Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

127. zk., 2023ko uztailaren 5a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
3226

ERABAKIA, 2023ko ekainaren 5ekoa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluarena: Zientzia eta Teknologia Fakultatearen Arautegia aldatzeko dena.

2023ko apirilaren 20ko bileran, Zientzia eta Teknologia Fakultateko Batzarrak ikastegiaren arautegia aldatzea erabaki zuen (2012ko uztailaren 18ko EHAAn argitaratutakoa), Ikastegien Esparru Arautegi berrira egokitzeko (2022ko azaroaren 9an sartu zen indarrean). Unibertsitateko Estatutuetara egokitzeko moldatu zen esparru arautegia, kide anitzeko hainbat gobernu organori eta unibertsitateko taldeen ordezkaritzari dagokienez hainbat aldaketa eginda. Era berean, teknologia berriak erabiltzeko aukera jaso da bertan, deialdiak egiteko eta erabakiak argitaratzeko tramiteak azkarragoak izan daitezen.

Bestetik, kontuan hartuta ikastegiko gai espezifikoei eragiten dieten zenbait artikulu berri sartu direla, eta oraingo testuan agertu behar ez diren beste batzuk kendu, komenigarria da testu osoa berriro argitaratzea, ez soilik egindako aldaketak.

Ikastegiko Batzarrari dagokio ikastegiko arautegia egin eta Gobernu Kontseiluari proposatzea, horrek proposamena onar dezan eta, beraz, arautegia alda dadin.

Proposatutako aldaketak Lege Zerbitzuaren aldeko txostena du.

Gobernu Kontseiluari dagokio ikastegien arautegietan egindako aldaketei behin betiko onespena ematea.

Adierazitakoarengatik, idazkari nagusiak proposatuta, Gobernu Kontseiluak

ERABAKI DU:

Lehenengoa.– Onartzea Zientzia eta Teknologia Fakultatearen Arautegia alda dadin, eta aldaketak jasotzen dituen testu berria argitara dadin, eranskinean jasotzen den moduan.

Bigarrena.– Agindua ematea erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Hirugarrena.– Arautegia aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Leioa, 2023ko ekainaren 5a.

Errektorea,

EVA FERREIRA GARCÍA.

Idazkari nagusia,

AITOR ZURIMENDI ISLA.

ERANSKINA
ZIENTZIA ETA TEKNOLOGIA FAKULTATEKO ARAUTEGIA

1. artikulua.– Izaera.

1.– Zientzia eta Teknologia Fakultatea Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) ikastegi bat da.

2.– Fakultateak bere eremuko unibertsitate ikasketak antolatzen ditu eta graduko tituluak, graduondokoak edo bestelakoak lortzera bideratutako ikasketa prozesuak eta administrazioaren arlokoak gidatu, koordinatu eta kudeatzen ditu.

2. artikulua.– Egoitza.

Zientzia eta Teknologia Fakultatea Bizkaiko Campusean dago eta honako helbide honetan du egoitza: Sarriena auzoa z. g., 48940 Leioa.

3. artikulua.– Araubide juridikoa.

1.– Fakultateak indarreko legeriaren, UPV/EHUko Estatutuen eta Ikastegien Esparru Arautegiaren arabera jardungo du, zeina zuzenean aplikatuko zaion, baita barne arautegi honen arabera ere.

4. artikulua.– Ikastegiko Batzarraren kideak.

1.– Hauek izango dira Ikastegiko Batzarraren kideak: dekanoa, batzarreko burua izango dena; idazkari akademikoa; erantzukizun handieneko administrazio eta zerbitzuetako langilea; dekanoak izendatutako hamar dekanorde arte; eta ehun kide hautetsi, unibertsitateko talde guztietakoak, honela banaturik:

Lotura iraunkorra duten irakasle-ikertzaile doktoreak: 58 kide.

Lotura iraunkorra daukaten irakasle-ikertzaile ez-doktoreak eta lotura iraunkorra ez daukaten irakasle-ikertzaile doktoreak: 7 kide.

Gainerako irakasle eta ikertzaileak: kide 1.

Ikasleak: 22 kide.

Administrazio eta zerbitzuetako langileak: 12 kide.

2.– Ikastegiko Batzarreko kideak lau urterik behin aldatuko dira. Salbuespena ikasleen ordezkariak izango dira, horiek bi urterik behin aldatuko baitira.

3.– Ikastegiko Batzarreko kideak hautatzean, bete egin beharko da Estatutuek xedatutakoa eta UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorrean zehaztutako prozedura.

4.– Kide hautetsi bat berezko kide izatera pasatzen bada, edo alderantziz, aukera izango du ordezkari izaerari uko egiteko; horrelakoetan, Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorrean ordezkoak egiteko aurreikusita dauden arauak aplikatuko dira. Hala egingo ez balu, Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko hirugarren xedapen gehigarria aplikatuko da quorumerako.

5. artikulua.– Batzorde Iraunkorra.

1.– Zientzia eta Teknologia Fakultateak badu batzorde iraunkor bat, kide hauek osatuta: dekanoa edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona (batzordeko burua izango da); idazkari akademikoa (batzordeko idazkaria izango da); bederatzi irakasle-ikertzaile doktore iraunkor; irakasle-ikertzaile ez-doktore iraunkorren eta irakasle-ikertzaile doktore ez-iraunkorren ordezkari bat; gainontzeko irakasle-ikertzaileen ordezkari bat; lau ikasle; eta administrazio eta zerbitzuetako bi langile.

2.– Batzorde Iraunkorrak eskuordetuta izango ditu honako eginkizun hauek:

a) Gobernu organoei irakasleen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen beharrizanak aurkeztea.

b) Hizkuntza normalkuntzako planak betetzeko eta horien jarraipena egiteko premien memoriak aurkeztea campuseko errektoreordeari, gero hark errektoreari edo, hala badagokio, Gobernu Kontseiluari bidera diezazkion.

c) Ikastegiari atxikitako irakasle lanpostuen premiazko eskarien inguruko iritzia ematea.

d) Irakaskuntzarako azpiegituren planak, edo irakaskuntzan nahiz ikerketan sortutako bestelako premien planak onartzea, Fakultateari atxikitako sail edo sailetako atalek proposatuta eta aldez aurretik batera aztertuta.

e) Fakultateak eskaintzen dituen ikasketen kalitatea aldiro ebaluatuko dela bermatzea, eta unibertsitatearen zerbitzu publikoa hobetzeko neurriak proposatzea.

f) Campuseko Batzarrean irakasleen eta ikasleen ordezkaria izendatzea; azken kasu horretan, eskolako Ikasleen Kontseiluaren proposamena kontuan hartuta.

3.– Batzorde Iraunkorra lehendabiziko Fakultateko Batzarrean osatuko da, berau berritu ondoren. Fakultateko Batzarreko kide hautetsiak Batzarrerako adierazitako aldi bertsuetarako izendatuko dira, eta Ikastegien Oinarrizko Arautegiak Ikastegiko Batzarraren funtzionamendurako ezarritako oinarrizko arauen arabera jardungo dute.

6. artikulua.– Akademia Antolakuntzako, Ikasketak Baliozkotzeko eta Erreklamazioak Ebazteko Batzordea.

1.– Fakultateko batzorde honek kide hauek izango ditu, betiere gizonezkoen eta emakumezkoen kopurua orekatua izan dadin ahaleginduta: ikastegiko dekanoa edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona (batzordeburua izango da); ikastegiko idazkari akademikoa (idazkaria izango da); akademia antolakuntzako arduradun den dekanordea; ikastegian ematen diren graduko titulazioetako irakasleen ordezkari bana; ikasleen bi ordezkari; eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

Batzorde honetako kide izateko ez da beharrezkoa Ikastegiko Batzarreko kidea izatea.

2.– Batzorde honek ebatziko ditu kredituak aitortzeko edo balioztatzeko eskariak, indarreko legeriari jarraikiz. Batzordearen erabakien kontra, errekurtsoak jarri ahalko dira errektorearen aurrean. Era berean, ikastegiko Akademia Antolakuntzako Batzordeak proposamenak egin ahal izango dizkio Ikastegiko Batzarrari ikastegiaren jardun akademikoa hobeto antolatzeko.

3.– Horiek ebazteko, Akademia Antolakuntzako Batzordeko irakasleek Erreklamazio Batzorde gisa jardungo dute, betiere Graduko Titulazio Ofizialetako Ikasleen Ebaluaziorako Arautegiaren 22. artikuluan xedatutakoari jarraiki.

7. artikulua.– Ikastegiko Kalitate Batzordea.

Ikastegiak badauka Kalitate Batzorde bat tituluetako curriculumaren plangintza eta jarraipena hobeto egiteko, baita irakaskuntzaren ebaluaziorako txostenak egiteko ere. Batzordearen osaera eta zereginak arautegi espezifiko batean zehaztuak daude.

8. artikulua.– Euskara Batzordea.

1.– Zientzia eta Teknologia Fakultateko Euskara Batzordea parte hartzerako, kontsultarako eta aholkurako organoa da. Kide hauek ditu: dekanoa edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona (batzordeko burua izango da); idazkaria, batzordekide guztien artean hautatua; irakasleen ordezkari bat graduko titulazio bakoitzeko; Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa Saileko kide bat; Ikasle Kontseiluko bi ordezkari; eta administrazio eta zerbitzuetako langile bat.

2.– Ikastegiko Euskara Batzordearen helburu nagusiak izango dira UPV/EHUko planifikazio orokorraren barruan euskararen erabilera bultzatzea, euskarazko irakats eskaintzaren plangintzan eta jarraipen lanean parte hartzea eta, aldi berean, unibertsitate hedakuntzako eta prestakuntzako jarduerak sustatzea.

9. artikulua.– Berdintasun Batzordea.

1.– Zientzia eta Teknologia Fakultateko Berdintasun Batzordea parte hartzerako, kontsultarako eta aholkurako organoa da. Kide hauek ditu: dekanoa edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona (batzordeko burua izango da); idazkaria, batzordekide guztien artean hautatua; irakasleen eta ikertzaileen ordezkari bat ikastegian eskainiko den graduko titulazio bakoitzeko; ikastegiko Ikasle Kontseiluko bi ordezkari; eta administrazio eta zerbitzuetako langile bat.

2.– Batzordeak bere gain hartuko ditu ikastegian gai honekin lotuta dauden eginkizun guztiak, unean-unean aplikatzekoa den indarreko arautegiaren arabera.

10. artikulua.– Beste batzorde batzuk.

Ikastegiaren funtzionamendu egokia bermatzeko, batzordeen araudi espezifikoa ezarrita dago.

11. artikulua.– Kide izatea eta lanpostu hutsak betetzea.

1.– Kide anitzeko organoko kide izatea norberaren ezaugarria da eta ezin zaio beste inori utzi. Estatutuetako 166. artikuluan aipatutako egoeretan utziko dio ordezkari batek ordezkari izateari. Bileretara justifikaziorik gabe huts egitea dela ulertuko da segidako hiru bileratara edo txandakako bost bileratara justifikatu barik huts egitea. Ikasleen ordezkarien kasuan, Ikasleen Arautegian zehaztutakoari jarraituko zaio.

2.– Organoa behin eratuta, bete gabe geratzen diren plazak kasuan kasuko zerrendako ordezkoek beteko dituzte. Aipatutako irizpideari jarraitu ondoren bete gabe geratzen den lekuen kopurua talde bateko kideen % 50 baino handiagoa edo organoko kideen % 30 baino handiagoa bada, hauteskunde partzialak egingo dira sortu diren leku hutsak betetzeko. Modu horretara hautatutakoek ordezkari eginkizunak beteko dituzte ordezkatu beharreko kideen agintaldia amaitu arte. Organoko idazkariari ordezkoa nor izango den jakinarazi eta bi egun balioduneko epean gauzatuko da ordezkapena.

3.– Era berean, kide anitzeko organoko kide titularrak ordezkatu ahal izango dira kausa justifikaturik dagoenean, besteak beste, gaixotasun kasuetan. Ordezkapena bideratzeko, kausa justifikatua duten kideek beren egoeraren berri eman beharko diote organoko buruari, bilera hasi baino 24 ordu lehenago, gutxienez.

12. artikulua.– Kide anitzeko organoa eratzea.

1.– Kide anitzeko organoa balioz eratzeko, beharrezkoa da kideen gehiengo osoa egotea lehen deialdian, edo kideen heren bat egotea, gutxienez, bigarren deialdian. Deialdi bien artean hogeita hamar minutuko tartea egon beharko da.

Organoko buruak eta idazkariak beti egon behar dute bileran, edo, bestela, euren ordezkoek.

2.– Zientzia eta Teknologia Fakultateko kide anitzeko organoetan botoa eskuordetu ahal izango da, hauteskundeetan izan ezik. Botoa organoko beste kide bati eskuordetu nahi dionak hala jakinarazi beharko dio organoko idazkariari, berak sinatutako idatzi baten bidez, bozketa egin baino lehenago. Kide anitzeko organoko kideek boto bakar bat izan dezakete eskuordetuta. Organoak eratzeko quorumari dagokionez, ez dira kontuan hartuko eskuordetutako botoak. Botoa eskuordetzeko idatzia bilerako aktari erantsiko zaio.

3.– Kide anitzeko organoa bigarren deialdian eratzeko beharrezko den quoruma botazio guztietan izango da beharrezkoa.

4.– Hauteskunde prozesu baten ondorioz edo bat-bateko arrazoiengatik kide anitzeko organoan lekuren bat bete gabe badago eta ezinezkoa bada betetzea, organoa balioz eratzeko beharrezkoa den kopururako betetako lekuak baino ez dira kontuan hartuko.

13. artikulua.– Dekanotza.

1.– Ikastegietako kide bakarreko gobernu, ordezkaritza eta administrazio organoa da dekanoa.

2.– Dagokion ikastegiari atxikitako irakasle-ikertzaile iraunkor doktoreen artetik hautatuko da dekanoa, eta errektoreak izendatuko du. Halako irakasle-ikertzailerik ez balego, irakasle-ikertzaile iraunkorren artetik aukeratuko litzateke.

3.– Zientzia eta Teknologia Fakultatean, Ikastegiko Batzarrak hautatuko du dekanoa, eta kasu honetan ezin izango da arautegi honetan aurreikusitako boto eskuordetza erabili.

Dekanoa hautatzeko, botoa aldez aurretik ematea onartuko da, Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 7.1. artikuluan zehaztutakoari jarraituz.

UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 18.4 artikuluari jarraituz, Zientzia eta Teknologia Fakultateko dekanotzarako hautagaitzarekin batera, proposatzen den gobernu taldearen egitura eta programa aurkeztu beharko dira.

4.– Dekanoa errektoreak izendatu behar du, eta izendatu ondoren hasiko da bere eginkizunak betetzen. Agintaldia sei urtekoa izango da, luzaezinak eta berriztaezinak.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Batzarreko taldeetako ordezkariek agintean jarraituko dute hautatuak izan ziren aldia amaitu arte. Postu hutsak dagokion ordezkaritza hautatu zen unean indarrean zen araudiaren arabera beteko dira.

Aurreko paragrafoan ezarritakoa aplikatuko zaie, halaber, haien eraketan batzarreko unibertsitateko kidegoak islatzen dituzten gobernu eta ordezkaritza organoei.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen da 2012ko uztailaren 18an Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Arautegia.

AZKEN XEDAPENA

Arautegi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.


Azterketa dokumentala