Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

128. zk., 2023ko uztailaren 6a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

URAREN EUSKAL AGENTZIA
3263

EBAZPENA, 2023ko ekainaren 26koa, Uraren Euskal Agentziako zuzendariarena, jabari publiko hidraulikoan eta haren zaintza-eremuan jarduketa txikiak egiteko erantzukizunpeko adierazpenaren ereduak onartzen dituena.

Urtarrilaren 24ko 35/2023 Errege Dekretuaren bidez, besteak beste, Kantauri Mendebaldeko Demarkazio Hidrografikoaren eta Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Espainiako zatiko plan hidrologikoen berrikuspena onartu zen.

Otsailaren 2ko 125/2007 Errege Dekretuaren 3. artikuluan definitutako Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Espainiako Zatiko lurralde-esparruak ere barne hartzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoak diren Euskal Autonomia Erkidegoaren barne-arro hidrografikoak.

Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 50. artikuluan xedatutakoa betez, plan horien alderdi arautzailean jasotzen dira, demarkazio hidrografiko bakoitzerako, jabari publiko hidraulikoan eta haren zaintza-eremuan kontserbazio-jarduketa txikitzat jotzen direnak; hala, jarduketa horiek erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu ondoren egin daitezkeela zehazten da.

Hala, Kantauri Mendebaldeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren 37.1 artikuluak jabari publiko hidraulikoa mantentzeko eta kontserbatzeko jarduketa txikitzat jotzen ditu, betiere babestutako eremuetatik at egiten badira eta ez badute beste baimenik behar, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 53. artikuluan ezarritakoari jarraiki:

a) Ibilgua oztopatzen duten edo jabari publiko hidraulikoa degradatzeko edo kutsatzeko elementu diren zuhaitz hilak eta korronteak eramandako elementuak kentzea, bereziki ibilgua igarotzeko obretan. Egin beharreko lanek ez dute ibilgua okupatuko, eta ezingo dute ibaiertzeko landaredia kaltetu.

b) Linea elektrikoen azpiko landaredia garbitzea, ibilguen zaintza-eremuan, eta urarena ez den beste legeria bat aplikatzearen ondoriozko beste edozein jarduketa, jabari publiko hidraulikoko ondasunak aprobetxatzea, okupatzea edo erabiltzea ez badakar.

c) Jabari Publiko Hidraulikoan eragina sorraraz dezaketen, Ibaiko ekosistemaren parte ez diren eta beraz zaintza eremuaren baitan ezarrita dauden mozketa eta landaketak.

d) Ibilguen zaintza-eremuetan dauden ondasun higiezinak eta azpiegiturak normaltasunez kontserbatzeagatik eskatzen diren konponketa txikiak, betiere lehendik dauden eraikinen bolumena, altuera eta azalera handitzea edo haien erabilera aldatzea ez badakarte.

e) Udalek hiri-parkeetan eta hiri-inguruetako parkeetan egin beharreko mantentze-lanak, baldin eta lursailaren erliebe naturalean funtsezko aldaketarik ez badakarte.

f) Ibilguaren gainean dauden zubiak eta azpiegiturak mantentzeko jarduketak, baldin eta horiek egiteko jabari publiko hidraulikoaren okupazioa handitu behar ez bada, urak husteko ahalmenari eragiten ez bazaio, eta jarduketek ibai-ekosistemari, ibaiertzei eta uren kalitateari eragiten ez badiete.

g) Sestra aldatzen ez duten eta oinplanoan lehendik dagoena baino okupazio handiagoa eragiten ez duten kamino, bide eta errepideen zorua konpontzea, betiere bertako zortasun-eremuaren barruan ibilguarekiko paraleloan igarotzen ez badira.

h) Lehentasunezko fluxuaren eremutik kanpoko hesi iragazkorrak.

i) Baranda iragazkorrak errepide edo bideetako pasaguneetan, okupazioa handitu gabe, pasabidearen gainean kokatuak.

Bestalde, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Espainiako zatiko Plan Hidrologikoaren 25.1 artikuluak, aurreko paragrafoan aipatutakoez gain, jarduketa txikitzat jotzen ditu honako hauek ere:

j) Ur-emaria neurtzeko estazioen mantentze-lana.

k) Laginketak eta zundaketak (aprobetxamenduetarako zundaketak izan ezik).

l) Eta landare-espezie aloktono inbaditzaileak kentzea.

Aipatutako 37.1 eta 25.1 artikuluek xedatzen dutenez, jarduketa horiek egikaritzeko, «... aldez aurretik –hamabost egun lehenago gutxienez– aurkeztu beharko zaio Administrazio Hidraulikoari, ezarritako baldintzak sustatzaileak betetzeko konpromisoa hartzen duen erantzukizunpeko adierazpena.»

Era berean, bertan adierazten da «Administrazioak beretzat gordetzen duela adierazpenean jasotako datuen egiazkotasuna eta zehaztasuna egiaztatzeko ahalmena, eta, horretarako, hierarkikoki haren mende dauden langileak ikuskatzeko lanak egingo dituela.»

Halaber, jarduketa horiek egikaritzeko toki-erakundeekin lankidetza sustatuko dela zehazten da.

Halaber, aipatzen da erantzukizunpeko adierazpenen ereduak administrazio eskudunak onartu eta argitaratu behar dituela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluaren arabera.

Hori guztia betez, ebazpen honen xedea da jabari publiko hidraulikoan eta haren zaintza-eremuan, Uraren Euskal Agentziaren esparruan, jarduketa txikiak egiteko erantzukizunpeko adierazpenen ereduak onartzea eta publiko egitea.

Hori dela eta, martxoaren 10eko 25/2015 Dekretuaren bidez onartutako Uraren Euskal Agentziaren Estatutuen 7.2 artikuluak esleitzen dizkidan eginkizunen, eta aplikatzekoak diren gainerako legeen arabera,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Onartzea ebazpen honen eranskin gisa agertzen diren jabari publiko hidraulikoan eta haren zaintza-eremuan jarduketa txikiak egiteko erantzukizunpeko adierazpenaren honako eredu hauek:

Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Espainiako zatiko jabari publiko hidraulikoko eta haren zaintza-eremuko kontserbazio-jarduketa txikietarako erantzukizunpeko adierazpenaren eredua (1.2 eranskina).

Kantauri Mendebaldeko Demarkazio Hidrografikoaren Espainiako zatiko jabari publiko hidraulikoko eta haren zaintza-eremuko kontserbazio-jarduketa txikietarako erantzukizunpeko adierazpenaren eredua (2.2 eranskina).

Erantzukizunpeko adierazpenaren eredua, Euskal Autonomia Erkidegoko Barne Arroen jabari publiko hidraulikoko eta haren zaintza-eremuko kontserbazio-jarduketa txikietarako (3.2 eranskina).

Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Hirugarrena.– Ebazpen hau Agentziaren egoitza elektronikoan eta web-orrian txerta dadin agintzea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Ingurumen Jasangarritasun sailburuordeari HILABETEKO epean, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko ekainaren 26a.

Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusia,

ANTONIO AIZ SALAZAR.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala