
135. zk., 2023ko uztailaren 17a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (170 KB - 7 orri.)
- EPUB (113 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
3426
ERABAKIA, 2023ko otsailaren 23koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluarena, Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolako arautegiaren aldaketa onartzeko dena.
2023ko urtarrilaren 30eko bileran, Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolako Batzarrak ikastegiko arautegia aldatzea erabaki zuen (2013ko urtarrilaren 25eko EHAA), Ikastegien Oinarrizko Arautegi berrira egokitzeko, zeina 2022ko azaroaren 9an jarri baitzen indarrean. Unibertsitateko Estatutuetara egokitzeko moldatu zen Oinarrizko Arautegia, kide anitzeko hainbat gobernu organori eta unibertsitateko kidegoen ordezkaritzari dagokienez hainbat aldaketa eginda. Era berean, teknologia berriak erabiliz deialdiaren izapideak eta akordioen argitalpena bizkortzeko aukera ere txertatu zen.
Bestetik, zenbait artikulu berrik ikastegiko gai espezifikoei eragiten dietela kontuan hartuta, eta Oinarrizko Arautegiaren artikuluekiko hainbat bateratasun aldatu egin direla ikusita, komenigarria da testu osoa berriro argitaratzea, ez soilik egindako aldaketak.
Proposatutako aldaketak Lege Zerbitzuaren aldeko txostena du.
Gobernu Kontseiluari dagokio ikastegien arautegietan egindako aldaketei behin betiko onespena ematea.
Horrela, bada, idazkari nagusiaren proposamenari jarraituz, Gobernu Kontseiluak honako hau
ERABAKI DU:
Lehenengoa.– Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolako Arautegia aldatzeko proposamena onartzea, eta aipatu aldaketak barne hartuko dituen testu berria argitaratzeko agindua ematea, eranskinean jasotako baldintzetan.
Bigarrena.– Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.
Hirugarrena.– Arautegia aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Leioa, 2023ko otsailaren 23a.
Errektorea,
EVA FERREIRA GARCÍA.
Idazkari nagusia,
AITOR ZURIMENDI ISLA.
ERANSKINA
VITORIA-GASTEIZKO INGENIARITZA ESKOLAKO ARAUTEGIA
1. artikulua.– Definizioa.
1.– Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU) integratutako ikastegia da Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskola (VGIE).
2.– VGIEk unibertsitateko ikasketak antolatzen ditu, eta graduko nahiz graduondoko tituluak eskuratzeko prozesu akademiko eta administratiboak zuzentzen eta kudeatzen ditu, baita Ingeniaritzarekin lotura duten bestelako irakats eskaintzei dagozkien prozesuak ere.
2. artikulua.– Egoitza.
1.– VGIE Arabako Campusean dago, Nieves Cano kaleko 12an (01006, Vitoria-Gasteiz).
3. artikulua.– Araubide juridikoa.
1.– Indarreko legedian, UPV/EHUko Estatutuetan eta Ikastegien Oinarrizko Arautegian xedatutakoaren arabera arautuko da VGIE, baita barne arautegi honetan xedatutakoaren arabera ere.
4. artikulua.– Kide anitzeko organoak.
Arautegi honen bitartez edo Eskolako Batzarraren aginduz betearazi beharreko eskumenei dagokienez, kide anitzeko gobernu organoak dira Eskolako Batzarra, Akademia Antolakuntzako Batzordea, Kalitate Batzordea, Berdintasun Batzordea, Hauteskunde Batzordea, Practicum Batzordea eta Euskara Batzordea. Kasu guztietan, ahalegina egingo da gizonezkoen eta emakumezkoen kopuruak orekatuak izan daitezen.
5. artikulua.– Ikastegiko Batzarraren eraketa.
1.– Honako hauek izango dira Eskolako Batzarreko kideak: zuzendaria, zuzendariordea (saiorik saiora aldatu daiteke), idazkari akademikoa, ikastegiko administratzailea eta 36 kide hautetsi, honela banatuta:
Lotura iraunkorra daukaten irakasle-ikertzaile doktoreak: 20 pertsona (% 55,7).
Lotura iraunkorra daukaten irakasle-ikertzaile ez-doktoreak eta lotura iraunkorrik ez duten irakasle-ikertzaile doktoreak: 3 pertsona (% 8,3).
Gainerako irakasle eta ikertzaileak: pertsona 1 (% 2,7).
Ikasleak: 8 pertsona (% 22,2).
AZPko langileak: 4 pertsona (% 11,1).
2.– Eskolako Batzarreko kide hautetsiak lau urterik behin aldatuko dira. Salbuespena ikasleen ordezkariak izango dira, horiek bi urterik behin aldatuko baitira.
3.– Eskolako Batzarreko kideak hautatzeko, Estatutuetan ezarritakoa bete beharko da, baita UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorrean ezarritako prozedura ere.
4.– Kide hautetsi bat berezko kide izatera pasatzen bada, edo alderantziz, aukera izango du ordezkari izaerari uko egiteko; horrelakoetan, Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorrean ordezkoak egiteko aurreikusita dauden arauak aplikatuko dira. Hala egingo ez balu, Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko hirugarren xedapen gehigarria aplikatuko da quorumerako.
6. artikulua.– Eskolako Batzarraren eskumenak.
1.– Eskolako Batzarra da VGIEko kide anitzeko ohiko gobernu organoa.
2.– Eskolako Batzarrari dagokio eskolako bizitza akademikoan eragina duten oinarrizko erabaki guztiak hartzea, eta, bereziki, honako zeregin hauek betetzea:
a) Eskolako Arautegia prestatzea eta Gobernu Kontseiluari proposatzea, onar dezan.
b) Eskolako zuzendaria hautatzea.
c) Eskolako irakasleen eta AZPko langileen premiak Gobernu Organoei aurkeztea.
d) Unibertsitateko planetan biltzen diren helburuak eskolara egokitzeko plana onartzea.
e) Hizkuntza normalkuntzako planak betetzeko eta plan horiei jarraipena egiteko premien memoriak aurkeztea Campuseko errektoreordeari, gero hark errektoreari edo, hala badagokio, Gobernu Kontseiluari bidera diezazkion.
e) Eskolari atxikitako irakasle lanpostuen eskarien gaineko iritzia ematea.
f) Ikasketa planak egitea eta haien aldaketak Gobernu Kontseiluari proposatzea, baita titulazioen ezarpen, jarraipen eta ezabatzeaz arduratzea ere.
h) Irakaskuntzarako azpiegituren planak, edo irakaskuntzan nahiz ikerketan sortutako bestelako premien planak onartzea, Eskolari atxikitako sailetako atalek proposatuta eta aldez aurretik batera aztertuta.
i) Eskaintzen diren ikasketen kalitatea eta Eskolako Kalitatea Bermatzeko Barne Sistema aldiro ebaluatuko dela bermatzea, eta unibertsitatearen zerbitzu publikoa hobetzeko neurriak proposatzea.
j) Bere zereginak betetzeko egoki deritzen batzordeak izendatzea.
k) Ikasleak ebaluatzeko arautegian zehazten diren kasuetan, epaimahaiak hautatzeko prozedura zehaztea.
l) Campuseko Batzarrean irakasleen eta ikasleen ordezkaria izendatzea; azken kasu horretan, eskolako Ikasleen Kontseiluaren proposamena kontuan hartuta.
m) Eskolan ohorezko aitortzak egiteko baldintzak ezartzea eta, hala badagokio, arautzea.
n) Ikasturteko egutegiaren proposamena onartzea eta, hala badagokio, aldatzea.
o) Urteko Kudeaketa eta Plangintza Txostena onartzea, bertan jasota egongo direlarik hizkuntza plangintza eta txosten ekonomikoa.
p) Estatutuek eta horiek garatzeko arauek emandako gainerako eginkizun guztiak, edo UPV/EHUko beste gobernu organo batzuek eskuordetzen dizkiotenak.
7. artikulua.– Akademia Antolakuntzako Batzordea.
1.– Akademia Antolakuntzako Batzordeak ebatziko ditu kredituak aitortzeko edo balioztatzeko eskariak, indarreko legeriari jarraiki. Batzordearen erabakien kontra, errekurtsoak jarri ahalko dira errektorearen aurrean.
2.– Horiek ebazteko, Akademia Antolakuntzako Batzordeko irakasleek Erreklamazio Batzorde gisa jardungo dute, betiere Graduko Titulazio Ofizialetako Ikasleen Ebaluaziorako Arautegiaren 22. artikuluan xedatutakoari jarraiki.
3.– Ikastegiko zuzendaria edo haren eskuordetza jasotzen duen pertsona izango da VGIEko Akademia Antolakuntzako Batzordeko burua, eta harekin izango ditu eskolako idazkari akademikoa, ikastegian ematen den titulazio bakoitzeko irakasle bat eta ikasleen ordezkari bat, ikasleen ordezkariek Eskolako Batzarrean hautatutakoa. Batzorde honetako kide izateko ez da beharrezkoa Batzarreko kide izatea.
8. artikulua.– Ikastegiko Kalitate Batzordea.
a) Ikastegiak Kalitate Batzordea sortuko du tituluen curriculum garapenari nahiz kalitatea bermatzeko barne sistemari lotutako plangintza eta jarraipena hobetzeko, baita irakaskuntza ebaluatzeko txostenak egiteko ere.
b) Batzordeak bere arautegiaren arabera jardungo du, zeina Eskolako Batzarrak onartuko baitu.
9. artikulua.– Ikastegiko Berdintasun Batzordea.
1.– Partaidetza, kontsulta eta aholku organo gisa jardungo du batzorde honek.
2.– Berdintasun Batzordearen helburua da emakumeen eta gizonen berdintasuna bultzatzeko politikak sustatu eta ezartzea ikastegiko bizitzarekin eta kudeaketarekin zerikusia daukaten alor guztietan.
3.– Ikastegiko zuzendaria (edo haren eskuordetza jasotzen duen pertsona) izango da VGIEko Berdintasun Batzordeko burua, eta honako kide hauekin batera osatuko du batzordea: AZPko langileen ordezkari bat, irakasle-ikertzaileen bi ordezkari eta ikasleen ordezkari bat. Horiek guztiak Eskolako Batzordeko ordezkariek hautatuko dituzte, eta batzorde honetako kide izateko ez da beharrezkoa Batzarreko kide izatea.
10. artikulua.– Euskara Batzordea.
1.– Euskara Batzordea partaidetza, kontsulta eta aholku organoa da eta haren helburua da VGIEn euskararen erabilera sustatzea, euskaraz ematen den irakats eskaintzaren plangintza eta jarraipenean parte hartuz eta unibertsitate mailan proiekzioa duten jarduerak sustatuz.
2.– Eskolako zuzendaria edo haren eskuordetza jasotzen duen pertsona izango da Euskara Batzordeko burua. Zuzendariaz gain, honako kide hauek bilduko dira batzordean: IRIko kide bi, ikasleen ordezkari bat eta AZPko langileen ordezkari bat, denak Eskolako Batzarrean hautatutakoak.
11. artikulua.– Ikastegiko Hauteskunde Batzordea.
1.– Batzorde hau arduratuko da UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorrak hauteskunde batzordeei ezartzen dizkien eskumenak egikaritzeaz.
2.– Eskolako zuzendaria edo haren eskuordetza jasotzen duen pertsona izango da Hauteskunde Batzordeko burua.
3.– Idazkari akademikoa izango da Batzordeko idazkaria.
4.– Haiekin batera, honako kide hauek bilduko dira Hauteskunde Batzordean, betiere Eskolako Batzarreko kideen artean zozketa bidez hautatuta:
a) Lotura iraunkorra daukaten irakasle-ikertzaile doktoreen ordezkari bat.
b) Lotura iraunkorra daukaten irakasle-ikertzaile ez-doktoreen eta irakasle-ikertzaile doktore ez-iraunkorren ordezkari bat.
c) Ikasleen ordezkari bat.
d) Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.
12. artikulua.– Practicum Batzordea.
1.– Batzorde hau arduratzen da curriculumeko praktikak kudeatzeaz, baita horien jarraipena egiteaz eta sor litezkeen gorabeherak ebazteaz ere.
2.– Eskolako zuzendaria edo haren eskuordetza jasotzen duen pertsona izango da Practicum Batzordeko burua.
3.– Zuzendariaz gain, honako kide hauek bilduko dira batzorde honetan: Enpresarekiko Harremanetako zuzendariordea, Automobilgintzaren Ingeniaritzako Graduko irakasle-ikertzaileen bi ordezkari eta master bakoitzaren Akademia Antolakuntzako Batzordeko kide bat, ikastegi honetan izendatutakoa.
13. artikulua.– Batzordeen funtzionamendua.
1.– Batzordea eratzeko ekitaldian, Batzorde bakoitzak zehaztuko du bere barne funtzionamendurako arautegia, gutxienez honako alderdi hauek barne hartuta:
a) Laneko bilera edo saioen maiztasuna, deialdiei buruzko arauak eta aztergaien zerrenda, etab.
b) Erabakiak hartzeko bozketen prozedurak.
c) Batzordeko kideen artean funtzioak banatzeko modua.
d) Barne funtzionamenduari buruzko arauak, eztabaidei, bertaratzeei, saioen amaierari eta abarrei dagokienez.
2.– Batzorde guztietan, Akademia Antolakuntzako Batzordean eta Hauteskunde Batzordean izan ezik, kideen artean erabakiko dute nork egingo dituen bileretan idazkari lanak, baita haren ordezkaria nor izango den ere. Honako eginkizun hauek izango ditu:
a) Batzordearen bileretako aktak jasotzea.
b) Batzordeak hartutako erabakiak egiaztatzea eta Ikastegiko Batzarrera bidaltzea, beharrezkoa denean.
c) Batzordearen jardueraren inguruan sortzen den dokumentazio guztia zaintzea.
14. artikulua.– Kide izatea eta leku hutsak betetzea.
1.– Kide anitzeko organoko kide izatea norberaren ezaugarria da eta ezin zaio beste inori utzi. UPV/EHUren Estatutuetako 166. artikuluan aipatutako egoeretan utziko dio kide batek kide izateari. Hartara, kide izateari utziko zaio baldin eta organoaren ondoz ondoko hiru bileratara edo txandakako bost bileratara justifikatu gabe huts egiten bada, arautegiak kopuru handiagoa xedatu ezean. Ikasleen ordezkarien kasuan, Ikasleen Arautegian zehaztutakoari jarraituko zaio.
2.– Organoa behin eratuta, bete gabe geratzen diren lekuak kasuan kasuko zerrendako ordezkoek beteko dituzte. Aipatutako irizpideari jarraitu ondoren bete gabe geratzen den lekuen kopurua talde bateko kideen % 50 baino handiagoa edo organoko kideen % 30 baino handiagoa bada, hauteskunde partzialak egingo dira sortu diren leku hutsak betetzeko. Modu horretara hautatutakoek ordezkari eginkizunak beteko dituzte ordezkatu beharreko kideen agintaldia amaitu arte. Organoko idazkariari ordezkoa nor izango den jakinarazi eta astebeteko epean gauzatuko da ordezkapena.
3.– Era berean, kide anitzeko organoko kide titularrak ordezkatu ahal izango dira kausa justifikaturik dagoenean, besteak beste, gaixotasun kasuetan. Ordezkapena bideratzeko, kausa justifikatua duten kideek beren egoeraren berri eman beharko diote organoko buruari, bilera deitu eta 24 orduko epean. Zuzendariak argudioak aztertuko ditu, eta horren araberako ebazpena emango du. Kide titularra ordezkatzea erabakitzen badu, hautagai zerrenda bereko lehenengo ordezkoak beteko du haren lekua.
15. artikulua.– Kide anitzeko organoa eratzea.
1.– Kide anitzeko organoa balioz eratzeko, beharrezkoa izango da kideen gehiengo osoa egotea lehen deialdian, edo kideen heren bat egotea, gutxienez, bigarren deialdian. Lehen eta bigarren deialdien artean hamar minutu igaro behar dira gutxienez. Edozein kasutan, beti egon beharko dute bileran organoko buruak eta idazkariak edo, bestela, haien ordezkoek.
2.– Ikastegiaren arautegiaren arabera, botoa kide anitzeko organoko beste kide bati eskuordetu ahalko zaio, hauteskunde prozesuetan izan ezik. Kide anitzeko organoko kide bakoitzak boto bakar bat izan dezake eskuordetuta. Organoak eratzeko quorumari dagokionez, ez dira kontuan hartuko eskuordetutako botoak. Organoko kideek idatziz adierazi beharko dute botoa eskuordetu egin dutela, eta idatzi hori bilerako aktari erantsiko zaio.
3.– Kide anitzeko organoa bigarren deialdian eratzeko beharrezko den quoruma bozketa guztietan mantendu beharko da.
4.– Hauteskunde prozesu baten ondorioz edo bat-bateko arrazoiengatik kide anitzeko organoan lekuren bat bete gabe badago eta ezinezkoa bada betetzea, organoa balioz eratzeko beharrezkoa den kopururako betetako lekuak baino ez dira kontuan hartuko.
16. artikulua.– Zuzendaria.
1.– Zuzendaria da VGIEko gobernu, ordezkaritza eta administrazio organoa, kide bakarrekoa.
2.– VGIEri atxikita dauden irakasle-ikertzaile doktore iraunkorrek hautatzen dute zuzendaria, eta errektoreak izendatzen du. Halako irakasle-ikertzailerik ez balego, lotura iraunkorra daukaten irakasle-ikertzaileen artetik aukeratuko litzateke.
3.– Eskola Batzarreko kideek hautatuko dute zuzendaria, hartarako deitutako ezohiko bilera batean. Arautegi honetan zehaztuta ez dauden gainerako gaietarako, UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorrean xedatutakoa aplikatuko da.
4.– Eskolako zuzendaria errektoreak izendatu behar du, eta izendatu ondoren hasiko da bere eginkizunak betetzen. Lau urteko agintaldia izango du. Zuzendari karguan gehienez ere ondoz ondoko bi agintaldi egin ahalko dira.
5.– Ikastegiko zuzendari izateko hautagaitzarekin batera, gobernu taldea eta programa aurkeztu beharko dira.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Arautegi honek indarrik gabe uzten du Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolako Barne Arautegia, 2013ko urtarrilaren 25ean Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutakoa.
AZKEN XEDAPENA
VGIEko arautegi hau EHAAn argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
RSS