
135. zk., 2023ko uztailaren 17a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (171 KB - 7 orri.)
- EPUB (115 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
3427
ERABAKIA, 2023ko ekainaren 5ekoa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluarena: UPV/EHUko Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultatearen Arautegiaren aldatzea.
2023ko maiatzaren 9ko bileran, Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultateko Batzarrak ikastegiaren arautegia aldatzea erabaki zuen (2016ko urriaren 14ko EHAAn argitaratutakoa), Ikastegien Esparru Arautegi berrira egokitzeko (2022ko azaroaren 9an sartu zen indarrean). Unibertsitateko Estatutuetara egokitzeko moldatu zen esparru arautegia, kide anitzeko hainbat gobernu organori eta unibertsitateko taldeen ordezkaritzari dagokienez hainbat aldaketa eginda. Era berean, teknologia berriak erabiltzeko aukera jaso da bertan, deialdiak egiteko eta erabakiak argitaratzeko tramiteak azkarragoak izan daitezen.
Bestetik, kontuan hartuta ikastegiko gai espezifikoei eragiten dieten zenbait artikulu berri sartu direla, eta oraingo testuan agertu behar ez diren beste batzuk kendu, komenigarria da testu osoa berriro argitaratzea, ez soilik egindako aldaketak.
Ikastegiko Batzarrari dagokio ikastegiko arautegia egin eta Gobernu Kontseiluari proposatzea, horrek proposamena onar dezan eta, beraz, arautegia alda dadin.
Proposatutako aldaketak Lege Zerbitzuaren aldeko txostena du.
Gobernu Kontseiluari dagokio ikastegien arautegietan egindako aldaketei behin betiko onespena ematea.
Adierazitakoarengatik, idazkari nagusiak proposatuta, Gobernu Kontseiluak
ERABAKI DU:
Lehenengoa.– Onartzea Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultatearen Arautegia alda dadin, eta aldaketak jasotzen dituen testu berria argitara dadin, eranskinean jasotzen den moduan.
Bigarrena.– Agindua ematea erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.
Hirugarrena.– Arautegia aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Leioa, 2023ko ekainaren 5a.
Errektorea,
EVA FERREIRA GARCÍA.
Idazkari nagusia,
AITOR ZURIMENDI ISLA.
ERANSKINA
Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultatearen Arautegia
1. artikulua.– Izaera.
Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultatea ikastegi bat da, eta bere xede, ikuspegi eta balioekin bat etorrita, gizarte langintzarekin, lan harremanekin eta giza baliabideekin zerikusia duten graduko tituluak eta hainbat graduondoko lortzera bideratutako ikasketak antolatzeko beharrezkoak diren prozesu akademikoak eta administratiboak gidatzen, koordinatzen eta kudeatzen ditu.
2. artikulua.– Egoitza.
Fakultateak Bizkaiko eta Arabako campusetan ditu guneak, eta egoitza Sarriena auzoa z/g, 48940, Leioa helbidean dago.
3. artikulua.– Araubide juridikoa.
Fakultateak jardungo du indarreko legeriaren, UPV/EHUko Estatutuen eta Ikastegien Esparru Arautegiaren arabera, zeina zuzenean aplikatuko zaion, bai eta barne arautegi honen arabera ere.
4. artikulua.– Ikastegiko atalak.
1.– Fakultateak ikastegiko atal bat dauka Arabako Campusean, Apraiztarren kalea 2, 01006 Gasteiz helbidean.
2.– Ataleko koordinatzailea, ahal den heinean, atalari atxikitako irakasle bat izango da, edo, ezinezkoa bada, eskolak bertan ematen dituen irakasleetako bat. Errektoreak izendatuko du, ikastegiko dekanoak proposaturik, Ataleko Batzarraren iritzia entzun eta gero, eta dekanotza taldean sartuko da dekanorde karguarekin. Ataleko idazkariaren laguntza administratiboa izango du.
3.– Ataleko Batzarreko kide izango dira: koordinatzailea (batzarburua izango da), ikastegiko idazkari akademikoa (ataleko kide bada) edo atalean eginkizun horiek dituen dekanordea, eta atalean erantzukizun handiena daukan administrazio eta zerbitzuetako langilea. Atalean ez badago baldintza hori betetzen duen langilerik, lanpostuen zerrendaren arabera mailarik handiena daukan lanpostuan dagoen langilea izango da Ataleko Batzarreko kidea. Halaber, beste hamabost kide izango ditu, ataleko taldeek aukeratuak, modu honetara banatuta:
– Lotura iraunkorra duten irakasle-ikertzaile doktoreak: 8 kide.
– Lotura iraunkorra duten irakasle-ikertzaile ez-doktoreak eta lotura iraunkorra ez daukaten irakasle-ikertzaile doktoreak: kide bat.
– Gainerako irakasle eta ikertzaileak: kide bat.
– Ikasleak: 3 kide.
– Administrazio eta zerbitzuetako langileak: 2 kide.
5. artikulua.– Ikastegiko Batzarra.
Ikastegiko Batzarreko berezko kide izango dira: dekanoa (batzarburua izango da), idazkari akademikoa, ardura handiena daukan administrazio eta zerbitzuetako langilea, eta ataleko koordinatzailea. Batzarkide izango dira, halaber, dekanoak izendatutako hiru dekanorde eta beste 35 kide hautetsi, Ikastegiko Batzarrean ordezkaritza duten taldeetakoak, era honetara banatuta:
– Lotura iraunkorra duten irakasle-ikertzaile doktoreak: 20 kide.
– Irakasle-ikertzaile iraunkor ez-doktoreak eta irakasle ez-iraunkor doktoreak: 2 kide.
– Gainerako irakasle-ikertzaileak: kide bat.
– Ikasleak: 8 kide.
– Administrazio eta zerbitzuetako langileak: 4 kide.
Ikastegiko Batzarrari buruzko gainerako gaietarako Ikastegien Esparru Arautegia ezarriko da.
6. artikulua.– Batzorde Iraunkorra.
Fakultateak Batzorde Iraunkorra izango du eta, betiere, ahal dela, gizonezkoen eta emakumezkoen kopurua orekatua izanda. Kide izango dira: dekanoa (batzordeburua izango da), ataleko koordinatzailea, idazkari akademikoa (batzordeko idazkaria izango da), administrazio eta zerbitzuetako arduraduna, eta beste 10 kide hautetsi taldeen ordezkari, era honetara banatuta:
– Lotura iraunkorra duten irakasle-ikertzaile doktoreak: 5 kide.
– Irakasle-ikertzaile iraunkor ez-doktoreak eta irakasle ez-iraunkor doktoreak: kide bat.
– Gainerako irakasle-ikertzaileak: kide bat.
– Ikasleak: 2 kide.
– Administrazio eta zerbitzuetako langileak: kide bat.
Ikastegiko Batzarrak eginkizun hauek eskuordetu ahal izango dizkio Batzorde Iraunkorrari:
a) Gobernu organoei aurkeztea ikastegiko irakasleen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen plantilletan dauden beharrizanak.
b) Unibertsitateko planetako helburuak ikastegira egokitzeko plana onartzea.
c) Hizkuntza normalkuntzako planak betetzeko eta horien jarraipena egiteko premien memoriak aurkeztea campuseko errektoreordeari, gero hark errektoreari edo, hala badagokio, Gobernu Kontseiluari bidera diezazkion.
d) Ikastegiari atxikitako irakasle lanpostuen eskariez iritzia ematea.
e) Onartzea irakaskuntzarako azpiegituren planak edo irakaskuntzan nahiz ikerketan sortutako bestelako premien planak, ikastegiko atalak, ikastegiari atxikitako sailek edo saileko atalek proposatuta eta aldez aurretik guztiak batera aztertuta.
f) Ikastegiak eskaintzen dituen ikasketen kalitatea aldian-aldian ebaluatu egiten dela bermatzea, eta unibertsitatearen zerbitzu publikoa hobetzeko neurriak proposatzea.
g) Ikasleak ebaluatzeko arautegian zehazten diren kasuetarako, epaimahaiak hautatzeko prozedura zehaztea.
h) Estatutuek eta horiek garatzeko arauek emandako gainerako eginkizun guztiak, edo UPV/EHUko gobernu organoek eskuordetzen dizkiotenak.
i) Urteko kudeaketa plana onartzea. Plan horrek hizkuntza plangintza eta txosten ekonomikoa jasoko ditu.
Batzordearen funtzionamendurako oinarrizko arauak UPV/EHUko Ikastegien Esparru Arautegian Ikastegiko Batzarrerako zehaztutako berberak dira.
7. artikulua.– Akademia Antolakuntzako Batzordea.
Ikastegiko Akademia Antolakuntzako Batzordeak kide hauek izango ditu, betiere, ahal bada, bi titulazioetako gizonezkoen eta emakumezkoen kopurua orekatua dela: ikastegiko dekanoa edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona (batzordeburua izango da); ikastegiko idazkari akademikoa (idazkaria izango da); ikastegian ematen diren titulazioetako irakasle bana; administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat eta ikastegian ematen diren titulazioetako ikasleen bana ordezkari. Azken hiru ordezkariak Fakultateko Batzarreko talde bakoitzeko kideek hautatuko dituzte. Batzorde honetako kide izateko ez da beharrezkoa izango Ikastegiko Batzarreko kidea izatea.
Aholkularitza azpibatzorde bana egon daiteke atalean eta egoitzan, eta ahalegina egingo da azpibatzorde horietan emakumeen eta gizonen presentzia orekatua izateko.
Batzordearen eginkizunak eta batzordeak hartutako erabakien ondorioak Ikastegien Esparru Arautegian zehaztutakoak izango dira.
8. artikulua.– Egoitzako Batzordea.
Deszentralizazioa bultzatzeko, atalekoaz gain, Egoitzako Batzordea sortuko da, helburua izanik egoitzan lan egin eta ikasten dutenen izateari eustea fakultatearen barruan, campus horretan ere fakultateari lotutako akordioen inguruko proposamenak eta eztabaidak bultzatuz ikastegiko kasuan kasuko organoak onartu aurretik.
Batzordeak kide hauek izango ditu: dekanoa edo, hala badagokio, egoitzako kide den dekanordea (batzordeburua izango da); dekanorde bat (batzordeko idazkaria izango da); fakultatean ardura handiena daukan administrazio eta zerbitzuetako langilea; eta, beste 24 kide, atalari atxikita ez dauden fakultateko taldeek aukeratuak.
Hauek dira talde bakoitzak batzordean izango duen kide kopurua:
– Lotura iraunkorra duten irakasle-ikertzaile doktoreak: 13 kide.
– Irakasle-ikertzaile iraunkor ez-doktoreak eta irakasle ez-iraunkor doktoreak: 2 kide.
– Gainerako irakasle-ikertzaileak: kide bat.
– Ikasleak: 5 kide.
– Administrazio eta zerbitzuetako langileak: 3 kide.
Egoitzako Batzordeak eskumen hauek izango ditu:
a) Batzordeburuari laguntza eta aholkularitza ematea, beren eskumeneko gaietan.
b) Fakultateko egoitzaren aurrekontu dotazioa proposatzea eta gestionatzea.
c) Fakultateko egoitzaren erabilera orokorreko edo partikularreko lokalak erabiltzeko arauen berri ematea.
d) Ikastegiko Batzarrari proposamena egitea Campuseko Batzarrerako irakasleen eta ikasleen ordezkariak izendatzeko, ikasleena ikastegiko Ikasleen Kontseiluaren proposamenez.
e) Ikastegiko egoitzaren urteko txostena egitea, baita irakasleak kontratatzeko premiena ere.
f) Fakultateko Batzarrari proposatzea ikastegiaren egoitzarako berezko tituluen eta masterren eskaintza.
g) Fakultatearen egoitzan ikasleak taldeka banatzako lana kudeatzea. Eginkizun hori campus biak koordinatuta egingo da, unibertsitateak eta ikastegiak ezarritako irizpide orokorrak aintzat hartuta.
h) Fakultateko Batzarrari ikastegiaren egoitzan ezarriko den kreditu aitorpena proposatzea.
i) Aukera askeko edo hautazko kredituak onartzea.
j) Fakultateko Batzarrari fakultateko egoitzako numerus claususak proposatzea, ikasturte bakoitzerako.
k) Ikastegien Esparru Arautegiak baimentzen edo Fakultateko Batzarrak eskuordetzen dizkion gainerako guztiak.
9. artikulua.– Euskara Batzordea.
Ikastegian Euskarako Batzordea dago, parte hartzerako eta aholkurako organoa, eta helburu izango du euskararen erabilera bultzatzea UPV/EHUko planifikazio orokorraren barruan, euskarazko irakats eskaintzaren plangintzan eta jarraipen lanean parte hartzea eta unibertsitate hedakuntzako eta prestakuntzako jarduerak sustatzea. Batzordean bi campusetako emakumeen eta gizonen presentzia orekatua izango da, ahal bada, eta kide izango dira: dekanotza taldeko kide bat, administrazio eta zerbitzuetako langile bat, ikasle bat eta irakasle bat. Azken hirurak talde bakoitzeko Fakultateko Batzarreko kideek hautatuko dituzte. Batzorde honetako kide izateko ez da beharrezkoa Ikastegiko Batzarreko kidea izatea.
Aholkularitza azpibatzorde bana egon daiteke atalean eta egoitzan, eta ahalegina egingo da azpibatzorde horietan emakumeen eta gizonen presentzia orekatua izateko.
10. artikulua.– Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Batzordea.
Ikastegian Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Batzordea egongo da, parte hartzerako, kontsultarako eta aholkurako organoa izango dena, eta helburu izango du berdintasun politikak bultzatzea eta ezartzea ikastegiaren gestioko eta ikastegiko bizitzako eremu guztietan. Batzordean bi campusetako emakumeen eta gizonen presentzia orekatua izango da, ahal bada, eta kide izango dira: dekano taldeko kide bat, administrazio eta zerbitzuetako langile bat, ikasle bat, eta irakasle bat. Azken hirurak Fakultateko Batzarreko talde bakoitzeko kideek hautatuko dituzte. Batzorde honetako kide izateko ez da beharrezkoa izango Ikastegiko Batzarreko kidea izatea.
Aholkularitza azpibatzorde bana egon daiteke atalean eta egoitzan, eta ahalegina egingo da azpibatzorde horietan emakumeen eta gizonen presentzia orekatua izateko.
11. artikulua.– Kide anitzeko organoetako kideen eskubideak eta betebeharrak.
1.– Kide anitzeko organoetako kideek organoen bileretara joateko eskubidea eta betebeharra dute, eta arautegi honek ezartzen dizkien eginkizunak bete behar dituzte. Bileretara joateak unibertsitateko gainerako betebeharrak betetzetik salbuetsiko ditu organoetako kideak, baina organoek beharrezko neurriak hartuko dituzte kideak bileretara joan ahal izan daitezen eta aldi berean zerbitzua beteko dela bermatzeko.
2.– Ikastegiak neurriak hartuko ditu ikastegiko ikasleek bateratu ahal izateko jardun akademikoa eta ordezkari zereginak.
3.– Dokumentazio eskatzeko, idatzia aurkeztu beharko da, zehaztuta horretarako eskubidea dutela kide anitzeko organoko kide izateagatik, eta labur azalduta dokumentazio hori behar dutela beren eginkizunak bete ahal izateko. Eskatzaileak horretarako eskubidea daukala behin egiaztaturik, hamabost (15) eguneko epean gehienez ere, ikastegiak haren esku jarriko du dokumentazioa ikastegiko Idazkaritzan edo ataleko idazkaritzan, baldin eta dokumentazioa atalean badago.
12. artikulua.– Kide anitzeko organoa eratzea.
1.– Kide anitzeko organoa balioz eratzeko, beharrezkoa da kideen gehiengo osoa egotea lehen deialdian, edo kideen heren bat egotea, gutxienez, bigarren deialdian. Deialdi bion artean 15 minutuko tartea egon beharko da.
Organoko buruak eta idazkariak beti egon behar dute bileran, edo, bestela, beren ordezkoek.
2.– Botoa kide anitzeko organoko beste kide bati eskuordetu ahalko zaio, hauteskunde prozesuetan izan ezik. Kide anitzeko organoko kide bakoitzak boto bakar bat izan dezake eskuordetuta. Organoak eratzeko quorumari dagokionez, ez dira kontuan hartuko eskuordetutako botoak. Organoko kideek idatziz adierazi behar dute botoa eskuordetu egin dutela, eta idatzi hori bilerako aktari erantsiko zaio.
3.– Organoa bigarren deialdian eratzeko beharrezko den quoruma bozketa guztietan izango da beharrezkoa.
4.– Hauteskunde prozesu baten ondorioz edo bat-bateko arrazoiengatik kide anitzeko organoan lekuren bat bete gabe badago eta ezinezkoa bada betetzea, organoa balioz eratzeko beharrezkoa den kopururako, betetako lekuak baino ez dira kontuan hartuko.
13. artikulua.– Erabakiak argitaratzea.
1.– Idazkariak kide anitzeko organoak hartutako erabakien fede eman eta ziurtagiriak egingo ditu.
2.– Erabakiak hiru egun balioduneko epean argitaratu beharko dira beranduen jota, eta datuak babesteko legeriari jarraikiz. Organoko idazkariak eta buruak bermatu egin beharko dute bileran hartutako erabakiak argitaratu egiten direla eta gutxien dela hilabete egongo direla ikusgai. Bitarte horretan aurrera egingo du errektoreari erabakien aurkako errekurtsoak aurkezteko epeak. Erabakien berri zabaltzeko, haien zerrenda jasoko duen ziurtagiria egingo du idazkari akademikoak, eta ziurtagiri hori emango da argitara. Ziurtagiri hori ikastegiko idazkaritzaren iragarki oholean jarriko da, edo atalekoan, baldin eta kide anitzeko organoa atalekoa bada, baita ikastegiko webgunean hala dagokion atalean ere.
3.– Aipatutakoaz gain, pertsonei buruzko erabakiak zuzenean jakinarazi beharko zaizkie interesdunei. Erabakiek jakinarazpena egiten den unetik aurrera izango dute eragina, eta jakinarazpenak Administrazio Prozeduraren Legean xedatutako moduan egin beharko dira.
14. artikulua.– Dekanotza.
1.– Dekanoa ikastegiko kide bakarreko gobernu, ordezkaritza eta administrazio organo gorena da, eta sufragio unibertsal haztatu bidez hautatzen da unibertsitatearen Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorraren arabera, ikastegiari atxikitako irakasle-ikertzaile iraunkor doktoreen artetik, eta errektoreak izendatzen du. Halako irakasle-ikertzailerik ez balego, irakasle-ikertzaile iraunkorren artetik aukeratuko litzateke.
2.– Ikastegiko dekano izateko hautagaitzari gobernu taldea eta programa erantsiko zaizkio. Dekanoa errektoreak izendatuko du, eta izendapenarekin batera hasiko da bere eginkizunak betetzen. Agintaldia sei urtekoa izango da eta ezingo da luzatu, ezta ere beste agintaldi bat egin segidan.
15. artikulua.– Ordezkoa egitea hautetsiak kargua uzten duenean.
Hautetsiak kargua uzten duenean, zerrenda bereko hurrengo kide ez hautetsiak beteko du haren lekua. Organoko idazkariari ordezkoa nor izango den jakinarazi eta bost egun balioduneko epean gauzatuko da ordezkapena.
16. artikulua.– Ordezkoa egitea titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean eta, oro har, bertan ez dagoenean arrazoi justifikaturen bategatik.
Titularrek kide anitzeko organoaren buruari ez direla joango jakinaraziko diote, gutxien dela bilera egin baino 48 ordu lehenago eta behar bezala egiaztatuta ez joatearen zergatia. Titularra bere hautagai zerrendako lehenengo ordezkoak ordezkatuko du. Organoko buruak ez badu ordezkoa onartzen, behar bezala arrazoitu beharko du erabakia.
17. artikulua.– Fakultatean lan egiten dutenen parte hartzea eta haien lana ikusgarri egitea eta aitortzea
Dekanotza taldeak sustatuko ditu fakultatean lan egiten duten pertsonen parte hartzea eta haien lana ikusgarri egitea eta aitortzea. Horrela, bada, besteak beste, fakultateko langileen atal bat egongo da webgunean, ikastegiko gestioaren arloko eta eguneroko gai garrantzitsuen berri emango zaie, eta ikastegian egiten diren ospakizunetarako gonbita egingo zaie.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Ikastegiko Batzarreko taldeetako ordezkariek agintean jarraituko dute hautatuak izan zireneko aldia amaitu arte. Hutsunerik sortuz gero, ordezkariak hautatuak izan zirenean indarrean zegoen araudiari jarraituz aukeratuko dira ordezkoak.
Aurreko paragrafoan ezarritakoa aplikagarri izango zaie, halaber, gobernu eta ordezkaritza organoei, baldin eta Ikastegiko Batzarrean unibertsitateko talde ezberdinen isla jasotzen badute.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabetuta geratzen da 2016ko urriaren 14an Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako UPV/EHUko Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultatearen Arautegia.
AZKEN XEDAPENA
Arautegi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
RSS