
125. zk., 2023ko uztailaren 3a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (184 KB - 7 orri.)
- EPUB (114 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
3172
EBAZPENA, 2023ko ekainaren 14koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Leioako (Bizkaia) hiri-antolamenduko plan orokorreko Ubedene 34. Sektoreko Plan Partzialaren aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa.
AURREKARIAK
2023ko urtarrilaren 26an, Leioako Udalak eskabide bat aurkeztu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari hasiera emateko Leioako HAPOko Ubedene 34. Sektorearen Plan Partzialean (aurrerantzean, Plana). Eskabidea Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera egin zen, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluak eta hurrengoek arautzen duten ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuko prozeduraren esparruan. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Plan Partzialaren Memoria eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2023ko martxoaren 15ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Leioako Udalari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola prozedurari.
Bestalde, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.
Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handi bat bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko xedez.
Leioako HAPOko Ubedene 34. Sektorearen Plan Partziala (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin esanguratsurik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edota plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra dagoela, haiek ingurumenerako ondorio esanguratsuak izan ditzaketelako.
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuko prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta ikusirik ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, berau baita eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio esanguratsurik izan dezakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bete behar ez badu, Plana garatzeko zer baldintza ezarri behar diren ingurumena behar bezala babestearren.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Leioako HAPOko Ubedene 34. Sektorearen Plan Partzialaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea. Hona hemen txostenaren edukia:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Planaren xedea da indarrean dagoen Plan Partzialean onartutako antolamendua egokitzea egungo garapen jasangarriko irizpideetara eta Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legeak ezarritako esparru juridikora.
Planak soluzio hau proposatzen du:
– Onetsitako Plan Partzialean (familia bakarreko eta biko etxebizitzak) aurreikusitako eraikuntza-tipologiaren ordez, etxebizitza kolektiboko eraikin-motak ezartzea, garapen orekatu baterako egokiagoak direnak. Orotara 286 etxebizitza ezartzea ahalbidetzen du.
– 2008ko proposamena hobetzea, inguruarekiko errepide-loturari eta dauden azpiegiturekiko loturari dagokionez.
– Proposamenaren lurralde-ahokadura hobetzea, 2008an onetsitako antolamenduak eskatzen baitu lurraldea horizontalizatzen duten plataforma horizontalak eta hormak egikaritzea, paisaian integratzeko zaila den lurralde-aldaketa sortuz.
– Babes publikoko etxebizitzen hirigintza-eraikigarritasunaren estandarrak definitzen dituzten koefizienteak aplikatzea.
– Plan Partzialaren eremuaren mugapena zuzentzea, Leioako HAPOra egokitzeko.
B) Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta bat etorriz Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:
a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparru bat: Planak ez du lurzoru berria erabiltzea aurreikusten, baizik eta lehendik urbanizagarritzat sailkatuta dagoena antolatzea. Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, Planak ez du indarrean den hirigintza-araudia aldatzen baldintzatzaileak txertatzeko, besteak beste kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legerian zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektu berriak etorkizunean baimentzeko.
b) Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere: Plana bateragarria da maila handiagoko lurralde-, arlo- eta hirigintza-planekin.
c) Plana egokia den edo ez ingurumen-kontsiderazioak integratzeko, bat eginik, bereziki, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin. Planak urbanizatzea aurreikusita dagoen lurzoru bat okupatzea eta optimizatzea posible egiten eta/edo errazten du; hala, lurzoruaren erabilera intentsiboa ahalbidetzen du. Gainera, plan honen garapenak eraikuntzetan energia aurrezten lagunduko duten elementuak ezartzea ahalbidetu dezake, eraikuntza jasangarriagoa lortzeko.
d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak. Ez da hauteman Plana egikaritzearen ondoriozko ingurumen-arazo esanguratsurik, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, urei eta uholde-arriskuen prebentzioari, hondakinen kudeaketari, natura-ondareari, paisaiari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira eragin-eremuarekin lotutako esku-hartze eta jarduerak.
e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da ingurumen arloko legedia txertatzeko –Europakoa nahiz Espainiakoa–.
2.– Ondorioen eta ukitua gerta daitekeen eremuaren ezaugarriak:
Planaren eremuak 7 Ha-ko azalera du gutxi gorabehera, ekipamenduz (Sarrienako futbol zelaiak, Askartz ikastetxea, Jose Miguel Barandiaran-Goikoa BHIa) eta etxebizitzetarako lurzoruz (Los Periodistas bizitegi-gunea) inguratutako hiri-inguruan, eta BI-2731 errepidearen bidezko bide-konexioa du. Gaur egun, landa-erabilerak (belardiak eta baratzeak) eta eraikuntza sakabanatua (etxebizitza bakartua, nagusiki) hartzen ditu eremuak.
Eremuan ez dago ur-ibilgurik. Sektorearen iparraldean, 00 ordenako errekak daude, banalerroaren beste aldean (Larrañazubi aldera, Gobela arroa), eta, hegoaldean, Elexalde aldera (Udondo-Gobela). Hidrogeologikoki, lurpeko uraren masa Getxo-Bergara kuaternarioko sektorekoa da (ES111S000016). Eremuaren barruan ur-puntu bat hautematen da, ureztatzeko erabilia (Kurkutxo-1 ustiapen-zundaketa).
Landarediaren ikuspegitik, Belardi eta labore atlantikoen landare-komunitateak hartzen du eremua, fruta-arbolen eta hostozabalen talde txikiak tartekatzen direla. SIGPACaren arabera, eremuaren mendebaldean larreak daude. Sektorearen ekialdean, koadrikula batean Ophioglossum vulgatum iratzea hautematen da, «arraro» gisa katalogatutako espeziea Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2011ko urtarrilaren 10eko Aginduan, zeinaren bidez aldatzen baita Basa eta Itsas Fauna eta Landaredian Arriskuan dauden Espezieen Euskal Katalogoa, eta testu bakarra onartzen Arriskuan dauden Espezieen Euskal Katalogoan. Espezie hori haran hondoko belardi hezeetan, iturburuetan, ihitegietan, haltzadietan eta hariztietan bizi denez, Ingurumen Dokumentu Estrategikoaren arabera (IDE), aukera gutxi dago sektorean espezie hori egoteko.
Europaren intereseko habitaten mapak (2019) «Larratu gabeko sega-belardi atlantikoak» habitata hautematen du eremu horretan, HIC kode berari dagokiona. Habitat hori arrunta eta oso zabaldua da EAEn.
Eremuko fauna arrunta eta interes nabarmenik gabea da, eta arriskuan dauden espezieak kudeatzeko planek ez diote eragiten.
Sektorea «hiri-inguruko mosaikoa ibai-eremuan» delako paisaia-unitatean kokatzen da; eremua ez dator bat paisaia katalogatuekin edo paisaia-mugarriekin.
Eremuan, ez dago kultura-ondareko elementu kalifikatu edo inbentariaturik. Hala ere, Martiona baserria (21. fitxa) herri mailako ondare interesa duen elementu arkitektoniko gisa sartua da. Proposaturiko antolamenduan, baserria bat dator plangintzarekin, baina haren ondoan dauden bi eraikin «antolamenduz kanpo» daude.
Ubedene Sektorean ez dago ez Natura 2000 Sareko gunerik, ezta naturagune babesturik edo EAEko korridore ekologikoen eta/edo azpiegitura berdeen sareko elementurik ere.
Ingurumen-arriskuei dagokienez, eremuan ez da detektatzen lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako lurzatirik. Higadura-arriskurik ere ez da antzematen. Eremuaren zati handi batean oso txikia da akuiferoak kutsatzeko arriskua, ekialdeko zerrenda batean izan ezik, non arriskua handia eta oso handia baita. Halaber, ibaiek gainezka egiteagatik uholde-arriskuan dauden guneetatik kanpo dago eremua. Eremu horretan, ez da hautematen, halaber, lurzatiaren baldintza geoteknikoen, errepide edo trenbide bidezko salgai arriskutsuen garraioaren, SEVESO enpresen gertutasunaren edo Bizkaiko foru-errepideen zortasun akustikoko eremuaren presentziaren ondoriozko arriskurik. Era berean, ez da hautematen sismikotasun edo baso-suteen ondoriozko arrisku nabarmenik.
Egoera akustikoari dagokionez, Inpaktu Akustikoaren Azterlana egin da, eta, horren arabera, 20 urteren buruan, kanpoko espazioari aplikatu beharreko kalitate akustikoko helburuak beteko dira aurreikusitako eraikinetako fatxadetako solairu guztietan, eta ez da beharrezkoa neurri zuzentzaileak hartzerik zarata-maila murrizteko. Dekretuaren 43. artikulua betez, ez dago baldintzatzaile akustikorik eraikuntza-lizentzia emateko, baldin eta, betiere, Inpaktu Akustikoaren Azterlan horretan adierazitako isolamenduak betetzen badira eraikinetan.
Aurrekoa ikusirik, Plana egikaritzeak eragindako ondorio posibleak urbanizazio-obra osagarriak egikaritu eta eraikin berriak eraikitzearekin lotuta daude, hala nola, lurzorua okupatzea, hondakinak sortzea, lurrak mugitzea eta soberakinak sortzea (bolumenak zenbatetsi gabe oraindik), makinak joan-etorrian ibiltzea, lurpeko urei eta lurzoruei eragitea istripuzko isurketengatik, herritarrei enbarazu egitea emisio atmosferikoengatik eta zaratagatik, eta abar, eta hori guztia, hiri-inguruko eremu batean.
Alde horretatik, indarrean dagoen legeria eta, bereziki, natura-ondareari, zaratari, hondakinei eta isurketei buruzkoak betetzen badira, afekzioak txikiak izango dira, eta, oro har, aldi baterakoak, itzulgarriak eta lehengoratzeko modukoak.
Ustiaketa-fasean, ez da eragin nabarmenik espero; inpaktu nagusiak paisaiaren gaineko eraginaren ondoriozkoak izango dira.
Indarrean dagoen Plan Partzialarekiko (2008) Planak proposatutako aldaketen ondoriozko eragin posibleak soilik aintzat hartuta, ez da aurreikusten inongo ingurumen-eragin negatibo esanguratsurik.
3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri esanguratsurik izan ez dezan eta Leioako HAPOko Ubedene 34. Sektorearen Plan Partzialari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.
Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta eremua antolatzen duten planetan jasotakoaren arabera egikarituko dira. Besteak beste, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete beharko dira Planaren ondoriozko obrak egikaritzeko:
• Landaredia babesteari buruzko neurriak:
– Jarduketa-eremua balizatuko da, eta, hala badagokio, eremuko baso-formazioen gaineko eragina saihestuko da. Era berean, markatu eta babestu egingo dira eremuaren barruan aurreikusitako jarduketek ukituko ez dituzten zuhaitzak.
– Eremu berdeak lorategi bihurtzeko, bereziki zainduko da inbasio-prozesua eragin lezaketen espezie aloktono apaingarriak ez sartzea. Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua hartuko da kontuan (Udalsarea 21eko lan-koadernoak, 20b zk. IHOBE, 2017).
– Beharrezkoa da eremuan dagoen flora exotiko inbaditzailearen hedapena prebenitzea. Horretarako, neurri espezifikoak ezarri beharko dira, batetik, bertan dauden aleak desagerrarazteko eta, bestetik, horien hedapena kontrolatzeko.
• Kutsadura akustikoari buruzko neurriak.
– Etorkizunean ezingo dira hirigintza-garapenak gauzatu kanpoko kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez diren eremuetan, hargatik eragotzi gabe Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.
– Eraikinaren barruko kalitate akustikoaren helburuak betetzera bideratutako neurriak hartuko dira, erabileren eta eraikin motaren arabera; horretarako, azterketa akustikoan proposatutako isolamendua aplikatuko da. Nolanahi ere, urriaren 19ko 1371/2007 Errege Dekretuaren bidez onartutako Eraikingintzaren Kode Teknikoko zarataren aurkako babesari buruzko DB-HRan xedatutakoa beteko da, bai eta Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2016ko ekainaren 15eko Aginduan xedatutakoa ere, eraikuntzaren kontrol akustikoari eta obren ikuskapen-araubideari dagokienez.
– Planak, behin betiko onesten den unean, indarrean dagoen Bizkaiko Errepideen Lurraldeko Sektoreko Planari erantzun beharko dio, eta, jarduketa eremuko lurzatiek foru-errepideetako Zortasun Akustikoko Eremuari eraginez gero, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 30. artikuluaren arabera, Leioako Udalari egokituko zaio zortasun-eremu horri atxikitako sektorearen etorkizuneko hirigintza-garapeneko proiektuen azterlan akustikoak Bizkaiko Foru Aldundiaren Jasangarritasun eta Natura Inguruneko Sailari bidaltzea, aipatutako dekretuaren 37. artikuluak ezartzen duen bezala, sail horrek txostena egin dezan.
– Hirigintza-proiektuak, hala badagokio, Inpaktu Akustikoaren Azterlana idatzi beharko du, foru-bideen sistema orokorren kokapen aurreikusgarria jasoko duena, Unibertsitatea-Bolue korridorea (etorkizunean), eta, kalitate akustikoaren helburuak bermatu ezean, beharrezko neurri zuzentzaileak ezarriko dira eraikin berrien garapenaren kargura. Gainera, zorua garatu aurretik, baimena nahitaez izapidetuko da Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Saileko Ustiapen Zerbitzuan.
• Kultura-ondarea babesteari buruzko neurriak:
– Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak jakinarazten du Martiona baserriak tokiko babes-proposamen bat duela Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroaren Datu Basean. Hori dela eta, gomendatzen da baserri hori ez ordeztea SZR_VL01ean, hau da, XVII. mendeko baserri eder hori elementu mantendu beharreko gisa finkatzea. Halaber, zuzendaritza honen iritziz, ez da egokia garajeak eta trastelekuak sestra azpian kokatu ahal izatea, erabilera horretarako bideratutako espazioak badaudelako jadanik egun dagoen eraikinean eta indusketa-lanak ez direlako bateragarriak baserria osorik kontserbatzearekin.
– Hargatik eragotzi gabe Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa, obrak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala emango zaio horren berri Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Departamenduari; hark erabakiko du zer neurri hartu.
• Jasangarritasun energetikoari buruzko neurriak:
– Baloratuko da A energia-ziurtagiria (ia kontsumorik ez duen eraikina) lortzeko, Energia aurrezteko DB HE dokumentuan ezarritakoa gainditzen duten iturri berriztagarrien energia aprobetxatzeko sistemak sartzea.
– Eraikinen estalkietan plaka fotovoltaikoak jartzeko aukera aztertuko da, eguzki-energia energia-iturri gisa erabiltzeko.
– Eraikinen barruan argia egoki banatuz argi naturalaren erabilera optimizatzea gomendatzen da. Kontuan hartuko dira eguzki-kaptazioaren efizientzia, haren portaera energetikoa hobetzeko (batez besteko tenperatura handiagoa, berokuntza-kontsumo txikiagoa, etab.), eta eguzki-argiaren aprobetxamendua (elektrizitate-kontsumo txikiagoa).
– Eraikinaren barruan, argi naturala aprobetxatzeko sistemak instalatzea gomendatzen da, argitasun-sentsore bidez argiztapen-maila proportzionalki eta automatikoki erregulatzeko, argi naturalaren ekarpenaren arabera. Erabilera esporadikoko eraikineko zonek pizte- eta itzaltze-kontrol bat izango dute, presentzia tenporizatuaren detekzio-sistema edo sakagailu tenporizatuaren sistema baten bidez.
– Eraikina erabiltzen den bitartean ura aurreztea ahalbidetzen eta bultzatzen duten ekipamenduak, gailuak eta sistemak instalatzea gomendatzen da, hala nola, kontsumo txikiko tresna sanitarioak edo aireztagailuak dituzten txorrotak eta dutxa-buruak erabiltzea, ur-kontsumoa eta sareetan horiek bultzatzeko behar den energia murrizteko.
– Ihobek argitaratutako Eraikuntza Jasangarriaren Gidetan jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira eraikuntza jasangarriago baterako.
• Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk:
Ingurumen-dokumentuan proposatutako neurri babesleez eta zuzentzaileez gain (honako hauekin lotuta: lurzoruaren eta uren babesa, lurren eta soberakinen kudeaketa, hondakinen sorkuntza eta kudeaketa, induskatutako lurzoruen kontrola, airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa), neurri hauek hartuko dira:
– Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, horietarako isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean afekzio negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.
– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obretan eta garbiketa-kanpainan sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuen uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.
– Ez da inola ere erabiliko ahalmen inbaditzailea duen espezie aloktonorik. Neurriak hartuko dira espezie horiek lur-mugimenduen bidez hedatzea ekiditeko; betelanetan, landareztatze-lanetan eta urbanizazioko lorategi-lanetan erabiliko diren mailegu-lurren eta landare-lurren jatorria eta osaera kontrolatu beharko da.
– Eraikuntza jasangarriagoa egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, dagokion eraikuntza jasangarrirako gidan jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen aurrezki eta efizientzia energetikoa eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:
– Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.
– Energia. Energia-kontsumoa murriztea eta/edo iturri berriztaezinen bidez sortzea energia.
– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.
– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.
– Barneko kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta, aurrekoen aurkakoak ez diren heinean, sustatzaileak proposatutakoak ere, ez dela aurreikusten Leioako HAPOko Ubedene 34. Sektorearen Plan Partzialak ondorio kaltegarri esanguratsurik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Leioako Udalari.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean, Leioako HAPOko Ubedene 34. Sektoreko Plan Partziala onartzen ez bada. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, non eta ez zaion ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen. Kasu horretan, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko ekainaren 14a.
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.
RSS