Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

133. zk., 2023ko uztailaren 13a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
3374

AGINDUA, 2023ko uztailaren 4koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2023. urtean Kultura eta gizarte arloetako berrikuntza-proiektuetarako dirulaguntzak onetsi eta haien deialdia egiten duena (Bitartez deialdia).

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 14.1.e) artikuluaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eskumenekoak dira arte- eta kultura-jarduerei dagozkien zereginak eta jardun-arloak. Eskumen horiek musika, arte eszenikoak, liburua, ikus-entzunezkoak, ikusizko arteak eta kultura- eta sormen-industriak arloetan gauzatzea Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitu dio otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuaren 12.1 artikuluak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenak.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzaren iritziz, lerro espezifiko bat abiarazi behar da, hain zuzen ere bitartekaritza eta sare-lanaren bidez ikerketa, berrikuntza eta arte garaikidearekin konprometituta dauden proiektuak sustatzeko. Horrela, garatu ahal izango dugu desberdinen arteko kolaborazioa eta talentua, gure inguruko sortzeko gaitasuna ahal den gehiena garatzearren, elkarlan moduak areagotzeko lan-inguruak, hartzaileengana jotzeko modu berriak, hartara bizipen esanguratsu, bereizgarriagoak eragitearren eta oro har praktika kulturaletatik abiatuta berrikuntza kultural eta sozialeko estrategiak planteatzen dituzten ekimenak.

Deialdi hau Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren 2021-2024 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan dago aurreikusita (2021eko otsailaren 18an onartua eta 2023ko urtarrilaren 26an aldatua Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren agindu baten bidez), baita Kultura eta Hizkuntza Politikarako Sailaren 2023. urteko Dirulaguntzen Planean ere (2023ko urtarrilaren 26an onartua), sailaren beraren webgunean argitaratuak biak ala biak: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/sail-plana/sailaren-dirulaguntzen-plan-estrategikoa-2021-2024/

Bada nahiko kreditu, eta egokia, deialdi honek onesten dituen dirulaguntzak hornitzeko, abenduaren 23ko 15/2022 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko 2023ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorra onartzen duenak, dioenez.

Ondorioz, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Agindu honen xedea da ikerketa, berrikuntza eta kultura-arloko adierazpen garaikideekin konprometituta dauden eta bitartekaritza horretarako tresnatzat duten kultura eta gizarte arloko berrikuntza-proiektuei bideratutako dirulaguntzak emateko arauak ezartzea eta haien deialdia egitea.

2. artikulua.– Proiektuen betekizunak.

1.– Proiektuek honetarako lagungarri izan beharko dute:

– Sektore, arlo eta eragile desberdinen arteko baterako sorkuntza nahiz hibridazioa eta talentua sustatzeko, hartara gure inguruko sortze-gaitasuna ahal beste garatzearren.

– Lan-inguruak eta plataforma teknologikoak erabiltzea elkarlan-moduak, ikerketa eta ekoizpena areagotzeko.

– Hainbat hartzaile eta ikus-entzulerengana jotzeko moduko harreman- eta artekaritza-modu berriak sortzea, hartara bizipen esanguratsu, bereizgarri eta kualitatiboagoak eragitearren.

– Praktika kulturaletatik abiatuta berrikuntza kultural eta sozialeko estrategiak planteatzen dituzten ekimenak garatzea.

2.– Proiektuek kultura-sektore bati lotuak izan beharko dute (ikusizko arteak, zinema eta ikus-entzunezkoak, arte eszenikoak, literatura edo musika).

3.– Dirulaguntza jaso ahal izango dute, 2023. urtean hasiak eta 2024ko urtarrilaren 31rako amaituak izango diren proiektuak.

4.– Gutxienez % 20ko autofinantzaketa maila aurreikusi beharko du aurrekontuak, halakotzat harturik iturri publikoetatik ez datozen diru-sarrerak: laguntza pribatuak, mezenasgoa, jarduerak berak eragindako diru-sarrerak eta eskatzaileak finantzatutako zatia, alegia.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta dirulaguntzen mugak.

1.– Dirulaguntza hauen gehienezko zenbateko orokorra 500.000 eurokoa da. Horietatik 250.000 2023ko aurrekontuari lotuak dira, eta 250.000 2024ko aurrekontuari.

2.– Proiektu bakoitzari ematen zaion dirulaguntzaren gehienezko zenbatekoa 35.000 eurokoa izango da, betiere proiektuaren aurrekontuaren % 70 ez badu gainditzen.

4. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak.

Agindu honi dagokionez, diruz lagundutako jarduera motari erantzuten dioten gastuak izango dira lagungarriak, baldin eta ezinbestekoak badira eta deialdi honetan, laguntzak emateko ebazpenean eta haren aldaketetan ezarritako epean gauzatzen badira. Diruz lagun daitezkeen gastuen kostua ez da izango, sekula ere, merkatu-balioa baino handiagoa. Diruz lagun daitezkeen gastuek, halaber, 2014ko ekainaren 17ko Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 53.5 artikuluan ezarritakoa bete beharko dute.

1.– Aurkeztutako jarduera-proiektuaren barruan sortzen diren gastu hauek izango dira dirulaguntza jasotzeko modukoak:

a) Langile gastuak:

– Kudeaketa-, zuzendaritza- nahiz koordinazio-langileen gastuak

– Artisten, teknikarien eta administrazio-langileen gastuak

b) Hirugarrenen kontratazioak (ikuskizunen katxetak, azpikontratatutako zerbitzuak...).

c) Ostatu eta joan-etorrien gastuak (elkartearen langile eta arduradunenak)

d) Aktibitaterako materialen gastuak

e) Sustatze-gastuak.

f) Argia, ura, telefonoa, gasa, internet.

g) Dirulaguntzaren xedearekin zuzeneko zerikusia duten bestelako gastuak.

2.– b) puntuan adierazitako gastuen batura ezin izango da izan aurrekontuaren % 70 baino gehiago. Halaber, c) eta f) puntuetan adierazitako gastuen baturak, denera, ezin izango dira izan aurrekontuaren % 5 baino gehiago.

3.– Agindu honi dagokionez, dirulaguntza jaso dezaketen gastutzat joko dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onetsitako lege horren Erregelamenduaren 83. artikuluan esandakoarekin bat datozenak.

4.– Diruz lagun daitekeen gastu baten zenbatekoa 15.000,00 euro baino handiagoa bada (BEZik gabe), onuradunak gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu beste hainbeste hornitzaileri, delako zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa kontratatu aurretik betiere, non eta kontratu-gaiaren izaera bereziaren ondorioz merkatuan ez dagoen behar beste hornitzailerik edota gastua ez den dirulaguntza baino lehenago gauzatua. Aurkeztutako eskaintzen arteko aukera eraginkortasunaren eta ekonomiaren arabera egingo da, eta, baldin eta hautua ez bada eskaintza merkeena, berariaz justifikatu beharko da. Eskaintzak justifikazioari gehitu beharko zaizkio.

5.– Ezin izango da diruz laguntzeko moduko gastutzat hartu BEZaren zenbateko kengarria, erakunde eskatzaileak zerga horren aitorpena egin beharra duenean. Halako kasuetan egotzi ahal izango den gastu kopurua, justifikazio-agirien zerga oinarriari dagokiona izango da.

5.artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradun bilakatzeko betekizunak.

1.– 1. artikuluarekin bat datozen proiektuak gauzatzen dituzten, agindu hau argitaratzen den egunean gaitasun juridiko osoa eta jarduteko gaitasun osoa duten eta, edozein delarik ere haien eraketa juridikoa, baldintza hauek betetzen dituzten pertsona fisiko edo juridiko pribatuek baizik ezin izango dituzte jaso deialdi honetako dirulaguntzak:

a) Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda egotea beren jarduerari dagokion epigrafean. Betekizun hau beterik atxikitzea ezinbesteko baldintza izango da onuradun izateari eusteko eta, beraz, esleipena egitean zein ordainketak egitean egiaztatuko da.

b) Zerga-betebeharrak zein Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea. Betekizun hau beterik atxikitzea ezinbesteko baldintza izango da onuradun izateari eusteko eta, beraz, esleipena egitean zein ordainketak egitean egiaztatuko da.

c) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean izatea, bat etorriz honen xedapen gehigarriarekin: 1/2021 Dekretua, urtarrilaren 12koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua onartzen duena.

2.– Ezingo dituzte deialdi honetako dirulaguntzak jaso:

a) Administrazio Publikoek zein horietako baten sektore publikoko erakundeek.

b) Xede bererako Euskal Autonomia Erkidegoko 2023ko Aurrekontu Orokorrean dirulaguntza izendunen bat esleitua dutenek.

c) Laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik duten eskatzaileek, ezta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekua dutenek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrena urratuz sexu diskriminazioa egiteagatik debeku horrekin zigortuta daudenak barne.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan jasotako ezein egoeratan dauden pertsona edo entitateak.

6.artikulua.– Dirulaguntzak emateko prozedura.

Deialdi honen kargura emango diren dirulaguntzak lehiaketa bidez esleituko dira, 13. artikuluan aurreikusitako balorazio-irizpideen arabera. Dirulaguntza jasotzeko ezarritako gehienezko muga errespetatuz eta finkatutako irizpideak erabiliz, proiektuen dimentsioa aintzat hartuta haien kalitatea eta bideragarritasuna ziurtatzeko moduko onuradunak hautatuko dira. Hala, ez da emango eskatzaileek eskatutako kopuruaren % 65era iristen ez den dirulaguntzarik.

7. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Pertsona fisikoek aurrez aurre edo elektronikoki aurkeztu ahalko dituzte eskabideak:

Aurrez aurre: eskabideak Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan (hitzordua eskatuta https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean helbidean), EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako establezimendu zein bulegoetan aurkeztu ahal izango dira.

Elektronikoki: artikulu honetako 4. apartatuan adierazitako helbidean aurkeztu ahalko dira eskabideak, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren Egoitza Elektronikoan. Halaber, zuzentzen zaizkion administrazio edo organismoaren erregistro elektronikoan eta 39/2015 Legearen 2.1 artikuluan aipatzen diren subjektuetako edozeinen gainerako erregistro elektronikoetan aurkezteko aukera izango dute eskatzaileek.

Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat edo bestea –aurrez-aurrekoa edo elektronikoa- erabiltzeak ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren osteko izapideetan; alegia, noiznahi aldatu daiteke bidea.

3.– Pertsona juridikoek eskabideak elektronikoki aurkeztuko dituzte, hurrengo puntuan adierazitako helbide elektronikoan.

4.– Eskabideak elektronikoki aurkeztu ahal izango dira EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, esteka honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1033408

Eskabidearen osteko izapideak, elektronikoki egindakoak, jakinarazpenak barne, EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, https://www.euskadi.eus/nirekarpeta helbideko «Nire karpeta» atalean egingo dira.

EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Eskabidea eta osteko izapideak pertsona edo erakunde eskatzailearen ordezkari batek egin ahal izango ditu, elektronikoki edo paperean. Horretarako, ordezkaritza ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, https://www.euskadi.eus/ordezkariak helbidean. Nolanahi ere, izapideak elektronikoki egin beharko dira Administrazioarekin harreman elektronikoa izatera behartuta dagoen interesdun bat ordezkatzen dutenean.

5.– Pertsona eta erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskabidea, atxikitako dokumentazioarekin batera. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabili ahal izango da prozedura osoan, Euskararen Erabilera Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duen moduan.

6.– Eskabidean, besteak beste, adieraziko da zein administrazio-organo, -zentro edo -unitateri zuzentzen zaion eta zer identifikazio-kode duen hark.

7.– Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartzea dakar; horrek ez du kentzen arautu moduan aurkaratu ahal izatea.

8. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskatzaileari dagokion dokumentazioa:

a) Pertsona fisikoa izanez gero:

Aurrez aurre izapidetuz gero bakarrik, eskabidea sinatu duenaren identitatea egiaztatzea, NANaren kopia aurkeztuta. Aurkeztu ezean, organo eskudunak telematikoki egiaztatuko du identitatea.

b) Pertsona juridikoa izanez gero:

Administrazio honetako erregistroetan dauden erakundeek eskabidean adieraziko dute zer erregistrotan dauden, eta ez dute erregistro horren agiririk aurkeztu beharko.

Beste administrazioetako erregistroetan dauden erakundeak egiaztatu beharko dute beren nortasun juridikoari dagokion legezko eraketa, ordezkaria den pertsonaren identitatea eta daukan legezko ordezkaritzako ahalmena, honako dokumentazio honen bitartez:

– Sortze-eskritura eta estatutuak eta dagozkion erregistro publikoetan izena emanda dagoela egiaztatzen duen agiria.

– Identifikazio Fiskalaren Zenbakiaren txartela.

– Pertsona juridiko eskatzailearen legezko ordezkariaren identitatea akreditatzea NANaren kopia aurkeztuta, edo bestela ordezkariaren identifikazio fiskaleko zenbakiaren txartelaren kopia aurkeztuta. NANaren kopia aurkeztu ezean organo eskudunak telematikoki egiaztatuko du identitatea. Halaber aurkeztuko dira legezko ordezkatze-ahalmenaren egiaztagiriak.

2.– Proiektuari dagokion dokumentazioa. Dokumentazio hau formatu elektronikoan aurkeztuko da, ahal dela:

– Proposamena azaltzen duen txostena, beraren interesa eta balioa zehazten dituena, bai eta nola garatuko den argitzen duena ere. Gainera, proposamena zuzen baloratzeko behar diren alderdiak azalduko ditu, bat etorriz agindu honen 13. artikuluko 1. eta 2. apartatuetan ezarritako irizpideekin. Eskatzaileak justifikatu beharko du proiektua emandako ezaugarriekin gauzatzeko dirulaguntza beharrezkoa dela.

– Proposamenaren laburpen-fitxa, euskadi.eus gunean ezarritako ereduaren arabera.

– Proiektuaren aurrekontua, partidaka banakatua eta xehatua, aurreikusitako gastu-sarrerak jasoko dituena, euskadi.eus gunean ezarritako ereduaren arabera.

– Aurreikusitako egutegia, euskadi.eus gunean ezarritako ereduaren arabera.

3.– Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du, automatikoki, dirulaguntza eskatu duten pertsonek 5. artikuluko a) eta b) apartatuetan esandako baldintzak betetzen dituztela, eta, horretarako, ez du pertsona horien oniritzia beharko, hala xedatzen baitu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluak. Hala ere, interesdunek horren aurka egin ahal izango dute berariaz, baina, kasu horretan, beraiek lortu eta aurkeztu beharko dituzte esandako egiaztagiriak.

4.– Aurkeztuko diren dokumentu elektronikoak, erabilitako bidea (presentziala edo elektronikoa) edozein izanik ere, ezaugarri hauek izan beharko dituzte:

a) Deskargatzeko ereduak erabiliko dira holakoak daudenean. Bestelako kasuetan, ahal bada dokumentazioa MS Word edo MS Excel formatuetan aurkeztuko da.

b) Dokumentazio elektroniko guztiaren gehienezko tamaina 30 Mb izango da.

c) Bideoak web-helbide baten bidez aurkeztu ahal izango dira.

5.– Interesdunek dokumentu horiek lehenago ere aurkeztuak baldin badituzte, ez dute zertan berriz aurkeztu, baina zein organotan, zer prozeduratan eta noiz aurkeztu zituzten adierazi beharko dute.

9.artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak ezartzen duenaren arabera (1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira, hasiera batean, betebehar hauek:

– Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haiek emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea.

– Pertsona edo erakunde eskatzaileak ez izatea laguntza publikoak lortzea eragozten dion zigor administratibo edo penalik, ezta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.

– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean izatea.

– Ez izatea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan xedatutako ezein debeku-kasuan.

– Laguntza hauen onuradun izateko indarrean diren arauetan ezarritako betekizunak konplitzen dituztela adieraziko dute halaber eskatzaileek.

Hasiera batean erantzukizunpeko adierazpenen bidez akreditatutako betekizunak bidezko agiri baten bidez frogatu beharko dituzte onuradun izateko proposatzen direnek, deialdia ebatzi aurretik.

10. artikulua.– Dirulaguntzen kudeaketa.

Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honen bidez emango diren dirulaguntzak kudeatzeko lanak egitea, eta Kultura Sustatzeko Zuzendaria izango da laguntza horien arduraduna.

11. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

1.– Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartaraziko zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, ulertuko dela aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez eskabidean atzera egin duela edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

2.– Pertsona juridiko batek eskabidea aurrez aurre egiten badu, aurkezpen elektronikoaren bitartez egin dezala adieraziko zaio, eta, horri dagokionez, aurkezpen elektronikoa egin den eguna joko da eskabidearen aurkezpen-datatzat.

12. artikulua.– Balorazio-batzordea.

1.– Deialdi honetara aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da. Hauek izango ditu kideak:

– Batzordeburua: Kultura Sustatzeko zuzendaria.

– Bokalak: agindu honen gaian adituak diren gizon-emakumeen artetik Kulturako sailburuordeak izendatutako 3, 4 edo 5 bokal.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari batek jardungo du idazkari gisa, zuzendariak izendatuta. Hitza izango du, baina botorik ez.

Era berean, gai zehatzak aztertzeko balorazio-batzordearen bileretan parte har dezakete bertaratuen gehiengoak onartzen dituen eta jorratu beharreko gaiari buruz jantzita dauden pertsona guztiek, eta hitza izango dute, baina botorik ez.

2.– Beste eginkizunen artean, idazkariak balorazio-batzordearen jarduketen legezkotasun formala eta materiala zaindu beharko du.

3.– Balorazio-batzordean izendatutako aditu-profesionalek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, honakoak frogatzeko: Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan ezartzen diren abstentziorako kausaren batean ez daudela; isilpekotasuna bermatuko dutela; eskatzaileek aurkeztutako agiriak proiektuak baloratzeko baino ez direla erabiliko, eta hori deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz egin dela; eta, ebazpen-proposamena eman ondoren, espedienteetako agiri guztiak deialdia kudeatzen duen organoari itzuliko zaizkiola.

4.– Balorazio-batzordeko kideak izendatzerakoan, Gizonen eta Emakumeen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan xedatutakoa beteko da.

5.– Balorazio-batzordearen behin betiko osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den Kulturako sailburuordearen ebazpen baten bidez jakinaraziko da, batzordea eratu aurretik, interesdunek errefusatzeko duten eskubidea erabil ahal izan dezaten, legez ezarritako zehaztapen eta baldintzetan.

6.– Batzordeak, ezarritako esleipen-irizpideetan oinarrituta adostuko du Kulturako sailburuordeari aurkeztuko dion dirulaguntzak ebazteko proposamena. Proposamenean adieraziko da zer eskabide onartu diren, zein ez eta zergatik ez diren horiek onartu; halaber onuradunen identitatea, proiektuen balorazioa, egindako eskabideak aintzat hartu diren ala ez eta esleitutako dirulaguntzen zenbatekoa, urteka. Batzordearen eztabaidak eta erabakiak akta batean bilduko dira.

Proposamenean, ordezko onuradunak izendatu ahal izango dira, gerta baitaiteke hautatutakoek dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta hamabost eguneko epean horiei uko egitea. Kasu horretan, ordezkoak jasoko duen dirulaguntzaren zenbatekoa hasieran onuradun izendatu zenari eman zaiona bera izango da. Uko-egileari emandako dirulaguntza ordezkoari dagokiona baino handiagoa bada, muga horretaraino murriztuko da laguntza.

7.– Balorazio-batzordeak behar adina azalpen eskatu ahal izango dizkie eskatzaileei, eskabideak egokiro ebaluatzeko beharrezkoa ikusten duenean.

13. artikulua.– Hautapena eta kuantifikazioa egiteko-irizpideak.

1.– Balorazio-batzordeak jasotako eskabideak aztertuko ditu, onartzeko baldintzak betetzen dituzten analizatuko du, eta erabakiko du zein onartuko diren eta zein ez. Hurrena, onartutakoak jarraian aipatzen diren irizpide eta baremoen arabera ebaluatuko ditu. Lehenik, aurkeztutako proiektuak irizpide hauen arabera baloratuko dira:

a) Proiektuaren kalitatea eta berritzeko gaitasuna. Kontuan hartuko da proiektuak sortzen dituen esperimentaziotik abiatzen diren eduki berri, original eta bereziak (30 puntu gehienez: kalitatea, 10 puntu gehienez; berritzeko gaitasuna, 20 puntu gehienez).

b) Hibridazioa. Aintzat hartuko dira sektore-dibertsitatea eta eragile-kopurua, bai proiektuaren diseinuan eta kudeaketan, bai hura gauzatzean (20 puntu gehienez).

c) Proiektuaren interes publikoa. Kontuan hartuko dira publiko hartzailearen kopurua eta dibertsitatea (10 puntu gehienez), bai eta gizartean zenbateraino sustatzen den kultura-artekotasuna eta kultura-praktika ere (5 puntu gehienez).

2.– Aurreko bi irizpideen balorazioan gutxienez 50 puntu lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira. Beste proiektuak baloratuak izango dira, bigarrenik, hurrengo irizpideen arabera:

a) Aurrekontuaren egokitasuna, proiektuan erabilitako enpresa-baliabideak eta proiektuaren kalitate-prezio erlazioa aproposa izatea (15 puntu gehienez). Aurrekontua orekatua, objektiboa, arrazoizkoa eta proportzionatua izatea balioetsiko da.

b) Euskararen erabilera (10 puntu gehienez). Aintzat hartuko da proiektuaren hartzaileei euskaraz zuzentzea, komunikazioa eta publizitatea euskaraz egitea eta material idatzi zein entzutezkoa euskaraz izatea (ekitaldiak euskara hutsez badira, 10 puntu; euskararik ez bada erabiltzen, 0 puntu; eleaniztuna, euskara barne, 5 puntu)

c) Sortze- eta erabakitze-prozesuetan emakumezko sortzaile eta eragile kulturalek parte hartzea (10 puntu gehienez). Aintzat hartuko da sortzaileen arteko eta eragile kulturalen arteko emakume proportzioa zein erakunde eskatzaileen erabakitze-organoetako emakume proportzioa (emakumeen proportzioa % 40 eta % 60 bitartean bada, 10 puntu; bestela, 0 puntu)

3.– Artikulu honetan ezarritako balorazio-baremoaren puntuazio osotik gutxienez 65 puntu lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira, eta ezingo dira aukeratutakoen artean sartu.

4.– Hautatutako proiektu bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, 3.1 artikuluan adierazitako diru-zuzkidura orokorra banatuko da onuradunek balorazio-irizpideei jarraikiz loturiko puntuazioaren arabera, prozedura honi jarraikiz:

a) Puntu gehien bildu dituen proiektutik hasita esleituko dira dirulaguntzak, betiere muga hauek aplikatuta: (a) eskatutako kopurua, (b) 35.000 euro (3.2 artikuluak ezarritakoa) eta (c) aurrekontuaren % 70 (3.2 artikuluak ezarritakoa). Hiru mugetan txikiena esleituko zaio eskatzaileari.

b) Prozedura errepikatu egingo da artikulu honen 3. apartatuan aipatzen den irizpidea gainditzen duten hurrengo proiektu hautatuekin, lortu duten puntuazioaren arabera handitik txikira antolatuta, harik eta aurreikusitako zuzkidura agortu arte. Horretarako, aurreko puntuan aipatu diren mugei egokitze-faktore proportzional bat aplikatuko zaie, faktore hori izanik dirulaguntza kalkulatzen ari zaion proiektuak jaso duen puntuazioaren eta puntuazio handienaren arteko arrazoia.

5.– Eskatzaileek hainbat proiektu aurkezteko aukera badute ere, proiektu bana besterik ezin izango da diruz lagundu. Eskatzaile batek proiektu bat baino gehiago aurkezten baldin badu, balorazio-irizpideak aplikatuta puntu gehien eskuratzen duen proiektuari lagunduko zaio.

14. artikulua.– Ebazpena.

1.– Agindu honetan jasotako dirulaguntzei buruzko ebazpena Kulturako sailburuordeak emango du, balorazio-batzordearen proposamena ikusi ondoren, eta banan-banan jakinaraziko zaie eskatzaileei. Ebazpenean adieraziko da zer eskabide onartu diren eta zein ez eta zergatik, zeini esleitu zaien dirulaguntza eta zeini ez, proiektuen balorazioa, egindako eskabideak aintzat hartu diren ala ez eta laguntzen zenbatekoa, urteka banakatuta. Aldez aurretik, onuradun izateko proposatutako eskatzaileek agiri bidez frogatu beharko dute hasiera batean erantzukizunpeko adierazpenez akreditatutako betekizunak betetzen dituztela, 9. artikuluan xedatu bezala.

2.– Ebazpenaren jakinarazpen elektronikoa Egoitza Elektronikoaren «Nire karpeta» atalean egingo da. Paper bidez izapidetzea eskatu duten interesdunei idatziz jakinaraziko zaie ebazpena.

Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, interesdunei jakinarazteko zein denek horien berri izan dezaten.

Paperean egiten diren jakinarazpen guztiak interesdunen eskura jarriko dira jarduten ari den administrazioaren edo organismoaren egoitza elektronikoan ere, haien edukia beren borondatez eskuratu ahal izan dezaten.

3.– Ebazpen horretan ordezko onuradunak izendatu ahal izango dira, gerta baitaiteke hautatutakoek epearen barruan dirulaguntzari uko egitea, bat etorriz 12. artikuluko 6. apartatuan xedatutakoarekin.

4.– Ematen den ebazpenak ez dio administrazio-bideari amaiera ematen. Beraz, haren aurka, gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, horrela dago-eta xedatuta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121 eta 122. artikuluetan.

5.– Eskabideak ebazteko eta pertsona interesdunei jakinarazteko epeak sei hilabete iraungo du gehienez, deialdi-agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Ebazteko epea inolako jakinarazpenik egin gabe amaituz gero, interesdunek eskabidea errefusatutzat jo ahal izango dute, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

6.– Interesdunari bide batetik baino gehiagotatik egiten bazaio jakinarazpena, lehenik egin zaionarena hartuko da jakinarazpen-datatzat.

7.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo erakunde autonomoek onuradunari ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntza batzuk eman izana dela -eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozeduraren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozedura hura amaitu egin beharko da onuradunari dirulaguntzak zein laguntzak esleitu zein ordaindu ahal izateko. Halaber, ezin izango da dirulaguntzarik ez esleitu, ez ordaindu, baldin eta dirua itzultzeko prozedura bat amaituta dirua itzuli behar dela ebatzi bada eta ez bada diruaren itzulketa gauzatu. Baldin eta borondatez ordaintzeko epea ahituta ez bada itzulketa egin, baldintzapean esleitutako dirulaguntza indarrik gabe geratuko da onuradun izateko debeku-kasu batean izateagatik.

15. artikulua.– Bateraezintasunak.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak eta beste edozein erakunde publikok edo pribatuk emandakoak batera erabil daitezke helburu berbererako, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik badago, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion mugaraino.

2.– Halere, deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak ez dira bateragarriak izango Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak emandako beste dirulaguntzekin. Berariaz adierazten da Sorgune deialdiko dirulaguntzekiko bateraezintasuna.

16. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.

Agindu honetan onetsitako dirulaguntzak jasotzen dituztenak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluek eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsia) 50.2 artikuluak araututako jardunbideari loturik geratuko dira. Nolanahi ere, betebehar hauek ere izango dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman dela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean onuradunek berariaz uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat emango da.

b) Dirulaguntza eman zaion xede horretarako erabiltzea.

c) Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dirulaguntzen fiskalizazio-lanetan behar duten informazio guztia ematea.

d) Diruz lagundutako proiektua deialdirako aurkeztu diren baldintzetan garatzea. Dena den, aldaketak ere egin ahal izango dira, baldin eta aldaketok funtsezkoak ez badira eta ez badute bideragarritasun ekonomikoa eragiten. Aldaketa horiek idatziz komunikatuko zaizkio Kulturako sailburuordeari eta hark, jakinarazpena jasotzen duen egunetik aurrera hamabost eguneko epea izango du horiek onartu edo gaitzesteko. Epea inolako berariazko jakinarazpenik jaso gabe igaroz gero, aurkeztu den aldaketa onartu dela ulertuko da.

e) Dirulaguntza ematen duen organoari jakinaraztea Estatuko nahiz mundu mailako beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatuek xede bererako ematen dituzten bestelako laguntza edo dirulaguntzak jasotzen diren.

f) Onuradunek konpromisoa hartzen dute diruz lagundutako proiektuen informazio, publizitate, sustapen guztietan eta ondorio horretarako erabiltzen den edozein hedabidetan obrak Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren laguntzaz egin direla adierazteko.

17. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea eta justifikatzea.

1.– Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu daiteke (elektronikoki izapidetu beharra duten pertsonak halaxe egin beharko dute), dagokion zerbitzuaren bidez, baita egoitza elektronikoan ere, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

2.– Agindu honen kontura esleitutako dirulaguntzak honela ordainduko dira:

a) Dirulaguntzaren % 50 esleipen-ebazpena jakinarazi ondoren eta handik hamabost egun balioduneko epea igaro ondoren ordainduko da, berariaz uko egiten ez bazaio.

b) Gainerako % 50a, 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera, dirulaguntza osoa artikulu honen 3. apartatuan azaltzen den moduan justifikatu ondoren, betiere.

3.– Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari (PFEZ) dagozkion atxikipenak eta ordainketak kenduko zaizkio laguntza edo dirulaguntzaren zenbatekoari, zergari buruzko arauek hala xedatzen dutenean.

4.– Dirulaguntza jasotzen duten pertsona/entitate onuradunek, lagundutako jarduera bukatu eta hiru hilabeteko epean, 2024ko apirilaren 30a baino lehen, dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte, betiere:

– Lagundutako jarduerari buruzko txosten zehatza, egikaritzea, betetze-maila eta ebaluazioa azaltzen dituena.

– Diruz lagundutako jardueraren behin betiko egikaritze-aurrekontua (gastuak eta diru-sarrerak), ahalik eta zehatzena, zinpeko aitorpen bidez, eskabidearekin onartutako aurrekontuaren formularioaren arabera.

– Ez da onartuko aldaketa nabarmenik egitea behin betiko egikaritze-aurrekontuaren gastuko kontzeptuetan, onartutako aurrekontuarekiko, baldin eta tartean erabat justifikatutako arrazoirik ez badago eta, betiere, emandako dirulaguntzari 2.2 artikuluan ezarritako muga gainditzen ez bada.

– Diruz lagundutako programa edo jarduera gauzatzeak sorturiko gastuak justifikatzen duten dokumentu guztien zerrenda, euskadi.eus gunean ezarritako ereduaren arabera. Ez da tiket bidezko justifikaziorik onartuko.

– Izandako gastu guztia justifikatzen duten egiaztagiri eta fakturak, jarduera osoari dagozkionak. Gastu bat gauzatutzat jotzeko ez da beharrezkoa izango justifikatzeko epea amaitu aurretik ordaindua izatea.

– Katalogo, egitarau, iragarpen-kartel, argazki eta gainerako material grafiko edo soinuzkoaren hizkuntz bertsio desberdinetako aleak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa espresuki adierazita dutelarik.

5.– Pertsona fisikoek justifikazioak aurrez aurre edo elektronikoki aurkeztu ahalko dituzte:

– Aurrez aurre aurkeztu ahal izango dituzte Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan (aldez aurretik hitzordua eskatuta https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean helbidean), EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako establezimendu eta bulegoetan.

– Justifikazioak elektronikoki ere aurkeztu ahalko dituzte, https://www.euskadi.eus/nirekarpeta gunean.

6.– Pertsona juridikoek justifikazioak elektronikoki aurkeztuko dituzte, aurretik adierazitako helbide elektronikoan.

7.– Justifikazioak nola izapidetu behar diren azaltzen dituzten argibideak, izapidetze presentzialerako zein elektronikorako, euskadi.eus-en egongo dira ikusgai, agindu honetako 7.4 artikuluan adierazitako helbideetan.

8.– Laguntzaren onuraduna erregistratu gabe badago Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan, edota Erregistroan dauden bere banku-datuak aldatu nahi baditu, Eusko Jaurlaritzako hirugarrenaren alta eskatu beharko du.

9.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek onuradunari ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei dirulaguntza ordaindu ahal izateko.

18. artikulua.– Azpikontratazioa.

1.– Onuradunak hirugarren batzuekin azpikontratatzen duen jarduera, diruz lagundutako jardueraren % 75era iritsi ahal izango da, azpikontratu guztien prezioak batuta.

2.– Kontzeptu honetatik kanpo geratzen dira onuradunak dirulaguntza jaso duen proiektua bere kabuz egiteko egin behar dituen gastuen kontratazioa.

3.– Edozein kasutan, onuradunei eta kontratistei Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onetsitako Lege haren Araudiaren 68. artikuluan ezarritako muga eta betebeharrak aplikatuko zaizkie.

19. artikulua.– Likidazio-ebazpena.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onesten duen Euskal Herriko Ogasun Orokorreko Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 49.12 artikuluarekin bat etorriz, dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira edo kasu guztietan beste administrazio edo entitate publiko zein pribatuetatik beste laguntzarik jaso bada, edo helburu berbererako beste edozein diru-sarrera badago, horrek dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea ekar dezake, betiere laguntza arautzen duen xedapenak ezarritako gutxieneko betekizunak gordetzen badira. Horretarako, Kulturako sailburuordeak likidazio-ebazpena emango du, emandako diru-zenbatekoak doitzeko.

20. artikulua.– Ez-betetzeak eta dirua itzultzeko kausak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluak xedatutakoari dagokionez, hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako dirulaguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Agindu honetan edo dirulaguntza emateko egintzan adierazitako betebeharrak ez betetzea.

c) Dirulaguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea (hala badagokio).

d) Dirulaguntzekin lotutako xedapen orokorretan, bereziki Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan, nahitaez bete beharrekotzat jotako beste edozer ez betetzea.

2.– Onuraduna nabarmen hurbiltzen bazaio proiektua erabat betetzeari eta haren jarduna zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzera zuzendua dela frogatzen badu, itzuli beharreko kopurua izandako ez-betetzeak aintzat hartuko dituzten graduazio-irizpideen araberakoa izango da, eta horrela kalkulatuko da zer kopuru ordaindu behar zaion azkenik onuradunari edo, bestela, hark itzuli beharreko zenbatekoa. Irizpide horiek proportzionaltasun-printzipioari erantzungo diote.

3.– Baldin eta esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoak gainditzen badu –dela bera bakarrik, dela beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera nahiz baliabideekin batera– lagundutako jardueraren kostua, bidezkoa izango da kostuarekiko gehiegiz ordaindutako kopurua itzultzea, bai eta dirulaguntzen arloan egokitzen zaion berandutze-interesa ere.

4.– Ez betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta dirulaguntzen arloan egokitzen zaizkion legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren eta abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuaren arabera (hurrenez hurren, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onesten duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua).

21. artikulua.– Izaera pertsonaleko datuei buruzko oinarrizko informazioa.

Zure datu pertsonalak tratamendu-jarduera honen babespean tratatuko ditugu: Kultura eta sormen eremura bideratutako laguntzak eta dirulaguntzak.

Arduraduna: Kultura Sustatzeko Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.

Helburuaren deskribapena: Kultura eta sormen sektoreko laguntza ekonomikoak eta dirulaguntzak kudeatzea.

Legitimazioa: interes publikoaren alde edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak gauzatzearen alde egindako misio bat betetzeko beharrezko tratamendua.

Hartzaileak: gai horretan eskumena duten administrazio publikoak.

Eskubideak: bere datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea du eskatzaileak, baita informazio gehigarrian jasotzen diren beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: honako web-helbide honetan kontsulta dezakezu datu pertsonalen babesari buruzko informazio gehigarria: https://www.euskadi.eus/informazioklausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/024300-capa2-eu.shtml

Araudia: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa.

LEHENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak aztertu eta egiaztatu ahalko ditu emandako datuak, laguntzak zuzen esleitzeko.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, bere aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko uztailaren 4a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala