
128. zk., 2023ko uztailaren 6a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (147 KB - 6 orri.)
- EPUB (115 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3257
71/2023 EBAZPENA, ekainaren 27koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Zuiako udalarekin sinatutako hitzarmena, Zuiako udalerrian alokairuko babes sozialeko etxebizitzak sustatzekoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du hitzarmen hori, eta behar bezalako publizitatea emateko asmoz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Zuiako udalarekin sinatutako hitzarmena, Zuiako udalerrian alokairuko babes sozialeko etxebizitzak sustatzekoa. Hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko akainaren 27a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN EKAINAREN 27KO 71/2023 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN, LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILAREN ETA ZUIAKO UDALAREN ARTEKOA, ALOKAIRUKO BABES SOZIALEKO ETXEBIZITZAK SUSTATZEKOA (EB-22, MURGIA).
Vitoria-Gasteiz, 2023ko ekainaren 15a.
BILDU DIRA:
Alde batetik, Ignacio Maria Arriola López jauna, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioko sailburua.
Eta bestetik, Unai Gutierrez Urkiza jauna, Zuiako Udaleko alkate-udalburua.
BERTARATU DIRA:
Lehena, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioko sailburu gisa eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkari-lanetan, egintza honetarako baimenduta, Gobernu Kontseiluak 2023ko ekainaren 6an egindako bilkuran hartutako erabakiaren bidez.
Eta bigarrena, Zuiako alkate-udalburu gisa, Udalaren ordezkari-lanetan, egintza honetarako baimenduta, Udalbatzak 2023ko maiatzaren 11n izandako bilkuran hartutako erabakiaren bidez.
Agertutako bi alderdiek elkarri aitortu diote Lankidetza Hitzarmen hau izenpetzeko beharrezkoa den legezko gaitasun nahikoa, eta, horretarako, honako hau
AZALDU DUTE:
Lehenengoa.– Euskadiren Autonomia Estatutuaren 10.31 artikuluak honako hau zehazten du: Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du lurraldearen eta itsasertzaren antolamenduaren, hirigintzaren eta etxebizitzaren arloetan.
Bigarrena.– Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legearen 2. artikuluan adierazten dira Euskadiko etxebizitza-politikaren printzipio gidariak; besteak beste, honako hauek:
1.– Etxebizitza duin, egoki eta irisgarria izateko eskubidea bermatzeko, lankidetzan eta koordinatuta aritzea botere publiko guztiak, Estatuko administrazio orokorraren mendeko organoak eta EAEko sektore publikoa barne, zeina osatzen baitute Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak, foru-aldundiek, toki-erakundeek eta haien mendeko titulartasun publikoko erakunde guztiek.
2.– Jarduketa publikoak eta pribatuak koherenteak izatea exebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubiea egikaritzea xede duten ekimenetan.
3.– Etxebizitzei eta zuzkidura-bizitokiei buruzko politika publikoak planifikatu eta programatzea, kontuan hartuta alokairuko etxebizitza dela Konstituzioan ezarritako etxebizitza-eskubideari erantzuteko funtsezko tresna.
4.– Etxebizitza edo bizitoki babestu bat izateko eskubidea erabiltzerakoan edozein diskriminazio desagerraraztea, kolektibo ahulen aldeko ekintza positiboko neurriak ezarrita eta jokabide diskriminatzaileak zigortuta.
5.– Lurralde-kohesioa egotea, bultzatze- sustatze- eta birgaitze-neurrien aurreikuspen eta aplikazioaren banaketa orekatua izan dadin, eta, aldi berean, etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien eskaintza zabala eta behar bestekoa lortzea.
6.– Etxebizitzei eta zuzkidura-bizitokiei buruzko politika publikoak formulatzeko prozesuan herritarrek benetan parte hartzea eta lankidetzan jardutea, baita bizitegiak sustatzen, eraikitzen, kontserbatzen, birgaitzen, berroneratzen eta berritzen edo horien administrazio edo kudeaketako zereginetan aritzen diren izaera sozialeko eta irabazi-asmorik gabeko entitateek ere.
7.– Etxebizitza babestu eta zuzkidura-bizitoki berrien eraikuntzako esku-hartze guztiak nahiz horien birgaitze- edo eraberritze-jarduketa guztiak bizigarritasun-, funtzionaltasun- eta segurtasun-baldintzak hobetzera bideratzea, arreta berezia jarrita irisgarritasunean, baliabide naturalen erabilera eraginkorrean eta gizarte-, finantza- eta ingurumen-jasangarritasunean, diseinu unibertsalaren printzipioei jarraikiz.
8.– Jarduera produktiboak eta pertsonen bizitza indibiduala eta familiakoa erantzunkidetasunez bateratzen lagunduko duen hiri-antolamendua bultzatzea, erantzukidetasunezko gizarte-antolaketa bat errazteko.
9.– Eraikinak, etxebizitzak eta haien ingurune urbanizatua gizarte-erantzukizunez erabil daitezen bultzatzea, duten funtzio soziala errespetatu eta betetzeko.
10.– Etxebizitzaren arloan, herritarren premia errealen eta haien egoera pertsonal, sozial, ekonomiko eta laboralen araberako planifikazio bat ezarri, garatu eta egikaritzea.
Hori lurzoruaren kontrol publiko arduratsu eta eraginkor baten bidez baino ezin da bermatu, eta kontrol hori lurzoru publikoa eskuratu eta kudeatzeko ekintza irmo batekin osatu behar da. Hori dela eta, botere publikoek, kasu honetan Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak eta Zuiako Udalak, elkarrekin esku hartu behar dute, eta horretara behartuta daude, beharrezko babes sozialeko etxebizitzak egitea ahalbidetuko duten baldintzak sortzeko, eta, horrela, espekulazioa eragotziko duen bizitegi-lurzoruaren ondare publikoa eratzeko.
Hirugarrena.– Hirigintza eta Ingurumeneko diputatuaren maiatzaren 21eko 440/2007 Foru Aginduan ezarritako baldintzak betetzea onartzen duen ekainaren 21eko 554/2007 Foru Aginduaren bidez, behin betiko onartu zen Zuiako Plangintzako Arau Subsidiarioen espedientea, hiri-lurzoruari dagokionez.
Hitzarmen honek babes sozialeko etxebizitzen sustapena garatu nahi du. Hirigintza-eragiketa honetan datza: Zuiako Udalak doan lagatzen dio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari kargarik gabeko lurzati bat (urbanizazio-kargak izan ezik).
Lursail hori, zehazki, 1.119,28 m2-ko birpartzelatze eraikigarriaren eta katastratuaren proiektuaren emaitza da (Murgiako 7. poligonoa, 304. partzela).
Laugarrena.– 2021-2023rako Etxebizitzaren Gida Planak egindako diagnostikoan adierazten da Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak, 2020an, lurzoru-ondarea duela, sustapen berriko 4.000 alokairuko etxebizitza eta zuzkidura-bizitoki eraikitzeko.
Zehazki, Etxebizitzaren Gida Planaren xedeak eta ikuspegiak hiru (3) ardatz eta hamar (10) estrategia ditu, diagnostikoan identifikatutako erronkei erantzuten saiatzen direnak. Hala, bertako lehenengo ardatzak alokairuko etxebizitzen parkea bultzatzen du.
Lehenengo ardatz horren jarduera-ildoetako bat da alokairu eskuragarriko etxebizitza berrien sustapenak bultzatzea, bai eta zuzkidura-bizitokien sustapenak bultzatzea ere, Etxebizitzaren Gida Planaren indarraldiko hiru urteetan. Era berean, alokairu-parkea handitzeko dokumentuak aurreikusten du Eusko Jaurlaritzak udalekin lankidetzan jardungo duela zuzkidura-bizitokien eta alokairurako etxebizitza sozialen sustapena bultzatzeko.
Bigarren ardatzak eraikinen eta etxebizitzen parkea mantentzea eta birgaitzea bultzatzen du, egungo etxebizitza-parkearen irisgarritasuna eta energia-eraginkortasuna hobetuz. Horretarako, etxebizitzak eta eraikinak birgaitzeko pizgarriak ezarri nahi dira, bai eta birgaitzearen kudeaketa integratua erraztu eta hiria berroneratzeko programak ahalbidetu ere.
Bosgarrena.– Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, alde batetik, eta toki-erakundeek, bestetik, herritarrei etxebizitza duina bermatzeko eginkizunak eraginkortasunez betetzeko behar duten lankidetza eta laguntza aktiboa eskaini behar diote elkarri, nork bere esparruan.
Horregatik, interesak, konpromisoak eta ekarpenak behar bezala bideratzeko, bi alderdiek lankidetza-hitzarmen hau sinatu dute, honako klausula hauen arabera:
KLAUSULAK
Lehengoa.– Lankidetza Hitzarmen honen helburua da Zuiako udalerrian alokairuko babes sozialeko etxebizitzen sustapen bat gauzatzea ahalbidetzea (gutxi gorabehera, 16 etxebizitza).
Bigarrena.– Zuiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzan etxebizitza-arloko eskumena duen sailak hau adostu dute: hitzarmen honetan deskribatutako EB-22ko lurzorua sail horrek erabiltzea, babes sozialeko etxebizitzak sustatzeko.
Zuiako Udalak konpromisoa hartu du aipatutako eremuko udal-titulartasuneko lurzorua doan lagatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari, kargarik gabe (urbanizazio-kargak izan ezik). Era berean, Udalak nahitaez laga beharreko hirigintza-aprobetxamenduaren % 15 lagako du.
Hitzarmen honetan hitzartutako ondare-eragiketak Gobernu Kontseiluaren baimena lortzearen baldintzapean daudela ulertu behar da, azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bateginean adierazitakoaren arabera.
Eusko Jaurlaritzan etxebizitza-arloko eskumena duen sailak konpromisoa hartzen du Gobernu Kontseiluak eskuratze-eragiketa horretan eman beharreko baimena izapidetzeko.
Klausula honetan aurreikusita dagoen eskuratzeko ondare-eragiketa eskritura publikoan formalizatuko da, sei hilabeteko epean, partzelak eskuratzeko baimena ematen duen Gobernu Kontseiluaren erabakiaren egunetik zenbatzen hasita.
Eusko Jaurlaritzan etxebizitza-arloko eskumena duen sailak bere gain hartuko ditu, Hitzarmen honen xede den lurzatia lagapen bidez eskuratzeko ondare-eragiketak eskrituratzearen eta Jabetza Erregistroan inskribatzearen ondoriozko gastuak, Lurren Balioaren Gehikuntzaren gaineko Udal Zerga izan ezik.
Etxebizitza-arloko eskumena duen saila lurzatien titulartasuna eskuratu ondoren, babes sozialeko etxebizitzak egingo ditu.
Hirugarrena.– Eusko Jaurlaritzan etxebizitza-arloko eskumena duen sailak honako jarduera hauek egiteko konpromisoa hartzen du:
Eremua urbanizatzeko proiektua kontratatu eta idaztea.
Eraikuntzaren oinarrizko proiektua eta egikaritze-proiektua kontratatu eta idaztea.
Bizitegi-blokea eraikitzeko obrak kontratatzea eta gauzatzea.
Eremuaren urbanizazio orokorra eta zuzendaritza fakultatiboa kontratatzea eta egikaritzea.
Hondakinak kudeatzea, horien kudeaketa arautzen duten printzipioen arabera, haien balorizazioa lehenetsiz ezabaketarekiko.
Behar diren neurri guztiak hartzea obrak eragin dezakeen kaltea ahalik eta txikiena izan dadin eta, nolanahi ere, obrak uki ditzakeen udal-titulartasuneko ondasunak lehengo egoerara itzuliko direla bermatzeko.
Esleipen-prozedura eta aplikatu beharreko araudian adierazitako kupo-erreserbak errespetatuz esleituko dira gizarte-etxebizitzak; etxebizitza-arloko eskumena duen sailburuak etxebizitza-babestuak esleitzeko ematen duen Aginduan, partaidetza-baldintzak ezarriko dira, indarreko araudian jasotako etxebizitza-kupoen erreserbak eta Zuiako herritarrek dagokien erroldarekin jasotzaile izateko duten lehentasuna oinarri hartuta.
Era berean, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek eta mugikortasun urri iraunkorreko arazoak dituzten pertsonek etxebizitza horiek eskuratu ahal izango dituzte erreferentziako udalerrian erroldatuta daudela egiaztatu beharrik gabe, indarrean dagoen araudian jasotzen den bezala.
Jarduketa horien ondoriozko gastuak Eusko Jaurlaritzan etxebizitza-arloko eskumena duen sailak hartuko ditu bere gain.
Sail horrek lankidetza-hitzarmen honetan bere gain hartutako konpromiso guztiak aldez aurretik dagozkion aurrekontu-izendapenak izatearen eta Euskal Autonomia Erkidegoak aurrekontu-egonkortasunaren eta finantza-iraunkortasunaren printzipioak betez erabilgarri izatearen mende egongo dira.
Laugarrena.– Zuiako Udalak honako jarduketa hauek egiteko konpromisoa hartzen du:
Egikaritze-unitatearen urbanizazio-obrak jasotzea.
Etxebizitzaren arloan eskumena duen organoak obrak eskatu eta lau hilabeteko epean obrak egiteko behar diren udal-lizentziak ematea.
Beharrezko segurtasun- eta mantentze-neurriak hartzea lurzoruetan, babes publikoko etxebizitzak eraikitzen hasi arte.
Babes publikoko etxebizitzak eraikitzearen aldeko Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zerga arautzen duen Udal Ordenantza Fiskalean aurreikusitako % 95eko hobaria aplikatzea agiri honetan jasotako etxebizitzak eraikitzeko eta urbanizatzeko jarduketei dagokien zerga-kuotari, baldin eta jarduera horiek interes berezikotzat edo udal-erabilgarritasunekotzat jotzen badira egoera soziala dela-eta.
Eusko Jaurlaritzan etxebizitza-arloko eskumena duen sailari, Herri Administrazio den aldetik, aplikatzekoa den araudiak eska diezazkiokeen fidantza edo abal gisa inolako finantza-bermerik emateko ez eskatzea, batez ere obrak gauzatzeak eragin diezaiekeen udal-agintaritzaren titulartasuneko ondasun higigarriak edo higiezinak itzultzeari dagokionez.
Klausula honetan hartutako konpromisoetatik eratorritako gastuak Zuiako Udalak hartuko ditu bere gain.
Bosgarrena.– Alderdi guztiek beharrezkotzat jotzen dute Hitzarmenaren Jarraipen Batzorde bat egitea, honako eginkizun hauek izango dituena: hitzartutako aurreikuspenak eta konpromisoak betetzen direla zaintzea, haiek zorrotz betetzeko neurriak proposatzea, aipatutako babes publikoko etxebizitzen sustapenean sor daitezkeen gatazkak eta/edo interferentziak konpontzea, eta, oro har, etorkizunean sor daitezkeen gorabeherei erantzutea.
Aipatutako Jarraipen Batzordea lau kidek osatuko dute: Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak proposatutako bi pertsonek eta Zuiako Udaleko bi ordezkarik.
Hitzarmen honetan planteatu ez diren gaiei dagokienez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluaren II. kapituluaren 3. atalean xedatutakoaren arabera jardungo du Jarraipen Batzordeak
Seigarrena.– Hitzarmen honek administrazio-izaera du, eta, beraz, haren interpretazioaren, aplikazioaren, betearazpenaren eta ondorioen inguruan sor daitezkeen auzi guztien legezko ezagutza administrazioarekiko auzien jurisdikzioari dagokio, aurreko klausulan aurreikusitako bidea agortu ondoren.
Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 6. artikuluarekin bat etorriz, hitzarmen hau ez dago lege horren mende; nolanahi ere, lege horren printzipioak aplikatuko dira sor daitezkeen zalantzak eta hutsuneak ebazteko.
Zazpigarrena.– Lankidetza-hitzarmen honen indarraldia lau urtekoa izango da, sinatzen denetik kontatzen hasita. Aurreko paragrafoan aurreikusitako epea amaitu aurreko edozein unetan, hitzarmenaren sinatzaileek berariaz adostu ahal izango dute hitzarmena gehienez beste lau urtez luzatzea edo azkentzea.
Zortzigarrena.– Hitzarmen hau edozein unetan berrikusi ahal izango da, eta, hala badagokio, aldatu, alderdietako batek eskatuta, sinatzaileek adostuta, hitzarmenari dagokion gehigarria sinatuz.
Bederatzigarrena.– Dokumentu honetan jasotako betebeharrak ez betetzea, hitzarmena gauzatzeko bigarren klusulan ezarritako baldintzak barne, hitzarmena suntsiarazteko arrazoia izango da, eta alderdiak jatorrizko egoera juridikora itzuliko dira. Suntsiarazpena eragin duen alderdiak eragindako kalte eta galera guztiak ordaindu beharko dizkie, bai beste alderdiari, bai fede oneko hirugarrenei.
Kasu horretan, eskualdatu beharreko lurzatia Zuiako Udalari itzultzea erabakiko da, dagokion izapidea egin ondoren, eta egintza horren eragileak eragiketa horri lotutako kostuak ordaindu beharko ditu (eskrituren gastuak, erregistroa, etab.).
Hitzarmen hau suntsiarazteko arrazoi izango da hura gauzatzeko eskatutako baldintzarik eza.
Era berean, hitzarmen hau suntsiarazteko arrazoi izango dira indarrean dagoen legeriak hitzarmenaren izaeratik jasotzen dituen beste guztiak.
Eta adostasuna eta fede ona erakusteko, dokumentu hau sinatzen dute, Vitoria-Gasteizen, sinadura egunean.
Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.
Zuiako Udaleko Alkate-burua,
UNAI GUTIERREZ URKIZA.
RSS