Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

148. zk., 2023ko abuztuaren 4a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3797

75/2023 EBAZPENA, uztailaren 12koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Eusko Legebiltzarrarekin eta Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartearekin (Sociedad Informática del Gobierno Vasco, S.A.) sinatutako lankidetza-hitzarmena, elkarrekin adostua, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorrak onartzen dituen lege-proiektuari egindako zuzenketak kudeatzeko modulua («Legebiltzarra») garatu, aplikatu, zerbitzatu eta mantentzekoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu egin du aipatutako hitzarmena, eta, publikotasun egokia emateko, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Eusko Legebiltzarrarekin eta Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartearekin (Sociedad Informática del Gobierno Vasco, S.A.) sinatutako lankidetza-hitzarmena, elkarrekin adostua, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorrak onartzen dituen lege-proiektuari egindako zuzenketak kudeatzeko modulua («Legebiltzarra») garatu, aplikatu, zerbitzatu eta mantentzekoa. Hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko uztailaren 12a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IŃAKI URBINA GARCÍA DE VICUŃA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN UZTAILAREN 12KO 75/2023 EBAZPENARENA.
LANKIDETZA-HITZARMENA, EUSKO LEGEBILTZARRAK, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAK ETA EUSKO JAURLARITZAREN INFORMATIKA ELKARTEAK (SOCIEDAD INFORMÁTICA DEL GOBIERNO VASCO, S.A.) ELKARREKIN ADOSTUA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO AURREKONTU OROKORRAK ONARTZEN DITUEN LEGE-PROIEKTUARI EGINDAKO ZUZENKETAK KUDEATZEKO MODULUA («LEGEBILTZARRA») GARATU, APLIKATU, ZERBITZATU ETA MANTENTZEKO.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 8a.
BILDU DIRA:

Bakartxo Tejería Otermin, Eusko Legebiltzarraren lehendakaria.

Pedro María Azpiazu Uriarte jauna, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Ekonomia eta Ogasuneko sailburua.

Asier Sáez de Vicuńa Ortueta jauna, Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea S.A. sozietate publikoko zuzendari nagusia.

Aldeek behar adina gaitasun dute eta hitzarmen hau sinatzea adostu dute.

ADIERAZI DUTE:

1982. urtean sortu zen Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea–Sociedad Informática del Gobierno Vasco SA sozietate publikoa (aurrerantzean, EJIE), administrazio publikoak informatikako bitarteko eta zerbitzuez hornitzeko premia zuela, eta haiek hornitzeko, tresna horiek oinarrizkoak baitira administrazioari dagozkion zereginak aurrera eramateko.

2016ko ekitaldian, Ekonomia eta Ogasun Sailak kudeaketa-gomendio bat egin zion EJIEri, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Informazio eta Kudeaketa Ekonomikoaren Sistemaren eta (EIKA) gainerako euskal sektore publikoaren bilakaera-proiektua SAP plataformara bideratzeko.

2021eko ekitaldian, EJIEri agindu zitzaion, halaber, EIKAren aplikazio informatikoa mantentzeko eta beharrezko irizten ziren garapen jakin batzuk sartzeko; besteak beste, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren lege-proiektuari egindako zuzenketak kudeatzeko modulu bat.

Elkarrekiko lankidetzaren bidetik (ezinbestekoa baita administrazio eta erakunde publikoen arteko harremanetan), eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 3. artikuluan ezarritakoa betez, erakunde eta sozietate publiko sinatzaileek uste dute oso onuragarria dela lankidetza-esparru bat ezartzea, «Legebiltzarra» modulua garatzeko, aplikatzeko eta mantentzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta gainerako euskal sektore publikoaren Informazio eta Kudeaketa Ekonomikoko Sistemaren barruan; hartara, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen lege-proiektuari egindako zuzenketak kudeatzeko.

Ondorioz, Eusko Legebiltzarrak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkarteak –Sociedad Informática del Gobierno Vasco SA sozietate publikoak– lankidetza-hitzarmen hau sinatzea erabaki dute, honako klausula hauen arabera:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea.

Hitzarmenaren xedea da Eusko Legebiltzarra, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra eta Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea – Sociedad Informática del Gobierno Vasco SA sozietate publikoaren lankidetzan jardutea, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen lege-proiektuari egingo zaizkion zuzenketak kudeatzeko «Legebiltzarra» modulua garatu, aplikatu eta mantentzeko. Modulu hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta gainerako sektore publikoaren Informazio eta Kudeaketa Ekonomikoaren Sisteman integratuta dago.

Bigarrena.– EIKAren barruko «Legebiltzarra» modulua

1.– EIKAn, SAP plataformaren gainean, integratuta dagoen «Legebiltzarra» moduluak honako funtzio hauek izango ditu:

a) Legebiltzarreko taldeek aurkeztutako zuzenketak hartu eta erregistratzea.

b) Zuzenketak koadratzeko kontrola erraztea.

c) Lege-proiektu hori Eusko Legebiltzarrean izapidetzeko behar diren txostenak egitea, eta Legebiltzarrean daukaten aurrerabidearen jarraipena burutzea.

d) Proiektua izapidetzearekin lotutako zuzenketa eta transakzioen kudeaketa eta jarraipena egitea.

2.– Badauka eranskin bat hitzarmenak: «Zuzenketak kudeatzeko garapen espezifikoak. Transakzioak», eta hor datoz jasota bai zuzenketak kudeatzeko garapen espezifikoen xehetasun teknikoak bai EIKAn integratutako «Legebiltzarra» moduluaren transakzioak.

Hirugarrena.– Aldeen konpromisoak

1.– Alderdi sinatzaileek erabaki dute zerbitzua baldintza hauen arabera eskainiko dela:

a) EIKAren barruko «Legebiltzarra» moduluan sartutako datuak jabetza Eusko Legebiltzarrarena eta legebiltzarreko taldeena da.

b) EIKAn integratutako «Legebiltzarra» modulua erabiltzeko baimenak ematea eta erabilera-profilak esleitzea Eusko Legebiltzarrari bakarrik dagokio.

c) Eusko Jaurlaritzak legebiltzar-taldeek Ganberaren erregistro orokorrean aurkeztu eta erregistratutako zuzenketei buruzko datuak besterik ezingo du eskuratu. Aurkeztutako eta erregistratutako zuzenketak inguratze hori jakinaren gainean egoteko izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen lege-proiektuaren prozedura parlamentarioaren barruan egingo diren izapide eta proposamenen berri izateko.

2.– EJIEk honako prestazio hauek egiteko konpromisoa hartu du:

a) Euskarri teknikoa eskainiko du Eusko Legebiltzarra EIKAn integratutako «Legebiltzarra» moduluan integratzeko.

b) Zerbitzua 7 egunez 24 orduz emango du. Aukera egongo da zerbitzua eteteko, ohiko lan-ordutegitik kanpo, eta programatuta, erabiltzaileei 48 ordu lehenago abisatuta, edo ez, baina arrazoi justifikaturik bada horretarako.

c) EIKAren barruko «Legebiltzarra» moduluaren inguruan behar duten prestakuntza emango die legebiltzarkideei, behin-behineko langileei eta Eusko Legebiltzarreko funtzionarioei, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak izapidetzearekin jarduten direnei.

3.– Eusko Legebiltzarrak EIKAn integratutako «Legebiltzarra» moduluan sartutako tresnak erabiltzeak berekin dakar haren prozesu teknologiko eta funtzionalak onartzea, eta haien etorkizuneko garapenetan parte hartzeko gaitasuna emango dio.

4.– Alderdi sinatzaileek talde operatiboak ezarriko dituzte EIKAren barruan, egin beharrekoa egiteko «Legebiltzarra» modulua ezartzeko eta garatzeko, koordinatzeko, gauzatzeko eta gainbegiratzeko, legebiltzarraren eremuan.

Laugarrena.– Kostuak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hartuko du bere gain EIKAn integratutako «Legebiltzarra» moduluak behar bezala funtzionatzeko behar diren azpiegitura informatikoa eta zerbitzuak mantentzeko kostua.

2.– Eusko Legebiltzarrak hartuko du bere gain kontzeptu hauen kostua:

a) Eusko Legebiltzarrak EIKAren barruko «Legebiltzarra» modulutik informazioa zuzenean lortzeko bere informazio-sistemetan egin beharreko garapen informatikoak.

b) EIKAn integratutako «Legebiltzarra» moduluarekin konektatzeko beharrezkoak diren komunikazio-zerbitzuak.

c) EIKAn integratutako «Legebiltzarra» modulua erabiltzeko Eusko Legebiltzarrak baimendutako jendeari eman beharreko laguntza-zerbitzua.

3.– Urtero ordu-poltsa bat ezarriko da, eta Eusko Legebiltzarrak ordainduko du ordu-poltsa horren kostua, EIKAn integratutako «Legebiltzarra» moduluaren mantentze-lanetarako, euskarria emateko eta garapenerako, bai eta erabiltzaileei behar duten laguntza teknikoa emateko eta arreta funtzionalerako ere.

Bosgarrena.– Indarraldia, aldaketa, salaketa, luzapena eta azkentzea.

1.– Hitzarmen honek 4 urte iraungo du, sinatu eta indarrean sartzen denetik hasita.

2.– Hitzarmena edozein unetan alda liteke, baldin alderdi sinatzaile guztiek hala erabakitzen badute, bere helburuak errazago betetzeko.

3.– Hitzarmena ezin izango da salatu indarraldiko urtebete igaro arte; une horretan, alderdiek osorik aldatuko dute hitzarmena, edo atal batzuk besterik ez. Salaketa egiten denetik hiru hilabetera izango ditu ondorioak, baina hala ere ez ditu alderdiak salbuetsita utziko egun horretara arte hartutako konpromisoak betetzetik.

4.– Hitzarmenaren indarraldia 4 urterako luzatu liteke, alderdiek aho batez hala erabakitzen badute hitzarmenaren iraupen-epea amaitu baino lehen.

5.– Hitzarmen hau honako arrazoi hauengatik suntsituko da:

a) Alderdiak horretarako ados jarri direlako.

b) Hartutako konpromisoak betetzeko ezintasun egiaztatua bada, edo gerora sortuko balitz, alderdien borondatearekin zerikusirik ez duten arrazoiren batengatik.

Seigarrena.– Jarraipenerako Batzorde Mistoa.

1.– Jarraipen Batzorde Mistoa eratuko da, hitzarmena betetzen dela eta sinatzaileek hartutako konpromisoak betetzen direla zaintzeko, jarraipena egiteko eta kontrolatzeko. Honako eginkizun hauek izango ditu:

a) EIKAn integratutako «Legebiltzarra» moduluaren funtzionamendua egiaztatzea.

b) Hitzarmena interpretatzeko eta betetzeko sortutako desadostasunak konpontzea.

c) Hitzarmenaren funtzionamendu egokirako baliagarria izan daitekeen edozein neurri aztertu, landu eta proposatzea.

2.– Batzordea lau kidek osatuko dute:

a) Kide bat, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkari gisa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak izendatua.

b) Kide bat, EJIEren ordezkari gisa.

c) Bi kide, Eusko Legebiltzarraren ordezkari gisa.

3.– Batzordea kideetako batek eskatzen badu bilduko da, eta beharrezkotzat jotzen diren aholkulari eta laguntzaile guztiak bertaratzeko aukera izango da.

4.– Batzordearen jarduerari Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean kide anitzeko organoetarako aurreikusitako eraketa- eta jarduera-arauak aplikatuko zaizkio.

Zazpigarrena.– Izaera eta interpretazioa.

Hitzarmenak administrazio-izaera du, eta, arautzeko, ordenamendu juridiko-administratiboari lotuta dago. Hitzarmena interpretatzeko eta betetzeko sor daitezkeen auziak administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren ardurapekoak eta eskumenekoak izango dira.

Azaldutako eta hitzartutako guztiarekin bat etorriz, sinatzaileek, ekitaldi honetan titular direnez, hitzarmen honen hiru ale sinatzen dituzte.

Eusko Legebiltzarreko lehendakaria,

BAKARTXO TEJERIA OTERMIN.

Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea – Sociedad Informática del Gobierno Vasco, S.A. Sozietate publikoko zuzendari nagusia,

ASIER SÁEZ DE VICUŃA ORTUETA.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administratzaile Orokorreko Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala