-hartzaileek ezin izango dute esleitutako lanpostua jabetzan hartu.

Laugarrena.– Ebazpena.

Deialdi hau Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuaren Agindu baten bidez ebatziko da eskabideak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik gehienez hilabeteko epean, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da.

Lanpostua lortzen duen pertsonak ezarritako epearen barruan hartu beharko du jabetzan lanpostua eta, hala badagokio, aurreko lanpostuaren titulartasuna galduko du.

Agindu hori arrazoitzeko, azalduko da, batetik, aukeratutako hautagaiak betetzen dituela deialdian eskatutako betekizunak eta zehaztapenak eta baduela izendapenerako behar den gaitasuna, eta, bestetik, aukeratutako hautagaia egokia dela beste hautagaien aldean (baldin badaude), merezimenduak konparatuta (eta, hala badagokio, elkarrizketaren edo probaren emaitza ikusita), betiere indarrean dagoen legeriak eta Lanpostu Zerrendak lanpostuari esleitutako zereginen ikuspegitik.

Deialdia hutsik geratu dela deklaratu ahal izango da, hautagaietatik batek ere ez badu kasuan kasuko lanpostua betetzeko merezimendu nahikorik.

Administrazio bideari amaiera ematen dion Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke eman duen organoaren aurrean jakinarazpena iragarri eta hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzitarako Epaitegiaren aurrean, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, bi hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko abuztuaren 9a.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.

ERANSKINA

Deitutako lanpostua:

– Izena: Goi-kargudunaren idazkaria.

– Kodea: 520010.

– Dotazioa: 195.

– Kokapena: Lan eta Gizarte Segurantza Sailburuordetza.

– Lan eta Enplegu Saila.

– Helmugako herria: Vitoria-Gasteiz.

– Taldea: C1/C2.

– Kidegoa: EGC101/ EGC201.

– Lanpostu Osagarria: 18.

– Berariazko osagarria: VI-A.

– Hizkuntza-eskakizuna: 2.

– Derrigortasun-data: 2022-12-31.


Azterketa dokumentala