Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

138. zk., 2023ko uztailaren 20a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
3508

ERABAKIA, 2023ko ekainaren 5ekoa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluarena: Ekonomia eta Enpresa Fakultatearen Arautegia aldatzeko dena.

2023ko maiatzaren 8ko bileran, Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Batzarrak ikastegiaren arautegia aldatzea erabaki zuen (2016ko urtarrilaren 14ko EHAAn argitaratutakoa), Ikastegien Esparru Arautegi berrira egokitzeko (2022ko azaroaren 9an sartu zen indarrean). Unibertsitateko Estatutuetara egokitzeko moldatu zen esparru arautegia, kide anitzeko hainbat gobernu organori eta unibertsitateko taldeen ordezkaritzari dagokienez hainbat aldaketa eginda. Era berean, teknologia berriak erabiltzeko aukera jaso da bertan, deialdiak egiteko eta erabakiak argitaratzeko tramiteak azkarragoak izan daitezen.

Bestetik, kontuan hartuta ikastegiko gai espezifikoei eragiten dieten zenbait artikulu berri sartu direla, eta oraingo testuan agertu behar ez diren beste batzuk kendu, komenigarria da testu osoa berriro argitaratzea, ez soilik egindako aldaketak.

Ikastegiko Batzarrari dagokio ikastegiko arautegia egin eta Gobernu Kontseiluari proposatzea, horrek proposamena onar dezan eta, beraz, arautegia alda dadin.

Proposatutako aldaketak Lege Zerbitzuaren aldeko txostena du.

Gobernu Kontseiluari dagokio ikastegien arautegietan egindako aldaketei behin betiko onespena ematea.

Adierazitakoarengatik, idazkari nagusiak proposatuta, Gobernu Kontseiluak

ERABAKI DU:

Lehenengoa.– Onartzea Ekonomia eta Enpresa Fakultatearen Arautegia alda dadin, eta aldaketak jasotzen dituen testu berria argitara dadin, eranskinean jasotzen den moduan.

Bigarrena.– Agindua ematea erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Hirugarrena.– Arautegia aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Leioa, 2023ko ekainaren 5a.

Errektorea,

EVA FERREIRA GARCÍA.

Idazkari nagusia,

AITOR ZURIMENDI ISLA.

ERANSKINA
EKONOMIA ETA ENPRESA FAKULTATEAREN ARAUTEGIA

1. artikulua.– Izaera.

Ekonomia eta Enpresa Fakultatea da ekonomiaren eta enpresaren arloan graduko tituluak eta gaitasun profesionalak ematen dituzten graduondoko tituluak lortzera bideratutako ikasketak antolatzen dituen ikastegia, bai eta, halakorik egonez gero, graduondoko bestelako tituluak edo bestelako ikasketak ere; eta horiei guztiei dagozkien ikasketa prozesuak eta administrazioaren arloak gidatu, koordinatu eta kudeatzen ditu.

2. artikulua.– Egoitza.

Fakultateak hainbat gune ditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako campusetan, eta egoitza Bizkaiko Campusean dauka, helbide honetan: Agirre Lehendakariaren etorbidea, 83 – 48015 Bilbo.

3. artikulua.– Araubide juridikoa.

Ekonomia eta Enpresa Fakultateak indarreko legeriaren, unibertsitatearen Estatutuen eta Ikastegien Esparru Arautegiaren arabera jardungo du, zeintzuk zuzenean aplikatuko zaizkion, bai eta gainerako arauetako xedapenak osatzen dituen barne arautegi honen arabera ere.

4. artikulua.– Ikastegiko atalak.

1.– Ekonomia eta Enpresa Fakultateak hiru atal dauzka, egoitzaz gain. Atal bat Arabako Campusean (helbidea: Izardui Komandantearen kalea, 23 – 01006 Gasteiz), beste atal bat Bizkaiko Campusean (helbidea: Elkano kalea, 21 – 48008 Bilbo) eta beste bat Gipuzkoako Campusean (helbidea: Oñati plaza, 1 – 20018 Donostia).

2.– Ataletako koordinatzaileak, ahal den guztietan, atalari atxikitako irakasleak izango dira, eta, ezinezkoa bada, bertan eskolak ematen dituzten irakasleak. Errektoreak izendatuko ditu, dekanoak proposaturik, kasuan kasuko ataleko batzarraren iritzia entzun eta gero, eta dekanotza taldean sartuko dira dekanorde karguarekin.

3.– Ataletako batzarrek osakide hauek izango dituzte, kide hautetsiez gain: kasuan kasuko ataleko koordinatzailea, batzarreko burua izango dena; Ataleko Batzarreko idazkari lanak egiten dituen dekanordea; eta zuzendaritza taldeko kide izanik atalari esleituta daudenen artetik dekanoak izendatuko duen kide kopurua, Koordinazioko dekanordearen proposamenari jarraituz. Azken horiek ezingo dira izan, inola ere ez, ataleko batzarreko kide hautetsien % 10 baino gehiago, unibertsitateko taldeen ordezkaritza ez desitxuratzeko. Ataleko Batzarreko kide izango dira, baita ere, administrazioaren alorrean atal bakoitzean erantzukizun handiena izango duten pertsonak, zeintzuek hitza egiteko eskubidea izango duten baina ez botoa ematekoa.

Arabako Ataleko Batzarrak hamabost kide hautetsi izango ditu: lotura iraunkorra duten irakasle ikertzaile doktoreen zortzi ordezkari; lotura iraunkorra daukaten irakasle ikertzaile ez doktoreen eta lotura iraunkorra ez duten irakasle ikertzaile doktoreen ordezkari bat; gainerako irakasle eta ikertzaileen ordezkari bat; ikasleen hiru ordezkari; eta administrazio eta zerbitzuetako langileen bi ordezkari.

Elkanoko Ataleko Batzarrak hogeita sei kide hautetsi izango ditu: lotura iraunkorra duten irakasle ikertzaile doktoreen hamalau ordezkari; lotura iraunkorra duten irakasle ikertzaile ez doktoreen eta lotura iraunkorra ez duten irakasle ikertzaile doktoreen bi ordezkari; gainerako irakasle eta ikertzaileen ordezkari bat; ikasleen sei ordezkari; eta administrazio eta zerbitzuetako langileen hiru ordezkari.

Gipuzkoako Ataleko Batzarrak hogeita sei kide hautetsi izango ditu: lotura iraunkorra duten irakasle ikertzaile doktoreen hamalau ordezkari; lotura iraunkorra duten irakasle ikertzaile ez doktoreen eta lotura iraunkorra ez duten irakasle ikertzaile doktoreen bi ordezkari; gainerako irakasle eta ikertzaileen ordezkari bat; ikasleen sei ordezkari; eta administrazio eta zerbitzuetako langileen hiru ordezkari.

Ataletako batzarretako kide diren IRIak eta AZPkoak kasuan kasuko atalari atxikita egon beharko dira, eta ikasleak kasuan kasuko atalean matrikulatuta.

4.– Ataleko Batzarrak eskumen hauek izango ditu:

a) Ataleko koordinatzailea izendatzeko dekanoak egindako proposamenaren berri ematea.

b) Atalaren urteko aurrekontua kudeatzea.

c) Koordinatzaileari laguntza eta aholkularitza ematea, bere eskumeneko gaietan.

d) Atalaren erabilera orokorreko edo partikularreko lokalak erabiltzeko arauen berri ematea, ataleko koordinatzaileak hala proposatuta.

f) Irakasleen eta ikasleen ordezkariak izendatzea Campuseko Batzarrerako. Ikasleak ikastegiko Ikasleen Kontseiluak proposatuko ditu.

f) Atalaren urteko txostenean, irakasleak kontratatzeko beharren berri ematea.

g) Fakultateko Batzarrari proposatzea atalean eskainiko diren ikasketak.

h) Taldeen kudeaketa (ikasleak taldeetan banatzea eta abar). Kudeaketa hori modu koordinatuan egingo da campus guztietan, eta kontuan hartuko dira unibertsitateak eta fakultateak ezarritako irizpide orokorrak.

i) Aukera askeko edo hautazko kredituak onartzea.

j) Fakultateko Batzarrari proposatzea ikasturte bakoitzean atalean ezarri beharreko numerus claususa.

k) Ataleko inbentarioa eta txosten ekonomikoa onartzea.

l) Azaltzea nola aplikatzen den atalean Jasangarritasun Plana eta Berdintasun Batzordeak atalean egindako jarduerei buruzko informazioa ematea.

m) Fakultateko Batzarrari proposatzea irakaskuntza azpiegiturei buruzko planak edo irakaskuntzan zein ikerketan sortutako bestelako premiei buruzkoak.

n) Atala kudeatzeko urteko plana egin eta Fakultateko Batzarrari proposatzea.

o) Fakultateko Batzarrak eskuordetuko dizkion gainerako guztiak.

5.– Artikulu honetan jasotzen ez den guztirako, Ekonomia eta Enpresa Fakultateko ataletako batzarrek Ikastegien Esparru Arautegian Ikastegiko Batzarrerako ezarritakoaren arabera jardungo dute.

5. artikulua.– Ikastegiko Batzarraren osakideak.

1.– Ikastegiko Batzarrak osakide hauek diru: dekanoa, batzarreko burua izango dena; idazkari akademikoa; erantzukizun handieneko administrazio eta zerbitzuetako langilea; eta ikastegiko ataletako koordinatzaileak. Horiek guztiak berezko kide izango dira. Batzarreko kide izan ahalko dira, baita ere, dekanoak horretarako izendatutako dekanordeak (ezingo dira izan, inola ere ez, batzarreko kide hautetsien % 10 baino gehiago) eta 50 kide hautetsi, Ikastegiko Batzarrean ordezkaritza duten taldeek aukeratuak, honela banaturik:

– Unibertsitatearekin lotura iraunkorra duten irakasle ikertzaileak: 30 ordezkari

– Lotura iraunkorra duten irakasle ikertzaile ez doktoreak eta lotura iraunkorra ez duten irakasle ikertzaile doktoreak: 3 ordezkari

– Gainerako irakasle ikertzaileak: ordezkari 1.

– Ikasleak: 10 ordezkari.

– Administrazio eta zerbitzuetako langileak: 6 ordezkari.

Ikastegiko Batzarrak, gainerako gai guztietan, Ikastegien Esparru Arautegian adierazitakoaren arabera jardungo du.

6. artikulua.– Batzorde Iraunkorra.

Fakultateko Batzarrak batzorde iraunkor bat izango du, osakide hauek izango dituena: dekanoa edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona; idazkari akademikoa, batzordeko idazkaria izango dena; erantzukizun handieneko administrazio eta zerbitzuetako langilea eta ataletako koordinatzaileak; lotura iraunkorra duten irakasle ikertzaile doktoreen zortzi ordezkari; lotura iraunkorra duten irakasle-ikertzaile ez doktoreen eta lotura iraunkorra ez duten irakasle-ikertzaile doktoreen ordezkari bat; gainerako irakasle ikertzaileen ordezkari bat; administrazio eta zerbitzuetako langileen bi ordezkari; eta ikasleen hiru ordezkari.

7. artikulua.– Akademia Antolakuntzako Batzordea.

1.– Fakultateko Akademia Antolakuntzako Batzordeak osakide hauek izango ditu, betiere gizonezkoen eta emakumezkoen kopurua orekatua dela, ahal bada: dekanoa edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona, batzordeko burua izango dena; fakultateko idazkari akademikoa, batzordeko idazkaria izango dena; ataletako koordinatzaileak edo haiek beren ordez izendatuko dituzten dekanordeak; administrazio burua edo hark bere ordez izendatuko duen administrazio eta zerbitzuetako langilea; eta ikastegian ematen diren titulazio bakoitzeko irakasle bat. Titulazio bat gune batean baino gehiagotan ematen bada (egoitza edo atalak), gune bakoitzeko irakasleen ordezkari bat egongo da. Batzordeko kide izango dira, baita ere, atal bakoitzeko ikasleen ordezkari bat eta egoitzako ikasleen ordezkari bat, fakultateko Ikasleen Kontseiluak proposatuak. Batzorde horretan parte hartzeko ez da beharrezkoa Fakultateko Batzarreko kidea izatea.

2.– Batzordearen eginkizunak, bai eta hartuko dituen erabakien eraginak ere, Ikastegien Esparru Arautegian ezarritakoak izango dira.

3.– Atal guztietan eta egoitzan azpibatzordeak egongo dira, ataletakoak eta egoitzakoak diren batzordeko kideek osatuak. Azpibatzorde horiek ebatziko dituzte kasuan kasuko atalaren edo egoitzaren antolakuntza akademikoari buruzko gaiak, fakultateko batzordeak onartutako irizpide orokorren arabera. Azpibatzorde horietako buruak izango dira kasuan kasuko ataletako koordinatzaileak eta dekanoa egokitzakoan, edo horiek beren ordez izendatuko dituzten pertsonak.

8. artikulua.– Egoitzako Batzordea.

Fakultatea kudeatzeko jarduerak deszentralizatu eta arintze aldera, egokitzako batzorde bat eratuko da, bakarrik egoitzari eragiten dioten gaiak aztertuko dituena.

Batzordeak osakide hauek izango ditu: dekanoa, egoitzakoa bada edo, bestela, egoitzari atxikitako dekanordeen artetik dekanoak proposatuko duena, edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona, batzordeko burua izango dena; egoitzakoa den dekanotza taldeko kide bat, batzordeko idazkaria izango dena; fakultateko administrazio burua; eta kide hautetsi hauek: lotura iraunkorra duten irakasle ikertzaile doktoreen zortzi ordezkari; lotura iraunkorra duten irakasle-ikertzaile ez doktoreen eta lotura iraunkorra ez duten irakasle-ikertzaile doktoreen ordezkari bat; gainerako irakasle ikertzaileen ordezkari bat; ikasleen hiru ordezkari; eta administrazio eta zerbitzuetako langileen bi ordezkari.

Egoitzako Batzordearen eskumenak izango dira ataletako batzarrek dizuten berberak (4. artikuluan aipatuak), egoitzaren eremura mugatuta.

Egoitzako Batzordeko kide hautetsiak aukeratuko dira ataletako batzarretako kide hautetsiak aukeratzen diren moduan.

9. artikulua.– Euskara Batzordea.

Euskara Batzordea parte hartze, kontsulta eta aholkularitzarako organoa da, osakide hauek dituena: euskararen arloan eskumenak dituen dekanordea, batzordeko burua izango dena; titulazioetako eskolak ematen dituzten sail bakoitzeko ordezkari bat, sailek proposatuak; ikasleen bi ordezkari; eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat. Bai ikasleak bai AZPko kidea talde horiek Fakultate Batzarrean dituzten ordezkariek aukeratuko dituzte.

Ataletan eta egoitzan aholku batzordeak egongo dira, osakide hauek izango dituztenak: euskararen arloan eskumenak dituen dekanordea; IRIen ordezkari bat; administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat; eta ikasleen ordezkari bat, fakultateko Ikasleen Kontseiluak proposatua.

10. artikulua.– Berdintasun Batzordea.

Berdintasun Batzordea parte hartze, kontsulta eta aholkularitzarako organoa da, osakide hauek dituena: berdintasunaren arloan eskumenak dituen dekanordea, batzordeko burua izango dena; ataletako koordinatzaileak edo horiek beren ordez izendatuko dituzten pertsonak; titulazioetako eskolak ematen dituzten sail bakoitzeko ordezkari bat, sailek proposatuak; ikasleen bi ordezkari; eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat. Bai ikasleak bai AZPko kidea talde horiek Fakultate Batzarrean dituzten ordezkariek aukeratuko dituzte.

Ataletan eta egoitzan, berdintasun batzordeak eratu bitartean, arlo horretako eginkizunak beteko ditu kasuan kasuko ataleko koordinatzaileak, dekanoak, edo horiek beren ordez izendatuko dituzten pertsonek.

11. artikulua.– Kide izatea eta leku hutsak betetzea.

1.– Kide anitzeko organoko kide izatea norberaren ezaugarria da eta ezin zaio beste inori utzi. Estatutuetako 166. artikuluan aipatutako egoeretan utziko dio ordezkari batek ordezkari izateari. Bileretara justifikaziorik gabe huts egitea izango da elkarren segidako hiru bilerara edo txandakako bost bilerara justifikatu barik huts egitea. Ikasleen ordezkarien kasuan, Ikasleen Arautegian zehaztutakoari jarraituko zaio.

2.– Organoa behin eratuta, bete gabe geratzen diren plazak kasuan kasuko zerrendako ordezkoek beteko dituzte. Aipatutako irizpideari jarraitu ondoren bete gabe geratzen den plaza kopurua talde bateko kideen % 50 baino handiagoa edo organoko kideen % 30 baino handiagoa bada, hauteskunde partzialak egingo dira. Modu horretara hautatutakoek ordezkari eginkizunak beteko dituzte ordezkatu beharreko kideen agintaldia amaitu arte. Organoko idazkariari ordezkoa nor izango den jakinarazi eta sei egun balioduneko epean gauzatuko da ordezkapena.

3.– Era berean, kide anitzeko organoko kide titularrak ordezkatu ahal izango dira kausa justifikaturik badago, besteak beste, kanpoan edo gaixorik badaude. Horretarako, bere egoeraren berri eman beharko dio organoko idazkariari gutxienez bilera baino 72 ordu lehenago, eta ordezkatua izateko arrazoia justifikatzen duen agiria aurkeztu. Idazkaria egon ezean, organoko buruari jakinaraziko zaio.

Ordezkoa izendatuz gero, ezin izango da botoa eskuordetu.

12. artikulua.– Kide anitzeko organoetako kideen eskubideak eta betebeharrak.

1.– Kide anitzeko organoetako kideek organoen bileretara joateko eskubidea eta betebeharra dute, eta arautegi honek ezartzen dizkien eginkizunak bete behar dituzte. Bileretara joateak unibertsitateko gainerako betebeharrak betetzetik salbuetsiko ditu organoetako kideak, baina organoek beharrezko neurriak hartuko dituzte kideak bileretara joan ahal izan daitezen eta aldi berean zerbitzua beteko dela bermatzeko.

2.– Ikastegiak neurriak hartuko ditu ikastegiko ikasleek bateratu ahal izateko jardun akademikoa eta ordezkari zereginak.

3.– Kide anitzeko organoetako kideek, euren eginkizunak aurrera eramateko beharrezkoak izan ditzaketen dokumentazioa eta informazioa eskatu eta eskuratzeko eskubidea baliatuta, idatziz eskatu beharko dute nahi duten dokumentazioa. Eskarian adierazi beharko dute horretarako eskubidea dutela kide anitzeko organoko kideak direlako, eta labur azalduko dute nola dokumentazio hori behar duten beren eginkizunak bete ahal izateko. Eskatzaileak horretarako eskubidea daukala behin egiaztaturik, hamabost (15) egun balioduneko epean, gehienez ere, fakultateak haren esku jarriko du dokumentazioa fakultateko idazkaritzan edo kasuan kasuko ataleko koordinatzailearen bitartez.

13. artikulua.– Kide anitzeko organoa eratzea.

1.– Kide anitzeko organoa balioz eratzeko, beharrezkoa da kideen gehiengo osoa egotea lehen deialdian, edo kideen heren bat egotea, gutxienez, bigarren deialdian. Deialdi bion artean 15 minutuko tartea egon beharko da.

Organoko buruak eta idazkariak beti egon behar dute bileran, edo, bestela, euren ordezkoek.

2.– Botoa kide anitzeko organoko beste kide bati eskuordetu ahalko zaio, hauteskunde prozesuetan izan ezik. Kide anitzeko organoko kide bakoitzak boto bakar bat izan dezake eskuordetuta. Organoak eratzeko quorumari dagokionez, ez dira kontuan hartuko eskuordetutako botoak. Organoko kideek idatziz adierazi beharko dute botoa eskuordetu egin dutela, eta idatzi hori bilerako aktari erantsiko zaio.

3.– Organoa bigarren deialdian eratzeko beharrezko den quoruma bozketa guztietan izango da beharrezkoa.

4.– Hauteskunde prozesu baten ondorioz edo bat bateko arrazoiengatik kide anitzeko organoan lekuren bat bete gabe badago eta ezinezkoa bada betetzea, organoa balioz eratzeko beharrezkoa den kopururako, betetako lekuak baino ez dira kontuan hartuko.

14. artikulua.– Erabakiak argitaratzea.

1.– Idazkariak kide anitzeko organoak hartutako erabakien fede eman eta ziurtagiriak egingo ditu.

2.– Kide anitzeko organoek hartutako erabakiak egoitzako eta/edo ataletako iragarki oholetan argitaratuko dira, kasuan kasuko organoaren eskumen esparruaren arabera, bai eta fakultateko iragarki ohol birtualean ere, halakorik egonez gero, erabakiak hartu eta gehienez ere hiru egun balioduneko epean. Halakoetan beti bete beharko da datuak babesteko legean adierazitakoa. Idazkariak ziurtagiri batean jasoko du sailak hartutako erabakien zerrenda, eta horixe emango da argitara. Organoko idazkariak eta buruak bermatu egin beharko dute bileran hartutako erabakiak argitaratu egiten direla eta gutxien dela hilabete egongo direla ikusgai. Bitarte horretan aurrera egingo du errektoreari erabakien aurkako errekurtsoak aurkezteko epeak.

3.– Aipatutakoaz gain, pertsonei buruzko erabakiak zuzenean jakinarazi beharko zaizkie interesdunei. Erabakiek jakinarazpena egiten den unetik aurrera izango dute eragina, eta jakinarazpenak Administrazio Prozeduraren Legean xedatutako moduan egin beharko dira.

15. artikulua.– Dekanoa.

1.– Dekanoa da fakultateko kide bakarreko gobernu, ordezkaritza eta administrazio organo gorena. Dekanoa Fakultateko Batzarrak hautatuko du ikastegiari atxikitako irakasle ikertzaile iraunkor doktoreen artetik eta errektoreak izendatuko du. Halako irakasle ikertzailerik ez balego, irakasle ikertzaile iraunkorren artetik aukeratuko litzateke. Ikastegiko dekanoa hautatzeko, botoa aldez aurretik ematea onartuko da, Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 7. artikuluan zehaztutakoari jarraituz.

2.– Fakultateko dekanoa izateko hautagaitzekin batera gobernu taldearen egitura eta programa aurkeztu beharko dira. Dekanoa errektoreak izendatu behar du, eta izendatu ondoren hasiko da bere eginkizunak betetzen. Agintaldia sei urtekoa izango da eta ezingo da luzatu, ezta ere beste agintaldi bat egin segidan.

16. artikulua.– Ataletako koordinatzaileak.

Koordinatzaileak dira ataletako kide bakarreko zuzendaritza, ordezkaritza eta administrazio organoak.

Hauek dira koordinatzailearen eginkizunak:

a) Atalaren ordezkaria izatea.

b) Ataleko jarduera guztiak zuzendu, koordinatu eta gainbegiratzea.

c) Ataleko kide anitzeko organoetako burua izatea.

d) Dekanoaren jarraibideak aplikatzea eta Fakultate Batzarraren eta kasuan kasuko atal eta campuseko batzarren erabakiak betetzea.

e) Atalaren memoria eta urteko plana aurkeztea Ataleko Batzarrari.

f) Irakasleek irakats betebeharrak betetzen dituztela gainbegiratzea, Ikuskaritza Zerbitzuarekin elkarlanean.

g) Eskumena duten zerbitzu teknikoekin koordinatuta, ataleko espazioen higiene eta segurtasun baldintzak zaintzea, eta, hala badagokio, neurri egokiak hartzeko proposamenak egitea.

h) Ataleko kideen eskaerak eta iradokizunak bideratzea.

i) Atalaren ebaluazioa eta etengabeko hobekuntza bultzatzea.

j) Ataleko Autobabeserako Batzordea eratzea eta batzordeko burua izatea.

k) Gainerako gobernu organoek eskuordetu ahal dizkioten eginkizunak, bai eta unibertsitateko araudiak, Estatutuek edo horiek garatzeko arauek esleitu ahal dizkiotenak ere.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Batzarreko taldeetako ordezkariek agintean jarraituko dute hautatuak izan ziren aldia amaitu arte. Hutsunerik sortuz gero, ordezkariak hautatuak izan zirenean indarrean zegoen sistemaren arabera beteko dira.

Aurreko paragrafoan esandakoa aplikatuko da, halaber, unibertsitateko kidegoek Fakultate Batzarrean daukaten osaera islatzen duten gobernu eta ordezkaritza organoetan.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen da 2016ko urriaren 14an EHAAn argitaratutako UPV/EHUko Ekonomi eta Enpresa Fakultatearen Arautegia.

AZKEN XEDAPENA

Arautegi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.


Azterketa dokumentala