
133. zk., 2023ko uztailaren 13a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (208 KB - 14 orri.)
- EPUB (121 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
3373
EBAZPENA, 2023ko ekainaren 27koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Monteganeko (Berriatua) eta Gorozikako (Ondarroa) edateko uraren araztegietako hornidura-sistemak bateratzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena.
AURREKARIAK
2023ko martxoaren 20an, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak eskabidea bete zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Monteganeko (Berriatua) eta Gorozikako (Ondarroa) edateko uraren araztegietako hornidura-sistemak bateratzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan (prozedura hori Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan dago arautua).
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua betez, kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2023ko apirilaren 26an, eragindako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait organismoren txostenak jaso dira, eta emaitzak espedientean daude jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola izapideari.
Bestalde, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.
Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handi bat bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko xedez.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 76.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie lege horren II.E eranskinean zerrendatzen diren proiektu publiko zein pribatuei. «3.– Beste proiektu batzuk, II.D eranskinekoak ez direnak, zuzenean edo zeharka, bakarrik edo beste plan, programa edo proiektu batzuekin batera, eragin nabarmena izan badezakete naturagune babestuetako batean edo natura-ondarea kontserbatzeko araudiaren arabera babes-araubidea duten naturaguneetan».
Proiektuak lehen mailako hornidura-sareen hoditeria berriak aurreikusten ditu, guztira 4.575 metroko luzera eta 800 mm-tik beherako diametroa dutenak. Horiek «Artibai ibaia» KBEn (ES2130011) eta haren babesgune periferikoan sartzen dira, puntualki.
Proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ondoren, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egin du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen edota, bestela, zer baldintzatan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea Monteganeko (Berriatua) eta Gorozikako (Ondarroa) edateko uraren araztegietako hornidura-sistemak bateratzeko proiekturako, honela:
A) Proiektu honen xedea da Berriatuako eta Ondarroako hornidura-sistemek zerbitzatutako biztanleentzako emari-horniduraren gabeziak konpontzea, bai eta eskura dauden baliabideak optimizatzea ere, Gorozikako (Ondarroa) edateko uraren araztegitik hartutako uren tratamendua eta banaketa zentralizatuz.
B) Monteganeko (Berriatua) eta Gorozikako (Ondarroa) edateko uraren araztegietako hornidura-sistemak bateratzeko proiekturako ingurumen-inpaktuaren txostena ematea xede duen ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-txostenaren edukia aztertzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz, betiere:
1.– Proiektuaren ezaugarriak.
Berriatuako hornidura-sistemak 4.700 biztanle inguru zerbitzatzen ditu, 20 km2-ko azaleran. Gaur egun, Beketxe, Pertike, Urdinoleta eta Urepeleko hartuneetatik ateratako emarietatik hornitzen da, azken horretan ponpaketa-ekipamendu bat erabiliz. Emariak Monteganeko edateko uraren araztegian tratatzen dira.
Ondarroako hornidura-sistemak 8.397 biztanle inguru zerbitzatzen ditu, 3,6 km2-ko hedaduran. Gorozikako edateko uraren araztegitik hornitzen da, Amaioa ibaiko eta Olaberreka eta Munabeko hartuneen eta Artibai ibaiko ubideko (Muniosolo) presa txikiko hartunearen bidez.
Proiektatutako jarduketak hauek dira:
– Muniosoloren eta Berriatuako ponpaketaren arteko hoditeria (200 mm-ko diametroa):
• Muniosoloko hartunearen eta karga-hausturako kutxatila berriaren arteko hoditeria: gaur egun, hartune bat dago Artibaiko (Muniosolo) presa txikian. Bertatik eramaten da ur gordina Gorozikako edateko uraren araztegira, hodi baten bidez, ubidean zehar. Horren ordez, hoditeria berri bat aurreikusten da, presa txikiko hartunetik irteten dena, lehenik eta behin, handik hurbil proiektatutako ponpaketa berriraino (33 m), eta ondoren, Urepelen dagoen hartunetik hurbil dagoen karga-hausturaren kutxarila berriraino. Tarte horren luzera 395 metro ingurukoa izango da, eta, funtsean, gaur egungo galtzadaren azpitik pasatuko da. Muniosoloko hartunean, sistema bat instalatuko da, ibaiaren emari ekologikoa bermatzeko. Horretarako, presa txikian eta hartune-putzuan esku hartu beharko da. Ponpaketa berrirako, oinplanoan 42 m2 inguruko eraikuntza bat egin beharko da, partzialki lurperatuta. Urepeleko egungo ponpaketa, bestalde, oinplanoan 27 m2 inguruko azalera duen eraikuntza berri batean jarriko da.
• Urepeleko karga-hausturaren kutxatila berriaren eta Berriatuako ponpaketa berriaren arteko hoditeria: lehen deskribatutako hoditeriak karga-hausturaren kutxatilatik Berriatuako ponpaketa berriraino jarraituko du, Cikautxo enpresaren ondoan autokarabanak garbitu eta aparkatzeko dagoen lurzatiaren ondoan, Magdalena kalearen alboan. Hoditeria horren luzera 525 metro ingurukoa izango da, eta, funtsean, gaur egungo galtzadaren azpitik pasatuko da. Muniosoloko hartuneko emaria (gehienez 40 litro segundoko) eta Urepeleko hartuneko emaria (gehienez 3 litro segundoko) eramango ditu. Urepeleko hartunea gaur egun Monteganeko edateko uraren araztegira doa, Artibairen eskuineko ertzean. Hala ere, hoditeria hori ordeztuz, beste ponpaketa bat egingo da, Urepeleko egungo hartunearen esparruaren barruan, ura karga-hausturako kutxatilaraino eramateko. Beharrezkoa da azken zuloa egitea, Berriatutik Ondarroara doan BI-633 errepidea salbatzeko. Zulo hori 29,50 metroko luzeran egingo da, sakonera hasierako putzuan 1,65 metrokoa izanik eta irteerako putzuan 2,20 metrokoa. Hoditeriak 500 mm-ko diametroa izango du.
– Monteganeko (Berriatua) ur-biltegitik Gorozikako edateko uraren araztegiaren arteko hoditeriak (200 mm-ko diametroa):
• Berriatuaren eta Berriatuako ponpaketa berriaren arteko hartune-tarteak: oro har, Berriatuako sistemako hartuneetatik datozen ur gordinak zeharkatu nahi dira (Beketxe, Pertike Urdinoleta, Muniosolo eta Urepel), gaur egun Monteganeko edateko uraren araztegira iristen direnak, Berriatuako etorkizuneko ponpaketaraino, ondoren Gorozikako edateko uraren araztegira bultzatzeko, Ondarroan. Jarduera horien osagarri, Monteganeko ur-biltegirako ur-sarrera ezabatuko da, eta, beraz, bere edateko uraren araztegiaren funtzionamendua etengo da. Hala, biltegi eta erregulazioko gordailu bat izatera pasatuko da. Horrenbestez, dauden instalazioak egokitu egingo dira, ur-biltegi gisa funtzionatu dezaten. Bestalde, ez da beharrezkoa izango Urepeleko egungo hoditeria, Artibai ibaiaren ezkerraldeko lursailetatik Monteganeko edateko uraren araztegira iristen dena, ubidea zeharkatuz. Hoditeria berri bat egingo da ur gordinak Monteganeko ur-biltegitik Berriatuako ponpaketa berrira eramateko. Hoditeria horrek 645 m inguruko luzera izango du. Garraiatutako emarien deribazio eta konexioko kutxatila Monteganeko ur-biltegiaren inguruan eraikiko da, haren esparruaren barruan. Berriatuako ponpaketan, Muniosoloko hoditeria berriarekin batuko da (Urepeleko hartunea ere eramaten du). Hoditeria berria Gorozikako edateko uraren araztegitik datorren araztutako uraren banaketa-hodi berriarekin paraleloan pasatuko da, zanga beretik, Monteganeko ur-biltegiraino.
• Monteganeren eta Berriatuako ponpaketaren arteko hoditeriako tarte berriek eta ura banatzeko hoditeriak Artibai ibaia zeharkatuko dute, Cikautxo zubiaren egitura aprobetxatuz, horma-bularrean txertatutako euskarri metalikoen bidez.
• A priori, Larruskaineko hoditeriak independente izaten jarraituko du, egungo baldintzetan. Hala ere, larrialdiko aukera moduan bertatik datozen emariak sartu ahalko dira, 25 metroko konexio-hoditeria berri baten bidez (larrialdiko bideratzea).
• Bypass kutxatila bat jarriko da Monteganeren eta Berriatuako ponpaketen arteko hoditeria eta Berriatuako ponpaketaren eta Gorozikaren arteko hoditeria batzeko gunean.
• Berriatuako zundaketa: proiektatutako Berriatuako ponpaketa berriaren ondoan, egin berri den zundaketa bat dago, ponpaketara beste 15 l/s-ko emaria eramango duena.
• Berriatuako ponpaketa: 95 m2 inguruko eraikuntza bat egongo da, +15 m-ko kotan, 500 urteko itzulera-aldiko uholdeen kotaren gainetik. 35 m3-ko ur-biltegi bat eraikitzea proiektatu da. Ponpaketaren funtzionamendua Gorozikako edateko uraren araztegietako gordailuetatik telematikoki eskatzen den eskariaren arabera ezarriko da. Ponpaketaren gehieneko emaria 51,20 l/s-koa izango da, hau da, Berriatua eta Ondarroako urteko biztanleria-kontsumoaren gehieneko emaria, Gorozikako edateko uraren araztegitik. Azpiegitura hidrauliko hori hiri-bilbean hobeto sartzeko, ponpaketa-eraikin bat diseinatu da (itxura landugabea emateko ahalegina egin da).
• Berriatuako ponpaketaren eta Gorozikako edateko uraren araztegiaren (Ondarroa) arteko tartea: Berriatuako ponpaketa berritik, Berriatuako sistemako hartuneetatik eta zundaketatik eratorritako ur gordinen hoditeria barne hartzen du, Gorozikako edateko uraren araztegiraino. Hoditeriak Muniosoloko egungo hoditeriaren zati bat aprobetxatuko du. 852 metroko luzera edukiko du, Orubixe ponpaketako hoditeriarekiko loturaraino, Urubiazpiko baserriaren ondoan. Puntu horretatik, egungo hoditeria mantenduko da, 370 metroko luzerarekin, Gorozikako edateko uraren araztegiraino. Hoditeria horrek Artibai ibaia zeharkatuko du, zulo baten bidez, 195 metro inguruko luzeran.
• Gorozikako edateko uraren araztegiko instalazioak birgaitu eta egokitzeko jarduerak egingo dira, araztutako ura banatu eta hoditeria berria lotzeko eta haren irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko.
– Gorozikaren eta Monteganeren arteko araztutako uraren hoditeria:
• Gorozikako edateko uraren araztegian tratatutako urak Monteganeko ur-biltegiraino banatuko dira, lehen ere adierazi den bezala, Monteganeren eta Berriatuako ponpaketaren arteko hoditeria berrien eta Berriatuaren eta Gorozikaren bultzadaren paraleloan, ibilbidearen zati handi batean zanga partekatuz. Guztira, 1.750 m-ko luzera izango du.
Proiektatutako jarduerak egiteko, zangak zabaldu beharko dira hoditeria berriak instalatzeko. Zanga horiek egungo bide asfaltatuetatik nahiz nekazaritzako lursailetatik pasatuko dira. Era berean, instalazio berriak (ponpaketak, kutxatilak eta abar), funtsean, labore-larreen gainean finkatuko dira. Hala, 1.900 m2 inguruko azalera okupatuko dute. Bestalde, aldi baterako okupazio-azalerak 34.000 m2-koak dira. Horietatik 12.750 m2 inguru instalazioen zortasun iraunkorrarekin bat datoz.
Dokumentazioaren arabera, tarte berrien bidez ordezkatuko diren hoditeriak mantendu egingo dira, baina erabili gabe.
Sortutako hondakinak eraikuntza eta eraispeneko hondakinak izango dira, funtsean. Indusketen bolumen osoa 4.927 m3-koa izango dela kalkulatzen da. Horietatik 4.183 m3 aprobetxatuko dira betelanetarako. Ondorioz, indusketen hondakinak 744 m3 inguru izango dira.
Obrak egiteko epea 20 hilabetekoa da.
Alternatibekin lotuta, ingurumen-agiriak 4 alternatiba deskribatzen ditu, 2013ko «Berriatuako edateko uraren araztegia Ondarroako edateko uraren araztegiarekin lotzeko trazadura-proiektua» egitean aztertu zirenak eta orain aurkezten den proiektua definitzeko orduan oinarri gisa balio izan dutenak. Alternatiba horiek Monteganeko gordailutik Gorozikako edateko uraren araztegira doan hoditeria berriaren trazaduraren zenbait aldaketa planteatzen dituzte. Ingurumen aldetik planteatzen dituzten desberdintasunak, funtsean, ibilbidearen luzera, egungo bideekiko edo Artibaiko ubidearekiko paralelismoa eta ubideko bidegurutze kopurua dira. 2. alternatiba aukeratu zen. Horri, beste aldaketa batzuen artean, Artibai presa txikiko hartunetik datorren hoditeria berria gehitu zaio. Aurreko alternatibaren aldean, positiboki nabarmendu behar da hasieran proiektatutako bi zuloen aldean orain Artibaiko gurutzaketetako bat zubia aprobetxatuz egiten dela.
2.– Proiektuaren kokalekua.
Proiektuaren eremua Berriatua udalerrian kokatzen da, Artibai ibaiaren ibarraren lursailetan (landa-lurzorua eta hiri-periferiakoa).
Hauek dira eremuaren ezaugarri nagusiak:
– Proiektuaren eremua Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoari dagokion Ibaizabalgo Unitate Hidrologikoan dago. Zehazki, Artibai ibaiaren arroan dago, Artibai-A (ES111R044010) ur-masa bezala identifikatuta. Berriatuako ponpaketa berria ubidetik gertu dago, eta hoditeria berriak puntualki haren ertzean zehar pasatzen dira, batez ere egungo hoditerien trazadura aprobetxatuz. Horrez gain, zati bat ibai azpitik egingo da, zuloan, meandroetako batean. Berriatuako hoditeriaren adarrak isurketa bat zeharkatzen du. Hala ere, lurpetik pasatzen da, hoditeria pasatuko den errepidearen azpitik.
– EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialak 2. maila ematen dio Artibai ibaiari (50 eta 100 km2 bitarteko isuri-arroa), eta ibaiertzak lehengoratu beharrekotzat eta puntualki ondo kontserbatutako landaretza duten gunetzat jotzen ditu.
– Proiektatutako trazadura material litologiko hauen gainean kokatzen da: ibilguaren inguruetan, alubioi-metakinak dituzte, porositate erako iragazkortasun ertaina dutenak, eta hegaletan, marga deskarbonatatuak, iragazkortasun baxua dutenak, hegalak pitzatuta baitaude. Edafologiaren ikuspegitik, lurzoruak flubisol eta kanbisol erakoak dira.
– Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Basogintzako LPSaren arabera, proiektatutako hoditeriaren zati handi bat Nekazaritza eta Abeltzaintzarako Balio Estrategiko Handia kategorian sartutako lurzoruetatik pasatzen da.
– Lurpeko urei dagokienez, eremua Iparraldeko Antiklinorioko masan kokatzen da. Ez dator bat lurpeko ur-masen inongo sektorerekin; hala ere, ibilguaren ibarreko lurrak interes hidrogeologikoko eremu batean sartzen dira. Eremuaren inguruan hainbat ur-gune eta ur-hartune identifikatzen dira. Zehazki, proiektua bat dator Artibaiko eta Urepeleko presako hartuneekin eta Berriatuako zundaketa berriarekin.
– Eremu horretako landaredia, funtsean, Artibai ibaiaren ertzetako haltzadi atlantikoa da. Haltzadi hori Batasunaren intereseko habitat (BIH) gisa identifikatuta dago: Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior espezieen baso alubialak (91E0*). Mendi-hegaletan, mosaiko erako paisaia dago, zona urbanizatu eta artifizialduek sega-belardiekin batera osatua. Belardi asko «larratu gabeko sega-belardi atlantikoak» izeneko BIHrekin identifikatzen dira (BIH 6510 kodea). Horien artean, hostozabal autoktonoen heskaiak eta masa txikiak ere identifikatzen dira, baita koniferoen eta eukaliptoen landaketak ere. Hodiak, funtsean, lehendik dauden bideetatik joango dira; hala ere, aurreikusitako instalazio eta okupazio berriak, neurri handi batean, bat etorriko dira identifikatutako sega-belardiekin. Eremuan ez da identifikatzen Fauna eta Flora Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoan jasotako landare-espezierik.
– Faunari dagokionez, eremuaren ezaugarriak kontuan hartuta, litekeena da hiri-periferiako inguruneekin eta Artibai ibaiarekin eta haren ibaiertzeko landarediarekin loturiko zenbait espezie egotea. Alegia, litekeena da Fauna eta Flora Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoan jasota dauden zenbait espezie egotea, batez ere hegaztiak, hala nola ur-zozoa edo martin arrantzalea. Azpimarratu behar da Artibai ibaia eta haren adarrak bisoi europarraren (Mustela lutreola) interes bereziko eremu gisa identifikatzen direla. Galzorian dagoen espeziea da eta hura kontserbatzeko kudeaketa-plana indarrean dago Bizkaiko Lurralde Historikoan: Bizkaiko Lurralde Historikoan bisoi europarra Mustela lutreola (Linnaeus, 1761) Kudeatzeko Plana onesten duen ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretua, galzorian dagoen eta babesteko neurri espezifikoak behar dituen espeziea denez gero). Proiektuaren esparruan egindako azterketa faunistikoaren arabera, aztertutako eremuan ez da antzeman katalogatutako ugaztunik dagoenik.
– Artibai ibaia eta haren ertzak Artibai Ibaia KBE (ES2130011) gisa mugatutako espazio babestuan sartzen dira, eskualde biogeografiko atlantikoko hamalau ibai eta estuarioren Kontserbazio Bereziko Eremuak izendatzeko eta kontserbazio-neurriak onartzeko den urriaren 16ko 215/2012 Dekretuaren arabera.
– Eremu horrek, gainera, babes-eremu periferiko bat du, ibarraren ondoan hedatzen dena. Zehazki, KBEan sartzen dira Artibai presa txikiaren egungo hartunea eta bertatik aurreikusitako hodi berriaren lehen metroak (14 m inguru), bai eta Monteganeren eta Berriatuaren arteko hoditeria eta Berriatuaren eta Gorozikako edateko uraren araztegiaren artean proiektatutako bultzada ere ponpaketa berriaren inguruan (375 m inguru). Halaber, hodiak Artibai ibaia bi aldiz zeharkatuko du, bata Magdalena kalean dagoen zubiaren luzeran, eta bestea, zuloan, ibaian beherago. Bigarren horren kasuan, zuloaren hasiera eta irteera KBEtik kanpo kokatuko dira.
– Ez azterketa-eremuan, ez ingurune hurbilenean, ez da beste espazio natural babesturik ikusten. Era berean, ez da identifikatu interes geologikoko tokirik, eta ez dago jasota Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen natura-intereseko eremuen zerrendan.
– Artibai ibaia EAEko korridore ekologikoen sareko «interes bereziko ibai-zatitzat» hartzen da. Bestalde, EAEko azpiegitura berdeari erreparatuta, ibilgua «biodibertsitate-erreserba» gisa sailkatzen da, eta «trama urdinaren» parte da.
– Proiektuaren eremua ez da sartzen katalogatutako onura publikoko inongo menditan.
– Eremua Ondarroako ikusmen-arroan dago, eta «arrunta» eta paisaia-kalitate «oso txikikotzat» jotzen da; ez dago sartuta EAEko paisaia bikainen katalogoan.
– Ingurumen-arriskuei dagokienez, kutsadurarekiko kalteberatasun txikia edo hautemanezina duten akuiferoen gainean finkatzen da eremua. Era berean, ez da identifikatzen lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituzten edo izan dituzten kokalekuen inbentarioan sartutako lursailik, proiektatutako hoditeria eta instalazio berriekin bat datorrenik. Hala ere, inbentariatutako 48018 00021 lurzatia proiektatutako Berriatuako ponpaketa berriaren mugakidea da, eta, puntualki, bat dator aurreikusitako aldi baterako okupazio-guneekin.
– Proiektuko eremua kaltebera da ibai-uholdeen aurrean. Berriatuako ponpaketa berria 500 urteko errepikatze-denbora duen uholde-eremu batean dago, nahiz eta, dokumentazioan adierazten denez, instalazioak uholdeak hartu ezin dituen kotan kokatuko diren. Horrez gain, proiektatutako hoditerien zati batzuk uholde-eremuetan sartzen dira, hala nola Muniosoloko hoditeriaren lehen metroak (23 m gutxi gorabehera) hartunetik (10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denbora duen uholde-eremuan), Monteganeren eta Berriatuaren arteko hoditerietatik 290 m inguru, Magdalena kaleko zubiaren inguruko bultzada (10, 100 eta 500 urteko uholde-eremuan), eta Artibaiko zuloaren ondoren 80 m inguru (100 eta 500 urteko uholde-eremuan).
– Eremuak baso-suteak izateko arrisku txikia du, eta Nekazaritza eta Basogintzaren LPSaren arabera, ez dator bat higadura-prozesu handiak dituzten eremuekin.
– Eskuragarri dagoen kartografiaren arabera, proiektatutako jarduketak ez du hartzen kultura-ondare gisa katalogatutako ezein elementu, nahiz eta tokiko intereseko hurbileko elementu batzuk identifikatu diren.
3.– Inpaktu potentzialaren ezaugarriak.
Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpakturik esanguratsuenak obra-fasean sortuko dira. Hauek dira proiektua garatzean egingo diren jarduketak: sastrakak kentzea eta landareak moztea, zangak egiteko indusketak, eta zuloak egitea, bai eta hoditeria eta instalazio berriak jartzea ere.
Obrek irauten duten bitartean, instalazioek behin betiko okupatuko dutena baino okupazio handiagoa aurreikusten da aldi batez; zehazki, 34.000 m2 ingurukoa. Lur horietako batzuk asfaltozko pistak edo gune urbanizatuak dira; beraz, ingurumen-dokumentuaren arabera, 12.100 m2 inguruko landare-estalkia ukitzea aurreikusten da, batez ere BIH 6510 gisa identifikatutako laborantza-belardiak. Nolanahi ere, adierazi behar da behin betiko okupazioa 2.000 m2 ingurukoa izango dela, eta eragin txikia izango duela, ahaztu gabe eragindako lur-eremua landareztatzeko aukera ere badagoela.
Eragindako belardi-sail asko balio agrologiko handiko lurzoru gisa identifikatzen dira, Nekazaritza eta Basogintzaren LPSaren arabera. Gune horietan, behin betiko okupazioaren azalera txikia da, eta, beraz, obren ondoren, nahiz eta hoditeriaren zortasunean sartu, lursail askok berreskuratu ahal izango dute nekazaritzako eta abeltzaintzako landazabal gisa duten erabilera, eta ustiategien bideragarritasun ekonomikoaren gaineko eragin posiblea mugatuko dute.
Bestalde, jarduketen ondorioz, aldi baterako eta leku jakin batzuetan, gutxitu egingo da faunaren eta gizakien habitaten kalitatea (zarata handitzea, hautsa, bibrazioak eta abar); lurzoruak edo urak kutsa litezke lurra mugitzean eragindako nahi gabeko isurtzeen edo jariatzeen ondorioz, eta hondakinak sor litezke sasiak kendu, landareak inausi edo mozteko lanak egiten direnean.
Deskribatutako inpaktuek garrantzi berezia dute Artibai KBEaren barruan. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, proiektatutako jarduketek ez dute zuzeneko inpaktu nabarmenik eragiten KBEan kontserbatu beharreko funtsezko elementuetan. Zehazki, Muniosoloko ponpaketa berria KBEtik kanpo proiektatuko da, eta Berriatua ponpaketatik gertu dagoen trazadura pista asfaltatutik igaroko da nagusiki, ibaiertzeko landarediari (BIH 91E0*) edo ibilguari ez eragiteko. Era berean, Artibai ibaiaren gurutzaketak lehendik dauden komunikazio-egituren bidez edo zulo baten bidez egingo dira (horren hasiera- eta irteera-putzuak KBEaren espaziotik kanpo daude).
Ildo horretan, azpimarratu behar da Artibai ibaiaren ibilgua bisoi europarra kontserbatzeko interes bereziko eremu gisa identifikatzen dela ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuaren arabera. Ingurumen-dokumentuak horri buruzko babes-neurriak ezartzen ditu; besteak beste, espeziearen garai kritikoan obrak egitea saihestea. Proiektatutako jarduketei erreparatuta, ez da aurreikusten espezie horrengan eragin nabarmenik izango duenik.
Horrez gain, proiektatutako jarduketa batzuk uholde-eremuetan kokatzen dira, baita Artibai ibaiaren lehentasunezko fluxu-eremuaren barruan ere; horrenbestez, arlo horretan indarrean dagoen araudira egokitu beharko dira. Berriatuako ponpaketa berriaren eta Orubixeko egungo ponpaketaren ondoan aurreikusitako gune lagungarriek kalteberatasun berezia dutela uste dugu; beraz, arrisku handiena duten erabilerak uholde-eremu horietatik ahalik eta urrunen kokatu beharko dira.
Instalazioaren funtzionamendua kontuan hartuta, Muniosoloko ur-hartunea ur-ibilguaren ezkerraldean dagoen ur-putzu batez hornituko da, Artibaiko presa txikiaren ondoan. Proiektuak proposatutako egitura berria ez bada ere, Artibaiko presa txikia, gaur egun dituen ezaugarriekin, oztopo handia da ibai-korridore ekologikoan, zeina bereziki interesgarria baita «Artibai ibaia» KBE izendapenagatik.
Egoera horren aurrean, Ura Uraren Euskal Agentziaren txostenean ezarritakoarekin bat etorriz, eta urriaren 16ko 215/2012 Dekretuan (Atlantikoko eskualde biogeografikoko hamalau ibai eta estuario kontserbazio bereziko eremu izendatu eta horien kontserbazio-neurriak onartzen dituena) eta Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduan jasotako zehaztapenak betetzeko, nahitaezkoa da iragazkortasun-proiektu egokia idaztea eta gauzatzea, presa txikia arrain-fauna igarotzeko sistema batez hornitzeko, ahal dela arrapala edo ubide motakoa.
Horrez gain, Ura Uraren Euskal Agentziaren txostenari jarraituz, ez da egokitzat jotzen emari ekologikoak Artibaiko presa txikiaren bilketa-putzuaren bidez husteko egun proposatzen den sistema. Beraz, beharrezkoa izango da emari ekologikoak modu lehenetsian edo bakarrean bideratzea azkenean planteatzen den iragazkortasun-gailuaren bidez. Emari ekologiko horiek Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren berrikuspena onartzen duen 35/2023 Errege Dekretuaren I. eranskineko 4. gehigarrian ezarritako balioei erantzungo diete.
Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak kontuan hartuta, eta aintzat hartuta bai sustatzaileak proposatutako babes- eta zuzenketa-neurriak bai ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak, ez da aurreikusten proiektuak eragin negatibo esanguratsurik izango duenik ingurunearen aipatutako alderdietan.
Bigarrena.– Ebazpen honetan, babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Monteganeko (Berriatua) eta Gorozikako (Ondarroa) edateko uraren araztegietako hornidura-sistemak bateratzeko proiektua ez dadin ohiko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren pean jarri, betiere ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.
Babesteko eta zuzentzeko neurriak gauzatzean, honako hauetan ezarritakoa bete beharko da: indarrean dagoen araudian xedatutakoa, hurrengo apartatuetan adierazitakoa, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa.
Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile-kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txosten honetan ezarritakoak bermatzeko.
Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak aplikatuko dira obretan.
Hurrengo apartatu hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira.
Natura-ondarea babesteko neurriak.
– Proiektuak Dekretu hauetan jasotako ebazpenak hartu beharko ditu kontuan: 215/2012 Dekretua, urriaren 16koa, eskualde biogeografiko atlantikoko hamalau ibai eta estuarioren Kontserbazio Bereziko Eremuak izendatzeko eta kontserbazio-neurriak onartzeko dena, eta 34/2015 Dekretua, martxoaren 17koa, ingurune hidrikoari lotuta dauden Kontserbazio Bereziko Eremuetarako (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuetarako (BBE) arau orokorrak onartzen dituena.
– Obrak Bizkaiko Foru Aldundiaren basaflora eta basafaunaren espazio babestuak kudeatzeko zerbitzu arduradunen onespena izan beharko du; hala badagokio, neurri osagarriak ezarri ahalko ditu obra exekutatzeko, dela exekutatzeko moduari dagokionez, dela garatzeko momentuari dagokionez, kontuan hartuta zein diren KBEan dauden fauna-espezieen garai sentikorrak.
– Proiektua gauzatzeko, nahitaezkoa izango da Muniosoloko ur-hartunearen ondoko desbideratze-presa txikian arrain-faunarentzako pasabide-sistema bat jartzea, ahal dela arrapala edo ubide motakoa. Sistema horretatik, lehentasunez edo modu bakarrean, ibilguaren zati horri aplikagarri zaizkion emari ekologikoak hustu beharko dira, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren berrikuspena onartzen duen 35/2023 Errege Dekretuaren I. eranskinaren 4. gehigarriaren arabera.
– Proiektua bisoi europarra (Mustela lutreola) egon daitekeen eremuekin bat etortzen denean, Bizkaiko Foru Aldundiak, hala badagokio, ezartzen dituen baldintzak bete beharko ditu, espezie horren kudeaketa-planaren ardura duen administrazioa baita.
– Obrak, bai eta lurzorua okupatu beharra dakarten jarduera osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Zehazki, obraren zuinketan ahal diren neurrian mugatuko dira Artibai ibaiaren KBEren barruan aurreikusitako aldi baterako okupazio-guneak.
– Hala badagokio, beharrezkoak diren mozte-, inauste- eta sasiak kentzeko lanak, obra-sarreren irekierak eta kontratistaren instalazioguneak –makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialak aldi baterako pilatzeko eremuak eta landare-lurrak eta hondakinak aldi baterako pilatzeko eremuak barne– ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, drainatze naturaleko sareari, intereseko landarediari eta balio estrategiko handiko lurzoruari eragitea saihestuko da.
– Eremu osagarri horiek ezin izango dira inola ere jarri Artibai ibaia KBEko lursailetan, ezta instalazioaren eraginpean ez dauden landare-egitura kalteberen eremuetan (Batasunaren Intereseko Habitatak) edo identifikatutako ibilguetako ur-bazterreko landaredian ere.
– Hori ziurtatzeko, obrak hasi aurretik, kontratistaren instalazioen eremuen mugaketa zehatza egingo da kartografia xehean.
– Debekatuta dago makina astunek ibilguen barruan eta jabari publiko hidraulikoaren 5 metroko zortasun-eremuan zirkulatzea, eta eremua balizatu egingo da, espazio hori libre mantentzeko.
– Oro har, ez da kenduko landaretza autoktonorik zuzeneko okupaziorik aurreikusten ez den eremuetan. Intereseko espezieren baten aleak egoera onean dauden eremuetan, kontu handiz jardun beharko da, proiektua egiteko beharrezkoa den eremutik kanpo ez eragiteko.
– Jardueren eragina jasan dezaten arlo sentikorretan eta balio natural handikoetan (baso-masa autoktonoak, Batasunaren intereseko habitatak eta KBEren eremua), zuhaitzak inausi egingo dira, bideragarria baldin bada; hertsiki beharrezkoa den kasuan soilik moztuko dira.
– Bizkaiko Foru Aldundiko zerbitzu teknikoekin elkarlanean adostuko dira irizpideak, zein zuhaitz ebaki edo lepatuko diren erabakitzeko.
– Zuhaitzak botatzea edo sastraka-kentzea beste aukerarik ez bada, motozerrak erabiliko dira horretarako, eta ez makina astunak, modu selektiboan lan egin ahal izateko. Zuhaitzak ipurditik moztea beti era zuzenduan egingo da, gainerako landaredi autoktonoari kalterik ez eragiteko.
Ura eta lurzorua babesteko neurriak.
– Jabari publiko hidraulikoan eta horiekin lotutako babes-eremuetan egiten den jarduera orok Uraren Euskal Agentziaren aldez aurreko baimena beharko du, zeinak, beharrezkoa bada, dagozkion baldintzak ezarriko baititu.
– Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera. Aurreikusten bada eremu batzuetan materialak ibilguetara arrastan joan daitezkeela edo isurketa lausoak gerta daitezkeela, jalkinei eusteko hesiak jarriko dira, ingurumen-dokumentuan aurreikusitakoak. Proposatutako neurrien funtzionamendua egokia dela kontrolatu beharko da, ekarpen solidoak jabari publiko hidraulikora irits ez daitezen.
– Hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa jarri beharko da eskura obretan, ustekabeko isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.
– Beharrezkoa bada, obra-eremuetan, lanen eta jarduera osagarrien ondorioz kutsatzen den ur guztia biltzeko eta kudeatzeko gailuak proiektatu eta eraikiko dira. Haien neurriak zehazteko, kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoak ahalik eta hobekien atxikitzeko eta isuriak lokalizatuak eta indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen parametro fisiko-kimikoen araberakoak direla bermatzeko.
– Obrako makinak gordetzeko eremua eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik isolatu beharko dira. Zolata iragazgaitzaz gain, efluenteak biltzeko sistema bat ere izango du, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Ezin izango da egin erregaien zamalanik, olio-aldaketarik eta tailerreko jarduerarik, horretarako adierazitako eremuetatik kanpo.
– Tunel-zuloak egitean sortzen diren urak dekantazio-putzuetara bideratuko dira. Gailu horiek dimentsionatzeko, kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoei ongi eusten dietela bermatzeko, eta, botatzen badira, gune jakin batean botatzen direla bermatzeko, betiere ziurtatuta uraren parametro fisiko-kimikoak indarrean dagoen araudiaren araberakoak direla.
– Dekantazio-putzuen aldizkako mantentze- eta garbiketa-lanak egin beharko dira, eta metatutako lohiak aldizka hustuko dira, tratamendu-sistemaren funtzionamenduaren errendimendu optimoa bermatzeko.
– Hormigoizko kanaletak berariaz horretarako egokitutako guneetan garbituko dira. Ezingo da inola ere hormigoi-esnea ibilgura isuri.
– Dekantazio-putzuak garbitzetik datozen lohiak eta hormigoizko kanaleten garbiketa-eremuetako hormigoi-hondarrak ondoko ataletan ezarritako baldintzen arabera kudeatu beharko dira.
Paisaia babesteko eta kaltetutako eremuak lehengoratzeko neurriak.
– Proiektua gauzatzean kaltetutako gune guztiak leheneratuko dira (aldi baterako pilaketa-eremuak, aldi baterako lurzoru-okupazioak, obra-eremuetarako sarbidea). Landareztatzea, espezie autoktonoak sartuta, ahalik eta lasterren egingo da erosio-prozesuak eta ibilguetarako solido-arrasteak saihesteko; horrela, habitat naturalak sortzen lagunduko da, eta, ahal dela, horien inguruan dagoen landaredia naturalarekin lotuko dira.
– Landareztatzeko lanak ezberdin planteatu beharko dira, ukitutako lur-eremuen aurreko ezaugarrien arabera.
• Ukitutako baso-landaretza autoktonoko eremuak haltzadi atlantikoko berezko espezieen bidez leheneratu beharko dira.
• Eragindako belardi eta laboreen eremuetan, dagokion berrereintza egingo da. Larreak berriz erein ahal izateko, aldez aurretik lurra pixka bat landu edo biratu beharko da lurra ez trinkotzeko, ondorengo berrereintza eta erneketa egokiak izan daitezen. Hala badagokio, eragindako laboreak birlandatuko dira, dagozkien kalte-ordainekin, eta itxiturak eta lurzatietan dauden gainerako azpiegitura-elementuak (drainatzeak eta abar) eta eragindako laboreak lehengoratuko dira.
• Eukaliptoak eta koniferoak landatzeko eremuan, aldi baterako okupatzen diren lursailen gainean, eragindako laboreak birlandatuko dira, dagozkion kalte-ordainekin, hala badagokio. Nolanahi ere, inguru horretan inguruari naturaltasun handiagoa ematen dioten laboreak edo hostozabal autoktonoen espezieak landatzeko aukera planteatuko da. Bestalde, zortasun-gunea belar-landaredia mantentzeko ereingo da.
– Lurrak mugitzerakoan, landare-lurra kenduko da, eta bereizita pilatuko, obrek eragindako inguruen lehengoratze- eta landareztatze-lanak erraztearren.
– Landare-espezie exotiko inbaditzaileak detektatzeko eta bertan sartu eta hedatzea eragozteko kontrol-neurriak hartuko dira. Bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta ez da erabiliko aipatu diren espezieek kutsatutako lurrik.
– Erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, halakoetan inguruan koka daitezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak egon baitaitezke.
– Proiektuak flora exotiko inbaditzailea ezabatzeko plan bat jaso beharko du, jarduketa-eremuetan detektatzen diren flora-espezie inbaditzaileak desagerrarazteko.
– Bai baldintza-agiriak eta bai obra kontratatzeko aurrekontuek aipatutako dokumentazioan aurreikusitako baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jaso beharko dituzte, proposatutako jarduerak behar bezala betetzen direla bermatzeko.
Zaraten eta bibrazioen ondorioak minimizatzera zuzendutako neurriak.
– Lanek iraun artean, beharrezkotzat jotzen diren jardunbide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.
– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.
– Bestalde, proiektua garatzerakoan, eraginpeko eremuan obrek sorrarazitako zaratarengatik ez dira gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita daudenak, hori guztia dekretu horretako 35 bis artikuluan aurreikusitakoa eragotzi gabe.
– Egunez bakarrik egingo da lan.
Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruekin lotutako neurriak.
– Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan sartuta dagoen lurzatia (48018 00021 kodea) proiektatutako Berriatuako ponpaketa berriaren mugakidea da, eta bat dator, puntualki, aurreikusitako aldi baterako okupazio-guneekin, nahiz eta gune horretan indusketak egitea aurreikusi ez den.
– Obrek dirauten bitartean lurra kutsatzen duten jarduerak edo instalazioak izan dituen beste lekurik aurkitzen bada, edo lurzorua kutsatzen duten gaien zantzu argirik bada, kasu horietarako aipatu ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta lege hori garatzen duen abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan ezarritakoa beteko da.
Uholde-arriskuarekin lotutako neurriak:
– Ez da obrako instalazio lagungarririk jarriko (batez ere, makineria-parkea eta garbigunea) uholde-arriskua duten eremuetan, uholdeen errepikatze-denbora edozein dela ere.
Hondakinak kudeatzeko neurriak.
– Sortutako hondakin guztiak Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, bereizi egin beharko dira hondakin-mota eta helmugarik egokiena zehazteko.
– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa eta deuseztatzea barne.
– Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: aldez aurretik behar bezala justifikatzen denean ezinezkoa dela hondakinak teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren ikuspegitik balorizatzea.
– Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdinetako hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.
– Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak bi xedapen hauen arabera kudeatuko dira: 105/2008 Errege Dekretua, otsailaren 1ekoa, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena, eta 112/2012 Dekretua, ekainaren 26koa, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena.
– Hondakindegira bidali beharreko hondakinak, berriz, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
– Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.
– Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio teknikoaren arabera, sortutako lur-mugimenduen balantzeak 744 m3-ko soberakina ematen du, eta hori obren kokalekutik kanpo kudeatu beharko da.
Indusketako soberakin horiek kudeatzeko, hierarkiaren printzipioari eta hondakinak kudeatzeko hurbiltasunaren printzipioari jarraituko zaie. Hondeatutako material kutsagabe naturaletarako, ukitutako lursaila morfologikoki leheneratzeko erabiltzea baztertu ondoren, betelanetara bota beharrean, balorizatzea lehenetsiko da, honelako lanetarako erabiliz: material horiek behar dituzten gertuko eraikuntza-obrak, erauzketa-jarduerek eragindako lursailak birgaitzeko lanak edo beste espazio degradatu batzuk leheneratzeko lanak. Hala, ez dira ezabatuko betelan-instalazioetan. Horretarako, urriaren 10eko APM/1007/2017 Aginduan –Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzkoa– xedatutakoa izango da aplikatzekoa.
– Betelanetarako, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako balioen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.
– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela eta, isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.
– Sortutako olio erabilia Industriako olio erabiliaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuaren arabera kudeatuko da. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.
– Eremu jakin bat egokituko da, behin-behinean hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.
Airearen kutsadura ahalik eta txikiena izateko neurriak.
– Aldian-aldian, sarbideak garbituko dira, eta, harrotzen den hauts-kantitatea zein den, ureztatzeak ere programatuko dira. Sarbideek egoera egokian egon beharko dute uneoro.
– Instalazio osagarrien guneetako irteeran ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dira, solidoak biltzeko sistema bati kateatuta. Gailuok egoera onean mantenduko dira obra-faseak dirauen artean.
– Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da indusketa-materiala, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzeko.
Kultura-ondarea babesteko neurriak.
Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoari jarraituz, lurrak mugitzeko obretan arkeologia-izaerako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.
Jardunbide egokien sistema bat ezartzea.
Langileek jardunbide egokien sistema bat beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta hobekien bermatzeko:
– Obrak okupatzen dituen mugak kontrolatzea.
– Batasunaren intereseko habitaten (6510 BIH eta 91E0*) eta Natura 2000 Sareko Artibai ibaia KBEren (ES2130011) gaineko erasana kontrolatzea.
– Hondakin-isurketarik ez egitea, eta olio-isurketen ondorioz edo lurra leku batetik bestera eramateagatik lurzorua eta ura ez kutsatzea.
– Proiektuak eragindako herriguneetako biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.
Garbiketa eta obra-akabera.
Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuak erasandako eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak deseginda.
Ingurumen-aholkularitza.
Obra amaitu arte eta horren berme-aldian zehar, obra-zuzendaritzak ingurumenaren, eta oro har, babes- eta zuzenketa-neurrien inguruan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du. Lanen Zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu baldintza-agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion eskumenak erabiliz, aholkulariek txosten bat egingo dute aurrez.
Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra gauzatzean; besteak beste, proiektuko ekintzen eragina egiaztatuko du, bereziki honako hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hautsa eta zarata sortzea, hondakinak kudeatzea eta natura-ondarea babestea.
Hirugarrena.– Zehaztea, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez dela aurreikusten proiektua exekutatzeak ondorio negatibo nabarmenik izango duenik ingurumenean. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak sustatutako Monteganeko (Berriatua) eta Gorozikako (Ondarroa) edateko uraren araztegietako hornidura-sistema bateratzeko proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatzea.
Laugarrena.– Ebazpen honen edukia Bizkaiko Foru Aldundiari jakinaraztea.
Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Seigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko ekainaren 27a.
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.
RSS