Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

132. zk., 2023ko uztailaren 12a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
3325

ERABAKIA, 2023ko ekainaren 5ekoa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluarena: Arte Ederren Fakultatearen Arautegia aldatzeko dena.

2023ko otsailaren 28ko bileran, Arte Ederren Fakultateko Batzarrak ikastegiko arautegia aldatzea erabaki zuen (2012ko abuztuaren 28ko EHAAn argitaratua), ikastegien esparru arautegi berrira egokitzeko, zeina 2022ko azaroaren 9an jarri baitzen indarrean. Esparru Arautegia bere garaian aldatu zen unibertsitateko Estatutuetara egokitzeko, unibertsitatea osatzen duten taldeek kide anitzeko gobernu eta ordezkaritza organoetan izan beharreko ordezkaritzari dagokionez.

Bestetik, zenbait artikulu berrik ikastegiko gai espezifikoei eragiten dietela kontuan hartuta, eta esparru arautegiaren hainbat zehaztapen aldatu behar direla ikusita, komenigarria da testu osoa berriro argitaratzea, ez soilik egindako aldaketak.

Ikastegiko Batzarrari dagokio ikastegiko arautegia egin eta Gobernu Kontseiluari proposatzea, horrek proposamena onar dezan eta, beraz, arautegia alda dadin.

Proposatutako aldaketak Lege Zerbitzuaren aldeko txostena du.

Gobernu Kontseiluari dagokio ikastegien arautegietan egindako aldaketei behin betiko onespena ematea.

Adierazitakoarengatik, idazkari nagusiak proposatuta, Gobernu Kontseiluak

ERABAKI DU:

Lehenengoa.– Onartzea Arte Ederren Fakultateko Arautegia alda dadin, eta aldaketak jasotzen dituen testu berria argitara dadin, eranskinean jasotzen den moduan.

Bigarrena.– Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.

Hirugarrena.– Arautegia aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Leioa, 2023ko ekainaren 5a.

Errektorea,

EVA FERREIRA GARCÍA.

Idazkari nagusia,

AITOR ZURIMENDI ISLA.

ERANSKINA
ARTE EDERREN FAKULTATEKO ARAUTEGIA

1. artikulua.– Izaera.

1.– Arte Ederren Fakultatea Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) ikastegi bat da.

2.– Fakultateak bere eremuko unibertsitate ikasketak antolatzen ditu eta graduko tituluak, graduondokoak edo bestelakoak lortzera bideratutako ikasketa prozesuak eta administrazioaren arlokoak gidatu, koordinatu eta kudeatzen ditu.

2. artikulua.– Egoitza.

Arte Ederren Fakultatea Bizkaiko Campusean dago eta honako helbide honetan du egoitza: Sarriena auzoa z.g., 48940 Leioa.

3. artikulua.– Araubide juridikoa.

1.– Fakultateak jardungo du indarreko legeriaren, UPV/EHUko Estatutuen eta Ikastegien Esparru Arautegiaren arabera, zeina zuzenean aplikatuko zaion, bai eta barne arautegi honen arabera ere.

4. artikulua.– Ikastegiko Batzarraren osakideak.

1.– Hauek izango dira Ikastegiko Batzarraren osakideak: dekanoa, batzarreko burua izango dena; idazkaria; erantzukizun handieneko administrazio eta zerbitzuetako langilea; dekanoak izendatutako lau dekanorde; eta berrogei kide hautetsi, unibertsitateko talde guztietakoak, honela banaturik:

Lotura iraunkorra duten irakasle-ikertzaile doktoreak: 21 kide (% 52,5).

Lotura iraunkorra daukaten irakasle-ikertzaile ez-doktoreak eta lotura iraunkorra ez daukaten irakasle-ikertzaile doktoreak: 4 kide (% 10).

Gainerako irakasle-ikertzaileak: kide bat (% 2,5).

Ikasleak: 8 kide (% 20).

Administrazio eta zerbitzuetako langileak: 6 kide (% 15).

2.– Ikastegiko Batzarreko kideak lau urterik behin aldatuko dira. Salbuespena ikasleen ordezkariak izango dira, horiek bi urterik behin aldatuko baitira.

3.– Ikastegiko Batzarreko kideak hautatzean, bete egin beharko da Estatutuek xedatutakoa eta UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorrean zehaztutako prozedura.

4.– Kide hautetsi bat berezko kide bihurtzen bada, edo alderantziz, aukera izango du ordezkari izateari uzteko. Hori eginez gero, aplikatuko dira Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorrean ordezkapenak egiteko jasota dauden arauak. Hala egingo ez balu, Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko hirugarren xedapen gehigarria aplikatuko da quorumerako.

5. artikulua.– Batzorde Iraunkorra.

1.– Arte Ederren Fakultateak badu batzorde iraunkor bat, osakide hauek dituena: dekanoa (batzordeko burua izango da); idazkari akademikoa (batzordeko idazkaria izango da); erantzukizun handieneko administrazio eta zerbitzuetako langilea; sei irakasle-ikertzaile doktore iraunkor; irakasle-ikertzaile ez-doktore iraunkorren eta irakasle-ikertzaile doktore ez-iraunkorren ordezkari bat; gainontzeko irakasle-ikertzaileen ordezkari bat; eta administrazio eta zerbitzuetako langile bat.

2.– Batzordeak eskuordetuta izango ditu Sailen Esparru Arautegian Ikastegiko Batzarrari ematen zaizkion eginkizun guztiak, eskuordetu ezinak izan ezik, bai eta Ikastegiko Batzarrak une jakinetan eskuordetzen dizkion kasuan kasukoak ere.

3.– Batzordearen funtzionamendurako oinarrizko arauak Ikastegien Esparru Arautegian Ikastegiko Batzarrerako ezarritakoak izango dira. Batzordea seihileko bakoitzean bi aldiz bilduko da, gutxienez.

6. artikulua.– Akademia Antolakuntzako Batzordea.

1.– Arte Ederren Fakultateko Akademia Antolakuntzako Batzordeak osakide hauek izango ditu, betiere gizonezkoen eta emakumezkoen kopurua orekatua dela, ahal bada: ikastegiko dekanoa edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona (batzordeburua izango da); ikastegiko idazkari akademikoa (idazkaria izango da); ikastegian ematen diren titulazioetako irakasleen ordezkari bana; ikasleen ordezkari bat; eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

Batzorde honetako kide izateko ez da beharrezkoa Ikastegiko Batzarreko kidea izatea.

2.– Batzorde honek ebatziko ditu kredituak aitortzeko edo balioztatzeko eskariak, indarreko legeriari jarraikiz. Batzordeak hartutako erabakien aurkako errekurtsoak aurkeztu ahal izango zaizkio errektoreari. Era berean, ikastegiko Akademia Antolakuntzako Batzordeak proposamenak egin ahal izango dizkio Ikastegiko Batzarrari ikastegiaren jardun akademikoa hobeto antolatzeko.

7. artikulua.– Ikastegiko Kalitate Batzordea.

Ikastegiak badauka kalitate batzorde bat tituluetako curriculumaren plangintza eta jarraipena hobeto egiteko, eta irakaskuntzaren ebaluaziorako txostenak egiteko. Batzordearen osaera eta zereginak arautegi espezifiko batean zehaztuak daude.

8. artikulua.– Beste batzorde batzuk.

1.– Ikastegiko Euskara Batzordea.

a) Arte Ederren Fakultateko Euskara Batzordea parte hartzerako, kontsultarako eta aholkurako organoa da. Osakide hauek ditu: dekanoa edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona (batzordeko burua izango da); idazkaria, batzordekide guztien artean hautatua; irakasleen ordezkari bat sail bakoitzeko; ikasleen bi ordezkari; eta administrazio eta zerbitzuetako bi langile.

b) Ikastegiko Euskara Batzordearen helburua euskararen erabilera bultzatzea izango da, UPV/EHUko planifikazio orokorraren barruan, euskarazko irakats eskaintzaren plangintzan eta jarraipen lanean parte hartzea eta unibertsitate hedakuntzako eta prestakuntzako jarduerak sustatzea.

2.– Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Batzordea.

a) Arte Ederren Fakultateko Berdintasun Batzordea parte hartze, kontsulta eta aholkularitzarako organoa da. Osakide hauek ditu: dekanoa edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona (batzordeko burua izango da); idazkaria, edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona; irakasleen ordezkari bana gradu bakoitzeko; ikasleen bi ordezkari; eta administrazio eta zerbitzuetako bi langile.

b) Berdintasun Batzordearen helburua izango da berdintasun politikak bultzatzea eta ezartzea ikastegiaren gestioko eta ikastegiko bizitzako eremu guztietan.

9. artikulua.– Kide izatea eta leku hutsak betetzea.

1.– Kide anitzeko organoko kide izatea norberari dagokion ezaugarria da eta ezin da beste inoren gain utzi. UPV/EHUren Estatutuetako 166. artikuluan aipatutako arrazoiengatik utziko dio organoko kide batek kide izateari. Bileretara justifikaziorik gabe huts egitea segidako hiru bilerara edo txandakako bost bilerara justifikatu barik huts egitea izango da. Ikasleen ordezkarien kasuan, Ikasleen Arautegian zehaztutakoari jarraituko zaio.

2.– Organoa behin eratuta, bete gabe geratzen diren plazak kasuan kasuko zerrendako ordezkoek beteko dituzte. Aipatutako irizpideari jarraitu ondoren bete gabe geratzen den plaza kopurua talde bateko kideen % 50 baino handiagoa edo organoko kideen % 30 baino handiagoa bada, hauteskunde partzialak egingo dira. Modu horretara hautatutakoek ordezkari eginkizunak beteko dituzte ordezkatu beharreko kideen agintaldia amaitu arte. Organoko idazkariari ordezkoa nor izango den jakinarazi eta bi egun balioduneko epean gauzatuko da ordezkapena.

3.– Era berean, kide anitzeko organoko kide titularrak ordezkatu ahal izango dira kausa justifikaturik badago, besteak beste, kanpoan edo gaixorik badaude. Ordezkapena bideratzeko, kausa justifikatua duten kideek beren egoeraren berri eman beharko diote organoko buruari, bilera hasi baino gutxienez bi ordu lehenago.

10. artikulua.– Kide anitzeko organoetako kideen eskubideak eta betebeharrak.

1.– Kide anitzeko organoetako kideek organoen bileretara joateko eskubidea eta betebeharra dute, eta arautegi honek ezartzen dizkien eginkizunak bete behar dituzte. Bileretara joateak unibertsitateko gainerako betebeharrak betetzetik salbuetsiko ditu organoetako kideak, baina organoek beharrezko neurriak hartuko dituzte kideak bileretara joan ahal izan daitezen eta aldi berean zerbitzua beteko dela bermatzeko.

2.– Ikastegiak neurriak hartuko ditu ikastegiko ikasleek bateratu ahal izateko jardun akademikoa eta ordezkari zereginak.

3.– Kide anitzeko organoko kideek eskubidea izango dute euren eginkizunak aurrera eramateko beharrezkoak izan ditzaketen dokumentazioa eta informazioa eskatu eta eskuratzeko. Kideek idatziz eskatu beharko dute nahi duten dokumentazioa. Eskarian adierazi beharko dute horretarako eskubidea dutela kide anitzeko organoko kideak direlako, eta labur azalduko dute nola dokumentazio hori behar duten beren eginkizunak bete ahal izateko.

Eskatzaileak horretarako eskubidea daukala behin egiaztaturik, hamar (10) eguneko epean, gehienez ere, ikastegiak haren esku jarriko du dokumentazioa ikastegiko idazkaritzan.

11. artikulua.– Kide anitzeko organoa eratzea.

1.– Kide anitzeko organoa balioz eratzeko, beharrezkoa da kideen gehiengo osoa egotea lehen deialdian, edo kideen heren bat egotea, gutxienez, bigarren deialdian. Deialdi bien artean hogeita hamar minutuko tartea egon beharko da.

Organoko buruak eta idazkariak beti egon behar dute bileran, edo, bestela, euren ordezkoek.

2.– Arte Ederren Fakultateko kide anitzeko organoetan botoa eskuordetu ahal izango da, hauteskundeetan izan ezik. Botoa organoko beste kide bati eskuordetu nahi dionak hala jakinarazi beharko dio organoko idazkariari, berak sinatutako idatzi baten bidez, bozketa baino egun bat lehenago gutxienez. Kide anitzeko organoko kideek boto bakar bat izan dezakete eskuordetuta. Organoak eratzeko quorumari dagokionez, ez dira kontuan hartuko eskuordetutako botoak. Botoa eskuordetzeko idatzia bilerako aktari erantsiko zaio.

3.– Kide anitzeko organoa bigarren deialdian eratzeko beharrezko den quoruma botazio guztietan izango da beharrezkoa.

4.– Hauteskunde prozesu baten ondorioz edo bat-bateko arrazoiengatik kide anitzeko organoan lekuren bat bete gabe badago eta ezinezkoa bada betetzea, organoa balioz eratzeko beharrezkoa den kopururako betetako lekuak baino ez dira kontuan hartuko.

12. artikulua.– Erabakiak argitaratzea.

1.– Idazkariak kide anitzeko organoak hartutako erabakien fede eman eta ziurtagiriak egingo ditu.

2.– Arte Ederren Fakultateak hartutako erabakien zerrenda jasoko duen ziurtagiria egingo du idazkari akademikoak, eta ziurtagiri hori argitara emango da hiru egun balioduneko epean, gehienez ere. Ziurtagiri hori ikastegiko Idazkaritzako iragarki oholean jarriko da, eta, halakorik badu, ikastegiko iragarki ohol birtualean, pertsonen intimitatea behar bezala errespetatuz eta datu pertsonalei buruzko legeria betez. Organoko idazkariak eta buruak bermatu egin beharko dute bileran hartutako erabakiak argitaratu egiten direla eta gutxien dela hilabete egongo direla ikusgai. Bitarte horretan aurrera egingo du errektoreari erabakien aurkako errekurtsoak aurkezteko epeak.

3.– Aipatutakoaz gain, pertsonei buruzko erabakiak zuzenean jakinarazi egin beharko zaizkie interesdunei. Erabakiek jakinarazpena egiten den unetik aurrera izango dute eragina, eta jakinarazpenak Administrazio Prozeduraren Legean xedatutako moduan egin beharko dira.

13. artikulua.– Dekanotza.

1.– Dekanoa da ikastegietako kide bakarreko gobernu, ordezkaritza eta administrazio organo bat.

2.– Zuzendaria ikastegiari atxikitako irakasle-ikertzaile iraunkor doktoreen artetik hautatuko da eta errektoreak izendatuko du. Halako irakasle-ikertzailerik ez balego, irakasle-ikertzaile iraunkorren artetik aukeratuko litzateke.

3.– Arte Ederren Fakultatean dekanoa sufragio unibertsalez hautatuko da, eta arautegi honetan aurreikusitako boto eskuordetza ezin izango da kasu honetan erabili.

Dekanoa hautatzeko, botoa aldez aurretik ematea onartuko da, Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 7.1 artikuluan zehaztutakoari jarraituz.

UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 18.4 artikuluari jarraituz, Arte Ederren Fakultateko dekanotzarako hautagaitzarekin batera, proposatzen den gobernu taldea eta programa aurkeztu beharko dira.

4.– Dekanoa errektoreak izendatu behar du, eta izendatu ondoren hasiko da bere eginkizunak betetzen. Agintaldia sei urtekoa izango da, luzaezinak eta berriztaezinak.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Batzarreko taldeetako ordezkariek agintean jarraituko dute hautatuak izan ziren aldia amaitu arte. Postu hutsak dagokion ordezkaritza hautatu zen unean indarrean zen araudiaren arabera beteko dira.

Aurreko paragrafoan ezarritakoa aplikatuko zaie, halaber, haien eraketan batzarreko unibertsitateko kidegoak islatzen dituzten gobernu eta ordezkaritza organoei.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen da 2012ko abuztuaren 28an EHAAn argitaratutako UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko Arautegia.

AZKEN XEDAPENA

Arautegi hau indarrean sartuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.


Azterketa dokumentala