
133. zk., 2023ko uztailaren 13a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (147 KB - 6 orri.)
- EPUB (114 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
3362
ERABAKIA, 2023ko ekainaren 5ekoa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluarena: Farmazia Fakultatearen Arautegia aldatzeko dena.
2023ko apirilaren 4ko bileran, Farmazia Fakultateko Batzarrak ikastegiaren arautegia aldatzea erabaki zuen (2013ko urtarrilaren 25eko EHAAn argitaratutakoa), Ikastegien Esparru Arautegi berrira egokitzeko (2022ko azaroaren 9an sartu zen indarrean). Unibertsitateko Estatutuetara egokitzeko moldatu zen esparru arautegia, kide anitzeko hainbat gobernu organori eta unibertsitateko taldeen ordezkaritzari dagokienez hainbat aldaketa eginda. Era berean, teknologia berriak erabiltzeko aukera jaso da bertan, deialdiak egiteko eta erabakiak argitaratzeko tramiteak azkarragoak izan daitezen.
Bestetik, kontuan hartuta ikastegiko gai espezifikoei eragiten dieten zenbait artikulu berri sartu direla, eta oraingo testuan agertu behar ez diren beste batzuk kendu, komenigarria da testu osoa berriro argitaratzea, ez soilik egindako aldaketak.
Ikastegiko Batzarrari dagokio ikastegiko arautegia egin eta Gobernu Kontseiluari proposatzea, horrek proposamena onar dezan eta, beraz, arautegia alda dadin.
Proposatutako aldaketak Lege Zerbitzuaren aldeko txostena du.
Gobernu Kontseiluari dagokio ikastegien arautegietan egindako aldaketei behin betiko onespena ematea.
Adierazitakoarengatik, idazkari nagusiak proposatuta, Gobernu Kontseiluak
ERABAKI DU:
Lehenengoa.– Onartzea Farmazia Fakultatearen Arautegia alda dadin, eta aldaketak jasotzen dituen testu berria argitara dadin, eranskinean jasotzen den moduan.
Bigarrena.– Agindua ematea erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.
Hirugarrena.– Arautegia aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Leioa, 2023ko ekainaren 5a.
Errektorea,
EVA FERREIRA GARCÍA.
Idazkari nagusia,
AITOR ZURIMENDI ISLA.
eranskina
UPV/EHUren Farmazia Fakultatearen arautegia
1. artikulua.– Izaera.
1.– Farmazia Fakultatea Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) ikastegi bat da.
2.– Fakultateak bere eremuko unibertsitate ikasketak antolatzen ditu eta graduko tituluak, graduondokoak edo bestelakoak lortzera bideratutako ikasketa prozesuak eta administrazioaren arlokoak gidatu, koordinatu eta kudeatzen ditu.
2. artikulua.– Egoitza.
Farmazia Fakultatea Arabako Campusean dago, Unibertsitatearen Pasealekua 7an, 01006 Vitoria-Gasteiz.
3. artikulua.– Araubide juridikoa.
Fakultateak indarreko legeriaren, UPV/EHUko Estatutuen eta Ikastegien Esparru Arautegiaren arabera jardungo du, zeina zuzenean aplikatuko zaion, bai eta honako barne arautegi honen arabera ere.
4. artikulua.– Ikastegiko Batzarraren osaera.
1.– Ikastegiko batzarraren osakideak izango dira dekanoa, batzarreko burua izango dena; ikastegiko idazkari akademikoa; erantzukizun handieneko administrazio eta zerbitzuetako langilea; dekanoak izendatutako hiru dekanorde; eta 33 hautetsi, unibertsitateko talde guztietakoak, honetara banaturik:
• Lotura iraunkorra duten irakasle-ikertzaile doktoreak: 17 kide (% 51,52).
• Lotura iraunkorra daukaten irakasle-ikertzaile ez-doktoreak eta lotura iraunkorra ez daukaten irakasle-ikertzaile doktoreak: 3 kide (% 9,09).
• Gainerako irakasle eta ikertzaileak: Kide bat (% 3,03).
• Ikasleak: 8 kide (% 24,24).
• Administrazio eta zerbitzuetako langileak: 4 kide (% 12,12).
2.– Ikastegiko batzarreko kideak lau urterik behin aldatuko dira. Salbuespena ikasleen ordezkariak izango dira, horiek bi urterik behin aldatuko baitira.
3.– Ikastegiko batzarreko kideak hautatzean, bete egin beharko da estatutuek xedatutakoa eta UPV/EHUren Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorrean zehaztutako prozedura.
4.– Kide hautetsi bat berezko kide bihurtuko balitz, edo alderantziz, aukera izango luke ordezkari izateari uzteko. Hori eginez gero, aplikatuko dira Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorrean ordezkapenak egiteko jasota dauden arauak. Hala egingo ez balu, Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko hirugarren xedapen gehigarria aplikatuko da quorumerako.
5. artikulua.– Akademia Antolakuntzako Batzordea.
1.– Farmazia fakultatearen akademia antolakuntzako batzordearen eraketan emakumeen eta gizonen presentzia orekatua izango da, ahal bada, eta honako kide hauek izango dira: dekanoa edo berori ordezka lezakeen pertsona, batzordeburua izango delarik; ikastegiko idazkari akademikoa, batzordeko idazkari gisa arituko dena; irakasleen eta ikertzaileen bost ordezkari, gutxien dela, titulazio bakoitzeko bana ordezkari izanik; eta ikasleen hiru ordezkari, titulazio bakoitzeko ordezkari bat baino gehiago egon ez daitezen hautaturik.
Batzorde honetako kide izateko ez da beharrezkoa izango ikastegiko batzarreko kidea izatea.
2.– Batzorde honek ebatziko ditu kredituak aitortzeko edo balioztatzeko egingo zaizkion eskariak, indarreko legeriari jarraikiz. Batzordeak hartutako erabakien aurkako errekurtsoak aurkeztu ahal izango zaizkio errektoreari. Era berean, ikastegiko akademia antolakuntzako batzordeak proposamenak egin ahal izango dizkio ikastegiko batzarrari ikastegiaren jardun akademikoa hobeto antolatzeko.
6. artikulua.– Ikastegiaren kalitate batzordea.
Ikastegiak badauka kalitate batzorde bat tituluetako curriculumaren plangintza eta jarraipena hobeto egiteko, bai eta irakaskuntzaren ebaluaziorako txostenak egiteko ere. Batzordearen osaera eta zereginak arautegi espezifiko batean zehaztuak daude.
7. artikulua.– Euskara batzordea.
1.– Farmazia fakultatearen euskara batzordea parte hartzerako, kontsultarako eta aholkurako organoa da. Batzordeko kideak izango dira dekanoa edo beronen ordez ari litekeena, batzordeburu gisa jardungo duena; idazkari bat, gainerako kideen artean hautatua; irakasleen hiru ordezkari; ikasleen bi ordezkari; eta administrazio eta zerbitzuetako pertsonaleko kide bat.
2.– Ikastegiaren euskara batzordearen helburua euskararen erabilera bultzatzea izango da, UPV/EHUren planifikazio orokorraren barruan, euskarazko irakats eskaintzaren plangintzan eta jarraipen lanean parte hartzea eta unibertsitate hedakuntzako eta prestakuntzako jarduerak sustatzea.
8. artikulua.– Jasangarritasun batzordea.
1.– Farmazia fakultatearen jasangarritasun batzordea parte hartze, kontsulta eta aholkularitzarako organoa da. Batzordeko kideak izango dira erantzukizun handieneko administrazio eta zerbitzuetako langilea edo beronen ordez ari litekeena, batzordeburu gisa jardungo duena; Kalitate eta Jasangarritasunaren arloko dekanordea, idazkari gisa arituko dena; irakasle-ikertzaile iraunkorren bi ordezkari; irakasle-ikertzaile ez iraunkorren ordezkari bat; ikasleen bi ordezkari; eta administrazio eta zerbitzuetako pertsonaleko kide bat.
2.– Honako hauek izango dira ikastegiaren jasangarritasun batzordearen eginkizunak:
– Ikastegiko energiaren eta uraren kontsumoaren jarraipena egitea eta erabilera arduratsua sustatzea.
– Hondakinak birziklatzeko eta kudeatzeko sistemaren jarraipena egitea.
– Jasangarritasunaren aldeko proposamenak bildu, bideratu eta lantzea, titulazioetan jasangarritasunerako hezkuntzako jarduerak bultzatuz, koordinatuz eta ikusaraziz.
– Ikasturteko jarduerei buruzko txosten bat egitea. Txosten hori uztaileko ohiko fakultate batzarrari aurkeztuko zaio.
9. artikulua.– Emakumeen eta gizonen berdintasunerako batzordea.
1.– Farmazia fakultatearen berdintasun batzordea parte hartze, kontsulta eta aholkularitzarako organoa da eta berdintasun-politikak bultzatzea eta ezartzea izango du helburu, ikastegiko kudeaketaren eta bizitzaren eremu guztietan. Hori guztia esparru akademiko orekatuagoa, demokratikoagoa eta toleranteagoa lortzeko genero berdintasunaren arloan.
2.– Batzordeko kideak izango dira dekanorde bat batzordeburu gisa jardungo duena; idazkari bat, gainerako kideen artean hautatutakoa; irakasle eta ikertzaile iraunkorren bi ordezkari; irakasle eta ikertzaile ez-iraunkorren ordezkari bat; ikasleen bi ordezkari; eta administrazio eta zerbitzuetako pertsonaleko kide bat.
3.– Berdintasun batzorde honek honako eginkizun hauek izango ditu:
– Genero berdintasunaren arloko legeria betetzen dela zaintzea eta, hala balegokio, aukera berdintasunaren printzipioa bermatzeko hartu beharreko prebentzio eta zuzenketa neurriak proposatzea.
– UPV/EHUren berdintasun planak egiten, ezartzen, horien jarraipena eta ebaluazioan parte hartzea.
– Genero berdintasunaren aldeko ekimenak proposatzea eta antolatzea.
10. artikulua.– Kide izaera eta leku hutsak betetzea.
1.– Kide anitzeko organoko kide izatea norberari dagokion ezaugarria da eta ezin da beste inoren gain utzi. UPV/EHUren Estatutuetako 166. artikuluan aipatutako arrazoiengatik utziko dio organoko kide batek kide izateari. Bileretara justifikaziorik gabe huts egitea dela ulertuko da segidako hiru bileratara edo txandakako bost bileratara justifikatu barik huts egitea. Ikasleen ordezkarien kasuan, Ikasleen Arautegian zehaztutakoari jarraituko zaio.
2.– Organoa behin eratuta, bete gabe geratzen diren plazak kasuan kasuko zerrendako ordezkoek beteko dituzte. Aipatutako irizpideari jarraitu ondoren bete gabe geratzen den plaza kopurua talde bateko kideen % 50 baino handiagoa edo organoko kideen % 30 baino handiagoa bada, hauteskunde partzialak egingo dira. Modu horretara hautatutakoek ordezkari eginkizunak beteko dituzte ordezkatu beharreko kideen agintaldia amaitu arte. Organoko idazkariari ordezkoa nor izango den jakinarazi eta astebeteko epean gauzatuko da ordezkapena, postu hutsa noiz jakinarazi den kontutan hartuta.
3.– Era berean, kide anitzeko organoko kide titularrak ordezkatu ahal izango dira kausa justifikaturik badago, besteak beste, kanpoan edo gaixorik badaude. Ordezkapena bideratu ahal izateko, kide titularrek, aipatutako egoeraren batean egonez gero, jakinaren gainean jarriko dute kide anitzeko organoko burua, gutxien dela, bilera hasi baino 24 ordu lehenago.
11. artikulua.– Kide anitzeko organoko kideen eskubideak eta betebeharrak.
1.– Kide anitzeko organoetako kideek organoen bileretara joateko eskubidea eta betebeharra dute, eta arautegi honek ezartzen dizkien eginkizunak bete behar dituzte. Bileretara joateak unibertsitateko gainerako betebeharrak betetzetik salbuetsiko ditu organoetako kideak, baina organoek beharrezko neurriak hartuko dituzte kideak bileretara joan ahal izan daitezen eta aldi berean zerbitzua beteko dela bermatzeko.
2.– Ikastegiak neurriak hartuko ditu ikastegiko ikasleek bateratu ahal izateko jardun akademikoa eta ordezkari zereginak.
3.– Kide anitzeko organoko kideek eskubidea izango dute euren eginkizunak aurrera eramateko beharrezkoak izan ditzaketen dokumentazioa eta informazioa eskatu eta eskuratzeko. Kideek idatziz eskatu beharko dute nahi duten dokumentazioa. Eskarian adierazi beharko dute horretarako eskubidea dutela kide anitzeko organoko kideak direlako, eta labur azalduko dute nola dokumentazio hori behar duten beren eginkizunak bete ahal izateko.
Ikastegiak leukakeen dokumentazioa, gehienez ere, bost egunen epean jarriko da eskatzailearen esku ikastegiko idazkaritzan, behin beronek horretarako eskubidea daukala egiaztaturik.
12. artikulua.– Kide anitzeko organoa eratzea.
1.– Kide anitzeko organoa balioz eratzeko, beharrezkoa izango da kideen gehiengo osoa bertan egotea lehenengo deialdian, edo gutxienez kideen heren bat egotea bigarren deialdian. Deialdi bien artean hamar minututako tartea egon beharko da.
Organoko buruak eta idazkariak beti egon behar dute bileran, edo, bestela, beren ordezkoek.
2.– Organoa bigarren deialdian eratzeko beharrezkoa den quoruma botazio guztietan izango da beharrezkoa.
3.– Hauteskunde prozesu baten ondorioz edo bat-bateko arrazoiengatik kide anitzeko organoan lekuren bat bete gabe badago eta ezinezkoa bada betetzea, organoa balioz eratzeko beharrezkoa den kopururako betetako lekuak baino ez dira kontuan hartuko.
13. artikulua.– Dekanotza.
1.– Ikastegietako kide bakarreko gobernu, ordezkaritza eta administrazio organoa da dekanoa.
2.– Dekanoa kasuan kasuko ikastegiari atxikitako irakasle-ikertzaile iraunkor doktoreen artetik hautatuko da, eta errektoreak izendatuko du. Halako irakasle-ikertzailerik ez balego, irakasle-ikertzaile iraunkorren artetik aukeratuko litzateke.
3.– Farmazia fakultatean sufragio unibertsalez hautatuko da dekanoa eta ezin erabiliko da arautegi honetan aurreikusitako boto eskuordetza.
Dekanoa hautatzeko, onartu egingo da botoa aldez aurretik ematea, Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorraren 7.1 artikuluan zehaztutakoari jarraituz.
UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorraren 18.4 artikuluari jarraituz, Farmazia fakultateko dekanotzarako hautagaitzarekin batera, proposatzen den gobernu taldea eta programa aurkeztu beharko dira.
4.– Dekanoa errektoreak izendatu behar du, eta izendatu ondoren hasiko da bere eginkizunak betetzen. Agintaldia sei urtekoa izango da, luzaezinak eta berriztaezinak.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Batzarreko taldeetako ordezkariek agintean jarraituko dute hautatuak izan zireneko aldia amaitu arte. Postu hutsak betetzeko beharra balego, bere ordezkaritza hautatu zenean indarrean zen arautegiari jarraiki burutuko da.
Aurreko paragrafoan ezarritakoa aplikagarri izango zaie, halaber, gobernu eta ordezkaritza organoei, baldin eta ikastegiko batzarrean unibertsitate komunitatearen kidego ezberdinen isla jasotzen badute.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabe geratzen dira, 2013ko urtarrilaren 25eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako UPV/EHUren Farmazia Fakultatearen Arautegia eta haren aldaketa, Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluak 2021eko azaroaren 9an onartu eta 2022ko urtarrilaren 10ean Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutakoa.
AZKEN XEDAPENA
Arautegi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
RSS