
159. zk., 2023ko abuztuaren 22a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (178 KB - 7 orri.)
- EPUB (114 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
4002
EBAZPENA, 2023ko uztailaren 24koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Errekurtsoen, Irizpenen eta Sinplifikazioaren arloko Batzorde Administratiboaren antolaketa eta funtzionamendu arautegia argitaratzen duena.
2023ko uztailaren 20an UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak egindako osoko bilkuran, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Errekurtsoen, Irizpenen eta Sinplifikazioaren arloko Batzorde Administratiboaren antolaketa eta funtzionamendu arautegia onartu zuen.
Era berean, Gobernu Kontseiluak hartutako erabakiak xedatu egin zuen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzea, UPV/EHUko idazkari nagusiaren erabakiaren bidez, aipatutako aldizkari ofizialetan argitaratu eta bi hilabetera jarriko delarik indarrean.
UPV/EHUren Estatutuen 187.1 d) artikuluak idazkari nagusiari agintzen dio UPV/EHUren erabaki guztien publizitatea bermatzea. Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legeak, berriz, 10. artikuluan ezartzen du unibertsitate publikoaren estatutuak, antolamendu eta funtzionamendu arauak, eta horien aldaketak eta gobernu organoek emandako aplikazio orokorreko xedapenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko direla, eta ez direla indarrean jarriko harik eta testuak osorik argitaratu arte.
Hori guztia kontuan hartuta,
EBATZI DUT:
Lehenengoa.– Bidaltzea Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Errekurtsoen, Irizpenen eta Sinplifikazioaren arloko Batzorde Administratiboaren antolaketa eta funtzionamendu arautegia, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak 2023ko uztailaren 20an onartutakoa, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitara dadin, eranskinean jasotako baldintzetan.
Bigarrena.– Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio bideari eta, bere aurka, aukerako berraztertze errekurtsoa jarri ahal izango zaio ebazpena eman zuen organo berari, hilabetearen epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri ahal izango da jurisdikzio ordena horretako epaitegietan, bi hilabeteren epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, eta ezin izango dira biak batera aurkeztu.
Leioa, 2023ko uztailaren 24a.
Idazkari nagusia,
AITOR ZURIMENDI ISLA.
ERANSKINA
UPV/EHUKO ERREKURTSOEN, IRIZPENEN ETA SINPLIFIKAZIOAREN ARLOKO BATZORDE ADMINISTRATIBOAREN (EISBA) ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDU ARAUTEGIA
Euskal Herriko Unibertsitatearen Plan Estrategikoak (2022 2025) hainbat helburu ditu zehaztuta «Gobernantza eta Baliabideak» ardatzean, eta helburu horietako 6.aren arabera, proiektu estrategikoak oztopatu ditzaketen hesi normatiboak eta karga administratiboak ezabatuko dira, interes publiko baten edo unibertsitatearen ikuspegitik beharrezkoak ez badira, eraginpeko edo inplikatutako organo, zerbitzu eta agenteen partaidetzarekin. Bestalde, helburu horri lotutako ekintzetako bat da arau juridikoen onarpen edo aldaketen eraginpean duden unibertsitateko zerbitzu/ikastegi/unitate guztiei horien berri ematea eta, hala behar bada, horien inguruan prestatzea, gure unibertsitatean nola aplikatzen diren azpimarratuz.
Horren harira, egokitzat jo da kide anitzeko organo bat sortzea, UPV/EHUko Errekurtsoen, Irizpenen eta Sinplifikazioaren arloko Batzorde Administratiboa (EISBA) deituko dena. Batzorde teknikoa izango da funtsean, eta bere eginkizuna izango da aholkua ematea UPV/EHUren arautegi proiektuen legezkotasuna aztertzen denean, zainduz proiektu horiek indarrean dagoen legeriara egokitzen direla; eta, aldi berean, indarrean dauden unibertsitatearen arauak sinplifikatzeko proposamenak egingo ditu.
Era berean, batzordeak eskumena izango du ebazteko unibertsitateko instantzia eta organoen egintza eta erabakien kontra jarriko diren gorako errekurtso administratiboak, ahalik eta modu koordinatuenean ebazteko; eta, aldi berean, Unibertsitate Sistemari buruzko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoak irekitako bideari jarraitzen dio, hau da, aukerako berraztertzeko errekurtsoaren ordez aurka egiteko beste era batzuk erabali ahal izango dira, kide anitzeko administrazio organoek edo batzorde espezifikoek ebatzi beharrekoak.
Bestalde, urriaren 1eko 40/2015 Legeak dio, 5. artikuluan, administrazio publiko bakoitzak zehaztu behar duela, bere eskumenen eremuan, zein administrazio unitatek osatzen dituzten bere antolaketatik eratortzen diren espezialitateetako administrazio organoak; eta horrek garrantzia are handiagoa du Euskal Herriko Unibertsitatearen kasuan, Unibertsitate Sistemari buruzko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoak unibertsitateei aitortutako autonomiaren adierazpena delako. Izan ere, aipatutako legeko 3. artikuluko c) atalak dio unibertsitateek zehaztuko dituztela, emanda duten autonomiaren babesean, beren antolaketa eta egiturak, bai eta, artikulu bereko b) atalaren arabera, erakundearen araudia ere.
Euskal Herriko Unibertsitateko gerenteak uztailaren 12an adierazi zuen organo hau eratzeak ez duela eragingo gastu publikoa handitzerik, eta UPV/EHUn ez dagoela arlo bereko jarduerarik daukan organorik.
Egin da, baita ere, Estatutuak Garatzeko Batzordean egin beharreko tramitazioa (emaitza espedientean agertzen da), eta bete egiten dira urriaren 1eko 40/2015 Legeko 5. artikuluan aipatutako baldintzak.
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
Arautegi honek ezartzen ditu UPV/EHUko Errekurtsoen, Irizpenen eta Sinplifikazioaren arloko Batzorde Administratiboaren (EISBA) antolaketa eta funtzionamendua.
2. artikulua.– Araubide juridikoa.
1.– UPV/EHUko Errekurtsoen, Irizpenen eta Sinplifikazioaren arloko Batzorde Administratiboak honako hauen arabera jardungo du: 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; Euskal Herriko Unibertsitatearen Estatutuak; eta aplikatu beharreko gainerako antolamendu juridikoa.
2.– UPV/EHUko Errekurtsoen, Irizpenen eta Sinplifikazioaren arloko Batzorde Administratiboa UPV/EHUko Idazkaritza Nagusiari atxikitako administrazio organoa da, ondorio guztietarako.
3. artikulua.– Eginkizunak.
1.– UPV/EHUko Errekurtsoen, Irizpenen eta Sinplifikazioaren arloko Batzorde Administratiboaren eginkizuna izango da aholkua ematea xedapen orokorrei dagokien proiektuen legezkotasuna aztertzen denean, zainduz proiektu horiek bete egiten dutela aplikatu beharreko legerian ezarritakoa.
2.– UPV/EHUko Errekurtsoen, Irizpenen eta Sinplifikazioaren arloko Batzorde Administratiboak indarrean dauden unibertsitate xedapenak sinplifikatzeko proposamenak egingo ditu, dela aholkua emateko eginkizuna betetzean, dela organoaren beraren ekimenez, Batzordean arautegi honetan aurreikusitako baldintzetan parte hartzeari kalterik egin gabe.
3.– UPV/EHUko Errekurtsoen, Irizpenen eta Sinplifikazioaren arloko Batzorde Administratiboak eskumena izango du, errektoreak eskuordetuta, ebazteko unibertsitateko organoen egintzen kontra jarriko diren gorako errekurtsoak, betiere egintza horiek ez badiote ematen amaiera administrazio bideari.
II. KAPITULUA
OSAERA
4. artikulua.– Osakideak.
1.– UPV/EHUko Errekurtsoen, Irizpenen eta Sinplifikazioaren arloko Batzorde Administratiboak osakide hauek izango ditu: batzordeko burua, buruordea eta bost kide.
2.– UPV/EHUko Errekurtsoen, Irizpenen eta Sinplifikazioaren arloko Batzorde Administratiboko kideek mendekotasun organiko eta funtzional berbera izaten jarraituko dute, lanpostuen zerrendan adierazitako moduan.
5. artikulua.– Batzordeko burua eta buruordea.
1.– UPV/EHUko Errekurtsoen, Irizpenen eta Sinplifikazioaren arloko Batzorde Administratiboko burua unibertsitateko idazkari nagusia izango da, eta eginkizun hauek izango ditu:
a) Batzordearen ordezkari izatea.
b) Bileretarako deia egitea, hala ohiko saioetarako nola ezohikoetarako.
c) Aztergaien zerrenda egitea eta bertan azaltzen ez diren gaiak sartzeko proposamena egitea, presakoak badira, arautegi honetan adierazitakoaren arabera.
d) Bilkuretako buru izatea, eztabaidak zuzentzea, antolatzea eta moderatzea, eta eztabaida horiek etetea, justifikatutako arrazoiengatik.
e) Batzordearen erabakien aktak eta ziurtagiriak onestea.
f) Batzordearen presidentea izateak berez dakartzan beste eginkizun guztiak betetzea.
2.– UPV/EHUko Errekurtsoen, Irizpenen eta Sinplifikazioaren arloko Batzorde Administratiboko buruordea unibertsitateko Idazkaritza Nagusiko Araubide Juridikoaren zuzendaria izango da, eta eginkizun hauek izango ditu: Batzordeko buruordeak beteko ditu batzordeko buruak eskuordetuko dizkion eginkizunak, eta batzordeko buruaren ordezkoa izango da hura gaixorik edo kanpoan dagoenean, edo kargua hutsik geratuz gero.
6. artikulua.– Batzordeko kideak.
1.– UPV/EHUko Errekurtsoen, Irizpenen eta Sinplifikazioaren arloko Batzorde Administratiboko kideak izango dira unibertsitateko teknikariak eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileak, Zuzenbideko lizentziatura edo gradua izatea eskatzen duten lanpostuak betetzen ari direnak.
2.– Kide horiek honela banatuko dira:
– 1. kidea: unibertsitateko Idazkaritza Nagusiari atxikitako pertsona bat.
– 2. kidea: unibertsitateko Idazkaritza Nagusiari atxikitako pertsona bat.
– 3. kidea: Graduaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren arloko Errektoreordetzari atxikitako pertsona bat
– 4. kidea: Gerentziari atxikitako pertsona bat, irakasle ikertzaileen arlokoa.
– 5. kidea: Gerentziari atxikitako pertsona bat, teknikarien eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileen arlokoa.
3.– Aurreko atalean aipatutako kideak nortzuk izango diren zehaztea funtzionamendu arloetako titularrei dagokie, eta bilera bakoitzerako adierazi beharko dute nortzuk izango diren.
4.– Idazkaritza Nagusiari atxikitako kideetako bat batzordeko idazkaria izango da aldi berean. Batzordearen erabakiz ordeztuko dira aldi baterako, kanpoan edo gaixorik egonez gero.
III. KAPITULUA
FUNTZIONAMENDUA
7. artikulua.– Xedapen orokorra.
1.– Arautegi honetako 2. artikuluko 1. paragrafoan ezarritakoari kalterik egin gabe, UPV/EHUko Errekurtsoen, Irizpenen eta Sinplifikazioaren arloko Batzorde Administratiboak funtzionamendurako barne arauak onartu ahal izango ditu, publiko egingo dituenak.
2.– UPV/EHUko Errekurtsoen, Irizpenen eta Sinplifikazioaren arloko Batzorde Administratiboa eratzeko eta organo horrek bilerak deitu eta egiteko eta erabakiak hartu eta aktak bidaltzeko, aurrez aurre egonda nahiz urrutitik jardun ahalko da, unibertsitateak erabiltzen dituen tresna teknologikoak baliatuta horretarako.
8. artikulua.– Bilerak.
1.– UPV/EHUko Errekurtsoen, Irizpenen eta Sinplifikazioaren arloko Batzorde Administratiboa behar bezala eratu beharko da bere eginkizunak betetzeko, bilerarako deia arautegi honetan adierazitako moduan egi ondoren, hala ohiko saioetarako nola ezohikoetarako.
2.– Batzordea behar bezala eratzeko, honako hauek egon beharko dira, aurrez aurre edo urrutitik: batzordeko burua edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona; eta batzordeko hiru kide gutxienez, zeinetako bat organoko idazkaria izango den.
9. artikulua.– Deialdia.
1.– UPV/EHUko Errekurtsoen, Irizpenen eta Sinplifikazioaren arloko Batzorde Administratiboaren bileretarako deia idazkariak egingo du, batzordeko buruak hala aginduta. Idazkariak organoko kide guztiei bidaliko die deialdia, unibertsitatearen baliabide elektronikoak erabilita.
2.– UPV/EHUko Errekurtsoen, Irizpenen eta Sinplifikazioaren arloko Batzorde Administratiboko idazkariak bilera eguna baino gutxienez 48 ordu lehenago bidaliko du deialdia, batzordeko buruak zehaztuko duen aztergaien zerrendarekin batera, bai eta bileran aztertuko diren gaiei dagokien dokumentazioa ere, ahal den guztietan.
3.– Batzordeko buruak aztergaien zerrendan azaltzen ez diren gaiak sartzeko proposamena egin ahal izango du, presakoak badira, baldin eta batzordeko kide guztiak badaude bileran eta gehiengoak erabakitzen badu aztergaia presakoa dela.
10. artikulua.– Erabakiak.
Batzordearen erabakiak botoen gehiengoaz hartuko dira.
11. artikulua.– Akta.
1.– UPV/EHUko Errekurtsoen, Irizpenen eta Sinplifikazioaren arloko Batzorde Administratiboko idazkariak bileraren akta egingo du, batzordeko buruak ontzat eman beharko duena.
2.– Aktan, nahitaez, honako hauek jaso behar dira: bertaratuak, aztergaien zerrenda, bilera non eta noiz izan den, eztabaidetako puntu nagusiak eta erabakien edukiak.
Aktan jasoko dira, baita ere, organoko kideren batek eskatzen badu, erabakiaren aurka emandako botoa, abstentzioa eta bataren zein bestearen arrazoiak, edo erabakiaren alde emandako botoaren esanahia.
3.– Aktari erantsiko zaizkio irizpenak eta hartutako erabakiak, bai eta kideen boto partikularrak ere, inork halakorik emanez gero bat ez etortzeagatik gehiengoaren erabakiarekin. Boto partikularrak idatziz eman beharko dira bi eguneko epean, bilera egin eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita.
4.– Batzordeko kideek eska dezakete aktan hitzez hitz jasotzeko euren parte hartzea edo proposamena. Horretarako, idatziz aurkeztu beharko dute testu osoa bileran bertan edo batzordeko buruak zehaztuko duen epean. Testu hori aktan jasoko da edo, bestela, testuaren kopia erantsiko zaio aktari.
5.– Bilera bakoitzeko akta bileran bertan onartu ahalko da edo hurrengo bileran.
Idazkariak akta bidaliko die organoko kideei bide elektronikoak erabiliz, eta kideek testuarekiko adostasuna edo eragozpenak adierazi ahalko dituzte, testuaren onespena bideratzeko; baiezkoa emanez gero, bileran bertan onartutzat joko da.
Akta ez bada onartzen bileran bertan, idazkariak aktaren zirriborroa egingo du eta organoko gainerako kideei bidaliko die, hurrengo bileraren eguna baino 48 ordu lehenago gutxienez.
6.– Batzordeko buruak eta bilerako idazkariak onartutako akta sinatuko dute.
7.– Akta onartu baino lehenago hartutako erabakiei buruzko ziurtagiriak egin ahal izango ditu idazkariak, eta horietan espresuki adierazi beharko da akta onartu aurrekoak direla.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Lege Zerbitzuaren Arautegia aldatzea.
1.– Aldatu egiten dira Lege Zerbitzuaren Arautegiko lehenengo artikuluko 2. eta 3. atalak (Gobernu Kontseiluak 2005eko maiatzaren 26ko erabakiaren bidez onartua; 2005eko urriaren 14ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratua). Atal horiek honela idatzita geratuko dira:
«2.– UPV/EHUko Lege Zerbitzuko kide izango dira Idazkaritza Nagusiko Araubide Juridikoaren zuzendaria eta langileen lanpostuen zerrendaren arabera zerbitzuari atxikita dauden abokatu guztiak. Unibertsitateko gainerako zerbitzu edo ataletan lan egiten duten teknikari abokatuek Lege Zerbitzuarekin koordinatuta egingo dute lan, bai eta Zuzenbideko lizentziatura edo gradua izatea eskatzen duten zerbitzu edo atal horietako lanpostuak betetzen ari diren goi mailako teknikariek ere.
3.– Araubide Juridikoaren zuzendariak laguntza emango dio idazkari nagusiari goiko zenbakietan adierazitako zereginetan, haren irizpideei jarraituz.»
2.– Kendu egiten da Lege Zerbitzuaren Arautegiko bigarren artikuluko a) ataleko lehenengo buleta (Gobernu Kontseiluak 2005eko maiatzaren 26ko erabakiaren bidez onartua; 2005eko urriaren 14ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratua).
3.– Lege Zerbitzuaren Arautegiko laugarren artikulua, Gobernu Kontseiluak 2005eko maiatzaren 26an hartutako erabakiaren bidez onartu eta 2005eko urriaren 14ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutakoa, honela geratuko da idatzita:
«1.2 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, UPV/EHUren zerbitzu desberdinetan Zuzenbideko lizentziatu edo graduatuentzat gordetako Teknikari Letraduaren lanpostuak betetzen dituzten langileen jarduna, betiere Idazkaritza Nagusiko Teknikari Letraduen buruaren oniritzia badu, eta lehenengo artikuluko 3. paragrafoan ezarritakoari kalterik egin gabe, Lege Zerbitzuak unean uneko gaian egin lezakeen esku hartzearen parekoa izango da.»
4.– Lege Zerbitzuaren arautegiko zortzigarren artikuluko 2. atalak, Gobernu Kontseiluak 2005eko maiatzaren 26an hartutako erabakiaren bidez onartu eta 2005eko urriaren 14ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutakoak idazkera hau izango du aurrerantzean:
«2.– Epaiak gobernu taldeko kideei jakinaraziko zaizkie, epaiaren gaiari dagokion arloa zein den. Errekurtsoa jartzeko erabakia, argudio juridiko nahikorik balego, errektoreari edo idazkari nagusiari dagokio edo, halakorik ezean, Araubide Juridikoaren zuzendariari, kasuan kasuko errektoreordetzaren edo, hala balegokio, gerentziaren iritzia aintzat hartuta.»
5.– Edukirik gabe geratuko da Zerbitzu Juridikoaren arautegiak, Gobernu Kontseiluak 2005eko maiatzaren 26an hartutako erabakiaren bidez onartu eta 2005eko urriaren 14ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutakoak, daukan xedapen iragankorra.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean sartzea.
Arautegi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta bi hilabetera sartuko da indarrean.
RSS