Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

149. zk., 2023ko abuztuaren 7a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
3837

985/2023 EBAZPENA, uztailaren 18koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendariarena, zeinaren bidez deialdi publikoa iragartzen den Zuzendaritza Nagusian Diruzaintza eta Finantza-Egoeren Jarraipen Zerbitzu Korporatiboko Burua lanpostua izendapen askez betetzeko.

Ekonomiako eta Finantzako Zuzendaritzako (Zuzendaritza Nagusia) Diruzaintza eta Finantza Egoeren Jarraipen Zerbitzu Korporatiboko Burua lanpostua hutsik dago. Hori dela eta, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluko hirugarren arau komunean, Osakidetzaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezartzen denaren arabera, Giza Baliabideen Zuzendaritza honek erabaki du lanpostu hori izendapen askeko sistemaren bitartez betetzeko deialdi publikoa iragartzea, honako atxikipen eta oinarrien arabera

OINARRIAK

1.– Lanpostuaren atxikipena.

Atxikipena: Osakidetzako Zuzendaritza Nagusia. Ekonomiako eta Finantzako Zuzendaritza. Finantza eta Aurrekontuen Zuzendariordetza.

Lanaldi zatitua: Vitoria-Gasteiz.

Hizkuntza-eskakizuna: 3. (Derrigortasun-data: 2013/12/03).

2.– Parte hartzeko baldintzak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:

a) Osakidetzako edo Euskal Herriko Administrazio Orokorreko edozein zerbitzu-erakundetako langile finkoa izatea (estatutupekoa, funtzionarioa edo lan-legepeko kontratuduna) eta lanpostua jabetzan edukitzea A1/A2 lanbide-taldean.

b) Gutxienez 4 urteko lan-esperientzia izatea A1/A2 lanbide-taldean.

c) Titulazio akademikoa: Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziaduna edo gradua izatea, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako lizentziaduna edo gradua izatea, edo baliokidea.

d) 3. hizkuntza-eskakizuna, derrigortasun-data iraungita.

e) Uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren eta Osakidetzako Euskara Planaren gainerako betebeharrak betetzea.

3.– Aintzat hartuko diren merezimenduak.

Honako arlo hauetako eskarmentua eta ezagutzak baloratuko dira:

a) Kudeaketa-memoria Zerbitzuaren kudeaketari buruzko memoria bat egitea, eskabideak aurkezteko epearen barruan aurkeztu beharko dena eta eremu hauek jasoko dituena.

a.1.– Diruzaintza.

a.1.1.– Diruzaintzako beharren kontrola eta jarraipena cash pooling-aren antolaketaren eta kudeaketaren arabera.

a.1.2.– Arriskuaren kudeaketa Zuzendaritza Nagusiaren ordainketetan eta diruzaintzako kontuen berdinkatzea.

a.1.3.– Ordainketa korporatiboaren batez besteko aldiaren jarraipena, berandutzeagatiko demanden kudeaketa eta prozesuko kostuen kobrantzaren jarraipena.

a.1.4.– Abalak/fidantzak kudeatzea eta enbargoak kudeatzea.

a.2.– Zergak.

a.2.1.– Gizarte-aseguruen, PFEZaren, BEZaren eta beste zerga batzuen ordainketa zentralizatuak.

a.2.2.– SSIren (berehalako informazio-sistema) jarraipena eta kontrola.

a.3.– Finantza-egoeren jarraipena.

a.3.1.– Aurrekontua-gauzatzearen jarraipena.

a.3.1.1.– Ogasun Sailaren informazio-sistemetako gastu-exekuzioaren eta balantze-egoeraren hileko txostena.

a.3.1.2.– KEBerako txostenak egitea.

a.3.2.– Urteko kontuen itxiera.

a.3.2.1.– Itxiera-instrukzioak egitea.

a.3.2.2.– Kanpo-auditoretzaren lan-plana: informazioaren koordinazioa, laguntza eta prestaketa, auditoretzaren sinadurak eskatuta.

a.3.2.3.– Urteko kontuen txostena egitea, auditoretza-sinaduraren eskutik.

a.3.2.4.– Aurrekontuaren likidazioa Ogasuneko Informazio Sistemetan (KEB zirkularrean eskatutako txostenak eta txantiloiak betetzea).

b) Ezagutzak.

b.1.– SAP ERP ezagutzak Kudeaketa ekonomiko-finantzarioa.

b.2.– Ezagutzak SAP BI (Analyzer).

b.3.– Ezagutzak SAP VIM.

b.4.– Informazio ekonomikoaren analisia eta aginte-taulak ezagutzea.

b.5.– Datu-baseen ustiapena erabiltzen jakitea (Excel eta/edo Access).

b.6.– Zergak ezagutzea (BEZa, PFEZaren atxikipenak...).

c) Esperientzia agiri bidez egiaztatua honako zeregin hauetan:

c.1.– Ekonomiako eta finantzako kudeaketa (diruzaintza, kontabilitatea...).

c.2.– Aurrekontuaren kontrola eta jarraipena (finantza-plangintza, ratioak).

c.3.– Taldeen kudeaketa.

Halaber, lanpostu hau betetzeko interesgarria izan daitekeen eta balioa erants dezakeen edozein merezimendu aurkeztu ahalko da.

4.– Euskararen ezagutza.

Osakidetzan Euskararen erabilera normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak eta berau garatzen duten arauek xedatutakoaren arabera egingo da balorazioa.

5.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

Interesdunek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiko Giza Baliabideen Zuzendaritzara igorri beharko dituzte eskabideak, 15 egun balioduneko epean, Ebazpena EHAAn argitaratzen den egunaren hurrengo egunetik aurrera, helbide honetara: Araba kalea 45, 01006 Vitoria-Gasteiz. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan xedatzen den moduan ere aurkeztu ahalko dira.

Interesdunek Zuzendaritza Nagusiko Giza Baliabideen Zuzendaritzara bidali behar dute eskabidea, beren datu pertsonal guztiekin eta curriculum vitae dokumentatuarekin batera. Curriculum Vitaeko dokumentazioa honelakoa izan behar da:

NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

Funtzionario edo estatutupeko langile izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, lan-legepeko kontratudun finkoa dela egiaztatzen duen agiriarena.

Baldintzak betetzea egiaztatzen duen dokumentazioaren fotokopia konpultsatua.

Baloratu beharreko merezimendu guztien fotokopia konpultsatua.

CVaren aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden alderdiak ez dira ziurtatu behar izango aurreko paragrafoan ageri den moduan; hala ere, hautagaiak horren berri eman behar du eskaeran.

6.– Balorazio Batzordea.

Balorazio-batzorde bat osatuko da, eta batzordeburua Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendaria hark eskuordetzen duena izango da, eta hauexek izango dira bertako partaideak: Ekonomiako eta Finantzako zuzendaria eta Kontratazio Administratiboko zuzendaria eta Giza Baliabideen Hautaketako eta Horniketako zuzendariordea (zeina idazkaria izango den, eta hitza eta botoa izango dituen).

Eskabideak baloratu ondoren, Batzordeak eginbide osagarriak gauzatzea erabaki dezake, eta izangaiei horren berri emango die.

Izangaien balorazioa egindakoan, eta berau kontuan hartuta, dagokion izendapena egiteko proposamena aurkeztuko da. Lanpostua hutsik uztea proposa dezake epaimahaiak, betiere aurrez txosten arrazoitua eginez, baldin eta izangaiek betetzen ez badituzte bete beharreko baldintzak.

Akta egingo da Batzordea biltzen den bakoitzean. Bertan, aurkeztutako izangaiak eta gauzatutako eginbide osagarriak (halakorik balego) zerrendatuko dira, eta lanpostua euretako bati esleitzeko edo deialdia bete gabe uzteko kontuan hartutako arrazoiak emango dira.

7.– Hautaketa-prozedura.

Ezin izango dira baloratu, inolaz ere, deialdia EHAAn argitaratzen den egunean eskuratu gabe dauden merezimenduak, ez eta eskaerak aurkezteko epea amaitu aurretik behar bezala alegatu eta egiaztatu ez direnak ere.

8.– Prozedurari amaiera ematen dion ebazpena.

Hemen abiatzen den prozedura amaitzeko (lanposturako esleitzea edo lanpostua hutsik uztea), ebazpena eman behar du Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendariak. Hori Intranetean eta Osakidetzako webgune korporatiboan argitaratuko da.

Ebazpen horrek EHAAn argitaratzen den egunetik izango ditu ondorioak, bertan besterik xedatu ezean.

9.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko uztailaren 18a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendaria,

LUISA LARRAURI EREÑOZAGA.


Azterketa dokumentala