
133. zk., 2023ko uztailaren 13a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (103 KB - 3 orri.)
- EPUB (102 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3367
AGINDUA, 2023ko ekainaren 23koa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bidez deialdi publikoa iragartzen baita Arabako espetxean Segurtasuneko zuzendariordearen lanpostua izendapen askez betetzeko (kodea: 8358; dotazioa: 1).
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Arabako espetxeko Segurtasuneko zuzendariordearen lanpostua betetzeko (kodea: 8358; dotazioa: 1), bat etorriz Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 102.2.d) artikuluan ezarritakoarekin eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak aldeko txostena eman eta gero, sail honek erabaki du lanpostua izendapen askez betetzeko deialdia iragartzea. Eranskinean daude lanpostuaren inguruko xehetasunak. Hona hemen deialdiaren oinarriak:
OINARRIAK
Lehenengoa.– Parte hartzeko baldintzak.
1.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako karrerako funtzionarioek eta Espetxeetako langileek, baldin eta eranskinean ezarritako eskakizunak betetzen badituzte, betiere.
2.– Aipatutako langileek edozein administrazio-egoeratan egonda har dezakete parte deialdi honetan, honako hauek izan ezik:
a) Eginkizun-gabetze irmoa ezarrita duten funtzionarioek ezingo dute parte hartu, egoera horrek dirauen bitartean.
b) Norberaren kontuetarako edo familia elkartzeko borondatezko eszedentzian dauden langileek ezingo dute parte hartu, ez badute bete eszedentzian egon beharreko gutxieneko denbora.
3.– Deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bete beharko dira ezarritako eskakizunak. Esleitutako lanpostuak jabetzan hartu arte bete behar dira eskakizun horiek. Parte hartzeko eskakizunak betetzen jarraitzen ez duten parte-hartzaileek ezingo dute esleitutako lanpostua jabetzan hartu.
Bigarrena.– Eskabideak.
1.– Hautagaiek Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Administrazio Zuzendaritzara bidali behar dituzte eskabideak, eta, horretarako, hamabost egun baliodun izango dituzte ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskabidean, datu pertsonalak eta egun betetzen duten destinoa adieraziko dituzte.
2.– Eskabide-idazkiarekin batera, hautagaiek curriculum vitae-a aurkeztuko dute, eta, bertan, honako hauek adieraziko dituzte:
a) Titulu akademikoak.
b) Administrazio Publikoan betetako lanpostuak.
c) Egindako ikasketak eta ikastaroak, hizkuntzak eta egoki iritzitako bestelako merezimenduak.
Eskabidearekin batera, deialdian ezarritako eskakizunen eta alegatutako merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte hautagaiek, baldin eta horiek Langileen Erregistroan ez badaude. Esandako guztiez gain, aurkeztu beharrekotzat jotzen dituzten argitalpen, txosten edota bestelako agiriak ere aurkez ditzakete.
Hirugarrena.– Ebazpena.
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren agindu baten bidez ebatziko da deialdi hau, gehienez hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera. Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Lanpostua lortzen duen pertsonak ezarritako epean hartu beharko du jabetzan lanpostua, eta, hala badagokio, aurreko lanpostuaren titulartasuna galduko du.
Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke agindua eman duen organoari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko ekainaren 23a.
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,
NEREA MELGOSA VEGA.
ERANSKINA
Deialdiko lanpostua:
– Izena: Segurtasuneko zuzendariordea (kodea: 8358; dotazioa: 1).
– Tokia: Arabako espetxea.
– Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila.
– Herria: Langraitz Oka.
– Kidegoak: Espetxe Administrazioko Fakultatiboen Goi Mailako Kidegoa (lehen, Espetxeetako Goi Mailako Teknikarien Kidegoa), Espetxe Administrazioko Teknikarien Kidegoa (lehen, Espetxeetako Kidego Berezia).
– Destino-osagarriaren maila: 25.
– Hizkuntza-eskakizuna: 3. HE (LPZ onartzen denetik aurrera).
– Derrigortasun-data: datarik gabe.
Lanpostua betetzeko eskakizunak:
– Espetxe Administrazioko A taldeko (A1-A2 azpitaldea) kidegoetakoa izatea.
– Zerbitzu aktiboan, zerbitzu berezietan edo seme-alabak zaintzeko eszedentzian egotea, Espetxe Administrazioko A taldeko kidegoetako karrerako funtzionario gisa.
– Era berean, nahitaezko edo borondatezko eszedentzian dauden, eginkizun-gabetzea ezarrita duten eta beste administrazio publiko batzuetan lanean ari diren kidego horretako karrerako funtzionarioek ere parte har dezakete lehiaketan, eta prozedura horren bidez zerbitzu aktibora itzuliko dira. Horrelako kasuren batean daudenek egoera horietan igaro beharreko denbora beteta eduki beharko dute.
RSS