Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

143. zk., 2023ko uztailaren 28a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3689

EBAZPENA, 2023ko uztailaren 12koa, Justiziako sailburuordearena. Ebazpen honen bidez, «Francisco Javier Gómez Elosegui» sarirako deia egiten da 2023rako, espetxeen arloko lana eta ikerketa balioesteko.

«Francisco Javier Gómez Elosegui» saria 2023ko maiatzaren 16ko 68/2023 Dekretuaren bidez sortu eta arautu zen, espetxe-arloko lana eta ikerketa balioesteko.

«Francisco Javier Gomez Elosegui» sariaren helburua da, batetik, ibilbide pertsonalean edo profesionalean espetxeetako giza eskubideen alde eta espetxeratuak gizarteratu eta birsozializatzearen alde aparteko merezimenduak egin dituzten pertsonak edo taldeak publikoki aintzatetsi eta saritzea, eta, bestetik, espetxe-arloko diziplina anitzeko ikerketa sustatzea.

Sariak izen hori darama Francisco Javier Gomez Elosegui zenaren oroimenez. Espetxeetako psikologoa zen. Espetxeak gizatiarragoak egin nahi zituen, espetxeratu guztiak gizarteratu, haien eskubideak zorrotz bete; horretan tematu zen, horretan nabarmendu zen lanean. ETAk hil zuen, 1997ko martxoaren 11n.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2023ko urtarrilaren 20ko Aginduan dago aurreikusita sari hau ematea. Agindu horren bidez, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren 2023ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzen da.

Horregatik guztiagatik, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Agindu honen xedea da «Francisco Javier Gomez Elosegui» sariaren deialdia egitea 2023rako. Sari horren bidez, jendaurrean aitortu nahi dira espetxeen arloan giza eskubideen alde eta espetxeratuak gizarteratzeko eta birsozializatzeko egindako jarduera nabarmenak. Hala egitea dago aurreikusita 2023ko maiatzaren 16ko 68/2023 Dekretuan, haren bidez sortu eta arautu baita «Francisco Javier Gómez Elosegui» saria, espetxe-arloko lana eta ikerketa balioesteko.

Bigarrena.– Sariaren barruan, ohorezko aintzatespena egongo da, aitortza publikoa, eta diru-kopuru bat. Diru-sari hori 10.000 eurokoa da eta dena batera ordainduko da, saria eman eta gero. Epaimahaiak erabakitzen badu saria hautagai bat baino gehiagori «ex aequo» ematea, dirua denen artean berdin banatuko da.

Hirugarrena.– 2023ko maiatzaren 16ko 68/2023 Dekretuan dago zehazturik zer pertsonak edo erakundek aurkez ditzaketen hautagaitzak, dekretu horren bidez sortu eta arautu baitzen «Francisco Javier Gómez Elosegui» saria. Aurkezpenak Justizia Zuzendaritzari zuzendu behar zaizkio (Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila, Eusko Jaurlaritza, Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz); eta horretarako bideak, berriz, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean zehaztutako edozein (39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, 16.4 artikulua).

Hautagaitzarik aurkezteko interesa duten pertsona juridikoek bide elektronikoak erabili beharko dituzte prozedura honetako izapide guztiak kontsultatzeko eta egiteko. Hautagaitzarik aurkezteko interesa duten pertsona fisikoek, berriz, aurrez aurre edo bide elektronikoak erabiliz egin dezakete. Hasieran bide horietako edozein erabiltzeak ez du esan nahi gero, prozedurako hurrengo izapideetan, hori bera erabili behar denik; edozein momentutan alda daiteke.

Hautagaitza inprimaki normalizatuan beteko da, ebazpen honen eranskinean jasotako ereduaren arabera. Inprimaki hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri.

Hautagaitzak nola aurkeztu hobeto jakiteko, begiratu euskadi.eus-eko egoitza elektroniko honetan:

https://www.euskadi.eus/servicios/1223601

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1223601

Eskabidearen osteko izapideak, bide elektronikoz, webgune honetan egingo dira: http://www.euskadi.eus/mi-carpeta

Laugarrena.– Hautagaitzak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.

Bosgarrena.– Epaimahaia honela osaturik egongo da:

a) Lehendakaritza: espetxe-legeria betearazteko eskumena duen sailordetzako titularra.

b) Epaimahai-kideak:

– José Luis de la Cuesta Arzamendi jauna. Zigor Zuzenbideko katedraduna eta Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Kriminologiaren Euskal Institutuko zuzendaria

– Vicenta Alonso andrea, Bizkaiko espetxeko zuzendaria.

– Ruth Alonso Cardona andrea, Bilboko espetxe-zaintzako epaitegiko magistratua.

– Jon Mirena Landa Gorostiza jauna, Zigor Zuzenbideko katedraduna eta Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco Katedraren zuzendaria.

c) Idazkaria: Justiziako zuzendaria. Hitza bai baina bororik ez.

Seigarrena.– Agindu honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko uztailaren 12a.

Justiziako sailburuordea,

ANA AGUIRRE ZURUTUZA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala