Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

129. zk., 2023ko uztailaren 7a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
3269

ERABAKIA, 2023ko ekainaren 28koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Kontseiluaren osoko bilkurarena, unibertsitateko masterretako ikasleek bete beharreko Iraupenari buruzko Araudia onartzekoa.

María Pilar Elorrieta Santosek, Euskal Herriko Unibertsitatearen Gizarte Kontseiluko idazkari nagusiak, honako hau

ZIURTATZEN DU:

2023ko ekainaren 28an bilduta, Gizarte Kontseiluaren berrehun eta hogeita hamargarren osoko bilkurak beherago aipatzen den erabakia hartu zuen aztergai zerrendako hirugarren puntuaz, zeinak honela baitzioen: unibertsitateko masterretako ikasleek bete beharreko Iraunpenari buruzko Araudia.

Lehenengoa.– Onartzea unibertsitateko masterretako ikasleek bete beharreko Iraupenari buruzko Araudia. Testu berriak 2021eko uztailaren 1ean onartutako araudia ordezkatuko du, eta erabaki honi erantsita doa.

Bigarrena.– Azken xedapenetako bigarrenean eta hirugarrenean aipatzen diren ahalmenak eta eskumenak ezin izango dira erabili araudia aldatzeko aurretik Gizarte Kontseiluak onespena eman barik.

Bilbao, 2023ko ekainaren 28a.

Idazkari nagusia,

MARÍA PILAR ELORRIETA SANTOS.

ERANSKINA
UNIBERTSITATEKO MASTERRETAKO IKASLEEK BETE BEHARREKO IRAUPENARI BURUZKO ARAUDIA, GIZARTE KONTSEILUAK 2023KO EKAINAREN 28AN ONARTUA

1. artikulua.– Baldintza akademikoak.

Matrikulako kredituen % 15 gainditu beharko dute ikasleek lehenengo mailan.

Ikasleren batek ez badu baldintza hori betetzen, ikasleak ezin izango du jarraitu ikasketa horietan.

Nahi izanez gero, baina, unibertsitate masterretako beste titulazio batean sartu ahal izango da. Bigarren titulazioan ikasten hasi eta ez badu 1. atalean zehaztutakoa betetzen, ezin izango du beste ikasketarik egin UPV/EHUn, harik eta bi ikasturte UPV/EHUtik kanpo eman arte.

2. artikulua.– Irakasgai bakoitzerako deialdi kopurua eta azterketa eskubideari uko egitea.

2.1.– Lanbide arautuetan jarduteko bidea ematen duten masterretan baldintza hauek aplikatuko dira:

– Ikasleak sei ebaluazio deialdi izango ditu irakasgai bakoitzerako (bi ikasturteko).

– Ikasleek aukera izango dute deialdiari uko egiteko, eta horrelakoetan, «aurkezteke» kalifikazioa izango dute. «Aurkezteke» kalifikazioa duten deialdiak ez dira kontuan hartuko erabilitako deialdien kopurua kalkulatzeko.

Ikaslea ez dela aurkeztu ulertuko da irakasgaiaren kalifikazioan pisu handiena daukan probara aurkeztu ez denean.

– Bosgarren, seigarren eta salbuespenezko deialdiak epaimahai batek ebaluatuko ditu, horretarako onartuko diren arauei jarraituz.

– Ikastegi guztietan, ikasleren bat bosgarren, seigarren edo salbuespenezko deialdian dagoen irakasgai bakoitzerako, aurreko paragrafoan adierazitako epaimahaia osatuko da. Epaimahaia osatzean, ahalegina egingo da epaimahaikideak ez daitezen izan aurreko deialdietan zuzentzaile ibilitakoak.

– Edozein irakasgairen sei deialdiak agortuta, ikasleak salbuespenezko deialdia eska dezake, UPV/EHUko errektoreari zuzendutako idatziaren bidez. Salbuespenezko deialdia emateari buruzko erabakia errektoreak hartuko du, kontuan hartuta ikaslearen espedientea eta beste gorabehera batzuk.

2.2.– Gainerako masterretan hauek izango dira gaiak gainditzeko baldintzak:

– Ikasleak lau ebaluazio deialdi izango ditu irakasgai bakoitzerako (bi ikasturteko).

– Ikasleak aukera izango du deialdiari uko egiteko, eta horrelakoetan, «aurkezteke» kalifikazioa izango du. «Aurkezteke» kalifikazioa duten deialdiak ez dira kontuan hartuko erabilitako deialdien kopurua kalkulatzeko.

Ikaslea ez dela aurkeztu ulertuko da irakasgaiaren kalifikazioan pisu handiena daukan probara aurkeztu ez denean.

– Hirugarren, laugarren eta salbuespenezko deialdiak epaimahai batek ebaluatuko ditu, horretarako onartuko diren arauei jarraituz.

– Masterrean ikasleren bat badago hirugarren, laugarren edo salbuespenezko deialdian, aurreko paragrafoan adierazitako epaimahaia osatuko da. Epaimahaia osatzean, ahalegina egingo da epaimahaikideak ez daitezen izan aurreko deialdietan zuzentzaile ibilitakoak.

– Edozein irakasgairen lau deialdiak agortuta, ikasleak salbuespenezko deialdia eska dezake, UPV/EHUko errektoreari zuzendutako idatziaren bidez. Salbuespenezko deialdia emateari buruzko erabakia errektoreak hartuko du, kontuan hartuta ikaslearen espedientea eta beste gorabehera batzuk.

2.3.– Gehienez ere, salbuespenezko deialdi bat emango zaio ikasle bakoitzari irakasgaiko, eta bi ikasketa plan bakoitzean.

2.4.– Epaimahaien osaera.

2.1 eta 2.2 ataletan aipatutako epaimahaiak masterraren ardura daukan ikastegiko batzarrak izendatuko ditu ikasturte bakoitzeko lehenengo hiruhilekoan, masterreko batzorde akademikoaren proposamenari jarraikiz.

Epaimahaiok masterreko hiru irakaslek osatuko dituzte eta, egindako probaz gain, epaimahaikideek ikaslearen historiala eta gainerako gorabehera akademikoak hartuko dituzte kontutan.

Epaimahaia osatuko duten pertsonen zerrenda ikasturte bakoitzeko lehenengo hiruhilekoan jarriko da jendaurrean.

2.5.– Irakasgai baterako deialdiak agortuz gero, ikasleak ezingo du unibertsitatean ordura arte egiten ari zen ikasketekin jarraitu.

3. artikulua.– Matrikulako urte kopurua.

Master guztietan, edozein izanda ere master mota (ikasgelakoa, irakaskuntza mistokoa edo urrutikoa) ikasleak denbora muga bat izango du masterra amaitzeko. Kasu guztietan, epe hori izango da masterra gainditzeko behar den ikasturte kopurua gehi bi gehiago, betiere arduraldiaren arabera (partziala/osoa). Arduraldia partziala izango da lehenengo mailan matrikulatutako kreditu kopurua masterraren proposamen egiaztatuan adierazitako kopurua baino txikiagoa bada.

Ikasketak bukatzeko urte kopurua agortuz gero, ikasleak ezingo du unibertsitatean ordura arte egiten ari zen ikasketekin jarraitu.

4. artikulua.– Egoera bereziak.

Ikasleari ez zaizkio ezarriko 1. eta 2. artikuluetan zehaztutakoak, baldin eta honako egoera bereziren batean badago:

– Ikaslea gaixorik egotea eskolaldiko hiruhileko batean baino luzaroago. Egoera hori behar bezala egiaztatu beharko da.

– Beste egoera larri batzuk, behar bezala justifikatuak.

5. artikulua.– Matrikula baliogabetzea.

Ikaslearen eskariz matrikula baliogabetzeak eta matrikula ez egiteak ondorio berak izango dituzte unibertsitatean jarraitzeari dagokionez.

6. artikulua.– Prozedura.

Arau hauekin zerikusia duten eskariak (2.1 eta 2.2 artikuluetan salbuespenezko deialdiari buruz adierazitakoa salbu) ikastegiko dekanoari/zuzendariari zuzendu beharko zaizkio. Eskariari buruzko erabakiaren kontra errekurtsoa jarri ahal izango zaio errektoreari hilabeteko epean.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen dira araudi honekin bat ez datozen gainerako xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Masterretan jarraitzeko arau hauek 2023-2024 ikasturtearen hasieran jarriko dira indarrean, eta unibertsitateko masterreko ikasketei aplikatuko zaizkie.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

UPV/EHUko Graduondoko Batzordeari ahalmena ematen zaio araudi hau garatuko duten arau osagarriak emateko.

Graduondokoaren arloan eskumena duen errektoreordeari ematen zaio araudi hau aplikatzean sor daitezkeen gorabeherak interpretatu eta ebazteko ahalmena.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Graduondoko Batzordeari ahalmena ematen zaio araudi hau hurrengo ikasturteetan egokitzeko.


Azterketa dokumentala