Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

123. zk., 2023ko ekainaren 29a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
3127

AGINDUA, 2023ko ekainaren 21ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, ikasle ijitoei zuzendutako hezkuntza-jarduerak eskola-eremuan garatzeko dirulaguntzen deialdia egiten duena 2023-2024 ikasturtean.

Hezkuntza-sistemak behar diren estrategiak eta baliabideak izan behar ditu, ikasle ijitoak, eskola-arrakasta lortzeko, gainerako ikasleen egoera berberetan egon daitezen.

Eskolak biztanleria guztia hartzen du, derrigorrezko eskolatze-aldian behintzat; eta eskolatze-aldi hori nahitaezko izanik, honako konpromiso hau du: pertsona guztiei beren ahalmen-gaitasunak ahalik eta gehien gara ditzaten erraztea, gizarteratzeko eta laneratzeko aukera izan dezaten berdintasun-baldintzetan.

Helburu horiek lortu eta ijito-herriak zor zaion lekua izan dezan, kulturarteko hezkuntza-proiektu bat behar du eskolak, indarra jar dezan desberdintasunak gainditzeko eta ikasle bakoitzaren premiak kontuan hartzeko. Segregazio-proposamenak alde batera utzita, eskola inklusiboaren esparrua funtsezkoa da helburu horiek lortzeko gizarte-kohesioko eta berdintasuneko testuingurua lortzeko, betiere desberdintasuna errespetatuz.

Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoan 0 urtetik aurrera bermatzen da hezkuntza, eta nahitaezkoa da 6 urtetik 16 urtera bitartean. Dena den, haurrak adin zehatz batzuetan eskolatze hutsak ez du, hezkuntzari begira, berdintasuna bermatzen.

Nahiz eta haien eskolaratzeari dagokionez, aurrerapen handiak izan azken urteetan, ikasle ijitoen eskola-arrakasta ez dago gure erkidegoko ikasle gehienek duten maila berean. Honako oztopo hauek daude oraindik:

– ijitoen kulturarekiko ezjakintasuna eta ijito-herriaren egiazko egoerari eta ijito-familien garapena oztopatzen duten dinamikei edo barrerei, eta, oro har, egungo gizartean berdintasun-ezak areagotu arazten dituzten dinamikei buruzko hausnarketarik eza;

– ijitoei buruzko aurreiritzi eta estereotipo ugari egotea, ia beti negatiboak, eta

– itxaropen gutxi egotea ikasteko aukerei edo interesari begira, eta horrek era negatiboan eragitea ikasleen itxaropenei, baita eskolari eta prestakuntza orokorrari begira dauden jarrerei ere.

Oztopo horiek gainditzeko, Hezkuntza Saila Ijito Herriarekiko Euskal Estrategiarekin (2022-2026) lan egiten ari da, era berean, kolektibo horri beste neurritan, programetan eta abarretan parte harrarazi nahi dio ikasle guztien aniztasunari erantzun bat emateko helburua duena.

Testuinguru horretan, dei egiten zaie ikastetxeekin lankidetzan arituz 2023-2024 ikasturtean garatu beharreko hezkuntza-jardueren proiektuak aurkezteko interesa duten erakundeei.

Deialdi hau administrazio publikoen dirulaguntzen jarduera arautzen duten publizitate-, lehia- eta objektibotasun-printzipioen arabera ebatziko da. Aginduan, proiektu horiek aurkezteko mekanikak eta epeak ezartzen dira, bai eta horien arteko hautaketa-prozesuak ere, eta irizpideak eta hautaketa horren arduradunak argitaratzen dira.

Agindu honen bidez araututako deialdia Hezkuntza Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan dago, zeina Hezkuntzako sailburuaren 2023ko urtarrilaren 31ko Aginduaren bidez onartu baitzen. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dago argitaratuta, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/diru-laguntzen-plan-estrategikoa/web01-a2kulsus/eu/

Horregatik guztiagatik, Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 71/2021 Dekretuan eta dekretu hori aldatzen duen martxoaren 29ko 39/2022 Dekretuan xedatutakoaren arabera, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan eta VII. tituluaren III. kapituluan – Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren esparruan dirulaguntzak emateko moduari buruzkoa– xedatutakoaren arabera, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko araudiarekin bat etorriz –zeinaren bidez azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen baita– eta aurrekontu-zuzkidura nahikoa dagoenez Euskal Autonomia Erkidegoko 2023ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legean onartutako kredituen arabera, eta aintzakotzat izanik aplikatu daitezkeen gainerako xedapenak, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da diruz laguntzea irabazi-asmorik gabeko erakundeek 2023-2024 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoko eskola-esparruan ikasle ijitoentzako hezkuntza-jarduerak garatzeko aurkezten dituzten proiektuak.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta esku-hartze eremuak:

1.– Deialdi honetara laurehun eta laurogeita bost mila zortziehun eta laurogeita hamar (485.890) euroko zenbatekoa bideratzen da, honela banatuta esku-hartze eremu bakoitzeko:

a) 1. eremua: Araba: 81.814 euro.

b) 2. eremua: Gipuzkoa: 95.221 euro.

c) 3. eremua: Bizkaia:154.427,5 euro.

d) 4. eremua: Bizkaia:154.427,5 euro.

2.– Eremu bakoitzerako, lehentasunezko ikastetxeak (XI. eranskina) eta artatu beharreko ikasle ijitoen kopurua ezartzen dira:

a) 1. eremua: Araba.

Ikastetxeak: Lehentasunezko ikastetxeen zerrenda (XI eranskina).

Artatu beharreko ikasleak: 210 eta 234 artean.

b) 2. eremua: Gipuzkoa.

Ikastetxeak: Lehentasunezko ikastetxeen zerrenda (XI eranskina).

Artatu beharreko ikasleak: 244 eta 272 artean.

c) 3. eremua: Bizkaia.

Ikastetxeak: Lehentasunezko ikastetxeen zerrenda (XI eranskina).

Artatu beharreko ikasleak: 400 eta 441 artean.

d) 4. eremua: Bizkaia.

Ikastetxeak: Lehentasunezko ikastetxeen zerrenda (XI eranskina).

Artatu beharreko ikasleak: 400 eta 441 artean.

3.– Erakunde bakar batek ezin izango du deialdian ezarritako laguntza osoaren (485.890 euro) % 55 baino gehiago jaso.

4.– Dirulaguntza lerro bakoitzean adierazitako zuzkidurak alde batera utzi gabe, eskabiderik ez dagoelako, baldintzak betetzen ez dituztelako edo eskatutako gutxieneko puntuazioa lortzen ez dutelako lerro batean ezarritako zuzkidura ekonomikoa agortzen ez bada, Ebaluazio Batzordeak beste lerro batean ezarritako zuzkidura handitzea proposatu ahal izango du, betiere kontuan hartu beharreko lerroa oraindik ebatzi gabe badago. Lerrokako soberakinak esleitzeko irizpidea eremuen erronkarekiko modu proportzionalean handitzea izango da, betiere erakunde parte-hartzaileek gutxienez aurreikusi baino ikasle gehiago egiaztatu badituzte.

5.– Erakunde bakoitzaren proposamenak aurrez ezarritako eremuetako ikastetxeetara egokituko dira. Ikastetxeen behin betiko zerrenda lurralde bakoitzeko Hezkuntza Berriztatzeko Programen arduradunek gainbegiratuko dute, esku-hartzea Hezkuntza Sailarentzat lehentasunezkoak diren ikastetxeetan egin dadin.

3. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan garatzen diren guztiak izango dira, ikastetxeko zuzendaritza-taldearen zuzendaritzapean eta dagokien irakasleekin koordinatuta, ikasle ijitoen eskola-arrakasta areagotzeko eta ikasle ijitoak dauden ikastetxeetan kulturarteko bizikidetza hobetzeko.

2.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak eskola-ordutegian zein eskolaz kanpoko ordutegietan garatuko dira eskola-egutegiaren barruan, irakasleekin lankidetzan. Jarduera horiek alderdi hauek barne hartuko dituzte:

a) Ikasle ijitoen eskola-arrakasta handitzekoak:

I.– Irakasleek gainbegiratuta eta diseinatuta, zeharkako gaitasunak eskola-inklusioaren ikuspegitik garatzen lagunduko duten ekintzetan laguntzea, betiere talde-ikasgela barruko lanari lehentasuna emanez.

I.I.– Lankidetza-estrategiak: talde interaktiboak, hizketaldiak, dinamikak.

I.II.– Taldeko tutoretzak, tutoreek eskatuta.

I.III.– Ikasleen banakako jarraipena, irizpide inklusiboei jarraituz behar diren banakako tutoretzetan parte hartzea barne.

I.IV.– Ijito Herriari ikastetxearen barruan ikusarazten laguntzen dioten jarduerak.

I.V.– Ikasle ijitoen arrakasta-egoerak sustatzeko eta zabaltzeko jarduerak, hala nola ikastetxean eskola-arrakasta lortu duten ijitoak egotea edo ikasle ijitoekin topaketak egitea Tutoretza Ekintzako Planaren esparruan.

II.– Ikastetxearekin lankidetzan aritzea ikaskuntza hobetzen laguntzen duten eskola-programetan eta eskolaz kanpoko programetan, ikasle ijitoek programa horietan gehiago parte har dezaten (Bidelaguna, ikastetxeko eta auzoko liburutegiak, lantegi sozioedukatiboak, eskolaz kanpoko jarduerak...).

b) Hezkuntza-komunitatean kulturarteko bizikidetza hobetzera zuzendurikoak:

I.– Familiak seme-alaben hezkuntza-prozesuan inplikatzea sustatzen duten jarduerak, erantzukizuna, ahalegina eta ikasteko eta lan egiteko ohiturak garatzen laguntzeko.

• Senideentzako prestakuntza-ekintzetan laguntzea ikastetxearekin.

II.– Bizikidetza hobetzen laguntzen duten jarduerak, hezkuntza-komunitatearen inplikazioarekin (ikasleak, irakasleak, senideak, gizarte-eragileak...).

• Ikastetxearekin lankidetzan aritzea gatazkak konpontzeko.

III.– Ikastetxeek eskolarik gabeko uneetan ijitoen erakundeek zuzenean laguntzen duten jarduerak.

• Senideekin egiten diren topaketetan laguntzea.

3.– Hiru esku-hartze mota ezarriko dira: unean unekoa, sistematiko orokorra eta sistematiko intentsiboa.

• Unean uneko esku-hartzetzat hartzen dira noizbehinkako egoera baten aurrean eta ikastetxearen eskaera jakin baten ondorioz sortzen direnak. Denboran mugatuak diren esku-hartzeak dira.

• Esku-hartze sistematiko orokortzat jotzen dira ikasle ijitoekin oro har gauzatzen diren aldizkako ekintzak (asterokoak, hilekoak...); adibidez, jolas-orduetan, otordu osteko jolas-orduetan, beste testuinguru masibo batzuetan, aurreko atalean definitzen den bezala.

• Esku-hartze sistematiko intentsibotzat hartzen dira ikasle ijitoen talde espezifiko bat inplikatzen duten aldizkako ekintzak (asterokoak), hau da, esku hartuko den ikasle zehatzak ezagutzen dira.

Esku hartzeko proposamenak esku-hartze sistematiko intentsiboaren modalitateko jarduketen % 75 islatuko du.

4.– Astean gutxienez egun bat emango da familiekin koordinatzeko, irakasle tutoreekin koordinatzeko, erakundearen barne-koordinaziorako, erakundearen eta zuzendaritzaren arteko koordinaziorako, ikastetxeetako batzordeekin bilerak egiteko (BAT taldea, hezkidetza), proiektuaren hiru hilean behingo jarraipena egiteko ikastetxean...

5.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira artikulu honetan aipatutako jardueren ondorioz sortutakoak. Horrela, langileak kontratatzetik datozen gastuak, errefortzu- eta prestakuntza-jarduerei dagozkien gastuak (garraioa, dietak, ez guztien % 5 baino gehiago), baliabide didaktikoak eta bibliografikoak ematen dituzten metodologia berritzaileak ezartzeko sortutako gastuak eta programari lotutako erakundearen funtzionamendu- eta egitura-gastuak (lokalaren alokairua, telekomunikazioa, kontsumigarriak, besteak beste; guztizkoaren % 10 gehienez).

4. artikulua.– Erakunde eskatzaileen gutxieneko eskakizunak.

1.– Deialdi honetan parte hartzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen dagokion erroldan inskribatuta eta alta emanda egon behar dute eskola esparruan ikasle ijitoentzako hezkuntza-jarduerak garatzeko 2023-2024 ikasturtean Hezkuntza Sailarekin lankidetzan jardun nahi duten irabazi-asmorik gabeko erakundeek.

2.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. ataletan adierazitako egoera batean dauden erakundeak ezingo dira onuradun izan.

3.– Zergen arloko betekizunak eta Gizarte Segurantzakoak egunean izatea, eta dirulaguntzak itzultzeko betekizunak ordainduta izatea (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa). Baldintza horiek dirulaguntza likidatu arte bete behar dira, eta horiek betetzen direla egiaztatuko da dirulaguntza eman eta ordainketak egiten diren uneetan.

4.– Ezingo zaie laguntzarik edo dirulaguntzarik eman sexu-bereizkeria eragiten duten jarduerei, ez eta sexu-diskriminazioa egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapena jaso duten pertsona fisiko edo juridikoei ere, dagokion zehapenean ezarritako aldian. Halaber, ezingo dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean eduki behar duten baina halakorik ez duten enpresek, ez eta 50 langiletik gorako enpresek ere, baldin eta egiaztatzen ez badute neurriak ezarri dituztela sexu-jazarpenari edo sexuan oinarritutako jazarpenari aurrea hartzeko eta aurre egiteko, Estatuko legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan ezarritako baldintzetan, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikuluaren arabera.

5.– Erakunde onuradunei dirulaguntzak eta laguntzak emateko eta, hala behar denean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa- edo zehapen-prozedura oro; zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzengatik edo dirulaguntzengatik hasitakoak eta artean izapidetzen ari direnak.

6.– Jarduerak egiteko proposatutako pertsona guztiek izan beharko dute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatuaren gutxieneko titulazio akademikoa edo baliokidea.

7.– Epai irmo bidez kondenarik jaso ez izana sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delituengatik hala nola sexu-erasoa eta -abusua, sexu-jazarpena, exhibizionismoa eta sexu-probokazioa, prostituzioa eta sexu-esplotazioa, adingabeak galbidean jartzea eta gizakien salerosketa (1/1996 Lege Organikoa, urtarrilaren 15ekoa, Adingabearen Babes Juridikoari buruzkoa). Horretarako, erakunde eskatzaileek diruz lagundutako jarduerak egiteko proposatutako pertsonek egoera hori egiaztatu beharko dute, Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztuz.

5. artikulua.– Eskakizunak nola egiaztatu.

1.– Ofizioz egiaztatuko da erakunde eskatzaileak legez eratuta ote dauden eta Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Errolda Nagusian inskribatuta dauden.

2.– Dirulaguntzaren eskabidea aurkezteak berekin ekarriko du eskatzaileak baimena ematea organo emaileari zuzenean egiazta dezan laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak betetzen dituztela. Egiaztapen hori dirulaguntza emateko eta ordainketak egiteko unean egiaztatuko da, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko horretarako. Dirulaguntzen Erregelamendu Orokorra onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz.

3.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 eta 50.5 artikuluak betez, betebehar hauek egiaztatuko dira eskaeran, erantzukizunpeko adierazpen bidez:

a) Edozein administraziori edo erakunde publiko zein pribaturi xede bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu eta, jaso izanez gero, jaso direla.

b) Eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla.

c) Ez izatea dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko debekurik zigor- eta administrazio-arloan, eta ez izatea laguntzak jasotzeko legezko debekurik, sexu-bereizkeriaren ondoriozkoak barne direla, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabeko Bizitzarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan xedatutakoaren arabera.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. ataletan zehaztutako egoeretako batean ez egotea.

e) Ordainduta izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.

f) Eskatzailea ez dagoela sartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo dirulaguntzak direla-eta hasitako edozein itzultze- edo zigor-prozeduratan. Onartu den dirulaguntza guztiz ordaindu arte eutsi beharko zaio eskakizun horri.

g) Erakunde eskatzaileek diruz lagundutako jarduerak egiteko proposatutako pertsonetako bakar batek ere ez izatea kondenarik epai irmo bidez sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delituengatik hala nola sexu-erasoa eta -abusua, sexu-jazarpena, exhibizionismoa eta sexu-probokazioa, prostituzioa eta sexu-esplotazioa, eta adingabeak galbideratzea, ez eta gizakien salerosketarengatik ere (Adingabearen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoa).

h) Erakunde eskatzaileak berdintasun-plan bat izan beharko du indarrean Estatuko araudiaren arabera, eta 50 langiletik gorako enpresek sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatu beharko dute, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko Estatuko legeriak ezarritakoaren arabera.

4.– Begiraleen gutxieneko titulazioa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulu ofizialaren edo baliokidearen kopiaren bidez egiaztatuko da.

5.– Arestian deskribatutako betekizunak eskabidea egiten den unean egiaztatu beharko dira, eta, hori behar bezala egiten ez bada, 8. artikuluan aurreikusitako zuzenketa-izapidean.

6. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Erakunde interesdunek prozedura honen izapide guztiak bitarteko elektronikoen bidez eskatu, kontsultatu eta egingo dituzte, Administrazio Elektronikoari buruzko 2012ko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –PLATEA– onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenean araututakoaren arabera. Zehazki, eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0042509

2.– Eskabidea egin ondorengo izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» izeneko atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/

3.– Bitarteko elektronikoen bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoan izapideak egiteko ordezkari bat izendatzen denean, pertsona horrek alta emanda egon beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko Jabetzearen Erregistro Elektronikoan: https://euskadi.eus/ordezkariak

7. artikulua.– Eskabideak aurkeztea eta epeak.

1.– Eskabideak, 2023-2024 ikasturtean eremu zehatzera egokitutako jarduera-proiektuarekin batera (I. eta II. eranskinak), bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira https://www.euskadi.eus Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epea amaituko da epemugako hilabetean argitaratu zen egun berean; epemugako hilabetean egun baliokiderik ez badago, epea iraungitzat joko da. Hilaren azken eguna baliogabea bada, epea lehen egun baliodunera luzatuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 30. artikuluak ezartzen duenaren arabera.

2.– Eremu batera baino gehiagora aurkeztuz gero, proiektuan eta I. eta II. eranskinetan eremuaren lehentasuna adieraziko da.

3.– Eskaerarekin batera, jarduera-proiektu pertsonalizatu bat aurkeztu beharko da, esku hartzen den eremu bakoitzerako (II. eranskina), eta atal hauek jaso beharko ditu:

• Esku hartzeko eremua, zein udalerri eta zentrotan jardungo den. Eremu batera baino gehiagora aurkeztuz gero, eremuaren lehentasuna adieraziko da.

• Helburuak.

• Eremu horretan garatu beharreko jardueren deskribapena, mota (ikasle ijitoen eskola-arrakasta areagotzeko edo kultura arteko bizikidetza hobetzeko), esku-hartze tipologia (unean unekoa, sistematiko orokorra eta sistematiko intentsiboa).

• Denborak finkatzea: gauzatzeko egutegia, ordutegia.

•Arduradunak.

• Lorpen-adierazleak.

• Ebidentziak: jarduketaren garapen optimoa egiaztatzeko erabiliko den dokumentazioa (bileren aktak, bertaratze-kontrolak, deialdiak...)

• Ikastetxean proposatzen diren jardueren % 75 sistematiko intentsibokoak direla egiaztatzea.

• Esku-hartzearen hartzaile izango diren ikasleen aurreikuspena.

• Eremu horretan esku-hartzea garatzeko baliabide pertsonalak, titulazioa, aurreikusitako esku-hartze orduak eta horiek ijito-komunitatearekin duten lotura.

4.– Gainera, proiektuaren diru-sarreren eta gastuen aurrekontua sartuko da, langile-gastuak eta bestelako funtzionamendu-gastuak zehaztuta.

5.– Esku hartzen den zonetako ikastetxeek bere gain hartuko dute erakundeak aurkezten duen proiektua, eta hura ezartzen lagunduko dute. Honako hauek ezarriko dituzte, besteak beste: tutoreekin koordinatzeko uneak, ikastetxeko zuzendaritzaren eta erakundeko arduradunen arteko koordinazioa, banakako tutoretzarako espazioak eta uneak. Ikastetxeek sinatutako dokumentu bat aurkeztuko dute, ikastetxeak bere gain hartzen dituen konpromisoak jasotzen dituena (III. eranskina). Dokumentu hori lan egin beharreko eremua esleitu ondoren entregatuko da.

6.– Erakundeek bermatu beharko dute proiektu honen garapena bere gain hartzen duten langileek proiektuari aurre egin ahal izateko behar den gaitasun digitala dutela.

7.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuratu ahal izango da eskabidea (I eranskina), helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0042509

8.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta horri erantsitako dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dute, eurek aukeratzen duten hizkuntzan. Prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.

9.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartu direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

8. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

1.– Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendaritzak ikusten badu aurkeztutako dokumentazioa osorik beteta ez dagoela edo nahitaezko agiri guztiekin batera aurkezten ez bada, honako hau eskatuko zaio erakunde interesdunari: hamar egun balioduneko epean, akats hori zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko. Baldin eta epe horretan ez badute zuzentzen, eskaeran atzera egin dutela ulertuko da, dagokion ebazpena eman ondoren, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezartzen duenaren arabera.

2.– Akatsak zuzentzeko jakinarazpena bide elektronikoz egingo da. Jakinarazpenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire Karpeta» atalean kontsultatu beharko dira.

3.– Jakinarazpena gauzatutzat joko da interesduna jakinarazpenaren edukira sartzen den unean.

4.– Jakinarazpena bidali eta interesduna hamar egun naturaleko epean ez bada edukira sartu, jakinarazpena ezetsitzat hartuko da eta izapidea gauzatutzat. Prozedurak jarraitu egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa dela sartzea.

5.– Aurrekoa hala izanik ere, organo kudeatzaileak interesdunei jakinarazpenen abisuak bidali ahal izango dizkie, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

9. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak tratatu eta «Hezkuntza berriztatzeko dirulaguntzak» izeneko tratamenduari dagokion jardueran sartuko dira.

Arduraduna: Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

Xedea: Aniztasunaren eta Hezkuntza Inklusioaren arloko dirulaguntzak.

Legitimazioa:

– Tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.

– 38/2003 Legea, azaroaren 17koa, dirulaguntzei buruzko Orokorra.

– 1/1997 Legegintza Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena.

Hartzaileak:

– Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

– Ekonomia eta Ogasun Saila.

Eskubideak: Eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: Datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza kontsulta dezakezu gure webgunean: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/050400-capa2-eu.shtml.https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/050400-capa2-eu.shtml

Araudia:

Datuak Babesteko Araudi Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

Datu Pertsonalen Babesteko eta Eskubide Digitalen Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).

10. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendariari dagokio deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

11. artikulua.– Ebaluazio-batzordea.

1.– Ebaluazio-batzordeak eskaera bakoitza ebaluatuko du deialdi honetako IV eranskinean jasotako baremoa kontuan hartuta. Horretarako, behar diren txosten teknikoak eskatu ahal izango ditu.

2.– Ebaluazio-batzordeko kideak:

a) Batzordeburua: Aniztasunari Erantzuteko Zerbitzuaren arduraduna edo hark izendatzen duena.

b) Bokalak:

I.– Hezkuntzako Lurralde-Ordezkaritzetako Hezkuntza Berriztatzeko Programaren arduradunak.

II.– Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendariak izendatutako Aniztasunari Erantzuteko Zerbitzuaren teknikari bat, idazkari-lanak egingo dituena.

3.– Emandako txostenak eta eskabideen balorazioa kontuan izanik, ebaluazio-batzordeak ebazpen-proposamen bat prestatu, eta Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendariari igorriko dio. Proposamen horretan, emango edo ukatuko dituen dirulaguntzak adieraziko ditu batzordeak, eta, emango dituen dirulaguntzen kasuan, datu hauek zehaztuko ditu: erakunde onuradunen izen soziala, proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa eta dirulaguntza horren banaketa, urteka. Ukatu nahi dituen eskabideei dagokienez, eskatzaileen izen soziala eta laguntza zergatik ukatu edo baztertu den adieraziko du.

12. artikulua.– Esleitzeko eta baloratzeko irizpideak.

1.– Aurkeztutako hezkuntza-jardueren proiektuak baloratzeko, IV. eranskinean ezarritako baremoan jasotako irizpide hauek hartuko ditu kontuan ebaluazio-batzordeak:

• Proiektuaren zehaztasun-maila (gehienez 14 puntu).

• Genero-ikuspegia (gehienez 4 puntu).

• Euskarazko titulazioa (gehienez 3 puntu).

• Erakundearen memoria (gehienez 4 puntu).

• Ikastetxeen balorazioa (gehienez 5 puntu).

• Ijito Herriko begiraleak (gehienez 4 puntu).

2.– Proposamenak gaitzat joko dira a) atalean 7 puntu edo gehiago eta guztizko baturan 17 puntu edo gehiago lortzen badituzte.

3.– Gaitzat jo diren proiektuak baino ez dira diruz lagunduko. Izaera hori gainditzen duten proiektuek diruz lagundu daitekeen zenbatekoaren % 100erainoko dirulaguntza jaso ahal izango dute.

4.– Ezarritako baremoan puntuaziorik handiena lortu duen erakundeari esleituko zaio esku hartzeko eremu bakoitza.

Berdinketa gertatuz gero, honako hurrenkera honen arabera erabakiko da: baremoaren proiektuaren zehaztasun-maila atalean lortutako puntuazio handiena; bestela, Genero-ikuspegia atalean lortutako puntuazio handiena; bestela, Euskarazko titulazioa atalean lortutako puntuazio handiena; eta, bestela, Ememoria atalean lortutako puntuazio handiena.

13. artikulua.– Ebazpena.

1.– Eskabideak egiaztatu ondoren, Hezkuntza Aniztasun eta Inklusiorako zuzendariari dagokio, Ebaluazio Batzordeak proposatuta, agindu honen deialdiaren xede diren prozeduren behin-behineko ebazpena ematea. Dagokion behin-behineko Ebazpenak zehaztuko du eskatutako dirulaguntzak eman diren edo, hala badagokio, ukatu diren. Lehenengoen kasuan, honako hauek adieraziko dira: erakunde onuradunen nortasuna, finantzatutako jarduera-programak, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa eta urtekako banaketa. Ukatutako eskabideei dagokienez, erakunde eskatzaileen izen soziala eta ukatzeko arrazoiak adieraziko dira.

2.– Behin-behineko Ebazpena elektronikoki jakinaraziko zaie erakunde eskatzaileei Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taularen bidez, helbide honetan: https://euskadi.eus. Eskatzaileek hamar eguneko epea izango dute, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik hasita, egoki iritzitako erreklamazioak aurkezteko.

3.– Jakinarazpena gauzatutzat joko da interesduna jakinarazpenaren edukira sartzen den unean. Jakinarazi denetik edukira jo gabe hamar egun naturaleko epea igarotzen bada, jakinarazpena baztertutzat joko da eta prozedurari jarraiki izapidea egintzat joko da, betiere, ofizioz edo hartzaileak eskatuta, horretara jotzea tekniko edo materialki ezinezkoa dela egiaztatzen ez bada.

4.– Behin betiko Ebazpenak behin-behineko ebazpenaren datu berberak izango ditu, eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuko da, htpps://euskadi.eus helbidean, gehienez ere hilabeteko epean, behin-behineko ebazpena argitaratu eta gero.

5.– Behin betiko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako Sailburuordeari, bide elektronikoz, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan xedatutakoaren arabera.

6.– Horrez gain, informatzeko soilik, behin betiko Ebazpena EHAAn argitaratuko da.

7.– Behin betiko Ebazpena deialdia argitaratu eta gehienez ere sei hilabeteko epean argitaratuko da. Epe hori igaro eta berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, interesdunek ezetsitzat jo beharko dute eskabidea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan aurreikusitakoaren ondorioetarako.

8.– Aurrekoari kalterik egin gabe, organo kudeatzaileak erakunde interesdunei jakinarazpenen abisuak bidali ahal izango dizkie, SMS edo posta elektronikoko mezuen bidez, eskaera-inprimakian jasotako telefono mugikorretara eta posta-kontuetara. Abisu horiek ez dute, inola ere, jakinarazpen-ondoriorik izango.

9.– Erakunde onuradunari dirulaguntza emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi den eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura. Era berean, ezin izango zaie dirulaguntzarik esleitu edo ordaindu itzulketa-prozedura batetik eratorritako dirulaguntzaren bat itzuli gabe dutenei.

14. artikulua.– Jarraipen-batzordea.

1.– Erakunde onuradun bakoitzeko, Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendaritzak jarraipen-batzorde bat izendatuko du. Batzorde horretako kide izango dira Hezkuntza Berriztatzeko Programaren lurralde-arduraduna, Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendariak izendatutako funtzionario bat edo bi, eta erakunde onuradunaren ordezkari bat.

2.– Batzordearen eginkizunak honako hauek izango dira:

a) Ikastetxe bakoitzean aurreikusitako jardueren helburuen eta garapenaren jarraipena.

b) Proiektuan jasotako jarduera guztien ebaluazioa.

c) Ikastetxeen mapa eguneratzea, sailak egokitzat jotzen dituen beharren arabera.

3.– Batzorde horretarako deialdia Hezkuntza Berriztatzeko Programaren lurralde-arduradunak egingo du. Ikasturte bakoitzean gutxienez bi bilera egingo dira. Bilera bakoitzaren akta egingo da.

15. artikulua.– Laguntzen bateragarritasuna.

Agindu honen bidez ematen diren dirulaguntzak bateragarriak dira erakunde onuradunak Hezkuntza Sailaren edo beste erakunde publiko edo pribatu baten aldetik jaso dezakeen beste edozein dirulaguntzarekin, onartzen diren hezkuntza-jardueretarako, betiere jasotako guztiak benetan jasandako kostuaren guztizkoa gainditzen ez badu. Gainditzen badu, egindako gastutik gora jasotzen den kopurua kenduko zaio deialdi honen arabera legokiokeen dirulaguntzari.

16. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituzten erakundeek honako betebehar hauek izango dituzte:

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta 46. artikuluan jasotakoak (finantzaketa publikoa dela jakinarazteko publizitate egokia emateko neurriak ere hartu beharko dituzte, dirulaguntzei buruzko lege horren 18. artikuluaren 3. eta 4. zenbakietan jasotakoarekin bat etorriz). Onuradun erakundeek ekintza honekin lotutako dokumentazio guztietan (proiektuaren memoria, akta partzialak...) Eusko Jaurlaritzaren logoa jarri beharko dute.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua) ezarritakoak.

a) Jarduera gauzatzea edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.

b) Laguntza eman dien erakundeari justifikatzea baldintzak eta betekizunak betetzen dituztela, bai eta laguntza ematea edo laguntzaren onura jasotzea ekarri duen jarduera egin dutela ere.

c) Laguntza eman dien erakundearen egiaztatze-jarduketei men egitea. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura jasotako laguntzak eta dirulaguntzak direla-eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egin beharreko kontrol-jarduerei eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren arautegi espezifikoan ezarritako jarduerei men egitea.

d) Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea dirulaguntza eman duen erakundeari (V. eranskina).

e) Laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektiboa edo subjektiboa aldatu bada, horren berri ematea laguntza eman dien erakundeari.

3.– Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretatik, jakinarazpenaren osteko hamabost eguneko epean ez bada berariaz eta idatziz uko egiten, dirulaguntza onartu egin dela ulertuko da.

4.– Dirulaguntza eman den xederako erabiltzea.

5.– Hezkuntza-jarduerak ikastetxeetan garatzea.

6.– Diruz lagundutako jardueren ondorioz sor daitezkeen arriskuak bere gain hartzea eta, behar izanez gero, aseguru egokia egitea.

7.– Dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, jasotako funts publikoak itzultzea.

17. artikulua.– Ordaintzeko modua.

1.– Dirulaguntza bi zatitan ordainduko da, eta honela egingo dira ordainketak:

a) Lehenengo ordainketa, dirulaguntzaren % 20koa, emandako laguntza onartu eta berehala egingo da:

• Erakundeak egiaztatu badu bere inguruan aurreikusitako gutxieneko ikasle-kopuruarekin lan egingo duela (VI. eranskinean lan egingo duten ikastetxeen eta ikasleen zerrenda) eta erakunde onuradunak lehen ordainketari dagokion zenbatekoaren % 50 gutxienez justifikatu badu. Erakundeek ikastetxeak sinatutako dokumentu bat aurkeztuko dute, ikastetxeak bere gain hartzen dituen konpromisoak jasotzen dituena (III. eranskina).

b) Gainerakoa, dirulaguntza osoaren % 80, garatzen ari den proiektuaren garapena jasotzen duen bitarteko memoria aurkeztu ondoren ordainduko da (VII. eranskina). Memoria hori 2024ko urtarrilaren 7tik 31ra bitartean, egun hori barne, emango da dokumentu bakar batean.

c) 2024ko uztailaren 15a baino lehen, ijito-erakundeekin lankidetzan aritu diren ikastetxeek egindako esku-hartzearen gogobetetze-mailari buruzko ebaluazio-formulario bat (VIII. eranskina) beteko dute. Balorazio hori lurralde-ordezkaritza bakoitzeko Hezkuntza Berriztatzeko Zerbitzura bidaliko da.

2.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzaren datu-basean egon behar du entitate onuradunak. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren zure datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro elektronikora zuzendu beharko duzu bide elektronikoa erabiliz; bide hori Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Sailak ematen du, helbide honetan: http://www.euskadi.eus/hirugarrenak

3.– Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan adierazitako zenbatekotik aurrera (180.303,64 eurotik gora), onuradunek ordainketa aurreratua bermatuko dute. Konturako ordainketak aldez aurretik bermatzeko, bermeek laguntzaren nominala eta urtebeterako baino gehiagorako ez diren interesak estali beharko dituzte, eta nominalaren ehuneko hamabostera arte balizko erreklamazio judizial edo estrajudizialaren kostu eta gastuetarako. Halaber, fidantzek eta abalek nahitaez jasoko dute fidatzaileak edo abal-emaileak onuradunarekin duen betebehar solidarioaren klausula Administrazioaren aurrean.

18. artikulua.– Laguntzen justifikazioa.

1.– 2024ko ekainaren 30etik 2024ko uztailaren 15era arte, egun hori barne, erakunde onuradunek programaren emaitzak ebaluatzeko azken memoria bat (X. eranskina) aurkeztu beharko dute, honako hauek jasoko dituena:

a) Ikastetxe bakoitzaren esku-hartze fitxa, ikastetxearekin adostutako lan-planaren garapen-maila eta planaren balorazioa jasotzen dituena.

b) Emaitzen analisia, proiektuaren egokitasuna eta beharrezko aldaketak zehazte aldera.

2.– 2024ko ekainaren 30etik 2024ko abuztuaren 31ra arte, egun hori barne, erakunde onuradunek «Gastuaren justifikazioa» inprimaki normalizatua (IX. eranskina) aurkeztu beharko dute, hezitzaileen nominak eta TC2 eta gainerako gastuen fakturak eta ordainagiriak erantsita.

3.– Justifikazioak eta memoria bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu behar dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0042509

19. artikulua.– Laguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzak gerora aldatzen badira –dirulaguntzaren helburua betetzeari utzi gabe, betiere–, dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendaritzak likidazio-ebazpena emango du, eta, horren bidez, emandako dirulaguntzen zenbatekoak berriz doituko dira, eta laguntza horiek emateko ezarritako irizpideak eta mugak aplikatuko dira. Baldintzak aldatzeak emandako dirulaguntza osoa edo haren zati bat itzuli beharra baldin badakar, 20. artikuluan araututako itzultzeko prozedura hasiko da.

20. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.

1.– Dirulaguntzen erakunde onuradunek, nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezartzen den zehapen-araubideari eutsi beharko diote, eta –Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa aplikatuz– honako kasu hauetan, berriz, eman eta jasotako zenbatekoa itzuli beharko dute, osorik edo partez, baita aplika daitezkeen legezko interesak ere (berandutze-interesa barne dela):

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluko 1. zenbakian adierazitako egoera batean egotea, edo Dirulaguntzen Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91. artikulutik 93. artikulura bitartean jasotakoren batean.

b) Erakunde onuradunak dirulaguntza ez erabiltzea eskatu zen eta eman zen xede bererako.

c) Ez gauzatzea dirulaguntza ematea eragin zuen jarduera.

d) Ez justifikatzea interesa erakutsi zuen xede jakinetarako aplikatu izana.

e) Ez betetzea, oro har, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren VI. tituluan, agindu honetan edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako betebeharrak.

2.– Dirua itzultzeko, abenduaren 17ko 698/91 Dekretuan horretarako ezarritako prozedura beteko da. Dekretu horren bidez arautzen da Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen. Hori gorabehera, bideratu beharreko beste ekintza guztiak bideratu ahal izango dira. Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan araututako laguntzek EBren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluan ezarritako betebehar guztiak ez dituzte betetzen, hortaz, ez dira Estatuaren laguntzak eta Europar Batzordeari jakinarazpenik edo komunikaziorik ez zaio egin behar.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako Sailburuari, hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da euskal autonomia erkidegoko auzitegi nagusian, bi hileko epean, euskal herriko agintaritzaren aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko ekainaren 21a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala