Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

126. zk., 2023ko uztailaren 4a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

SEGURTASUN SAILA
3195

57/2023 DEKRETUA, apirilaren 4koa, Ertzaintzaren espezialitateei buruzkoa.

Enplegu publikoaren erregulazio orokorrak, funtzionarioak taldekatzeko moduen artean, kidegoez eta eskalez gain, espezialitate jakin batzuk sortzeko aukera jasotzen du, lanpostu jakin batzuen eduki tekniko eta zehatza dela-eta lanpostu horietan jarduteko eta kidego eta eskalen funtzioa betetzeko ezagutza-espezializazio handiagoa izatea behar denerako.

Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bateginaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoek behar diren espezialitateak izan behar dituzte ezagutza espezifikoko maila jakin bat eskatzen duten zereginak egiteko, eta erregelamendu-garapenerako uzten du espezialitateak zehazteko eta definitzeko lana eta haietan sartzeko, mantentzeko eta uzteko eskakizunak eta baldintzak zehaztekoa, bai eta haien arteko bateragarritasuna zehaztekoa ere.

Ertzaintzako eskala eta kategorietan sartzeko prestakuntzak aukera ematen du polizia-kidego horri dagozkion funtzio eta betebehar guztiak egiteko.

Hala ere, batzuetan beharrezkoa izan daiteke polizia-lan arruntaren zereginerakoak baino ezagutza espezializatu, dibertsifikatu edo handiagoak eskatzen dituzten zereginak izatea.

Dibertsifikazio eta espezializazio hori agerikoa da Ertzaintzaren kasuan, bai kidegoaren tamainagatik, bai polizia integralaren izaeragatik. Hori dela eta, Ertzaintzan betidanik egon dira lan horiek egiteko espezialistei gordetako lanpostuak, kasu bakoitzerako eskatzen diren kualifikazio espezifikoak lortu ondoren.

Dekretu honen bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bateginaren aurreikuspenak garatzean, honako hauek zehazten dira: espezialitateen definizioa, eta horiek lortzeko eta horietan jarduteko eskakizunak eta baldintzak.

Ertzaintzan, erregelamendu-garapena aukera bat da lehendik zeuden espezialitateak berrantolatzeko, ingurunearen dinamismoa eta konplexutasuna kontuan hartuta; izan ere, dinamismo eta konplexutasun horiek polizia-kidego horri eskatzen diote egokitzeko gaitasuna izatea eskumen espezifikoak eta bitarteko, teknika eta prozedura espezializatuak eskatzen dituzten zereginak betetzean.

Erregulazioak honako alderdi hauek jorratzen ditu, besteak beste: espezialitateko lanpostuetan gutxieneko eta gehieneko denbora bat egiteko konpromisoak eta baldintzak, espezialitateko lanpostuak betetzeko prozeduretan aurkezteko betebeharra, gutxieneko denbora egiteko konpromisoaren ondoriozko prozedura horien mugak, etengabeko prestakuntzaren betebeharra, sasoi psikofisikoari eustea, eta abar. Betekizun horiek espezialitatearen araberakoak izango dira.

Horrenbestez, Segurtasun Sailak proposatuta, Ertzaintzaren negoziazio-mahaian ErNE, ESAN eta EUSPEL erakunde sindikalekin akordioa lortu ondoren, Ertzaintzaren Kontseiluak txostena emanda, Eusko Jaurlaritzaren Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Gobernu Kontseiluak 2023ko apirilaren 4an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Dekretu honen xedea da Ertzaintzaren espezialitateei aplikatu beharreko araubidea erregulatzea. Erregelamendu honetan xedatutakoa Ertzaintzari aplikatuko zaio.

2. artikulua.– Espezialitateak.

1.– Dekretu honen ondorioetarako, unitate edo lanpostuetako jarduera-arloa hartzen da espezialitatetzat, baldin eta jarduera horretan aritzeko kualifikazio espezifiko gaitzaile bat edo batzuk behar badira.

Espezialitatetzat jotzen da lanpostuetako polizia-zereginen izaera dela-eta ezagutza espezifikoen maila jakin bat eskatzen duten lanpostu jakin batzuk eskuratzeko lanpostuen zerrendan ezarritako betekizuna.

2.– Funtzionarioek espezialitateei dagozkien eginkizunak betetzea ez da eragozpen izango Ertzaintzaren oinarrizko polizia-eginkizunak betetzeko, dagokien kategoriaren arabera.

3. artikulua.– Kualifikazio espezifikoak.

1.– Kualifikazio espezifikotzat hartzen da espezializazioa behar den lanpostuetan profesionalki jarduteko eskatzen den ahalmena ematen duten gaitasunen multzoa.

2.– Eusko Jaurlaritzan Segurtasunaren arloko eskumena duen sailburuaren agindu baten bidez zehaztuko dira espezialitate bakoitza lortzeko beharrezkoak diren lanbide-profilak eta gaitasunak.

3.– Poliziaren eta Larrialdietako Euskal Akademiak prestatuko du gaitasun horiek lortzeko behar den curriculum-edukia, eta Kontseilu Errektoreak dagozkion ikasketa-planak onartuko ditu. Genero-ikuspegia eta generoaren eta berdintasunaren arloko ezagutzak txertatuko dira plana egitean.

4. artikulua.– Espezialitate motak.

1.– Dekretu honetan jasotzen diren espezialitateak sortzen dira. Honako hauek dira:

a) Bide-segurtasuna: hiriarteko bideetan –eta, hala badagokio, hirikoetan– pertsonen eta ondasunen segurtasunerako arrisku-egoerak prebenitzea eta neutralizatzea.

b) Ikerketa: arau-hauste penal edo administratiboa izan dezaketen gertaerei buruzko informazioa biltzea eta tratatzea, eta gertaerak ikertzea, ikuskatzea eta argitzea, hainbat eremutan, Polizia judiziala barne.

c) Babes pertsonala: agintariei, goi-kargudunei eta beste pertsona ospetsu batzuei edo mehatxatutako pertsonei babes espezializatuko zerbitzuak ematea.

d) Esku-hartze berezia: pertsonen eta ondasunen segurtasunerako arrisku-egoerak prebenitzea eta neutralizatzea arrisku handiko edo konplexutasun handiko kasuetan, edo beste polizia-unitate batzuei segurtasun handiko estaldura ematea eskatzen denean.

e) Trebatutako txakurrak: pertsonen eta ondasunen segurtasunerako arrisku-egoerak prebenitzea eta neutralizatzea, ahalik eta eraginkortasunik handiena lortzeko asmoz txakur trebatuen laguntza behar den kasuetan.

f) Brigada mugikorra: arrisku larriko egoeretan ordena publikoa prebenitzea, mantentzea eta, hala badagokio, berrezartzea, bai eta istripu, hondamendi edo lazeria publikoko egoeretan esku hartzea ere, segurtasun-neurrien eta herritarren segurtasunerako plan berezien bidez konplexutasun tekniko, larritasun eta intentsitate handiko kasuetan, eta beste unitate batzuei laguntza espezializatua ematea masak kontrolatzeko, atxilotuak zaintzeko eta lekualdatzeko eta planifikatutako segurtasun-baliabideetan parte hartzeko.

g) Lehergailuak eta NEBK desaktibatzea: pertsonen eta ondasunen segurtasunerako arrisku-egoerak prebenitzea eta neutralizatzea lehergaiak edo lehergailuak desaktibatu edo neutralizatu behar direnean edo arrisku nuklear, erradiologiko, bakteriologiko edo kimikoak (NEBK) neutralizatu behar direnean.

2.– Zerrendatutako espezialitateak zabaldu, aldatu edo ezabatzen badira, lanpostuen zerrendan erakutsiko da hori.

5. artikulua.– Espezialitatea lortzea.

1.– Espezialitateak honela lortu ahal izango dira:

a) Espezializazio-ikastaroak egiteko deialdi espezifikoetan.

b) Txanda irekiko edo barne-sustapeneko deialdietan, hautaketa- eta prestakuntza-prozesua gaindituz, hala ezartzen eta aurreikusten denean.

c) Espezialitatea lortzeko aukera ematen duten lanpostuak betetzeko prozeduretan.

2.– Espezialitatea eskuratzeko, nolanahi ere, espezialitate bakoitzak eskatzen dituen kualifikazio espezifikoak lortzeko EAEko Poliziaren eta Larrialdietako Euskal Akademiak ematen dituen prestakuntza-ikastaroak eta, hala badagokio, praktikaldiak egin eta gainditu behar dira.

3.– Espezialitate jakin bat eskuratuz gero, espezialitate hori duten funtzionarioak behartuta daude espezialitate horretarako gordetako eta eskainitako lanpostuak hornitzeko prozedura guztietan izena ematera, non eta ez dauden behin betiko atxikita espezialitate horretarako edo espezialitate bateragarri baterako gordetako lanpostuetara. Hala egin ezean, nahitaez atxikiko edo esleituko zaie haietako edozein. Azken kasu horretan, ez da inolako konpentsazio ekonomikorik jasotzeko eskubiderik izango.

4.– Atxikipen hori ezinezkoa bada espezialitateko behar adina lanpostu ez egoteagatik, langileak jatorrizko lanpostura itzuliko dira, hau da, zerbitzuak ematen zituzten lanpostura. Hori ezinezkoa bada, espezialitate-eskakizunik gabeko lanpostu bat atxikiko zaio langileari, baldin eta lanpostu horren baldintzak betetzen baditu. Kasu horiek ez dute salbuesten 3. apartatuan aurreikusitako betebeharretik, baina espezialitate-eskakizunik gabeko lanpostuan emandako denbora kontuan hartuko da espezialitateko lanpostuan gutxienez egin beharreko denborarako.

5.– Espezialitatea eskuratzeko prozesuetan, puntuazioan berdinketa badago, emakumeari emango zaio lehentasuna, dagokion espezialitatean emakumeen ordezkaritza % 40tik beherakoa denean.

6. artikulua.– Espezialitatea deialdi espezifikoetan egiaztatzea.

1.– Poliziaren eta Larrialdietako Euskal Akademiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko du antolatzen diren espezializazio-ikastaroak egiteko hautaketa-deialdia.

2.– Administrazioak espezialitate bakoitzerako aurreikusten dituen beharren araberakoa izango da eskainitako plazen kopurua.

3.– Espezializazio-ikastaro horiek gainditzeak ez du berez eskubiderik ematen lanpostu jakin batera atxikitzeko.

7. artikulua.– Espezialitatea sarrera-deialdietan egiaztatzea.

1.– Baldin eta lanpostuen zerrendaren arabera espezialitate bat eskatzen duten plazak betetzeko badira sartzeko hautaketa-prozesuak, hautaketa-prozesu horiek Poliziaren eta Larrialdietako Euskal Akademiak egingo dituen proba espezifikoak eta betekizunak ere jaso beharko dituzte, dena delako eskalan edo kategorian sartzeko oro har eskatutakoez gain.

2.– Ikastaroa gainditu arren espezialitateko lanpostu batera atxikitzen ez diren langileek espezialitatea lortuko dute, eta 5.3 artikuluan xedatutakora behartuta egongo dira.

3.– Espezialitate-betekizuna duen agentearen kategorian sartzeko hautaketa-prozeduretara deitu aurretik, espezializazio-ikastaroa egiteko prozedurak antolatuko dira.

8. artikulua.– Espezialitatea lanpostuak betetzeko prozeduretan egiaztatzea.

Espezialitate baterako gordetako lanpostuak behin betiko betetzeko prozeduretan, aurreikusi ahal izango da espezializazioa lortzeko ikastaroa egitea lanpostuak betetzeko prozeduraren barruan, Poliziaren eta Larrialdietako Euskal Akademian. Ordurako espezializazioa dutenek ez dute ikastaro hori egin beharrik izango.

9. artikulua.– Lanpostuen zerrenda.

1.– Lanpostuen zerrendak zehaztuko du zer lanpostutan bete behar den espezialitate-betekizuna.

2.– Lanpostuen zerrendak lanpostuan gutxienez edo gehienez egin behar den denbora ezarri behar du, hurrengo artikuluetan xedatutakoaren arabera.

3.– Salbuespen gisa, dena delako espezializazioa duen behar adina funtzionario ez badago eta zerbitzuaren beharrek hala eskatzen badute, betiere irizpide objektiboak kontuan hartuta, espezialitate-betekizuna duten lanpostuak betetzeko zerbitzu-eginkizunak eman ahal izango zaizkie espezializazio-ikastaroa gainditu ez duten baina lanpostu horiei dagozkien eginkizunak behar bezala betetzea bermatzen duten funtzionarioei.

10. artikulua.– Gutxieneko denbora.

1.– Ekonomia- eta eraginkortasun-arrazoiak kontuan hartuta edo lanpostua betetzeko behar diren prestakuntza- edo gaikuntza-ezaugarri bereziak kontuan hartuta, espezialitate-eskakizuna duen lanpostuan gutxieneko denbora bat egiteko betebeharra ezarri ahal izango da.

2.– Gutxieneko denbora 4 eta 8 urte artekoa izan daiteke, espezialitatearen arabera, eta lanpostuen zerrendan ezarriko da.

3.– Espezialitate baterako gordetako lanpostuetan, langileari espezialitate horretarako gordetako lanpostu bat atxikitzen zaionetik hasiko da zenbatzen gutxieneko denbora, atxikipena behin betikoa izan, behin-behinekoa izan edo zerbitzu-eginkizunetakoa izan, baldin eta aldez aurretik espezialitatea eskuratu badu.

Gutxieneko denbora zenbatzeko orduan, espezialitate bereko edo espezialitate bateragarrietako lanpostuetan benetan emandako zerbitzu-denbora kontuan hartuko da.

Alde horretatik, benetan emandako zerbitzutzat hartzen da dagokion espezialitateko betekizuna duen lanpostu batera atxikita egon den bitartean eta espezialitate-eskakizunik gabeko lanpostu batera 5. artikuluan aurreikusitako kasuetan atxikita egon den bitartean administrazio-egoera hauetako batean igarotako denbora: zerbitzu aktiboa, bigarren jarduera, seme-alabak edo senideak zaintzeko eszedentzia eta genero-indarkeriagatik hartutako eszedentzia.

4.– Era berean, gutxieneko denborak berekin dakar lanpostu batera behin-behinean atxikita daudenek, eta gutxieneko denbora betetzen ez den bitartean, behin betiko lanpostuak betetzeko prozeduretan eskaintzen diren espezialitaterako gordetako lanpostu hutsak hautatu behar izatea.

5.– Gutxieneko denbora bete behar duten langileek, aldi hori betetzen ez duten bitartean, ezin dute parte hartu 5. artikuluan aurreikusitako hautaketa-prozeduretan, baldin eta prozedura horietako edozeinen bidez beste espezialitate batera sartzeko bada.

11. artikulua.– Gehieneko denbora.

1.– Bete beharreko eginkizunen ezaugarri bereziak kontuan hartuta, gehieneko denbora bat jar daiteke espezialitatearen eskakizuna duten lanpostuetan, hala komeni bada gaitasun fisikoari edo oreka psikikoari lotutako arrazoiengatik.

2.– Espezialitate baterako gordetako lanpostuetan, langileari espezialitate horretarako gordeta dagoen lanpostu bat atxikitzen zaionetik hasiko da zenbatzen gehieneko denbora, atxikipena behin betikoa izan, behin-behinekoa izan edo zerbitzu-eginkizunetakoa izan, baldin eta aldez aurretik espezialitatea eskuratu badu.

Gehieneko denbora zenbatzeko orduan, espezialitate bereko edo espezialitate bateragarrietako lanpostuetan benetan emandako zerbitzu-denbora kontuan hartuko da.

Alde horretatik, benetan emandako zerbitzutzat hartzen da dagokion espezialitateko betekizuna duen lanpostu batera atxikita egon den bitartean eta espezialitate-eskakizunik gabeko lanpostu batera 5. artikuluan aurreikusitako kasuetan atxikita egon den bitartean administrazio-egoera hauetako batean igarotako denbora: zerbitzu aktiboa, bigarren jarduera, seme-alabak edo senideak zaintzeko eszedentzia eta genero-indarkeriagatik hartutako eszedentzia.

3.– Gehieneko denbora betetzeak lanpostua utzi beharra dakar, eta Lanpostuak Betetzeko Erregelamenduan aurreikusitakoa aplikatuko da.

Aurreko paragrafoan ezarritakoa gorabehera, eta hurrengo artikuluan aipatzen diren aldizkako probak gaindituta betiere, gehieneko muga hori duten lanpostuak betetzen jarraitu ahal izango dute hala nahi duten langileek gehieneko denbora bete ondoren, baldin eta egiaztatzen badute bertan jarraitzeko baldintzak betetzen dituztela 12. artikuluko probetan edo funtzionarioen osasuna babestea eta lanpostuen eginkizunak eta zereginak behar bezala betetzea bermatzeko proba osagarri gisa ezartzen direnetan.

4.– Espezialitateari lotutako lanpostuetan gehieneko denbora betetzeagatik lanpostua uzten duen langileak, denbora horretan benetan eman badu zerbitzua, osagarri bat kobratuko du, uzten duen lanpostuaren berariazko osagarri bereziaren eta behin-behinean nahiz behin betiko atxikitzen zaion lanpostuari dagokionaren arteko aldea berdintzen duena.

12. artikulua.– Espezialitate-betekizuna duten lanpostuetan jarraitzeko baldintzak.

1.– Nahitaezko prestakuntza iraunkor eta ebaluagarria jasotzea, bai eta, hala badagokio, sasoi psikofisikoari eustea ere, nahitaez bete beharreko baldintza da esleitutako eginkizunak eraginkortasunez betetzeko eta, beraz, espezialitatean eta hura eskatzen duten lanpostuetan irauteko. Prestakuntza hori gaitasunak egiaztatzeko ezartzen den sistemaren arabera ebaluatuko da.

2.– Eusko Jaurlaritzan segurtasunaren arloko eskumena duen sailaren agindu baten bidez arautuko dira sasoi psikofisikoari eta etengabeko prestakuntzari eusten zaiela egiaztatzeko proben ezaugarriak, maiztasuna eta ebaluatzeko modua.

3.– 2. apartatuan aipatutako proben ebaluazioa ez gainditzeak berekin ekarriko du langilea betetako lanpostutik mugiaraztea, lanpostua espezialitate horretarako gordeta bazegoen, edo, hala badagokio, zerbitzu-eginkizuna errebokatzea, Lanpostuak Betetzeko Erregelamenduan aurreikusitakoaren arabera. Kasu horietan, espezialitatea ez da ez eskakizun gisa ez merezimendu gisa zenbatuko ezein ondoriotarako.

13. artikulua.– Espezialitateen arteko bateragarritasuna.

Lanpostuen zerrendan espezialitateen arteko bateragarritasuna jasoko da, hori beharrezkoa den unitateetan.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Urtebeteko epean, batzorde tekniko batek Ertzaintzan espezialitate berriak sortzeko aukera aztertuko du, baita espezialitate horietan sartzeko ikastaroen prestakuntza-edukia ere (batzordean, sailaren ordezkaritzaz gain, negoziazio-mahaian dagoen sindikatu bakoitzeko ordezkari bat izango da). Batzorde horrek, gainera, dekretu honen 4. artikuluan jasotako espezialitateak egokitzeari ekin ahal izango dio.

Batzorde horren proposamenak Negoziazio Mahaiari helaraziko zaizkio, lanpostuen zerrendaren aldaketak negoziatzeko, baldintza hori eraginpean egon daitezkeen lanpostuen kodeetan sartzeko.

Espezialitate berriak erregelamendu bidez sortuko dira, eta, ondoren, lanpostuen zerrendan sartuko, eta batzordeak egindako proposamena Poliziaren eta Larrialdietako Euskal Akademiari helaraziko zaio, ikastaroen prestakuntza-edukia prestatzeko. Ikastaro horiek espezialitateak egiaztatzeko antolatuko dira.

Batzordeak egingo duen azterketan, honako kasu hauek sar daitezke:

– Zaintza eta erreskatea.

– Herritarren segurtasuna.

– Komunikazio-operadorea.

– Polizia-administrazioa.

– Jokoak eta ikuskizunak.

– Segurtasun pribatua.

– Eraikinen segurtasuna.

– Eta abar.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Dekretu hau indarrean jartzen den egunerako dena delako espezializazio-prozesua gainditu duten funtzionarioek espezialitatea lortu dutela iritziko zaio, baldin eta lanpostu jakin batzuetan jarduteko eskatzen diren kualifikazio espezifikoak lortu badituzte.

Langile horiek horrela lortutako espezialitatearen indarraldiari eutsiko diote, eta, aurrerantzean, dekretu honetan xedatutakoari jarraituko diote.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen da dekretu honetan ezarritakoaren aurka doan maila bereko edo beheragoko edozein xedapen.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko apirilaren 4a.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala