
148. zk., 2023ko abuztuaren 4a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (394 KB - 25 orri.)
- EPUB (181 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LAN ETA ENPLEGU SAILA
3796
EBAZPENA, 2023ko uztailaren 27koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitaratzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko enpresek garatzen dituzten prestakuntzako estrategia-ekintzak egiteko laguntza ekonomikoen 2023ko ekitaldirako deialdia.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak, 2023ko uztailaren 27ko bileran harturiko erabakiaren bidez, onartu du Euskal Autonomia Erkidegoko enpresek garatzen dituzten prestakuntzako estrategia-ekintzak egiteko laguntza ekonomikoen 2023ko ekitaldiko deialdia egitea, eta Lanbideren Estatutuak onartzeko maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren 10.2 artikuluko n) letran ezarritakoaren arabera (abuztuaren 30eko 98/2022 Dekretuan emandako idazkeran), erakunde autonomo honetako zuzendari nagusiari dagokio deialdia argitaratzea.
Azaldutakoa dela eta, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko enpresek garatzen dituzten prestakuntzako estrategia-ekintzak egiteko laguntza ekonomikoen 2023ko ekitaldirako deialdia argitaratzea. Deialdia Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabaki bidez onarturikoa da, 2023ko uztailaren 27ko bilkuran hartu baita erabakia, eta ebazpen honen eranskin gisa bilduta dago.
Bigarrena.– Jakinaraztea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak laguntza-deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiak.
Hirugarrena.– Adieraztea deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko uztailaren 27a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
MARÍA GLORIA MÚGICA CONDE.
ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ENPRESEK GARATZEN DITUZTEN PRESTAKUNTZAKO ESTRATEGIA-EKINTZAK EGITEKO LAGUNTZA EKONOMIKOEN 2023KO EKITALDIRAKO DEIALDIA
Lana duten langileei lehentasunez zuzendutako enplegurako lanbide-heziketa funtsezkoa da bizialdi osoko prestakuntza ziurtatzeko, langileak eta enpresak ezaguera oinarrian duen gizartera egokitzeko eta langileen gaitasun profesionalari eusteko Europako Enplegurako Estrategiaren esparruan garatzen diren produkzio-prozesuek izan ditzaketen aldaketen aurrean.
Prestakuntza, langileei lan-bizitzan beharko duten kualifikazioa emateaz gain, lehentasunezko balio estrategiko bat da aldaketa teknologiko, ekonomiko eta soziala dakarten prozesuetan, eta, hori dela-eta, funtsezkoa da enpleguaren egonkortasuna eta gizarte-kohesioa lortzeko.
Deialdi honen xede den prestakuntza-programa hori egiteko, Lan eta Enplegu Sailak EAEko enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretua du arau-euskarri, zeinaren 2. artikuluan xedatzen baita enplegurako lanbide-heziketa lanbide-heziketaren sistemetako bat dela, tresna eta ekintza egokiz osatua enpresen artean eta langileen artean (izan langabeak, lehentasunez; izan lanean dihardutenak) lehiakortasun- eta kualifikazio-beharrizanei erantzuteko prestakuntza bultzatu eta zabaldu dezan. Prestakuntza horrek, halaber, gizartea kohesionatzen eta ekonomia garatzen lagunduko du, ezagutzan oinarritutako ekonomiaren esparruan. Bestalde, lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak, Lan eta Enplegu Sailari esleitzen dizkio enplegu-politika eta enplegurako lanbide-heziketa, Lanbide Heziketaren eta Etengabeko Prestakuntzaren arloarekin koordinazioan. Azken horren ardura da, hain zuzen, lanbide-heziketa osoaren planifikazio estrategikoa, diseinua eta ildoak prestatzea, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lankidetzarekin, erakunde horrek dauzkan erantzukizunei dagokienez.
Gainera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua organismo autonomoa –Lan eta Enplegu Sailari atxikia berau– arduratzen da, besteak beste, enplegu-programak, enplegurako prestakuntza-programak eta autoenplegua eta enpresen sorkuntza sustatzeko programak kudeatzeaz. Egiteko horren barruan dago dirulaguntza-deialdiak onestea eta izapidetzea, hala ezarrita baitago maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuak onetsitako organismo autonomoaren estatutuen 3.b) artikuluan.
Halaber, EAEn Enplegurako Lanbide Heziketa agintzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren 9. artikuluan xedatzen denez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua da Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa programatzeko, kudeatzeko eta kontrolatzeko eskumena duen organoa.
Aipatutako dekretuaren 21. artikuluak enpresek beren langileentzat programatutako prestakuntza arautzen du, enplegurako beste prestakuntza-ekimenen artean, eta aurreikusten du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak iragarri ahal izango dituela, hobarien sistemaren bidez finantzatutako prestakuntza osatze edo ordezte aldera, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresek garatzen dituzten prestakuntzako estrategia-ekintzak egiteko laguntzak, ekintza horiek enpresa-proiektuari zuzenean lotutakoak direla ulertuta.
Helburu hori dute erabaki honen bidez onartzen den deialdiaren babespean finantzatutako prestakuntza-ekintzek. Hala, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresei beren langileen eskumenak eta kualifikazioak hobetzeko prestakuntza-ekintzak programatzeko aukera ematen zaie.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Lan eta Enplegu Sailaren mendeko erakunde autonomoak, 2022ko Dirulaguntzen Plan Estrategiko bat du, Administrazio Kontseiluak 2022ko abenduaren 21eko bileran hartutako Erabakiaren bidez onartua, prestakuntzako programa bat diseinatu eta kudea dezan, 2. helburu estrategikoan (Ekoizpen-sistemara egokitzen den enplegu erresilientea) eta haren 2.3 gako estrategikoan (Etengabeko ikaskuntza funtsezko erantzun estrategiko gisa, lanbide- eta bizi-mailara egokitzeko gaitasun handia eskatzen duen aldaketa-egoera azkar baten aurrean) oinarrituta. Enpresek garatzen dituzten prestakuntzako estrategia-ekintzak egiteko 2023-2024 aldirako laguntza hauek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2022ko ekitaldiko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan aurreikusita daude. Erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak onartu zuen plan hori, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatutakoa betez. Erabaki hori Lanbideren web-orrian argitaratu zen (www.lanbide.euskadi.eus), «Laguntzak eta dirulaguntzak» apartatuan.
Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak proposatuta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2023ko uztailaren 27ko bilkuran harturiko erabakiaren arabera, onartu du Euskal Autonomia Erkidegoko enpresek garatzen dituzten prestakuntzako estrategia-ekintzak egiteko laguntza ekonomikoen 2023ko ekitaldirako deialdia, honako hauei jarraikiz:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Deialdi honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko enpresek beren langileen gaitasunak eta kualifikazioak hobetzeko programaturiko prestakuntza-ekintzak (prestakuntzako estrategia-ekintzak) garatzeko laguntza ekonomikoen 2023. urterako deialdiaren oinarriak ezartzea.
Enpresatzat jotzen da jarduera ekonomikoren bat egiten duen erakunde oro, haren izaera juridikoa eta finantzaketa-modua zeinahi direla ere.
Estrategia-ekintzak enpresaren proiektuari zuzenean lotuta daude, eta premien diagnostiko batean edo antzeko dokumentu batean aintzat hartuta egon daitezke, zeinetan aurkezturiko ekintzen eta horiek hartuko dituzten langileen lehentasuna adierazten baita.
2.– Deialdi hau finantzatzeko, 3.200.000 euroko baliabide ekonomikoak erabiliko dira gehienez; horietatik 1.600.000 euro 2023ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 1.600.000 euro, berriz, 2024ko konpromiso-kredituari.
Guztira emango diren laguntzen bolumenak ez du gaindituko aipatutako kopurua edo hori eguneratzetik ateratzen dena, baldin eta indarreko legeriarekin bat aurrekontu-aldaketak onartzen badira, eta, hala bada, testuinguru hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez eman beharko da argitara EHAAn.
3.– Deialdi honetan jasotako laguntzak ez dira bateragarriak izango prestakuntza-ekintza berak egiteko laguntzen onuradunek jaso ditzaketen beste dirulaguntza publiko batzuekin.
4.– Dena den, deialdi honetan jasotako dirulaguntzak etengabeko lanbide-prestakuntzako estatuko egungo ereduaren barruan aurreikusiriko hobariekin osagarriak direla bermatuko da.
– Horri begira, estatuko hobari-sisteman agortu beharko dute enpresek ekitaldirako kreditu erabilgarria, eta, bestela, agortu gabeko kredituaren kopurua azken dirulaguntzatik deskontatuko da.
– Gainera, enpresa eskatzaileek bermatu beharko dute dirulaguntzaren xede diren ekintzek ez dutela jasotzen hobaririk Estatuko ereduan.
Bikoiztasunak eta prestakuntza-ekintzen gainfinantzaketa saihesteko, deialdi honetan eskatzen dizkieten puntu guztiak egiaztatu beharko dituzte eskatzaileek.
5.– Lehia-, publikotasun- eta objektibotasun-printzipioak kontuan izanda emango dira laguntza horiek.
2. artikulua.– Aplikazio-eremua.
1.– Deialdi honetako laguntzak Euskal Autonomia Erkidegoan dauden lantokietarako sustatzen diren prestakuntza-ekintzei aplikatuko zaizkie.
2.– Deialdi honen zehaztapenen araberako enpresak eta enpresa-taldeak izan daitezke laguntzen onuradun, eta haietako langileek parte har dezakete prestakuntza-ekintzetan.
3.– Honako kolektibo hauek ere parte har dezakete prestakuntza-ekimen diruz lagungarrietan:
1) Lan elkartuko kooperatibetako bazkide diren langileak, Langile Autonomoen Araubide Berezian (LAAB) kotizatzen dutenak, elkarte horietako estatutuek hori xedatzen dutenean.
2) Enpresari zuzenean loturiko langileak eta Legearen arabera besteren kontura kontratatu ezin direnak, nahitaez Langile Autonomoen Araubide Berezian (administratzaileak, senitartekoak) kotizatu behar dutenak.
3) Gizarte Segurantzaren Nekazaritza Araubide Berezira (GSNAB) edo itsasoko langileen Araubide Berezira bilduriko langileak.
4) Langile autonomoak.
5) Landun ez egonik ere, honako egoera hauetakoren batean daudenak:
– Denbora partzialean lan egiten duten langileak (finko aldizkakoak), lanik egiten ez duten aldietan.
– Prestakuntzaldian daudenean langabeziara igarotzen diren langileak.
– Enplegu-etenaldietan enplegu-erregulaziora bilduriko langileak.
Salbuespen gisa, nazioartekotze-prozesuetan sartuta dauden enpresen kasuan, eta betiere behar bezalako justifikazioarekin, laguntzaren enpresa onuradunarekin loturiko enpresei dagozkien langileek parte hartu ahalko dute finantzaturiko prestakuntza-ekintzetan. Horri begira, hirugarren herrialdeetan benetan ezartzeko prozesuak dira nazioartekotze-prozesuak.
4.– Finantzaketa jaso ahalko dute, 2023. urteko deialdi honetan, 2023ko urtarrilaren 1etik 2024. urteko ekainaren 30era bitarte garatzen diren prestakuntza-ekintzak. Nolanahi ere, gutxienez prestakuntza-ekintza bat 2023ko ekitaldian hasi beharko da.
5.– Aurkezturiko ekimenek beharrezkoa izango dute gutxienez 30 puntuko balorazioa merezi dutela egiaztatzea deialdi honen 9.II artikuluan ezarritako irizpideen arabera. Bestela ez dute finantzaketarik jasoko.
3. artikulua.– Prestakuntza-ekintzak.
1.– Deialdi honi dagokionez, irakasteko eta ikasteko prozesua da prestakuntza-ekintza, enpresaren prestakuntza-proiektuaren barruan dagoena (Prestakuntza Plana) eta helburu, eduki eta iraupen sistematizatuak dituena, parte-hartzaile guztientzat berberak.
Ez dira finantzatuko prestakuntza-prozesu bat (irakaskuntza-ikaskuntza) garatzea funtsezko osagaitzat ez duten ekintzak, hain zuzen ere, enpresaren ekoizpen-prozesuarekin zuzenean loturiko gaitasun eta kualifikazioak hobetzea xede duen prestakuntza-prozesu bat.
2.– Orokorrean, prestakuntza-ekintzek, hala banakakoek nola taldekakoek, gutxienez 6 ordu eta gehienez 270 iraungo dute parte-hartzaile bakoitzeko. Muga horiek salbuetsi ahal izango dira, baldin eta horren beharra egiaztatzen bada, betiere. Prestakuntzako jarduerek, modalitatea zeinahi dela ere, egunean gehienez 8 ordu iraungo dute.
3.– Modalitate hauetako batean eman behar dira prestakuntza-ekintzak: aurrez aurrekoa, teleprestakuntza edo mistoa.
A) Aurrez aurreko prestakuntzatzat jotzen da ikasgela batean irakasleek ikasle talde bati ezaguera berak eta aldi berean transmititzen dizkietenean, edozein motatako baliabide didaktikoak erabilita.
B) Teleprestakuntzatzat jotzen da parte-hartzaileak ikaskuntzaren erritmoak bere denborara egokitzen dituenean; horretarako, prestakuntza-prozesua egingo den tokiaz gain, tutore/irakasleak izango ditu, zalantzak argitzeko eta aurrerapausoak egiaztatzeko. Modu horretan, erabilitako materialen edukiak osatu edo sendotuko ditu.
Teleprestakuntzako modalitatetzat jotzen da prestakuntza-ekintzak eskatzen duen aurrez aurreko partea iraupen osoaren % 20 edo gutxiago denean.
Inola ere ez dira finantzatuko modalitate honetan eman beharreko Profesionaltasun Ziurtagirien Estatuko Katalogoko prestakuntza-ekintzak.
Teleprestakuntza-modalitatean irakasteko baldintzak:
3.3.B.1.– Edukiei dagokienez:
a) Teleprestakuntzako eta prestakuntza mistoko modalitatean prestakuntza-ekintza bat egiteak irakaskuntza-ikaskuntza prozesu bat dagoela bermatu behar du, aurrez aurreko modalitateko ekintzek bezala. Teleprestakuntzak parte-hartzaileen, tutore-prestatzaileen eta beste toki batean kokatutako baliabideen arteko elkarreragina eskatzen du.
b) Ez da teleprestakuntza pdf formatuko edo beste formaturen bateko edukiak deskargatzea.
c) Parte-hartzailea edukietatik/ikasgaietatik pasatzen denean erregistratuta geratu behar da.
d) Parte-hartzaileek egingo duten prestakuntza-ekintzaren iraupena erakunde prestatzaileak adieraziko du, helburua lortzeko aproposena izango delakoan.
e) Iraupenaren % 75etik beherako konexioak dituzten parte-hartzaileak ez dira parte-hartzaile bukatutzat hartuko.
f) Behar bezala arrazoituko da ekintzarako proposatutako teleprestakuntzako ordu kopurua.
3.3.B.2.– Tutoretza-jarduerei dagokienez:
a) Teleprestakuntzarako, ikaskuntza sistematizatuko prozesu bat dakarten euskarri didaktikoak erabili behar dira, eta, nahitaez, tutorearen laguntzarekin osatuko da ikaskuntza hori.
b) Ez du tutore berak gauzatu behar espezialitate desberdinetako prestakuntza-ekintzen tutoretza. Egoera hori gertatzen bada, haien gaitasunak eta eskura duten laguntza teknikoa zehaztuko dira (adituak).
c) Tutore-prestatzaileak prestakuntza-prozesuan zehar egindako jarduera guztien erregistroa eramango du, parte-hartzaileek egindako kontsulten eta zalantzen argitzea bere funtzioko jarduera espezifikoetatik bereiziz. Tutore-prestatzailearen esku-hartzeak bat etorri behar du tutoreen jardunaren plangintzarekin eta prestakuntza-ekintzaren programazioarekin.
3.3.B.3.– Jarraipen- eta ebaluazio-kontrolei dagokienez:
a) Ebaluazio-probak egin ahal izateko, parte-hartzaileak proba horiek sortzen dituzten edukietan sartu behar du aldez aurretik, jarraipenaren eta ebaluazioaren plangintzan ezarritakoa kontuan hartuta.
b) Tutore-prestatzaileak bermatu behar du proba horiek prestakuntza-prozesua garatzeko sekuentzia egokiaren arabera egiten direla.
c) Parte-hartzaile bukatutzat hartzeko, konexio-denboraz gain, prestakuntza-ekintzarako ezarritako aldizkako jarraipen- eta ebaluazio-kontrolen % 75 ere egin behar izan ditu gutxienez.
3.3.B.4.– Plataformak sortutako erregistroei dagokienez:
a) Informazioa hobeto tratatzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eskatuko du teleprestakuntza-plataformak sortutako eta erregistratutako datuak euskarri informatikoan eman diezazkioten (kalkulu-orria edo antzekoa): parte-hartzaileen jarduera-datuak (lehen eta azken sarbidearen datak, konexio-orduen kopurua, egun desberdinen kopurua), ebaluazio-proben datu osoak (burutze-data, erabilitako denbora...) eta egindako tutoretzei eta erantzundako kontsultei buruzko datu osoak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren web-orrian erantsitako ereduaren arabera.
b) Teleprestakuntza-plataformak ikasleak eta haiek egiten dituzten jarduera guztiak erregistratu behar ditu. Halaber, txostenak egitea erraztuko du, parte-hartzaileek ikastaro bakoitzeko elementu eta jarduera bakoitzetik egin duten pasaera eta teleprestakuntza-plataforman egin dituzten kliken arteko denbora biltzeko.
Deialdi honi begira, teleprestakuntzatzat hartuko da baliabide-zentroetan emandako prestakuntza. Baliabide-zentrotzat jotzen da banakako ekipamendu didaktikoa duen instalazioa; parte-hartzaileak hara joaten dira, hainbat euskarriren bidez prestakuntza eskuratzeko eta, han, beren zalantzak argitzeko tutoretza-motaren bat edukiko dute.
C) Modalitate mistotzat jotzen da prestakuntza-ekintza bera emateko aurrez aurreko modalitatea eta teleprestakuntza konbinatzen duena.
Prestakuntza mistotzat hartzeko, modalitate bakoitzeko edukiek argi eta garbi bereizita eta zehaztuta egon behar dute, eta prestakuntza-ekintza finantzatzeko batu behar dira aurrez aurreko orduetarako aplikatutako moduluak eta teleprestakuntzako orduetarako aplikatutakoak (tutoretzak zeinahi modalitatetakoak direla ere).
Modalitate bakoitzaren berezko baldintzak ere bete beharko dira, dagokion zatian.
4.– Prestakuntza-ekintza bakoitzaren parte-hartzaile kopurua zehazteko, eraginkortasun-irizpideak aplikatuko dira, enpresen finantza-baliabideen optimizazioa eta premia espezifikoen estaldura bateragarri egiteko.
5.– Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko prestakuntzaren kasuan, Profesionaltasun-ziurtagiriak arautzeko urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren 20. artikuluan aurreikusiriko eskakizunak bete behar dituzte parte-hartzaileek. Era berean, ikastetxeak hautaketa-proba bat egingo du beharrezkoa den prestakuntza-ekintzetan. Horrela, ekintzaren probetxua ziurtatuko da, eta kualifikaziora bideraturiko ekintzen helburuak lortzeko ezinbestekoak diren aldez aurreko ezagueren benetako maila finkatuko da, kasuan-kasuan, lanbide-kualifikazioko 2. eta 3. mailetako profesionaltasun-ziurtagirien prestakuntza-moduluen prestakuntzara sartzeko beharrezkoak diren funtsezko gaitasunak barne.
6.– Langile batek gehienez 270 prestakuntza-ordu jaso ditzake, salbu eta ekintza bakarrean parte hartzen badu eta ekintza horren muga salbuespentzat hartu bada, artikulu honen 2. apartatuan aurreikusitakoaren arabera.
7.– Enpresek berek antolatu ahal izango dute beren langileen prestakuntza, eta beren baliabideak erabili prestakuntza emateko, edo, bestela, baliabide horiek kontratatu ahal izango dituzte % 100ean.
Enpresa-taldeen kasuan, bakoitzarentzat banaka antolatu ahal izango da prestakuntza, edo haietako batzuk edo guztiak elkartuta. Elkartuz gero, taldeko zeinahi enpresak bere kabuz antolatu ahal izango du bere taldeko langileen prestakuntza, eta, prestakuntza emateko, bere baliabideak erabili ahal izango ditu edo, bestela, baliabide horien % 100 kontratatu.
Halaber, prestakuntza kanpoko erakunde baten esku utzi ahal izango dute enpresek, irailaren 9ko 30/2015 Legearen 12. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz. Kasu horretan, egiaztatutako prestakuntza-erakunde batek emango du prestakuntza, eta/edo aipatutako legearen 15. artikuluan aipatzen den administrazio publiko eskudunak gaitutako prestakuntza-erakundeen erregistroan inskribatutako batek. Lanbide-jarduera jakin batzuetan jarduteko gaitzen duen prestakuntza emateko beste administrazio batzuek homologatutako erakundeak inskribatutzat edo egiaztatutzat emango dira. Prestakuntza antolatzeko eta emateko jarduerak ezin izango dira azpikontratatu. Ez da ulertuko prestakuntzaren antolaketa kanpoko erakunde baten esku utzi dela, baldin eta dirulaguntza zuzen aplikatzeko behar den administrazio-kudeaketako eginkizunetara mugatzen bada erakunde horrek egin behar duen jarduera.
Enpresak prestakuntza-ekintzak egiteko kanpoko agenteak kontratatzen dituenean, gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu, hornitzailearen aukeraketa eraginkortasun- eta ekonomia-irizpideen araberakoa izan dela bermatzeko, kontratuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean aurreikusitako kontratu txikien zenbatekoa gainditzen duenean, salbu eta ezaugarri bereziak direla-eta merkatuan zerbitzua ematen duen behar adina erakunde ez badago. Proposamen ekonomikorik onena aukeratzen ez denean, berariaz justifikatu beharko da memoria batean.
Nolanahi ere, 7. apartatu honetan aurreikusi ez den guztian zuzenean aplikatuko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. eta 31.3 artikuluetan xedatutakoa.
8.– Prestakuntza-ekintzek barne-prestakuntza biltzen dutenean, osorik edo zati batean, ikaskuntza-prozesu sistematizatua izateko moduan diseinatu eta egituratu beharko da aldez aurretik prestakuntza hori.
9.– Kualifikazio Sistema Nazionalaren Katalogo Modularrarekin erlazionatutako prestakuntza-ekintzak, dirulaguntzaren eskabidea aurkezteko unean Euskal Autonomia Erkidegoan Prestakuntza Zentro edo Erakundeen Estatuko Erregistroan egiaztatutako prestakuntza-zentro publiko edo pribatuek eman beharko dituzte, edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatutakoek, Profesionaltasun Ziurtagiriak lortzeko prestakuntza emateko.
Prestakuntza-ekintza horiek, aurrez aurreko modalitatekoak direnak, zentroetako instalazioetan gauzatuko dira.
4. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Deialdi honetako laguntzak 2. artikuluan aipatutako enpresek eskatu ahalko dituzte, betiere 35 langileko edo langile gehiagoko plantilla bat badute.
Salbuespen gisa plantilla horretara iristen ez diren enpresek aurkezturiko planak diruz lagundu ahalko dira. Kasu horietan, enpresak prestakuntza-plana burutzeko zer-nolako gaitasuna duen aztertuko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, eta arrazoiak azalduta ebatziko.
2.– Plantillan 50 langile edo gehiago dituzten enpresa-taldeek ere laguntzak eskatu ahalko dituzte. Enpresa-taldetzat hartuko dira sozietate guztietan haien artean lotura hauetako bat dutenak gutxienez:
a) Enpresa batek beste enpresa baten akziodunen edo bazkideen boto-eskubideen gehiengoa du.
b) Enpresa batek beste sozietate baten administrazio-, zuzendaritza-, edo kontrol-organoko kideen gehiengoa izendatu edo errebokatzeko eskubidea du.
c) Enpresa batek beste batean eragin dominatzailea izateko eskubidea du, harekin sinatutako kontratu baten edo bigarren enpresaren estatutu-klausula baten ondorioz.
d) Enpresa bat beste enpresa baten akzioduna edo bazkidea da, eta beste enpresa horren akziodunen boto-eskubideen gehiengoa kontrolatzen du berak bakarrik, beste enpresa horren akziodun edo bazkide batzuekin izandako akordioaren bidez.
Kasu horretan, taldea osatzen duten enpresetako edozein izango da eskabidearen titularra, baina prestakuntza-planean parte hartzen duten enpresa guztiak izango dira onuradun.
3.– Dena den, enpresa berak ezin izango du laguntza-eskabide bat baino gehiago aurkeztu deialdi honen barruan. Eskabide bat baino gehiago aurkezten bada, lehenengo aurkezten dena bakarrik hartuko da kontuan.
4.– Erakundeak ez dira onuradun izango, honako egoera hauetako batean badaude:
a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez badituzte.
Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen. Hala ere, eskatzaileak espresuki aurka egin diezaioke egiaztatze horri, baina, halakorik egiten badu, ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu frogatzeko eskakizun hori betetzen duela.
b) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharra egunean ez badute.
c) Dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera kentzen dien zigor-zehapenik edo administrazio-zehapenik badute, honako hauek barne:
– Sexu-bazterkeriagatik ezarritako zehapena, lege hauetan ezarritakoaren arabera: Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina (martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eraginkorrerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa.
– Ebazpen irmo baten bidez ezarritako zehapen osagarria, Lan-arloko arau-hausteei eta zehapenei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren 46.1.b) eta 46 bis.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.
d) Laguntzak edo dirulaguntzak jasotzea eragozten dien legez ezarritako kausaren bat badute, barnean direla Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabeko bizitzei buruzko Legearen testu bateginean aurreikusitakoak (martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu hori). Honako hauek, alegia:
– Ez edukitzea berdintasun-planik indarrean, nahiz eta enpresa horretara behartuta egon Estatuaren araudiaren arabera.
– Ez edukitzea ezarrita neurririk sexu-jazarpena, sexuan oinarritutako jazarpena edota indarkeria sexualak prebenitu eta borrokatzeko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan.
e) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetan, eta eskatzailea irabazi-asmorik gabeko pertsona fisikoa edo juridikoa bada, zuzenbide publikoko erakundea ez dena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 3 bis apartatuan aurreikusitako baldintzetan, abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak ez betetzea (3/2004 Legea, merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituena).
Betekizun hori betetzat joko da abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeen betetze-maila Enpresak sortu eta handitzeko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoaren berdina edo handiagoa denean (aurreko ekitaldian hornitzaileei egindako ordainketa guztien gainean ordaindutako fakturen % 90, abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako gehieneko epean)
f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan xedatzen diren gainerako egoeretako batean badaude.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ez badu egiaztatzen 4. apartatuan xedatutako eskakizunen bat, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatu beharko da; adierazpen hori eskabide-orrian jasota dago.
Bestalde, e) letran adierazitako eskakizuna egiaztatzeko, honako dokumentazioaren bidez egiaztatuko da:
– Pertsona fisiko edo juridiko eskatzaileak, kontabilitate-araudiaren arabera, galera eta irabazien kontu laburtua aurkez badezake, 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluaren a) letran aurreikusitako ziurtagiriaren bidez, Lanbidek emandako ereduaren arabera. Ziurtagiri hori dirulaguntzaren eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.
– Ezin badu galera eta irabazien kontu laburtua aurkeztu 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluaren b) letran aipatzen den dokumentazioaren bidez, hau da: Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek emandako ziurtagiriaren bidez, apartatu horren 1. zenbakian eskatutako edukiarekin. Ziurtagiri hori ematea ezinezkoa bada, Prozedura Adostuen Txostenaren bidez, aipatutako b) apartatu horren 2. zenbakian eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onartutako Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 22 bis artikuluan aurreikusitako baldintzetan. Lanbidek erakunde onuradunei dokumentazio hori aurkezteko eskatuko die, dirulaguntzak emateko ebazpena eman aurretik.
5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Deialdi honen esparruko dirulaguntza-eskabideak elektronikoki beteko dira, eredu normalizatuetan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren enpresentzako prestakuntzako informatika-aplikazioaren bidez. Aplikaziorako sarbiderik ez duten enpresek Lanbideren web-orriaren bidez eskatu ahal izango dute: www.lanbide.euskadi.eus
Honako helbide honetan eskuratu daiteke administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, izapidetze elektronikorako jarraibideak ematen dituena: https://www.euskadi.eus/servicios/0136807
Eskabideak elektronikoki izapidetu ahal izango dira ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/representantes
2.– Eskabideak, behar bezala beteta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren helbide hauetako edozeinetan aurkeztuko dira:
– Arabako Lurralde Bulegoa, Antilletako pasabidea 14, behea; 01012 Vitoria-Gasteiz.
– Bilboko Zerbitzu Zentralak, Prestakuntza Zerbitzua, Xenpelar kalea 13, 48003 Bilbao.
– Gipuzkoako Lurralde Bulegoa, San Martzial kalea 12, 20005 Donostia.
Horrez gain, administrazio-prozedura erkidea arautzen duen araudian aurrez ikusitako moduetan ere aurkeztu ahal izango dira eskabideak.
Paperean aurkeztutako datuen eta informatika-aplikazioaren bidez aurkeztutako datuen artean desadostasunik badago, paperean aurkeztutako datuak hartuko dira baliagarritzat.
Eskabideak aurkezteko, aurretiko hitzordua eskatu beharko da.
3.– Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik eta 2023ko irailaren 11ra arte izango da.
6. artikulua.– Eskabideak egiteko baldintzak.
Honako dokumentu hauek jaso beharko dira dirulaguntza-eskabidean:
1.– Eskatzailearen izen soziala, IFK, Gizarte Segurantzaren inskripzio-zenbakia, Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionala (EJSN), sektoreko Hitzarmen Kolektiboa eta batez besteko plantilla deialdi hau argitaratzen den egunaren aurre-aurreko hamabi hilabeteetan. Dokumentu horiek behar bezala sinatuta eta zigilatuta aurkeztu behar dira.
2.– Enpresa-taldeko plan batean parte hartzen duten enpresa guztiek parte hartzeko konpromisoa adierazi behar dute (2A eranskina, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren web-orrian eskuragarri izango dena).
3.– Aurkeztutako proiektuaren ardura hartzeko enpresak izendatu duen pertsona.
4.– Jarraian azaltzen diren dokumentuak ere aurkeztuko dira, baldin eta aurreko deialdietan aurkeztu ez badira, edo aldatu egin badira aldez aurretik aurkeztutakoekiko.
a) Planaren enpresa eskatzailearen zerga-identifikaziorako txartelaren fotokopia.
b) Erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko ordezkariaren gaitasuna egiaztatzen duen jatorrizko dokumentazioa, kopia konpultsatua edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak konpultsatzeko kopia.
5.– Halakorik izanez gero, finantza litekeen prestakuntza-planean aurkezturiko ekintzak biltzen dituen prestakuntza-premiak detektatzeko azterlana edo azterketa.
6.– Garatu beharreko prestakuntza-ekintzak deskribatzea, lehentasunak ezarriz, hau da, ekintzak egikaritzeari dagokionez lehentasunen ordena ipiniz, ekintza bakoitzaren izena, iraupena eta parte-hartzaile kopurua adierazita, deialdi honi erantsitako inprimaki normalizatuetan zehaztutako banantzea barne. Datu hauek jaso beharko dira beti:
a) Talde hartzaileak, kategorien edo talde profesionalen, lan-egoeraren eta Gizarte Segurantzarako afiliazio-araubidearen arabera.
b) Prestakuntza-ekintzen aurreikusitako kostua.
c) Prestakuntza-ekintzak egikaritzeko aurreikusitako egutegia eta lanorduen kopurua.
d) Prestakuntza-ekintzak emateko aurreikusitako prestakuntza-erakundeak, tokia, instalazioak eta baliabideak.
e) Parte-hartzaileak hautatzeko irizpideak.
f) Harremanetarako pertsona eta programaturiko prestakuntza-ekintzen jarraipena egiteko modua, eta jarraian prestakuntza-programak ebaluatzeko baliagarri izango diren irizpide eta metodologiak.
7.– 2022ko ekitaldian enpresak edo enpresek ordainduriko lanbide-prestakuntzako kuotaren urteko zenbatekoaren ardurapeko aitorpena, EAEn dauden lantokiei dagokienez.
8.– Erakunde eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ez duela dirulaguntzen itzulketengatiko zorrik EAEko Administrazioa eta haren erakunde autonomoekiko burutzapen-aldian.
9.– Erakundeak zigor- eta administrazio-arloan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorrik jaso ez izana, eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik jaso ez izana egiaztatzen duen ardurapeko aitorpena, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.
10.– Beharrezkoa bada, prestakuntzan legearen edo hitzarmen kolektiboaren arabera dagokion inbertsioa egin izana egiaztatzen duen ziurtagiria, baita justifikazio-dokumentuak ere. Dokumentu horiek behar bezala sinatuta eta zigilatuta aurkeztu behar dira.
11.– Lantokien zerrenda, bakoitzari buruz zer ekintzatan parte hartzeko asmoa duten, zer herritan kokatuko den, langileen eta benetako parte-hartzaileen guztizko kopurua eta ordezkaritza sindikalik baduten edo ez zehaztuta.
12.– Konkurtso-deklaraziorik eskatu ez izana, edozein prozeduratan kaudimengabe ez jotzea, konkurtsoan deklaratuta ez egotea (eraginkortasuna hitzarmen bidez bereganatu badu salbu), epailearen esku-hartzearen menpe ez egotea edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta ez egotea, konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldi hori oraindik amaitu gabe egonik.
13.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak estatuko ereduaren aurreikusitakoekiko osagarriak direnez eta dirulaguntzen/hobarien bikoiztasuna eta laguntzako prestakuntza-ekintzen gainfinantzaketa saihestearren, eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, non adieraziko baitu ezein kasutan ere ez dituela ekintza edo parte-hartzaile berak aurkeztu edo aurkeztuko estatuko sisteman bilduriko hobarien sistema eta jarduera bererako; horrez gain, adierazpen horretan beste administrazio publiko edo erakunde publiko zein pribatu batzuek emandako beste diru-sarrera osagarrien berri eman beharko du, eta horien zenbatekoa adierazi. Ondoren gertatzen den edozein aldaketa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio.
14.– Langileen legezko ordezkaritzarako informaziorako eta kontsultarako agiria (3A eranskina, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren web-orrian eskuragarri izango dena), behar bezala zigilatua eta sinatua.
15.– Nazioartekotze-prozesuetan sartuta dauden enpresen loturaren dokumentu bidezko egiaztapena.
16.– Uneko ekitaldian zehar eta aurreko bietan jasotako «minimis» laguntzei buruzko aitorpena, enpresa eskatzaileak egina, bat etorriz deialdi honen 20. artikuluan xedatutakoarekin.
17.– Kanpoko zerbitzuen kontratazioaren kasuan, kontratazio-proposamena, hala badagokio, hiru eskaintza eskatu direla eta aukeraketa egin dela justifikatuz.
Dokumentazio hori geroago aurkeztu ahal izango da, baina prestakuntza-ekintza hasi aurretik, betiere.
7. artikulua.– Langileei eman beharreko informazioari eta egin beharreko kontsultari buruzko eskakizunak.
1.– Eskabidea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari aurkeztu aurretik, eskatzaileak informazioa emango dio Langileen Legezko Ordezkaritzari, egikaritzeko dirulaguntza lortu nahi den prestakuntza-ekintzei buruz. Horretarako, aurreko artikuluko 5., 6. eta 7. apartatuetako agirien kopia osoa emango du, eta eskabidearen 3A eranskina betetzeko eskatuko du (informatika-aplikazioan eskuragai).
2.– Langileen Legezko Ordezkaritzak 15 eguneko epea izango du txostena egiteko, dokumentuak jasotzen diren egunetik aurrera. Txosten hori (3C eranskina, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emandako informatika-aplikazioan izango dena eskuragai) enpresari eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari helarazi ahalko die Langileen Legezko Ordezkaritzak.
3.– Horretarako, Planean parte hartzen duten lantoki guzti-guztiei dagokiena izango da Langileen Legezko Ordezkaritza. Enpresa-batzordea/ek edo langileen ordezkariek eman behar dituzte 3A eranskinak, dauden guztien % 51 gutxienez.
Lantoki batean edo batzuetan ordezkaritza sindikalik ez dagoela adieraztea ziurtagiritzat joko da xede guztietarako.
4.– Prestakuntza-ekintzak hasi aurretik, Enpresako Langileen Ordezkaritzari igorri beharko zaio prestakuntza-ekintza horietako parte-hartzaileen zerrenda.
Hiru hilean behin, prestakuntza-planaren egikaritzeari buruzko informazioa emango diete enpresek langileen ordezkariei.
8. artikulua.– Laguntza zehaztea.
1.– Jasotzen den gehieneko laguntzak, guztira, ezin izango du gainditu Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen lanbide-heziketako kuotaren urteko zenbatekoa bider 1,5 –250 langile baino gehiagoko enpresen kasuan– eta bider 5 –250 langile arteko enpresen kasuan–, enpresa kooperatibetan izan ezik, baldin eta enpresa horien langile bazkideek Langile Autonomoen Araubide Berezian kotizatzen badute; kasu horretan, hauxe izango da gehieneko guztizko laguntza kalkulatzeko kontuan hartuko den kopurua: enpresak dauzkan langileen kopurua enpresa sortu berrietarako oro har langile bakoitzeko ezarritako batez besteko hobariarekin (65 euro) biderkatuta ateratzen den kopurua.
Laguntza kalkulatzeari begira, Euskal Autonomia Erkidegoko plantilla titularra hartuko da kontuan.
2.– Eskatzaile bakoitzari ematen zaion dirulaguntza izango da gehieneko laguntza, eta honela zehaztuko da:
a) Ordu kopurua bider parte-hartzaile kopurua eta dagokion moduluaren zenbatekoa.
b) Ondoren, planaren balorazio teknikoa egingo da, zeinetan zehaztuko baita gehieneko laguntza finantzagarriaren ehunekoa, tarte hauen arabera:
– 30 puntutik 69 puntura: % 60.
– 70 puntutik 79 puntura: % 70.
– 80 puntutik 89 puntura: % 80.
– 90 puntutik 100 puntura: % 90.
c) Baldin eta deialdi hau finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak ez badira nahikoak eman beharreko dirulaguntza guztiak estaltzeko, hainbanaketa bidez banatuko dira, eta, horretarako, erabilgarri dauden baliabide ekonomikoen zenbatekoak funts-mugarik gabe emandako dirulaguntzen zenbatekoaren gainean duen ehunekoa aplikatuko da.
9. artikulua.– Balorazio-irizpideak.
Irizpide hauei jarraikiz egingo da planen balorazio teknikoa.
I.– Lehentasun-irizpide orokorrak: 35 puntu, gehienez.
1.– Honako ezaugarri hauetako bat duten prestakuntza-ekintzek izango dute lehentasuna:
a) Prestakuntza-ekintzen jatorriari eta izaerari dagokienez: 10 puntu, gehienez:
– Izaera estrategikoa duten ekintzak, beharren azterketaren batean oinarrituta.
– Lanaldia murrizteko, birmoldaketako edo kontratuak aldi baterako eteteko prozesuen ondoriozko ekintzak.
– Lan-munduan euskararen erabilera normalizatzeko helburua duten ekintzak.
– Kualifikazioen Sistema Nazionalaren Katalogo Modularrari loturiko prestakuntza-ekintzak.
– Metodologiarengatik, edukiarengatik edo beste edozein arrazoirengatik Enplegurako Prestakuntzarako berritzaileak diren ekimenak.
b) Prestakuntzaren hartzaileei dagokienez: 35 puntu, gehienez:
– Enpresa txiki eta ertainetako langileen lehiakortasuna eta enplegagarritasuna hobetzeko helburua izatea. Ildo horretan, lehentasuna izango dute EAEko enpresa txikiek eta ertainek aurkezturiko prestakuntza-planek, arreta berezia emanez enpresa txikiek aurkezturiko prestakuntza-planei.
(Ikus .PDF)
Enpresa-taldeen kasuetan, «enpresa bakarraren» irizpideari jarraikiz, puntuazioak ez dira ematen espedienteko enpresen plantillekin erdietsitako batezbestekoen arabera; aitzitik, plantillak gehitzen dira, eta horiei aplikatzen zaizkie puntuazioak.
2.– Deialdi honetan ez da lehentasunezkotzat jotzen prestakuntza-ekintza generikoak eta zeharkakoak finantzatzea, salbu eta justifikatuta eta enpresaren jarduerarekin zuzenean lotuta dauden kasuetan.
3.– Aurkezturiko ekintzen lehentasunezko tratamendua baliatu ahal izateko, eta eskabide-inprimakietan biltzen den informazioa alde batera utzita, eskatzaileak egokitzat jotzen duten dokumentu osagarri guztiak aurkeztu behar ditu.
4.– Ekintzei lehentasuna emateko kontuan harturiko baldintzak funtsean aldatzen badira ekintza egikaritzen den bitartean, lehentasunezko izaera dela-eta lorturiko finantzaketa gehigarria berrikusi ahalko da.
II.– Kalitate- eta koherentzia-irizpideak: 65 puntu, gehienez.
1.– Aurkezturiko prestakuntza-ekintzen kalitatea eta koherentzia balioesteko, honako hauek hartuko dira kontuan:
a) Enpresaren prestakuntza-estrategia: 55 puntu, gehienez:
– Enpresak premiak aztertu eta detektatzeko azterlana egin izana, proposatutako prestakuntza-ekintzak deskribatzeko: 5 puntu.
– Ekintza horiek enpresaren proiektuari atxikitako prestakuntza-plan batean biltzea, zeina aldagai hauek bultzatutakoa izan baitaiteke: inbertsio estrategiko berriak, enpresa barruko inbertsioak, ekipamendu berriak; sistema berriak ezartzea, merkatu berriak zabaltzea, enpleguetako balioaniztasuna eta abar: 30 puntu.
– Enpresak hausnarketa-prozesua abian jarri izana, prestakuntza-ekintza horien lehentasuna erabakitzeko: 5 puntu.
– Lehen aipatutako azterlanean aurkeztutako ekintza bakoitzaren deskribapena eta kokapena: enpresarentzako kostua, hasitako eta/edo amaitutako ekintzak, interes ekonomiko eta sozialeko ekintzak: 15 puntu.
– Prestakuntza-ekintzen ebaluazioa: 5 puntu.
– Aurkeztutako ekintzen koherentzia orokorra: ekintzen iraupena eta parte-hartzaileen kopurua ekintzako: 10 puntu.
b) Eskatzaileak proiektuan duen inplikazioa: 10 puntu, gehienez:
– Proiektua egikaritzera bideratutako baliabideak eta langileen inplikazioa ekintzen diseinuan: 5 puntu.
– Eraginkortasuna hornitzaileak hautatu eta kudeatzean: 5 puntu.
2.– Atal honetan gutxienez 30 puntu lortzen ez dituzten eskabideek ez dute dirulaguntzarik jasoko.
III.– Aurreko egikaritze- eta betetze-maila:
Balorazio teknikoan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagunduriko 2020ko eta 2021eko deialdietan eskatzaileak egiaztaturiko egikaritze- eta betetze-maila hartuko da kontuan. Gehienez 10 puntuz gehitu edo murriztu ahalko da balorazio teknikoa lorturiko guztizkoaren gain, eta ezingo da inoiz 100 puntutik gorakoa izan.
(Ikus .PDF)
10. artikulua.– Modulu ekonomikoak.
1.– Aurrez aurreko prestakuntza-ekintzak.
a) Profesionaltasun-ziurtagiriei lotuta ez dauden prestakuntza ekintzetan, modulu ekonomiko hauek aplikatuta burutuko da balorazio ekonomikoa (euro/ordu/parte-hartzaile):
(Ikus .PDF)
Aurrez aurreko modalitatearen kanpo-prestakuntzari buruzko modulu ekonomikoak % 50 arte areagotu ahalko dira prestakuntza-ekintza jakin batzuen kasuan, baldin eta, haien espezialitatea eta ezaugarri teknikoak kontuan hartuta, finantzaketa handiagoa behar bada, betiere.
Aurreko paragrafoan jasotako ekintzen guztizko kostuak ezingo du gainditu deialdi hau finantzatzera zuzendutako funtsen guztizkoaren % 5.
b) Profesionaltasun-ziurtagiriei lotutako prestakuntza-ekintzetan, modulu ekonomikoa 9 euro orduko eta parte-hartzailekoa izango da.
2.– Teleprestakuntzako prestakuntza-ekintzak.
Profesionaltasun-ziurtagiriei lotuta ez dauden prestakuntza-ekintzetan, modulua 7,5 eurokoa izango da parte-hartzaile bakoitzeko.
3.– Prestakuntza-ekintza mistoak.
Aurrez aurreko prestakuntza-denboraren ordu/parte-hartzaile kostua aurreko 1. apartatuan deskribaturikoaren arabera lortuko da. Teleprestakuntza-denboraren ordu/parte-hartzaile kostua aurreko 2. apartatuan deskribaturikoaren arabera lortuko da. Ekintzaren guztizko kostua bi kostu partzialen batura izango da.
11. artikulua.– Prozedura eta ebazpena.
1.– Prozedura izapidetzeko organo eskuduna Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendaria izango da, eta ebazteko organo eskuduna, berriz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia.
2.– Eskabideak aurkeztuta, aurkeztutakoa baino informazio gehiago eskatu ahal izango da. Hamar egun balioduneko epea emango zaio eskatzaileari akatsa zuzentzeko edota aurkeztu ez dituen nahitaezko dokumentuak aurkezteko. Halaber, adieraziko zaio, hala egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela. Administrazioa, bestalde, behartuta dago eskabidearen gainean ebazpen adierazi bat hartzera eta ebazpena jakinaraztera.
3.– Eskabideak aztertzeko eta haien balorazioa egiteko, balorazio-batzorde tekniko bat eratuko da. Batzordea pertsona hauek osatuko dute, eta, haiek ez badaude, ordezkoek:
Batzordeburua:
– Juan Carlos Ibarrola Sáenz de Ugarte, Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendaria.
Idazkaria:
– Javier Armaolea Juaristi, Enplegurako Prestakuntza Zerbitzuko teknikaria.
Bokal titularrak:
– Eduardo Campo Guillerna, Enplegurako Lanbide Heziketako Zerbitzuko koordinatzailea.
– Joseba Larrañaga Osinalde, Enplegurako Lanbide Heziketako Zerbitzuko teknikaria.
Ordezko bokalak:
– Jone Irizar Ariceta, Enplegurako Lanbide Heziketako Zerbitzuko teknikaria.
– Ernesto Castaño Martínez, Enplegurako Lanbide Heziketako Zerbitzuko teknikaria.
Ebaluazio-batzordea balio osoz eratutzat joko da batzordeburua eta idazkaria (edo, kasua denean, haien ordezkoak) eta gutxienez kideen erdiak bertaratzen direnean.
Batzordeburua ez badago, bokaletako bat izango da batzordeburu, arestian aipatutako hurrenkeran.
Idazkaria ez badago, bokaletako bat izango da batzordeburu, arestian aipatutako hurrenkeraren alderantzizkoan.
Ebaluazio-batzordeak aurkeztutako eskabideak aztertuko ditu, ebazpen-proposamena prestatuko du, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari helaraziko dio, hori baita ebazpena emateko organo eskuduna.
4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak dagokion ebazpena emango du, eta interesdunei jakinaraziko, Lanbideren web-orrian argitaratuta (www.lanbide.euskadi.eus)
Ebazpena aldekoa bada, diruz lagunduko diren prestakuntza-ekintzak, parte-hartzaile kopurua, ordu kopurua eta finantzaketa adieraziko dira. Eskatutako laguntza ukatzen bada, horren arrazoia adieraziko da.
Interesdunak 10 eguneko epea izango du, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpena jakinarazten denetik aurrera, emandako dirulaguntza onartzen duela adierazteko eta lehen prestakuntza-ekintza hasi izanaren ziurtagiria bidaltzeko, baldin eta ekintza hori ebazpena jakinarazi baino lehen hasi bada. Epe hori igarotakoan, eskabidean atzera egin duela ulertuko da.
5.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
6.– Ebazteko eta ebazpena jakinarazteko epea, gehienez 6 hilabetekoa izango da, deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, eta, epe hori amaituta jakinarazpenik jaso ez bada, eskabidea ezetsi dela ulertuko da.
7.– Erakunde onuradunei dirulaguntzak emateko eta ordaintzeko, ezinbestekoa da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren erakunde autonomoen antzeko dirulaguntzen edo laguntzen karietara bideratzen hasitako itzulera- edo zehapen-prozedurak.
8.– Publikotasunaren printzipioa betetzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da zer erakundek jaso duten dirulaguntzaren bat deialdi honen babesean eta zenbateko laguntza jaso duten.
12. artikulua.– Prestakuntza-plana egikaritzea.
1.– Eskatu eta eman den xede jakinerako erabiliko da dirulaguntza, hots, prestakuntza-planak egikaritzeko.
2.– Deialdi honen bidez finantzatutako prestakuntza-planetan bilduta dauden prestakuntza-ekintzak erabat doakoak izango dira parte-hartzaileentzat.
3.– Ekintza edo talde bakoitza hasi baino bi egun lehenago, erakunde onuradunak datu hauek jakinarazi beharko ditu: ekintza non emango den, erakunde emailea, eta ekintza gauzatzeko eguna eta ordutegia.
Bigarren prestakuntza-egunean beranduenez, parte-hartzaileei buruzko datuak jakinarazi beharko dizkio erakunde onuradunak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.
Ikastaldia amaitu eta gehienez 30 eguneko epean, amaitu duten parte-hartzaileak zein diren jakinarazi beharko du, erakunde onuradunak eta ikastaldiari buruzko informazioa itxi beharko du.
Betebehar horiek betetzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak aplikazio bat jarriko du titularren esku, bere webgunean. Horrela adierazitako informazioak ez du aldaketarik onartuko taldea edo ekintza amaitzen denetik hasi eta 30 egun igaro ondoren, eta horixe izango da prestakuntza-plana egikaritu dela justifikatzeko kontuan hartuko den bakarra.
Jakinarazpen-betebehar horiek ez badira betetzen, prestakuntza-ekintza egin gabetzat hartuko da, plana egikaritu izana justifikatzearen ondorioetarako.
4.– Titularrek aurrez aurreko ekintzetan eguneroko bertaratze-partea egin beharko dute, eta irakasleak eta parte-hartzaileek sinatu beharko dute.
Teleprestakuntzako prestakuntza-ekintzen kasuan, berriz, titularrak prestatu beharko du parte-hartzaile bakoitzaren gainean egindako jarraipen-kontrolei buruzko dokumentazioa.
Titularrak bermatu beharko du parte-hartzaileak prestakuntza-ekintzetara egunero bertaratu direla egiaztatzeko dokumentuen zaintza.
5.– Erakunde onuradunak egiaztapen-diploma bat eman beharko dio aldeko ebaluazioarekin prestakuntza gainditu duen parte-hartzaile bakoitzari; diploma Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako ereduaren araberakoa izango da, eta, hor, datu hauek agertuko dira gutxienez: prestakuntza-ekintzaren izena, prestakuntzaren edukiak, emateko modalitatea, iraupena eta emate-aldia. Halaber, prestakuntza aldeko ebaluaziorik gabe amaitu duen parte-hartzaileei, kurtsoan bertaratze-ziurtagiri bat emango zaie.
Kualifikazioen Sistema Nazionalaren Katalogo Modularrari loturiko prestakuntza-ekintzetan, eta prestakuntza-ekintza gainditu duten pertsonei dagokienez, parte-hartzaileei emango zaien ziurtagiria, eska daitekeena, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako prozeduraren arabera emango da.
Prestakuntzaren erakunde arduradunak bertaratze-ziurtagiria edo, hala dagokionean, diploma, eman edo bidali beharko die parte-hartzaileei, edo prestakuntza-plataformetan eskuragarri jarri, gauzatutako prestakuntza-ekintza amaitu eta gehienez bi hileko epean.
Titularrak diploma edo bertaratze-ziurtagiri horren kopia gordeko du, parte-hartzailearen «jaso izanarekin» batera.
6.– Artikulu honen 3. apartatuan adierazten den moduan, ekimen honen bitartez programatzen diren prestakuntza-ekintzen hasieraren eta amaieraren berri eman beharko du enpresak, eta prestakuntza ekintzak eta haien jarraipena, kontrola eta ebaluazioa modu egokian garatzen direla ziurtatu beharko du, baita ematen den prestakuntza enpresaren eta langileen beharrizanei ondo egokitzen zaiela ere.
Nolanahi ere, erakunde onuradunak bere gain hartuko du zuzenean laguntzak behar bezala aplikatzea, eta jarraipen- eta kontrol-organismoen eginkizunen behar bezalako garapena ziurtatu beharko du.
7.– Laguntzaren emate-ebazpena jaso eta gero, prestakuntza-planaren % 50 gauzatuta eta behar besteko aurrerapenez, prestakuntza-ekintza berriak sartzea eskatu ahal izango da, baina ekintza horiek ez dute inola ere gaindituko finantzatutako planean onartuetatik % 15, eta ez dute minoraziorik ekarriko hasierako eskabidean aintzat hartu izan balira lortuko zatekeen balorazio teknikoarekin alderatuta. Plana aldatzeko eskabide hori idatziz egingo da, eta behar bezala arrazoitu beharko da.
8.– Kalitatea ebaluatzeko galdetegiak banatu beharko ditu titularrak, prestakuntza-ekintzak amaitzen dituzten parte-hartzaile guztien artean, eta, ondotik, jasotako galdetegiak bildu eta zainduko ditu.
Ikasleek betetako galdetegietatik lortutako batez besteko emaitza sartu beharko du erakunde onuradunak bertaratzeen jarraipen-aplikazioan, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2009ko apirilaren 27ko Ebazpenean xedatutakoaren arabera, zeinaren bidez argitaratzen baitira enplegurako prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko galdetegiak (2009ko ekainaren 11ko BOE).
Erakunde onuradunaren erantzukizuna da kalitate-galdetegia betetzen dela ziurtatzea. Partaideek inkesta betetzen ez badute, prestakuntza-ekintzaren likidazioa murriztuko da, 15. artikuluan adierazitako moduan.
13. artikulua.– Laguntzen ordainketa.
1.– Dirulaguntza bi zatitan ordainduko da, honela:
a) Lehen ordainketa, dirulaguntzaren guztizkoaren % 50, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak lehen prestakuntza-ekintza hasi izanaren ziurtagiria jasotzen duen unean, zeina hasi eta 5 egun balioduneko epean aurkeztu beharko baita.
b) Bigarren ordainketa, dirulaguntzaren gainerakoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan justifikazio-memoria aurkeztu, eta dagokion azken likidazioa onartzen denean.
2.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, erakunde eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan inskribatuta behar du.
Alta eman edo hirugarren interesduneko zure datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako hirugarrengoentzako erregistro telematikora jo beharko da, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/
14. artikulua.– Kostu finantzagarriak eta egozpen-irizpideak.
Honako hauek hartzen dira zuzeneko kostutzat, prestakuntza-ekintza bakoitzeko bananduta:
a) Enpresatik kanpoko zerbitzuak kontratatzeari dagozkion kostuak.
b) Prestatzaileen edo barne-prestatzaileen kostua.
c) Material suntsikorraren kostua, babesteko eta segurtasuneko materiala barne.
«Teleprestakuntzaren» kasuan prestatzaileen eta parte-hartzaileen artean erabilitako komunikabideei egotz dakizkiekeen kostuak dira finantzagarriak, ekintzaren guztizko kostuaren % 10 gehienez.
d) Material didaktikoen kostua.
e) Prestakuntza-fasean dauden langileen asegurua. Gastu horiek prestakuntza-ekintzen arabera behar bezala xehatuta aurkeztu beharko dira eta egoztea parte-hartzaileen kopurua kontuan hartuta egingo da.
f) Amortizazioak, prestakuntza-ekintza bakoitzari egotzi beharreko proportzioan, eta instalazio eta ekipamenduen alokairuak, prestakuntza-ekintzen garapenari egotzi beharrekoak.
Halaber, zeharkako kostuak ezingo dira izan egindako eta justifikatutako prestakuntza-jardueraren guztizko kostuaren % 10 baino handiagoak.
Bestalde, enpresek programatutako prestakuntzaren antolaketaren kostuak finantzatu ahal izango dira, baldin eta kanpoko erakunde baten esku uzten badute antolaketa hori. Kostu horiek ezingo dute gainditu prestakuntza-jardueraren kostuen % 10.
Kostuok behin bakarrik egotziko zaizkio finantzatutako proiektu orokorrari.
Industria-inbertsio ezohiko edota estrategikoetatik eratorritako prestakuntza-ekintzetan, eta betiere langileen kualifikazioa badakarte teknologietan edo produkzio-prozesu berritzaileetan, ekintzak EAEtik kanpora egin behar badira –frogatuta baitago EAEn gabezia dagoela arlo horretako prestakuntza-eskaintzan–, langile horien bidaiak edota egonaldiak sorturiko zeharkako kostuak ere kontuan hartu ahalko dira.
15. artikulua.– Dirulaguntzen justifikazioa eta likidazioa.
1.– Onuradunek diruz lagundutako prestakuntza-plana osatzen duten prestakuntza-ekintzak egikaritzean sortutako kostuak justifikatu beharko dituzte. Horretarako, deialdi honetan jasotako kostu finantzagarriak eta egozte-irizpideak hartuko dira aintzat. Fakturen edo zuzenbidean baliozkoak diren froga-dokumentuen bidez justifikatuko dira kostuak. Dokumentu horiek nahikoa xehetasunez banandu beharko dituzte azalpenak, funtsak behar bezala aplikatzen direla egiaztatzeko eta prestakuntza-ekintza bakoitzari egotzitako kostu finantzagarri guztiak identifikatzeko.
2.– Laguntzen likidazioa modu proportzionalean egingo da, amaitu dituzten parte-hartzaileen kopurua eta egindako ikastorduen kopurua aintzat hartuta, prestakuntza-ekintza bakoitzerako ezarritako eta onartutako modulu ekonomikoen arabera.
Prestakuntza gauzatu ondoren, dirulaguntza zehaztu ahal izateko, aurrez aurreko ekintzetan pertsona batek prestakuntza amaitu duela ulertuko da, baldin eta prestakuntza-ekintzaren iraupenaren % 75ean bertaratu bada. Halaber, teleprestakuntzako modalitatean emandako prestakuntza-ekintzetan, pertsona batek prestakuntza amaitu duela ulertuko da baldin eta ikaskuntzaren jarraipena egiteko aldizkako kontrolen % 75 egin baditu eta teleprestakuntzari buruzko gainerako eskakizunak bete baditu, deialdi honen 3.3.B artikuluan ezarritakoaren arabera.
3.– Azken likidazioa egiteko, onuradunak datu hauek bete beharko ditu euskarri elektronikoan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren web-orrietan eskuragarri dauden eredu normalizatuen arabera, 2024ko irailaren 15erako beranduenez:
a) Egindako prestakuntza-ekintza bakoitza amaitu (egikaritu) izanaren ziurtagiria, eta bere garaian, hasiko zela jakinarazitako ekintzari buruzkoa.
b) Deialdi honetan ezarritako kostu finantzagarrien eta egozte-irizpideen arabera, diruz lagundutako prestakuntza-ekintzei buruzko kostuak gutxienez ziurtatuko dituzten dokumentuak.
c) Deialdi honetan aurkeztu gabeko ekintzak direla-eta estatuko sisteman egindako hobarien ardurapeko aitorpena, EAEko lantokietara atxikitako langileei dagozkien ekintzak betiere.
Prestakuntza Planaren likidazioa egitean, eta diruz lagundutako proiektuari eslei dakiokeen behin betiko zenbatekoa kalkulatze aldera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kontuan hartuko du EAEko langileei dagokien 2023. urteko estatuko ereduan enpresa bakoitzerako ezarritako hobari gisa emateko gehieneko kopurua, eta enpresari etengabeko prestakuntzako azalpenagatik 2023ko ekitaldi honetan eta langile horientzat hobari gisa benetan eman zaion diru-kopurua, eta plan bakoitzari dagokion azken dirulaguntzatik deskontatuko da estatuko sisteman kontsumitu gabeko kreditu-kopurua.
d) Hornitzaileen aukeraketak ekonomia- eta eraginkortasun-irizpideei erantzun diela egiaztatzen duten dokumentuak, baita gutxienez hiru eskaintza eskatzeko betebeharra bete izana egiaztatzen duena ere, kontratuen zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legean aurreikusitako kontratu txikien zenbatekoa gainditzen duenean.
4.– Era berean, profesionaltasun-ziurtagiriei lotutako prestakuntza-ekintzak aurrez aurreko modalitatean egiten dituzten erakundeek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari eman beharko diote emandako prestakuntzaren ebaluazioari buruzko dokumentazio guztia (ikasleek lortutako emaitzak, ebaluazio-txostenak eta -aktak eta abar biltzen dituen dokumentazioa), profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituen araudian eskatutakoa, prestakuntza-ekintza amaitu eta 15 eguneko epean, eta, nolanahi ere, 3. apartatuan aurreikusitako epea amaitu baino lehen.
5.– Aurkeztutako egikaritze-ziurtagirietan behar bezala betetako informazioa duten eta deialdi honen 12.3 artikuluan aipatzen den parte-hartzaileen zerrendan dauden parte-hartzaileak bakarrik hartuko dira kontuan.
Likidazioaren ondorioetarako, ez dira aintzat hartuko ekintza benetan amaitu duten parte-hartzaileak, hau da, ekintzaren iraupenaren gutxienez % 75era bertaratu direnen eta 12.8 artikuluan adierazitako kalitatea ebaluatzeko galdetegia bete ez dutenen zenbatekoa.
6.– Aurkeztutako dokumentuak aztertu ondoren emango da dirulaguntzaren azken likidazioko ebazpena.
Egindako likidazioa aurreratutako kopurua baino txikiagoa bada, dagokion itzulketa-espedientea izapidetuko da, bat etorriz deialdi honen 18. artikuluan xedatutakoarekin.
7.– Emandako laguntzaren ondorioetarako egin diren ordainketen ordainagiri originalak aurkeztu beharko ditu onuradunak, edo, horiek ezean, fotokopia konpultsatuak aurkeztuko ditu behin betiko likidazioa jakinarazi eta hurrengo 20 egunetan.
8.– Dirulaguntzaren onuradunek 4 urteko epean gorde beharko dituzte, dirulaguntzaren amaierako likidaziotik aurrera, bai dirulaguntzaren oinarri den jarduera gauzatu dela egiaztatzen duten dokumentuak, bai eta jasotako funtsen erabilerari buruzko ziurtagiriak ere.
Dirulaguntzaren onuraduna epe hori amaitu baino lehen desagertzen bada, aipatu agirien kopia bidali beharko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura, desagertu baino lehen.
16. artikulua.– Laguntza-eskubidea eskuratzeko eta eskubide horri eusteko eskakizunak.
Laguntza-eskubidea erdietsi eta gordetzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan aurreikusitako betebeharrak bete beharko dituzte onuradunek, baita hauek ere:
– Hala eskatuta, aurreko deialdietan jasotako kopurua itzuli izana.
– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko dio enpresa eskatzailea edo enpresa parte-hartzaileak legez, hitzarmenez edo beste edozein xedapenez behartuta ote dauden diru-baliabideak eskaintzera prestakuntza egiteko. Kasu horretan, laguntzak ez du esan nahiko horretarako eskainiko diren diru-baliabideak murriztu behar direnik.
– Laguntza jaso duen prestakuntza-jarduera deialdi honetako eta EAEko Etengabeko Prestakuntzako Lanbide arteko Akordioko oinarri, baldintza eta betekizun formal eta materialen arabera egitea. Kontzeptu horregatik esleitutako funtsak ezin izango dira berau ematera bultzatu duten helburuetarako ez diren gauzetan erabili.
– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrean egiaztatzea jarduera egin dela eta laguntza jasotzeko edo baliatzeko eskakizunak eta baldintzak bete direla. Horretarako, dagozkion elementu justifikatzaileak, prestakuntza-ekintzari buruz eskatuko zaizkien datu eta agiriak aurkeztuko dituzte prestakuntza-ekintza horiek amaitu ondoren; horrela behar bezala egiaztatu ahal izango da ekintza egin dela, emandako finantzaketa erabili dela eta lortutako emaitzen ebaluazioa egin dela.
– Argitalpenetan edo onarturiko ekimenaren bestelako komunikabide eta hedabideetan, baita material didaktiko guztietan eta sortutako beste motakoetan ere, jasotzea prestakuntzako ekintza estrategikoei laguntzeko 2023ko deialdian eginiko ekintzak direla eta Lanbidek finantzatuak/kofinantzatuak direla, eta, horietan, Eusko Jaurlaritzaren eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren logotipoak barne hartuko dira, betiere.
– Hamazazpigarren oinarrian ezarritako kontrol- eta jarraipen-jarduketak onartzea.
– Haren kontabilitatearen kontu bereizian edo berariazko epigrafean prestakuntza-ekintzak egikaritzeko gastu guztiak identifikatzea, baita «enplegurako lanbide-heziketa» izena edo epigrafearekin aplikatzen diren hobariak ere.
– Enpresak eraldatzen, bat egiten edo zatitzen direnean, horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.
– Enpresak behar diren bitartekoak jarri beharko ditu 12.8 artikuluan adierazitako inkesta betetzen laguntzeko, eta inkesta benetan betetzeko ardura izango du.
17. artikulua.– Jarraipena eta kontrola.
1.– Laguntzen onuradunek onartuko dituzte Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Lan eta Enplegu Sailak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta Europako erakunde eskudunek gauzatzen dituzten egiaztapen- eta kontrol-jardunak. Horretarako, baimena emango dute, batetik, lokaletan eta instalazioetan sartzeko, eta bestetik, parte-hartzaileekin, Langileen Lege Ordezkaritzako kideekin eta elkarrizketatzea beharrezko ikusten den gainerako pertsonekin harremanetan jartzeko.
2.– Kontrol-jarduera horiek onartzeko betebehar orokor honen esparruan, onuradunak honako hau bete beharko du:
– Ekimen finantzatua egikaritu izanari edo haren bideragarritasunari buruzko informazio oro ematea, baita jarraipena egiteko eskatzen zaizkion dokumentuak betetzea eta igortzea ere; dena dela, 10 eguneko epea izango du egiten diren errekerimenduei erantzuteko. Errekerimendu horiek estatuko ereduaren barruan hobaria jaso duten ekintzei buruzkoak ere izan daitezke.
– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea beste erakunde batzuetatik dirulaguntzak edo laguntzak eskatu edo lortu direla, deialdi honetan diruz lagundutako jarduera osoari edo zati bati eragiten diotenak.
3.– Auditorien eta Ikuskaritzen Urteko Plan bat ezarriko da, deialdian ezarritako eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko eta diruz lagundutako ekintzak benetan zer baldintzatan egikaritu diren aztertzeko. Plan horren barnean sartuko dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egingo den arriskuen analisiaren ondoriozko estatistika-irizpideen arabera aukeratzen dituen espedienteak. Ikuskatze Planean bilduko dira, halaber, behar bezala identifikatutako pertsonek egindako eta sinatutako salaketetatik eratorritako jarduketak.
18. artikulua.– Dirulaguntzak itzultzea.
1.– Jasotako laguntzak osorik edo partez itzuliko dira, eta laguntza ordaintzen den unetik aurrerako berandutze-interesak ordainduko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 53. artikuluan adierazitako kasuetan, eta bereziki kasu hauetan:
– Ez betetzea laguntzaren helburua edo laguntza emateko jarritako baldintzak.
– Ez betetzea jarduera egin izana eta laguntza ematea edo baliatzea baldintzatzen duten baldintzak eta eskakizunak bete izana justifikatzeko betebeharra.
– Dirulaguntza lortzea horretarako eskatutako baldintzak bete gabe.
– Jarraipen- eta kontrol-jarduketak ukatzea edo oztopatzea.
– Diruz lagundutako ekintzak egikaritzeko baldintzei buruzko datu faltsuak ematea, errealitatearekin bat ez datozenak.
– Ez betetzea deialdi honetan zehaztutako betebehar, baldintza edo eskakizunak.
2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko idazkari nagusiak emango dio hasiera itzultzeko prozedurari, eta laguntzaren onuradunari jakinaraziko zaio; hala, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaeraren edo gertaeren berri emango zaio eta jakinarazi hamabost eguneko epea duela alegazioak edo egokitzat jotzen dituen egiaztagiriak aurkezteko; hori guztia, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren Berme eta itzulketen erregimena arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera.
3.– Alegazioak aurkezteko epean alegaziorik aurkeztu ez bada edo alegazioak ezetsi badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpena emango du, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharreko zenbatekoak itzultzeko betebeharra adieraziko du. Ebazpen horretan zehatuko da horretarako epea. Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.
4.– Borondatezko epea amaitutakoan itzulketa gauzatu ez badu, beharrezko izapideak jarriko dira abian, itzuli beharreko diru-zenbatekoak premiamendu-bidetik berreskuratzeko. Itzuli beharreko zenbatekoak zuzenbide publikoko sarreratzat hartuko dira.
19. artikulua.– Datuen babesari buruzko informazioa.
Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jarduera honako bi xedapen hauen mende egongo da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Biltzen diren datu pertsonalak «Enplegurako eta enpleguko prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua da, eta jardueraren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketan erabiltzea ere. Eskuratzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei komunikatu ahal izango zaizkie.
Datuen titularrek eskubidea dute datuak eskura izateko, zuzentzeko eta ezerezteko eta informazioaren tratamendua mugatzeko nahiz aurka egiteko tratamenduaren arduradunaren aurrean, datuen babesaren arloko eskubideak baliatzeko prozeduraren bidez. Prozedura hori www.euskadi.eus/zerbitzuak/10842/ helbidean argitaratu da.
Datuen babesari buruzko informazio osagarri eta zehatza kontsultatzeko: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml
20. artikulua.– Lehiari buruzko Europako araudia.
1.– Deialdi honetan zehaztutako laguntzek bat etorri beharko dute «minimis» laguntzei buruzko arauarekin, zeina erregelamendu honetan ezartzen baita: Europar Batasunaren Funtzionamendu Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruz Batzordeak 2013ko abenduaren 18an egindako 1407/2013 (EE) Erregelamendua (DOUE L352, 2013ko abenduaren 24koa). Kalifikazio horren ondorioz, enpresa bakarrari «minimis» laguntzetan emandako guztizko zenbatekoa ez da izango 200.000 eurotik gorakoa hiru ekitaldi fiskalen barruan.
Muga hori aplikatzeko, kontuan hartu beharko da nola definitzen den «enpresa bakarra» erregelamendu horren 2.2 artikuluan.
2.– Dagokion ekitaldi fiskalean eta aurreko bietan jasotako «minimis» laguntza horiei buruzko aitorpena egin beharko du laguntza eskatzen duenak, honako hau frogatzeko: «minimis» laguntza berriarekin ez dela gainditzen aipatutako erregelamenduan ezarritako gehieneko muga.
3.– Informazio hori egiaztatzeko, erakundearen legezko ordezkaritzak erantzukizunpeko adierazpen bat egingo du (erantzukizunpeko adierazpena eskaera-orrian jasota dago). Nolanahi ere, erakunde eskatzaileak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren esku eduki beharko ditu adierazpen horretan jasotako datuak egiazkoak direla frogatzen duten dokumentuak.
21. artikulua.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.
Laguntzen programa honi dirulaguntzen arloko arau hauetan bildutako oinarrizko araubide juridikoa aplikatu behar zaio: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua). Era berean, xedapen hauek aplikatuko dira: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori–, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra eta ezartzen baitira kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen eskakizunak, araubidea eta betebeharrak.
22. artikulua.– Deialdi honetan jasotako ehunekoen kalkulua.
Deialdi honetako kalkuluen ondoriozko ehunekoren batean hamartarrik egonez gero, zati osoa baino ez da kontuan hartuko, eta hamartarrak alde batera utziko dira.
RSS