Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

157. zk., 2023ko abuztuaren 18a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3981

EBAZPENA, 2023ko abuztuaren 1ekoa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena, zeinaren bidez iragartzen baita Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundean lanpostu huts bat izendapen askeko sistemaren bidez betetzeko deialdi publikoa.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendaritzan idazkari nagusiaren lanpostua laster hutsik egongo denez –511946 kodea, 1 dotazioa–, indarreko araudian esleitutako eskumenaren arabera eta Funtzio Publikoko Zuzendaritzak aldeko txostena eman ostean, organismo autonomo honek erabaki du eranskinean azaltzen den lanpostua izendapen askeko sistemaren bidez betetzeko deialdi publikoa iragartzea. Hona hemen deialdiaren

OINARRIAK

Lehenengoa.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako karrerako funtzionarioek, betiere ebazpen honen eranskinean ezarritako betekizunak betetzen badituzte.

Bigarrena.– Eskabideak.

Hautagaiek, datu pertsonalak eta gaur egungo destinoa adierazita, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendaritzara bidali behar dituzte eskabideak, 15 egun balioduneko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Hirugarrena.– Betekizunak eta merezimenduak.

Parte hartzeko eskabideari «curriculum vitaea» erantsiko zaio, eta, hor, datu pertsonalak eta zein talde, azpitalde edo kidegotakoa den zehazteaz gain, beste hauek ere jasoko dira:

a) Titulu akademikoak.

b) Administrazio publikoan zein, hala badagokio, enpresa pribatuan betetako lanpostuak.

c) Egindako ikasketak eta ikastaroak, hizkuntzen ezagutza eta egoki iritzitako bestelako merezimendu guztiak.

Eskabidearekin batera, eskatzen diren betekizunen eta alegatutako merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte hautagaiek, Langileen Erregistroan jasota ez badaude. Halaber, egoki iritzitako argitalpenak, txostenak edo beste edozein agiri aurkeztu ahal izango dituzte hautagaiek.

Deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den datan bete behar dira eskatutako betekizunak, eta esleitutako lanpostuak jabetzan hartu arte eutsi behar zaie. Parte hartzeko betekizunak betetzen jarraitzen ez duten parte-hartzaileek ezin izango dute esleitutako lanpostua jabetzan hartu.

Laugarrena.– Ebazpena.

Deialdi hau Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren ebazpen baten bidez ebatziko da, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik aurrera gehienez hilabeteko epean. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da.

Deialdia hutsik geratu dela deklaratu ahal izango da, hautagaietako batek ere ez badu deialdiko lanpostua betetzeko merezimendu nahikorik.

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko abuztuaren 1a.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,

MAITE BARRUETABEÑA ZENEKORTA.

ERANSKINA

Deialdiko lanpostua: idazkari nagusia.

Kodea: 511946.

Dotazioa: 1.

Kidegoak: A.

Destino osagarriaren maila: 29.

Berariazko osagarria: 0-A.

Kokapena: IVAPeko Zuzendaritza. Lakua.

Udalerria: Vitoria-Gasteiz.

Hizkuntza-eskakizuna: 4.

Derrigortasun-data: 1996-1-31.

Lanpostua betetzeko betekizunak:

Edozein administrazio publikotako A taldeko karrerako funtzionarioa izatea eta zerbitzu aktiboan, zerbitzu berezietan edo seme-alabak zaintzeko eszedentzian egotea. Era berean, nahitaezko eszedentzian daudenek, beste administrazio publiko batzuetan zerbitzuan daudenek, etendunek eta borondatezko eszedentzian daudenek ere parte hartu ahal izango dute, prozedura horien bidez zerbitzu aktibora itzuliz, baldin eta egoera horietarako ezarritako iraupen-denbora bete badute.


Azterketa dokumentala