Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

135. zk., 2023ko uztailaren 17a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3449

AGINDUA, 2023ko ekainaren 23koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez BSTK Fundazioa izeneko fundazioaren eraketa inskribatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan.

2022ko urriaren 26an, BSTK Fundazioa izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskabidea iritsi zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailera. Eskaerarekin batera, eraketa-eskritura publikoa aurkeztu zen, 2022ko irailaren 20an Donostian emana, José Carlos Arnedo Ruiz notario jaunaren aurrean (protokolo-zenbakia: 2159), 2023ko otsailaren 1eko eginbidearen bidez zuzendu zena.

Fundatzaileak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, eraketa-eskritura fundazio-gutun izaerarekin egiletsi zuen, etorkizunerako aurreikusiz, horretarako ezarritako legezko epearen barruan, partikularrak edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuk sartzea fundatzaile gisa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordea 2023ko otsailaren 14an bildu zen, fundazioaren xedeen zilegitasunari eta interes orokorrari eta haren bideragarritasunari buruzko inskripzio-eskaera baloratzeko, eta aldeko txostena eman zuen.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzak fundazioaren eraketari buruzko nahitaezko txostena egin du.

Estatutuen 3. artikuluan ezarritakoaren arabera, BSTK Fundazioa izeneko fundazioaren helburu orokorra da Gipuzkoako baso-ondarearen eta zerbitzu ekosistemikoen kudeaketa jasangarria. Hortaz, lurraldearen garapen integrala eta haren kudeaketa ekologikoa lortzen lagunduko du. Azken batean, ingurumena eta baso-ondarea babestea eta lehen sektorearen garatzea du helburu. Horretarako, honako helburu hauek izango ditu:

a) Gipuzkoako baso-azalera (publikoa edo pribatua) modu jasangarrian kudeatzea (gizarteari, ekonomiari eta ingurumenari dagokionez), eta abandonatzea saihestu.

b) Lurraldearen deskarbonizazio-helburuak lortzen laguntzea, CO2 isurketen xurgapena maximizatuz.

c) Gizartea eta sektore ekonomikoak inplikatzea eta sentsibilizatzea, baso-masaren (ondarearen) kudeaketa jasangarria ziurtatzeko, landa paisaia erakargarria eta balio ekologiko handikoa izatea erraztuz.

d) Baso-jabeek sozietate osoari egiten dioten ekarpenari balioa ematea.

Estatutuen 4. artikuluan xedatutakoaren arabera, fundazioak Donostian, Gipuzkoa plaza z/g helbidean, izango du egoitza (Gipuzkoako Foru Aldundiaren foru jauregia), eta fundazioak Gipuzkoako Lurralde Historikoan gauzatuko ditu jarduerak, Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako lurraldeetara zabaltzeko aukera ere landuko badu ere.

Fundazioaren hasierako zuzkidura hogeita hamar mila eurokoa da (30.000 euro) da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 12. artikuluaren bigarren apartatuarekin bat etorriz egin da ekarpena, Kutxabank entitatean. Erakunde horrek 2022ko uztailaren 20an emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatzen da.

Erakunde fundatzaileak bi milioi euro (2.000.000 euro) jarri ditu, guztira. Horietatik hogeita hamar mila euro (30.000 euro) zuzkidura gisa jarri dira, eta gainerakoa, hau da, milioi bat bederatziehun eta hirurogeita hamar mila euro (1.970.000 euro), fundazioaren gastu arruntei aurre egiteko eta aktiboak erosteko ekarpen ekonomiko gisa.

Estatutuen 8. artikuluaren arabera, patronatua honela osatuko da: gutxienez lau (4) kide. Estatutuen 12. artikuluaren arabera, patronatuko berezko kidearen karguak iraupen mugagabea izango du. Patronatuko berezko kide ez den kidearen karguak 4 urteko iraupena izango du gehienez, eta berriz hautatu ahal izango da, epe berdinerako, inolako mugarik gabe.

Eraketaren eskritura publikoan jasota dagoenez, lehenengo patronatua honako kide hauek osatuko dute:

– Presidentea: Gipuzkoako Foru Aldundian mendien eta natura-ingurumenaren arloko eskumena duen foru-diputatua, Javier Larrañaga Garmendia jauna.

– Presidenteordea: Gipuzkoako Foru Aldundian mendien eta landa-ingurunearen arloko eskumena duen zuzendari nagusia, Aranzazu Ariztimuño Larraza andrea.

– Kidea ez den idazkaria: Segundo Diez Molinero jauna.

– Kidea: Gipuzkoako Foru Aldundian nekazaritzaren eta lurralde-orekaren arloan eskumena duen zuzendari nagusia, Xabier Arruti Olazabal jauna.

– Kidea: Gipuzkoako Foru Aldundian finantza eta aurrekontuen arloan eskumena duen zuzendari nagusia, José Enrique Corchón Álvarez jauna.

Izendatutako pertsona guztiek onartu dute beren kargua, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 16.2 artikuluan xedatutako eraren batean.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio eraketa espediente hau Agindu bidez ebaztea, hauekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien eginkizunak eta jardun-arloak zehazten dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 7.1.n) artikulua, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 3.1 artikulua.

Espedienteari funtsezko iritzitako datu eta dokumentu guztiak erantsi zaizkio, eta bereziki bete dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 7. artikulutik 12. artikulura eta 51.2 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 41. artikuluan xedatutako baldintzak.

Hori guztia kontuan hartuta,

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– BSTK Fundazioa izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea, F-483 erregistro zenbakiarekin, bai eta patronatuaren hasierako osaera ere, 2022ko irailaren 20an, Donostian, José Carlos Arnedo Ruiz notario jaunaren aurrean egiletsitako eskritura publikoan jasotako zehaztapenekin bat etorriz (protokolo-zenbakia: 2159), 2023ko otsailaren 1eko eginbidearen bidez zuzendu zena.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, ondorioz, honen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu honen aurrean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko ekainaren 23a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.


Azterketa dokumentala