Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

124. zk., 2023ko ekainaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
3153

EBAZPENA, 2023ko ekainaren 16koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariarena, EAEn lehorteagatiko ezinbesteko kasua aplikatzeari eta NPBPEa aplikatzearen ondoriozko malgutasunei buruzkoa.

4/2023 Errege Lege Dekretuak (maiatzaren 11ko Errege Dekretua, lehorteari eta Ukrainako gerraren eta baldintza klimatikoen ondoriozko lehen sektoreko baldintzak larriagotzeari erantzuteko nekazaritza- eta ur-arloan premiazko neurriak hartzen dituena, bai eta gazteek lurreko garraio publiko publikoa erabil dezaten sustatzeko eta tenperatura handiko egoeretan lan-arriskuak prebenitzeko neurriak ere), 14. artikuluan ezartzen du autonomia-erkidegoetako agintari eskudunek salbuespenezko moduan malgutu ahal izango dituztela NPBaren laguntzen betekizun, diruz laguntzeko baldintza eta konpromiso jakin batzuk, lehortearen ondorioz sortutako inguruabarrek ez dezaten eragozpen erantsirik eragin laguntza horiek jasotzeko.

Artikulu horren arabera, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari dagokio irizpideak ezartzea autonomia-erkidegoetako agintaritza eskudunek malgutasun horiek modu harmonizatuan aplikatu ahal izateko.

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak, Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsaren 8/2023 Koordinazio Zirkularraren bidez, lehortearen ondoriozko salbuespenezko neurriak ezartzen ditu NPBaren kudeaketan, jarraipenean eta kontrolean, eta lehorteagatiko ezinbesteko kasua definitzen du, Europar Batasuneko eta Estatuko arauen arabera. Horretan oinarrituta, ezinbesteko kasua argudiatzeko aukera ematen da, banakako jakinarazpenik egin beharrik gabe, eremu bateko eragindako nekazari guztientzat inguruabar berberak gertatzen direnean eta erakunde ordaintzaileek inguruabar horien berri dutenean.

Aipatutako zirkularrak, halaber, lehorteak eragindako eremuak zedarritzeko irizpideak ezartzen ditu. Mugaketa horretarako, kontuan hartu behar da urte hidrologikoko prezipitazio-eskasiaren adierazlea, 2022ko irailaren 1ean hasi zena, eta lehortzat hartuko da AEMETen SPI prezipitazio estandarizatuaren indizea -0,84 baino txikiagoa denean.

Indize horren arabera, autonomia-erkidegoek lehorte-eremuen mugak ezar ditzakete, ahal dela probintzia-mailan, edo, EAEren kasuan, lurralde historikoaren mailan.

AEMETek 2022ko irailaren 1etik 2023ko maiatzaren 31ra ezarritako SPI indizeak honako hauek dira lurralde historikoetarako:

Araba: -2,64.

Bizkaia: -0,94.

Gipuzkoa: -1,27.

Aurrekoa oinarri hartuta, eta Jaurlaritzaren Legeari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legean eta Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan emandako eskumenak baliatuz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1.– Arabako Lurralde Historikoa zedarritzea lehorteagatiko ezinbesteko kasuen aplikazio-eremu gisa, eta aukera ematea nekazaritza-ustiategietan ofizioz aplikatzeko NPBaren malgutasun hauek, NBEFren 8/2023 Zirkularrean jasotakoak:

– Baldintzazkotasun indartua 4. NIBE. Babes-zerrendak sortzea ibaien ertzetan: zerrenda segatu ahal izango da nekazaritza-helburuetarako.

– Baldintzazkotasun indartua - 8.1. NIBE. Eremu edo elementu ez-produktiboetara bideratutako nekazaritza-azaleraren gutxieneko ehunekoa: onuradunak eremu ez-produktibotzat jotako lugorriak larratu ahal izango dira.

– Ekoerregimena – P1. Larratze estentsiboa:

• Gutxieneko abere-zama 0,1 AzLU/ha-ra murriztu ahal izango da larre mediterraneoetan, eta 0,2 AzLU/ha-ra larre hezeetan.

• Larratze-aldia urtean 60 egunera murriztu ahal izango da.

• Erabilera komuneko larre hezeen azaleretan, hektareako 0,2 AzLU/ha-ko gutxieneko atalase malgutura iristen ez denean, laguntza jasotzeko eskubidea izango duten hektareen gehieneko kopurua hektareako 0,2 AzLU/ha-ko abere-zama lortzeko erabili dena izango da, ustiategiaren AzLU kopuruaren arabera.

– Ekoerregimena – P3. Espezie hobetzaileekin txandakatzea:

• 2022ko kanpainan lekadunekin ereindako lurrek jarraipena lugorriekin izan ahalko dute 2023ko kanpainan.

• Lekadunen kasuan, loraldiaren egoera fenologikora ez iristea baimentzen da.

– Ekoerregimena – P4. Zuzenean ereitea:

• 2022ko kanpainan lekadunekin ereindako lurrek jarraipena lugorriekin izan ahalko dute 2023ko kanpainan.

– Ekoerregimena – P5. Biodibertsitate-guneak:

• Lugorriak, ibaiertzak eta biodibertsitate-irlak larratu/segatu ahal izango dira.

– Landare-jatorriko proteinaren ekoizpen jasangarriari lotutako laguntza.

• Larratzea/segatzea baimentzen da, ezarritako egoera fenologikora iritsi gabe.

• Berde ongarritu ahal izango da, ezarritako egoera fenologikora iritsi gabe, betiere NIBE 6n belarki-laboreetarako ezarritako laborantzarik gabeko alditik kanpo egiten bada.

2.– Gainera, ondorengo malgutasunak, zeinetan administrazioak ez baitauka behar den informazioa haiek identifikatzeko edo ezinbesteko kasutzat hartzea justifikatzen duten inguruabarrak betetzen direla egiaztatzeko, banan-banan hartu ahal izango dira kontuan, ustiategiaren titularrak aldez aurretik eskatuta eta justifikatuta:

– Ekoerregimena – P3. Espezie hobetzaileekin txandakatzea:

• Espezie hobetzaileekin landutako azaleraren gutxieneko ehunekoa % 5era murriztea, 2023ko maiatzaren 1a baino lehen praktikak eskatzen duen lekadunen % 5 erein zuten eta lehortearen ondorioz gainerako % 5a landu ezin duten titularrentzat.

Salbuespenak aplikatu ahal izango zaizkie maiatzaren 1a baino lehen lekadunen azalera hori erein ez duten titularrei, baldin eta modu fede-emailean frogatzen badute praktika hori egiteko asmoa zutela 8/2023 Zirkularra argitaratu aurretik, eta % 5eko murrizketa lehorte-egoeraren ondorio baino ez dela.

• Lugorriaren ehunekoa % 50era arte handitzea, ustiategiak lugorri ereinik ez badu ere.

3.– Hala ere, bilakaera meteorologikoaren eta SPI indizearen eguneratzearen arabera, ondoren, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde historikoak osorik edo lurralde horietako eskualde jakin batzuk gehitu ahal izango dira ezinbesteko kasuaren eta dagozkion malgutasunen baldintzetara, bakoitzaren foru-organoak eskatuta.

4.– Lehorteak eragindako eremu gisa mugatutako eremuak 2023ko NPBaren kanpaina osoan mantenduko dira, nekazarien eta abeltzainen segurtasun juridikoa bermatzeko.

5.– Kontuan hartuko dira lehorteak lurralde historiko bakoitzean dituen zuzeneko ondorioen jarraipenari buruz NEIKER sozietate publikoak egiten dituen txostenak.

6.– Administrazio-kontrolak edo bertatik bertarako kontrolak egitean ezinbesteko kasua ofizioz ezartzeko baldintzen ez-betetzeren bat atzematen bada, beharrezkoak diren egiaztapen gehigarriak egin beharko dira egiaztatzeko benetan ezinbesteko kasua dela eta, beraz, nekazariak laguntza jasotzeko eskubidea baduela.

7.– 1. puntuan aipatutako malgutasunen bati atxikitako ustiategiaren titularrak praktika egin duela frogatzeko aukera ematen duten froga guztiak eduki beharko ditu (argazki geoerreferentziatuak, fakturak, ustiapen-koadernoko oharrak, etab.), agintaritza eskudunak eskatu bezala. Ildo horretan, prebentzioz, argazki geoetiketatuak hartzeko eskatzen zaie, horien gainean ezinbesteko kasua egon daitekeela frogatu ahal izan dezaten.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko ekainaren 16a.

Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendaria,

JORGE GARBISU BUESA.


Azterketa dokumentala