Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

146. zk., 2023ko abuztuaren 2a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3745

83/2023 EBAZPENA, uztailaren 27koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Amurrioko Tubacex Tubos Inoxidables enpresari dagokion Kanpoko Larrialdietarako Plana onartzeko erabakia.

Gobernu Kontseiluak, 2023ko uztailaren 26an egindako bilkuran, Amurrioko Tubacex Tubos Inoxidables enpresari dagokion Kanpoko Larrialdietarako Plana onartzeko erabakia onartu du, eta behar bezalako publizitatea emateko asmoz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Amurrioko Tubacex Tubos Inoxidables enpresari dagokion Kanpoko Larrialdietarako Plana onartzeko erabakia. Erabaki hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko uztailaren 27a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN UZTAILAREN 27KO 83/2023 EBAZPENARENA
ERABAKIA, TUBACEX TUBOS INOXIDABLES, SA ENPRESARI DAGOKION KANPOKO LARRIALDIETARAKO PLANA ONARTZEKOA

1/2017 Legegintzako Dekretuak onartutako Larrialdiak Kudeatzeko Legearen testu bateginaren 10. artikuluaren arabera, Eusko Jaurlaritza da Euskal Autonomia Erkidegoko babes zibila zuzentzeko eta koordinatzeko organo gorena, bere eskumenen esparruan. Testu bategin beraren 11. artikuluak dioenez, Segurtasun Saila da Babes Zibileko politikaren organo arduraduna, Eusko Jaurlaritzak ezarritako helburu orokorrekin bat etorriz.

Akordio-proposamen honen xedea da goiburuan aipatzen den Kanpoko Larrialdietarako Plana (aurrerantzean, KLP) Jaurlaritzaren Kontseiluari aurkeztea, onar dezan.

Kanpoko larrialdietarako plana babes zibileko plan berezia da, eta haren helburua da kanpoko erantzuna antolatzea instalazio horietan gerta litezkeen eta enpresaren kanpoaldean eragina izan dezaketen istripu-hipotesi jakin batzuen aurrean. Ildo horretan, enpresak barneko larrialdietarako planean aurreikusi dituen neurriak osatzen ditu.

Plan horien nahitaezkotasuna eta erregulazioa Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko uztailaren 4ko 2012/18/EB Zuzentarauan, substantzia arriskutsuekin zerikusia duten istripu larrien berezko arriskuen kontrolari buruzkoan, xedatutakotik dator. Halaber, Estatuko arauditik ere badator: 17/2015 Legea, uztailaren 9koa, Babes Zibileko Sistema Nazionalarena; Babes zibileko oinarrizko jarraibidea, substantzia arriskutsuek esku hartzen duten istripu larrien arriskua kontrolatzeko eta planifikatzekoa (1196/2003 Errege Dekretua, irailaren 19koa); eta 840/2015 Errege Dekretua, irailaren 21ekoa, substantzia arriskutsuek esku hartzen duten istripu larriei datxezkien arriskuak kontrolatzeko neurriak onartzen dituena. Autonomia-erkidegoan, honako hauetan xedatutakotik dator: 1/2017 Legegintzako Dekretua, apirilaren 27koa, Larrialdiak Kudeatzeko Legearen testu bategina onartzen duena; Larrialdiei Aurre Egiteko Bidea-LABI Euskadiko Babes Zibileko Plana; 277/2010 Dekretua, azaroaren 2koa, zenbait jarduera, zentro edo establezimenduri eska dakizkiekeen autobabeserako betebeharrak arautzen dituena larrialdi-egoerei aurre egiteko, eta 34/2001 Dekretua, otsailaren 20koa, lehia-neurri larriei buruzkoa.

Araudi horretan babes zibileko larrialdi bat sor dezaketen jardueren katalogo ofiziala aurreikusten da. Gainera, jarduera horiek garatzen dituzten enpresek barneko larrialdietarako plan bat izan behar dutela ezartzen du, besteak beste. Era berean, hala badagokio, agintariek kanpoko larrialdietarako plan bat egin behar dute, gerta daitezkeen istripu larrien ondorioak prebenitzeko eta, hala badagokio, arintzeko (aldez aurretik aztertuta, sailkatuta eta ebaluatuta). Plan horretan ezarriko lirateke babes-neurri egokienak, beharrezko giza baliabideak eta baliabide materialak, eta esku hartu behar duten agintariak, organoak eta zerbitzuak koordinatzeko eskema.

Industrialariek, baldin eta beren jarduerak edo produktuen biltegiratzea araudi honen aplikazio-eremuan sartzen badira, ekoizpen-prozesuei, segurtasun-politikei eta istripuen prebentzioari eta barneko larrialdietarako planari buruzko informazioa eman behar diete organo eskudunei (gure kasuan, Eusko Jaurlaritzan industria-administrazioaren arloan eskumena dutenei). Industria-arloko agintaritza eskudunek ebaluatu egiten dute aurkeztutako informazioa eta dokumentazioa, eta babes zibileko organo eskudunei ematen diete. Organo horiek kanpoko larrialdietarako plana egin behar dute, industrialarien laguntzarekin.

Kanpoko Larrialdietarako Plana egiteko prozedurak erreferentziazko araudian xedatutakoa bete du: Euskadiko Babes Zibileko Batzordeak aldeko txostena eman du 2022ko abenduaren 22ko ohiko bilkuran, Babes Zibileko Kontseilu Nazionalaren Batzorde Iraunkorraren aldeko txostenaren 2023ko ekainaren 5eko ziurtagiria jaso da, eta jendaurrean jarri da Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendariaren 2023ko urtarrilaren 18ko Ebazpenaren bidez (2023ko urtarrilaren 27ko EHAA, 19. zk.).

Ondorioz, Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak, gaia aztertu ondoren, honako erabaki hau hartu du:

Lehenengoa.– Amurrioko (Araba) Tubacex Tubos Inoxidables, SA enpresaren Kanpoko Larrialdietarako Plana onartzea.

Bigarrena.– Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzak erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua emango du.


Azterketa dokumentala