Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

127. zk., 2023ko uztailaren 5a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
3229

EBAZPENA, 2023ko ekainaren 26koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, Fisika Sailaren Arautegiaren aldaketa onartzen duena.

2020ko uztailaren 9an Gobernu Kontseiluak Fisika Saila sortzea onetsi zuen, Fisika Aplikatua II saila, Materia Kondentsatuaren Fisika saila eta Fisika Teorikoa eta Zientziaren Historia saileko Fisika Teorikoa jakintza arloa batu ondoren.

Erabaki haren laugarren puntuan aldaketa horrek ukitutako sailei eskatzen zitzaien hasiera emateko zuzendariak eta saileko kontseiluak aukeratzeko hauteskunde prozesuei, eta, behin amaituta, beren behin-behineko arautegiak berresteko, edo haiek aldatzeko izapideak hasteko, eta bi kasuetan Idazkaritza Nagusiari jakinarazteko.

2022ko ekainaren 29an Fisika Saileko Kontseiluak arautegi berri bat onartu zuen, eta Lege Zerbitzuak aldeko txostena egin dio.

Sailen Esparru Arautegiko 4.3 artikuluari jarraituz, UPV/EHUko idazkari nagusiari dagokio sailen arautegien aldaketak onartzea, Gobernu Kontseiluak horretarako eskumenak eskuordetuta, baldin eta inork eskatu ez badu Gobernu Kontseiluan aurkezteko. Honako hauek dute hori eskatzeko eskubidea: Gobernu Kontseiluko kideek; arautegiak eragin egiten diela uste duten sailetako kontseiluek; eta kasuan kasuko saileko kideen % 15ek, gutxienez.

Adierazitakoagatik guztiagatik, ondokoa

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Onartzea Fisika Sailaren Arautegiaren aldaketa, eranskinean jasota bezala.

Bigarrena.– Agindua ematea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Hirugarrena.– Aldaketa hau EHAAn argitaratzen den egunean sartuko da indarrean.

Leioan, 2023ko ekainaren 26a.

Idazkari nagusia,

AITOR ZURIMENDI ISLA.

ERANSKINA
UPV/EHUko FISIKA SAILAREN ARAUTEGIA

1. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 3.1 artikuluaren zehaztapena.

1.– Fisika sailak Zientzia eta Teknologia Fakultatean dauka egoitza: Sarriena auzoa, z.g. 48940 Bilbo.

2. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 10.1 artikuluaren zehaztapena.

1.– Hauek izango dira Saileko Kontseiluko kideak: zuzendaria, idazkaria, irakasle-ikertzaile iraunkor guztiak eta irakasle doktore ez-iraunkor guztiak.

Sailari atxikitako gainontzeko irakasle-ikertzaileen kolektiboak ordezkari bat izango du lau kide edo gutxiagoko multzo bakoitzeko.

Kontseiluko kideak izango dira, baita ere, ikasleen bi ordezkari ziklo bakoitzeko (graduko bi ikasle, masterreko bi ikasle eta doktoregoko bi ikasle), eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

3. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 13.1 artikuluaren zehaztapena.

1.– Batzorde Iraunkorra kontseiluko kideek eratuko dute. Hauek izango ditu osakide: zuzendaria (batzordeko burua izango da), idazkaria, sail ataletako koordinatzaileak, halakorik badago, eta irakasle-ikertzaileen sei ordezkari. Horietatik bost irakasle-ikertzaile iraunkorren eta irakasle-ikertzaile doktore ez iraunkorren artetik hautatuko dira, eta bestea sailari atxikitako gainontzeko irakasle-ikertzaileen artetik.

Era berean, Batzorde Iraunkorreko kide izango dira ikasleen ordezkari bat eta administrazio eta zerbitzuetako langileen beste bat, biak kontseiluko kideen artetik hautatuak.

4. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 14.1 artikuluaren zehaztapena.

1.– Batzorde Iraunkorrak kontseiluaren eskumen guztiak izango ditu eskuordetuta, honako hauek izan ezik: zuzendaria hautatzea, sailaren arautegia onartzea eta irakats betebeharrak esleitzea unibertsitateko Gobernu Kontseiluak onartutako arautegiaren arabera.

5. artikulua.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 7. artikuluaren zehaztapena.

Saileko zuzendaria aukeratzeko hauteskundeetan onartuko da botoa aldez aurretik ematea, UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 7. artikuluari jarraikiz.

6. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 19.2 artikuluaren zehaztapena.

2.– Kide anitzeko organoko kideek eskubidea daukate eskatzeko eta eskuratzeko beren eginkizunak ondo betetzeko behar duten eta saileko idazkaritzan dagoen informazio eta dokumentazio guztia. Horretarako, eskari idatzi eta arrazoitua aurkeztu beharko diote saileko zuzendariari edo idazkariari, eta haiek dokumentazioa eta informazioa emango diote zazpi (7) eguneko epean gehienez ere.

7. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 22.4 artikuluaren zehaztapena.

4.– Botoa kide anitzeko organoko beste kide bati eskuordetu ahalko zaio. Organoko kideek idatziz adierazi beharko dute botoa eskuordetu egin dutela, eta idatzi hori bilerako aktari erantsiko zaio. Kide anitzeko organoko kide bakoitzak boto bakar bat izan dezake eskuordetuta.

8. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 24.2 artikuluaren zehaztapena.

2.– Erabakiak hiru egun balioduneko epean argitaratu beharko dira beranduen jota, eta datuak babesteko legeria errespetaturik betiere. Organoko idazkariak eta zuzendariak bermatu egin beharko dute bileran hartutako erabakiak argitaratu egiten direla eta gutxien dela hilabete egongo direla ikusgai.

9. artikulua.– Sailen Esparru Arautegiko 27.4 artikuluaren zehaztapena.

4.– Zuzendariaren agintaldia lau urtekoa izango da eta, gehienez, bi agintaldi bete ahal izango ditu segidan.

10. artikulua.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.2 artikuluaren zehaztapena.

2.– Saileko Kontseiluan eta Batzorde Iraunkorrean hutsune bat sortzen denean, zerrenda bereko hurrengo kide ez-hautetsiak beteko du lekua, zazpi eguneko epean, organoko idazkaria jakitun jartzen denetik hasita.

11. artikulua.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.3 artikuluaren zehaztapena.

3.– Kide anitzeko organoko kide titularren bat ez dagoenean edo gaixorik dagoenean, eta, oro har, behar bezala arrazoitutako beste egoeraren batean dagoenean, hautagai zerrenda bereko hurrengo kide ez-hautetsiak ordezkatuko du. Halakoetan, dena delako egoera egiaztatzen duen agiria helarazi beharko zaio saileko zuzendariari edo idazkariari, kide anitzeko organoaren bilera egin baino 72 ordu lehenago, gutxienez.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Sailen Esparru Arautegiko azken xedapenetako lehenengoari jarraituta, Fisika Aplikatua II sailak, Materia Kondentsatuaren Fisika sailak eta Fisika Teorikoa eta Zientziaren Historia saileko Fisika Teorikoa jakintza arloak behin behineko sail atal moduan jarraituko dute funtzionatzen 2022ko abenduaren 31ra arte, eta une horretan automatikoki desagertuko dira.


Azterketa dokumentala