
155. zk., 2023ko abuztuaren 16a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (226 KB - 16 orri.)
- EPUB (122 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
3959
EBAZPENA, 2023ko uztailaren 10ekoa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena; horren bidez, ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten da Oka itsasadarraren (Bizkaia) goi-estuarioko ingurumena leheneratzeko eta natura- eta kultura-ondareari balioa emateko proiekturako, Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak sustatutakoa.
AURREKARIAK
2022ko irailaren 13ko Ebazpenaren bitartez, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak jendaurreko informazioaren izapidean jarri zituen Oka itsasadarraren (Bizkaia) goi-estuarioko ingurumena leheneratzeko eta natura- eta kultura-ondareari balioa emateko proiektua eta haren ingurumen-inpaktuaren azterketa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan xedatutakoarekin bat, interesdunek egokitzat jotzen zituzten alegazioak aurkez zitzaten. Izapide horri buruzko iragarkia 2022ko irailaren 30eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren 188. zenbakian argitaratu zen.
Jendaurreko informazioaren izapidea burututa, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak jakinarazi zuen ez zela alegaziorik jaso.
Orobat, aipatutako abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, jendaurreko informazioaren izapideaz gain, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak kontsulta egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei, euren eskumenez baliatuz, egoki iritzitako oharren txosten osoa egin zezaten, 30 eguneko epean, kontsulta jakinarazten zenetik aurrera. Espedientean jaso da izapide horren emaitza. Horri dagokionez, sustatzaileak adierazi du kontuan hartu direla eraginpeko administrazio publikoen erantzun-txostenak.
Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak, 2023ko uztailaren 7an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari Okako goi-estuarioko ingurumena leheneratzeko eta natura- eta kultura-ondareari balioa emateko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena eskatu zion, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoari jarraikiz.
Eskabidearekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu zen:
– Oka itsasadarraren (Bizkaia) goi-estuarioko ingurumena leheneratzeko eta natura- eta kultura-ondareari balioa emateko proiektua. II.b. Fasea Testu bategina. 2022ko otsailekoa.
– Oka itsasadarraren goi-estuarioko ingurumena leheneratzeko eta natura- eta kultura-ondareari balioa emateko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa. II.b. Fasea. Testu bategina. 2022ko uztailekoa.
– Oka itsasadarraren goi-estuarioko ingurumena leheneratzeko eta natura- eta kultura-ondareari balioa emateko proiektuak abifaunan izan dezakeen eraginaren azterketa. II.B. Fasea 2023ko otsailekoa.
– Jendaurreko informazioaren izapidearen emaitzei buruzko dokumentuak.
– Eragindako administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulta-izapidearen emaitzak deskribatzen dituen dokumentua.
– Egindako kontsulten emaitza proiektuaren azken proposamenean sartzea eta horiek nola hartu diren kontuan.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioaren abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, bere xedea hau da: proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea, proiektu horiek ingurumenean ondorio nabarmenak izateko arriskua dakartenean, ingurumenaren babes-maila handia bermatzea eta garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.
Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 61. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, dagokion ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura bete beharko dute lege horren II. eranskinean zehazten diren eta Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean gauzatu nahi diren plan, programa eta proiektuek. Oka itsasadarraren goi-estuarioko ingurumena leheneratzeko eta natura- eta kultura-ondareari balioa emateko proiektua arau horren II. E eranskineko 3. puntuan jasota dagoenez, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura sinplifikatua aplikatu beharko litzaioke. Hala ere, sustatzaileak, II. D eranskineko 4. apartatuari jarraikiz, proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorako prozedura arrunta bete dezala eskatu du.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatzeko, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak, organo substantiboa den aldetik, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arrunta egiteko beharrezkoa dena xedatu du. Horretarako, ingurumen-inpaktuaren azterketa gehitu du espedientean eta kontsulta publikoak egin ditu; gainera, eraginpeko administrazio publikoek zein interesdunek prozeduran parte hartu dute.
Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiak kontuan hartzen dituela, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau eman du. Zuzendaritza hori eskumeneko organoa da Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa –Bakar-bakarrik ingurumen-ondoreetarako, Oka itsasadarraren (Bizkaia) goi-estuarioko ingurumena leheneratzeko eta natura- eta kultura-ondareari balioa emateko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau egitea.
Proiektua, zehazki, honakoa da: «Oka itsasadarraren goi-estuarioko ingurumena leheneratzeko eta natura- eta kultura-ondareari balioa emateko proiektuaren» II.b fasea. Proiektuan jasota dago Muruetako triangelua eta padura zedarritzen dituen muna deuseztatuko dela, landare-espezie exotiko inbaditzaileek (Baccharis halimifolia eta Cortaderia selloana) kolonizatutako zona deuseztatuko dela eta eremu horretako ekosistema naturalak berrezarriko direla, eta balioa emango zaiola eremuari. Horretarako, zur-palafitozko bidezidor bat sortuko da, piloteen gainean eta urari zurezko triangelurantz igarotzen utziko diona. Bidezidor hori jada eraikita dagoen bidezidorraren trazadura berberetik igaroko da, alegia, deuseztatuko den munaren gainetik.
Gaur egun, eremu horretan sartzeko jada eraikita dagoen munen gaineko lurrezko bidezidor batzuk erabiltzen dira, eta bidezidor horiek, era berean, goi-estuarioan mendeetan zehar tradizionalki gauzatzen ziren askotariko laborantzarako eta abeltzaintzarako lurzatiak zedarritzen zituzten. Egungo bidezidorra doan muna deuseztatu egin beharko da, eta piloteen gainean zur-palafitozko beste bidezidor bat egin beharko da, eta azken horrek ordezkatuko du munaren gaineko egungo lurrezko bidea.
Hasieran proposatu zen proiektuak bi esku-hartze zona edo fase hauek zituen: Murueta Puntatik Teilategiraino (A fasea); eta Teilategitik trenbide-pasaguneraino edo zabor-legarra dagoen tarteraino (B fasea).
Hala eta guztiz ere, kontsulta-izapidean jasotako alegazioak kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak erabaki du gaur egun idatzita dagoen bezala, ez dela egingo B fasea.
A faseari dagokionez, muna osoan bi indusketa-lan egingo dira beharrezko diren kotetaraino iritsi arte (+2,50 m), mareen eraginarengatik eremua urpean geratuko dela bermatzeko, eta, halaber, zur-palafitozko bidea egingo da egungo lur-bidea ordezkatzeko munaren goiko aldean, 820 m-ko trazaduran. Zehazki, proiektuan honako ekintzak gauzatuko dira:
– Sastrakak kendu eta moztea.
– Lursaila egokitzea.
– Lurrak mugitzea; munan induskatzea.
– Betelanak eta trinkotzeak.
– Pilotajeak.
– Egurrezko pasabideak jartzea.
– Altzariak eta seinaleak.
Obraren A faseko behin-behineko okupazio-azalera 2.948,37 m2-koa da, eta okupazio iraunkorreko azalera 1.760 m2-koa. Materialak eta instalazio osagarriak pilatzeko zona bat Murueta Puntako 586 m2-ko zona handi batean dago, eta bestea Atxagan (Forua) sartzeko zonan. Zabalgunean pilatutako munako lurrak ateratzeko, A fasean gutxi gorabehera 1.900 m3-ko lur induskatuko dira.
Obra-planaren arabera, obren A faseak gutxi gorabehera 18 hilabete iraungo du.
Bigarrena.– Baldintza hauek ezartzea proiektua gauzatzeko (lotesleak dira, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 78.1 artikuluan xedatzen denaren arabera):
A) Proiektua garatzeko baldintzek indarrean dagoen araudia eta ebazpen honen apartatu hauetan ezarritakoa beteko dute, eta, aurrekoari aurka egiten ez dion guztian, proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa.
B) Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.
Proiektuan egingo diren aldaketa puntualak arrazoitu egin beharko dira ingurumenaren ikuspegitik, aurreko paragrafoan adierazitako garrantzirik ez badute ere. Babes- eta zuzenketa-neurrietan, Ingurumena Zaintzeko Programan, aurrekontuan eta baldintzen agirian jasoko dira proiektuari egiten zaizkion aldaketak.
C) Ingurumen-ebaluazioko prozeduraren alderdi garrantzitsuak.
Jarduketa-esparrua Murueta udalerriko ekialdean dago, Mundakako itsasadarraren edo Okaren estuarioaren eta trenbidearen artean. Gaur egun, oinezkoek erabiltzen dituzten hainbat lurrezko bide daude.
Aztertzen ari garen zona Oka Barneko arroan dago, Kantauri Ekialdeko demarkazio hidrografikoaren barnean. Zehazki, eremua Oka itsasadarren ezkerraldean dago, eta Oka itsasadarrera urak isurtzen dituen errekasto txiki batek gurutzatzen du A faseko eremuaren inguruan.
Okaren estuarioa Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroan mantenugaien ekarpenarekiko sentikortzat jotzen diren zonen barnean dago.
Lurpeko urei dagokienez, eremu guztia Ereñozar Kuaternarioko Sektorearen masaren barnean dago, Iparraldeko Antiklinorioan, eta masaren izena Ereñozar da (ES017MSBTES111S000008). Jarduketa-eremua interes hidrogeologikoko zonetan dago.
Oinezkoen ibilbideen trazadura oso-osorik Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren barnean dago, zehazki ES0000144 Urdaibaiko Itsasadarra HBBEren barnean eta Urdaibaiko itsasertzeko eremuak eta padurak ES2130007 KBEren barnean. Halaber, proiektua 3ES026 Mundaka-Gernikako itsasadarra Ramsar hezegunearen barnean dago, eta proposatutako jarduketaren zati bat itsas-lehorreko jabari publikoaren eta bere babes-zortasunaren barnean dago.
Gainera, eremua Oka itsasadarraren goi-estuarioko interes geologikoko lekuan dago.
Landarediari dagokionez, jarduketa-eremuan paduretako landareak daude, zehazki, haltzadi kantauriarra eta harizti azidofiloa, eta harizti baso misto atlantikoa. Halaber, mehatxatutako florari dagokionez, bidearen trazaduraren iparraldean Zostera Noltii-ren lehengoratze-eremua dago, eta Sarcocornia perennissubsp perennis espeziea dagoen zona txiki batzuei eragiten die. Trazadurek Batasunaren intereseko habitat hauei ere eragiten diete: BIH 1130 Estuarioak, BIH 1140 Lautada lohitsuak edo hareatsuak, itsasbehera dagoenean urez estalita ez daudenak, BIH 1330 Larre gazi atlantikoak (Glauco-Puccinellietalia maritimae) Paduretako belardi-ihitoki halofiloak eta BIH 1420 Sastrakadi halofilo mediterraneoak eta termoatlantikoak (Sarcocornetea fruticosi) Paduretako sastrakadi halofiloak.
Faunari dagokionez, bideen trazadura bisoi europarraren (Mustela lustreola) interes bereziko eremuaren barnean dago. Espezie horrek kudeaketa-plana du Bizkaiko Lurralde Historikoan eta lehentasunezkoa da Habitataren Zuzentarauaren arabera, eta galzorian dagoela jasota dago EAEko Katalogoan. Horretaz gain, aurretik azaldu den bezala, jarduketa-esparrua Hegaztientzako babes bereziko eremuaren barnean dago (HBBE), hegazti urtarren (migratzaileak, negutarrak eta ugaltzaileak) banaketa-eremua baita.
Proiektua abifauna linea elektrikoetatik babesteko zonaren barnean dago (abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretua goi-tentsioko linea elektrikoen kontra talka egitearen eta elektrokutatzearen kontra abifauna babesteko neurriak jartzen dituena).
Azpiegitura berdeari eta igarobide ekologikoei dagokienez, eremua Urdaibai biodibertsitatearen erreserbaren barnean dago. EAEko igarobide ekologikoen sarearen arabera (2005), eremua Urdaibaiko artadi kantauriarren igarobidearen barnean dago.
Ibilbidea Mundakako arro bisualaren barnean dago eta EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoan Urdaibaiko Itsasadarra (1. zona) katalogatutako paisaiaren barnean.
Jarduketa-eremuan ez da identifikatu kultura-ondareko elementurik.
Ingurumen-arriskuei dagokienez, jarduketa-eremuak uholde-arriskua du. Ibilbidearen zati gehienak akuiferoen kutsadurarekiko urrakortasun ertaina duten zonei eragiten die; Teilategiko oinezkoentzako ibilbidearen azken zatiak akuiferoen kutsadurarekiko urrakortasun handia duten zonei eragiten die. Eremu horretan ez da hauteman kutsatuta egon daitekeen lurzorurik.
Inpaktuen analisiaren ikuspegitik, proiektuaren helburuak dira eremuaren ekosistema naturalak leheneratzea muna deuseztatuz, eta landare-espezie exotiko inbaditzaileek (Baccharis halimifolia eta Cortaderia selloana) kolonizatutako zona ere deuseztatu egingo da, eta zona horiei balioa emango zaie. Horretarako, erabilera publikoko zur-palafitozko bidezidorra egingo da, eta, orokorrean, ekosistemen egoera hobetuko da.
Hala eta guztiz ere, egungo bidezidorra doan muna deuseztatzean eta piloteen gainean zur-palafitozko trazadura berria egitean, obra-fasean ingurumen-ondore negatiboak sor litezke. Hala, inpaktu posibleak sortuko dira sastrakak kendu eta landaredia moztean (7 zuhaitz, nagusiki haritzak, eta milazkaren bat), lurrak mugitzean, hondakinak sortzean, makinak igarotzean eta isuriak, zaratak eta abar sortzean, eta posible da horren ondorioz isuriak direla-eta gainazaleko eta lurpeko urei eta lurzoruei eragitea, emisio atmosferiko eta akustikoek faunari enbarazu egitea eta abar.
Ustiapen-fasean sortutako inpaktu posibleak positiboak dira, proposatutako jarduketek orokorrean estuarioko ekosistemaren kontserbazio-egoera, intereseko espezieen habitata eta ibai-ibilguen egoera hidraulikoa hobetuko baitituzte. Bestalde, ibilbide berria instalatzen denean espazio sentikor bat okupatuko da eta paisaiari eragingo zaio. Halaber, nahiz eta ibilbide berriak zona horretako erabilera publikoa mugatzen duen, baliteke bisitari kopurua handitzea, eta horrek, intereseko faunari enbarazu egitea.
Jarduketa horiek oso-osorik Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren barnean egingo dira, zehazki, ES0000144 Urdaibaiko Itsasadarra HBBEren barnean eta Urdaibaiko itsasertzeko eremuak eta padurak ES2130007 KBEren barnean. Halaber, proiektua 3ES026 Mundaka-Gernikako itsasadarra Ramsar hezegunearen barnean kokatuta dago.
Ondorioz, inpaktu handienak jarduketak gauzatzeko fasean gerta litezke, baita proposatutako instalazioen bizitza erabilgarrian ere, zuzenean edo zeharka eragin diezaieketenak hezeguneko habitatei eta harekin lotutako fauna komunitateei, kontserbazio-balio handia duten espezie mehatxatuak dituztenak barne, bereziki, abifauna urtarra, hala migratzailea zein habiagilea, eta, jakina, bisoi europarra.
Natura Ondarearen eta Biodibertsitatearen 42/2007 Legearen 46.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legean jasotakoaren arabera, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioak Natura 2000 Sarean izango dituen ondorioak baloratu ditu. Zehazki, ingurumen-inpaktuaren azterketak «Proiektuak Natura 2000 Sarean sortuko dituen ondorioen kuantifikazioa eta ebaluazioa» apartatuan Batasunaren intereseko habitatetan eta bisoi europarrarengan sortzen diren inpaktuak analizatzen dira, eta ondorioztatu da proiektuak ez diola eragiten Natura 2000 Sarearen osotasunari. Halaber, hauxe aurkeztu da baita ere: «Oka itsasadarraren (Bizkaia) goi-estuarioko ingurumena leheneratzeko eta natura- eta kultura-ondareari balioa emateko proiektuak abifaunaren gainean izango duen eraginaren azterketa. II.b. Fasea». Intereseko abifaunaren gaineko eraginak aztertzen ditu, eta neurriak ezartzen ditu eragin handirik ez sortzeko obren aldiari eta ordutegiari dagokienez.
D) Proiektuari ezarritako baldintzak, eta ingurumenaren gaineko ondorio kaltegarriak zuzentzeko eta babesteko neurriak.
D.1.– Baldintza orokorrak.
Proiektua garatzeko baldintzak, baita babes- eta zuzenketa-neurriak ere, indarrean dagoen araudiarekin eta hurrengo apartatuetan adierazitakoarekin bat etorriko dira, eta, esandakoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoarekin.
Bestalde, neurri hauek eta kontrolerako langile kopurua nahikoak izango dira ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate-helburuak eta ebazpen honek finkatzen dituenak bermatzeko.
Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan eta proiektu-planoetan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obrako jardunbide egokiak aplikatuko dira.
D.2.– Proiektuaren eremua.
Eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei egindako jendaurreko informazioaren eta kontsulten emaitzak kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak, proiektuaren sustatzailea izanik, erabaki du proiektuaren eremua, eta, ondorioz, exekuzioarena, A fasera mugatuko direla (albo batera utzi da B fasea egitea).
Zehazki, proiektuaren A fasea Murueta Puntatik Teilategiraino doana da.
D.3.– Proiektua aldatzea.
Exekuzio-proiekturako kontratu-agiri guztietan kontsulta-izapidean jasotako alegazioen ondoriozko aldaketa guztiak jaso beharko dira, eta Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzaren erantzunarekin bat eginez jardungo da. Zehazki, dokumentazioa aldatzeko honako hauek gehituko dira:
– Bakar-bakarrik A fasea egingo da. Albo batera utzi da B fasea egitea.
– Palafitozko azpiegitura eraikitzeko erabiliko den zurak ez du izango kreosotarik.
– Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra aipatzearen ordez, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legea aipatuko da.
D.4.– Natura-ondarea babesteko neurriak.
Proiektuak Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren xedapen gidariak bete behar ditu, honako hauetan definituta daudenak: Urdaibaiko Biosfera Gebenaldea Babestu eta Antolatzeari buruzko 5/1989 Legea, uztailaren 6koa, eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretua. Halaber, proiektatutako jarduketak bat etorri beharko dira Natura 2000 Sareko babes-figurekin (Urdaibai eta Gaztelugatxeko Donieneko eremuan dauden lau Batasunaren Garrantzizko Leku Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatzen dituen, eta KBE horien eta Urdaibaiko itsasadarreko HBBEren kontserbazio-neurriak onartzen dituen ekainaren 4ko 358/2013 Dekretua) eta RAMSAR hezegunearekin.
Aplikazio-araudian xedatutakoa gorabehera, honako prebentzio- eta zuzenketa-neurri hauek erantsiko zaizkio proiektuari ondare naturala babeste aldera:
– Ezinbesteko eremu txikienean egingo dira lanak eta lurzorua okupatzea dakarten gainerako jarduketa osagarriak; betiere proiektuko planoek ezartzen dituzten mugen barruan. Aipatutako mugetatik kanpo, ezingo da izan eraginik sarbideak egin, materialak bildu, instalazioak kokatu edo beste edozein jarduketa osagarri egin behar izateagatik, eta ahal bezainbat mugatuko da lanak egiteko makinen eta ibilgailuen zirkulazioa.
Istripuzko kalterik egiten bada aipatutako eremutik kanpo, zuzenketa- eta leheneratze-neurriak aplikatuko dira. Aurrez, txostena egingo du txosten honetako D.14 puntuak aipatzen duen ingurumen-aholkularitzak.
– Bihurgunearen eta Teilategiaren arteko palafitozko tartea egiteko lanerako kalea ahalik eta txikiena izango da, eta espazio gutxiago okupatzeko moduan doituko dira piloteen ainguraketa- eta zimendatze-metodoak.
– Orokorrean, zuzeneko okupaziorik aurreikusita ez dagoen eremuetan ekidin egingo da tokiko landaredia moztea, eta, bereziki, behar diren neurriak ezarriko dira nahitaez moztu behar ez diren zuhaitzei kalterik ez sortzeko. Lanak mugakide dituzten natura-interes handiko eremuetan, alegia, Batasunaren lehentasunezko intereseko habitatetan, kontu handiz ibiliko da, proiektua gauzatzeko ezinbesteko eremuan bakarrik izateko eragina. Zehazki, Murueta Puntan, bokalearen ondoan, delta txikian eta marearteko paduran sor litezkeen ondorioen azterketa osagarria egin beharko da, munaren eta kanalaren arteko padurako landareei ahalik eta eragin txikiena sortzeko.
Horretarako, obrak hasi aurretik, zehatz-mehatz mugatu eta in situ balizatuko dira lanak egiteko nahitaez moztu edo kendu behar ez diren bertako zuhaitz-aleak eta Batasunaren intereseko habitatak. Gainera, kontserbatu beharreko zuhaitzak behar bezala babestuko dira, sustrai-sistemak ez izateko kolperik eta kalterik. Bestalde, zuinketa eta lanak egiteko fasean, aipatutako eremuetan, txosten honen D.14 apartatuan aipatzen den ingurumen-aholkularitzako botanika-espezialista bat izango da lanetan bertan, Lanen Zuzendaritzari laguntzeko.
– Halaber, hegazti urtarren espezieei kalterik ez sortzeko, obren zona mugatzen duten hesi opakoak jarriko dira.
– Jarduketa-eremuak bisoi europarraren Interes Bereziko Eremuari eragiten dio, eta Bizkaiko Lurralde Historikoan bisoi europarra (Mustela lutreola, Linnaeus, 1761) Kudeatzeko Plana onartzen duen ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuan ezartzen denarekin bat, espezie hori galzorian dagoen eta babesteko neurri bereziak behar dituen espeziea da.
Bisoi europarraren aleengan eragina izan dezakeen ezer egin aurretik, kontuan hartuko dira honakoak: azaroaren 25eko 9/2021 Legea, Euskadiko natura-ondarea kontserbatzeari buruzkoa; uztailaren 9ko 167/1996 Dekretua, Basa eta Itsas Fauna eta Landaredian Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrenda arautzeko dena; eta, dagokionean, foru-organo eskudunak, bisoi europarraren kudeaketa-planaren administrazio arduradun gisa xedatzen duena.
Ondorio horretarako, bisoi europarraren Interes Bereziko Eremuari eragiten dioten obrak ez dira egingo espeziearen ugalketarako sasoi kritikoan, hau da, martxoaren 15etik uztailaren 31ra.
– Halaber, intereseko abifaunaren gainean eraginik ez sortzeko, eguzkia atera eta hurrengo bi orduetan eta eguzkia sartu aurreko bi orduetan ez da lanik egingo, orokorrean, hegaztiak aktiboen egoten diren uneak horiexek baitira.
– Obrak hasi aurretik, proiektuaren eremuan identifikatutako espezie inbaditzaileak desagerrarazteko kanpaina bat egingo da (hala nola Baccharis halimifolia eta Cortaderia selloana edo beste batzuk).
Kontrol-neurriak hartuko dira lurrak mugitu diren eta landaretzarik gabe gelditutako eremuetan landare-espezie inbaditzaileak sar ez daitezen. Gainera, egiaztatu beharko da makinetan ez dagoela espezie horien hondarrik.
D.5.– Ura eta lurzorua babesteko neurriak.
Hargatik eragotzi gabe ur-gaietan eskumena duen organoak itsas-lehorreko jabari publikoaren eta haren zortasun-eremuen inguruan xedatutakoa, babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartu beharko dira:
– Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da estuariora eta ibilguetara.
– Munetako indusketa-lanak egiteko, hesiak jarriko dira partikulen sedimentaziorako. Hesi horiek ingurumen-inpaktuaren azterketan aurreikusita daude, eta beraien helburua da sedimentuei eustea, eta, hala, paduran edo ibilgu naturaletan kalteak ekiditea. Horretarako, gomendatzen da teknikoki bideragarriak diren eta ibilguan nahiz habitatetan ingurumen-kalte gutxien sortuko duten irtenbideak aukeratzea, besteak beste, hesi flotatzaileak eta iragazleak (sare iragazlea duten flotagailuen sistema). eta jalkitze- eta iragazte-hesi malguko sistemak (cofferdam malgua), eta beti kontuan hartuz horiek ezarriko diren inguruaren berezitasunak (ibai-ohearen ezaugarriak, fluxua, ibilguaren sakonera; iktiofauna eta beste espezie urtar batzuk, irisgarritasuna, eraginak jasan ditzaketen landareak eta habitatak, espazio erabilgarria...).
Sistema horien ezaugarriak, kokaleku zehatza eta neurriak ebazpen honen D.15 apartatuan aipatzen den lan-programan jasoko dira, eta berau aldatu egingo da obrak aurrera egin ahala aipatu gailu horien kokapenaren aldaketak programatzen direnean.
– Munak beti ibilguaren kanpotik induskatuko dira.
– Obrako makinak gordetzeko eremua eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik isolatu beharko dira. Zolata iragazgaitzaz gain, efluenteak biltzeko sistema bat ere izango du, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Ezin izango da egin erregaien zamalanik, olio-aldaketarik eta tailerreko jarduerarik, horretarako adierazitako eremuetatik kanpo.
– Lanak egiteko eremuetan, hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa edukiko da, berehala erabili ahal izateko istripuzko isuri edo ihesik badago: biribilkiak, material pikortatua eta abar.
– Hormigoi-upelak berariaz horretarako egokitutako guneetan garbituko dira. Hormigoi-esnea inola ere ezingo da isuri ibilgura. Hormigoiaren hondakinak ebazpen honetako D.9 puntuan ezartzen diren baldintzen arabera kudeatu beharko dira.
– Obren eraginez soildutako lurren landare-berritze azkarra eta handia egingo da. Horrela, obra-leku bakoitzean lur-mugimenduak amaitu ahala, ingurumen-eraginaren azterlanean adierazten diren birmoldatze- eta landareztatze-lanak egingo dira.
– Obrak dirauen bitartean, garbiketa-lanen kontrol zehatza egingo da ibilgailuak igaro ondoren, bai proiektuaren zuzeneko jarduera-eremuan eta eragindako ingurunean, bai iristeko bideetan eta, bereziki, biztanleguneen inguruetan. Beharrezkoa bada, obrek eragindako lursailetan ureztatze-sistema bat ezarriko da.
D.6.– Erabilera publikoarekin lotutako neurriak.
– Proiektuan bakarrik oinez doazenen zirkulazio ordenatua baimenduko da. Jende gehiago ez joateko, eta Murueta Puntako eta Teilategiko tartean presio gehiagorik ez sortzeko, behar diren neurriak ezarriko dira bizikleten eta bestelako ibilgailu autopropultsatuen edo motor-propultsioa (monopatinak...) dutenen zirkulazioa ekiditeko. Prebentziorako, bisitarien kopurua kontrolatuko da, horrela, beharrezkoa bada, zona horretara jendea joatea ekiditeko. Inolaz ere ez da baimenduko ibilbidearen erabilera intentsiboa. Halaber, behar diren neurriak ezarriko dira bidezidorretik paseatzera eramaten diren txakurrak eta gainerako maskotak lotuta eta/edo etengabe zainduta egon daitezen.
– Bidezidorra modu ordenatuan erabiltzeko, Murueta Puntatik Teilategiraino doan bidezidorrean seinale egokiak jarriko dira, eta, horrela, erabiltzaileak ez dira aterako ezarritako ibilbidetik, eta ez dituzte landareak zapaldu edo kaltetuko. Itxitura eta seinaleen sistema hori handiagoa izango da Murueta Puntan, eta, horrela, ekidin egingo da iparralderantz eta kanalerantz hedatzen den paduren zonan jendea sartzea.
– Ez da egokia hesia jartzea Gernika-Bermeo trenbide-trazadurako bisitariak babesteko, intereseko fauna-espezie jakin batzuentzat hesia zeharkaezina izan baitaiteke. Egokiagoa da trenaren plataformaren eta bidearen artean espazio edo zulo bat geratzea.
D.7.– Hauts-emisioak murrizteko neurriak.
– Lanek irauten duten bitartean, ibilgailuak igaro ondorengo garbiketa-lanak zorrotz kontrolatuko dira, bai jarduketen eraginpean hartutako ingurunean, bai obretara sartzeko guneetan. Ureztapen-sistema bat edukiko da, aldi baterako estali gabe dauden pista eta eremuetarako eta ibilgailuak pasatzean material partikulatua aireratu daitekeen kasuetarako. Gainera, lehorraldietan, hautsa duten lur- eta material-pilaketak ureztatuko dira.
– Obraguneko irteeran ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dira, solidoak biltzeko sistema bati kateatuta. Gailuok egoera onean mantenduko dira obra-faseak dirauen artean.
– Ebazpen honetako D.15 puntuan zehaztutako dokumentazioan adieraziko dira aipatutako elementuen ezaugarriak, kokaleku zehatza eta neurriak.
– Indusketatik ateratako materiala hezetasun-baldintza egokienetan garraiatuko da, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lokatzak eta partikulak barreia ez daitezen.
– Materialak eta ekarkinak aldi baterako metatzeko guneak ibilguetatik ahalik eta urrutien kokatuko dira.
D.8.– Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.
– Lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketa-, eraispen-, zamalan- eta garraio-lanetan, baita erabilitako makineriaren mantentze-lanetan, zaraten eta bibrazioen murrizketan, zarata sortzeko ordutegia mugatzean eta erabilitako ekipoen zaraten kontrolean eta abarrean ere.
– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.
– Bestalde, proiektua garatzean, eraginpeko eremuan obrek sorrarazitako zaratarengatik ez dira gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita daudenak, eta aurreko guztia, dekretu horretako 35.bis artikuluan aurreikusitakoa eragotzi gabe.
– Egunez bakarrik egingo da lan.
D.9.– Hondakinak eta lurrak kudeatzeko neurriak.
– Proiektuaren gauzatze- eta funtzionatze-faseetan zehar sortutako hondakinen kudeaketa Ekonomia zirkularra bultzatzeko eta Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean, eta arautegi zehatzetan xedatutakoaren arabera egingo da.
– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira; hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne, eta, azkenik, deuseztatzea.
– Hondakinak kasu honetan baino ezin izango dira desagerrarazi: behar bezala frogatzen bada horiek balorizatzea bideraezina dela teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik.
– Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdinetako hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.
– Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak bi xedapen hauen arabera kudeatuko dira: 105/2008 Errege Dekretua, otsailaren 1ekoa, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena, eta 112/2012 Dekretua, ekainaren 26koa, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena.
– Hondakindegira bidali beharreko hondakinak, berriz, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
– Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio teknikoaren arabera, proiektuaren obrek iraun bitartean sortutako lur-mugimenduen balantzeak 1.900 m3-ko lur- eta harri- soberakina ematen du, eta hori obren kokalekutik kanpo kudeatu beharko da. Soberakin horiek kudeatzeko, hierarkiaren printzipioari eta hondakinak kudeatzeko hurbiltasunaren printzipioari jarraituko zaie. Hondeatutako material kutsagabe naturalak direnez, ukitutako lursaila morfologikoki leheneratzeko erabiltzea baztertu ondoren betelanetara bota beharrean, balorizatzea lehenetsiko da, honelako lanetarako erabiliz: material horiek behar dituzten gertuko eraikuntza-obrak, erauzketa-jarduerek eragindako lursailak birgaitzeko lanak edo beste espazio degradatu batzuk leheneratzeko lanak. Hala, ez dira ezabatuko betelan-instalazioetan. Horretarako, urriaren 10eko APM/1007/2017 Aginduan –Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzkoa– xedatutakoa izango da aplikatzekoa.
– Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.
– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Orobat, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan hondakinak biltegiratzeari, nahasteari, ontziratzeari eta etiketatzeari buruz ezarritako betebeharrak bete beharko dira, eta itxita egongo dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.
– Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak aldi batean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.
– Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi eta modu irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, baita indarreko araudiaren arabera ere.
– Apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 29. artikuluari eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean biltegiratuko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zoru iragazgaitz baten gainean egon beharko dira, kubo edo ihes eta isuri posibleei eusteko sistemen barruan.
– Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inolaz ere ez da efluente kontrolatu gaberik sortuko, erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.
– Obrak gauzatzean, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak hartu dituzten leku gehiago aurkitzen badira, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela pentsatzeko arrazoi sendoak baldin badaude, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa bete beharko da.
D.10.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.
– Lur-mugimenduak egiten diren obren arkeologia-jarraipen eta -kontrola egin beharko da, egin litezkeen aurkikuntzetan ondare-inpakturik ez sortzeko.
– Hargatik eragotzi gabe Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa, obren kontrol- eta jarraipen-fasean aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala emango zaio horren berri Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailari; hark erabakiko du zer neurri hartu.
D.11.– Paisaia babesteko eta eragindako lekuak leheneratzeko neurriak.
Proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioan jasotako proposamenari jarraikiz egingo dira leheneratze-lanak. Gainera, beste babes- eta zuzenketa- neurri hauek hartuko dira:
– Espezie autoktonoak erabiliko dira landareztatze-lanetan, habitat naturalizatuak sortzen laguntzeko eta inguruko landaredi naturalarekin bat etortzen saiatzeko.
– Obrak eragindako eremu guztietan egingo dira obraren paisaia-integraziorako lanak, bai eta aurkeztutako leheneratze-proiektuan agertu ez arren, obrak bukatzean kaltetu direnak ere.
– Ingurumen-leheneratzean sartuko dira lurraren berroneratze geomorfologikoa eta edafikoa, bai eta landare-estalkia izan dezaketen guneen landareztatzea ere.
– Obrek ukitutako eremu guztietako leheneratze-neurriak obrak egin ahala egingo dira; hala, obrak egin bitartean, birmoldaketa- eta landareztatze-lanak egingo dira.
– Lur-mugimenduek iraun bitartean, landare-lurra kendu, metatu eta bereizita zabalduko da, betiere eragindako eremuen leheneratzea eta landareztatzea errazte aldera.
– Obra kontratatzeko baldintzen agiriak eta aurrekontuek barne hartu beharko dituzte proposatutako landareztatze-jarduketak behar bezala betetzen direla, beharrezkoak diren baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak bermatzeko.
– Ingurua leheneratu ondorengo bi urteetan, hala badagokio, mantentze-lanak egingo dira: lurra aitzurtu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak landareberritu.
D.12.– Jardunbide egokien sistema bat hartzea.
Langileek jardunbide egokien sistema bat beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta hobekien bermatzeko:
– Obrak okupatzen dituen mugak kontrolatzea eta makinek zirkulatzea.
– Mehatxatutako flora- eta fauna-espezieen eta Batasunaren eta eskualdeko intereseko habitaten aleen gaineko eraginak kontrolatzea.
– Hondakin-isurketarik ez egitea, eta olio-isurketen ondorioz edo lurra leku batetik bestera eramateagatik lurzorua eta ura ez kutsatzea.
– Obretan sortutako hondakinak era egokian kudeatzea.
– Proiektuaren eragin-eremuko espezieei zarata eta hautsa direla-eta eragindako eragozpenak ekiditea.
D.13.– Garbiketa eta obra bukatzea.
Obrak bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da, eta proiektuak erasandako eremua obrako hondakinik batere gabe utzi beharko da. Hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, ebazpen honen D.9 apartatuan xedatzen dena aplikatuko da.
D.14.– Ingurumen-aholkularitza.
Obrak amaitu arte eta obra horren bermeak dirauen arte, ingurumen gaietan, kultura-ondarearen zaintzan eta neurri babesle eta zuzentzaileetan, aholkularitza gaitua eduki beharko du Obra Zuzendaritzak, ingurumen-inpaktuaren azterketaren zehaztapenen arabera. Obraren Zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu baldintza-agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion eskumenak erabiliz, aholkulariek txosten bat egingo dute aurrez.
D.15.– Lan-programaren diseinua.
Lanak hasi aurretik, kontratistak proposamen zehatzak egingo ditu azpiapartatu hauetan aipatzen diren alderdiei buruz, gutxienez.
Lanak egiteko programari erantsiko zaizkio proposamen horiek, eta obren zuzendariak berariaz onartuko ditu; aurrez, txosten bat egingo du aurreko apartatuan aipatutako ingurumen-aholkularitzak. Dokumentu hauek bilduko ditu aipatutako programak:
– Lan-eremuetarako sarbideen kokapenaren eta ezaugarrien xehetasuna (xehetasun-kartografia barne): oinplanoa, luzetarako eta zeharkako profilak eta lur-mugimenduak.
– Kontratistaren instalazioen eremuen kokalekuari eta ezaugarriei buruzko xehetasunak, pilaketak behin-behinean biltzeko eremua, makineria-parkeak, instalazioak eta materialak, ibilgailuak garbitzeko eremuak eta beste edozein azpiegitura adierazita.
– Xehetasun-kartografiaren bidez, zehatz-mehatz mugatuko dira Batasunaren intereseko habitatak eta lanak gauzatzeko derrigorrean deuseztatu behar ez diren bertako zuhaitz-aleak.
– Obrak direla-eta paduraren zonari edo ibilgu naturalei ez eragiteko erabiliko diren sedimentuen euste-gailuen kokapena eta ezaugarriak. Aurreikusitako gailuen kokapen zehatza eta neurriak.
– Ibilgailuak garbitzeko gailuen kokapena eta ezaugarriak.
– Obretako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sor daitezkeen hondakinak nola kudeatuko diren islatzen duen plana, honako hauetan xedatutakoaren arabera: Eraikuntza- eta eraispen-lanen hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuaren 5.1 artikuluan, eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 7. artikuluan.
E) Ingurumena Zaintzeko Programa.
Sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera gauzatuko da Ingurumena Zaintzeko Programa, eta ondoren zehaztuko diren beste kontrol hauek ere erantsi behar zaizkio.
Programa hori obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartuta egon behar da, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontuaz hornituko da.
E.1.– Gorabeheren erregistroa.
Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta babes- eta zuzenketa-neurrien betetze-mailarena ere. Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren eskura egongo da erregistroa, hark ikuskatzeko, eta, nolanahi ere, lanak amaitutakoan, hari bidaltzeko. Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira aipatutako aldaketak.
E.2.– Obraren okupazio-mugen kontrola.
Egiaztatuko da lanen eremua proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela; obrek ez dute hartuko aurreikusitako azalera baino eremu handiagorik.
E.3.– Intereseko habitaten eta espezieen kontrola.
Albo batera utzi gabe organo eskudunak babestutako espazio naturalen kudeaketaren inguruan zehazten duena, Natura 2000 Sarearen kontserbazio-egoeraren jarraipena egingo da:
– Gaur egungo kontserbazio-egoeratik abiatuta eta Natura 2000 sarearen kudeaketa-prozedurak aplikatzeko erreferentzia-dokumentuetan estandarizatutako jarraipen-irizpideak aplikatuta, habitaten eta taxonen egungo egoerarekiko gertatzen diren aldaketak ebaluatuko dira.
– Kontserbazio-egoera gerora ere aldian behin ebaluatu beharko da prozedura estandarizatu batzuen bidez, hartara emaitzak alderatu ahal izateko Natura 2000 sareko Euskal Autonomia Erkidegoko beste lekuetan izandako emaitzekin eta sare osoaren kontserbazio-egoera zehaztu ahal izan dadin. Prozedura horiek habitat nahiz espezie bakoitzerako edo talde taxonomiko nahiz bestelako taxon-talde jakinetarako berariaz eginak izan litezke, betiere gero espezieak zein bere aldetik ebaluatzeko aukera ematen badute.
E.4.– Uren kalitatearen kontrola.
– Obrek lurrazaleko ur-ibilguen eta lurpeko uren gainean sor ditzaketen eraginak zehazteko, lanak egin aurretik, kalitate fisikokimikoa eta egoera ekologikoa zehaztuko dira eraginpeko ur-masetatik ibaian gora eta ibaian behera, ingurumen-inpaktuaren azterketaren proposamenarekin bat etorriz.
– Obrak egin bitartean, eta aurreko epigrafean adierazitako puntu berberetan, uraren kalitate fisikokimikoaren kontrolak egingo dira astero, obrak aipatutako ur-puntuen eragin-eremuan egiten ari direnean, eta jarduketa aurreko egoeran ezarritako parametroak zehaztuko dira.
– Oro har, ur-ingurunera isurketak egin litezkeen obra-lekurik izanez gero, D.14 apartatuan aurreikusitako ingurumen-aholkularitzak egiaztatu egingo du solidoak atxikitzeko gailuek ondo funtzionatzen dutela. Horrez gain, ibaira material xeheak bota diren aztertuko du, euriteetan batez ere.
– Sistema horien funtzionamendua eraginkorra ez dela ikusten bada, beharrezkoak diren neurriak hartuko dira, kaltea sortzen duten zuloetan lanak aldi baterako gelditzea barne, material esekiz betetako urak lur gaineko ur-ibilguetara iritsi ez daitezen.
E.5.– Ibilbide berriaren erabilera publikoa kontrolatzea.
Obra bukatu eta hurrengo bi urteetan, bisitarien kopurua kontrolatuko da, horrela, beharrezkoa bada, zona horretara jendetza joatea mugatzeko. Halaber, egiaztatu beharko da ezarritako neurriak betetzen direla eta bakar-bakarrik oinezkoei baimentzen zaiela bertan ibiltzea.
E.6.– Leheneratzearen arrakasta kontrolatzea.
Obra amaitu ondorengo bi urteetan, proiektuak eragindako guneak leheneratzeko prozesuaren arrakastaren jarraipena egingo da aldian-aldian.
E.7.– Ingurumena Zaintzeko Programaren dokumentu bategina.
Ingurumena Zaintzeko Programaren dokumentu bategina egin beharko du sustatzaileak, eta bertan bilduko ditu ingurumen-inpaktuaren adierazpenean proposatutako betebeharrak eta proiektuaren ingurumen-txostena formulatzeko ebazpenean finkatutakoak. Programa horretan, kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira; horrez gain, laginak hartzeko eta azterketa egiteko metodologia, kontrol-puntuen kokapenari buruzko kartografia xehatua, haien maiztasuna eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren gaineko xehetasunak ere jasoko dira.
E.8.– Ingurumena Zaintzeko Programaren emaitzak bidaltzea.
Ingurumena Zaintzeko Programaren barruko txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu beharko dira, eta Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari organo substantiboaren bidez bidaliko zaizkio. Bidalketa instalazio- eta desinstalazio-obrak amaitu ondoren eta leheneratzearen bermealdiaren amaieran egingo da.
Ingurumena Zaintzeko Programaren emaitzekin batera, ingurumen-gaietan espezializatutako erakunde batek egindako txostena ere aurkeztu behar da. Txosten horretan emaitzen analisia jasoko da, epe horretan izandako gertakari nagusiak bereziki aipatuta, haien kausa eta konponbideak eta, halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aldez aurretik egin ez bada.
Proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez, gutxienez, eta datu horiek administrazio publikoen ikuskapen-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarria den araudia betetzeko.
Halaber, Ingurumena Zaintzeko Programaren emaitzak jendaurrean erakutsiko ditu organo substantiboak bere egoitza elektronikoan.
F) Baldin eta araudi berria indarrean jartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala eginarazten badute, babes- eta zuzenketa-neurriak eta Ingurumena Zaintzeko Programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai eta neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan ere. Ingurumen-organoak, era berean, alda ditzake babes- eta zuzenketa-neurriak eta Ingurumena Zaintzeko Programa, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz. Hori guztia, Ingurumena Zaintzeko Programan lortutako emaitzetan oinarrituta, edo ingurumen-inpaktuak saihesteko ezarri diren babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak nahikoa ez direla egiaztatzen bada.
G) Ebazpen honen aurreko apartatuetan ezarritakoa alde batera utzi gabe, jarraian aipatzen diren agiriak helarazi beharko zaizkio ingurumen-organo honi, espedientean sar ditzan. Dokumentazio hori Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzara bidali beharko du organo substantiboak:
G.1.– Obrak amaitu eta bi hileko epea igaro baino lehen, obrak amaitzen direnean zenbatzen hasita, hondeaketa-soberakinen eta hondakinen ingurumen-jarraipenari dagozkion txostenak.
G.2.– Obrak amaitu eta bi hileko epea igaro baino lehen, obrak garatu bitartean sortutako gorabeheren erregistroa, babes- eta zuzenketa-neurriak noraino bete diren jasoko duena, ebazpen honen E.1 apartatuan aurreikusitakoaren arabera.
Hirugarrena.– Lau urteko epea jartzen da proiektua gauzatzen hasteko, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igaro eta proiektua gauzatzen hasi ez bada, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honi amaitu egingo zaio indarraldia, eta utzi egingo dio dagozkion ondorioak sortzeari. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren izapidea, non eta ez den erabakitzen ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren indarraldia luzatzea. Hori guztia, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 78.5 artikuluan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin.
Laugarrena.– Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari, organo substantiboaren bitartez, zer egunetan hasiko den proiektua gauzatzen.
Bosgarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzari.
Seigarrena.– Ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko uztailaren 10a.
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.
RSS