
126. zk., 2023ko uztailaren 4a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (202 KB - 16 orri.)
- EPUB (118 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
SEGURTASUN SAILA
3196
58/2023 DEKRETUA, apirilaren 4koa, Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko erregelamendua onartzen duena.
Ekainaren 27ko 7/2019 Legea (Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen bosgarren aldaketarena) eta, ondoren, uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretua (Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bategina onartzen duena) indarrean jarri direnez, Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko erregelamendura ekarri behar dira egindako aldaketak, bai eta zenbait egokitzapen jaso ere, euskal administrazio publikoetako langileei aplikatu beharreko arau komunetatik abiatuta, eta, horrela, aplikatu beharreko araubidea argitu.
Abenduaren 22ko 388/1998 Dekretuaren, eta martxoaren 6ko 42/2001 Dekretuaren, otsailaren 3ko 20/2004 Dekretuaren, abenduaren 30eko 231/2009 Dekretuaren eta maiatzaren 17ko 94/2011 Dekretuaren bidez egindako aldaketen ondoriozko erregulazioa berrartu eta lanpostuak betetzeko sistemen erregulazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bateginaren arabera garatzen da.
Baztertu egin da indarrean dagoen erregelamendua berriro aldatzeko aukera, bosgarren aldaketa gehiegizkoa izango litzatekeela uste delako, bai eta bertako artikuluetatik hizkuntzaren erabilera sexista kentzeko beharra dagoelako ere.
Dekretuaren xedea da lanpostuak betetzeko erregelamendu berri bat onartzea, polizia-kidegoetan jada sartu diren funtzionarioen lanpostuak nola bete arautzeko.
Horrenbestez, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuaren proposamenez, Ertzaintzaren Kontseilua eta Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordea jakinaren gainean jarri ondoren, Eusko Jaurlaritzaren Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Gobernu Kontseiluak 2023ko apirilaren 4an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
Erregelamendu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko modua arautzea.
2. artikulua.– Aplikazio-eremua.
Erregelamendu hau Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko prozedurei aplikatuko zaie.
3. artikulua.– Lanpostuak betetzeko sistemak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko poliziako funtzionarioen lanpostuak merezimendu-lehiaketako sistema arruntaren edo espezifikoaren eta izendapen askearen bidez beteko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuan, erregelamendu honetan eta dagokion lanpostu-zerrendan aurreikusitakoaren arabera.
2.– Zerbitzuaren beharrek hala eskatzen dutenean, lanpostuak mugigarritasunez bete ahal izango dira, lanpostuen atxikipen-aldaketen bidez. Era berean, behin-behineko atxikipenez eta zerbitzu-eginkizunez bete ahal izango dira, aldi baterako, erregelamendu honetan aurreikusitako kasuetan.
4. artikulua.– Deialdiak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako funtzionarioek bete beharreko lanpostuak betetzeko lehiaketa-prozedurak eta izendapen askearen prozedurak kasuan kasuko deialdiaren bidez arautuko dira; deialdi horiek, nolanahi ere, erregelamendu honetan, lanpostuen zerrendan eta aplikatzekoak diren berariazko arauetan xedatutakoa errespetatuko dute.
2.– Ertzaintzako lanpostuak lehiaketa bidez edo izendapen askez betetzeko deialdiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira. Euskal Autonomia Erkidegoko udaltzainen kidegoetako lanpostuei dagozkienak dagokion lurralde historikoko aldizkarian argitaratuko dira. Hala ere, deialdietan deialdia egin duenaz bestelako administrazio publikoetako funtzionarioek bete ditzaketen lanpostuak sartzen badira, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da deialdiaren laburpen bat.
3.– Deialdietan nahitaez jaso beharko dira:
a) Lanpostuaren izena, kokapena, maila eta berariazko osagarria.
b) Lanpostua betetzeko eskatzen diren baldintzak; bereziki, hizkuntza-eskakizuna eta, hala badagokio, derrigortasun-data.
c) Eskabideak aurkezteko epea. Epe hori ezin izango da inola ere hamabost egun baino laburragoa izan, dagokion aldizkarian argitaratzen den egunetik edo, hala badagokio, argitaratzen den azkenekotik kontatzen hasita.
d) Lanpostua betetzeko sistema merezimendu-lehiaketa bada, zer merezimendu balioetsiko diren eta horiek puntuatzeko zer baremo erabiliko den, eta, hala badagokio, sartuko diren proba espezifikoen aurreikuspena, lanpostua lortzeko eskatuko den gehieneko eta gutxieneko puntuazioa eta hautaketa-batzordearen osaera.
4.– Prozeduren ebazpena artikulu honen 2. apartatuan aurreikusitako moduan argitaratuko da, salbu eta, garatu beharreko eginkizunen izaerari dagozkion konfidentzialtasunagatik edo erreserbagatik, deialdian berariaz salbuesten diren lanpostuen kasuan, hargatik eragotzi gabe interesdun izan daitezkeenei banan-banan jakinaraztea. Prozeduren ebazpena, nolanahi ere, ukitutako funtzionarioen nortasuna babestea ahalbidetzen duen sistema kodetu baten bidez argitaratu ahal izango da.
5. artikulua.– Organo eskuduna.
Ertzaintzako eta Udaltzaingoko funtzionarioen lanpostuak betetzeko deialdiak, hurrenez hurren, segurtasun-arloan eskumena duen sailaren egitura organiko eta funtzionalaren arabera esleituta duen organoaren eta dagokion toki-erakundearen eremuan esleituta duen organoaren eskumenekoak dira.
6. artikulua.– Parte hartzeko betekizunak eta baldintzak.
1.– Lanpostuak betetzeko deialdietan parte hartu ahal izango dute zerbitzu aktiboan dauden funtzionarioek, zerbitzu berezietan dauden funtzionarioek, seme-alabak edo senideak zaintzeko eszedentzian, genero-indarkeriagatiko eszedentzian edo Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bateginaren 86. artikuluan aurreikusitako eszedentzian dauden funtzionarioek, bai eta zerbitzu aktiboko egoerara itzultzen diren funtzionarioek ere aipatutako testu bateginaren 92.2 artikuluan aurreikusitako moduan, baldin eta deialdian eskatutako baldintza orokorrak eta ezarritako betekizunak betetzen badituzte parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.
2.– Era berean, prozedura horietan lehiatu ahal izango dira jarduneko zerbitzura itzuliz, nahitaezko eszedentzian dauden funtzionarioak, beste administrazio publiko batzuen zerbitzuan daudenak edo errehabilitatu direnak, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bateginaren 84. artikuluan xedatutakoaren arabera, bai eta sei hilabete baino gehiagoz etenda egon diren langileak eta borondatezko eszedentzian dauden gainerako langileak ere, baldin eta egoera horietarako ezarritako iraupen-aldia bete badute.
3.– Halaber, lanpostuen zerrendetan bigarren jarduerako egoeran dauden langileek bete ditzaketela berariaz adierazten diren lanpostuak ere eskatu ahal izango dituzte kasuan kasuko kidegoko karrerako funtzionarioek, baldin eta administrazio-egoera horretan badaude eta deialdian ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Prozedura horren bidez bigarren jarduerako egoerara itzultzen diren funtzionarioek ere parte hartu ahal izango dute.
Deitzen diren hornidura-prozeduretan plazarik lortzen ez duten funtzionarioak behin-behinean atxikiko dira, erregelamendu honen 28. artikuluaren 1. apartatuan adierazitakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bateginaren 90.7 artikuluan aurreikusitako ordainsariekin. Bete gabeko plazak, baldin eta bigarren jarduerako langileek bete baditzakete, deialdikoei gehituko zaizkie, 1. apartatuan xedatutakoaren arabera.
4.– Eginkizun-etenaldiko egoeran dauden funtzionarioek ezin izango dute parte hartu egiten diren deialdietan egoera horretan dauden bitartean, ez eta lekualdatzearekin zigortutako langileek ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bateginaren 140. artikuluaren arabera.
Ezingo da merezimendu-lehiaketa batean parte hartu harik eta funtzionarioak behin betiko azken destinoa lortu zuen lekualdatze-lehiaketarako deialdia egin zuen ebazpena eman zenetik bi urte igaro arte. Denbora-muga hori ez zaie aplikatuko behin-behineko atxikipenean daudenei, salbu eta atxikipen hori lanpostuari uko egitearen ondoriozkoa bada, Euskal Herriko Poliziaren Legearen testu bateginaren 103.2 c) artikuluan ezarritakoaren arabera.
Gutxieneko iraunaldi berezia duen lanpostu batera atxikitako funtzionarioek ezingo dute parte hartu lanpostu-zerrendetan kasu bakoitzerako ezarritako epean deitzen diren deialdietan, salbu eta behin-behineko atxikipen-egoeran badaude, betiere egoera hori ez bada lanpostuari uko egitearen ondorio, edo lotura bera duten eta espezialitate bera edo bateragarria den beste espezialitate bat eskatzen duten beste lanpostu batzuk lortu nahi badituzte. Era berean, beste kategoria baterako barne-sustapeneko prozesuetan parte hartu ahal izango dute, baldin eta sartu nahi duten kategorian lotura eta espezialitate edo espezialitate bateragarri berdinen mende dauden lanpostu hutsak eskaintzen badira. Lanpostu huts horietara atxikiko dira, eta horietan egon beharko dute gutxieneko iraunaldia amaitu arte.
5.– Eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean egiaztatuko da baldintzak betetzen direla, eta lanpostuaz jabetzen den egunera arte bete beharko dira baldintza horiek.
7. artikulua.– Parte hartzeko eskabideak aurkeztea.
1.– Lanpostuak betetzeko deialdietan parte hartzeko eskabidea, deialdian zehazten den moduan egingo da. Eskabidean eskatutako destinoak zehaztuko dira, eta bat baino gehiago badira, horien lehentasun-ordena.
2.– Eskabideak aurkezteko epea ez da inola ere hamabost egun baino laburragoa izango deialdia dagokion aldizkarian argitaratzen den egunetik eta, hala badagokio, azkenekotik kontatzen hasita.
8. artikulua.– Langileen erregistroan oharrak jasotzea.
Erregelamendu honetan xedatutakoa aplikatzearen ondorioz Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako funtzionarioen administrazio-bizitzan sortzen diren gorabeherak dagokion langileen erregistroan jasoko dira, hargatik eragotzi gabe gorabehera horien euskarri diren administrazio-dokumentuak interesdunen espediente pertsonalean agertzea, zeina kasu bakoitzean eskumena duen langileen kudeaketa-organoaren ardurapean egongo baita.
9. artikulua.– Atzera egitea eta uko egitea.
1.– Merezimendu-lehiaketa bidez lortutako destinoei ezin zaie uko egin.
2.– Lanpostuak betetzeko prozeduran borondatez parte hartzen duten langileek prozesuan parte hartzeari uko egin diezaiokete, betiere eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen.
10. artikulua.– Behin betiko atxikipena.
Txanda irekiaren edo barne-sustapenaren bidez sartu berri diren funtzionarioak hutsik dauden lanpostuetara atxikiko dira behin betiko, eta hautaketa-prozesuko behin betiko sailkapen-ordenari jarraituko zaio.
II. KAPITULUA
LANPOSTUAK MEREZIMENDU-LEHIAKETA BIDEZ HORNITZEA
11. artikulua.– Deialdiak.
1.– Lanpostuak betetzeko lehiaketetarako deialdiak batera egin ahal izango dira, edo eskala, kategoria edo espezialitate bateko edo gehiagoko lanpostu hutsak betetzeko. Azken kasu horretan, deialdian soilik sartu ahal izango dira deialdian aipatzen diren eskala edo kategoriei edo espezialitateei esklusiboki esleituta dauden lanpostu hutsak.
2.– Era berean, deialdiak egin ahal izango dira, bakar-bakarrik, bete beharreko eginkizunen izaeratik eratorritako berariazko betekizunak eskatzen dituzten lanpostuetarako, dagozkien lanpostu-zerrendetan hala aurreikusita egonik.
12. artikulua.– Merezimenduak eta horien egiaztapena.
1.– Lehiaketetan, eskainitako lanpostuen ezaugarrietarako egokiak diren merezimenduak baloratu beharko dira, deialdi bakoitzean zehazten den moduan, eta, bereziki, hauek:
a) Antzinatasuna.
Ertzaintzan edo Udaltzaingoetan emandako zerbitzu-urteak baloratuko dira, eta ez dira zenbatuko alegatutako beste batzuekin aldi berean emandako zerbitzuak.
b) Garapen profesionaleko gradu edo gradu pertsonal jakin bat izatea.
Azken mailaketa-prozeduran aitortuta zuen garapen profesionalaren gradua, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.
Udaltzaingoan garapen profesionaleko gradua garatzen ez den bitartean, finkatutako gradu pertsonala dagokion kategoriaren arabera baloratu behar da. Hala ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Udaltzaingoko kidegoetako lanpostuak hornitzeko lehiaketetan, eskaintzen diren mailen arabera baloratu ahal izango da gradu pertsonala, deialdian hala aurreikusten denean.
c) Egindako lana.
Egindako lanaren balorazioa deitutako lanpostuen izaeraren arabera kuantifikatu beharko da, deialdian zehaztutakoaren arabera.
d) Euskararen jakite-maila, lanpostuari esleitutako hizkuntza-eskakizunaren arabera baldintza ez denean eta aplikatu beharreko araudian ezarritakoaren arabera.
2.– Honako hauek ere baloratu daitezke, deialdian hala zehazten denean:
a) Prestakuntza- eta hobekuntza-ikastaroak.
Deialdietan berariaz jasotako prestakuntza- eta hobekuntza-ikastaroak baino ez dira baloratuko.
b) Titulu eta gradu akademikoak.
Titulu eta gradu akademiko ofizialak kasuan kasuko lanpostua betetzeko garrantzitsuak direnean baloratuko dira.
c) Hizkuntzak jakitea edo irakaskuntza eta ikerketa.
Hizkuntzen ezagutza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako lanpostuen hautatze- eta hornitze-prozesuetan hizkuntza-tituluak eta -ziurtagiriak arautzen dituen araudiaren arabera baloratuko da.
d) Kondekorazioak eta sari profesionalak, ezartzen den araudiaren arabera.
e) Bete beharreko lanpostuaren ezaugarrien arabera egokiak izan daitezkeen beste batzuk.
3.– Inola ere ez dira baloratuko deialdietan parte hartzeko betekizun gisa eskatzen diren merezimenduak.
4.– Eskabideak aurkezteko epea amaitzen den eguna erreferentziatzat hartuta baloratuko dira merezimenduak. Deialdian berariaz aurreikusten denean, eta betiere administrazioak ezin baditu elektronikoki eskuratu bere sare korporatiboen bidez edo datu-bitartekaritzarako plataformei edo horretarako gaitutako beste sistema elektroniko batzuei kontsulta eginez, alegatutako merezimenduak dokumentu bidez egiaztatuko dira parte hartzeko eskabidearekin batera. Salbuespenez, dokumentuak prozeduran duen garrantziak hala eskatzen duenean edo kopiaren kalitateak zalantzak sortzen dituenean, administrazioak interesdunari eskatu diezaioke, modu arrazoituan, dokumentua edo jatorrizko informazioa erakusteko. Balorazio-prozesuetan, alegatutako eta, hala badagokio, egiaztatutako merezimenduak frogatzeko beharrezkotzat jotzen diren argibideak edo dokumentazio gehigarria eskatu ahal izango zaizkie interesdunei.
5.– Deialdietan gutxieneko puntuazio bat ezarri ahal izango da destinoa esleitzeko, betiere bete beharreko lanpostuen izaerak hala eskatzen badu.
6.– Era berean, eta bete beharreko eginkizunen izaera kontuan hartuta, deialdietan ezarri daiteke izangaiek lanpostuaren ezaugarri espezifikoetara egokitzen diren ebaluatzeko beharrezkotzat jotzen diren probak egin behar dituztela.
7.– Horrez gain, deialdietan aurreikus daiteke edozein prestakuntza-jarduera egin beharko dela prozesuaren barruan, baldin eta, lanpostu-zerrendetan xedatutakoaren arabera, sartzeko ezinbesteko baldintza bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bateginaren 40.5 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
8.– Ebazpen-proposamena pertsona honi egokituko zaio: prestakuntza-jarduera gainditu eta puntuazio handiena lortzen duenari, lehiaketan baloratzekoak diren merezimenduak eta, hala badagokio, izangaiak lanpostuaren ezaugarri espezifikoetara egokitzen direla ebaluatzeko egin beharreko probetan lortutako puntuak batuta.
13. artikulua.– Lehiaketa espezifikoa.
1.– Bete beharreko lanpostuen izaera dela eta, deialdietan hala zehazten denean, lehiaketek bi fase izango dituzte. Lehenengoan, aurreko artikuluan aipatutako merezimenduak baloratuko dira. Bigarren fasean, izangaiak lanpostuaren ezaugarri espezifikoetara egokitzen direla ebaluatzeko beharrezkotzat jotzen diren probak egingo dira. Deialdian zehaztu beharko dira proba horien edukia, irizpideak eta balorazio-arauak, eta probak gainditzea ezinbesteko baldintza izango den lanpostua betetzeko.
2.– Deialdietan zehaztuko da fase bakoitzean lor daitekeen gehieneko puntuazioa, eta gutxieneko puntuazio bat ere finkatu daiteke fase bakoitzeko, destinoa esleitzeko.
3.– Proba baloratzeko, hautaketa-batzordeko kide bakoitzak emandako puntuazioaren batezbesteko aritmetikoa erabiliko da. Emandako puntuazioak eta azken balorazioa, horretarako egingo den aktan jaso beharko dira.
4.– Puntuazio altuena lortzen duen hautagaiari egokituko zaio ebazpen-proposamena, bi faseetako emaitzak batuta.
14. artikulua.– Berdinketa hausteko irizpideak.
Puntuazioan berdinketa gertatuz gero, emakumeari emango zaio lehentasuna, dagokion lanpostu-kodean emakumeen ordezkaritza % 40tik beherakoa denean. Hala eta guztiz ere berdinketak bere horretan badirau, kategoriako antzinatasunak izango du lehentasuna, eta, halakorik ezean, kategoria horretan sartzeko hautaketa-prozesuan lortutako lehentasun-ordenak.
15. artikulua.– Hautaketa-batzordeak.
1.– Hautaketa-batzordeek kide-kopuru bakoitia izango dute, gutxienez bost, deialdia egin duen organoak izendatuak. Horietako bat batzordeko presidentea izango da, eta beste bat, idazkaria. Era berean, kide horien ordezkoak ere izendatuko dira.
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako otsailaren 18ko 4/2005 Legearekin bat etorriz, hautaketa-batzordeen osaerak emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua eta kideen inpartzialtasuna, profesionaltasuna eta espezialitatea bermatu behar ditu. Ordezkaritza orekatutzat joko da sexu bakoitzak gutxienez % 40ko ordezkaritza duenean.
2.– Balorazio-batzordeetako kideak karrerako funtzionarioak edo lan-kontratuko langile finkoak izango dira, deitutako lanpostua atxikita dagoen titulazio-talde berekoak edo goragokoak.
Hautaketa-batzordeek adituak izendatzeko eskatu diezaiokete deialdia egin duen agintaritzari. Aditu horiek, aholkulari gisa, hitza izango dute, baina botorik ez.
16. artikulua.– Ebazpena.
1.– Lehiaketak ebazteko epea deialdian bertan zehaztuko da.
2.– Lehiaketaren ebazpena arrazoitzeko, erregelamenduzko arauak eta deialdiaren oinarriak erabiliko dira. Nolanahi ere, prozeduran egiaztatuta geratu beharko da, hartutako ebazpenaren oinarri gisa, prozedura behar bezala bete dela eta hautagaien merezimenduen azken balorazioa egin dela.
17. artikulua.– Kargua uzteko eta atxikitzeko araubidea.
Esleipen-ebazpenak zehaztuko du langile esleipendun guztien kargu-uztearen eta atxikipenaren data zehatza.
18. artikulua.– Destinoak.
1.– Merezimendu-lehiaketaren bidez lortutako destinoei ezin zaie uko egin, eta ezin izango da parte hartu funtzionarioak behin betiko azken destinoa lortu zuen lekualdatze-lehiaketarako deialdia egin zuen ebazpenaren hurrengo bi urteetan.
2.– Denbora-muga hori ez zaie aplikatuko hauei:
– Behin-behineko atxikipenean daudenei, salbu eta atxikipen hori lanpostuari uko egitearen ondoriozkoa bada.
– Izendapen askeko lanpostu bat betetzeko izendatuak izan direnei.
– Lanpostu hutsak betetzeko lehenengo deialdian nahitaez parte hartu behar dutenei, Euskal Herriko Poliziaren Legearen testu bateginaren 40.5 artikuluaren arabera.
19. artikulua.– Lanpostutik mugiaraztea.
1.– Lanpostu bat lehiaketa-prozeduraren bidez lortzen duten funtzionarioak lanpostutik kendu ahal izango dira gerora sortutako arrazoiengatik, baldin eta lanpostuaren edukia aldatu bada lanpostu-zerrenden bidez, eta aldaketa horrek deialdiaren oinarri izan ziren kasuak aldatzen baditu, edo lanpostua betetzeko gaitasunik ez badute, errendimendu eskasa adierazi dutelako, eta horrek lanpostuari esleitutako eginkizunak eraginkortasunez betetzea eragozten badu. Lanpostutik mugiarazteko, kontraesaneko espedientea egin ondoren, izendapena egin zuen organoaren ebazpen arrazoitua beharko da.
2.– Gaitasun-gabeziaren kasuan, funtzionarioa lanean ari den antolaketa-unitateko titularrak egingo du mugiarazteko proposamen arrazoitua, eta interesdunari jakinaraziko zaio, hamar egun balioduneko epean alegazioak egin eta egokitzat jotzen dituen dokumentuak aurkez ditzan. Ematen den ebazpena hamar egun balioduneko epean jakinaraziko zaio interesdunari, eta, hala badagokio, funtzionarioak lanpostua uztea ekarriko du.
3.– Lanpostutik mugiarazitako funtzionarioak behin-behinean atxikiko dira beren eskala eta kategoriako beste lanpostu huts batera, baldin eta haiek betetzeko baldintzak betetzen badituzte. Atxikipenak kargua utzi eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
20. artikulua.– Gehieneko iraunaldia betetzea.
Gehieneko iraupen-epea betetzeagatik bere lanpostura atxikita egoteari uzten dion funtzionarioa bere eskala eta kategoria bereko lanpostu huts batera atxikiko da behin-behinean, betiere lanpostu horretan jarduteko eskatzen diren baldintzak betetzen baditu. Atxikipen horrek kargua utzi eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak, hargatik eragotzi gabe espezialitateak arautzen dituen dekretuan espezialitate-betekizuna duten lanpostuetan jarraitzeko baldintzak betetzeari buruz ezarritakoa.
III. KAPITULUA
LANPOSTUAK IZENDAPEN ASKEZ HORNITZEA
21. artikulua.– Izendapen askez betetzeko gordetako lanpostuak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bateginaren 96. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, izendapen askeko sistemaren bidez hornituko dira lanpostu-zerrendetan izaera horrekin zehazten diren lanpostuak, erantzukizun bereziagatik, edo betetzeko konfiantza pertsonal berezia eskatzen dutenak.
Nolanahi ere, kasuan kasuko lanpostu-zerrendek Euskal Herriko Poliziaren Legearen testu bateginaren 96.2 artikuluan aipatzen diren lanpostuak gordeko dituzte izendapen askearen bidez betetzeko, aurreko paragrafoan aipatutako kasuetan.
2.– Lanpostu-zerrendek ezin izango dute, inola ere, lanpostu guztien % 7 baino gehiago gorde izendapen askez hornitzeko.
22. artikulua.– Deialdiak.
1.– Deialdi publikoa egin ondoren egingo da izendapena. Deialdi horretan, lanpostuaren izena, kokapena, maila eta berariazko osagarria eta lanpostua betetzeko eskatzen diren baldintzak ez ezik (lanpostuen zerrendan jasota daude), honako hauek ere argitaratuko dira: lanpostuaren konpetentzia profesionalak, hautagaien egokitasuna ebaluatzeko prozedura eta kontuan hartuko diren egokitasun-alderdiak eta -elementuak.
2.– Deialdian adierazten diren baldintzak, alderdiak eta elementuak eskabideak aurkezteko epea amaitzen den eguna erreferentziatzat hartuta baloratuko dira. Deialdiak berariaz aurreikusten duenean, eta betiere administrazioak ezin baditu elektronikoki eskuratu bere sare korporatiboen bidez edo datu-bitartekaritzarako plataformei edo horretarako gaitutako beste sistema elektroniko batzuei kontsulta eginez, alegatutako inguruabar guztiak dokumentu bidez egiaztatuko dira parte hartzeko eskabidearekin batera. Salbuespenez, dokumentuak prozeduran duen garrantziak hala eskatzen duenean edo kopiaren kalitateak zalantzak sortzen dituenean, administrazioak interesdunari eskatu diezaioke, modu arrazoituan, dokumentua edo jatorrizko informazioa erakusteko. Balorazio-prozesuetan, alegatu eta, hala badagokio, egiaztatu dena frogatzeko beharrezkotzat jotzen diren argibideak edo dokumentazio gehigarria eskatu ahal izango zaizkie interesdunei.
23. artikulua.– Txostenak.
1.– Izendapena egin aurretik, organo eskudunak diskrezionalki erabakiko du hautagaiak egokiak diren ala ez, lanpostuan jarduteko eskatzen diren betekizunei eta deialdian adierazitako egokitasun-alderdi eta -elementuei dagokienez. Horretarako, curriculum-balorazioak, egokitasun-txostenak, elkarrizketak edo deialdian zehaztutako beste prozedura batzuk erabiliko dira.
2.– Aurreko paragrafoan aipatutako txostena, edo deialdia hutsik geratu dela adierazteko proposamen arrazoitua, hamabost egun naturaleko epean emango da, organo eskudunak epe hori luzatzea modu arrazoituan ebazten ez badu.
24. artikulua.– Izendapenak.
1.– Izendapenak deialdian bertan zehaztutako gehieneko epean egin beharko dira.
2.– Izendapen-ebazpenak arrazoitzeko, kontuan hartuko da hautatutako izangaiak deialdian eskatutako betekizunak eta zehaztapenak betetzen dituela, bai eta hori egiteko eskumena ere.
Nolanahi ere, hartutako ebazpenaren oinarri gisa, prozedura behar bezala bete dela egiaztatu beharko da.
25. artikulua.– Kargua uzteko eta atxikitzeko araubidea.
Kargua uzteko eta atxikitzeko araubidea erregelamendu honen 17. artikuluan ezarritakoa izango da.
26. artikulua.– Kargu-uztea.
1.– Izendapen askeko lanpostuetarako izendatutako funtzionarioak diskrezionalki kendu ahal izango dira kargutik. Ebazpen horren arrazoiak ebazpena emateko eskumenari eta hura oinarritzen duten arrazoiei buruzkoak izango dira.
2.– Izendapen askeko lanpostu batetik kendutako funtzionarioa bere eskala eta kategoriako beste lanpostu bati atxikiko zaio behin-behinean, baldin eta hura betetzeko baldintzak betetzen baditu. Atxikipenak kargua utzi eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
IV. KAPITULUA
LANPOSTUAK BETETZEKO BESTE MODU BATZUK
27. artikulua.– Mugitzea, lanpostuen atxikipen-aldaketengatik.
1.– Segurtasun arloan eskumena duen sailburuak edo dagokion toki-erakundeko organo eskudunak xedatu dezakete, zerbitzuaren beharrek hala eskatzen dutenean, dagokion kidegoko lanpostuen eta horiei atxikitako funtzionarioen atxikipena aldatzea kidego bereko beste antolaketa-unitate batzuetara, lanpostuen zerrenda aldatuz.
2.– Lanpostuen atxikipen berriek dagozkien titularrenak dakartzate. Atxikipen berriak destinoko herria aldatzea badakar, atxikipen horrek, hala badagokio, aplikatzekoa den araudiak aurreikusten dituen kalte-ordainak izango ditu.
28. artikulua.– Behin-behineko atxikipena.
1.– Segurtasunaren arloko eskumena duen sailaren egitura organiko eta funtzionalaren arabera eskumena duen organoak edo dagokion toki-erakundeko organo eskudunak behin-behinean atxikiko dituzte beren administrazioko funtzionarioak, baldin eta haien eskalan eta kategorian lanpostu hutsen bat badago eta lanpostu hori betetzeko baldintzak betetzen badituzte, egoera hauetakoren batean daudenean:
a) Lanpostu-zerrendatik lanpostua kentzea.
b) Uko egitea, organo eskudunak onartu badu, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bateginaren 103.3 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
c) Gehieneko iraunaldia betetzea.
d) Lehiaketaz edo izendapen askez lortutako lanpostutik mugiaraztea edo lanpostutik kentzea, hurrenez hurren.
2.– Zerbitzu aktibora itzultzen diren funtzionarioak ere behin-behinean atxiki daitezke, lanpostua gorde gabe, erregelamendu honen 33. artikuluan xedatutakoaren arabera.
3.– Lanpostua ezabatuz gero, destino berrietarako behin-behineko atxikipena honela egingo da:
a) Ezabatutako lanpostua behin-behinean betetzen ari diren funtzionarioak beren kategoriako beste lanpostu huts bati atxikiko zaizkio behin-behinean, baldin eta lanpostu hori betetzeko baldintzak betetzen badituzte.
b) Kendutako lanpostua behin betiko atxikipenean betetzen ari diren funtzionarioen kasuan, bere kategoriako beste lanpostu huts bati atxikiko zaio behin-behinean, betiere lanpostu hori betetzeko beharrezko baldintzak betetzen baditu.
Lanpostu bateko dotazio jakin batzuk kentzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan, aipatzen diren ordenan: antzinatasun gutxien lanpostuan edo, bestela, puntuazio gutxien eskuratu izana ezabatutako lanpostua hornitzeko prozeduran lortutako lehentasun-ordenan.
c) Ezabatutako lanpostua zerbitzu-eginkizunetan betetzen ari diren funtzionarioak, jatorrizko lanpostua gordeta badute, jatorrizko lanpostura bideratuko dira.
4.– Gehieneko iraunaldia betez gero edo lanpostutik mugiaraziz gero edo lanpostu bat utziz gero, destino berrietarako behin-behineko atxikipena honela egingo da:
Udalerri berean bere kategorian dauden lanpostu hutsetako bati behin-behinean atxikitzen ahaleginduko da. Halakorik ezean, kidegoan dauden kategoriako lanpostu hutsen bati atxikiko zaio, betiere zerbitzuaren beharrek ahalbidetzen badute, funtzionarioek adierazitako lehentasunen arabera, kategorian antzinatasun gehiena izanik, edo, baldintza berdinetan, dagokion kategorian sartzeko hautaketa-prozesuko lehentasun-ordenan puntuazio altuena izanik.
5.– 1. apartatuan zerrendatutako behin-behinean atxikita dauden funtzionarioek, b) letran aipatutakoak izan ezik, lehentasun-eskubidea izango dute, eskaintzen den lehen lehiaketan eta behin bakarrik, herri berean dauden eta kategoria berekoak diren lanpostu hutsak betetzeko, Ertzaintzan, eta lanpostu-mailako osagarri berdina edo txikiagoa duten lanpostu hutsak betetzeko, Udaltzaingoko kidegoetan, amortizatutako edo aurretik betetako lanpostuaren aldean. Lehiaketako merezimenduen balorazioan puntuazio altuena izateak erabakiko du lehentasuna nork duen lehentasun-eskubidea baliatzerakoan.
6.– Behin-behineko atxikipenean dauden funtzionarioek nahitaez parte hartu beharko dute beren kategoriako lanpostuak betetzeko deitzen diren lehiaketetan, eta bete ditzaketen lanpostu huts guztiak eskatu beharko dituzte. Hala egin ezean, nahitaez atxikiko zaizkie horietako edozeini.
7.– Lanpostu bat behin-behinean betetzen duten bitartean, funtzionarioek lanpostu horri esleitutako ordainsari osagarriak jasoko dituzte, eta, nolanahi ere, Ertzaintzan duten kategoriari dagokion lanpostu-mailako osagarria eta, Udaltzaingoko kidegoetan, finkatuta duten lanpostuaren sailkapen-mailari dagokiona.
Aurreko paragrafoan xedatutakoa ezertan eragotzi gabe, behin-behineko atxikipenaren arrazoia lehen betetako lanpostua ezabatzea bada eta lanpostu berriari esleitutako ordainsariak amortizatuarenak baino txikiagoak badira, funtzionarioak aldi baterako osagarria jasoko du diferentziagatik. Osagarri hori jasotzen jarraituko du interesdunak parte hartzen duen edo parte hartu ahal izan duen lehen lehiaketa ebatzi arte.
8.– Gehieneko iraunaldia betetzeagatik lanpostu baterako atxikipena uzten bada, eta aldi horretan lanpostu horietan zerbitzu efektiboa eman bada, langileak osagarri pertsonal bat jasoko du, kendutako lanpostuaren berariazko osagarri bereziaren eta behin-behineko nahiz behin betiko atxikipenean lortutako lanpostuari dagokionaren arteko aldeagatik.
29. artikulua.– Lanpostuak aldi baterako betetzeko zerbitzu-eginkizuna.
1.– Salbuespenezko kasuetan, funtzionarioak zerbitzu-eginkizunetan esleitu ahal izango dira beren kategoriako edo beren kategoriakoa ez den beste kategoria bateko lanpostuak betetzeko, baldin eta eskala berekoak edo hurrengo goragokoak badira eta lanpostuen zerrendan lanpostu horiek betetzeko ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Segurtasun-arloan eskumena duen sailaren egitura organiko eta funtzionalaren arabera eskumena duen organoak edo dagokion toki-erakundeko organo eskudunak erabaki ditzakete zerbitzu-eginkizun horiek.
Salbuespen gisa, Ertzaintzaren eremuan, dagokion espezialitatea duten behar adina funtzionario ez badaude, zerbitzuaren beharrek hala eskatzen badute eta betiere irizpide objektiboak kontuan hartuta, espezialitate-betekizuna duten lanpostuak betetzeko zerbitzu-eginkizunak eman ahal zaizkie lanpostu horiei dagozkien eginkizunak behar bezala betetzea bermatzen duten funtzionarioei, nahiz eta dagokion espezialitate-ikastaroa gaindituta ez izan.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bateginaren 40.5 artikuluan aipatzen diren prestakuntza-jarduerak gainditzeak berekin ekar dezake funtzionarioa zerbitzu-eginkizunetan esleitzea hura betetzea eskatzen zuten lanpostuetarako, betiere berariaz aurreikusita badago dagokion deialdian. Esleipen hori bertan aurreikusitako baldintzetan egingo da edo, bestela, dagokion programazioa amaitzean lortutako behin betiko sailkapen-ordenaren lehentasunarekin bat etorriz. Azken kalifikazioa gai edo ez-gai bada, dagokion kategorian sartzeko hautaketa-prozesuko behin betiko sailkapenaren hurrenkerari jarraituko zaio.
Aurreko paragrafoan aurreikusitako egoeran dauden funtzionarioek nahitaez eskatu beharko dituzte, deitzen den lehen deialdian eta lehentasunez, haiek hornitzeko eskuratutako prestakuntza eta ezagutzak eskatzen dituzten lanpostu huts guztiak, eta, hala egin ezean, horietako edozeini atxiki ahal izango zaizkie nahitaez.
3.– Lanpostu bat betetzea premiazkoa eta atzeraezina bada zerbitzurako, eta erregelamendu honetan aurreikusitako borondatezko ohiko eta ezohiko sistemen bidez ezin izan bada bete, nahitaezko zerbitzu-eginkizunak adostu daitezke.
Esleipena egin aurretik, organo eskudunak berariaz egindako txosten tekniko-polizialaren bidez, langileak lagatzeko moduan dauden antolaketa-unitateak zehaztuko dira, bai eta zer ordenatan eta gehieneko zenbat langile eman behar duten ere, hori guztia zerbitzuaren beharrei eta unitate horien hornidura operatiboaren okupazio-tasari buruzko irizpide objektiboak aplikatuz.
Esleipena Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidego bakoitzean ezartzen diren irizpideen arabera ebatziko da, interesdunari entzun ondoren. Irizpideek nahitaez bete beharko dituzte unitate lagatzailean azken aldiz sartu zenetik egiaztatutako zerbitzu-denbora laburrenaren printzipioa eta familia-karga gutxien dituenaren printzipioa.
Zerbitzu-eginkizun horiek gehienez ere urtebeteko iraupena izango dute, eta beste urtebetez luzatu daitezke, lanpostua behin betiko bete ez bada. Zerbitzu-eginkizun horiek ezin izango dira amaitu zerbitzu-eginkizunak betetzen dituen pertsonak uko egiteagatik.
4.– Zerbitzu-eginkizunek gehienez ere hiru urteko iraupena izango dute, zerbitzu berezietako egoeran dagoen titularraren lanpostuak betetzeko emandakoak izan ezik. Hala ere, zerbitzu-eginkizunak diskrezionalki ezeztatu ditzake eman zituen organoak, eta horrela hornitutako lanpostu hutsak erregelamenduz betetzeko eskaini beharko dira egiten den lehenengo deialdian.
5.– Zerbitzu-eginkizunetan dauden funtzionarioei gorde egingo zaie behin betiko atxikita duten jatorrizko lanpostua, eta benetan betetzen dituzten lanpostuak dituzten programetan sartutako kredituen kargura jasoko dituzte ordainsari guztiak.
Zerbitzu-eginkizunetan dauden funtzionarioek ordainsari hauek jasoko dituzte: beren titulazio-taldeari dagozkion oinarrizko ordainsariak, kategoriari dagokion lanpostu-mailako osagarria, Ertzaintzan, eta lanpostuaren sailkapen-mailari dagokiona, Udaltzaingoan, eta betetzen duten lanpostuari dagokion berariazko osagarria.
6.– Borondatezko zerbitzu-eginkizunek ez dute kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik emango. Nahitaezko zerbitzu-eginkizunek aplikatzekoa den araudian ezartzen diren kalte-ordainak jasotzeko eskubidea emango dute.
30. artikulua.– Eginkizunak aldi baterako esleitzeagatiko zerbitzu-eginkizunak.
1.– Salbuespenezko kasuetan, funtzionarioak zerbitzu-eginkizunetan esleitu daitezke atxikita dauden lanpostuaren eginkizun espezifikoez bestelakoak egiteko, baldin eta lanpostuak modu iraunkorrean esleituta dituzten funtzionarioek ezin badituzte behar bezala bete, aldi baterako bolumen handiagoa dutelako edo egoeraren araberako beste arrazoi batzuengatik, edo lanpostu-zerrendetan sartuta dauden lanpostuei berariaz esleituta ez dauden funtzio bereziak egiteko.
2.– Zerbitzu-eginkizuna lanpostu bati berariaz esleitu gabeko zeregin bereziak egiteko edo esleituta dituzten lanpostuen titularrek egoeraren arabera bete ezin dituzten eginkizunak betetzeko ematen bada, funtzionarioak bere lanpostuari dagozkion ordainsariak jasoko ditu, hargatik eragotzi gabe Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bateginaren 116.2 artikuluan xedatutakoa.
3.– Aurreko apartatuetan aipatutako zerbitzu-eginkizunak nahitaez esleitu daitezke, erregelamendu honen aurreko artikuluko 3. apartatuan aurreikusitako moduan eta baldintzetan.
4.– Borondatezko zerbitzu-eginkizunek ez dute kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik emango. Nahitaez esleitzen direnak, aplikatzekoa den araudian ezartzen diren kalte-ordainak jasotzeko eskubidea emango dute.
31. artikulua.– Sindikatuekin negoziatzea.
1.– Ertzaintzako lanpostuak zerbitzu-eginkizunetan betetzeko jarraitu beharreko prozedura orokorra Ertzaintzan ordezkaritza duten erakunde sindikalekin negoziatuko da, Euskal Herriko Poliziaren Legearen testu bateginaren 125.2 artikuluan aurreikusitako mahaian.
2.– Aurreko paragrafoan aipatutako Administrazioaren eta erakunde sindikalen ordezkariek prozedura horren baldintzak itundu ditzakete, Euskal Herriko Poliziaren Legearen testu bateginaren 126.3 artikuluan aurreikusitako moduan.
3.– Dekretu honen xedapenak aplikagarriak izango dira deitzen diren zerbitzu-eginkizunen prozeduretan, horien izaerarekin bat datorren guztian, aplikatu beharreko hornidura-araubidean eta eskainitako lanpostu edo eginkizunetan.
32. artikulua.– Bigarren jarduerako funtzionarioak.
1.– Bigarren jarduerako administrazio-egoerara igarotzen diren funtzionarioek utzi egingo dute atxikita duten lanpostua, bigarren jarduerako egoeran dauden langileek bete ezin badute, eta behin-behineko atxikipenez esleituko zaie lan hori egiteko moduko zerbitzuak ematen ari diren unitateko lanpostu bat. Unitatean lanpostu hutsik ez badago, atxikipena egingo da Polizia Kidegoaren lanpostu-zerrendan definitutako lanposturen bat hutsik egonik interesdunak proposatutako hiru lanpostuen artean administrazioak erabakitzen duen lantokian.
2.– Aurreko paragrafoan aurreikusitakoaren arabera, horrelako lanposturik ez badago, edo dauden lanpostu hutsak zerbitzuak ematen ari den lantokiaren ingurune mugakidetik kanpo badaude eta interesdunak bere borondatez proposatzen ez baditu, aldi baterako eta eskuragarritasun hori ez dagoen bitartean, administrazio eskudunak betetzen ari zen lanpostua funtzionalki interesdunaren gaitasunetara egokituko du, epaimahai ebaluatzailearen irizpenarekin bat etorriz.
3.– Bigarren jarduerako administrazio-egoerara igarotzen diren funtzionarioek lehentasunezko eskubidea izango dute, eskaintzen den lehen lehiaketan eta behin bakarrik, beren kategoriako lanpostu hutsak betetzeko, baldin eta bigarren jarduerako egoeran zeuden langileek bete baditzakete, egoera horretara igaro ziren unean zerbitzua ematen ari ziren herrian, eta betiere zerbitzu aktibotik badatoz. Lehiaketako merezimenduen balorazioan lortutako puntuazioak, lehentasun-eskubidearen hurrenkera zehaztuko du.
4.– Bigarren jarduerako administrazio-egoeratik zerbitzu aktibora itzultzea erabakitzen denean, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bateginaren 92.2 artikuluaren arabera, langileak atxikita dagoen lanpostua utziko du baldin eta zerbitzu aktiboko egoeran dauden langileek betetzeko modukoa ez bada, eta behin-behinean atxikiko zaio lan hori egiteko moduko zerbitzuak ematen ari den unitateko lanpostu bati. Unitatean lanpostu hutsik ez badago, atxikipena egingo da Polizia Kidegoaren lanpostu-zerrendan definitutako lanposturen bat hutsik egonik interesdunak proposatutako hiru lanpostuen artean administrazioak erabakitzen duen lantokian.
Apartatu honetan aipatzen diren kasuetan, langileak Euskal Herriko Poliziaren Legearen testu bateginaren 90.6 artikuluaren arabera hartutako konpromisoaren mende egongo dira.
33. artikulua.– Jarduneko zerbitzura itzultzea.
1.– Lanpostu-erreserbarik eta destinorik ez duten funtzionarioak zerbitzu aktibora itzultzeko, baldintza hau bete beharko da: lanpostu huts bat egotea, konprometitu gabea sartzeko edo hornitzeko deialdi publikoan, eta aurrekontuko diru-hornidura duena, lehentasun-hurrenkera honen arabera:
a) Nahitaezko eszedentzian daudenak.
b) Lanpostutik etenda daudenak.
c) Borondatezko eszedentzian daudenak.
d) Beste administrazio publiko batzuetan zerbitzuan daudenak.
e) Errehabilitatuak, Euskal Herriko Poliziaren Legearen testu bateginaren 84. artikuluan xedatutakoaren arabera.
2.– Lehiaketa bidez edo izendapen askearen bidez lanpostuak betetzeko deialdietan parte hartuz itzuliko da lanera.
3.– Era berean, beren eskala eta kategoriako lanpostu huts batera behin-behinean atxikita itzuli ahal izango dira, baldin eta lanpostua betetzeko eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte. Egoera horretan egongo dira lehiaketa bidez edo izendapen askearen bidez behin betiko destinoa lortu arte.
34. artikulua.– Bigarren jarduerako egoerara itzultzea.
Plaza- eta destino-erreserbarik ez duten funtzionarioak bigarren jarduerako egoerara itzultzeko baldintza hau bete beharko da: aurrekontuko diru-hornidura duen lanpostu huts bat egotea eta lanpostu-zerrendetan berariaz adieraztea bigarren jarduerako langileek bete dezaketela, aurreko artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako moduan eta artikulu horren 1. apartatuan ezarritako lehentasun-ordenaren arabera.
35. artikulua.– Espezialitateekin lotutako neurriak.
Espezialitate bat lortzeak Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bateginean aurreikusitako ondorioak dakartza, eta Ertzaintzako espezialitateei buruzko dekretuan garatzen dira.
36. artikulua.– Lanpostuak betetzeko prozeduren ondorioak.
1.– Lanpostuak betetzeko prozedurari amaiera ematen dion ebazpenak zehaztuko du zein egunetan utzi eta atxikiko diren langileak, hargatik eragotzi gabe plangintza eta atseden-bermeak.
Ebazpenak zerbitzu aktibora edo bigarren jarduerara itzultzea badakar, planifikatutako lehenengo lanegunean egin beharko da.
2.– Sartzeko eta barne-sustapeneko prozeduretan, izendatutako langileek hamar egun balioduneko epea izango dute dagokien kategoriaz jabetzeko, izendapen-ebazpena argitaratzen denetik aurrera.
Baimenak, lizentziak, oporrak edo funtzionarioaren beste edozein zirkunstantzia amaitzen diren egunera arte atzeratuko da kategoriaz jabetzea, baldin eta zerbitzu aktiboko edo bigarren jarduerako administrazio-egoeretan jarraitu eta zerbitzuak benetan ezin baditu eman. Salbuespen gisa, eta behar bezala arrazoitutako kausa justifikatuengatik, organo eskudunak horiek etetea erabaki dezake.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Segurtasunaren arloko eskumena duen sailburuak merezimenduen baremo komun eta bateratua onartu dezake, Ertzaintzako eskala edo kategoria jakin bateko lanpostu hutsak lehiaketa bidez betetzeko.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Ertzaintzaren unitateen jarduteko lurralde-eremuari dagokion derrigorrez bete beharreko indizea % 50etik gorakoa bada, 2. hizkuntza-eskakizuna aplikatuko zaie Ikuskapen Eskalako ofizialordeen kategoriako ikerketa-lanpostuei.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Administrazioa berregituratzearen ondorioz, behin betiko hornitutako lanpostuen izena, adskripzio organikoa edo funtzioak aldatzen badira, ez da beharrezkoa izango beste deialdi bat egitea lanpostu horiek betetzeko, baldin eta lanpostu berrian bete beharreko eginkizunak, funtsean, aurreko lanpostuarenak badira.
Kasu horretan, eta lanpostu-motaren arabera, beharrezkoa izango da izendapena egiteko eskumena duen organoak aurrekoa egoera berrira egokitzea, dagokion egintzaren bidez. Egintza horretan, berariaz jaso beharko da bete beharreko funtzio berriak funtsean aldatutako lanpostuan jasota daudela edo antzekoak direla eta horiek garatzeko konpetentzia- eta gaitasun-maila bera eskatzen dela.
LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako funtzionarioek, baldin eta lanpostuak betetzeko sistema aldatzen bada, lanpostu horiek betetzen jarraituko dute, eta, kargua uzteari dagokionez, izendatu zireneko sistemaren arauei jarraituko diete.
BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako funtzionarioek, baldin eta lanpostuak behin betiko betetzen ari direla, lanpostu horietan sartzeko baldintzak aldatzen badira lanpostu-zerrendan dagokion aldaketaren bidez, lanpostu horietan jarrai dezakete, berariaz hala aurreikusten bada. Nolanahi ere, lanpostu horietan jarraitzeko, horiek betetzeko eskatzen diren baldintzak bete beharko dira.
Baldintzak betetzen direla egiaztatzen ez bada dagokion lanpostu-zerrendan aurreikusitako epean eta moduan, funtzionarioa mugiaraztea edo kargutik kentzea eragin dezake, erregelamendu honetan aurreikusitako moduan.
SEIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
1.– Gehieneko iraunaldia duten Ertzaintzako Laguntza Taktikoaren Buruzagitza Nagusiari eta Segurtasun Instituzionalaren Buruzagitzari atxikitako lanpostuen jarduera-eremua Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde osora hedatzen da, lanpostu horietan garatu beharreko funtzioen ezaugarri bereziak eta gaitasun fisikoa edo oreka psikikoa dela-eta. Hala ere, Ertzaintzako lanpostu-zerrendetan lanpostu horien lurralde-kokapena langileen instrukzio-instalazioak dauden herria edo lurralde-eremua identifikatuz egiten da.
2.– Horregatik guztiagatik, erregelamendu honen 28. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, Ertzaintzako Laguntza Taktikoko Buruzagitza Nagusiko eta Segurtasun Instituzionaleko Buruzagitzako lanpostu bat uzten duten funtzionarioek, gehieneko iraupen-aldia bete dutelako, lehentasunezko eskubidea izango dute egingo den lehen lehiaketan eta behin bakarrik Euskal Autonomia Erkidegoan dauden lanpostu hutsak betetzeko, betiere horiek betetzeko eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte.
ZAZPIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zerbitzu-eginkizunak, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 32. artikuluan aurreikusitakoak, gehienez ere lau urterako eman daitezke, eta beste lau urtez luzatu ahal izango dira gehienez ere, eta betetzen dituzten funtzionarioek lanpostuei edo betetzen dituzten eginkizunei esleitutako ordainsariak jasoko dituzte. Eginkizunak betetzeko zerbitzu-eginkizuna bada, ordainsariak ezingo dira izan jatorrizko lanpostuari dagozkionak baino txikiagoak.
ZORTZIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Ertzaintzako Miñoien, Foralen eta Mikeleteen atalen barruko zerbitzu-eginkizunak dagokion foru aldundiko organo eskudunak emango ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bateginaren 49. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
LEHEN XEDAPEN IRAGANKORRA
Gaur egun indarrean dauden lanpostuak betetzeko prozesuak dagokion deialdia argitaratzen den unean indarrean dagoen araudiaren arabera arautuko dira.
BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA
1.– Udaltzaingoan garapen profesionaleko gradua garatzen ez den bitartean, lanpostuak merezimendu-lehiaketa bidez betetzeko lehiaketetan gradu pertsonal jakin bat izatea baloratuko da.
2.– Gradu pertsonala lortzeko, dagokion mailako lanpostu bat edo gehiago bete behar dira bi urtez jarraian edo hiru urtez etenekin, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko funtzionarioentzat oro har xedatutakoaren arabera.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabetuta geratzen da 388/1998 Dekretua, abenduaren 22koa, Euskal Herriko Polizia Kidegoetako Funtzionarioen Lanpostuen Hornidurari buruzko Araudia onesten duena, eta horren ondorengo aldaketak, bai eta dekretu honen bidez onartutako erregelamenduan ezarritakoaren aurka dauden maila bereko edo beheragoko arau guztiak ere.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Segurtasunaren arloan eskumena duen sailburuari baimena ematen zaio dekretu honetan ezarritakoa betearazteko eta garatzeko behar diren xedapenak emateko.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen egina, 2023ko apirilaren 4an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.
RSS