Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

150. zk., 2023ko abuztuaren 8a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
3850

AGINDUA, 2023ko uztailaren 27koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira gizarte-ekonomian ekiteko laguntzen deialdirako oinarriak eta laguntza horien deialdia egiten baita 2023. urterako.

Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak azken 25 urteetan gizarte-ekonomiako enpresak sustatu eta babesten lortu dituen emaitzak aztertuta, hiru une ezarri dira, non laguntza publikoak bereziki eraginkortzat jotzen diren gizarte-ekonomia hedatzeko: bereziki, gizarte-ekonomiako enpresen sorrera bera azpimarratu behar da, kalitatezko enpleguak sortzen baitituzte. Baliabide ekonomikoen % 75 atal horretara bideratzen da. Gainerako zenbatekoa enpresa bere horretan eratu aurreko fasearen eta enpresa sortu berria bere lehen urteetan mantentzeko fasearen artean banatzen da.

2022aren aldean sartutako berrikuntzen artean azpimarratzekoa da, lehenik eta behin, gizarte-ekonomiaren forma juridikoarekin eratu izanagatik dirulaguntza jaso dezaketen enpresen hedapena: lan elkartukoak izan gabe beren lehen jarduera-urtean lan-bazkideren bat sartu duten lan-sozietateak edo kooperatibak.

Lurralde-sustapen planifikatuko ereduaren izaera eta zenbatekoa ere argitu dira; Lanbideko orientatzaileentzako eta Lanbide Heziketako, institutuetako eta unibertsitateetako aholkularitza-zerbitzuentzako prestakuntza-jarduerak aurreikusi dira. Azkenik, gizarte-ekonomiako enpresek beren lehen bost urteetan aurkitzen dituzten oztopoen diagnostikoa egin da, gizarte-ekonomian ekiteko aginduko hurrengo deialdiak diseinatzerako orduan gida moduan erabil dadin.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan ezarritakoa betez, deialdi hau Lan eta Enplegu Sailaren 2023. urterako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan aurreikusita dago (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/lan-enplegu-saila/ webgunean dago argitaratuta plan hori).

Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2023. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legea onartu ostean, deialdia finantzatzeko aurrekontu-kreditu nahikoa dagoela egiaztatuta eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak adierazitakoa kontuan hartuz, Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 7/2021 Dekretuak ematen dizkidan eskumenak baliatuz, hauxe

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da onartzea gizarte-ekonomian ekiteko Eusko Jaurlaritzak, Lan eta Enplegu Sailaren bidez, emango dituen laguntzen deialdirako oinarriak eta, halaber, laguntza horien 2023. urterako deialdia egitea. Agindu honetan aurreikusitako laguntzak 3 kapitulu bereizitan banatzen dira:

II. kapitulua: Gizarte-ekonomiako enpresak sortzen lagunduko duen ekosistema bat sortzeko laguntzak.

III. kapitulua: Gizarte-ekonomiako enpresak eratu eta sustatzeko laguntzak.

IV. kapitulua: Oraintsu sortutako gizarte-ekonomiako enpresak finkatzeko laguntzak.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Agindu honen xedea betetzeko, hiru milioi ehun eta laurogeita hamabost mila (3.195.000) euro bideratuko dira.

2.– Aurreko zenbakian jasotako zenbateko orokorra honela banatzen da:

– II. kapituluaren xedea betetzeko, laurehun eta laurogei mila (480.000) euroko gehieneko kopurua erabiliko da guztira, honela banatuta: hirurehun eta laurogeita lau mila (384.000) euroko ordainketa-kreditua 2023ko ekitaldirako, eta laurogeita hamasei mila (96.000) euroko konpromiso-kreditua 2024ko ekitaldirako.

– III. kapituluaren xedea betetzeko, bi milioi laurehun eta hogei mila (2.420.000) euroko gehieneko kopurua erabiliko da guztira, honela banatuta: milioi bat bederatziehun eta hogeita hamasei mila (1.936.000) euroko ordainketa-kreditua 2023ko ekitaldirako, eta laurehun eta laurogeita lau mila (484.000) euroko konpromiso-kreditua 2024ko ekitaldirako.

– IV. kapituluaren xedea betetzeko, berrehun eta laurogeita hamabost mila (295.000) euroko zenbatekoa bideratzen da, osorik 2023ko ekitaldiari lotuta.

3. artikulua.– Onuraduna izateko betekizun orokorrak.

1.– Deialdian agertzen diren laguntzak eskuratzeko, ezinbestekoa da ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. zenbakietan aurreikusitako inolako debeku-egoeratan.

2.– Batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan jarduten duten erakundeek eskuratu ahal izango dituzte agindu honetako dirulaguntzak, betekizun orokor hauek betez gero:

a) Aurkeztutako eskabidearen gaineko ebazpena eman aurretik, ekonomia-jardueren gaineko zergan alta hartuta egotea, eta, hala badagokio, Gizarte Segurantzan inskribatuta.

b) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak betetzea. Era berean, hala badagokio, egunean izan beharko dituzte dirulaguntzen itzulketa-betebeharren ordainketak.

c) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zehapen penal edo administratiborik ez izatea, edo ez egotea horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean.

d) Laneko segurtasunari eta osasunari buruzko arauek ezarritako betekizunak betetzea, Prebentzio Zerbitzuen Arautegia onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuak xedatutakoaren arabera.

e) Xede eta helburu bererako beste laguntzarik eskatu bazaio administrazio honi edo beste administrazio publikoren bati, erantzukizunpeko adierazpen batean adieraztea eta eskabidea zer egoeratan dagoen ere zehaztea (eskatuta, izapidetzen edo emanda).

f) Berdintasun-plan bat izatea indarrean, estatuko araudiaren arabera nahitaezkoa bada. Era berean, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitu eta eragozteko neurriak izatea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan estatuak ezarrita dituen legeen arabera.

g) 50 bazkide baino gehiago dituzten kooperatiba-sozietateen kasuan, bitarteko espezifikoak jartzea kooperatiba indarkeria sexistarik gabeko eremua izan dadin.

3.– Artikulu honetan jasotako betebehar guztiek beteta egon beharko dute eskabidea egiten den unean eta ordainketak egiten diren unean.

4. artikulua.– Erakunde eskatzaileen betekizunak egiaztatzea.

1.– Eskabidearekin batera aurkeztuko duten erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, erakunde onuradunek adierazi behar dute bete egiten dituztela aurreko artikuluan zehazten diren betekizunak, baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan adierazitako gainerako betekizunak ere. Dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena baino lehen, gehienez ere 15 eguneko epean, adierazpenean aipatutako betekizunak betetzen direla egiaztatzeko dokumentazioa aurkezteko eskatuko da, horiek positiboki egiaztatzea posible den kasuetan.

2.– Eskabidea aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzari automatikoki egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak betetzen dituela, salbu eta berariaz ukatzen badu baimen hori. Kasu horretan, erakunde onuradunak Ogasuneko eta Gizarte Segurantzako agintaritza eskumendunek igorritako dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu. Betebehar horiek egunean izatea nahitaezkoa da onuradun izateko eta onuradun gisa jarraitzeko, harik eta onartutako dirulaguntza likidatu arte; horrenbestez, dirulaguntza emateko unean eta ordainketak egiteko unean, egiaztatu egingo da ea betetzen diren betebehar horiek.

3.– Eskabideetan aukera egongo da laguntza jaso duen erakundeak esanbidez uka dezan datuak edo dokumentuak organo kudeatzaileak lortzea edo egiaztatzea, hargatik eragotzi gabe administrazio publikoek esleituta dauzkaten egiaztatze-, kontrol- eta ikuskatze-ahalmenak betetzea. Kasu horretan, erakunde eskatzaileak berak aurkeztu beharko ditu eskatutako nahitaezko agiriak.

5. artikulua.– Bitarteko elektronikoen erabilera.

1.– Agindu honetan jasotako laguntzen eskabidea izapidetzeko, bitarteko elektronikoak erabiliko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoarekin bat eginez.

2.– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa honako helbide hauetan dago eta, bertan, eskuragarri daude izapide-jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak, bai eta eskabideak egiteko formularioetarako lotura ere:

II. kapitulua – Gizarte-ekonomiako enpresak sortzen lagunduko duen ekosistema bat sortzeko laguntzak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1217906

III. kapitulua – Gizarte-ekonomiako enpresak eratu eta sustatzeko laguntzak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1217907

IV. kapitulua – Oraintsu sortutako gizarte-ekonomiako enpresak finkatzeko laguntzak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1217908

3.– Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta»ren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

5.– Prozedura guztia ordezkari baten bidez izapidetu ahalko da, eta, horretarako, ordezkaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko Ahalordeen Erregistroan izena eman beharko du, honako helbide honen bidez: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

6. artikulua.– Eskabideen aurkezpena: modua eta epea.

1.– Eskaerak 5.2 artikuluan aipatzen den egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen eskabide normalizatu baten bidez egingo dira.

2.– Eskabideak aurkezteko epea 2023ko irailaren 30ean amaituko da (egun hori barne).

3.– Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta agiriak, aukeran. Orobat, prozeduran zehar, pertsona edo erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

7. artikulua.– Eskabidean egindako hutsak zuzentzea.

1.– Dirulaguntzen eskabideen termino guztiak beteta ez badaude, edo beharrezko dokumentazioarekin batera ez badatoz, erakunde eskatzaileari eskatuko zaio akatsa konpon dezala edo beharrezko dokumentuak gainera ditzala, hamar eguneko epean, eta jakinaraziko zaio hori egiten ez badu atzera botako zaiola eskabidea. Administrazioak eskabide horri buruzko berariazko ebazpena eman beharko du, eta ebazpen hori jakinarazi, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

2.– Erakunderen batek eskabidea aurrez aurre aurkeztu nahi izango balu, bide elektronikoz aurkeztu beharra dagoela adieraziko zaio. Ondorio horietarako, eskabidea bide hori erabiliz aurkezten den eguna hartuko da aurkezpen-datatzat.

8. artikulua.– Dirulaguntzak esleitzeko prozedura.

1.– Banan-banan aztertuko dira, 1. artikuluan adierazitako hiru kapituluen arabera, agindu honetan xedatutako baldintza guztiak betetzen dituzten laguntza-eskabideak. Kapitulu bakoitzera bideratutako baliabide ekonomikoa nahikoa bada erakunde onuradunen eskabideei erantzuteko, agindu honetan zehaztutako parametroen araberako zenbatekoa emango da.

2.– Deialdiari esleitutako baliabide ekonomikoen hornidura nahikoa izango ez balitz, 2.2 artikuluko kapituluetan zerrendatutako nahitaezko baldintza guztiak betetzen dituzten eskabide guztiei erantzuteko, honela jokatuko da:

– Ebazpen positibo guztiak asetzeko adinako baliabideak dituzten kapituluak autonomoki ebatziko dira.

– Ondoren, dagoeneko ebatzitako kapituluetan soberako saldorik ote dagoen egiaztatuko da eta, halakorik badago, saldo horiek funtsik gabeko kapituluetara bideratuko dira, hasiera batean kapitulu bakoitzera bideratutako guztizkoekiko proportzioan banatuta.

– Hala eta guztiz ere, dauden baliabide ekonomikoak hasiera batean aipatutako parametroen arabera kalkulatutako zenbatekoak emateko adinakoak ez badira, zenbateko horiek murriztuko dira, eskabideen artean hainbanaketa bakar bat aplikatuz, banan-banan, kapitulu bakoitzerako.

9. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak bateragarri dira, xede eta helburu berarentzako, beste edozein administrazio edo erakunde publikok emandakoekin.

2.– Dirulaguntzak beste lurralde-administrazio batzuetatik edo haien mendeko erakunde publikoetatik datozenekin uztartzen badira, horien baturak ondoz ondo 20., 25. eta 32. artikuluetan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa gainditzen badu, soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta Lan eta Enplegu Sailak eman beharreko laguntza murriztuko.

3.– Laguntza-agindu honetako jardueren bateraezintasun-araubidea era egokian aplikatzeko, honako berezitasun hauek hartuko dira kontuan:

a) 22.1 artikuluan jasotako jarduera diruz lagungarriari dagokionez, langabeziagatiko prestazioak, ordainketa bakarreko modalitatean (langabezia-kapitalizazioa), ez dauka arau honen xede eta helburu bera.

b) 25.1 artikuluan jasotakoaren arabera eman beharreko zenbatekoa zehazteko, eta 22.1 artikuluko jardueraren dirulaguntza beste lurralde-administrazioetatik edo haien mendeko erakunde publikoetatik datozen helburu eta xede bereko laguntzekin uztartzen bada, eta horien baturak bazkide langileek edo lan-bazkideek harpidetutako kapitalaren guztizkoa gainditzen badu, agindu honen 25.1.c) artikuluak aipatutakoaren arabera, soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta Lan eta Enplegu Sailak eman beharreko laguntza murriztuko da. Administrazio honek gehienez ematen duen dirulaguntzak ez du inoiz 30.000 euroko muga gaindituko eratutako erakunde bakoitzeko.

c) 22.2 artikuluko jarduera ez da bateragarria izango honako honek arautzen dituen laguntzekin: Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuaren Agindua, zeinaren bidez onartzen baitira Euskadiko Gizarte Ekonomiako enpresetan asistentzia teknikoa emateko laguntzen deialdirako oinarriak (Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak kudeatzen du).

d) 29. artikuluan jasotako jarduerekin lotuta, 29.1.a) eta 29.1.b) zenbakietan deskribatutako jarduerak bateragarriak dira beraien artean, eta metatu egin ahalko dira.

10. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak eta publikotasun-prozedura.

1.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritza izango da agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Gizarte Ekonomiaren zuzendariak emandako ebazpen bakar baten bidez eman edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak. Ebazpen bakar hori eskatzaileei banaka jakinaraziko zaie, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera.

Ebazpen horrek ez dio bukaera emango administrazio-bideari; horrenbestez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeari, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

3.– Agindu honen babesean egindako eskabideak espresuki ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izango da gehienez, aginduak ondorioak dituenetik aurrera. Epe horretan ez bada ebazpen espresurik eman eta jakinarazi, eskabideak ezetsi direla ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako. Edonola ere, ez da eragotziko administrazioak berariaz ebazteko duen betebeharra.

4.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak erakunde onuradunei ematea eta, hala badagokio, ordaintzea, baldintzapean geratuko da; hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo dirulaguntzen esparruan hasita dauden baina oraindik bideratzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak amaitzearen baldintzapean.

5.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, hau argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren ebazpenaren bidez: alde batetik, agindu honen babesean dirulaguntza zer erakundek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zer erakunderi aldatu zaizkien emandako dirulaguntzak. Nolanahi ere, ebazpena espresuki eta banan-banan ere jakinarazi ahal izango da.

11. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein baldintza aldatuz gero –haren helburua betetzat jotzen bada, betiere–, eta, hala dagokionean, beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuetatik beste laguntza edo dirulaguntza batzuk eskuratzen badira, edota helburu bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Ondorio horietarako, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak aldaketa egiteko ebazpena emango du, zeinaren bidez, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokitu egingo baitira, eta pertsona onuradunek itzuli egin beharko dituzte neurriz gain jasotako zenbatekoak.

12. artikulua.– Ez-betetzeak eta erantzukizunak.

1.– Erakunde onuradunak ez baditu betetzen dirulaguntzak emateko ebazpenean ezarritako arauak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarriko arauak eta aplikagarri diren gainerako arauak; edo aurkeztu dituen datuak faltsuak badira; edo emandako dirua helbururako erabili beharrean beste zerbaitetarako erabili badu; orduan, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak berariaz horretarako hasitako espedientea izapidetuko du, eta erakunde interesdunari hamabost eguneko entzunaldia eskainiko dio, eta, ondoren, hala badagokio, onuradunak dirulaguntza galduko du, eta, bi hileko epean, ordura arte jasotako dirulaguntzak (osorik edo zati bat) eta legez dagozkion berandutze-interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari. Horrez gain, legez egin daitezkeen gainerako egintzak ere egingo dira. Hori guztia halaxe izango da hauek oinarri hartuta: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoa.

2.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.2 artikuluan ezarritakoa aintzat hartuta, ez-betetzeen maila zehazteko, eta beti proportzionaltasun-printzipioa betez, erakunde onuradun batek hasieran aurkeztutako aurrekontuaren % 60 gutxienez gauzatzen duenean, itzuli egin beharko du gauzatu gabeko jarduerari dagokion zenbatekoa edo, hala badagokio, ordainketa partziala egingo zaio eta galdu egingo du gauzatu ez duen jarduketari dagokion zati proportzionala kobratzeko eskubidea, betiere proiektuaren edo proiektuko fasearen helburuen betearazpena nabarmen inguratzen bada erabateko betetzera eta egiaztatzen bada erakunde onuradunak nabarmen jardun duela bere konpromisoak betetzeko asmoz.

3.– Hauek dira dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboak: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren IV. tituluan tipifikatutako ekintzak eta ez-egiteak; eta zehagarriak dira, zabarkeria arin gisa bada ere. Dirulaguntzen gaineko arau-hauste horiek zehatzeko, diru-zehapenak jarriko dira, eta, hala badagokio, diruzkoak ez diren zehapenak ere bai.

13. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Arau aplikagarriak betetzen ez diren kasuetan, emandako dirulaguntza itzultzeko prozedura honako hau izango da:

1.– Gizarte Ekonomiaren zuzendariak laguntza jaso duen erakunde onuradunari jakinaraziko dio prozedura hasi dela eta zein izan diren horretarako arrazoiak, eta 15 egun balioduneko epea emango dio, egoki jotzen dituen alegazioak aurkez ditzan.

2.– Alegazioak jaso ondoren, edo horretarako epea igaro eta alegaziorik egin ez bada, Gizarte Ekonomiako zuzendariak ebazpena emango du, eta horren bitartez adieraziko du, hala badagokio, dagozkion diru-kopuruak itzuli behar zaizkiola Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, ebazpena jakinarazten denetik gehienez bi hilabeteko epean. Epe hori borondatezko epetzat hartuko da.

3.– Itzulketa-prozedura ebazteko gehieneko epea hamabi hilabete izango da.

4.– Borondatezko aldian ez itzultzea Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun Saileko Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzari jakinaraziko zaio, legezko araudi aplikagarrian xedatutakoari jarraikiz ekin diezaion premiamendu-bidetik.

14. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Erakunde onuradunen betebeharrak izango dira, oro har, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan ezartzen direnak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14.1 eta 46. artikuluetan jasotakoak, eta, bereziki, honako hauek:

a) Beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutatik xede bererako beste dirulaguntzaren bat edo beste laguntzaren bat jaso badute, horren berri ematea Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari.

b) Dirulaguntza emateko orduan kontuan hartutako edozein egoera objektibo zein subjektibo aldatu bada, horren berri ematea Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari.

c) Gorabeheraren batek nabarmen eragiten badio diruz lagundutako jardueren xedeari edo izaerari, horren berri ematea Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren organismo autonomoek, edo zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sozietate publikoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan itzultzeko edo zigortzeko prozeduraren bat hasi bada eta oraindik bideratzen ari bada, horren berri ematea Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari.

e) Erakunde onuradunak jasotako dirulaguntzaren zenbatekoaren berri ematea erakundeen urteko kontuen memorian.

f) Laguntza ematen duen erakundearen egiaztatze-jarduketen mende geratzea, eta, laguntza edo dirulaguntza Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura eskuratzen denean, Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jarduketen mende ere geratzea, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudian aurreikusten diren jarduketez gain.

15. artikulua.– Datuak babestea.

Agindu hau aplikatuz jasotzen diren datu pertsonalak Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako araudian xedatutakoaren arabera tratatuko dira.

II. KAPITULUA
GIZARTE-EKONOMIAKO ENPRESAK ERATZEN LAGUNTZEKO ETA ONDOREN HORIEK FINKATZEKO EUSKAL SARE PUBLIKO-PRIBATUA SUSTATU ETA INDARTZEKO LAGUNTZAK

16. artikulua.– Dirulaguntza izan dezaketen jarduerak.

Kapitulu honen ondoreetarako, diruz lagun daitezkeen jarduerak honako hauek direla ulertuko da:

a) Ideien lehiaketak diseinatzea eta egitea, gizarte-ekonomian espiritu ekintzailea sustatzeko eta enpresaren kultura zabaltzeko.

b) Gizarte-ekonomiako ereduaren preskriptoreen sarea optimizatzea eta osatzea, ekintzailetza kolektiborako ibilbideetan «sartzeko ate» izan daitezen tresnak (informazioa eta ezagutza) emanez. Honako hauek joko dira diruz laguntzeko moduko ekintzatzat:

1) Informazio eta prestakuntzako saioak egitea Lanbideko zentroetan, prestakuntza presentzial eta birtualeko eskuliburuekin, langileentzat.

2) Gizarte-ekonomiako ereduak indarrean jartzeko proposamenak egitea LH, Institutu eta Unibertsitateko zentroetako orientazio-zerbitzuetan, inplikatutako agenteekin aztertuz nola eman dakiokeen presentzia handiagoa Gizarte Ekonomiari Urrats bat eta Ikasenpresa bezalako programetan eta graduondoetan.

3) Gizarte-ekonomiako ereduei balioa ematea indartzeko jarduerak, lurraldeko agenteen artean (tokikoak, eskualdekoak, aldundikoak, BICak) eta ekintzailetzari lotutako beste agente batzuen artean (merkataritza-ganberak, aholkularitza-etxeak, banku-fundazioak).

4) Transformazio-, ondorengotza- eta birmoldaketa-prozesuak goiz detektatzeko antena mantentzeko jarduerak, preskriptoreen sarearen informazioan oinarrituta.

c) Gizarte-ekonomiako enpresen lurralde-sustapen planifikaturako urteko jarduera-plana egin, garatu eta betetzea, inguruko hezkuntza-erakundeen nahiz eskualdean oinarritutako lurralde-eremuan finkatutako enpresen partaidetza duten erakundeek eginda, ahal dela gizarte-ekonomiakoak.

17. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– 16.a) eta 16.b) artikuluko jardueretarako: beren helburu sozialen artean gizarte-ekonomiako enpresak sustatzea eta eratzea duten gizarte-ekonomiako enpresen elkarte-erakundeak eta enpresa-lankidetzarako egiturak edo taldeak, beren jardueren esparruan, gutxienez, bi urteko eskarmentua dutenak.

2.– 16.a) eta 16.c) artikuluko jardueretarako: helburu soziala kooperatiba edo lan-sozietateen eraketa sustatzea duten pertsona juridikoak, irabazi-asmorik gabekoak badira, edo haien jabetza batik bat irabazi-asmorik gabeko erakundeen esku bada (hemendik aurrera, erakunde sustatzaileak).

18. artikulua.– Lurralde-sustapen planifikaturako jarduera-planaren edukia.

16.c) artikuluan aipatzen den jarduera-planak nahitaez jaso beharko ditu honako eduki hauek:

– Helburu kuantitatiboak, gizarte-ekonomiako enpresak eratzeko sustapenari buruzkoak, eta, hala badagokio, gizarte-ekonomiako enplegu asoziatiboa sortzekoak.

– Gizarte-ekonomiako enpresak sustatzeko plangintzan jasotakoa gauzatzeko behar diren gastuak, finantzaketa zehaztuta, eta barne direla xedea lortzeko atzerriko erakundeekiko lotu behar izan diren harremanetatik eratorritako gastuak.

– Enpresa-jardueran arituko diren pertsonei etorkizuneko proiektuekin lotutako prestakuntza teknikoa emango dieten hezkuntza-erakundeen berariazko lankidetza edukitzea.

Gizarte-ekonomiako enpresa edo erakundeek lurralde-sustapeneko urteko planean parte hartzen dutela bermatzea, etorkizuneko proiektuei estaldura eman badiezaiekete. Proiektu bakoitzerako, planean zehaztu behar da laguntzaren nondik norakoa eta parte-hartze horren finantza-arloko edo beste edozein arlotako inplikazio-maila.

19. artikulua.– Nahitaezko dokumentazioa.

1.– Agindu honetan jasotako onurak eskuratu nahi dituzten erakundeek, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera:

a) 16.a) eta 16.b) jardueretarako: agindu honetan aurreikusitako laguntzak eskuratzeko eskabideekin batera, memoria bat aurkeztu beharko da, non aurreikusitako jarduerak egiteko arrazoiak eta helburuak zehaztuko baitira. Memoria horrek nahitaez jaso behar ditu honako hauek:

– Giza baliabideak eta baliabide materialak.

– Aurkeztutako proiektuaren partiden gutxi gorabeherako aurrekontua eta aurrekontu zehatza.

– Diruz lagundu daitekeen jardueraren garapen-egutegi deskribatzailea.

– Aurkeztutako proiektuak finantzatzeko plan xehatua.

– Programaren erakunde laguntzaileen zerrenda, halakorik badago.

b) 16.c) artikuluko jardueretarako:

– Jarduketa-plana, agindu honetako 18. artikuluan ezarritako baldintza eta eskakizunekin.

– Lurraldeko hezkuntza-erakundeen egiaztagiriak, eta erakunde horiek proiektuan duten inplikazioaren frogagiria.

– Etorkizuneko proiektuei babesa emateko gai diren gizarte-ekonomiako enpresa edo erakundeek proiektuan duten parte-hartzeari buruzko egiaztagiria.

2.– Hala badagokio, Gizarte Segurantzako TC1 eta TC2 ereduen kopia, proiektua garatu den hilabeteei dagokiena, jardueran parte hartzen duten langileak TC2 ereduan identifikatuz. Enpresaren edo erakundearen legezko ordezkaritzaren ziurtagiri bat aurkeztuko da, partaideek diruz lagundutako proiektuan duten partaidetzaren ehunekoari buruz.

20. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta dirulaguntzaren zenbatekoa eta mugak.

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatutakoaren arabera, diruz lagundutako proiektua egiteko beharrezkoak diren gastuak izango dira diruz laguntzeko moduko gastuak. Eskabidearekin batera aurkeztutako aurrekontu-plangintzan oinarrituko dira gastu horiek, eta Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak baliozkotuko eta onartuko du plangintza.

2.– Hauek izango dira dirulaguntzaren zenbatekoak eta aplikatuko diren mugak:

a) 16.a) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jardueretarako: jardueraren kostuaren % 75; erakunde onuradun bakoitzak, gehienez, 35.000 euro jaso ahal izango ditu.

b) 16.b) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jardueretarako: jardueraren kostuaren % 85; jarduera diruz lagungarri bakoitzak, gehienez, 10.000 euro jaso ahal izango ditu.

c) 16.c) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jardueretarako: jardueraren kostuaren % 75; erakunde onuradun bakoitzak, gehienez, 60.000 euro jaso ahal izango ditu.

3.– Diruz lagundu ahal izango dira enpresaren edo erakunde onuradunaren berezko langileei egotz dakizkien gastuak, baldin eta esku-hartzaileek diruz lagundutako jarduerak garatzen zuzenean parte hartzen dutela eta horretarako trebakuntza dutela egiaztatzen bada. Kasu horretan, barneko langileen ordainsariak egotzi ahal izango dira, onartutako jardueran aritutako denboraren proportzioan.

21. artikulua.– Ordaintzeko modua.

Kapitulu honetan adierazitako dirulaguntzak ordaintzeko, formula hau aplikatuko da:

a) Lehenengo ordainketa batean, dirulaguntza osoaren % 80 ordainduko da, dirulaguntza esleitu ostean, dirulaguntza emango dela jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera hamabost egun igarotakoan, betiere esanbidez uko egin ez bazaio.

b) Bigarren ordainketa batean % 20 ordainduko da, honako dokumentu hauek aurkeztu ondoren:

– 16.a) eta 16.b) artikuluko jardueretarako:

• Egindako jardueren eta lortutako emaitzen justifikazio-memoria.

• Memoria ekonomikoa, jardueraren gastuen eta inbertsioen zerrenda sailkatua jasotzen duena. Dirulaguntza aurrekontu zenbatetsi baten arabera ematen bada, izandako desbideratzeak adieraziko dira. Egindako gastuaren egiaztagiriak jatorrizko fakturak edo fotokopia konpultsatuak izango dira.

• Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera eta dirulaguntza batzuen zerrenda, zenbatekoa eta jatorria adierazita.

– 16.c) artikuluko diruz laguntzeko moduko jardueretarako: egindako sustapen-jardueraren urteko aldiari buruzko memoria xehatua, non berariaz jasoko baitira egindako jarduera osoa, bai gizarte-ekonomiako erakundeen sustapena, bai, hala badagokio, hedapen-jardueratik eratorritakoak ez diren beste batzuk, eta egindako gastuaren justifikazio-dokumentazioa, jatorrizko fakturak edo fotokopia konpultsatuak aurkeztuta.

III. KAPITULUA
GIZARTE EKONOMIAKO ENPRESAK ERATU ETA SUSTATZEKO LAGUNTZAK

22. artikulua.– Dirulaguntza izan dezaketen jarduerak.

Kapitulu honen ondoreetarako, diruz lagun daitezkeen jarduerak honako hauek direla ulertuko da:

1.– Gizarte-ekonomiako enpresak eratzea. Agindu honen ondorioetarako, gizarte-ekonomiako enpresatzat hartuko dira lan-sozietateak eta lan elkartuko kooperatiba-sozietateak, bai eta beste mota batekoak izanik lan-bazkideekin eratzen diren kooperatibak ere.

Gizarte-ekonomiako enpresen eraketatzat hartuko dira, halaber, lehendik dauden enpresa-jarduera duten erakundeak gizarte-ekonomiako enpresa bihurtzen diren kasuak, bai eta nekazaritza- eta elikagaigintza-kooperatibak eratzen diren kasuak ere.

2.– Gizarte-ekonomiako enpresa bat eratzearekin zuzenean lotuta dauden sustapen-ekintzak egitea, osteko jarraipena eta enpresa-kudeaketarako doako aholkularitza barne direla, enpresaren jarraipena sustatzeko eta horri eusteko helburuarekin, enpresa inskribatu eta urtebeteko epean.

3.– 2023an, honako azterlan hauek egitea, gizarte-ekonomiako enpresa bat sustatzeko helburuarekin:

a) Honako ezaugarri hauek dituzten sozietate anonimoen edo mugatuen ekonomiaren eta finantzen bideragarritasunaren azterlana egitea: gero eta galera-maila handiagoa izatea, negozio-bolumena murriztea, izakinak gehitzea, gehiegizko gaitasuna, autofinantzaketarako marjina gordina gutxitzea, gero eta zor gehiago izatea, finantza-gastuak handitzea, eta aktibo garbia ahultzea edo desagertzea.

b) Ikerketa juridiko eta ekonomiko-finantzario baten bidez aztertu behar da ea bideragarria den langileek beren gain hartzea lanean ari diren enpresaren jabetza, belaunaldi-aldaketarik gabe.

23. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Honako hauek jaso ditzakete kapitulu honetan bilduriko laguntzak:

1.– 22.1 artikuluko jardueretarako: 2022ko irailaren 16tik 2023ko irailaren 15era bitartean (biak barne) Kooperatiben Erregistroan edo Merkataritza Erregistroan erregistraturiko kooperatibek eta lan-sozietateek, hurrenez hurren. Ondorio horietarako, inskripzio-eskabidea dagokion erregistroetan aurkeztutako data hartuko da erregistroan inskribatu izanaren datatzat.

2.– 22.2 artikuluko jardueretarako: helburu soziala kooperatiba edo lan-sozietateen eraketa sustatzea duten pertsona juridikoek, irabazi-asmorik gabekoak badira, edo haien jabetza batik bat irabazi-asmorik gabeko erakundeen esku badago (hemendik aurrera, erakunde sustatzaileak).

3.– 22.3 artikuluko jardueretarako: enpresa-bideragarritasuneko azterlanak legez egin ditzaketen kanpoko aholkularitza-enpresek. Aholkularitza-enpresa horien partaidetzan gehiengoa izan behar dute gizarte-ekonomia ordezkatzen duten erakundeek, edo kooperatibaren edo lan-sozietatearen forma juridikoa duten aholkularitza-enpresek, gizarte-ekonomia ordezkatzen duen erakunderen batekiko lotura badute.

24. artikulua.– Onuraduna izateko betekizun espezifikoak.

1.– 23.1 artikuluko erakunde onuradunentzat:

a) Kooperatibako edo lan-sozietateko bazkideen gizarte-ekonomiaren alorreko prestakuntza egiaztatzea, edo prestakuntza hori egiteko konpromisoa adieraztea.

b) Lankidetza-akordio bat izenpetzea, enpresaren laguntza edo aholkularitza gauzatzeko, hala badagokio.

c) Dirulaguntza eman aurretik legez eratutako gizarte-ekonomiako elkarte-egituraren batean integratuta egotea.

d) Bazkidearen edo laneko bazkidearen sarrerak mugagabea izan behar du.

e) Gizarte-ekonomiako enplegu berria sortzea.

f) Laneko segurtasunari eta laneko osasunari buruzko arauek ezarritako baldintzak betetzea, urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuak, Prebentzio Zerbitzuen Arautegia onartzen duenak, ezarritakoaren arabera.

2.– 23.2 artikuluko erakunde onuradunentzat: helburu soziala kooperatiba edo lan-sozietateen eraketa sustatzea dela egiaztatzea, eta irabazi-asmorik gabeko izaera dutela edo haien jabetza batik bat irabazi-asmorik gabeko erakundeen esku dagoela justifikatzea. Era berean, agindu hau argitaratu baino lehen, dagokion erregistroan inskribatuta egon beharko dute.

3.– 23.3 artikuluko erakunde onuradunentzat: bideragarritasun-azterketa egiten den enpresako langileen edo gutxienez haren plantillaren heren baten lege-ordezkariek sinatutako konpromiso idatzi bat aurkeztu beharko da, hartan adieraziz gizarte-ekonomiako erakunde bat eratuko dela, enpresa bideragarria baldin bada.

25. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa eta mugak.

1.– Baremo hauen arabera kalkulatuko da zenbateko dirulaguntza eman behar zaion gizarte-ekonomiako enpresa sortu berri bakoitzari:

a) 4.000 euro, lan-kontratu mugagabearekin sartzen den bazkide langile edo lan-bazkide bakoitzeko. Halakotzat joko dira gizarte-ekonomiako enpresa eratzen denetik 2023ko irailaren 15era bitartean (egun biak barnean direla) sartzen diren bazkide langile edo lan-bazkide guztiak.

Aurreko paragrafoan bazkide langileak eta lan-bazkideak aipatzen direnean, nekazaritza- eta elikagaigintza-kooperatiben kasuan, ulertu behar da eskubide osoko bazkideak aipatzen ari direla.

b) Aurreko atalean zehaztutako kopuruari 1.000 euro gehitu beharko zaizkio kasu hauetako bakoitzarengatik:

Emakumeak izatea, erakundeko bazkide langile edo lan-bazkideen gehiengoa emakumeak badira.

Desgaitua izatea, hau da, urritasun fisiko, psikiko edo sentsorialen bat izatea, eta gutxienez % 45eko minusbaliotasun onartua.

Eusko Jaurlaritzak eta Enplegu Ministerioak espetxeei buruz izenpetutako hitzarmena aintzat hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko sozietate kooperatibo edo lan-sozietateetan bazkide langile edo lan-bazkide gisa sartutako hirugarren graduko presoak eta baldintzapean aske utzitakoak izatea.

Guraso bakarreko familiako aita edo ama izatea, hau da, ordaindutako jarduerarik egiten ez duten ondorengo bat edo batzuk mendeko izatea.

Genero-indarkeriaren biktima izan diren pertsonak. Pertsona bat egoera horretan dagoela ulertzeko: pertsona bera edo seme-alabak ezkontidearen edo antzeko harremanen baten bidez lotura egonkorra izan duen beste edozeinen indarkeria fisiko edo psikikoaren biktimak izan dira, betiere modu egiaztatu batean bai genero-indarkeriaren biktima babesteko aginduaren bidez, bai Fiskaltzaren txostenaren bidez –non adierazi behar baita salatzailea genero-indarkeriaren biktima dela zantzuen arabera eta babes-agindua eman arte behintzat–, bai genero-indarkeriako gertakariek eragindako kondena-epaiaren bidez.

Araututako laneratze-enpresa batean gizarteratze- eta laneratze-prozesua bukatu duten pertsonak, baldin eta pertsona horien kontratazioa aipatutako prozesua amaitu ondorengo lehen hamabi hilabeteetan gertatzen bada. Laneratze-enpresa horien kalifikazioa azaroaren 11ko 182/2008 Dekretuan arautzen da, eta horietara sartzeko prozedura eta horien erregistroa ezartzen dira. Kontratazioa gizarteratze- eta laneratze-prozesua amaitu eta berehala egiten bada, ez da eskatuko langabe gisa erregistratuta egotea.

Terrorismo-ekintzen biktimak izan diren pertsonak, Terrorismoaren biktimei laguntza integrala emateko sistema garatzen duen azaroaren 9ko 290/2010 Dekretuaren VIII. kapituluak horien kontratazioa sustatzeko ezarritakoaren arabera, eta terrorismo-ekintzen biktimen seme-alabak eta ezkontideak, biktima hori hil egin bada edo ordaindutako jarduera egitea galarazten dion ezintasun-egoeran geratu bada.

Toxikomano ohiak (alkoholiko eta drogazale ohiak). Agindu honetan aurreikusitako laguntzen ondorioetarako, halakotzat hartuko dira lantalde terapeutikoaren iritziz desintoxikazio- eta desohitze-faseak gaindituta etengabeko tratamenduan sei hilabete baino gehiago daramaten pertsonak, lanaren bitartez gizarteratzeko programa batean sartzea interesgarritzat jotzen bada.

Pertsona bera bada aurreko egoera batean baino gehiagotan dagoena, hasiera batean zehaztutako zenbatekoari 1.000 euro gehituko zaio egoera bakoitzeko, baina dirulaguntza gehienez ere 6.000 eurokoa izango da sartzen den bazkide langile bakoitzeko edo laneko bazkide bakoitzeko.

c) Dirulaguntzak, a) eta b) letren arabera kalkulatuta, ezin izango du inola ere gainditu sozietateko bazkide-langileek harpidetutako kapitalaren kopurua, eta 30.000 eurotik gorakoa ere ez da izango.

2.– 22.1 artikuluko jardueretarako: aurreko zenbakia aplikatzearen ondorioz ateratzen den kopuruaren % 100.

3.– 22.2 artikuluko jardueretarako:

a) Artikulu honen 1. zenbakia aplikatzearen ondorioz ateratzen den kopuruaren % 30.

b) Lurralde-sustapen planifikatuko jardueragatik onuradun den erakunde baten kasuan (16.c) artikulua), 22.2 artikuluan araututako jarduerarako diruz lagun daitekeen gehieneko zenbatekoa 20.000 eurokoa izango da.

4.– 22.3 artikuluko jardueretarako: bideragarritasun-azterlanaren kostu garbiaren % 100, eginiko azterlan bakoitzeko 5.000 euroko mugarekin.

26. artikulua.– Ordaintzeko modua.

Kapitulu honetan adierazitako dirulaguntzak ordaintzeko, formula hau aplikatuko da:

Lehenengo ordainketa batean, dirulaguntza osoaren % 80 ordainduko da, dirulaguntza esleitu ostean, dirulaguntza emango dela jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera hamabost egun igarotakoan, betiere esanbidez uko egin ez bazaio.

Bigarren ordainketan % 20 ordainduko da, agindu honetan ezarritako betebeharrak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak aurkeztu ondoren, eta zehazkiago:

22.1 artikuluko jardueretarako: agindu honen 28.2.a) artikuluan aipatzen den Bazkideen Liburuaren kopia konpultsatua edo erakundearen ziurtagiria.

22.2 artikuluko jardueretarako: egindako jarduerak justifikatzen dituen memoria orokorra. Egindako gastuen justifikazio ekonomikoa jaso beharko da, bai eta egindako ordainketak egiaztatzeko eta justifikatzeko dokumentazioa ere. Era berean, enpresa-planaren bilakaerari eta lortutako emaitzei buruzko azalpen-memoria erantsi beharko da, dirulaguntza ekonomikoa jaso duen erakunde bakoitzeko banakakoa.

22.3 artikuluko jardueretarako: egindako azterlanaren kopia eta hura gauzatzeko guztira izandako kostua justifikatzen duten agiriak.

27. artikulua.– Nahitaezko dokumentazioa.

Agindu honetan jasotako onurak eskuratu nahi dituzten erakundeek, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera:

1.– 22.1 artikuluko jardueretarako:

a) Enpresa-proiektuari buruzko enpresa-plana edo -planak, lehen ekitaldi osoan burutuko diren jarduerak azaltzen ditu(zt)ena(k).

b) Kooperatibako edo lan-sozietateko langile bazkideen gizarte-ekonomiaren arloko prestakuntza, edo prestakuntza hori jasotzeko hartutako akordioa egiaztatzen duten agiriak, prestakuntza hori irakatsiko duen erakundearen izena adieraziz.

c) Lan-segurtasun eta -osasunari buruzko arauek ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak, Prebentzio Zerbitzuen Arautegia onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz.

d) Bazkide-liburuaren kopia, baita enpresan sartutako pertsonekin egindako sozietate-kontratuen edo lan-kontratuen kopia ere.

e) Sustatutako erakundearen erregistro-inskripzioaren edo inskripzioaren aurkezpenaren kopia, eta sozietatean sartutako bazkide bakoitzaren kapitalerako ekarpenaren banku-frogagiria.

f) Ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanda dagoela egiaztatzen duen agiriaren kopia, edo horretarako eskabidea aurkeztu izana ziurtatzen duen agiriaren kopia.

g) Legez eratutako gizarte-ekonomiako elkarte-egitura batekoa dela egiaztatzen duen dokumentazioa.

h) Hala badagokio, minusbaliotasunaren ziurtagiri ofiziala, dagokion foru-aldundiak emana, minusbaliotasun-maila adieraziz.

i) Hala badagokio, Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiaren ebazpena, Espetxeratuen Zaintzarako Epaitegiaren autoa, edo espetxeak emandako ziurtagiria.

j) Hala badagokio, bizikidetza-egiaztagiria, familia-liburuaren kopia eta erantzukizunpeko adierazpena, non adieraziko baitu bere kargura duela ordaindutako jarduerarik ez duen ondorengo bat edo gehiago, baldin eta kontratatutakoek euren kargura badute ordaindutako jarduerarik ez duen ondorengo bat edo gehiago.

k) Etxeko indarkeriaren biktima izan direnen kasuan, egoera hori etxeko indarkeriaren biktimak babesteko aginduaren bidez egiaztatzen duen agiria.

l) Genero-indarkeriaren biktima izan diren pertsonen kasuan, genero-indarkeriaren biktima babesteko aginduaren kopia, edo Fiskaltzaren txostena, non adierazi behar baita salatzailea genero-indarkeriaren biktima dela zantzuen arabera eta babes-agindua eman arte behintzat, edo genero-indarkeriako gertakariek eragindako kondena-epaia.

m) Gizarteratze- eta laneratze-prozesua laneratze-enpresa batean amaitu duten pertsonen kasuan, prozesua zein datatan amaitu zen egiaztatzen duen agiria, laneratze-enpresak emana.

n) Terrorismoaren biktimak izan direnen kasuan, aurreko lanpostuko lanak normaltasunez egitea zaildu edo galarazi duten gorabeherak terrorismo-ekintzaren ondorio izan direla egiaztatzen duten agiriak. Kontratatutako pertsona terrorismoaren biktimaren ezkontidea edo seme-alaba bada, familia-liburuaren fotokopia eta biktimaren heriotza edo ezintasuna terrorismo-ekintza baten ondorio izan zela egiaztatzen duen dokumentazioa.

o) Toxikomano ohien kasuan, kontratatutako pertsona errehabilitazio-programara sartzea onartzen duen jakinarazpenaren kopia, horren gaineko eskumena duen organoak emana.

2.– 22.2 artikuluko jardueretarako:

a) Erakunde sustatzailearen eta sustaturiko erakundearen arteko lankidetza-akordioa egiaztatzen duen agiria.

b) Aurreikusitako jarduerei, gastu-aurrekontuari eta finantzaketa-planari buruzko memoria zehatza.

c) Enpresa-jarraipen eta -aholkularitzarako plana, non aurreikusitako metodologia adieraziko baita.

3.– 22.3 artikuluko jardueretarako:

a) Bideragarritasuneko azterlaneko proiektuaren memoria.

b) Enpresa 22.3 artikuluan jasotzen diren egoeretako batean dagoela azaltzen duen justifikazioa.

28. artikulua.– Erakunde onuradunen betebehar espezifikoak.

1.– 22.1 artikuluko diruz lagun daitezkeen jarduerak egiteagatik onuradun izan diren kooperatiba-sozietateek eta lan-sozietateek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Enpresa eratzen denean sortzen diren lanpostuen mailari eustea dagokion erregistroko inskripzio-data osteko urtean zehar, horren arabera zehaztu baita dirulaguntzaren zenbatekoa.

Aldi horretan, bazkideen artean, baja edo sarrera berririk izan bada, sarrera horiek hasierako sarreren baldintza soziolaboral berberetan egin behar dira.

Dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko erabili zen bazkide langileen edo lan-bazkideen kopuruari eusten ez bazaio, jasotako laguntzak osorik edo zati batean itzuli beharko dira, mantendutako bazkide-kopuruaren proportzioan.

b) Gizarte-ekonomiako enpresen eta erakundeen elkarte-egitura batean integratuta jarraitzea, gutxienez dagokion erregistroan inskribatu eta hiru urte bete arte.

c) Agindu honen ondorioz jasotako zenbatekoak erreserba berezi batera zuzentzea; erreserba hori banatu ezinekoa izango da, harik eta sozietatea bera azkentzen edo eraldatzen den arte; ukatu gabe, dirulaguntza jasotzen duen enpresak galerarik badu, galera horiek zenbateko horrekin konpentsatzeko aukera.

d) Gizarte-ekonomiako enpresa izaten jarraitzea dagokion erregistroan inskribatu zenetik hiru urte betetzen direnean.

2.– Aipatutako betebeharrak betetzen direla honela egiaztatu beharko da:

a) 28.1.a) artikuluan jasotakorako: erakunde onuradunak bazkideen liburuaren kopia konpultsatua igorri beharko dio Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari, hamabi hileko aldia amaitu eta hilabeteko epean. Aipatutako kopia konpultsatuaren ordez, sozietateak emandako ziurtagiri bat igorri ahal izango da, non zehaztuko baita ziurtagiria ematen den unean jardunean dauden bazkide langileen edo bazkide langile gisa gizarte-segurantzan alta emanda dauden pertsonen zerrenda, baita erakundea eratu zenetik emandako bajen zerrenda ere. Aurkeztu beharreko dokumentazioa epe horretan aurkeztu ezean, errekerimendua egin eta 10 eguneko epea jarriko zaio erakundeari, horiek aurkezteko, ondorio horietarako. Epe hori igaro, eta eskatutako dokumentazioa aurkezten ez badute, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzeko deklarazio-espedientea irekiko da, eta justifikatu gabeko aldiari proportzionalki dagokiona itzuli beharko dute, hala badagokio, haren erdia baino handiagoa bada.

b) 28.1.b) artikuluan jasotakorako: dirulaguntza eman duen administrazioak ofizioz egiaztatuko du betebeharra betetzen dela, dagokion elkartean integratuta jarraitzen duela egiaztatzen duen ziurtagiria eskatuta. Bi unetan egiaztatuko da: urtebete betetzen denean eta sozietatea dagokion erregistroan inskribatu zenetik hiru urte betetzen direnean.

c) 28.1.c) eta 28.1.d) artikuluan jasotakorako: Dirulaguntza ematen duen administrazioak ofizioz egiaztatuko ditu, sozietatea erregistroan inskribatzen denetik hiru urte igarotakoan, aipatutako betebeharrak; horretarako, kooperatibek Kooperatiben Erregistroan aurkeztu behar dituzten urteko kontuak aztertuko ditu. Aurkeztu ezean, errekerimendua egin eta 10 eguneko epea jarriko zaie horiek aurkezteko, ondorio horietarako. Epe hori igaro eta konturik aurkezten ez badute, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzeko deklarazio-espedientea irekiko da, eta ordaindutakotik justifikatu gabe dagoen aldiaren zati proportzionala itzuli beharko dute.

Onuradunak lan-sozietateak direnean, dirulaguntza ematen dien administrazioari aurkeztu beharko dizkiote kontuak, Merkataritza Erregistroan gordailua egiteko legezko epean. Bestela, lehen deskribatutako prozedurari jarraituko zaio.

3.– Erakunde onuradunarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik, eratutako lan elkartuko kooperatibak edo lan-sozietateak ez badio eusten elkarte-egitura baten barruko gizarte-ekonomiako enpresa izateari hiru urtez, jarduerak diruz laguntzeko modukoa izaten jarraituko du, gauzatutako epea gutxienez hemezortzi (18) hilekoa izan bada. Kasu horretan, enpresa eratzeko edo eraldatzeko emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztuko da, aipatutako denbora-epea amaitzeko falta den denboraren proportzioan, eta onuradunak itzuli beharko du jaso duen gehiegizko kopurua.

4.– Erakunde onuradunak justifikatzen badu sozietatea galerengatik azkendu edo likidatu dela, sozietateak 28.1 artikuluan adierazitako betebeharrak bete dituela ulertuko da, emandako dirulaguntzari dagokionez behintzat.

IV. KAPITULUA
ORAINTSU ERATUTAKO GIZARTE-EKONOMIAKO ENPRESAK FINKATZEKO LAGUNTZAK

29. artikulua.– Dirulaguntza izan dezaketen jarduerak.

1.– Kapitulu honen ondoreetarako, diruz lagun daitezkeen jarduerak honako hauek direla ulertuko da:

a) Lanbide-heziketa enpresaren xedea osatzen duten zereginetan edo lan-trebakuntza hobetzeko zereginetan.

b) Enpresa-kudeaketako tresnen ezarpena, era honetako tresnetan langileei eman beharreko prestakuntza barne.

c) Gizarte-ekonomiako enpresek jardueraren lehen urteetan aurkitzen dituzten zailtasun sozioekonomikoen diagnostikoa egitea, aholkularitza-erakunde espezializatu baten bidez, eta hautemandako oztopoak zuzentzeko neurrien proposamena jasoz. Diagnostikoak gutxienez 10 enpresa aztertu beharko ditu.

2.– Kapitulu honen babespean dirulaguntza jaso ahal izateko, 29.1 artikuluko a) eta b) letretako jarduerek gizarte-ekonomian ekiteko 2018tik 2022ra arteko (biak barne) laguntza-deialdietan enpresa onuradunei zuzendutakoak edo enpresa onuradunek jasotakoak izan behar dute, enpresa eratzeko atalean.

30. artikulua.– Erakunde onuradunak.

29.1.a) eta 29.1.b) artikuluetako jardueretarako, gizarte-ekonomiako enpresen elkarteak izan daitezke onuradun.

29.1.c) artikuluko jardueretarako, gizarte-ekonomiako enpresak sustatzen dituzten erakundeak izan daitezke onuradun, baldin eta 2018. eta 2022. urteen artean, biak barne, gizarte-ekonomian ekiteko laguntzen deialdiren batean onuradun izan badira.

31. artikulua.– Nahitaezko dokumentazioa.

Erakunde eskatzaileek eskabideaz batera honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Dirulaguntza jaso dezaketen jarduerak gauzatzeko aurreikusitako memoria eta lan-plana. Bertan, iraupena, metodologia eta kalkulatutako aurrekontu zehaztua adierazi behar dira.

b) 29.1.a) artikuluko jarduerei buruzko eskaeretan:

– Ikastaroaren ezaugarrien deskribapena, salbu eta erakunde onuraduna bera bada ikastaroa ematen duena. Kasu horretan, prestakuntza emango duen erakunde onuraduneko pertsonaren edo pertsonen curriculuma aurkeztu beharko da.

c) 29.1.b) eta 29.1.c) artikuluko kudeaketa aurreratuko jarduerei buruzko eskaeretan:

– Aholkulariaren edo aholkularitza-lanaren arduradunaren curriculuma.

– Erakunde eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, non adieraziko baitu ez duela aholkularitzarekin edo pertsona fisiko aholkulariarekiko inolako loturarik, ez zuzenean ez zeharka, ez akzioen ez partizipazioen bidez. Baldintza hori ez da aplikatuko jarraian aipatzen den aginduaren onuradun diren elkarte-egituren eta erakundeen kasuan: Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuaren Agindua, laguntza-deialdi bat egiteko oinarriak onartzen dituena elkarte-egiturak finkatzeko EAEko gizarte-ekonomiako enpresa eta erakundeetan, eta deialdia bera ere egiten duena 2023. urterako.

32. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa eta mugak.

a) 29.1.a) artikuluan jasotako prestakuntzaren kasuan: ikastaroaren kostuaren % 85 emango da, eskabidean aurkeztutako eta Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak baliozkotu eta onartutako aurrekontu-planifikazioaren arabera.

b) 29.1.b) artikuluko kudeaketa-tresnen kasuan: aholkularitza-enpresaren jardueraren kostuaren % 75 emango da, ezarritako tresna bakoitzeko gehienez ere hiru mila (3.000) euroko mugarekin.

c) 29.1.c) artikuluko diagnostikoa eginez gero, jardueraren kostuaren % 85 emango da, honako eskala honekin, azterlanean sartutako enpresa-kopuruaren arabera:

– aztertutako 20 enpresara arte: 6.000 euro.

– aztertutako 40 enpresara arte: 12.000 euro.

– aztertutako 60 enpresara arte: 18.000 euro.

– aztertutako 80 enpresara arte: 24.000 euro.

– aztertutako 100 enpresa edo gehiagora arte: 30.000 euro.

33. artikulua.– Ordaintzeko modua.

Ordainketa bakarrean ordainduko da, dirulaguntza ebatzi ostean.

34. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.

Dirulaguntzaren azken justifikazioa 2023ko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko da. Erakunde onuradunak memoria eta egindako gastuaren egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu. Horretarako, diruz lagundutako jarduerari egotzitako ordainagirien kopia elektronikoak aurkeztuko ditu. Erabilitako materialen eta egindako lanen kopia ere aurkeztu beharko da.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Minimis araua.

Dirulaguntzen araubide hau, 22.1 eta 22.3 artikuluei dagokienez, Europako Batzordeak ezarritako minimis arauari lotzen zaio (Batzordearen 1407/2013 (EE) Erregelamendua, 2013ko abenduaren 18koa). Hortaz, Lan eta Enplegu Sailak behar diren neurriak hartu beharko ditu, agindu honetan aurreikusitako laguntzen onuradun diren erakundeek zuzenean enplegua sortzeko jasotako minimis laguntzekin hiru urteko epean 200.000 euro baino gehiago jaso ez dezaten, abian den ekitaldi fiskala eta aurreko bi ekitaldi fiskalak aintzat hartuta. Dirulaguntza emateko ebazpenean, erakunde onuradunari jakinaraziko zaio emandako laguntza minimis izaerakoa dela eta administrazioak eskubidea duela erakunde onuradunaren aldetiko informazio guztia lortzeko, minimis laguntza orori buruzkoa, uneko ekitaldi fiskalean eta aurreko bi ekitaldi fiskaletan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatu beharreko araudia.

Agindu honetan adierazitako dirulaguntzetarako, hauetan ezarritakoa aplikatuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori); Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko arauak (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak garatutako lege orokorra).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio; beraz, aurka egiteko, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta hurrengoetan jasotakoarekin bat etorriz. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke EAEko Enplegu Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46. artikuluetan ezarritakoa betez.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko uztailaren 26a.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.


Azterketa dokumentala