Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

138. zk., 2023ko uztailaren 20a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
3509

EBAZPENA, 2023ko ekainaren 22koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Kalitate Batzordearen Arautegiaren aldaketa onartzen duena.

2023ko apirilaren 4ko bileran Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Batzarrak ikastegiko Kalitate Batzordearen arautegia aldatzea onartu zuen, bertako kideen artean ikastegiari atxikitako master ofizialen ordezkariak sartzeko. Artikulu batzuei eragiten dieten beste aldaketa txiki batzuk ere egin dira. Horregatik guztiagatik, arautegiaren testu berri osoa argitaratzea erabaki da.

Arautegia aldatzeko proposamen horrek Lege Zerbitzuaren aldeko txostena du, errespetatu egiten baitu Irakaskuntza Ikastegietako Kalitate Batzordearen Esparru Araudian jasotakoa batzordeen osaerari dagokionez.

UPV/EHUko idazkari nagusiari dagokio, Gobernu Kontseiluak eskuordetuta, Ikastegietako Kalitate Batzordeen Esparru Arautegiaren 2.2 artikuluaren arabera, Ikastetxeen Kalitate Arautegiak onartzea, baldin eta bertako kideren batek edo ikastetxeko Batzordeko kideen % 15ek ez badu berariaz eskatzen Gobernu Kontseiluari bidaltzeko.

Adierazitakoagatik guztiagatik, ondokoa

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Onartzea Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Kalitate Batzordearen Arautegiaren aldaketa, eranskienean jasota bezala.

Bigarrena.– Agindua ematea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Hirugarrena.– Aldaketa hau EHAAn argitaratzen den egunean sartuko da indarrean.

Leioa, 2023ko ekainaren 22a.

Idazkari nagusia,

AITOR ZURIMENDI ISLA.

ERANSKINA
GIZARTE ETA KOMUNIKAZIO ZIENTZIEN FAKULTATEKO KALITATE BATZORDEAREN ARAUTEGIA
ATARIKOA

Arautegi honen helburua da UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Kalitate Batzordearen osaera, eginkizunak eta funtzionamendua arautzea.

Ikastegiko Kalitate Batzordea Ikastegiko Batzarrak izendatutako estatutupeko batzordea da (UPV/EHUren estatutuetako 128.3 artikulua); dekanotza taldearekin batera Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemaren (aurrerantzean, KBBS) plangintza eta jarraipen zereginetan dihardu, eta, gainera, barne komunikaziorako tresna da kalitate sistema honen politika, helburu, plan, programa, erantzukizun eta lorpenen inguruan. Ikastegiko Kalitate Batzordeak, gainera, zuzendaritza taldeari eta Ikastegiko Batzarrari laguntza eta aholkularitza emango dizkie tituluen curriculuma garatzeko plangintzan eta jarraipen lanean, gaitasunetan oinarritutako irakaskuntza-ikaskuntza ereduaren arabera. Eredu horretan, metodologia aktiboen bidez eta informazio eta komunikazio teknologien laguntzaz, ikasleak berak gidatutako ikaskuntza (banakakoa nahiz taldekoa) sustatuko da, baita etengabeko ebaluazioa ere, guztia irakaskuntza eleaniztunaren testuinguruan. Era berean, ikastegiko Kalitate Batzordeak irakasleen ebaluaziorako txostenak egingo ditu.

Ikastegiko Batzarrari dagokio ikastegiko kalitate politika eta helburuak onartzea, baita Kalitate Batzordearen eraketa, osaera eta eginkizunak onartzea ere. Halaber, Ikastegiko Batzarrari dagokio titulazioetarako proposatzen diren hobekuntza ekintzak onartzea, graduko tituluen kalitatea bermatzeko sistemaren esparruan, Kalitate Batzordeak sistemaren ebaluazioari buruz egindako txostenak oinarri hartuta, besteak beste.

1. artikulua.– Arautegiaren helburua.

1.– Arautegi honen helburua da ikastegiko KBBSren ardura duen organoaren egitura, osaera eta eginkizunak zehaztea.

2.– Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Kalitate Batzordea izango da organo hori.

2. artikulua.– Araubide juridikoa.

Kalitate Batzordeak arautegi honen arabera eta aplikagarri diren gainerako arautegiei jarraiki jardungo du.

2. artikulua.– Eginkizunak.

1.– Kalitate Batzordeak eginkizun hauek izango ditu:

a) KBBSren diseinua, ezarpena, abian jartzea eta jarraipena bultzatzea.

b) Prozesuei jarraipena egitea, dagozkien adierazleen bitartez.

c) Batzordearen proposamenak ikastegiko dekanotza taldeari aurkeztea.

d) Ikastegiaren urteko helburuak jasotzea eta, behar denean, haien formulazioa koordinatzea, eta helburuok betetzeko prozesuari jarraipena egitea.

e) Gogobetetze inkesten emaitzak jasotzea eta, haietatik abiatuta, hobekuntzak proposatzeko irizpideak ematea.

f) Urteko jarraipen txostena egitea KBBSren azterketa eta berrikuspenetik abiatuta, eta hobekuntza ekintzak proposatzea titulazioetarako ezarritako helburuak betetzeko.

g) Titulazioen akreditazioa lortzen eta aldiro berritzen laguntzea.

h) Ikastegiko kalitate politika eta helburuen berri emateko tresna izatea, eta helburuok bete daitezen eta unibertsitateko kideen artean zabal daitezen bermatzea.

i) Titulazioetako curriculuma garatzeko plangintza eta haren zehaztapena egiten laguntzea.

j) Ikastegiko irakasleek gradu berrietako curriculuma hobeto garatzeko tresnak eta metodologiak ikas ditzaten sustatzea.

k) Eskolako kideek eta interes taldeek kalitateari eta ebaluazioari buruzko prestakuntza har dezaten bultzatzea.

l) Aholku ematea zuzendaritzari KBBSrekin zerikusia duten gaietan.

m) Ikastegiko Batzarrari bere eskumenen arloko erabaki proposamenak aurkeztea.

n) Irakasleen irakaslana ebaluatzeko programaren txostenak egitea (Docentiaz).

o) Laguntza Batzordeen prestakuntza sustatzea, egokitzat jotzen denean.

p) Estatutuek eta horiek garatzeko arauek emandako gainerako eginkizun guztiak, edo Fakultateko Batzarrak eskuordetzen dizkionak.

2.– Ikastegiko Batzarrak, dekanotza taldeak proposatuta, Kalitate Batzordearengan delegatu ahal izango ditu kalitatea kudeatzearekin lotuta berezko dituen eginkizunak, hala nola ikastegiko irakaskuntza eskaintzaren kalitatea aldian-aldian ebaluatuko dela bermatzea edota unibertsitate zerbitzu publikoa hobetzeko neurriak proposatzea.

4. artikulua.– Osaera.

1.– Hauek izango dira Kalitate Batzordearen osakideak:

a) Ikastegiko dekanotza taldearen ordezkari bi.

b) IRIen ordezkari bi, dekanotza taldeak hautatutakoak, aurrez ikastegian egoitza duten sailek edo ikastegian sortutako sail atalek proposatuta. Sail/Atal bakoitzak kide bat proposatu ahal izango du. Ahal dela, irakasle-ikertzaileok ez dira dekanotza taldeko kideak izango.

c) Graduko titulazioetako koordinatzaileak, zeinak dekanotza taldeko kide izan baitaitezke.

d) Master ofizialen ordezkari bi, titulazio horien ardura duten batzorde akademikoen artean hautatutakoak, dekanotza taldeak proposatuta.

e) Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat, ahal dela kalitatearen arloan arduraren bat daukana.

f) Graduko ikasleen ordezkari bat, ikastegiko Ikasleen Kontseiluak proposatuta.

g) Graduondoko ikasleen ordezkari bat, ikastegiko Ikasleen Kontseiluak proposatuta.

2.– Dekanoa, ikastegiko zuzendaria edo horretarako eskuordetza daukan pertsona izango da Batzordeko burua. Ikastegiko Kalitate Batzordeak berak erabakiko du zein batzordekide izango den batzordeko idazkaria.

3.– Kalitate Batzordeko kideak Ikastegiko Batzarrak izendatuko ditu, zuzendaritza taldeak edo dekanotza taldeak proposatuta. Izendapena lau urtetarako izango da. Ikasleen ordezkariak, berriz, bi urterako izendatuko dira, nahiz eta epe hori luzatu ahal izango den.

4.– Ahal den neurrian, ahaleginak egingo dira Kalitate Batzordean bi sexuen ordezkaritza orekatua izan dadin.

5. artikulua.– Laguntza batzordeak.

1.– Ikastegiko Kalitate Batzordeak laguntza batzordeak sortu ahal izango ditu. Horrelakoetan, haren menpe egongo dira eta aholkulari funtzioa izango dute. Batzordeak honako hauek zehaztuko ditu batzorde bakoitzerako: osaera, batzordeko burua eta idazkaria nortzuk izango diren; jarduera arloa eta eginkizunak; eta, behar izanez gero, bere funtzionamenduaren berezitasunak.

2.– Ikastegiak zenbat titulu koordinatzen dituen, horrenbeste batzorde sortu ahal izango dira titulazioen curriculuma garatzeko. Batzorde horiek osatzean bete beharko dira unibertsitateko sektore desberdinek Kalitate Batzordean parte hartzeko ezarrita dauden irizpideak. Mailako edo moduluko koordinatzaileak, halakorik balego, batzorde horietako kide izan beharko dira.

3.– Era berean, batzorde bat sortuko da Irakasleen Irakaskuntza Jarduera Ebaluatzeko «Docentiaz» Programarako informazio iturria izan dadin. Batzorde hori osatzean, unibertsitateko sektoreek Kalitate Batzordean parte hartzeko ezarrita dauden irizpideak bete beharko dira, eta, edozelan ere, ezinbestekoa izango da ikastegiari atxikitako sailen edo sail atalen ordezkariak batzordeko kide izatea.

Artikulu honen lehenengo puntuan jasotakoa gorabehera, Ikastegiko Batzarrak berretsi beharko du Docentiaz Laguntza Batzordearen osaera eta kideen izendapena.

6. artikulua.– Funtzionamendurako araubidea.

1.– Kalitate Batzordearen funtzionamendua Fakultateko Batzarrak ezarritako arauen menpe egongo da, eta erabakiak gehiengo soilez hartuko dira.

2.– Batzordeko buruak kalitateko botoa izango du. Batzordearen erabakiak ez dira nahitaez betearazi beharrekoak izango. Ikastegiko dekanotza taldeari bidali beharko zaizkio dagokien neurriak har ditzan.

3.– Idazkariak akta jasoko du eta Kalitate Batzordeko kide guztiei bidaliko die. Gainera, argitara emango da, ikastegiko kide guztien esku egon dadin.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Eratu eta lau urtera berrituko da lehendabizikoz Kalitate Batzordea, eta, hortik aurrera, kideen erdiak aldatuko dira bi urterik behin.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Batzordeetako kideek konfidentzialtasun betebeharra izango dute, batez ere datu pertsonalei dagokienez.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Era berean, datu pertsonalak babesteari buruzko arautegia bete beharko dute batzordeek datu pertsonalen fitxategiak sortu eta erabiltzean.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Batzordea eratu eta lau urtera berrituko dira lehendabizikoz master ofizialetako IRIen ordezkarien erdiak, eta gainerakoak bi urte igarotakoan.

AZKEN XEDAPENA

Arautegi hau EHAAn argitaratzen den egunean sartuko da indarrean.


Azterketa dokumentala