
124. zk., 2023ko ekainaren 30a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (340 KB - 28 orri.)
- EPUB (1118 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
3155
EBAZPENA, 2023ko ekainaren 23koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariarena, zeinaren bidez laguntzak onartzen baitira Arabako Lurralde Historikoan kokatutako Errioxa jatorri-deitura kalifikatuko mahastien uzta berderako.
2023ko apirilaren 21ean, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko apirilaren 18ko agindua argitaratu da, zeinaren bidez 2023ko deialdia egiten baita Euskal Autonomia Erkidegoko Arabako Lurralde Historikoan kokatutako Errioxa jatorri-deitura kalifikatuko mahastien uzta berderako laguntzak emateko.
Agindu horretan, eskabideak aurkezteko lekuak, mahats-mordoak suntsitzeko edo ezabatzeko moduak eta laguntzeko gehieneko zenbatekoak zehazten dira.
Aurkeztutako eskabideak aztertu dira eta 2023ko apirilaren 18ko Aginduan jarritako lehentasun-irizpideak eta gainerako baldintzak aplikatu, eta, ebazpen honen bidez, laguntzen onuradunak, zenbatekoak eta azalerak zehazten dira. Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Hautatutako lurzatietarako uzta berderako laguntza onartzea, haren zenbatekoak eta azalerak eranskinean zehaztuta dauden bezala.
Bigarrena.– 2023ko apirilaren 18ko Aginduaren 9. eta 10. oinarrietan ezarritakoarekin bat etorriz, onuradunek uzta berdearekikoa noiz egingo den jakinarazi behar diote Arabako Foru Aldundiari, behar diren kontrolak egin ahal izateko, eta jakinarazpen hori laguntza ordaintzeko eskaeratzat hartu ahal izango da. Onuradunak 2023ko uztailaren 16rako egin behar du uzta berdearekikoa.
Hirugarrena.– Onuradunak 10 eguneko epea izango du onartutako eragiketei uko egiteko agiria aurkezteko, ebazpen hau jakinarazten den egunetik aurrera.
Laugarrena.– Eragiketa behar den bezala egin dela lekuan bertan egiaztatu ondoren ordainduko da laguntza.
Mahastizainak ez badu berari laguntza onartu zaion azalera guztian egiten eragiketa, kontuan hartuko da azalera horren eta lekuan bertan egindako kontrolen arabera eragiketa benetan gauzatu den azaleraren arteko aldea. Alde hori ez bada % 20tik gorakoa, lekuan bertan egindako kontrolek zehaztutako azaleran oinarrituta kalkulatuko da laguntza. Alde hori % 20tik gorakoa bada eta % 50etik gorakoa ez bada, lekuan bertan egindako kontroletan zehaztutako azalerari egiaztatu den aldea halako bi kenduta geratzen den azaleran oinarrituta kalkulatuko da. Azaleran dagoen aldea % 50etik gorakoa bada, onuradunak ez du laguntza jasotzeko eskubiderik izango.
Uzta berdearekikoa lurzati guztian egiten ez bada eta lurzati horretako mahats-mordo guztiak kentzen ez badira, inolaz ere ez da gauzatutzat emango eragiketa lurzati horren azaleran.
Natura-hondamendi baten ondorioz ekoizpena guztiz edo partzialki galtzen bada uzta berdearekikoa egiteko eguna baino lehen, laguntza ez da ordainduko.
Aurreko paragrafoa betetzeko, eguraldi-baldintzak direla-eta (izotza, txingorra, euria, lehortea...) ekoizpenaren % 30 baino gehiago galtzen denean iritziko zaio natura-hondamendia gertatu dela. Ekoizpenaren zenbatekoa kalkulatzeko, nekazari baten aurreko hirurtekoko urteko batezbestekoa hartuko da kontuan, edo aurreko bost urteetan oinarritutako hirurtekoko batezbestekoa, zifra handiena eta zifra txikiena alde batera utzita.
Bosgarrena.– Ebazpen honen aurka egiteko, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuordeari, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hilabete igaro baino lehen.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko ekainaren 23a.
Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendaria,
JORGE GARBISU BUESA.
RSS