Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

123. zk., 2023ko ekainaren 29a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
3125

AGINDUA, 2023ko ekainaren 20koa, Hezkuntzako sailburuarena, Ikasiker lankidetza-beketarako deia egiten duena, 2023-2024 ikasturterako.

Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 16. artikuluak ezartzen duenez, «Konstituzioaren lehenengo xedapen gehigarrian ezarritakoa betetze aldera, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoa da irakaskuntza bere luze-zabalean, maila eta gradu guztietan, molde eta espezialitate orotan, Konstituzioaren 27. artikuluari eta berau garatzen duten lege organikoei kalterik egin gabe, Konstituzioaren 149.1.30 artikuluak Estatuari aitortzen dizkion ahalmenei kalterik egin gabe, eta hori betearazteko eta bermatzeko beharrezkoa den goi-ikuskaritzari kalterik egin gabe».

Estatuak unibertsitateen arloan dituen funtzioak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeari buruzko Errege Dekretuaren (1014/1985 Errege Dekretua, maiatzaren 25ekoa) eranskineko B.2 puntuak ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen zaio administrazio-egoitza aipatutako erkidegoan duten goi-mailako irakaskuntzako ikasleentzako beken deialdia arautzea eta kudeatzea.

Bestalde, EAEko Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legeak 8., 38. eta 44. artikuluetan arautzen ditu beka eta ikasketetarako laguntzei buruzko gaiak, eta ezartzen du unibertsitateen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari dagokiola oinarrizko legedian ezarritako ikasketetarako beken, laguntzen eta kredituen sistema orokorra arau bidez garatzea.

Arau-esparru horretan egiten da Ikasiker lankidetza-beketarako deialdia, eta ikasketa-espediente onak dituzten eta ikastetxeetan edo ikerketako zentroetan lankidetza eskaini, eta, aldi berean ikasi nahi duten unibertsitateko ikasleentzat dira; hala, hastapenak egingo dituzte beren ikasketekin zerikusi zuzena duten ikerketa-gaietan.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak honako eskubide hau aitortzen die herritarrei: bitarteko elektronikoen bitartez herri-administrazioekin hartu-emanak izateko eskubidea; eta, bestalde, administrazio-jardueran informazioaren teknologiak erabiltzeko zehaztapen oinarrizkoak arautzen ditu, hain justu ere administrazio publikoen euren arteko hartu-emanei eta horiek herritarrekin dituzten hartu-emanei dagokienez; zertarako-eta honako hauek bermatzeko: herritarren eskubideak, haien aurrean herritarrenganako tratamendu bidezkoa, eta administrazio-jardueraren balioa eta eraginkortasuna, segurtasun juridikoko baldintzetan.

Deialdi honen bitartez finkatu egiten da administrazio elektronikoaren beharrezko erabilpena, bai eskaerak aurkezteari dagokionez eta bai ematen diren administrazio-egintzak jakinarazi edo argitaratzeari dagokionez ere. Horretarako, uztailaren 28ko 98/2020 Dekretua dago, zeinaren bidez arautzen baita unibertsitate-ikasketak eta unibertsitatekoak ez diren goi-mailako beste ikasketa batzuk egiteko beken eskaerak eta gainerako tramiteak era elektronikoan derrigorrean egin beharra.

Azkenik, aipatu behar da arestian aipatutako bekak ez direla estatuko laguntzak, ez baitituzte betetzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren (EBFT) 107. artikuluaren 1. apartatuan eskatutako betekizun guztiak. Horrenbestez, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014(EB) Erregelamenduan ezarritakoa ez zaie aplikatu behar; erregelamendu horren bidez, laguntza-kategoria batzuk barne-merkatuarekin bateragarriak direla adierazten da, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak betez Estatuko laguntza-kategoria horizontal jakin batzuei dagokienez.

Horregatik, kontuan hartuz dirulaguntzei buruz indarrean dagoen legeria –hain zuzen ere, azaroaren 11ko 1/1997 Lege Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua–, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrarekin bat etorriz, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuarekin ere, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoan oinarrituta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da 190 Ikasiker lankidetza-beka deitzea eta horien oinarriak onestea, administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten unibertsitate-ikasleak, ikasketak egiten dituzten bitartean, lankidetzan aritu ahal izan daitezen Eusko Jaurlaritzak errekonozitutako Euskal Unibertsitate Sistemaren ikertaldeetan, oinarrizko ikerketako eta bikaintasuneko zentroetan (OIBZ), ikerketa sanitarioko institutuetan (ISI), ikerketa kooperatiboko zentroetan (IKZ) eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko zentro teknologikoetan, betiere BRTA partzuergo zientifiko-teknologikoari atxikita badaude eta Eusko Jaurlaritzak onetsitakoak eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko agente gisa akreditatutakoak badira, deialdiaren oinarriei jarraikiz. Bi modalitate hauek eskaintzen dira:

a) A modalitatea (ikasturtean zehar, 2024ko urtarriletik 2024ko ekainera): 150 beka.

b) B modalitatea (udan, 2024ko ekainetik irailera): 40 beka.

2. artikulua.– Kreditu erabilgarria.

1.– Aurreko artikuluko a) letran aipatutako beketarako, 300.000 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-sailen kontura.

2.– Aurreko artikuluko b) letran aipatutako beketarako, 30.000 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-sailen kontura.

3.– Aurreko puntuan –B modalitatea– aipatutako laguntza horiek emateko ezinbesteko baldintza izango da 2024. urterako kreditu egokia eta nahikoa izatea, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egindako gastu-espedienteen aurretiazko izapidetzea arautu zuen agindu horrek).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Baimena ematen zaio Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendariari agindu honetan xedatutakoa betearazteko beharrezkoak diren jarraibideak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindu hau aldizkari ofizial berean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko ekainaren 20a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

OINARRIAK

1. artikulua.– Xedea eta izaera.

1.– Deialdiaren helburua da Ikasiker lankidetza-bekak ematea, unibertsitateko ikasleak, ikasketak egiten dituzten bitartean, lankidetzan aritu daitezen zentro hauetakoren batean: Euskal Unibertsitate Sistemaren ikertaldeetan, oinarrizko ikerketako eta bikaintasuneko zentroetan (OIBZ), ikerketa sanitarioko institutuetan (ISI), ikerketa kooperatiboko zentroetan (IKZ) eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko zentro teknologikoetan, betiere BRTA partzuergo zientifiko-teknologikoari atxikita badaude eta Eusko Jaurlaritzak onetsitakoak eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko agente gisa akreditatutakoak badira (I. eranskinean daude jasota).

2.– Beka hauek dirulaguntzak dira, eta Hezkuntza Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartuta daude. Agindu honetan araubide juridikoari buruz xedatzen ez diren alderdietan, lege hau aplikatuko da: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartua (bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioak emandako laguntzen eta dirulaguntzen araubideari eta arau-hausteen eta zigorren erregimenari buruzko xedapenak), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrarekin bat, eta azken horren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuarekin bat.

2. artikulua.– Beken kopurua, modalitateak eta zenbatekoa.

190 Ikasiker lankidetza-bekatarako deia egiten da, modalitate hauetan:

1.– A modalitatea: ikasturtean zehar egiteko beka, 2024ko urtarrilaren 1etik 2024ko ekainaren 30era bitartean. Modalitate horretan 150 beka eskainiko dira, bakoitza 2.000 euroko zenbatekoarekin.

2.– B modalitatea: udan zehar egiteko beka, 2024ko ekainaren 1etik 2024ko irailaren 30era bitartean. Modalitate horretan 40 beka eskainiko dira, bakoitza 750 euroko zenbatekoarekin.

3. artikulua.– Hartzaileak.

1.– A modalitatea: unibertsitateko graduko titulu bateko edo unibertsitateko gradu bikoitz ofizial bateko azken bi mailetako batean matrikulatutako ikasleak, Euskal Autonomia Erkidegoan I. eranskinean jasotako ikertalde edo ikerketa-zentroetako batean lankidetza eskainiko dutenak.

2.– B modalitatea: unibertsitateko graduko titulu bateko edo unibertsitateko gradu bikoitz ofizial bateko azken bi mailetako batean edo unibertsitateko master ofizial batean matrikulatutako ikasleak, Euskal Autonomia Erkidegoan I. eranskinean jasotako ikertalde edo ikerketa-zentroetako batean lankidetza eskainiko dutenak.

4. artikulua.– Banaketa.

1.– Euskal Unibertsitate Sistemako, oinarrizko ikerketako eta bikaintasuneko zentroetako (OIBZ), ikerketa sanitarioko institutuetako (ISI) eta ikerketa kooperatiboko zentroetan (IKZ) ikertaldeek gehienez hiru proiektu hartu ahal izango dituzte modalitate bakoitzeko. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko zentro teknologikoek, betiere BRTA partzuergo zientifiko-teknologikoari atxikita badaude, proiektu bana hartu ahal izango dute modalitate bakoitzean.

2.– Bekaren bat eman gabe geratzen bada, aurreko apartatuan ezarritako proiektuen kopurua areagotu ahal izango da, honela: oinarrizko ikerketako eta bikaintasuneko zentroek (OIBZ) eta ikerketa sanitarioko institutuek (ISI) beste hiru proiektu hartu ahal izango dituzte. Era berean, Euskal Unibertsitate Sistemako ikerketa-taldeek beste proiektu bat hartu ahal izango dute.

3.– Artikulu honetako 1. eta 2. apartatuak aplikatu ondoren eman gabeko plazak badaude, A modalitateko zein B modalitateko bekak eskuratu ahal izango dituzte bien hautagai izan direnek.

5. artikulua.– Lankidetzaren ezaugarriak.

1.– Bekaren onuradun izan ahal izateko, eskatzaileak lankidetza-proiektu bat aurkeztu behar du, honako zentro hauen uneko ikerketa-ildoen barruan garatzeko: EAEko Unibertsitate Sistemaren ikertaldeak, oinarrizko ikerketako eta bikaintasuneko zentroak (OIBZ), ikerketa sanitarioko institutuak (ISI), ikerketa kooperatiboko zentroak (IKZ) eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko zentro teknologikoak, betiere BRTA partzuergo zientifiko-teknologikoari atxikita badaude eta Eusko Jaurlaritzak onetsitakoak eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko agente gisa akreditatutakoak badira.

2.– Nolanahi ere, egiten ari diren titulazioa lortzeko enborreko eta nahitaezko irakasgai batean oinarrituko da proiektua, eta ikertalde edo ikerketa-zentro hartzaileak ziurtatu beharko du. Gainera, hauek deskribatu beharko ditu: dedikazio-araubidea, asteko ordu kopurua zehaztuta, egin beharreko lanak eta proposatutako helburuak.

3.– Proiektuetan, diziplinei dagozkien funtsezko printzipio etikoak eta jardunbide etiko onartuak jaso beharko dira, baita aplikatu beharreko kode deontologiko nazional, internazional, sektorial edo instituzionaletan jasotako arau etikoak ere.

4.– Lankidetzaren arduraldia astean 6 eta 15 ordu bitartekoa izango da, eta betiere 08:00etatik 20:00etara arteko irakas-ordutegian.

6. artikulua.– Beste beka eta dirulaguntza batzuk jasotzearekin bateraezintasuna, eta ondorio juridikoak zein lan-ondorioak.

1.– Edozein erakunde edo instituzio publikok edo pribatuk helburu berarekin deitzen duen beste beka edo dirulaguntza batzuekin bateraezina da beka hau. Era berean, bateraezina da helburu berarekin ordaindutako beste edozein harremanekin. Aurrekoa betetzen ez bada, beka kobratzeko eta itzultzeko eskubidea galduko da, Aginduaren 19. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Ikasiker lankidetza-bekak prestakuntza-izaera izango du bakarrik, eta inoiz ere ez du eragingo ondorio juridikorik ez eta lan-ondoriorik ere bekadunaren eta Eusko Jaurlaritzaren, unibertsitatearen edo dagokion zentroaren artean.

7. artikulua.– Eskatzaileek bete beharreko eskakizunak.

1.– Beka-eskatzaileek Dirulaguntzen Lege Orokorraren (38/2003 Lege Orokorra) 13.2 artikuluan jasotako betekizunak bete beharko dituzte. Edonola ere, horrek ez dio kalterik egiten 1721/2007 Errege Dekretuak (abenduaren 21ekoa, ikasteko beken eta laguntzen araubidea ezartzekoa) 4.5 artikuluan xedatutakoari. Halaber, honako baldintza hauek ere bete beharko ditu:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Espainian legez bizitzea. Eskabideak aurkezteko epea amaitzean, betekizun horrek beteta egon beharko du.

b) Administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea, 2022ko abenduaren 31n.

c) Graduko edo gradu bikoitzeko ikasketa-planeko kredituen % 50 izatea betetzeke gehienez, azken aurreko mailan matrikulatuta egonez gero. Graduko edo gradu bikoitzeko ikasketen azken mailan matrikulatuta egonez gero, ikasketa-planeko kredituen % 25 izatea betetzeke gehienez, edo % 50, masterreko ikasketak eginez gero. Baldintza hori ez zaie aplikatuko urtebeteko masterrei.

d) 2023-2024 ikasturtean bekarako sarbidea ematen duten ikasketetan matrikulatuta egotea, ikasturte osoko kredituetan (gutxienez 60 kreditu).

Matrikula-kredituen gutxieneko kopuruaren baldintzaren salbuespenak hauek izango dira:

– Ikasketa-planaren azken ikasturtea egiten ari diren eskatzaileak; ikasketak amaitzeko gelditzen zaizkien kreditu guztietan matrikulatuta egon beharko dute.

– Gradu amaierako edo masterreko lanari dagozkion kredituak baztertzen dituzten eskabideak, baldin eta kreditu horietan matrikulatzeko dagokion ikasketa-planeko gainerako kredituak gainditu behar badira.

– Gradu edo master amaierako lanari dagozkion kredituetan soilik matrikulatuta dauden eskatzaileak, baldin eta ikasketa-planeko gainerako kredituak gainditu badituzte.

– 60 kreditutik beherako matrikulak dituzten eskabideak, araudi akademikoak hala ezartzen duenean.

Baliozkotutako, egokitutako edo aitortutako ikasgai edo kredituak ez dira matrikulatutako kreditutzat joko; beraz, eskatzen den matrikula-kredituen kopurua kalkulatzeko unean ez dira batuko.

Salbuespenez, arduraldi partziala duen eta 60 kreditu baino gutxiagotan matrikulatuta dagoen eskatzaile batek ere beka eskatu ahalko du, ondorengo baldintzaren bat betetzen bada:

– % 33ko edo gehiagoko desgaitasuna izatea eta ofizialki errekonozituta egotea.

– Familia-unitate bat osatzea, adingabeak edo mendekoak bere kargura dituela.

– Aldi berean ikasi eta lan egitea.

– Goi-mailako kirolaria, teknikaria edo epailea izatea, edo errendimendu handiko kirolaria izatea.

– Presondegietan diren pertsonei buruzko Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen protokoloa aplikagarri izatea.

– Kanpoko praktikak, curriculumaren barnekoak, egiteagatik jaso dituen kredituak baliozkotu edo aitortzea, unibertsitateko ikasleen kanpoko praktika akademikoak arautzen dituen 592/2014 Errege Dekretuan, uztailaren 11koan, ezarritakoarekin bat etorrita. Baliozkotze edo aitorpen horiek kontuan hartuko dira ebazpen-proposamena egin aurretik egiaztatzen badira.

– Goi Mailako Lanbide Heziketako titulazioetako kredituak baliozkotzea edo aitortzea.

e) Gainditutako kredituen edo irakasgaien gutxieneko batez besteko nota hauek izatea, ezagutza-adarraren arabera:

– Arteak eta Giza Zientziak: 7,00.

– Zientziak: 6,50.

– Gizarte Zientziak eta Zientzia Juridikoak: 6,70.

– Ingeniaritza eta Arkitektura: 6,00.

– Osasun Zientziak: 6,70.

f) Beka eskatzearen arrazoia diren ikasketak egiteko ikasleak eman dituen urteen kopurua (beka eskatzen den ikasturtea barne) ezin izango da ikasketa-planak ikasketak amaitzeko aurreikusten duen epea baino urtebete luzeagoa izan. Master ofizialeko ikasketak eginez gero, beka eskatzearen arrazoia diren ikasketak egiten ikasleak eman dituen urteen kopurua (beka eskatzen den ikasturtea barne) ezin izango da ikasketa-planak ikasketak amaitzeko aurreikusten duen epea baino luzeagoa izan.

Aldez aurretik egindako ikasketak direla eta baliozkotu diren kredituei dagokienez, ikasketa horietan emandako urteak hartuko dira kontuan zenbaketa horretarako.

g) Oinarrien 1.1 artikuluan aipatutako ikertalde edo ikerketa-zentroren batek hautatu izana lankidetzan aritzeko.

h) Aurreko urteetan modalitate berean bekaz baliatu ez izana.

2.– Ezingo dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan egoera hauetako batean daudenak:

a) Epai irmo bidez, dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorra jaso dutenak edo prebarikazio, eroskeria, diru publikoen erabilera bidegabea, influentzia-trafiko, iruzur eta ordainarazpen ilegal edo hirigintza-delituak direla eta zigorra jaso dutenak.

b) Borondatezko konkurtsoaren deklarazioa eskatu dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo direnak, konkurtsoan deklaratuta daudenak, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean edo desgaituta daudenak, Konkurtso Legearen testu bategina onartzen duen maiatzaren 5eko 1/2020 Legegintzako Errege Dekretuaren arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

c) Administrazioarekin egindako edozer kontratu ebazpen irmoz indargabetu bada, dena delako kausagatik errudun deklaratuak izan direnak.

d) Honako lege hauetan jasotako kasuren batean daudenak: 3/2015 Legea, martxoaren 30ekoa, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena, eta 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, Administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena; eta Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak direnak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko arauek ezarritako baldintzetan.

e) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean izatea.

f) Dirulaguntzak itzultzeko betekizunen ordainketak egunean ez izatea, erregelamendu bidez zehaztutako terminoetan.

g) Epai irmo bidez zehatuta egotea, eta beraz, dirulaguntzak lortzeko aukera galtzea, lege honetan edo beste batzuetan zehaztutakoari jarraiki.

8. artikulua.– Lankidetza-proiektuaren jarraipena eta bekaren justifikazioa.

Dagokion lankidetza-aldia amaitu eta hurrengo hilean, beka-adjudikaziodunak dokumentu bat aurkeztu beharko du akreditatzeko batetik, egindako jarraipena eta, bestetik, zereginen lorpen-maila eta proiektuan planteatutako helburuak. Ikertalde edo ikerketa-zentro hartzaileak egin beharko du dokumentua, deialdi honen III. eranskinean jasotako ereduari jarraikiz. Ziurtapen horrek beka justifikatzeko ondorioak izango ditu.

9. artikulua.– Eskaerak formalizatzea eta aurkezteko epeak.

1.– Eskaera izapidetzeko jarraibideak eskuragarri dituen administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, eskaeraren formulariora sartzeko erabiltzen dena eta erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak dituena, helbide honetan eskura daiteke:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0056209

Eskaeren identifikazioa eta sinadura Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartuta dauden identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak erabiliz egin behar da; hain zuzen, bitarteko horiek helbide elektroniko honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

Halaber, eskabidea ordezkari baten bitartez izapidetu ahal izango da elektronikoki. Horretarako, ordezkaria Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

2.– Eskaera bete ondoren, interesdunak sinatu beharko du, egoitza elektronikoak onartutako sinadura elektronikoko edozein sistema baliatuta, eta ezarritako prozedura telematikoaren bidez bidali beharko du. Horrela, aurkeztutzat joko da ondore guztietarako. Ez dira kontuan hartuko bide telematikoz betetako eskabideak, baldin eta ezarritako aurkezpen-prozesua osatzen ez badute. Eskatzaileak eskaeraren frogagiria gorde beharko du, eskaera ezarritako epean eta moduan aurkeztu duela egiaztatzeko, beharrezkoa bada.

3.– Eskaerak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2023ko irailaren 15ean bukatu.

4.– Modalitate bakoitzerako eskaera bakarra aurkeztu ahal izango da. Bi modalitateak eskatu nahi badira, eskatzaileek adierazi beharko dute zeinetan parte hartu nahi duten deitutako bekak baino adjudikazio-eskaera gehiago badaude.

5.– Deialdiarekin eta prozedurarekin lotutako informazio guztia esteka honetan egongo da eskuragarri beti:

https://www.euskadi.eus/unibertsitateko-ikasleak-ikasiker-lankidetza-bekak/web01-a3lagun/eu/

10. artikulua.– Aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskabidea elektronikoki izapidetu bitartean eta behar bezala aurkezteko, eskatzaileak honako hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldatuta egotea adierazten duen administrazio-egoitzaren agiria. Administrazio-egoitza hori 2022ko abenduaren 31 baino lehenagokoa izan behar da.

b) Banketxearen agiria, kontu korronte baten edo aurrezki-libreta baten zenbakia adierazten duena (IBANa barne), bekaren ordainketa egiteko. Eskatzaileak kontu korronte edo aurrezki-libreta horren titularra edo titular-kidea izan behar du.

c) Onarpen-idatzia, II. eranskinean jasotako formularioa erabiliz, oinarri hauetako 1.1 artikuluan aipatzen den ikertalde edo ikerketa-zentro batean lankidetzan aritzeko, pertsona hauek sinatuta: ikertaldeko edo ikerketa-zentroko arduradunak eta bekadunaren jarraipena egingo duen ikertzaile nagusiak edo tutoreak. II. eranskina oso-osorik bete behar da.

d) Ikertalde edo ikerketa-zentro hartzaileak behar bezala bermatutako lankidetza-proiektu arrazoitua, oinarri hauen 5. artikuluan zehaztutakoaren arabera.

e) Eskatzailea ez baldin badago ikasturte osoko kredituetan matrikulatuta (gutxienez 60 kreditu) eta/edo 7.1 artikuluaren e) puntuan aurreikusitako arduraldi partziala badu, horren egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

2.– Eskatzaileak Euskal Unibertsitate Sistemakoa ez den unibertsitate batean ikasten badu, aurreko puntuan jasotako dokumentazioaz gain, hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Honako hauek jasotzen dituen ikasketa-ziurtagiria: tituluaren ikasketa-plan osoa, espedientearen batez besteko nota, egindako ikasgaien izena, lortutako kalifikazioa eta osatzen dituzten kredituen kopurua, bai eta ikasketak amaitzeko gelditzen zaizkion kredituen kopurua.

b) Matrikularen frogagiriaren kopia, matrikulatuta dagoen ikasgai edo kredituen kopurua adierazita.

3.– Agiri guztiak Elkarreragingarritasun-eskema nazionala onartzen duen 4/2010 Errege Dekretuan eta hura garatzen duen araudian arautzen diren formatuetara egokituko dira.

4.– Eskaerak baldintza guztiak betetzen ez baditu, 10 egun balioduneko epea emango zaio interesdunari zuzenketak egin ditzan, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluari jarraituta. Jakinarazpena elektronikoki egingo da, Euskal Autonomia Erkidegoaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoaren bidez, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/. Epeak zenbatzeko argitalpen horrek bakarrik balio izango du.

Era berean, beka-eskatzaileari jakinarazpen elektroniko bat bidaliko zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/). Ziurtagiri elektronikoaren bidez sartu beharko da bertara.

Horrez gain, SMS mezu eta/edo posta elektroniko bidez jakinaraziko zaie interesdunei argitalpena eskura jarri dela aipatutako egoitza elektronikoan. Nolanahi ere, abisu horiek ez dute izango jakinarazpen-baliorik.

11. artikulua.– Bekak kudeatzea.

1.– Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzak kudeatuko ditu agindu honen bidez arautzen diren bekak.

2.– Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateek deialdi honen izapidetze informatikorako behar den informazio akademikoa igorri beharko diote, fitxategi informatiko bidez, Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzari, eta bekadun bakoitzari adjudikatutako lankidetza betetzen dela bermatuko dute.

12. artikulua.– Batez besteko nota kalkulatzea.

Espedientearen batez besteko nota kalkulatzeko, arau hauek aplikatuko dira:

a) Batez besteko nota kalkulatzeko, beka eskuratzeko eskubidea ematen duen titulu ofizialeko espediente akademiko osoko notak hartuko dira kontuan, 2022-2023 ikasturtea amaitutakoan. Masterreko 1. mailako ikasleen kasuan, masterrerako sarbidea ematen duen titulazioko espediente akademiko osoko notak kontuan hartuta egingo da batez besteko notaren kalkulua.

b) Kalifikazio kuantitatiborik ezean, ikasgai bakoitzaren kalifikazioak baliokidetza honen arabera adieraziko dira:

– Ohorezko matrikula = 10 puntu.

– Bikain = 9 puntu.

– Oso ongi = 7,5 puntu.

– Nahikoa edo gai = 5,5 puntu.

– Gutxiegi, ez aurkeztua edo ez da gai = 2,5 puntu.

c) Kredituen arabera egituratuta ez dauden ikasketa-planak badira, batez besteko nota kalkulatzeko, lortutako puntu guztiak batu, eta emaitza irakasgai guztien kopuruaren artean zatituko da.

d) Kredituen arabera egituratutako ikasketa-planen kasuan, irakasgai bakoitzari aurreko baremoa aplikatzetik ateratzen den puntuazioa haztatuko da, irakasgaiak duen kreditu kopuruaren arabera, hurrengo formula erabilita:

V = P x NCa / NCt

V= irakasgai bakoitzean ateratako notaren haztapenetik datorren balioa.

P= irakasgai bakoitzaren puntuazioa, aurreko ataleko baremoa aplikatuta.

NCa= irakasgaia osatzen duten kredituen kopurua.

NCt= guztira ikasitako kreditu-kopurua; kontuan hartzeko, kredituok konputagarriak izan behar dute.

Formula hori aplikatzetik ateratzen diren balioak batu egingo dira, eta emaitza hori izango da batez besteko azken nota.

e) Atzerriko unibertsitateetako espedienteen batez besteko nota kalkulatzeko, unibertsitateak irakasgai bakoitzerako ezarriko du Espainiako sistema dezimalerako baliokidetza. Horretarako, aintzat hartuko ditu irakasgaia gainditzeko gutxieneko nota eta jatorrizko kalifikazioen kalifikazio handiena, eta zehaztu egingo du Espainiako kalifikazio-sistema dezimalarekiko zer baliokidetza duen.

13. artikulua.– Hautaketa-batzordea.

Hautaketa-batzorde bat eratuko da, zeinak espedienteei dagokienez azterketak eta ebazpen-proposamenak egingo dituen. Batzordea hauek osatuko dute:

– Unibertsitateetako arloburu Eugenia Santos Urdiainek, batzordeko buru gisa, edo Ikerketaren Zuzendaritzako arloburu Maialen Agirre Pinedok, ordezko gisa.

– Unibertsitateetako teknikari Irantzu Arrizabalaga Santiagok, kide gisa, edo Ikerketa Programen teknikari Ainhoa Goienetxea Murgiondok, ordezko gisa.

– Unibertsitateetako teknikari Aitziber Ezkerra Segurajauregik, kide eta idazkari gisa, edo Unibertsitateetako teknikari María Landa Gonzalezek, ordezko gisa.

Xede horrekin bilduta, batzordeak hartutako erabakiak justifikatu eta behar beste arrazoituko dituzten aktak egingo dituzte. Gero, zuzendariari igorriko zaizkio aktok, bere oniritzia eman dezan.

14. artikulua.– Ebazpen-proposamena.

1.– Beka horiek norgehiagoka-erregimenean emango dira. Beraz, beka jasotzeko ez da nahikoa izango oinarri hauen 7. artikuluan jasotako baldintzak betetzea. Horrez gain, ordena-zenbaki jakin bat eskuratu beharko da, modalitate bakoitzerako eta ikertalde edo ikerketa-zentro bakoitzerako emango diren beka guztien artean eskaera kokatu ahal izateko.

2.– Hautaketa-batzordeak eskaerak ordenatuko ditu, azken puntuazioaren arabera, eta Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendariaren esku jarri du ebazpen-proposamena.

Eskaera bakoitzaren azken puntuazioa ezartzeko, honako irizpide hauek jarraituko dira deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskaerak ordenan jartzeko:

a) Euskal Unibertsitate Sistemako ikertaldeen kasuan, eskaerak beherantz ordenatuko dira, modalitate bakoitzean, honako hau aplikatzearen ondoriozko den ordenaren arabera: batez besteko notaren % 80 (12. artikuluan zehaztutakoren arabera kalkulatuta, eta 0tik 100erako eskalara egokituta) gehi ikertaldeek lortutako puntuazioaren % 20, Unibertsitate eta Ikerketako Sailburuordetzaren Euskal Unibertsitate Sistemako ikertaldeen jarduerak bultzatzeko laguntzen deialdiaren arabera (I. eranskinean daude jasota).

b) Oinarrizko ikerketako eta bikaintasuneko zentroen (OIBZ), ikerketa sanitarioko institutuen (ISI), ikerketa kooperatiboko zentroen (IKZ) eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko zentro teknologikoen kasuan, baldin eta BRTA partzuergo zientifiko-teknologikoari atxikita badaude, eskaerak beheranzko hurrenkeran ordenatuko dira, modalitate bakoitzean, ikaslearen espediente akademikoaren batez besteko notaren arabera.

c) Berdinketak gertatuz gero, sarrera-dataren arabera ebatziko dira; eta berdinketak jarraitu egiten badu, zozketa bidez erabakiko da.

3.– A zein B modalitateetako ebazpen-proposamenek lau zerrenda izango dituzte:

a) Beka adjudikatzeko proposatutako eskaeren zerrenda. Lortutako puntuak jasoko ditu eta puntuazio horren arabera ordenatuta egongo da.

b) Ukatutako proposatutako eskaeren zerrenda, deialdi honetako baldintzak betetzen ez dituztelako. Beka ukatzeko arrazoiak eta atzera egindako eskabideen zerrenda bilduko ditu.

c) Deialdi honetako beka eskuratzeko eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten arren, beka lortzeko ordena-zenbakia lortu ez duten eskabideen zerrenda. Zerrenda horrekin, ordezkoen zerrenda osatuko da, eta zerrenda horretan jasotakoek ordezkatuko dituzte edozein arrazoi dela eta azkenean dirulaguntza jaso ezin duten proposatutako pertsona adjudikaziodunak.

d) Eskaeren zerrenda, lankidetza-proiektua egiteko eskatzaileak hautatutako ikertaldeen edo ikerketa-zentroen arabera ordenatuta. Zerrenda horrek jasoko ditu proposatutako eskaera adjudikaziodunak, ukatuak, atzera egindakoak eta erreserbak.

4.– Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendariak onetsitako ebazpen-proposamenaren jakinarazpena elektronikoki egingo da, Euskal Autonomia Erkidegoaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoaren bidez, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/. Epeak zenbatzeko argitalpen horrek bakarrik balio izango du.

Era berean, beka-eskatzaileari jakinarazpen elektroniko bat bidaliko zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/). Ziurtagiri elektronikoaren bidez sartu beharko da bertara.

Horri kalterik egin gabe, SMS mezu eta/edo posta elektroniko bidez jakinaraziko zaie interesdunei argitalpena egin dela. Nolanahi ere, abisu horiek ez dute izango jakinarazpen-baliorik.

5.– Jakinarazpenaren ondoren, eskatzaileek alegazioak egin edo egoki iritzitako dokumentazioa aurkeztu ahal izango dute, 10 egun balioduneko epean, egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Alegazioak aurkezteko, eskatzaileak aplikazioan sartu beharko du bere ziurtagiri elektronikoaren bidez, eta horretarako aurreikusitako formularioa erabili.

15. artikulua.– Ebazpena.

1.– Alegazioak aztertu ondoren, behin horiek aurkezteko epea igarota eta ukoak onartuta, hautaketa-batzordeak eskaerak berrordenatu egingo ditu, hala badagokio, aurreko artikuluan zehaztutakoa betez. Agindu hau argitaratzen denetik gehienez ere sei hilabeteko epean, Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendariak, hautaketa-batzordeak proposatuta, bi ebazpen emango ditu, bat modalitate bakoitzeko (A eta B), eta jakinarazi egingo ditu.

2.– A zein B modalitateko ebazpenek lau zerrenda hauek jasoko dituzte:

– Beka adjudikatuta duten eskabideen zerrenda. Lortutako puntuak jasoko ditu eta puntuazio horren arabera ordenatuta egongo da.

– Ukatutako eskaeren zerrenda, deialdi honetako baldintzak betetzen ez dituztelako. Beka ukatzeko arrazoiak eta atzera egindako eskabideen zerrenda bilduko ditu.

– Deialdi honetako beka eskuratzeko eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten arren, beka lortzeko ordena-zenbakia lortu ez duten eskabideen zerrenda. Zerrenda horrekin erreserben zerrenda bat eratuko da; zerrenda hori baliatuko da uko-egiteren batengatik bekaren bat libre geratzen bada beka hori emateko, bi modalitateetakoren batean, 17. artikuluan ezarritakoaren arabera.

– Eskaeren zerrenda, lankidetza-proiektua egiteko eskatzaileak hautatutako ikertaldeen edo ikerketa-zentroen arabera ordenatuta. Zerrenda horrek jasoko ditu eskaera adjudikaziodunak, ukatuak, atzera egindakoak eta erreserbak.

3.– Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendariak onetsitako A zein B modalitateetako ebazpen-proposamenen jakinarazpena elektronikoki egingo da, Euskal Autonomia Erkidegoaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoaren bidez, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/. Epeak zenbatzeko argitalpen horrek bakarrik balio izango du.

Ebazpena Hezkuntza Sailaren webgunean ere argitaratuko da: https://www.euskadi.eus/unibertsitateko-ikasleak-ikasiker-lankidetza-bekak/web01-a3lagun/eu/

Era berean, eskatzaileari jakinarazpen elektroniko bat bidaliko zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/). Ziurtagiri elektronikoaren bidez sartu beharko da bertara.

Horri kalterik egin gabe, SMS mezu eta/edo posta elektroniko bidez jakinaraziko zaie interesdunei argitalpena egin dela. Nolanahi ere, abisu horiek ez dute izango jakinarazpen-baliorik.

4.– Beka onartu egin dela ulertuko da ebazpenaren jakinarazpena egiten denetik 10 egun naturaleko epean bekari berariaz uko egiten ez bazaio.

5.– Prozedura-ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

6.– Deialdia ebazteko ezarritako epea igaro ondoren pertsona eskatzaileei ez bazaie ebazpenik jakinarazi, beka-eskaera ezetsi dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

7.– EHAAn argitaratuta emango da beken berri, denek jakin dezaten; dena dela, epeak zenbatzeko orduan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-taularen bidez egindako jakinarazpenak baino ez du baliorik izango, artikulu honen 3. puntuak ezartzen duen moduan.

16. artikulua.– Bekak ordaintzea.

1.– Ordainketak modu honetan egingo dira:

a) A modalitatea. Bekaren ordainketa bi epetan egingo da. Lehenengo ordainketan bekaren % 30 emango da eta ebazpena adjudikaziodunei jakinarazi eta adjudikaziodunek beka onartu ondoren ordainduko da. Ebazpena jakinarazi eta hamar eguneko epean onuradunak ez badio berariaz uko egiten, dirulaguntza onartzen duela ulertuko da, eta onuradun guztiei ordainketa egingo zaie. Bigarren ordainketan gainerako % 70a emango da, lankidetza egin izana egiaztatu ostean, lankidetza amaitu eta hurrengo hilean zehar, eta deialdi honetan eskatutako baldintzen araberakoa dela egiaztatu ostean. Agindu honen 8. artikuluan aurreikusitako egiaztagiriak beka justifikatzeko balioko du.

b) B modalitatea. Bekaren zenbatekoa epe bakarrean ordainduko da, lankidetza egin izana egiaztatu ostean, lankidetza amaitu eta hurrengo hilean zehar, eta deialdi honetan eskatutako baldintzen araberakoa dela egiaztatu ostean. Agindu honen 8. artikuluan aurreikusitako ziurtagiriak beka justifikatzeko balioko du.

2.– Agindu honetako dirulaguntzen onuradunei ez zaie laguntzarik ordainduko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan itzultze- edo zehatze-prozeduraren bat izapidetzen ari badira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartuak, 50.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluarekin bat, eta azken horren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuarekin bat.

17. artikulua.– Laguntzari uko egitea.

1.– Bekari uko egin nahi dioten adjudikaziodunek telematikoki eman beharko dute horren berri, aplikazio informatikoaren bitartez.

2.– Uko egiteak beka jasotzeko eskubide oro galtzea ekarriko du, eta ez da inolako konpentsazio ekonomikorik emango.

3.– Uko-egitea 2023ko abenduaren 15a baino lehen gertatzen bada A modalitatean eta 2024ko maiatzaren 15a baino lehen B modalitatean, uko-egite horien ondoriozko beka hutsak 15. artikuluan araututako erreserba-zerrenda osatu duten pertsonei adjudikatu ahal izango zaizkie, betiere bertan ezarritako ordena errespetatuta. Erreserbarik ez badago, eman gabe geratuko dira beka horiek.

Horretarako, Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendariak ebazpena emango du uko-egiteak onartzeko eta interesdunei bekak ematea proposatzeko, 10 eguneko epe luzaezinean proposamena onar dezaten. Behin proposamena onartuta edo berariaz onartu gabe epea igarotzen bada, beka emateko ebazpena emango du, eta interesdunei jakinaraziko die.

18. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Onuradunen betebeharrei dagokienez, honako hauek aplikatuko dira: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritakoak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan ezarritakoak eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluan ezarritakoak, zeinaren bidez onuradunaren betebeharrak arautzen dituen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen baita. Bada, honako betebehar hauek izango dituzte, besteak beste:

a) Dagokion helbururako erabiltzea beka; alegia, deialdian ezarritako baldintzen arabera gauzatu behar dute lankidetza.

b) Lankidetza egin izana egiaztatzea, egiaztagiri baten bidez, oinarri hauen 8. artikuluan zehaztutakoari jarraikiz.

c) Lankidetza-aldian, matrikulatuta dagoen ikasketak egitea.

d) Beka honen xede eta helburu bererako, unibertsitate-ikasketak egiteko edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik lortzen dituen beka edo laguntzen berri ematea Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzari. Jakinarazpen hori aldez aurretik eta behin betiko ebazpenaren ondoren egin behar da, eta beka justifikatu arte.

e) Laguntza ematea bideratu zuten baldintzak bete direla egiaztatzeko beharrezko froga-jarduerak egitea, eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Auzitegiak, dirulaguntzen nondik norakoak fiskalizatzean eskatutako informazio guztia ematea.

f) Dirulaguntzaren xede den jarduerarako finantzaketaren publizitate publiko egokia eman beharko du. Zehazki, dirualguntza honen laguntzarekin egiten edo argitaratzen den ikerketa-lanetan dirulaguntza eman duen entitate publikoa zein den adierazi beharko da gutxienez: Hezkuntza Saila, eta programaren izena: Ikasiker lankidetza-beka.

g) Diharduen diziplinako arau eta printzipio etikoak onartu, ezagutu eta betetzea, hala nola laneko osasun eta segurtasuneko arauak eta funtzionamendu-arauak.

19. artikulua.– Beka kobratzeko eskubidea galtzea eta itzultzea.

1.– Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendariak, espedienteko interesdunaren entzunaldiaren izapidea egin ondoren, emandako beka kobratzeko eskubidea galdu dela edo, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli behar direla eta aplikagarriak diren interesak itzuli beharko direla adieraziko du, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan ezarritakoaren arabera –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako testu bategina–, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluarekin bat, eta azken horren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuarekin bat, honako kasu hauetan:

a) Helburu jakin bat betetzeko emandako bekaren zenbatekoa ez bada helburu hori betetzeko erabili.

b) Lankidetza egin izana ez badu behar bezala justifikatu edo dagokion egiaztagiria aurkeztu ez badu.

c) Eskatzaileak ezeztatu egiten badu bekarekin egin behar zituen ikasketen matrikula.

d) Emandako beka eta jasotako beste beka edo laguntza batzuk bateragarriak ez direla akreditatu bada.

e) Eskatzaileak datuak ezkutatu edo faltsutu baditu beka jasotzeko.

f) Frogatzen bada beka jaso dutenek ez dutela ezarritako baldintzaren bat betetzen edo ez dituztela baldintza horiek behar bezala egiaztatu.

g) Aurreko artikuluko f) apartatuan jasotako hedapen-neurriak hartu ez badira.

h) Aurreko artikuluan xedatutako betebeharrak bete ez badira.

2.– Espedientearen izapideak egitean ondorioztatzen bada itzuli egin behar direla jasotako zenbatekoak –eta, behar izanez gero, baita haien legezko berandutze-interesak ere–, ebazpen bat emango da; ebazpen horrek eduki beharreko informazio guztia izango du, dirua itzuli behar dela deklaratzen duen jakinarazpena jasotzen denetik bi hilabeteko epean zenbateko horiek itzultzeko, beti ere kontuan izanik, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren bigarren titulua (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena).

3.– Borondatezko epearen barruan dirua itzultzen ez bada, Ekonomia eta Ogasun Sailari jakinaraziko zaio, premiamendu-bidez ekin dezan, indarrean dauden xedapenen arabera.

20. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko: Unibertsitateko laguntzak, dirulaguntzak eta bekak. Arduraduna Hezkuntza Saileko Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritza da.

Datuen tratamenduaren xedea da unibertsitateko lehen eta bigarren zikloko eta master eta gradu ofizialetako ikasleei bekak ematea, tasen salbuespenak onestea eta beren jarduera unibertsitate-arloan egiten duten erakundeen funtzionamenduan laguntzea.

Datuen tratamendua beharrezkoa bada interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari adjudikatutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko. Honako hauek izan daitezke datuen hartzaileak:

– Autonomia-erkidegoko beste organo batzuk.

– Ekonomia eta Ogasun Saila.

– Unibertsitateak.

Bekaren eskatzaileek eskubidea dute datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

Datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta xehea kontsulta daiteke gure web-orrian: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/055400-capa2-eu.shtml

Araudia:

– Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES)

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala