Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

130. zk., 2023ko uztailaren 10a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
3310

EBAZPENA, 2023ko ekainaren 22koa, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez onartzen, argitaratzen eta iragartzen baitira «Renove Industria 4.0» 2023 laguntza-programa arautzen duten oinarriak.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak Sailaren mendeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoak, eginkizuntzat dauka Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) industria-sustapena, lehiakortasuna, enpresen arteko lankidetza, enpresen ikerketa eta garapena, eta abar bultzatzeko jarduerak gauzatzea.

Alde horretatik, SPRI hainbat ekintza garatzen ari da enpresen lehiakortasuna hobetzeko, besteak beste ekipoak eta makineria modernizatuta, eta, horrela, aplikagarria den sektoreko legedia beteta.

Horren ondorioz, Renove Industria 4.0 programaren helburua da inbertsioak sustatzea Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-sarea osatzen duten enpresetan makineria edo ekipamendu aurreratu gaitzaile berrietan (hardwarea eta softwarea), ingurune horiek modernizatzeko eta Fabrikazio Aurreratuaren barruan Industria 4.0 programako proiektuei aurre egin ahal izateko.

Bestalde, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsia) 48.5 artikuluak autonomia-erkidegoko aurrekontu orokorrek finantzatutako erakunde orori agintzen dio dirulaguntza-jarduera, besteak beste, publizitate-printzipiora egokitzea.

Hori guztia dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– «Renove Industria 4.0.» 2023 laguntza-programa arautzen duten oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea; edukia ebazpen honen Eranskin gisa erantsi da.

Bigarrena.– «Renove Industria 4.0» programaren oinarri arautzaileak onesten dituen Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea oso-osorik.

Hirugarrena.– Ebazpen honen kontra berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Administrazio Batzordean, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.

AZKEN XEDAPENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Bilbao, 2023ko ekainaren 22a.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,

AITOR URZELAI INZA.

ERANSKINA
«RENOVE INDUSTRIA 4.0» 2023 LAGUNTZA-PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak euskal ekosistema industriala indartzeko baldintza egokiak sortzea sustatzen du, industriarekin duen konpromisoa indartzen du arlo ekonomikoan jarduteko ardatz nagusi gisa, eta enpresen eskura jartzen ditu lehiakortasunari laguntzeko tresnak.

Horiek horrela, honako helburu hauek lortu nahi dira:

– Industria gehiago: industria Euskadiko ekonomiari dagokion BPGd-aren % 25era iristea.

– Industria hobea: fase berri bat lortzea Industria 4.0 paradigman; jauzi kualitatibo bat ematea euskal enpresak merkatu globalean txertatzean eta nazioarteko lehiakortasunean; lehiakortasunaren hobekuntza orokorra lortzea enpresen, sektoreen eta lurraldeen tipologiari dagokionez; eta enpresen premiak eta profil profesionalen eskuragarritasuna lotzeko oinarriak ezartzea.

– Industria-politika efizientea: Jaurlaritzaren industria-politika modernizatzen eta hobetzen jarraitzea, eta, horretarako, programa aurreratuez baliatzea eta baliabide publikoak gero eta eraginkortasun handiagoz erabiltzea.

– Trantsizio energetikoa:, Euskal ETE industrialak laguntzea jasangarritasunaren, deskarbonizazioaren eta abarren arloan.

Planaren zeharkako ardatza Industria 4.0 kontzeptua da, eta honako hauek dira bere egiteko nagusiak:

– ETEak Industria 4.0 programari eta EIKTen ahalmenari buruz sentsibilizatzea.

– Industria 4.0 programaren euskal ekosistema sendotzea, trakzio- eta lankidetza-gaitasuna duten eragile berriekin.

– Basque Digital Innovation Hub azpiegitura teknologikoen sarea abian jartzea.

– Euskal industriaren digitalizazioa bultzatzea, teknologiei eta negozio-ereduei dagokienez.

– Klusterren arteko lankidetza sustatzea Industria 4.0 programaren inguruan.

– Ekintzailetza aurreratuaren Bind 4.0 programa.

Renove Industria 4.0 programa bat dator helburu horiekin, eta Jaurlaritzak EAEko ETEen lehiakortasuna hobetzen laguntzeko duen konpromisoa gauzatzen du, Industria 4.0rekin lotutako inbertsioekin.

Renove Industria 4.0 Programa 2023 ekitaldirako onetsitako erakundearen Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dago. Plan hori Administrazio Kontseiluaren 2022ko abenduaren 21eko Erabakiaren bidez onartu zen, eta 2023ko ekainaren 13ko Erabakiaren bidez aldatu zen eta programa honek planaren helburu hau lortzen du: «Diruz lagunduko da makineria edo ekipamendu aurreratuaren (hardwarea eta softwarea) erosketa, produktu-industria-prozesuarekin lotutako industria- eta zerbitzu-enpresetan industria 4.0 proiektuak eta horri lotutako aholkularitza- edo ingeniaritza-zerbitzuak ezartzeko.»

1. artikulua.– Xedea.

Oinarri hauen xedea enpresa parte-hartzaileen inbertsioak sustatzera bideratutako laguntza-programa bat arautzea da, makineria edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) erosten laguntzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko produktu-prozesu industrialari lotutako industria- eta zerbitzu-enpresetan industria adimendunaren esparruan teknologiak aplikatzera bideratutako Industria 4.0 proiektuak ezartze aldera.

2. artikulua.– Laguntzen izaera.

1.– Laguntza hauek egoki jasotako eskaeren ondoz ondoko konkurrentzia-prozedurari jarraituz emango dira. Beraz, eskaerak banaka eta modu ordenatuan ebatziko dira, eskaera bakoitza oinarri hauetan eskatutako dokumentazio guztiarekin egoki bete den unearen arabera.

2.– Programa honen esparruan ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak dira.

3.– Programa hau aplikatzearen ondorioz emandako laguntzak garrantzi txikiagoko edo minimis laguntzak dira. Ondorioz, 2013ko abenduaren 18an Batzordeak onartutako 1407/2013 (EB) Araudiak xedatutakoaren mende egongo dira.

4.– Programa honen esparruan emandako dirulaguntzek ez dute lotura zuzenik esportatutako zenbatekoekin, banaketa-sare bat ezarri edo ustiatzearekin edo esportazio-jarduerarekin lotutako beste gastu korronte batzuekin.

3 artikulua.– Terminoak eta definizioak.

Programa honen helburuetarako, definizio hauek ezarri dira:

1.– Laguntzaren intentsitatea. Laguntzaren zenbatekoa, gastu edo inbertsio hautagarrien gehieneko aurrekontu onartuen ehunekoan adierazita.

2.– Enpresa txiki eta ertainak (ETEak), Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioaren arabera.

3.– Ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea): gailua edo gailu-multzoa, bai M2M (Machine-to-Machine), bai M2H (Machine-to-Human edo Human-to-Machine) edo M2M (Machine-to-Human edo Human-to-Machine) prozesatzeko eta konektatzeko gaitasun aurreratuak eskaintzeko gai direnak, eta modu erabat autonomoan, automatizatuan edo mendekoan jardun dezaketenak (gizakiaren esku-hartzea). Horrelako gailuak edo gailu-multzoak industria-ingurune horietan sartzeak/ezartzeak nabarmen lagunduko du horiek digitalizatzen, eta ekoizpen-prozesuen ikuspegitik ingurune erabat konektatuak, seguruak, automatizatuak eta optimizatuak izatea ahalbidetuko du.

Ekipamendu aurreratutzat joko da, halaber, gailu edo gailu-multzo horien funtzionamenduari lotutako softwarea.

4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Dirulaguntza-programa honen helburura bideratutako 2023ko baliabide ekonomikoak 5.000.000 eurokoak dira, eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan horretarako ezarri diren aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. SPRIren aurrekontuak Euskal Autonomia Erkidegoko 2023ko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude.

2.– Funtsen izaera mugatua dela eta, programaren asmoa da laguntzak ahalik eta azkarren ematea eskatu ondoren; beraz, esleipena hurrenkerari jarraituz egingo da, espedientea osorik dagoenean, eta laguntzak ukatuko dira programaren gehieneko zuzkidura gainditzen badute.

3.– Programarako funtsak agortzen badira, programari amaiera emango zaio, eta horren berri emango du SPRIren zuzendari nagusiak sozietatearen web-orrian (www.spri.eus) eta EHAAn argitaratuko den ebazpen baten bidez.

4.– Behin aurrekontu-kreditua bukatuta, ezingo da beste dirulaguntzarik eman eta, hori dela eta, aurkeztu diren baina ebazteke dauden eskaerak ezetsi egingo dira.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak eta baldintza hori lortzeko eskakizunak.

1.– Deialdiaren xede diren laguntzak eskuratu ahal izango dituzte industria- eta zerbitzu-enpresa txiki eta ertainek (ETEak), Industria 4.0 programaren proiektuak inplementatzeko makineria edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) erosteko proiektuak aurkezten badituzte.

Hori guztia baldin eta baldintza hauek betetzen badira:

a) ETEak izatea, Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan ezarritakoaren arabera– Aldizkari Ofiziala (DUE) 2003-05-20ko 124 zk., 0036-0041 or. Baldintza hori egiaztatu ahal izango da, horretarako egindako bisitan.

b) Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera industrialerako zentro bat izatea.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia-jardueren gaineko zergaren dagokion epigrafean alta emanda egotea.

2.– Honako hauek ezin izango dituzte eskuratu deialdiaren xede diren dirulaguntzak:

a) Administrazio publikoko izaera badute edo horietako baten sektore publikoaren parte badira, bai eta % 50ean euskal sektore publikoaren partaidetza dutenak.

b) 2003ko azaroaren 17ko 38/2003 Dirulaguntzen Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean badaude; horien artean daude:

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez izatea.

– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean ez izatea.

– Zehapen penalak edo administratiboak izatea, eta ondorioz dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukerarik ez izatea; edo laguntzak jasotzeko desgaitzen dituen legezko debekua izatea.

– Enpresen eta 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan bakarrik, ez betetzea merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak.

c) Jarduera armen ekoizpen, merkaturatze eta finantzaketaren arloan gauzatzea, abenduaren 28ko 14/2007 Legeak, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunarenak, xedatutakoaren arabera.

d) Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa dela edo barne-merkatuarekin bateraezina dela erabaki ondoren, laguntzak errekuperatzeko agindu baten menpe badaude.

e) Krisialdian dauden enpresak eta erakundeak izatea, Krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Zuzentarauen definizioaren arabera (2014/c 249/01).

f) Sexuagatiko jarduera diskriminatzaileren bat egitea, eta ez izatea zehapen administratibo edo penalik sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik, dagokion zehapenean ezarritako aldian. Halaber, ezingo dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean eduki behar duten baina halakorik ez duten erakundeek, ez eta 50 langiletik gorako enpresek ere, baldin eta egiaztatzen ez badute sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezarri dituztela, Estatuko legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunari buruz ezarritakoaren arabera.

g) Zehapenak jaso izana ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legea ez betetzearen ondoriozko arau-hauste astun edo oso astunengatik.

h) Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun eta oso astunengatik zehapena jaso izan, administrazio-bideko ebazpen irmoaren bidez, harik eta neurri zuzentzaile egokiak egikaritu eta zehapena bete arte.

i) LGTBIfobia egitea, bultzatzea edo sustatzea, konbertsio-terapiak sustatzea eta egitea barne, trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrari eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeari buruzko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.

3.– Dirulaguntzen onuradun izateko aurreko ataletan adierazitako baldintzak bete egin beharko dira laguntza-eskaria aurkezten denetik ematen den dirulaguntza likidatu arte.

4.– Aurreko paragrafoetan aurreikusitako alderdiak modu honetan egiaztatuko dira:

a) SPRIk ofizioz egiaztatuko du honako eskakizunak betetzen direla:

– Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera industrialerako zentro bat izatea.

– Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia-jardueren gaineko zergaren dagokion epigrafean alta emanda egotea.

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko eta/edo erakunde kolaboratzaileekiko betebeharrak egunean izatea, eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean izatea.

Dena den, eskatzaileak berariaz uko egin diezaioke baimena emateari. Hala bada, kasu bakoitzean eskumena duen organoaren administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko ditu.

b) Gainerako baldintzak eskaera egiteko inprimaki elektronikoan txertatuta dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira, eta horien egiazkotasuna, hala badagokio, xede horretarako egindako ikuskapen-bisitan egiaztatuko da.

c) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetan bakarrik egiaztatuko da merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak bete direla, bai erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, bai KIEOn inskribatutako auditorearen ziurtagiriaren bidez.

6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta egikaritze-epea.

Honako hauek lagunduko dira diruz:

1.– Makineria edo ekipamendu aurreratuaren (hardwarea eta softwarea) erosketa, produktu-industria-prozesuarekin lotutako industria- eta zerbitzu-enpresetan industria 4.0 proiektuak eta horri lotutako aholkularitza- edo ingeniaritza-zerbitzuak ezartzeko.

Makineria edo ekipamendu aurreratu hori (hardwarea eta softwarea) teknologia hauek txertatzeko edo erabiltzeko proiektuei aurre egiteko erosi beharko da:

a) Fabrikazio aurreratuaren proiektuak, makineria edo ekipamendu aurreratuarekin (hardwarea eta softwarea), Big Data eta Analitika aurreratuko teknikak barne hartzen dituztenak, industria-inguruneen barruan hainbat iturritatik datozen «datu-bolumen handiak» prozesatu eta aztertzeko. Helburua da enpresetan hainbat eremu eta prozesuri eragiten dieten portaera-ereduak identifikatu (Business Intelligence, Data Mining,...) eta iragartzea. Hala, erabakiak errazago hartuko dira eta lehiakortasuna hobetzen lagunduko da.

b) Fabrikazio gehigarriaren proiektuak, material-mota desberdinen bitartez (plastikoetatik metaletara) ale eta forma geometriko pertsonalizatu berrien produkzio/fabrikazio malgua sustatzen dutenak, sektore edo industria-enpresa bereziaren beharrak asetzeko.

c) Robotika aurreratu eta elkarlaneko proiektuak, denbora errealean langileekin lankidetzan jarduteko robot konektatuak, bestelako robotak, baita makinak ere atxikitzen dituztenak; xedea da prozesuak hobetzea eta instalazioan produktibitatea areagotzea.

d) IIoT (Industrial Internet of Things) proiektuak, fabrikaren barruan gailuei eta makineriari sentsoreak ipini eta Internetera konektatu ahal izatea bermatzeko, denbora errealean informazioa jaso eta trukatzeari begira. Modu horretan, neurri handian, konektatutako gailu eta makineriaren erabilera-aukerak eta jarraipena kontrolatu, automatizatu eta ugaritu egingo dira.

e) Industria-ingurunerako adimen artifizialeko proiektuak, zeinetan instalazioko makinak edota ekipamenduak modu autonomoan ikasi eta erabakiak hartzeko gai izango diren. Halaber, halako proiektuei Machine Learning edo Deep Learning-aren teknikak gehituz gero, besteak beste, instalazioko ekoizpenaren ikuspegitik garrantzitsuak diren portaera edo egoerak iragar daitezke (adibidez, makinen mantentze-lan prediktiboak), objektuak antzeman, irudiak identifikatu edo argibideak iragarri. Horri esker, instalazioko aktibo eta prozesu guztiei buruzko ezagutza automatizatu eta zabal daiteke eta, ondorioz, enpresa jakin batean erabakiak hartzen lagunduko du.

f) Sistema ziber-fisikoen proiektuak, konputazio- eta konektagarritasun-gaitasun aurreratua duten instalazioko osagaiak, objektu fisikoak edo makineria gehitzen dituztenak. Modu horretan, objektu adimentsu bihurtuko dira enpresa jakin baten balio-katean.

g) Errealitate birtualaren proiektuak, mundu simulatuetan edo inguru birtualetan egiazko egoerak berregiten dituztenak.

h) Errealitate areagotuaren proiektuak; hauen barruan erabilitako teknologiei esker, erabiltzaileak gailu teknologikoaren bitartez egiazko munduaren zati bat ikusiko du eta gailuak informazio grafikoa erantsiko du. Modu horretan, egiazko informazioa edo informazio fisikoa informazio birtual osagarriarekin areagotuko da.

i) Biki digitalen (Digital Twins) proiektuak, objektu edo sistema baten erreplika birtuala sortzen dutenak, beren egiazko kidearen portaera simulatzeko. Helburua monitorizatzea da, egoera zehatzetan portaera aztertu eta eraginkortasuna hobetzeko. Beste abantaila batzuen artean, produktuak garatu eta testatzea produktu fisikoarekin egitea baino merkeagoa eta eraginkorragoa izatea ahalbidetzen du. Horrez gain, eredu birtualaren kopia asko egin daitezke, eta agertoki ugari kontuan hartuta testatu ere bai.

2.– Gastu hautagarria egiaztatzeko, aldeek (laguntzaren eskatzailea eta fabrikatzailea/hornitzailea) onartutako enkargua edo kontratua eta fakturarekin erosi den makineria edo ekipamendu aurreratuaren zenbatekoaren % 10, gutxienez, ordaindu izanaren agiria aurkeztuko dira.

3.– Industria 4.0 proiektuan sartuko dira ezarri nahi den makineria berria edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea), bai eta proiektuari lotutako aholkularitza- edo ingeniaritza-gastuak ere. Horren guztiaren baturak 50.000 euroko gutxieneko zenbatekoa izan beharko du (BEZik gabe), eta erakunde eskatzailearen ustiapen ekonomikoaren ekoizpen-prozesuari lotuta egon beharko du; era berean, enpresa onuradunean hornitu eta instalatu beharko da.

4.– Aholkularitza/ingeniaritzako gastuak ezingo dira proiektuaren aurrekontu osoaren % 25 baino handiagoak izan. Aholkularitza-/ingeniaritza-lanetarako proiektuaren guztizko aurrekontuaren % 25etik gorako zenbatekoa bideratzen bada, doikuntza bat egingo da partida horretan, gehienez ere proiektuaren guztizko aurrekontuaren % 25era mugatzeko.

5.– Erositako makineria berria eta/edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera entregatu eta jarri beharko da abian, eta, edonola ere, eskaera aurkeztu eta hurrengo 12 hilabeteetan.

6.– Ez dira onartuko diruz lagundu daitezkeen jarduera gisa artikulu honetan deskribatutako produktuak edo zerbitzuak, erakunde onuradunaren produktu/zerbitzuei buruzko katalogoan badaude.

7. artikulua.– Gastu hautagarriak eta aplika daitezkeen baldintzak.

1.– Gastu hautagarritzat hartuko dira makineria eta/edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) erostetik eratorritakoak, bai eta aurreko artikuluan deskribatutako teknologien barruan Industria 4.0 proiektuak ezartzeko sortutako aholkularitza-/ingeniaritza-gastuak ere.

2.– Fakturan aplikatutako balio erantsiaren gaineko zerga ez da izango gastu hautagarria.

3.– Gastu eta inbertsio hautagarriak baloratzeko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Oinarri hauetako 6. artikuluan deskribatutako diruz lagundu daitezkeen jardueretatik eratorritako gastuak izan beharko dira, eta horietan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

b) Deskontuak eta antzekoak izanez gero, gastua gutxitu egingo da.

c) Gastu hautagarria euroa ez den dibisan balioetsiz gero, eurora pasako da fakturaren datan dagoen kanbio-tasaren arabera.

d) Ez dira inola ere gastu hautagarriak izango makineria eta/edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) erosteak eta erakunde eskatzaileak berak edo taldeko enpresek edo laguntzaren eskatzailearekin akzioen edo partaidetzen bidez zuzenean edo zeharka lotutakoek egindako aholkularitza- edo ingeniaritza-zerbitzuek eragindako gastuak.

e) Honako jarduketa hauek ez dira diruz lagunduko:

– Prozesuetako eta laguntzeko elementuen instalazioak berritzea eta/edo hobetzea.

– Inbertsiotik eratorritako gastu finantzarioak, langile propioenak eta lursailak erostetik eratorritakoak.

– Erabilitako ekipoak erosteko inbertsioak.

f) Makineria berria eta/edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) erostean, finantza-errentamenduaren bitartez finantza daiteke eta diruz lagundu ahal izango da, betiere enpresak eragiketa egiten duen finantza-erakundearen aurrean erosketa-aukera erabiltzeko konpromisoa berariaz hartzen badu. Ildo horri jarraikiz, konpromisoa idatziz jasota duen dokumentua entregatuko du, bi erakundeen sinadura eta zigiluarekin.

4.– Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 31.3 artikuluan aurreikusitakoa aplikatuz, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak kontratazio publikoaren arloan indarrean dagoen araudian kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, onuradunak hornitzaile desberdinei gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko dizkie obra kontratatu, zerbitzua eman edo ondasuna entregatu aurretik, merkatuan ez badago halako zerbitzurik eskaintzen duen erakunderik edo gastua dirulaguntzaren aurretik egin bada salbu.

5.– DLOaren 29. artikuluan eta DEOaren 68. artikuluan aurreikusitakoarekin bat, ulertuko da onuradun batek azpikontratatu duela hirugarrenekin dirulaguntzaren xedea den jardueraren egikaritze osoa edo partziala hitzartzen badu. Kontzeptu horretatik kanpo gelditzen da onuradunak bere kabuz diruz lagundutako jarduera egiteko egin behar ordaindu behar dituen gastuak. Ildo horretatik, hirugarrenekiko azpikontratazioa edo kontratazioa diruz lagundutako jardueraren % 100eraino irits daiteke, eta hirugarrenekin diruz lagundutako jarduerak kontratatu edo azpikontratatzeko aplikagarriak izango dira DLOaren 29. artikuluan jasotako gainerako aurreikuspenak.

6.– Nolanahi ere, oinarri hauen testuinguruan diruz lagun daitezkeen gastutzat hartuko dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 23/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluarekin bat datozenak.

8. artikulua.– Laguntzen modalitatea eta zenbatekoa.

Deialdi honen xede diren laguntzak dirulaguntza gisa egituratuko dira onartutako gastu eta inbertsio hautagarriei buruzko neurrietan adierazitako ehuneko eta kopuruetan.

Dirulaguntzaren ehunekoa, laguntza-eskaera bakoitzerako «onartutako gehieneko gastu/inbertsioen aurrekontuekiko», % 25ekoa izango da.

Makineria eta/edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) erosteko eta aholkularitza- edo ingeniaritza-gastuak ordaintzeko laguntza-eskaera bakoitzeko gehieneko dirulaguntza 100.000 eurokoa izango da.

9. artikulua.– Laguntzak metatzea eta mugak.

1.– Programa honetan jasotako laguntzak eskuratzen dituzten erakundeek beste laguntza bateragarri batzuk edo Europako Erkidegoko beste finantzabide batzuk eskura ditzakete, betiere gastu hautagarrietarako gehieneko laguntzaren intentsitatea errespetatzen badute.

2.– Nolanahi ere, laguntzaren zenbatekoa ez da inolaz ere izango erosi beharreko makineria edo ekipamendu aurreratuaren (hardwarea eta softwarea) kostua eta Industria 4.0 proiektuarekin lotutako aholkularitza- edo ingeniaritza-gastuak baino handiagoa, ez bera bakarrik, ez beste edozein administraziok edo haren sektore publikoek nahiz erakunde pribatuek helburu bererako emandako beste batzuekin batera. Beste laguntza publiko batzuk eta programa honen babesean emandakoa batu ondoren, kostua gaindituz gero, programa honetan araututako laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da makineria eta/edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) erosteari begira gainfinantzaketa saihesteko neurrian.

3.– Programa hau aplikatuz ematen diren laguntzak garrantzi txikiagoko edo minimis laguntzak izango dira.

4.– Enpresa onuradun batek jaso dezakeen gehieneko minimis laguntza ezingo da 200.000 eurotik gorakoa izan, egungo ekitaldi ekonomikoa (2023) eta aurreko biak (2021 eta 2022) aintzat hartuta.

5.– Minimis laguntzak ez zaizkio metatuko Estatuko inongo dirulaguntzari, diruz lagun daitezkeen gastu horiei dagokienez, baldin eta metatze horrek gainditu egiten badu laguntzaren intentsitatea edo dagokion gehieneko laguntzaren kopurua. Gehieneko kopuru hori kasu bakoitzaren ezaugarri zehatzen arabera dago ezarrita, kategorien araberako salbuespen-araudi baten edo Batzordeak harturiko erabaki baten bitartez.

6.– Aurrez aipatutako muga horiek edo programa honek zehazten dituen beste batzuk gaindituz gero, soberako kopurua murriztu egingo da programaren arabera emandako zenbatekotik.

7.– Minimis laguntzak emandakotzat joko dira enpresari aitortzen zaionean baduela legezko eskubidea laguntza jasotzeko.

10. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.

1.– Eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta oinarri hauen ondoriozko gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoak erabiliz egingo dira SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia erakundearen helbide elektronikoaren bidez.

2.– Izapidea bide elektronikoarekin bidez egiteko jarraibideak eta eskaera-eredua, erantzukizunpeko adierazpenaren eredua eta gainerako ereduak egoitza elektroniko horretan egongo dira eskuragarri.

3.– Laguntza-eskaera, eskatutako dokumentazioarekin batera, hautatutako hizkuntza ofizialean aurkez daiteke. Era berean, laguntza-eskaeraren ondorioz sortutako jardueratan eta prozedura guztian zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da azaroaren 24ko 10/1982 Legeak, euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoak, xedatutakoaren arabera.

11. artikulua.– Laguntza eskatzea.

1.– Aurreikusitako laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten erakundeek laguntza-eskaera egiteko inprimakiak bete beharko dituzte SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren helbide elektronikoan.

2.– Eskaera hori erakundea ordezkatzeko ahalordea duen pertsonak sinatuko du sinadura elektroniko aurreratuaren bitartez (onartutako ziurtagiri elektronikoa). Eskaeraren sinadura elektronikoa SPRIk gaitutako helbide elektronikoan aurkezten den eguna hartuko da aurkezpen-datatzat.

3.– Eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela automatikoki egiaztatuko da, behar adina aldiz, salbu eta aurka ez badaude, modu arrazoituan. Kasu horretan, betebehar horiek bete dituztela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko dute.

Era berean, eskabidearekin batera, SPRIri baimena ematen zaio enpresa JEZn alta emanda dagoen epigrafea kontsultatzeko. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, kasu horretan, dagokion ziurtagiria edo eskatutako agiria aurkeztu beharko du.

4.– Laguntza-eskaeran jaso beharko dira erakunde eskatzailearen eta bere legezko ordezkariaren identifikazio-datuak.

5.– Laguntza-eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Erakundearen legezko ordezkariak sinatutako erantzukizunpeko adierazpena. Erakundearen legezko ordezkariak egindako eskaerari erantsitako ereduaren araberako adierazpena; honako inguruabar hauek jasoko dira:

– Erakundearen legezko ordezkariaren izen-abizenak, Nortasun Agiri Nazionala (NAN) edo atzerritarraren identifikazio-zenbakia (AIZ).

– Erakundearen izena, Identifikazio Fiskaleko Zenbakia (IFZ) edo Kodea (IFK) eta egoitza soziala.

– Erakunde eskatzaileak gutxienez jarduera ekonomikoari dagokion zentro baten egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea. Nolanahi ere, bertan ipiniko da laguntzaren eskaeran deskribatutako makineria edota ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea).

– Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia-jardueren gaineko zergaren dagokion epigrafean alta emanda egotea.

– - Egunean egotea Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko edota haren kolaboratzaileekiko zerga betebeharretan.

– 2021, 2022 eta 2023 ekitaldi fiskaletan jasotako minimis laguntzen zerrenda, bertan adieraziz laguntza hori noiz eman zen, zein organismok eman zuen, zein programaren barruan eta emandako laguntzaren zenbatekoa.

– Proiektu bererako eskatu diren edo erakunde publiko edo pribatuek eman dituzten laguntzen zerrenda, eskaeraren eta hala badagokio emakidaren data, organismoa, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.

– Enpresaren tamaina zehazteko datuak xehatzea laguntza-eskaeraren barruan, horretarako gaitutako atalean.

– Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 31.3 artikuluan aurreikusitakoa aplikatuz, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak kontratazio publikoaren arloan indarrean dagoen araudian kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, onuradunak hornitzaile desberdinei gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko dizkie obra kontratatu, zerbitzua eman edo ondasuna entregatu aurretik, merkatuan ez badago halako zerbitzurik eskaintzen duen erakunderik edo gastua dirulaguntzaren aurretik egin bada salbu.

– Oinarri hauetako 5 artikuluko baldintzak betetzea, eta bereziki hauek:

– Enpresa eskatzaileak ez izatea dirulaguntza publikoak ez jasotzeko zigor penal edo administratiborik edo laguntzak jasotzeko legezko debekurik, sexu-diskriminazioarekin lotutako arrazoiak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoari jarraikiz, eta, halaber, betetzen dituela Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen bigarren aldaketa egiten duen martxoaren 3ko 1/2022 Legearen azken xedapenetako laugarrenean jasotako aurreikuspenak.

– Enpresa eskatzaileak ez izatea oraindik izapidetzen ari diren itzultzeko prozedurarik edo zehapen-prozedurarik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo dirulaguntzen testuinguruan.

– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean izatea.

– Ez egotea berreskuratzeko agindu baten menpe Batzordearen aurretiazko erabaki bati jarraikiz, zeinaren bidez laguntza bat ilegaltzat edo barne-merkatuarekiko bateraezintzat jo den, eta ez izatea krisian dagoen enpresa bat, krisian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatuko laguntzei buruzko erkidegoko gidalerroekin bat (EBAO 2014/C 249/01).

– Enpresa eskatzaileak ez edukitzea Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13.2 artikuluan ezarritako debekurik.

– Ez jardutea armen ekoizpen, komertzializazio edo finantzaketan, Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legean xedatutakoarekin bat.

– Konpromisoa hartzea jasotako laguntzaren aurrerakina enpresaren kontabilitatean pasibo gisa islatzeko eta SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari itzultzeko, baldin eta itzultzea agintzen duen ebazpen bat ematen bada.

b) Legezko ordezkariaren notario-ahalordea. Onuraduna langile autonomoa baldin bada, dagokion foru-aldundiaren edo udaleko ogasun-sailaren ziurtagiri eguneratua, jarduera ekonomikoa egiaztatuko duena.

c) Erakunde onuradunaren IFZ.

d) Erositako makineria berria edo ekipamendu aurreratuaren (hardwarea eta softwarea) salerosketa-kontratua, bi aldeek sinatutakoa edo aldeek onartutako eskaria.

e) Ordainketaren % 10eko faktura gutxienez eta makineria edo ekipamendu aurreratuaren banku-ordainketen ordainagiria, kontuetan edo ordainketarako banku-ziurtagirian islatuta.

f) Egin nahi den proiektuaren deskripzio-memoria tekniko-ekonomikoa (gehienez 25 orrialde).

Memoria horrek honako alderdi hauei buruzko informazio xehatua jaso beharko du halabeharrez:

– Enpresaren egungo jarduera eta egoera (teknologian oinarrituta).

– Ebatzi beharreko arazoa edo hautemandako beharra. Lortu nahi diren helburuak.

– Makineria eta/edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) gehituta jorratu nahi den Industria 4.0 proiektuaren deskripzioa (ez funtzionalitateen katalogoa). Halaber, proiektuak oinarri hauen 6. artikuluan adierazten diren teknologiekiko duen doikuntza edo lerrokadura ere justifikatu beharko da (proiektuaren alderdi nagusien ezaugarriak, beste sistemekiko konektagarritasunari edo integrazioari, datuen bilketa eta ustiaketari, eta abarri dagokienez).

– Enpresa onuradunak Industria 4 proiektuari esker lehiakortasuna hobetu izana justifikatzea (prozesu berriak, ekoizpena handitzea, etab.). 0.

– Industria 4.0 proiektuak enpresa onuradunaren emaitzetan izandako eragina, fakturazioa handitzeari, enplegua sortzeari eta esportazio-ehunekoari dagokionez.

– Hornitzaileak kontuan hartuta, erakunde onuradunak Industria 4.0 proiektuaren edo inbertsioen efektu eragilea justifikatzea.

– Makineria edo ekipamendu aurreratuan (hardwarea eta softwarea) ingurumena eta energia kontuan hartu direla justifikatzea.

– Makineria edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) ezarri eta abian jartzeko egutegia.

6.– Enpresa onuradunak eta SPRIk baliozkotasuna emango diete enpresak laguntza-eskaeran adierazitako harremanetarako pertsonaren helbide elektronikora bidalitako komunikazio guztiei. Soilik harremanetarako posta elektronikoko kontu gisa onartuko da programaren onuradun gisa agertzen den enpresari dagokiona.

12. artikulua.– Laguntza-eskaerak aurkezteko epea.

Laguntza-eskaerak aurkezteko epea oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasi eta 2023ko azaroaren 8an amaituko da. Dena dela, eskatzaileentzako arreta teknikoa 2023ko azaroaren 8ko 15:00etan amaituko da (Espainiako ordutegi penintsularra).

13. artikulua.– Ebaluazio- eta ebazpen-prozedura.

1.– Laguntza-eskaerak espedientea osorik dagoen unean ebaluatu eta ebatziko dira, adjudikazio zuzenaren bidez; hortaz, eskaerak aurkezpen-ordenaren arabera ebatziko dira, betiere aurrekontu-kreditua badago.

2.– Laguntza-eskaerak ebaluatzea. Hautespen Batzordeak aztertuko ditu epearen barruan aurkeztutako eskaerak, eta programa honetan xedatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatuko du. Hautespen Batzordea honako hauek osatuko dute; Aitor Cobanera Rodriguez, SPRIko Enpresa Sustapeneko zuzendaria (presidentea); Ana Belen Camacho Vera, Eusko Jaurlaritzako Industria eta Trantsizio Energetikoko zuzendaria; Agustín García Pérez, Eusko Jaurlaritzako Industria eta Trantsizio Energetikoko zuzendaritzaren teknikari arduraduna; eta Imanol Cuétara Camiruaga, SPRIko Ekintzailetza eta Sustapen arloaren arduraduna (idazkaria). Hautespen Batzordea, ezarritako esleipen-irizpideak aplikatuz, dagokion txostena bidaliko dio SPRIko zuzendari nagusiari, honako hauek adieraziz: onuradun gisa proposatutakoen nortasuna, balorazio-fasean lortutako puntuazioa, proposatutako jarduketa, zenbatekoa eta uko egiteko proposatutakoak, uko-egite horren arrazoiak adierazita.

3.– Proiektuak ebaluatzeko, irizpide eta puntuazio hauek aplikatuko dira:

– Industria 4.0 proiektuaren gaitasuna enpresaren teknologia- eta berrikuntza-maila bultzatzeko (40 puntu).

– Industria 4.0 proiektuaren emaitza gisa enpresan espero den lehiakortasunaren hobetze-maila (20 puntu).

– Industria 4.0 proiektuak enpresaren emaitzetan izandako eragina, fakturazioa handitzeari, enplegua sortzeari eta esportazio-ehunekoari dagokionez (15 puntu).

– Proiektuaren aurkezpen-dokumentazioaren kalitatea. Helburuen, zereginen eta kostuen definizio-maila. Industria 4.0 proiektuak eta laguntzen aginduan deskribatutako teknologiek duten egokitze- edo lerrokadura-maila. (10 puntu).

– Proiektuak edo egindako inbertsioek hornitzaileengan duten ondore eragilea. (10 puntu).

– Makineria eta/edo ekipamendu aurreratuan (hardwarea eta softwarea) ingurumena eta energia kontuan hartu direla justifikatzea. (5 puntu).

4.– Irizpide bakoitzak lor daitekeen gehieneko puntuazioa du. Puntuak definitutako irizpideen betetze-mailaren arabera lortuko dira.

5.– 50 puntu baino gutxiago jasotzen dituzten eskaerak ezetsi egingo dira.

6.– Ebazpena SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiak emango du, adjudikazio zuzeneko erregimenean. Ebazpenaren horren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko da SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epe eta moduan, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahalko da Bilboko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan.

7.– Ebazteko epea. Gehienez ere 6 hilabeteko ebazpen-epea ezartzen da, eskaera eta oinarri hauetan eskatzen den dokumentazio guztia aurkezten direnetik zenbatzen hasita. Ebazpena ez bada epean ematen, gaitzespen-ebazpentzat joko da.

8.– SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak jakinaraziko dizkie ebazpenak erakunde eskatzaileei, ematen den dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziz, baita hura garatzeko beharrezkoa den beste edozein baldintza ere.

9.– Esleitutako laguntzen ezagutza orokorrerako, SPRIren webgunean eta EHAAn argitaratuko dira.

14. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.

1.– Behin diruz lagundu daitekeen jarduketa amaitzean (erositako makineria eta/edo ekipamendu aurreratua instalatu edo ezartzea, eta hilabete bateko epean, erakunde onuradunek hori justifikatu beharko dute SPRIren webgunean eskuragarri dauden likidazio-eskaeraren inprimakiak erabiliz.

2.– Likidazio-eskaera erakundea ordezkatzeko ahalordea duen pertsonak sinatu beharko du, sinadura elektroniko bidez. Aurkezpen-datatzat hartuko da SPRIren sistemetako sinadura elektronikoarena.

3.– Likidazio-eskaerak erakunde eskatzailearen eta haren legezko ordezkariaren identifikazio-datuak jaso beharko ditu.

4.– Likidazio-eskaera dokumentazio honekin batera aurkeztu beharko da.

a) Gastu eta inbertsio hautagarrien fakturak, makineria eta/edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) erosteko kostu eta aholkularitza- edo ingeniaritza-gastu bereiziekin.

b) Finantza-erakundearen ordainagiriak.

c) Egindako lanak, makineria eta/edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) ezarri eta abian jarri izana eta horiek aurkeztutako Industria 4.0 proiektuan erabili izana egiaztatzeko deskripzio-memoria (gehienez 25 orrialde). Memoriak honako atal hauek jaso beharko ditu, eta erantzuna emango die:

– Egindako proiektuaren emaitza gisa lortutako hobekuntzak edo onurak.

– Egindako lanen eta makineria eta/edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) egindako proiektuan erabili izanaren deskripzioa.

– Industria 4.0 proiektuaren hurrengo urratsen deskripzioa / jarraipena, behin erositako makineria eta/edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) ezarri ondoren.

– Hasierako planarekiko desbideratzeak.

– Makineria eta/edo ekipamendu aurreratuko (hardwarea eta softwarea) eta egindako proiektuko inbertsioen deskribapena eta ebidentziak (pantaila-argazkiak, irudiak, bideoen estekak...).

d) Finantza-erakundearen ziurtagiria, onuradunaren titulartasuna eta kontu korrontearen zenbakia (IBAN) egiaztatzen duena, hura aldatuz gero aurretik aipatutakoari begira.

e) Ez dira kontuan hartuko DLOren 31.3 artikulua betetzen ez duten gastuak, aplikatzekoa denean, merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeei dagokienez.

5.– Ebazpena Zuzendaritza Nagusiak emango du, eta eskatzaileari jakinaraziko zaio; halaber, haren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epe eta moduan.

15. artikulua.– Laguntza- edo likidazio-eskaeren zuzenketa.

1.– Laguntza- edo likidazio-eskaera ez badira guztiz betetzen edo ez bada haiekin batera eskatutako gainerako dokumentazioa aurkezten, SPRIk erakundearen legezko ordezkariari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean hutsune hori betetzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko.

2.– Epe hori igarotzean erakunde onuradunak ez badu hori egin, SPRIk espedientea eten ahalko du, eta erakunde eskatzaileari horren berri emango dio.

16. artikulua.– Dirulaguntzaren ordainketa.

1.– Emandako dirulaguntza bi zatitan ordainduko da:

– Lehen ordainketa, emandako dirulaguntzaren zenbatekoaren % 50ekoa, jakinarazi ondoren, oinarri hauen 17.1 a) artikuluan aurreikusitako epea igaro ondoren, uko-egite espresik gabe.

– Bigarren ordainketa, emandako dirulaguntzaren gainerako zatiarena; SPRIko zuzendari nagusiaren likidazio-ebazpenean zehaztuko da zenbatekoa, dirulaguntza justifikatu ondoren, oinarri hauen 14. artikuluan ezarritako baldintzetan.

Ez da ordainketarik egingo onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekin lotutakoak betetzen ez baditu edo itzultze-bidezkotasunaren ebazpenagatik zorduna bada.

2.– Egindako gastu hautagarria laguntza esleitzeko ebazpenean onetsitako aurrekontua baino txikiagoa bada, proportzionalki doituko da, 8. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz.

17. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Oinarri hauen testuinguruan esleituko diren dirulaguntzen erakunde onuradunak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. Artikuluetan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrei daude lotuta, eta, zehazki honako hauei:

a) Emandako laguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntzaren emakidaren jakinarazpenaren harrera-data eta hamar egun balioduneko epean erakunde onuradunak ez badio espresuki uko egiten hari SPRIren aurrean, ulertuko da hura onartuta gelditu dela.

b) Emandako laguntza jarduketa-plana aurrera eramateko erabiltzea, baita esleipenaren xede izan ziren gastuak finantzatzeko ere; hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko zentro batean erositako makineria eta/edo ekipamendu aurreratuaren (hardwarea eta softwarea) ezartzeko.

c) Onartzea SPRIk beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio gehigarri guztia eskatu ahal duela, eta SPRIk izendatutako langileek beharrezko eta komenigarritzat jotzen dituzten egiaztapenak egin ditzaketela euren instalazioetan, esleitutako laguntzaren xede den proiektua egikaritu dela eta eskatutako baldintzak bete direla egiaztatzeko.

d) Faktura guztiak gordetzea eta SPRIren, Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea lau urteko epean zehar, gastu hautagarriak egiten direnetik zenbatzen hasita.

e) Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari edo beste kontrol-organo eskudun batzuei, bai nazionalak eta bai komunitarioak, eskatutako informazioa ematea laguntzen jomugaren fiskalizazio-funtzioak betetzean.

f) Berehala jakinaraztea SPRIri eskaera edo dirulaguntza edo laguntzak jaso izana, baita diru-sarrera edo baliabideak ere, hemen araututako laguntzen xede bera badute, edozein Administrazio edo erakunde publiko edo pribaturen eskutik jasotakoak.

g) SPRIri laguntza esleitzeko kontuan hartutako edozein inguruabar aldatu dela jakinaraztea.

h) Programa honen bitartez emandako dirulaguntzaren jatorriaren publizitate egokia egitea.

i) Hizkuntza eta irudien erabilera ez-sexista egitea diruz lagundutako proiektua osatzen duten dokumentu eta euskarrietan.

2.– Onuradunak diruz lagundutako makineria eta/edo ekipamendua Euskal Autonomia Erkidegoan izan beharko du gutxienez hiru urtez, hura abian jartzen den egunetik zenbatzen hasita.

18. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

1.– Laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak, beste Administrazio edo erakunde publiko edo probatuek emandako laguntza edo dirulaguntzak eta xede bererako beste edozein diru-sarrera edo baliabideak aldatzen badira, laguntza emateko ebazpena ere aldatu ahalko da, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusiaren Ebazpenaren bidez, betiere programa honetan ezarritako gutxieneko baldintzak babesten badira.

2.– Halaber, erakunde eskatzaileen eskaera eta justifikazioaren ondoren, programaren kudeaketa-arduradunak luzapen bat eman ahalko du egin beharreko jarduerak egikaritzeko, betiere ez bada 12 hilabete baino gehiagoz gainditzen diruz lagundutako jarduera egiteko gehieneko epea (erositako makineria eta/edo ekipamendu aurreratua instalatu edo ezartzea), 12 hilabeteko iraupenerako finkatu dena.

3.– Jarduketak laguntza-eskaeran eta aurkeztutako dokumentazio osagarrian jasotakoak izango dira, eta aldaketak baimendu ahalko dira, betiere aldaketa horiek aldez aurretik justifikatu baditu erakunde onuradunak, amaitu aurretik, eta ez bada hutsaltzen programa honek hasiera batean jarraitutako jarduketa eta helburuen izaera.

19. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketak.

1.– Erakunde onuradunek oinarri hauetan eta gainerako arau aplikagarrietan ezarritako baldintzak edo laguntzen emakidaren ebazpenean ezarritako baldintzak urratzen badituzte, emandako laguntza jasotzeko eskubidea galduko dute, eta SPRIri ordura arte jaso dituzten laguntzen zenbatekoa itzultzeko betebeharra izango dute; horrekin batera, dagozkien berandutze-interesak ere ordaindu beharko dituzte, eta, beharrezkoa izanez gero, itzulketa hori lortzeko ekintza legalak abiaraziko dira.

2.– Edonola ere, ez-betetzetzat joko dira honako hauek artikulu honetan aurreikusitakoaren arabera:

a) SPRIren baimenik gabe laguntza-eskaeran eta dokumentazio osagarrian aurreikusitako jarduketak aldatzea. Egikaritzearen edozein aldaketa SPRIri ez jakinaraztea eta aldaketa horrek laguntzaren emakidaren azterketa-baldintzak aldatzen baditu, ez betetzetzat joko da ondore horietarako. Aldaketak baimendu ahalko dira, betiere SPRIri eskatzen bazaizkio eta erakunde onuradunak justifikatzen baditu, ahal den neurrian, proiektuan aplikatu aurretik, betiere ez bada hutsaltzen programa honek hasiera batean jarraitutako jarduketa eta helburuen izaera.

b) Gastu hautagarriak epean ez justifikatzea edo ez betetzea programa honetan edo laguntza emateko ebazpenean eskatutako baldintzak.

c) Diruz lagundutako proiektua egikaritzeko ezarritako epeak gainditzea, betiere ez badago aldaketa- edo luzapen-baimenik.

d) Laguntza lortu izana programa honetan jasotako baldintzak bete gabe edo laguntzaren emakidari begira ezarritakoak urratuz.

e) Programan edo laguntzaren emakidan aurreikusitako kontrol-neurriei uko egitea edo oztopatzea.

f) Proiektua beste edozein modutan desbideratzea edo ez betetzea laguntzaren emakidaren ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar.

g) Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako arrazoiak.

3.– SPRIren Zuzendaritza Nagusiaren zeregina izango da itzultzeko prozedura hastea, izapidetzea eta ebaztea.

4.– Deialdi honetan, gainerako arau aplikagarrietan eta hala badagokio emakidaren ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen ez badira, hura indargabetuko da, ez-betetzearen aurretiazko espedienteari jarraikiz, eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari laguntzak itzuli beharko zaizkio, berandutze-interesekin batera, 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren II. Tituluan xedatutakoari jarraikiz, dagozkien ekintza legal eta zehapenei kalterik egin gabe. Indargabetze- eta itzulketa-espedienteak (partziala edo totala) abiarazi eta ebaztea SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusiari dagokio.

5.– Programaren xede den jardueraren kostua gainditzen duen laguntza-zatia ere itzuli beharko da gehiegizko finantzaketa gertatzen bada beste laguntzen pilaketaren ondorioz hura kobratu ondoren (9. artikuluan arautzen da). Kasu horretan itzuli beharreko zenbatekoa gertakaria adierazten duen eta itzulketa agintzen duen ebazpenean zehaztuko da.

AZKEN XEDAPENetaKO LEHENENGOA

Programa honi araudi hau aplikatu ahal zaio:

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua), dirulaguntzen arloko oinarrizko legedia osatzen duen aldetik.

2.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketaren jardunbide orokorra arautzen duen eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua.

4.– Abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa eta Europako Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 Zuzentaraua, Europar Batasunaren minimis laguntzen funtzionamendu-itunaren 107. eta 108. artikuluen aplikazioari buruzkoa. (EBAO 2013 L 352/1).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

DPB-EDBLOn, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorrean (aurrerantzean, DBEO) eta datu pertsonalen babesaren arloan aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritakoarekin bat etorriz, jakinarazten da SPRIk tratatuko dituela emandako datuak, eta bere Tratamendu Jardueren Erregistroan sartuko dituela.

Deialdiaren interes publikoan eta parte-hartzeko egin duzun eskaeran oinarrituta, tratamendu horren xedea da eskatu duzun laguntzaren espedientea kudeatzea, datu pertsonalak tratatzeko oinarri juridikoa SPRIk duen interes publikoa baita, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia gisa sortzeko estatutuetan ezarritako helburuak betez.

Informazio hori gai horretan eskuduna den Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei laga ahalko zaie.

Datuak laguntza emateko espedientea izapidetu bitartean eta legez eskatu daitekeen epea iraun bitartean gordeko dira, lege-betebeharrak betetzeko xedez.

Interesdun guztiek eskubide hauek egikaritu ahal izango dituzte: datuak zuzentzea edo ezereztea, tratamendua mugatzea, datuen eramangarritasunari aurka egitea edo tratamendu automatizatuan soilik oinarritutako erabaki baten xede ez izatea, bai eta datuen babesaren inguruan aplikagarria den araudian aurreikusitako beste edozein eskubide ere, idatzizko jakinarazpen baten bidez, honako helbide elektroniko honetara bidalita: lopd@spri.eus Halaber, interesdunek gure datuak babesteko ordezkariarekin harremanetan jar daitezke, idatzizko jakinarazpen baten bidez, honako helbide honetan: dpd@spri.eus

Halaber, interesa duen pertsona orok edozein motako erreklamazioa aurkez dezake Kontrol-agintaritza eskudunaren aurrean; kasu honetan SPRI, Datuak Babesteko Euskal Agentzia da: www.avpd.eus

SPRIn datu pertsonalak babesteari buruzko informazio osagarria eta zehatza jasotzeko, webguneko Pribatutasun Politika atala (https://agenda.spri.eus/lege-oharra/pribatutasun/) kontsulta daiteke.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauekiko hartzen dituen erabakiek administrazio-izaera dute, eta, beraz, eskumeneko jurisdikzioa administrazioarekiko auziena izango da.

Bilbao, 2023ko ekainaren 22a.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,

AITOR URZELAI INZA.


Azterketa dokumentala