Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

146. zk., 2023ko abuztuaren 2a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
3750

EBAZPENA, 2023ko uztailaren 4koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez honako proiektu honek ingurumenean edukiko duen inpaktuari buruzko txostena egiten baita: Oiartzungo (Gipuzkoa) Zaria mendiko telekomunikazio-zentroa eraberritzea, Itelazpi SAk sustatuta.

AURREKARIAK

2023ko martxoaren 16an Oiartzungo Udalak eskabidea bete zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Oiartzungo (Gipuzkoa) Zaria mendiko telekomunikazio-zentroa eraberritzeko proiektuak (Itelazpi SAk sustatua) ingurumenean edukiko duen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko. Eskabidea Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera egin da, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluak eta hurrengoek arautzen duten proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua betez, kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2023ko apirilaren 13an, eragindako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epealdia bukatutakoan zenbait organismoren txostenak jaso dira, eta emaitzak espedientean daude jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola izapideari.

Bestalde, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun guztiek aukera izan zezaten ingurumenari buruz egin nahi zituzten ohar guztiak egiteko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak badauzkala ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egiteko behar diren judizio-elementu guztiak, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handi bat bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko xedez.

Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 76.2 artikuluan xedatutako aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie legearen II.E eranskinean biltzen diren proiektu publiko zein pribatuei.

Ebazpen honen xede den proiektua II.E eranskinean dago, hain zuzen ere 3. epigrafean: «Beste proiektu batzuk, II.D eranskinekoak ez direnak, zuzenean edo zeharka, bakarrik edo beste plan, programa edo proiektu batzuekin batera, eragin nabarmena izan badezakete naturagune babestuetako batean edo natura-ondarea kontserbatzeko araudiaren arabera babes-araubidea duten naturaguneetan».

Proiektua Aiako Harria (ES2120016) eta Aiako Harria parke naturala (ES212007) kontserbazio bereziko eremuan (KBE) dago.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ondoren, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egin du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen edota, bestela, zer baldintzatan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Txostena egitea Oiartzungo (Gipuzkoa) Zaria mendiko telekomunikazio-zentroa eraberritzeko proiektuak (Itelazpi SAk sustatua) ingurumenean edukiko duen inpaktuari buruz; hona:

A) Proiektuaren helburua da egun Zaria gainean dagoen telekomunikazio-dorrea, 25 metrokoa, kentzea eta haren ordez 30 metrokoa eraikitzea, eta horren ondoan etxola bat, ekipo batzuk gordetzeko.

B) Ebazpen honetan, zeinaren bidez txostena ematen baita Oiartzungo (Gipuzkoa) Zaria mendiko telekomunikazio-zentroa eraberritzeko proiektuak ingurumenean edukiko duen inpaktuari buruz, ingurumen-txostenaren edukia aztertzen da, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Proiektuaren helburua da Zaria gainean dagoen telekomunikazio-dorrea eta haren ondoan dagoen txabola bat, ekipo batzuk gordetzeko erabiltzen dena, kendu eta berriak jartzea, egungo instalazioak azpiegitura- eta segurtasun-arriskuak dauzkalako.

Telekomunikazio-zentroa zenbait udal zerbitzutarako erabiltzen da: Babes Zibila, Gurutze Gorria, DYA, Iberdrola, Gipuzkoako Foru Aldundiaren suhiltzaileak eta Euskalmet-en datu-komunikazioak. Horien guztien operadorea Itelazpi, SA da.

Zentroan bi etxola aurrefabrikatu daude, eta denetariko ekipoak gordetzeko erabiltzen dira. Batean, bi areto independente daude, elkarren ondoan, lurpeko pasabide baten zehar heltzen den lurpeko areto bat, telekomunikazio-dorre bat eta linea elektriko bat.

Proiektuaren bidez egungo azpiegiturak eta instalazioak egokitu nahi dira; beraz, oraingo jarduera mantenduko da, eta dauden instalazioak hobetu besterik ez da egingo, zerbitzua ahalik hoberena izatea bermatu ahal izateko.

Gaur egun dorrea eta bi aretoko etxola dauden esparruaren azalera 27,15 m2 da.

Proiektuaren barruan, honako lan hauek egingo dira:

– Egungo dorrea, 25 metro garai eta 1,2 metro zabal dena, kendu eta haren ordez saretazko dorre berria eraiki, 30 metro garai izango dena eta egitura sendotua edukiko duena, egungo itxituratik 2 metro ingurura, mendebaldera jota.

– Segurtasun-elementu osagarriak jarri (kableak pasatzeko erretiluak, eskailera, segurtasun-soka, oinaztuen kontrako sistema, gaueko balizak), lur perimetralen sistema ezarri eta dorrea pintatu OACI araudiari jarraikiz (7 tarte gorri eta zuri, gorriarekin hasi eta amaituta).

– Bi aretoko etxola kendu eta desinstalatu (2,63 m2), bai eta egungo hesia ere.

– Etxola aurrefabrikatua instalatu hormigoizko zolataren gainean: 11,20 m2 gehienez, panelak jartzeko modukoa, kableak pasatzeko arrautzak, aireztatzeko saretak, su-itzalgailuak eta elementu osagarriak.

– Segurtasun-hesia eraiki inguruan; metalezko atea edukiko du oinezkoentzat.

Antena eta etxola berria egongo diren esparru berria aurreko toki berean egongo dira, hego-mendebaldera apur bat lerratuta. Gehienez 28 m2-ko azalera hartuko du. Gutxi gorabehera, orain artean erabilitako esparruko 8,5 m2 erabiliko dira (% 30); horietatik, 4,2 m2 inguru dagoeneko jarritako hormigoizko zolatak hartzen ditu. Guztira, 19,5 m2 berri okupatuko dira, eta orain okupatzen diren 18,75 m2 berreskuratuko dira.

Instalazio berrirako zimenduak zulatu beharko dira, eta lursaila berdindu. Gero, obren eraginpeko lurrak lehengoratzeko lanak egingo dira, lehen zeuden bezala uzteko.

Gaur egun, telekomunikazio-zentroko bidea Oiartzungo Altzibar-Karrika auzotik abiatzen da, GI-3631 eskualde-errepidea Artikutzarantz hartuta. 12. puntu kilometrikora iritsi baino lehen, atsedengune txiki bat dago, eta, handik, mendebalderantz doan basabidea hartzen da; antenara heldu aurreko 100 metroetan gurpil-aztarnak daude. Egungo bidea erabiliko da obrak egiteko; ez da egin beharko bide berririk.

2.– Proiektuaren kokapena.

Telekomunikazio-zentroa Zaria gainean dago, Oiartzungo udalerrian, 630 metroko garaieran. Aiako Harria parke naturalean (ES212007) eta kontserbazio bereziko eremuan (KBE) ES2120016 dago, Natura 2000 sarearen barruan, bai eta Zaria Onura Publikoko mendian ere.

KBEko zonen arabera, zentroa abeltzaintza-aprobetxamendu estentsiboko zona baten eta leheneratze ekologikorako zona baten artean dago.

Telekomunikazio-zentroaren jardun-eremuan % 5-10 arteko maldak daude. Substratua arbelezkoa da erabat, eta horregatik iragazkortasuna baxua da porositatearen ondorioz.

Antenaren inguruan, Aizegain, Gaineta eta Baztela erreken goiburuak daude, iparrerantz doazenak eta Karrika errekan isurtzen direnak (Oiartzunen arroa), baita Latxe, Ariluzieta eta Okillegierrekarenak ere, Añarben isurtzen direnak (Urumearen arroa).

Proiektua egin nahi den tokian, higadura-prozesuak indartsuak dira, baina ez da uste obrek lur-galera handirik eragingo dutenik; izan ere, lursailean malda ez da oso handia, eta ez da egingo baso-soiltzeko lanik.

Proiektuaren eremua Batasunaren intereseko lehentasuneko habitat baten barruan dago: mendiko larreak edo mendiko larre azidofiloak (6230 * Nardus nagusi den belardiak, espezie askotakoak, mendiko silize-substratuen gainekoak (eta Europa kontinentaleko mendipeko eremuetakoak)). Gainera, inguruan Batasunaren intereseko beste habitat bat dago: «Europako txilardi lehorra» (4030). Bi habitat horietan babeslekua eta elikagaiak aurkitzen dituzte mirotz zuriek, sai arreek eta mehatxatutako beste hegazti batzuek.

Faunara etorrita, eremu hau Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Planaren barruko babespeko elikadura zona eta interes bereziko zona da, eta horregatik Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Plana bete behar da.

Gainera, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduan ezartzen denarekin bat etorriz, hegaztiak linea elektrikoetatik babesteko zona da.

Baztela erreka antenatik kilometro batera dago, ekialdean; interes bereziko zona da bisoi europarrarentzat (Mustela lutreola) eta desman iberiarrarentzat (Galemys pyrenaicus).

Eremu hau EAEko Paisaia Bikainen Katalogoan dago, eta jende ugari dabil egunero.

Kultura-ondareari dagokionez, telekomunikazio-zentrotik 200 metrora Zaria I, II eta III cromlechak daude, antenarako basabidetik 35 metrora, iparraldean. Elementu horiek Oiartzungo Estazio Megalitikoaren egungo eremutik kanpo daude. Estazio hori Gipuzkoako Lurralde Historikoko estazio megalitikoen monumentu multzoaren barruan dago, eta Euskal Kultura Ondareko babes bereziko kultura ondasuna da.

3.– Proiektuak eduki dezakeen inpaktua.

Proiektuaren bidez, egungo azpiegiturak eta instalazioak egokitu nahi dira; beraz, oraingo jarduera bera egingo da.

Etxola berriaren eraikuntzak eta antena berria jartzeak lur gehiago okupatu beharra eragingo dute. Kontuan edukita zenbat lur okupatuko den, nolako lur-mugimenduak egin beharko diren zimenduak zulatzeko, eta zer egin beharko den lurzatiko lurrak berdintzeko eta azpiegiturak instalatzeko, ez da uste inpaktua handia izango denik.

Proiektuaren ezaugarriak kontuan hartuta, inpakturik handienak obra-fasean gertatuko dira lur-mugimenduen, langileen eta makinen joan-etorrien, materialen zamalanen eta hondakinak sortzearen ondorioz.

Hegaztiek jasango duten eragina dela-eta, ingurumen-agiriaren arabera egungo instalazioak ez dauka segurtasun-neurririk; beraz, instalazio berrian ezartzen diren segurtasun-neurriek hegaztiak elektrokuzioz hiltzeko arriskua murriztuko dute.

Aiako Harria KBEko kontserbazio-helburuen gaineko inpaktua aztertu da, eta honako hau ondorioztatu da: nahiz eta Zaria mendiko telekomunikazio-zentroaren inguruan Batasunaren intereseko habitatak egon (6230 * Nardus nagusi den belardiak, espezie askotakoak, mendiko silize-substratuen gainekoak (mendiko larreak) eta 4030 Europako txilardi lehorrak), horien egitura eta osaera bat datoz egoera onean dauden ohiko habitatekin, eta ez dirudi orain dagoen telekomunikazio-zentroak kalterik egin dienik. Beste alde batetik, kontuan eduki behar da obretan orain dauden bideak erabiliko direla makinak eramateko; beraz, ez da bide berririk egingo, eta ondorioz ez da moztu beharko sasirik ez bestelako landarerik. Horrenbestez, ez da aldatuko landare-komunitate baliotsurik, ez habitatik ezabatuko.

Apirilaren 16ko 87/2002 Dekretuaren bidez, Aiako Harria Parke Naturalaren Erabilera eta Kudeaketa Arautzeko Plana onetsi zen. Plan horretan baimentzen diren eraikuntza-erabileren artean honako hauek daude: sistema orokorren ingurukoak eta onura publikoko beste batzuk, nahitaez parke naturalean ezarri behar direnak.

Oiartzungo Udalak bidalitako dokumentazioaren barruan honako hau dago: Ebazpena, 2021eko abenduaren 2koa (GAO, 1. zk., 2022ko urtarrilaren 3koa), zeinaren bidez Oiartzungo Zaria mendian telekomunikazio-zentro bat ordezteko obrak (Itelazpi SAk sustatuak) interes publikokotzat jotzen baitira, ekainaren 30eko 2/2006 Legeak (Lurzoruari eta Hirigintzari buruzkoa) 28.5.a) artikuluan xedatzen duenari jarraikiz. Ebazpen horretan ezartzen denez, kontuan hartuta Oiartzungo Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean, Natur Baliabideen Antolamendurako Planean eta Aiako Harriko Parke Naturalaren Erabilera eta Kudeaketarako Plan Eraentzailean xedatutakoa dagoena, proposatutako erabilera onargarria dela ondoriozta daiteke. Halaber, ezartzen da Natura Baliabideen Antolamendurako Planean eta Aiako Harriko Parke Naturalaren Erabilera eta Kudeaketarako Plan Eraentzailean jasotako araubidetik ondorioztatzen dela beharrezkoa izango dela parkea kudeatzen duen organoak baimena ematea planteatzen den esku?hartzea gauzatu ahal izateko.

Obra-fasean egon daitezkeen zaratak direla-eta, ingurumen-agirian aipatzen da kontuan edukiko direla hegaztien aldi kritikoak, baina ez da zehazten zein diren aldi horiek, eta ez da ezartzen neurri zuzentzailerik.

Gerta daitezkeen beste ondorio batzuk paisaiaren gaineko eraginarekin lotuta daude; izan ere, dorre berriak intrusio bisual handiagoa eragingo du, egungoa baino 5 m garaiago izango baita. Nolanahi ere, zentroa jardunean hasi ondoren ez da uste kontuan edukitzeko moduko inpakturik izango denik, honelako zentroetako ohiko baliabide-kontsumoaz eta hondakinen sorreraz bestelakorik.

Aurkeztutako informazioaren arabera, eta kontuan edukita proiektuaren ezaugarriak eta beraren eraginpeko eremua txikia dela, ez da egongo kontuan hartzeko moduko ondorio kaltegarririk inguruneko elementuen gainean (landaretza, Batasunaren intereseko habitatak, fauna) ez KBEko kontserbazio-helburuen gainean.

Instalazioak utzi edo eraisten direnean hondakinak sortuko dira, eta kudeatu egin beharko dira, eta lurrak mugitu beharko dira zimenduak kentzeko.

Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak kontuan hartuta, eta aintzat hartuta bai sustatzaileak proposatutako babes-neurriak eta zuzenketa-neurriak bai ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak, ez da aurreikusten proiektuak inpaktu negatibo esanguratsurik izango duenik ingurunearen aipatutako alderdietan.

Bigarrena.– Ebazpen honetan zenbait babes-neurri eta zuzenketa-neurri ezartzen dira, proiektuak ingurumenerako ondorio kaltegarri handirik eduki ez dezan eta Itelazpi SAk sustatutako Oiartzungo (Gipuzkoa) Zaria mendiko telekomunikazio-zentroa eraberritzeko proiektuaren ingurumen-ebaluazio arrunta egin beharrik egon ez dadin, baldin eta ezarritako babes-neurriak eta zuzenketa-neurriak eransten bazaizkio.

Babes-neurriak eta zuzenketa-neurriak gauzatzean, honako hauetan ezarritakoa bete beharko da: indarrean dagoen araudian xedatutakoa, hurrengo apartatuetan adierazitakoa, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa.

Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txosten honetan ezarritakoak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak aplikatuko dira obretan.

Horrez gain, honako apartatu hauetan adierazitako neurriak gehitu beharko dira.

1.– Natura-ondarea babesteko neurriak.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritzak Aiako Harria KBEaren organo kudeatzailea den aldetik ezartzen dituen baldintzak gorabehera, honako babes-neurri eta zuzenketa-neurri hauek aplikatu beharko dira:

– Proiektua bateragarria izan behar da Aiako Harria kontserbazio bereziko eremuari eta parke naturalari aplikatzen zaien araudiarekin. Hain zuzen ere, proiektuan honako dokumentu hauetan xedatutakoa bete beharko da: 355/2013 Dekretua, ekainaren 4koa, Aiako Harria kontserbazio bereziko eremu izendatzen duena (ES2120016) eta kontserbazio-neurriak onartzen dituena; 240/1995 Dekretua, apirilaren 11koa, Aiako Harria aldeko Natur Baliabideen Antolamendurako Plana onartzen duena; 87/2002 Dekretua, apirilaren 16koa, Aiako Harria Parke Naturalaren Erabilera eta Kudeaketa Arautzeko Plana onartzen duena.

– Obrak identifikatutako animalia mehatxatuen aldi kritikotik kanpo egingo dira, hau da, hegazti nekrofagoen ugaltze-aldietatik kanpo; beraz, irailean eta urrian egingo dira, ahal dela.

– Telekomunikazio-zentroa hegaztiak babesteko zona baten barruan dagoenez gero, bertako instalazio elektrikoan neurriak ezarriko dira hegaztiek haren kontra jo ez dezaten.

– Nahitaezko argi-sistemak baino ez dira ipiniko, aireko segurtasun-arauak betetzeko.

– Obrak eta lurzorua okupatu beharra eragiten duten eragiketa osagarriak (instalazio lagungarriak, metaketa-tokiak....) proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan egingo dira.

– Sasitzak kentzeko lanak (egin behar izanez gero) eta aldi batez okupatu beharreko eremuak ingurumenean ahalik inpaktu txikiena edukitzeko moduan proiektatuko dira, eta intereseko landaretza ukitu gabe, batez ere Batasunaren interes bereziko habitat hauek: 6230* Mendiko larreak; 4030 Europako txilardi lehorrak.

– Horretarako, obrak hasi aurretik xehetasunezko kartografian zehatz-mehatz mugatuko dira aldi batez okupatu beharreko eremuak eta kontratistaren instalazioen eremuak.

– Gainera, okupazio-mugak balizatu beharko dira, eta makinak, obra-ibilgailuak eta langileak ahalik gutxien ibiliko dira muga horietatik kanpo. Obretako joan-etorriak dauden bideetatik egingo dira.

2.– Paisaia babesteko eta obren eraginpeko eremuak leheneratzeko neurriak.

Obrak hasi baino lehen, paisaia lehengoratzeko eta integratzeko proiektua KBEa kudeatzen duen organoak (Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritzak) aztertu eta baliozkotu beharko du, gutxienez planteamendu orokorra. Nolanahi ere, hori gorabehera, baliteke obra-zuinketen ondorioz doikuntzak egitea proiektuan. Proiektu horretan eragindako eremuetan erabili beharreko espezieak zehaztuko dira, eskala egokiko kartografian islatuta. Espezieak autoktonoak izan behar dira, eta eragindako habitatetako berezkoak.

Proiektuak ezarri behar da nola birgaituko diren obrek eragiten dieten eremu guztiak (metaketa-tokiak, obretarako instalazio lagungarriak, sarbideak, aldi batez okupatuko diren beste eremu batzuk, eta abar). Proposamenean bermatuko da eremu horiek lehengo egoerara itzultzea, eta gutxienez honako hauek zehaztu beharko dira: lurrak egokitzeko lanak, ereiteak eta, behar izanez gero, landaketak. Horren ildotik, baldintza-agirian eta obra kontratatzeko aurrekontuetan berariaz adierazi beharko da zeintzuk diren obren eraginpeko eremuak lehengoratzeko baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak, proposatutako jarduerak behar bezala beteko direla bermatzeko. Aurrekontuan hutsarteak betetzeko eta landareak behin betiko errotzeko behar diren mantentze-lanetarako partida bat jasoko da.

Proiektua gauzatzean eragindako gune guztietan egingo dira paisaia lehengoratzeko eta integratzeko lanak, baita nahi gabe ukitutako eremuetan ere. Lan horiek ahalik eta lasterren egingo dira, higadura-prozesuak ekiditeko.

Lurrak mugitzean landare-lurra kenduko da eta bereizita pilatuko da, obrek eragindako inguruak lehengoratzeko eta landareztatzeko lanak erraztearren.

Kanpoko landare-espezie inbaditzaileak sartu eta hedatzea hauteman eta saihesteko kontrol-neurriak hartuko dira. Era berean, ahal den guztietan, aurkitzen diren espezie inbaditzaileak errotik kenduko dira jarduera-eremutik.

3.– Urak eta lurrak babesteko neurriak.

Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera.

Berariaz debekatuta egongo da makinak konpontzea eta makinei olioa aldatzea obra-eremuan. Erregai-karga obra-eremutik gertu dauden iragazgaiztutako tokietan egingo da. Karga-lanetan hidrokarburoak xurgatzeko materiala eduki beharko da, ustekabeko isuririk edo ihesik gertatuko balitz ere.

Beharrezkoa bada, lanen eta jarduera osagarrien ondorioz kutsatzen den ur guztia biltzeko eta kudeatzeko gailuak proiektatu eta eraikiko dira obra-eremuetan. Haien neurriak zehazteko, kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoak ahalik eta hobekien atxikitzeko eta isuriak lokalizatuak eta indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen parametro fisiko-kimikoen araberakoak direla bermatzeko.

Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruekin lotutako neurriak.

Obrak egin bitartean lurra kutsatzen duten substantziak daudela pentsatzeko zantzu sendoak agertuz gero, Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta hori garatzen duen abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan ezartzen dena egingo da.

Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

Lanak egiten diren artean beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira ordutegien mugaketari, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

4.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

Proiektua gauzatzean eta hark funtzionatzean sortutako hondakin guztiak Ekonomia zirkularra bultzatzeko eta Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, bereizi egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira; hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne, eta, azkenik, deuseztatzea.

Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik ez dela bideragarria haiek balorizatzea.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

Amiantoa daukan hondakinik antzematen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak, amiantoak ingurumena ez kutsatzeko eta amiantoaren ondoriozko kutsadura txikitzekoak, ezartzen dituen eskakizunak bete beharko dira, Era berean, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak amiantoarekin lan egitean segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak ezartzen dituen martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera egingo dira.

Zabortegira bidali beharreko hondakinak kudeatuko dira Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Soberakinik badago eta betelanetarako erabiltzen badira, lan horietan otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan zehaztutako baldintzak bete beharko dira.

Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, baldin eta hondakinak isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeatzen zailagoak badira. Orobat, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan hondakinak biltegiratzeari, nahasteari, ontziratzeari eta etiketatzeari buruz ezarritako betebeharrak bete beharko dira, eta itxita egongo dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak aldi batean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Hondakinak biltzeko edukiontziak edo ontziak era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera.

Apirilaren 8ko 7/2022 legearen 29. artikuluari eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean biltegiratuko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zoru iragazgaitz baten gainean egon beharko dira, kubo edo ihes eta isuri posibleei eusteko sistemen barruan.

Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inolaz ere ez da efluente kontrolatu gaberik sortuko, erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

5.– Atmosfera ahalik eta gutxien kutsatzeko eta airera ahalik eta hauts gutxien botatzeko neurriak.

Lanak egiten diren artean zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak iragan ondoko garbiketa-lanak, bai egin beharreko jardunaren eraginpeko ingurunean, bai jardun-eremuetara sartzeko guneetan.

Sarbideek egoera egokian egon beharko dute beti. Aldian-aldian garbituko dira sarbideak eta aldi batez estali gabe dauden eremuak eta ibilgailuak pasatzean material partikulatua aireratu daitekeen eremuak. Behar izanez gero, antzemandako hauts-emisioen araberako arriskuak programatuko dira.

Ez da hondakinik erreko, ez eta beste inolako materialik ere.

6.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak egindako txostenaren arabera, telekomunikazio-zentrotik 200 metrora dauden cromlechak (Zaria I, II eta III) ez dira induskatu, eta haien inguruan dauden tontor batzuetan baliteke antzeko megalitoak egotea. Horregatik, eremu horiek balizatu beharko dira, babesteko eta egiten diren obrek kalterik ez egiteko.

Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoa betez, lurrak erauzteko obretan arkeologia-izaerako bestelako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.

7.– Jardunbide egokien sistema bat hartzea.

Langileek jardunbide onen sistema bat erabili beharko dute, helburu hauek ahalik eta gehien bermatzeko:

– Obrak okupatzen dituen lurren mugak kontrolatzea.

– Obrek ukitzen dituzten natura-interes handiko landaretza-guneak kontrolatzea (Batasunaren interes bereziko habitat hauek: 6230* Mendiko larreak; 4030 Europako txilardi lehorrak).

– Hondakin-isurketarik ez egitea, eta olio-isurketen ondorioz edo lurra leku batetik bestera eramateagatik lurzorua eta ura ez kutsatzea.

8.– Garbiketa eta obren akabera.

Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuak ukitutako eremua inolako obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak deseginda.

9.– Ingurumen-aholkularitza.

Obra amaitu arte eta horren berme-aldian zehar obra-zuzendaritzak ingurumenean eta babes-neurrietan eta zuzenketa-neurrietan aditua den aholkularitza eduki beharko du. Baldintza-agiriak gai horiei buruz esleitzen dizkion funtzioen alorrean obra-zuzendaritzak hartu behar dituen erabakiek, aldez aurretik, aholkularitza horrek egindako txostena izan beharko dute.

Gainera, ingurumen-aholkularitzak jardunbide egokien kontrola egingo du obretan; besteak beste, proiektuko ekintzen eragina egiaztatuko du, bereziki honako hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hondakinen kudeaketa, eta natura-ondarea eta ondare arkeologikoa artatzea.

Hirugarrena.– Sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera gauzatuko da ingurumenaren jarraipena egiteko programa, eta ondoren zehaztuko diren beste kontrol hauek ere erantsi behar zaizkio.

Programa hori obra kontratatzeko baldintza-agirian sartuta egon behar da, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontuaz hornituko da.

a) Gorabeheren erregistroa.

Obrak egin ahala sortzen diren gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta neurri babesleak, zuzentzaileak eta konpentsaziokoak zenbateraino bete diren jasotzeko erregistroa ere.

Proiektua gauzatzean aldaketak egin badira, xehetasunez dokumentatu beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira aipatutako aldaketak. Horri dagokionez, obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txostena egin beharko da, indarrean dagoen legediak hondakinen kontrolerako, jarraipenerako eta onarpenerako jasotzen dituen agiriak erantsita.

Ingurumenaren jarraipena egiteko, sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa bete beharko da; horretaz gain, jarraian zehazten diren kontrolak egin beharko dira.

b) Ingurumena zaintzea.

Obrak egiten diren artean, eta haien zuinketa egiten denetik aurrera, ingurumen-zaintza egongo da egunero lan-eremuan.

c) Obraren okupazio-eremuaren mugak kontrolatzea.

Okupatzen den eremua proiektuan aurreikusitakoarekin bat datorrenez egiaztatuko da, obrek ezin baitute hartu aurreikusitakoa baino eremu handiagoa.

d) Lehengoratzearen arrakastaren kontrola.

Lehengoratze-lanek (hutsarteak betetzea, eta abar) bi urte iraungo dute obra amaitu ondoren, lehengoratze-prozesua onez amaituko bada. Lehengoratutako landarediaren dinamikaren jarraipena egiteko, landare-espezie inbaditzaileak detektatuko dira, eta, identifikatuz gero, beharrezkoak diren erauzketa-neurriak aplikatuko dira.

e) Fauna kontrolatzea funtzionamendu-fasean.

Telekomunikazio-zentroa egokitzeko obrak amaitu ondoko bi urteetan ingurunearen jarraipena egingo da, dorrearen garaiera handitzeak hegaztiei kalte handirik ez diela egiten egiaztatzeko.

Teknikari espezialista batek kontrolen metodologia eta aldizkakotasuna proposatuko ditu. Proposamena Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura-inguruneko Zuzendaritzara bidaliko da, ontzat eman dezan.

Jarraipenaren emaitzak aldian-aldian bidaliko dira zerbitzu horretara, eta horrek inguruko hegaztiek kalterik ez jasateko behar diren neurri osagarriak ezarriko ditu.

Laugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak planteatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo esanguratsurik sortuko denik proiektua gauzatzearen ondorioz. Beraz, ez da beharrezkotzat jotzen Itelazpi SAk sustatutako Oiartzungo (Gipuzkoa) Zaria mendiko telekomunikazio-zentroa eraberritzeko proiektuak ingurumenean edukiko duen inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.

Bosgarrena.– Oiartzungo Udalari ebazpen honen edukiaren berri ematea.

Seigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Zazpigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko uztailaren 4a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala