Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

149. zk., 2023ko abuztuaren 7a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
3815

EBAZPENA, 2023 uztailaren 10ekoa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Ikasleen Falta eta Zehapenei buruzko Arautegia argitaratzen duena.

2023ko uztailaren 4an egindako osoko bilkuran, Euskal Herriko Unibertsitatearen Klaustroak Euskal Herriko Unibertsitateko Ikasleen Hutsegite eta Zigorrei buruzko Arautegia onartu zuen.

Era berean, Klaustroak hartutako erabakiak xedatu egin zuen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzea, UPV/EHUko idazkari nagusiaren erabakiaren bidez, aipatutako aldizkari ofizialetan argitaratu eta hogei egunetara jarriko delarik indarrean.

UPV/EHUren Estatutuen 187.1 d) artikuluak idazkari nagusiari agintzen dio UPV/EHUren erabaki guztien publizitatea bermatzea. Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legeak, berriz, 10. artikuluan ezartzen du unibertsitate publikoaren estatutuak, antolamendu eta funtzionamendu arauak, eta horien aldaketak eta gobernu organoek emandako aplikazio orokorreko xedapenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko direla, eta ez direla indarrean jarriko harik eta testuak osorik argitaratu arte.

Hori guztia kontuan hartuta,

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Bidaltzea Euskal Herriko Unibertsitateko Ikasleen Falta eta Zehapenei buruzko Arautegia, UPV/EHUko Klaustroak 2023ko uztailaren 4an onartutakoa, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitara dadin, eranskinean jasotako baldintzetan.

Bigarrena.– Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio bideari eta, bere aurka, aukerako berraztertze errekurtsoa jarri ahal izango zaio erabakia eman zuen organo berari, hilabetearen epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri ahal izango da jurisdikzio ordena horretako epaitegietan, bi hilabeteren epean, erabakia argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, eta ezin izango dira biak batera aurkeztu.

Leioa, 2023ko uztailaren 10a.

Idazkari nagusia,

AITOR ZURIMENDI ISLA.

ERANSKINA
ERABAKIA, 2023KO UZTAILAREN 4KO UPV/EHUKO KLAUSTROARENA, EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEKO IKASLEEN FALTA ETA ZEHAPENEI BURUZKO ARAUTEGIA ONARTZEKO DENA.

Euskal Herriko Unibertsitatearen helburu nagusia da ikasleen prestakuntza osoaz arduratzea, ikasketak emanez eta ikerketa zein garapen zientifiko eta teknologikoa sustatuz. Hori lortzeko, behar-beharrezkoa da bizikidetza giro egokia egotea, non errespetatuko diren unibertsitatearen balioak eta printzipioak eta sustatuko diren elkarrizketa eta elkarrekiko errespetua.

Ildo horretan, Unibertsitate Bizikidetzari buruzko otsailaren 24ko 3/2022 Legeak (2022kootsailaren 25eko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua) arau esparru bat ezartzen du unibertsitateko kideek errespetuzko eta tolerantziako giroan jarduteko aukera izan dezaten, balio demokratikoak, adierazpen askatasuna eta pentsamendu kritikoa bultzatuz. Horrela, 1. artikuluaren arabera, Unibertsitate Bizikidetzari buruzko Legearen xedea da unibertsitate eremuko bizikidetzaren oinarriak ezartzea; baina, horrez gain, unibertsitateko ikasleen diziplina araubidea ezartzen du, alde batera utzita irakasle-ikertzaileen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen diziplina araubidea, horiei araudi espezifikoan xedatutakoa izango baitzaie aplikagarri.

Horretarako, eta autonomia erkidegoek beren eskumenen esparruan ezarritako arauei kalterik egin gabe, legeak zehazten ditu unibertsitate publikoetako ikasleei aplikatu beharreko faltak eta zehapenak, eta bertan adierazitakoaren aurkako xedapen guztiak indargabetzen ditu, bereziki 1954ko irailaren 8ko Dekretua, Hezkuntza Nazionaleko Ministerioaren Goi mailako irakaskuntzako eta irakaskuntza teknikoko ikastegi ofizialen diziplina akademikoaren Arautegia onartzen duena.

Hala ere, legeak esparru propioa ere gordetzen die unibertsitateei, araudiak bidea ematen dietelako legean aurreikusitako falta eta zehapenak zehaztu eta mailakatzeko, baldin eta, beste batzuk sortu gabe eta legean jasotakoen izaera edo mugak aldatu gabe, jokabideak eta zehapenak hobeto identifikatzen laguntzen badute, betiere zehatzeko ahalmenaren printzipioak errespetatuz. Gainera, azken xedapenetako bigarrenean, ahalmena ematen zaie unibertsitateei, beren eskumenen esparruan, Unibertsitate Bizikidetzari buruzko Legea garatzeko eta aplikatzeko behar diren xedapenak emateko.

Unibertsitateko Klaustroaren Funtzionamenduari buruzko Arautegiko 36.2.d) artikuluaren arabera (2011ko urriaren 13ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratua), Klaustroaren eskumena da, besteak beste, diziplina arloko arau hauste eta zigorren zerrenda zabaltzeko arautegiak onartzea. Hori aintzat hartuta, uste izan da eskumen hori eta Unibertsitate Bizikidetzari buruzko Legeak unibertsitateari emandako ahalmena gauzatzeko modurik onena dela testu bat onartzea, zeinak, legea errespetatuz, UPV/EHUko ikasleen faltak eta zehapenak zehaztu eta mailakatuko dituen. Erreferentziakoa izango den testu horretan jasoko dira, arau hausteen eta zehapenen katalogoaz gain, horiekin hertsiki lotuta dauden gaiak, hala nola zehapenen ordezko neurriak eta zehatzaileak ez diren neurri osagarriak, bai eta falten eta zehapenen preskripzio araubidea eta diziplina erantzukizunaren amaiera.

Testu hori egiteko, 2023ko otsailaren 23ko Gobernu Kontseiluan esan zen bezala, lan talde bat eratu zen, non parte hartu duten Gobernu Kontseiluan ordezkaritza duten unibertsitateko sektore guztiek.

Talde horrek egindako lanaren emaitza abiapuntuko testu bat izan zen, jendaurrean jarri zena interesatu guztiek egokitzat hartzen zituzten ekarpenak egin zitzaten. Era berean, testu hori irakasle-ikertzaileen ordezkariei eta teknikarien eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkariei helarazi zitzaien, oharrak egin zitzaten. Ekarpen eta ohar horietako asko onartu egin ziren eta behin betiko testuan jaso. UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluari ere entzun zitzaion eta, ekarpenak egiteaz gain, aldeko txostena egin zuen 2023ko maiatzaren 2an. Hortaz, bete egin dira Bizikidetzari buruzko Legeak unibertsitateko kideen parte hartzerako ezarritako eskakizunak.

Adierazitakoagatik guztiagatik, Errektorearen proposamenez, UPV/EHUko Klaustroak honako hau

ERABAKI DU:

Lehenengoa.– Arautegia onartzea.

Onartzea Euskal Herriko Unibertsitateko Ikasleen Falta eta Zehapenei buruzko Arautegia, erabaki honi eranskin moduan atxikia.

Bigarrena.– Arautegia argitaratzea.

Agindua ematea erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzeko, UPV/EHUko idazkari nagusiaren erabaki baten bidez.

Hirugarrena.– Arautegia indarrean sartzea.

Euskal Herriko Unibertsitateko Ikasleen Falta eta Zehapenei buruzko Arautegia indarrean sartuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hogei egunera.

UNIVERSIDAD DEL PAÍS VASCO/EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEKO IKASLEEN FALTA ETA ZEHAPENEI BURUZKO ARAUTEGIA
ATARIKO TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea eta irismena.

1.– Arautegi honen xedea da ezartzea eta batzea, tresna arauemaile bakar batean, Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleei aplikatu ahal izango zaizkien falta eta zehapenen araubidea, bat etorrita Unibertsitate Bizikidetzari buruzko otsailaren 24ko 3/2022 Legean xedatutakoarekin.

Era berean, testuak arautzen du zehapenen ordezko neurrien eta neurri osagarrien araubidea, bertan aipatutako kasuetarako eta bertan adierazitako moduan.

2.– Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleak arautegi honetan ezarritako falta eta zehapenen araubideari lotuta egongo dira unibertsitatearen instalazio, sistema eta espazioetan egindako jardueretan, hala fisiko nola birtualetan, edo beren jardun akademikoarekin lotutako guztietan, kanpoko praktikak, landa irteerak eta antzeko jarduerak barne.

3.– Arautegi honen ondorioetarako, Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleak izango dira bertan matrikulatutakoak, hala titulazio ofizialetan nola berezko tituluetan edo bizitza osoko prestakuntzako beste ikasketa espezifiko batzuetan, mugikortasun programetako ikasleak barne.

4.– Arautegi honetan tipifikatutako falten egiletzat hartuko dira tipifikatutako gertakaria beren kabuz, beste norbaitekin batera edo beste norbaitez baliatuz egiten dutenak. Egiletzat hartuko dira baita ere ekintzen bidez araua hausten laguntzen duten pertsonak.

Falta oso larritzat hartuko diren ekintza edo jokabideetan beste moduren batean laguntzen duten ikasleek ere dagokien erantzukizuna izango dute.

2. artikulua.– Printzipio informatzaileak.

Euskal Herriko Unibertsitateak onartutako bizikidetza arauek gertakarien kalifikazioaren berri emango dute, kasuan kasuko prozeduren barruan, bai eta zehapenen mailaketaren eta, hala dagokionean, arautegi honetan aurreikusitako ordezko neurrien aplikazioaren berri ere.

I. TITULUA
FALTAK

3. artikulua.– Falten sailkapena.

UPV/EHUko ikasleek egin ditzaketen faltak izango dira oso larriak, larriak eta arinak.

4. artikulua.– Falta oso larriak.

Hauek dira falta oso larriak:

a) Pertsonen duintasunaren aurkako ekintza edo jokabide iraingarriak, fisikoak zein psikologikoak; hala nola, nobatadak.

b) Jazarpena egitea edo indarkeria fisiko zein hitzezko larria erabiltzea honako hauek jomuga izanik: unibertsitateko kideak, Euskal Herriko Unibertsitatetik kanpoko enpresetakoak izanik unibertsitatean lanean ari diren pertsonak, unibertsitateak eskainitako zerbitzuak erabiltzen dituzten pertsonak, campusetan jarduerak egiten dituzten pertsonak, eta unibertsitateak antolatzen dituen edo parte hartzen duen jarduerak egiten dituzten pertsonak.

c) Sexu jazarpena zein sexua edo generoa dela-eta egindako jazarpena, bat etorrita Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak dioenarekin 7. artikuluan.

d) Diskriminazioa, arrazoi hauengatik: sexua, sexu joera, genero identitate edo adierazpena, sexu ezaugarriak, jatorria, talde etnikoa, desgaitasuna, adina, osasun egoera, klase soziala, erlijioa zein sinesteak, hizkuntza, edo beste edozein baldintza edo ezaugarri pertsonal zein sozial.

e) Dokumentu akademikoak aldatzea, faltsutzea, lapurtzea edo suntsitzea, edozein bide erabiliz, edo unibertsitatean dokumentu faltsuak erabiltzea, edozein formatutan.

f) UPV/EHUren ondare historiko eta kulturaleko lan katalogatuak modu konponezinean hondatu eta suntsitzea edo lapurtzea.

g) Lan bat plagiatzea, osorik zein zatiren bat, edo iruzur akademikoa egitea gradu amaierako lanean, master amaierako lanean edo doktorego tesian.

Iruzur akademikotzat hartuko dira, arautegi honen ondorioetarako, errendimendu akademikoa egiaztatzeko egin beharreko lanen eta tesien emaitzak, norberarenak zein beste batenak, faltsutzeko helburua duten jokabideak.

h) Ez betetzea unibertsitateko ikastegi, instalazio eta zerbitzuetako segurtasun neurriak eta osasun publikoaren arlokoak, arriskuan jarriz unibertsitateko kideak.

i) Unibertsitateko beste kide bat ordezkatzea unibertsitateko jardueretan, edo norbera ordezkatua izateko baimena ematea.

j) UPV/EHUko hauteskunde prozesuen garapena eragoztea.

k) Kondena izatea, epai irmo baten bidez, bestelako ondasun juridiko baten afektazioa eragiten duen dolozko delitua egin izanagatik unibertsitateko ikastegi, instalazio eta zerbitzuetan, edo unibertsitatearen jarduera akademikoarekin zerikusia duen dolozko delitua egin izanagatik.

5. artikulua.– Falta larriak.

Hauek dira falta larriak:

a) Ebaluazio proben, azterketen edo kontrolen edukiak modu bidegabean lortzea.

b) Indarkeria fisiko zein hitzezkoa edo larderia erabiltzea unibertsitateko kideen kontra, larritzat hartu ezin denean.

c) Unibertsitatearen ondare historiko eta kulturaleko lan katalogatuak larriki hondatzea.

d) Eragoztea irakaskuntzako, ikerketako edo jakintza zabaltzeko jarduerak egitea, bai eta jarduera horietan laguntzeko eta jarduera horiek kudeatzeko zeregin administratiboak ere, kalterik egiteke horregatik adierazpen askatasunaren oinarrizko eskubidea, biltzeko eta elkartzeko eskubidea, irakaskuntza-askatasuna eta katedra-askatasuna baliatzeari.

e) Iruzur akademikoa egitea. Iruzur akademikotzat hartuko dira, arautegi honen ondorioetarako, irakasgai bat gainditzeko edo errendimendu akademikoa egiaztatzeko egingo beharreko azterketen edo lanen emaitzak, norberarenak zein beste batenak, faltsutzeko helburua duten jokabideak. Falta honek biltzen ditu, bereziki, jokabide hauek:

– Egiaztatzea, modu frogagarrian, beste ikasle baten ebaluazio proba kopiatu dela, ikasle horren baimenaz edo baimenik gabe.

– Kopiatzea, baimendu gabeko materiala erabiliz, edozein motatako ebaluazio probetan eta edozein euskarri edo gailutan (txuletak, testuliburuak, probari dagokion kodea ez duten azterketa orriak, liburuetan idatzitako oharrak).

– Azterketetan kopiatzeko bidea erraztea beste ikasle bati, modu aktiboan.

– Plagioa egitea ebaluatzekoa den lan batean, baina ez dena gradu amaierako lana, master amaierako lana edo doktorego tesia.

– Gailu elektronikoak erabiltzea ebaluazio probetan, probaren irakasle arduradunak horretarako baimenik eman ez duenean.

– Artikuluak sinatzea horietan parte hartu ez denean, edo benetako emaitzak aldatzea.

f) Jabetza intelektualeko eskubideei lotutako unibertsitate jarduerak erreproduzitu eta grabatzeko baliabideak edo edukiak modu bidegabean erabiltzea edo zabaltzea, hala nola babestutako materialak igotzea plataforma, aplikazio edo webguneetara.

g) Ez betetzea unibertsitateko ikastegi, instalazio eta zerbitzuetako segurtasun neurriak eta osasun publikoaren arlokoak, baina arriskuan jartzeke unibertsitateko kideak.

h) UPV/EHUko sistema informatikoetan baimenik gabe sartzea.

6. artikulua.– Falta arinak.

Hauek dira falta arinak:

a) Instalazioetan sartzea horretarako baimenik izan gabe, bat etorrita unibertsitateko kide guztiek ezagutu beharreko UPV/EHUren xedapen edo protokoloetan adierazitakoarekin.

b) Unibertsitateko zerbitzuak eta instalazioak erabiltzea bete gabe unibertsitateko kide guztiek ezagutu beharreko baldintzak.

c) UPV/EHUren ondasunak hondatzen dituzten ekintzak egitea.

II. TITULUA
ZEHAPENENAK

7. artikulua.– Zehapenen sailkapena.

1.– Arautegi honetako 1.4 artikuluan adierazitako kasuetan erantzukizunen bat izango duten ikasleei jarri ahal zaizkien zehapenak izango dira oso larriak, larriak eta arinak.

Egindako faltaren larritasunaren araberako zehapena jarriko da.

2.– Falta oso larria egiteagatik zehapen hauetako baten bat jarri ahal izango da:

a) UPV/EHUtik kanporatua izatea denbora tarte baterako (bi hilabetetik hiru urtera arte). Kanporatzea dakarren zehapena espediente akademikoan agertu beharko da ikaslea kanporatuta dagoen denbora tartea amaitu arte eta tarte horretan ikasleak ezingo ditu baliatu UPV/EHUko ikasle gisa dagozkion eskubideak, salbu eta diziplina erabakian aipatuko direnak, halakorik egonez gero.

b) Matrikula eskubideak galtzea aldi baterako (ikasturtea edo lauhileko akademiko bat). Zehapen hau bakarrik jarri ahal izango da arautegi honetako 4. artikuluko g) letratik i) letrara arteko falten kasuan.

3.– Falta larriak egiteagatik zehapen hauek jarri ahal izango dira:

a) UPV/EHUtik kanporatua izatea hilabeterako. Zehapen hau ezingo da aplikatu kasuan kasuko ikastegiaren ebaluazio aldietan eta UPV/EHUren matrikulazio aldietan baina, hala ere, kanporatuta dagoen denbora tartean ikasleak ezingo ditu baliatu UPV/EHUko ikasle gisa dagozkion eskubideak, diziplina erabakian zehazten diren salbuespenekin, hala badagokio.

b) Ohiko deialdirako eskubidea galtzea falta egin den lauhileko akademikoan eta falta egin den irakasgaian.

Matrikulako eskubideak galtzeak ez die eragingo bekei dagozkien eskubideei, betiere bat etorrita gai hori garatzen duen arautegian adierazitakoarekin.

4.– Kargu hartze pribatua izango da jarriko den zehapena falta arinak egiteagatik.

8. artikulua.– Zehapenen mailakatzea.

Organo eskudunak zehaztuko du, modu arrazoituan, kasu bakoitzari dagokion zehapena, larritasunaren barruan, errespetatuz proportzionaltasun printzipioa eta irizpide hauen arabera haztatuz:

a) Intentzionalitatea edo errepikapena.

b) Unibertsitatearen irudiari, ondasunei edo beste pertsona batzuei egindako kalteen izaera, intentsitatea eta inpaktua.

c) Irabazi asmoa.

d) Erantzukizuna onartzea, arau haustearen berri emanez unibertsitateko agintariei diziplina prozedura ireki aurretik.

e) Kaltea konpontzea diziplina prozedura ireki aurretik.

f) Arau-hauslearen egoera pertsonala, ekonomikoa, osasun egoera, eta egoera familiar zein soziala.

g) Noraino hartu den parte gertakarietan.

h) Ekintzetan indarkeria, diskriminazioa edo jazarpena egon izana, arrazoi hauengatik: sexua, sexu joera, genero identitate edo adierazpena, sexu ezaugarriak, jatorria, talde etnikoa, desgaitasuna, adina, osasun egoera, klase soziala, erlijioa zein sinesteak, hizkuntza, edo beste edozein baldintza edo ezaugarri pertsonal zein sozial.

i) Adingabea izatea.

j) Behar bezala justifikatutako bestelako arrazoi objektiboak.

III. TITULUA
ZEHAPENEN ORDEZKO NEURRIAK

9. artikulua.– Zehapen larrien ordezko neurriak.

UPV/EHUko Diziplina Prozeduraren Arautegiaren arabera, zehapen organoak ordezko neurri bat hartu ahal izango du, hezigarria edo oneragarria, arautegi honetan falta larrien kasurako ezarritako zehapenen ordez, betiere gertakariek kaltetutako pertsonen eskubideak erabat bermatzen badira.

10. artikulua.– Zehapen larriak ordezteko baldintzak.

Ikasleari jarritako zehapen larria ordeztu ahal izango da UPV/EHUko Bizikidetza Batzordeak horren aldeko txostena egin badu, eta kontuan hartuta printzipio hauek:

a) Arau hausteak kaltetutako pertsonek, halakorik egonez gero, eta arau-hausleak ados daudela adieraztea.

b) Zehapena ordeztuko duen neurriaren helburua izatea ahalik eta gehien konpontzea egindako kaltea, eta helburu hori benetan beteko dela bermatzea.

c) Arau-hausleek beren gain hartzea egindako faltaren erantzukizuna, erabaki proposamena jakinarazi baino lehenago, eta aitortzea beren jokabideak izan dituen ondorioak kaltetutako pertsonengan eta unibertsitateko kideengan.

d) Arau-hausleak prest egotea harremanak izatera berriro arau hausteak kaltetutako pertsonekin. Hala izan dadin, kaltetutako pertsonek espresuki adierazi beharko dute ados daudela.

11. artikulua.– Zehapen larrien ordezko neurriak: motak.

1.– Zehapen larrien ordezko neurriak hauek izan daitezke:

– Arau-hausleak laguntzea, ordainsaririk jasotzeke, unibertsitatearentzat baliagarriak diren jardueretan, izan daitezkeenak hezigarriak, kulturalak, osasun publikoaren alorrekoak, kirolaren alorrekoak, unibertsitate hedakuntzakoak edo erakundeen arteko harremanen alorrekoak.

– Arau-hausleak laguntzea, ordainsaririk jasotzeke, zehatutako gertakarien ondorioz mindutako pertsonei edo biktimei laguntasuna edo arreta emateko zereginetan.

– Diziplina zehapenaren helburu diren gertakariekin zerikusia daukaten prestakuntza ikastaroetara edo saio indibidualetara joatea.

– Beste edozein neurri, behar bezala arrazoitua aurreko artikuluan aipatzen diren printzipioen arabera, zeinaren helburua izango den zehatutako arau hausteari buruz sentsibilizatzea.

2.– Neurri horien bidez ezingo dira bete, inola ere ez, lanpostuen zerrendetan unibertsitateko langileei esleitutako eginkizunak edo zereginak.

12. artikulua.– Ordezko neurrien iraupena.

Ordezko neurrien iraupena ezingo da izan bi hilabete baino luzeagoa.

IV TITULUA
ERREPARAZIO NEURRI OSAGARRIAK

13. artikulua.– Erreparazio neurri osagarriak: motak.

1.– Kasu bakoitzean aplikagarriak izango diren zehapenak ezartzeaz gain, diziplina erabakiak xedatu ahal izango du, arrazoiak adierazita, ondoko neurriren bat ezartzeko beharra:

a) Gauzak lehengo egoerara itzultzea, erabaki zehatzailean ezarritako epean.

b) Txikitutako ondasunen edo hondamenaren balioari dagokion kalte ordaina ematea, baita eragindako galerei dagokiena ere, horretarako ezarriko den epearen barruan.

2.– Erabaki zehatzailean ezarriko diren kalte ordainak Zuzenbide publikoko kreditutzat hartuko dira eta dagokien diru kopurua premiamendu prozeduraren bidez eskatu ahal izango da.

3.– Zehapena ordeztu arren (zehapen larrien kasuan), artikulu honetan aipatutako neurri osagarriak ere ezarri ahal izango dira.

V.TITULUA
FALTA ETA ZEHAPENEN PRESKRIPZIOA

14. artikulua.– Falten preskripzioa.

1.– Arautegi honetan aipatzen diren faltak epe hauetan preskribatuko dira, beren izaeraren arabera:

a) Falta oso larriak hiru urtera preskribatuko dira.

b) Falta larriak bi urtera preskribatuko dira.

c) Falta arinak sei hilabetera preskribatuko dira.

2.– Faltak preskribatzeko epea hasiko da kontatzen arau haustea egin den egunetik aurrera. Arau hauste jarraituen edo etengabeen kasuan, epea hasiko da kontatzen jokabide urratzailea amaitzen denetik aurrera.

3.– Preskripzioa geldiarazi egingo da hasiera ematen bazaio diziplina prozedurari, interesduna jakitun dela. Preskripzio epea berriro hasiko da, baldin eta espedientea hilabete baino gehiagoz geldiarazita egon bada ustezko erantzuleari egotzi ezin zaion arrazoiren batengatik.

15. artikulua.– Zehapenen preskripzioa.

1.– Arautegi honetan aipatzen diren zehapenak epe hauetan preskribatuko dira, beren izaeraren arabera:

a) Falta oso larriengatik ezarritako zehapenak, hiru urtera.

b) Falta larriengatik ezarritako zehapenak, bi urtera.

c) Falta arinengatik ezarritako zehapenak, urtebetera.

2.– Zehapenak preskribatzeko epea hasiko da kontatzen zehapena ezartzen duen erabakia betearazi ahal den egunaren biharamunetik aurrera edo erabaki horren aurkako errekurtsoa aurkezteko epea amaitzen denetik aurrera.

3.– Preskripzioa geldiarazi egingo da hasiera ematen bazaio betearazpen prozedurari, interesduna jakitun dela. Epea berriro hasiko da, baldin eta prozedura hilabete baino gehiagoz geldiarazita egon bada ustezko erantzuleari egotzi ezin zaion arrazoiren batengatik.

VI.TITULUA
ERANTZUKIZUNAREN AMAIERA

16. artikulua.– Erantzukizuna amaitzeko arrazoiak.

Arautegi honetan aipatutako falta eta zehapenek eragindako erantzukizuna kasu hauetan amaitzen da:

a) Zehapena edo horren ordezko neurria betetzean.

b) Falta edo zehapena preskribatzean, arautegi honetako aurreko tituluan adierazitakoaren arabera.

c) Ikasleak UPV/EHUrekiko lotura galtzean.

d) Erantzulea hiltzean.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean sartzea.

Arautegi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hogei egunera sartuko da indarrean.


Azterketa dokumentala