Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

147. zk., 2023ko abuztuaren 3a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
3776

EBAZPENA, 2023ko uztailaren 4koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Bergarako A-44 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

Bergarako Udalak, 2023ko apirilaren 4an, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan eskabide bat aurkeztu zuen, hasiera emateko Bergarako A-44 eremuko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2023ko apirilaren 18an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta interesdunei. Jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Bergarako Udalari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola prozedurari.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri jarri zen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, horren gaineko interesa zuen orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.

Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handi bat bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko xedez.

Bergarako A-44 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago; bertan xedatzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela ondorio esanguratsurik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planaren edo programaren gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra dagoela, ingurumenerako ondorio esanguratsuak ekar ditzakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuko prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, berau baita eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio adierazgarririk izan dezakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bete behar ez badu, Plana garatzeko zer baldintza ezarri behar diren ingurumena behar bezala babestearren.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Bergarako A-44 eremuari dagokion Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, honela:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planaren esparrua Bergarako A-44 eremua da, Osintxu auzoan kokatua, Bergarako hirigunearen iparraldean. Esparruak Deba ibaiaren eskuinaldean kokatutako lur-zerrenda luze bat hartzen du, guztira 39.389 m2-ko azalera duena. Gaur egun ia erabat garatuta dago, ibaiarekiko paraleloa den bide batek egituratzen du, eta haren mendebaldean Soraluce S. Koop. enpresaren pabiloiak daude, besteak beste.

Esparru horretan indarrean dagoen hirigintza-antolamendua Bergarako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra da (2009-07-27ko GAO, 131. zk.), eta, subsidiarioki, bertan jasotzen ez diren alderdi guztietarako, Bergarako 44. eremuko Barne Erreformako Plan Berezira igortzen da (2004-08-24ko GAO, 162. zk.). Horri gehitu behar zaio 44. eremuko 2. eta 3. lurzatien Xehetasun Azterketa, 2022an onartua.

Eremua hiri-lurzoru industriala da, eta bi egikaritze-unitatetan (EU) banatuta dago. 44-1 EUk eremuaren zati handi bat hartzen du (33.681 m2), eta enpresaren pabiloiak barne hartzen ditu (P-3 lurzatia). Erabat urbanizatuta dago, hegoaldeko muturra izan ezik, bertan instalazio berri bat egiten ari baitira (6. oinplanoa).

Bestalde, 44-2 EUk eremuaren iparraldeko muturra hartzen du (5.708 m2), eta gaur egun erabiltzen ez diren bi industria-lurzati barne hartzen ditu (P-1: Begu zaharra eta garajeen eraikina, eta P-2: Urcelay zaharra).

Planaren xedea esparruko egungo hirigintza-antolamendua egokitzea da, etorkizunean beharrezkoak izan litezkeen hedapen txikiak eta lehendik dauden eraikinak birmoldatzeko jarduketa batzuk ahalbidetzeko. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez du jarduketa zehatzik proposatzen.

Hona hemen Planaren helburu nagusiak, laburbilduta:

1.– 2022an onartutako 2. eta 3. lurzatien Xehetasun Azterketak ezarritako egokitzapenak sartzea, esparru osorako antolamendu orokor baten barruan.

2.– Egungo hiru industria-lurzatiak Soraluce S. Koop. enpresaren jabetzako bakar batean batzea, eta bertan sartzea gaur egun antolatutako eraikigarritasun osoa.

3.– Oinplano-okupazioa handitzea, dagoen gehieneko eraikigarritasunaren barruan, eta eraikuntzaren gehieneko lerrokadurak berrantolatzea, alderdi hidraulikoetatik eratorritako mugen arabera: lehentasunezko fluxu-lerroa, Urak 6. oinplanoan ezarritako atzeratzeak, etab.

4.– Industria-lurzati pribatua eta espazio publikoa berriz mugatzea, esparruaren iparraldean hiri-integrazioa hobetzeko Bergarako Udalarekin hitzartutakoaren arabera: garajeen eraikin zaharraren eraispena, Begu eraikin zaharraren eraispen partziala, etab.

5.– Eraikin-profila birdefinitzea, egungo egoerarekin eta etorkizuneko beharrekin bat etorriz, eta gehieneko altuera Bergarako HAPOn ezarritakoaren azpitik egokitzea.

6.– 2004ko BEPBren hirigintza-araudia EAEko lurzoruari eta hirigintzari buruzko 2/2006 Legera eta horri lotutako legeriara eguneratzea.

7.– Egikaritzea kudeatzeko eta antolatzeko jarraibideak ezartzea, 2/2006 Legeari jarraikiz, Egikaritze Unitateak ezabatuz eta esparrua Jarduketa Bakartutzat hartuz, bai eta jabetzaren egitura antolamendu berrira egokitzeko behar diren mekanismoak ere.

Proposamena honakoa da:

– Industria-lurzatien eta horien eraikigarritasunaren bat-egitea: hiru industria-lurzatiak lurzati bakarra osatuko dute, eta haien eraikigarritasuna ere batuko da. Indarrean dagoen HAPOk ezarritako gehieneko eraikigarritasunari eusten zaio, baina oinplanoa handitzea baimentzen da, 2022ko Xehetasun Azterketan sartutako doikuntzetatik eratorritako 17.349 m2-tik 18.067 m2-ra.

– Industria-lurzati pribatuaren eta espazio publikoaren mugaketa egokitzea: 2022ko Xehetasun Azterketak egindako 2. eta 3. lurzatien doikuntza jasotzen da. Horrez gain, eremuaren iparraldeko lurzati pribatua murrizten da, eta espazio libre publiko gisa kalifikatzen dira garajeen eraikinak okupatzen duen 1. lurzati zaharraren zatia eta jantokirako erabiltzen den eraikinaren iparraldea, eraitsiko dena. Ondorioz, industria-lurzatia 28.149 m2-tik 27.413 m2-ra igarotzen da, eta espazio publikoa 11.229 m2-tik 11.965 m2-ra handitzen da. Espazio libre horiek, espazio libreetara bideratutako azalerarekin batera, aukera emango lukete, aurkeztutako dokumentazioaren arabera, indarreko legerian ezarritako berdeguneen gutxieneko zuzkidura betetzeko.

– Eraikuntzaren morfologia egokitzea: bai iparraldean, bai hegoaldean (etorkizuneko 6. oinplanoan), eraikuntzaren gehieneko lerrokadurak Urak ezarritako lehentasunezko fluxu-lerrora egokitzen dira. Bestalde, esparruko eraikinen gehieneko profila handitzen da, BS+1etik BS+2ra pasatuz, 20 metroko gehieneko altuerarekin.

– Aparkalekuak: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, lehentasunezko fluxu-eremuan aparkaleku-plaza gehiago gaitzea aurreikusten da.

Alternatibei dagokienez, ingurumen-dokumentuak, 0. alternatibaz edo ez jarduteaz gain, bi garapen-alternatiba aztertzen ditu:

– 0. alternatiba: indarrean dagoen hirigintza-antolamenduari eustea, zeinak aukera ematen duen eraikin berri bat egiteko (7. oinplanoa) egungo P-2 eta P-3 lurzatien artean, Begu eraikin zaharra jantoki gisa erabiltzeko birmoldatzeko, garajeen eraikina eraisteko eta 44-2 EUa urbanizatzeko. Hala ere, IDEk adierazi du beharrezkoa dela esparrua hirigintzari dagokionez egungo egoerara egokitzea.

– Esparruaren hegoaldeko eremua handitzea (egungo 6. oinplanoa): hasieran, hori landa-lurzoru berria okupatuz egitea planteatu zen, baina aukera hori baztertu egin zen prozesu urbanistikoaren konplexutasunagatik eta urbanizazio-kostu handiengatik.

– Urcelay eraikina (P-2 lurzatia) jantoki gisa berrerabiltzea, eta iparraldean dauden gainerako eraikinak (P-1 lurzatia) eraistea: Urcelay eraikina handiegia da jantoki gisa erabiltzeko, eta gehiegizko gastu ekonomikoa dakar gainerako eraikinak eraisteak eta berrerabiltzeak. Horregatik guztiagatik, baztertu egin da aukera hori.

– Urcelay eraikina industria-erabilerarako berrerabiltzea: eraikinaren egiturazko baldintzak ez datoz bat Soraluce S. Koop. enpresaren beharrizanekin, eta Debaren lehentasunezko fluxu-eremuak eragiten diola kontuan hartuta, egungo lerrokaduretan ere ezin da ordeztu.

– 1. alternatiba: Planak hartutakoa da, esparruaren hirigintza-antolamendua egokitzeko, batez ere, hirigintza-egikaritzeko baldintzak egoera berrietara eta egungo jabetza-egiturara egokitzeko, eta etorkizunean Soraluce S. Koop. enpresaren eraikuntzan plantea daitezkeen hedapen txikiak ahalbidetzeko.

Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, gaur egun 6. oinplanoa eraikitzen ari dira esparruaren hegoaldeko muturrean, baita enpresako jantokia ere, eta esparruaren iparraldeko muturrean 44-2 EU berrurbanizatzeko proiektua izapidetzen ari dira. Jarduketa horiek indarrean dagoen planteamenduaren arabera egikarituko dira, eta ez daude orain izapidetzen ari den A-44 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren mende.

Plana zuzenean dagozkion eraikuntza-proiektuen bidez garatuko da.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zenbateraino eragiten dien beste plan edo programa batzuei, hierarkizatuta daudenei barne: planaren antolamendu-eremua industria-erabilerako hiri-lurzoru finkatu bat da, Bergara udalerriaren iparraldean kokatua. Planak aldaketa txiki batzuk baino ez ditu egiten egungo hirigintza-antolamenduan, etorkizunean beharrezkoak izan litezkeen hedapen txikiak eta lehendik dauden eraikinak birmoldatzeko jarduketa batzuk ahalbidetzeko. Ildo horretan, esparruan indarrean dagoen plangintzaren eraikigarritasunari eta hirigintza-zehaztapen orokorrei eusten die, eta ez du jarduketa zehatzik planteatzen. Planaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da aurkitu bateraezintasunik hierarkikoki nagusia den plangintzarekiko.

c) Plana egokia ote den ingurumen-arloan bereziki garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko: plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko. Hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak sar daitezke planean.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo esanguratsuak: plana exekutatzeak ez du ingurumen-arazo esanguratsurik eragingo, baldin eta erasan-eremuan egin behar diren esku-hartzeak eta jarduerak gauzatzen badira, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, lurzoru kutsatuei, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez.

e) Era berean, plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:

Plana gauzatu nahi den esparrua Bergarako HAPOk mugatutako A-44 eremua da; Osintxu auzoan dago, udalerriaren iparraldean. Deba ibaiaren eskuinaldean kokatutako lur-zerrenda luze bat hartzen du, guztira 39.389 m2-ko azalera duena. Zehazki, iparraldean eta mendebaldean Deba ibaiarekin egiten du muga, eta ekialdean eta hegoaldean trenbide zaharraren gainean eraikitako bidegorriarekin.

Eremua ia osorik urbanizatuta dago, eta, beraz, intereseko natura-balioak, funtsean, eremuaren mendebaldeko mugan dagoen Deba ibaira mugatzen dira. Era berean, eremura sartzeko zubi nagusiaren parean, Iraban erreka isurtzen da, eremua zati batean lurpean zeharkatzen duena. Eskuragarri dagoen kartografiaren arabera, eremuaren iparraldeko muturrean, Olalde jariatze-ura lurpetik doa, egungo Begu eraikinaren azpitik.

Bestalde, eremua Bizkaiko sinklinaleko lurpeko ur-masaren gainean dago. Ez dago interes hidrogeologikoko gunerik, eta ez da identifikatu Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren Eremu Babestuen Erregistroan sartutako elementurik.

Esparruaren artifizializazio-maila kontuan hartuta, dagoen landaredia lorategi-espazio interstizialetara mugatzen da, batez ere apaingarrietara. Hegoaldeko muturrean, 7. pabiloia ezarriko den lurzatian, izaera nitrofiloko belar- eta zuhaixka-landaredia identifikatu da. Bestalde, Deba ibaiaren ertzetan, esparrutik kanpo, Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior (91E0* kodea) espezieen alubioi-basoak kartografiatu dira, Batasunaren lehentasunezko intereseko habitatak direnak.

Esparruan dagoen fauna hiri-periferiako berezko espezieek osatzen dute, batez ere deskribatutako ibaiertzeko landarediari lotutakoek. Ez da mehatxatutako flora-espezierik edo fauna-espezierik identifikatu.

Eremuan ez dago naturagune babesturik, interes geologikoko lekurik edo beste katalogo batzuetan sartutako espaziorik (EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekia eta LAGetan jasotako natura-intereseko guneen zerrenda). Hala ere, esparruaren hegoaldeko muturra bat dator Kortazar–Udalatx igarobide ekologikoarekin, eta Deba ibaia azpiegitura berdearen bilbe urdinean sartzen da.

Eremuan ez dago kultura-ondareko elementu kalifikatu edo inbentariaturik.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, eremuan uholde-arriskua dago, eta, zenbait lursailek Deba ibaiaren lehentasunezko fluxu-eremua ukitzen dute, eta 10 eta 100 urteko errepikatze-denborako uraldiek urpetu ditzakete. Ia esparru osoak uholde-arriskua dauka 500 urteko errepikatze-denbora duten uraldietarako.

Halaber, eremuan muturreko higadura-prozesuak dituzten eremuak identifikatu dira, eta gaur egun eraikita dauden eremuak, 20074-00009, 20074-00008 eta 20074-00006 lurzatiak, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan jasota daude.

Bestalde, akuiferoen kutsadura-arriskua oso txikia da.

Egoera akustikoari dagokionez, inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat aurkeztu da. Bertan adierazten denez, zarata-foku nagusia ekialdetik igarotzen den GI-627 errepideko ibilgailu motordunen trafikoa da. Aurkeztutako emaitzen arabera, gaur egun betetzen dira B motako eremu akustikoetako (industria-erabilera nagusi den lurralde-eremuak) hirigintza-garapen berrietarako definitutako kalitate akustikoko helburuak (KAH).

Azaldutakoa kontuan hartuta, Planaren garapenak izan ditzakeen ondorioak lotuta daude Planaren arabera etorkizunean egin litezkeen hedapenekin; izan ere, lehendik dauden industria-eraikinak eraisteko, eraikitzeko edo birgaitzeko obrak egin beharko lirateke. Jarduketa horien ondorioz, hondakinak sor daitezke, makinen joan-etorriak egon daitezke, lurpeko urei eta lurzoruei kalte egin dakieke istripuzko isurketengatik, herritarrei eragozpenak ekar diezazkiekete emisio atmosferikoengatik eta zaratengatik eta abar. Hori guztia eremu urbanizatu batean.

Proposatzen diren jarduketak eta horien ondorioak mugatuak direnez, uste da inpaktu horiek txikiak izango direla, eta, oro har, aldi baterakoak eta itzulgarriak izango direla, betiere indarrean dagoen legeria betetzen bada, batez ere zaratari, hondakinei eta isurketei buruzkoa, eta obrak horrelako jardueretarako jardunbide egokiak betez egiten badira.

Deskribatutako jarduketak, batez ere, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak jasaten dituzten edo jasan dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako lurzatietan egingo dira; beraz, lurzati horietan esku hartu ahal izateko, jarraipen berezia egin beharko da, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak behar bezala kudeatu daitezen.

Uholde-arriskua kontuan hartuta, aurkeztutako dokumentazioaren arabera, etorkizuneko hedapenak indarreko plangintzan zehaztutako gehieneko lerrokaduraren barrura mugatuko dira.

Zaratari dagokionez, inpaktu akustikoari buruzko azterlanaren emaitzen arabera, etorkizunean industria-erabilera nagusi den eremuetarako ezarritako KAHak beteko dira, aztertutako hiru aldietan, bai kanpoaldean, bai fatxadan.

Hori dela eta, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen neurri zuzentzaileak eta jasangarritasunaren aldekoak aplikatuta, eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak ere aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean inpaktu adierazgarririk izango dutenik, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoari jarraikiz, baldin eta eragin-eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduketak, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez egiten badira.

3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Bergarako A-44 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dauden arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan adierazitakoaren arabera.

Aplikatzeko neurrien artean, Plana garatzeko proiektu eta jarduketen ondoriozkoak nabarmendu behar dira, hala obra-faseari nola jardueraren funtzionamendu-faseari lotutakoak.

1.– Hautemandako arriskuekin lotutako neurriak:

– Kutsagarriak izan daitezkeen kokalekuak: planaren esparruan, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartzen diren hainbat kokaleku daude (kodeak: 20074-00006, 20074-00008 eta 20074-00009). Horrenbestez, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23.1 artikuluan xedatzen denarekin bat, lurzoruaren kalitate-adierazpen bat izapidetu beharko da, baldin eta lege horren 23. artikuluan jasotako egoeraren bat gertatzen bada.

– Halaber, lege horren 23.2 artikuluaren arabera, 23.1 artikuluan jasotako jarduketa baten ondorioz lurrak mugitu behar badira, hondeaketa selektiborako plan bat onartu beharko du aldez aurretik autonomia-erkidegoko ingurumen-organoak, lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpenaren prozeduraren esparruan.

– Aurrekoa ezertan eragotzi gabe, obrak egin bitartean lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten beste kokagune batzuk atzemanez gero, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela adierazten duten zantzu funtsatuak egonez gero, horren berri eman beharko zaie, berehala, Bergarako Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, azken horrek zehazteko zer neurri hartu behar diren eta zein pertsona fisikok edo juridikok bete beharko dituen neurriak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluarekin bat.

– Uholde-arriskua: planetik eratorritako jarduketek kontuan hartu beharko dute Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Plan Hidrologikoaren araudian eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planaren E.2 apartatuan jasota dagoen uholdeen babesari buruzko berariazko araudian xedatutakoa, baita Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 14 bis artikuluan jasotakoa ere.

– Zortasun-eremuetan edo ibilguen zaintza-eremuetan egingo diren jarduketetarako, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren baimena beharko da nahitaez, eta Uraren Euskal Agentzian izapidetu beharko da.

– Plan Bereziaren hasierako onespenaren ondoren, berriro eskatu beharko zaio txostena Uraren Euskal Agentziari, Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 7.k) artikuluan xedatutakoarekin bat.

– Klima-aldaketaren balizko inpaktuei aurrea hartzeko eta lurraldearen efizientzia eta erresilientzia areagotzeko modu proaktiboan jarduteko, Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak argitaratutako «EAEko udalerriek klima-aldaketaren aurrean duten kalteberatasunaren eta arriskuaren ebaluazioa» dokumentua kontsultatu beharko da. Dokumentu horrek lurralde-plangintzako eta hirigintza-plangintzako erabakiak hobeto informatuta hartzea ahalbidetu dezaketen baliabide metodologikoak eta emaitzak eskaintzen ditu.

2.– Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk:

Aurretik adierazitakoari kalterik egin gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak loturik egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, hondeatutako lurzoruak kontrolatzeari, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Planak azkenean bere egiten dituen zehaztapenei erantsi beharko zaizkie horiek guztiak. Besteak beste, honako neurri hauek hartu beharko dira:

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak izango ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

– Obrak, bai eta lurzorua okupatu beharra dakarten jarduera osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, barne hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.

– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Ekonomia zirkularra bultzatzeko eta Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak aurreikusitakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko.

– Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makina mekanikoak erabiliko dira.

– Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezarriko dira dagokion obra-faserako, istripuz izandako isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, etab.). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

– Obretako zaratak: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatutakoa) eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Paisaian integratzea: ingurunearen ingurumen-ezaugarriak kontuan izanda, eta garapen berria inguruko paisaian integratzeko asmoz, zenbait eraikuntza-baldintza zehaztuko dira (materialak, koloreak, morfologia, altuerak, bolumenak eta abar), bat etorriko direnak inguruneko eraikinen eta estetikaren tipologiarekin. Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare Zuzendaritzak egindako txostena kontuan hartuta, Planaren izapidetzea aprobetxatzea gomendatzen da tarte horretan ibarbasoa aktiboki leheneratzeko neurriak garatzeko.

– Ingurumenaren leheneratzea: Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzaren txostenean ezarritakoaren arabera, Planaren izapidetzea aprobetxatzea gomendatzen da tarte horretan ibarbasoa aktiboki leheneratzeko neurriak garatzeko, haltzadi kantauriarraren multzoko berezko espezieen garapena erraztuz.

– Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpen eta -efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

– Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortutako energia kopurua eta/edo kontsumoa murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

– Barneko kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Bergarako A-44 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Bergarako Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen ondorioak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean ez bada onartzen Bergarako A-44 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, non eta ez zaion ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen. Kasu horretan, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko uztailaren 4a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala