Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

123. zk., 2023ko ekainaren 29a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3119

65/2023 EBAZPENA, ekainaren 21ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Gaubeako Udalarekin sinatutako hitzarmena, Gaubeako udalerrian AR-16 (B) eremuan babes publikoko etxebizitzak sustatzekoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu egin du aipatutako hitzarmena, eta, publikotasun egokia emateko, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Gaubeako Udalarekin sinatutako hitzarmenaren testua, Gaubeako udalerrian AR-16 (B) eremuan babes publikoko etxebizitzak sustatzekoa. Hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko ekainaren 21a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN EKAINAREN 21EKO 65/2023 EBAZPENARENA
HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN, LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILAREN ETA GAUBEAKO UDALAREN ARTEKOA, AR-16 (B) EREMUAN BABES PUBLIKOKO ETXEBIZITZAK SUSTATZEKO.

Vitoria-Gasteizen, 2023ko ekainaren 8an.

BILDU DIRA:

Alde batetik, Ignacio Maria Arriola López jauna, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburua.

Eta bestetik, Gorka Salazar Senso jauna, Gaubeako Udaleko alkate-udalburua.

BERTARATU DIRA:

Lehenengoa, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko sailburu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkari gisa, Gobernu Kontseiluak 2023ko maiatzaren 23an egindako bilkuran hartutako erabakiaren ondorioz egintza honetarako baimendua.

Eta bigarrena, Gaubeako Udaleko alkate-udalburu gida, alkate-udalbatza horren 2023ko martxoaren 31n batzartutako osoko bilkurak egintza honetarako baimena eman zion.

Agertutako bi alderdiek elkarri aitortu diote Hitzarmen hau izenpetzeko beharrezkoa den legezko gaitasun nahikoa eta, horretarako, honako hau

AZALDU DUTE:

Lehena.– Euskadiren Autonomia Estatutuaren 10.31 artikuluak honako hau zehazten du: Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du lurraldearen eta itsasertzaren antolamenduaren, hirigintzaren eta etxebizitzaren arloetan.

Bigarrena.– Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legearen 2. artikuluan adierazten dira Euskadiko etxebizitza-politikaren printzipio gidariak, besteak beste, honako hauek:

1.– Etxebizitza duin, egoki eta irisgarria izateko eskubidea bermatzeko, lankidetzan eta koordinatuta aritzea botere publiko guztiak, Estatuko Administrazio orokorraren mendeko organoak eta EAEko sektore publikoa barne, zeina osatzen baitute Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak, foru-aldundiek, toki-erakundeek eta haien mendeko titulartasun publikoko erakunde guztiek.

2.– Etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubidearen eraginkortasunaren inguruko ekimenetan jarduketa publikoak eta pribatuak koherenteak izatea.

3.– Etxebizitzei eta zuzkidura-bizitokiei buruzko politika publikoak planifikatu eta programatzea, kontuan hartuta alokairuko etxebizitza dela Konstituzioan ezarritako etxebizitza-eskubideari erantzuteko funtsezko tresna.

4.– Etxebizitza edo bizitoki babestu bat izateko eskubidea erabiltzerakoan edozein diskriminazio desagerraraztea, kolektibo ahulen aldeko ekintza positiboko neurriak ezarrita eta jokabide diskriminatzaileak zigortuta.

5.– Lurralde-kohesioa egotea sustapen- eta birgaikuntza-neurrien aurreikuspen eta aplikazioaren banaketa orekatuan, eta, aldi berean, etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien eskaintza zabal eta behar bestekoa lortzea.

6.– Herritarrek etxebizitzei eta zuzkidura-bizitokiei buruzko politika publikoak formulatzeko prozesuan benetan parte hartzea eta lankidetzan jardutea, baita bizitegiak sustatu, eraiki, kontserbatu, birgaitu, berroneratu eta berritzen edo horien administrazio edo kudeaketako zereginetan aritzen diren izaera sozialeko eta irabazi-asmorik gabeko entitateek ere

7.– Etxebizitza babestu eta zuzkidura-bizitoki berrien eraikuntzako esku-hartze guztiak nahiz etxebizitza horien birgaitze- edo eraberritze-jarduketak bizigarritasun, funtzionaltasun- eta segurtasun-baldintzak hobetzera bideratzea, arreta berezia jarrita irisgarritasunean, baliabide naturalen erabilera eraginkorrean eta gizarte-, finantza- eta ingurumen-jasangarritasunean, diseinu unibertsalaren printzipioei jarraikiz.

8.– Jarduera produktiboak eta pertsonen bizitza indibiduala eta familiakoa erantzunkidetasunez bateratzen lagunduko duen hiri-planifikazio bat bultzatzea, erantzunkidetasunezko gizarte-antolaketa bat erraztuz.

9.– Eraikinak, etxebizitzak eta haien ingurune urbanizatua gizarte-erantzukizunez erabil daitezen bultzatzea, duten funtzio soziala errespetatu eta betetzeko.

10.– Etxebizitzaren arloan planifikazio bat ezarri, garatu eta exekutatzea herritarren premia errealen eta haien egoera pertsonal, sozial, ekonomiko eta laboralen arabera.

Hori lurzoruaren kontrol publiko arduratsu eta eraginkor baten bidez bakarrik bermatu daiteke, eta hori lurzoru publikoa eskuratzeko eta kudeatzeko ekintza erabakigarri batekin osatu behar da. Horregatik, botere publikoek, kasu honetan Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak eta Gaubeako Udalak batera esku hartu behar dute, eta behartuta daude, espekulazioa eragotziko duen bizitegi-lurzoruaren ondare publikoa eratzeko beharrezkoak diren babes publikoko etxebizitzak egin ahal izateko baldintzak sortzeko.

Hirugarrena.– 2021-2023 aldirako Etxebizitza Plan Zuzentzaileak diagnostiko bat jasotzen du, eta bertan adierazten da 2020an Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak lurzoru-ondarea duela sustapen berriko 4.000 etxebizitza alokairuan eta zuzkidura-bizitokietan eraikitzeko.

Zehazki, Etxebizitza Planaren xedea eta ikuspegia hiru (3) ardatz eta hamar (10) estrategia dira, diagnostikoan identifikatutako erronkei erantzuten saiatzen direnak, eta lehenengo ardatzak alokairuko etxebizitzen parkea bultzatzen du.

Lehenengo ardatz honen jarduera-ildoetako bat alokairu eskuragarriko erregimeneko etxebizitza berriak sustatzea da, bai eta zuzkidura-bizitokiak sustatzea ere, Plan Zuzentzailearen indarraldiko hiru urteetan. Era berean, alokairu-parkea handitzeko helburuarekin, dokumentuak aurreikusten du Eusko Jaurlaritzak udalekin lankidetzan jardungo duela zuzkidura-bizitokien eta alokairu-erregimeneko etxebizitza publikoen sustapena sustatzeko.

2. ardatzak eraikinen eta etxebizitzen parkea mantentzea eta birgaitzea sustatzen du, egungo etxebizitza-parkearen irisgarritasuna eta energia-eraginkortasuna hobetuz. Horretarako, etxebizitzak eta eraikinak birgaitzea sustatu nahi da, birgaitzearen kudeaketa integratua erraztu eta hiria berroneratzeko programak bultzatu.

Laugarrena.– Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak eta Gaubeako Udalak bat egiten dute Gaubeako udalerriko AR-16 (b) eremua babes publikoko etxebizitzen sustapenera bideratzeko asmoarekin, udalerrian bizi diren pertsonen egungo beharrei erantzuteko.

AR-16 (b) eremuak 8.597 metro koadroko azalera du, eta dentsitate txikiko familia bakarreko etxebizitzak dira, 6 etxebizitza guztira. Sestra gaineko hirigintza-eraikigarritasuna 2.100 metro koadrokoa da, eta sestra azpiko hirigintza-eraikigarritasuna 600 metro koadrokoa.

Lurzoru horien egungo titulartasuna honako hau da:

– Administrazio batzarra, 7.681 metro koadro.

– Hirugarren pribatua, 916 metro koadro.

Bosgarrena.– 2020ko irailaren 16an, ALHAOn argitaratu zen Gaubeako udalerriko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren behin betiko onarpena, eta hiri-bizitegirako erabil zitezkeen eremuen artean AR-16 (b) izeneko eremua zegoen, non dentsitate txikiko etxebizitzen sustapena ezartzea ahalbidetzen zen.

Plangintzaren aldaketaren bidez, aurreikusitako erabilera etxebizitza publikoena izango da, guztira 24 unitatekoa.

Seigarrena.– Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legeak 16. artikuluan ezartzen duenez, udaleko hirigintza-plangintzak babes publikoko araubideren bati lotutako etxebizitzak eraikitzeko beharrezkotzat jotzen dituen lursailak kalifikatu ahal izango ditu, eta, gutxienez, legearen 80. artikuluan aurreikusitako estandarrak eta gutxieneko zenbatekoak betetzeko lurzorua kalifikatzeko betebeharra izango du.

Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legeak 19. artikuluan ezartzen duenez, administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumen-eremuaren barruan, babes publikoko etxebizitzen sustapena sustatuko dute, jarduera horien aldeko neurri ekonomikoak, fiskalak, hirigintzakoak eta bestelakoak ezarriz.

Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legeak Lurzoru Ondare Publikoa arautzen du, eta zehazten du Eusko Jaurlaritzan etxebizitza-arloko eskumena duen sailak kudeatuko duela, besteak beste helburu hauek betetzeko:

a) Lurzorua edo bizitegirako hirigintza-eraikigarritasuna eskuratzea, etxebizitzak, bizitokiak, lokalak eta eranskinak sustatzeko edo eraikitzeko.

b) Aipatutako eraikin babestuak eta jarduketarekin berarekin lotutako ekipamendu publikoak sustatzea edo eraikitzea.

Etxebizitzaren arloan indarrean dagoen araudiak ez du aurreikusten Lurzoru Ondare Publikoa osatzen duten ondasunak doan eskuratzeko kasurik edo prozedurarik, eta, beraz, azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bateginean horretarako xedatutakoa beteko da.

Helburu horiek lortzeko, udal-plangintzan eta lankidetza-hitzarmen honetan xedatutakoaren arabera, honako hau aurreikusten da:

– Gaubeako Udalak doan eta kargarik gabe lagatzea Euskal Autonomia Erkidegoari AR-16 (b) arearen hirigintza-aprobetxamenduaren % 15, legez esleitu zaiolako.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari, truke bidez, etorkizuneko udal-titulartasuneko AR-16 eremuko lurrak eskualdatzea, eta horien kontraprestazioa izango da gauzatu beharreko sustapeneko bi etxebizitza ematea.

Aldez aurretik, Udalak Administrazio Batzarraren titulartasuneko lurzorua erosi beharko du.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginaren 38. artikuluan ezartzen denez, ondasunak dohainik eskuratzeko onarpena ondasun horien titulartasuna izango duen sailak erabakiko du, Gobernu Kontseiluak baimena eman ondoren, baldin eta, besteak beste, eskuratzeak berekin badakar gastua eragingo duen erabilera-baldintza edo -konpromiso espezifikoren bat, eta, kasu honetan bezala, doako xedapena onartzeko eskumena duen organoak balioetsitako interes publikoko arrazoiak badaude.

Bi administrazio publikoen artean adostu beharreko trukeari dagokionez, adierazi behar da, alde batetik, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legeak, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzkoak, 117. artikuluan ezartzen duela zuzenean besterendu ahal izango direla ondasunak, konkurtsorik behar izan gabe, araudiak kasu bakoitzean eskatzen dituen baldintzekin, besterentzea administrazio publikoen arteko edo erakunde instrumentalen arteko hitzarmenetatik eratortzen denean.

Bestalde, trukearen figura juridikoa, babes sozialeko etxebizitzak eraikitzeko lurrak lagatzeko sistema arrunt gisa, Toki Erakundeen Ondasunen Erregelamendua onartzen duen ekainaren 13ko 1372/1986 Errege Dekretuaren 110.2 artikuluan jasota dago.

Era berean, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginaren 93.3 artikuluak adierazten duenez, ondasunak eta eskubideak besteren batekin trukatzeko aukera egongo da, baldin eta, tasazioa egin ondoren, trukatu nahi diren ondasun edo eskubideen arteko balio-aldea handiagoa denaren ehuneko berrogeita hamarretik gorakoa ez bada. Trukatu beharreko ondasunen eta eskubideen arteko balio-aldea ehuneko hamarretik gorakoa bada, dirutan edo beste ondasun edo eskubide batzuk entregatuz ordaindu beharko da. Gaineratu du trukearen xedea etorkizuneko obra izan daitekeela.

Zazpigarrena.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak administrazio-hitzarmenen lege-esparrua eta tipologia sistematizatzen ditu, eta horiek baliozkoak izateko baldintzak ezartzen ditu.

Arauak adierazten du hitzarmenak sinatzeak kudeaketa publikoaren eraginkortasuna hobetu behar duela, bitarteko eta zerbitzu publikoen baterako erabilera erraztu behar duela, onura publikoko jarduerak egiten lagundu behar duela eta aurrekontu-egonkortasunari eta finantza-iraunkortasunari buruzko legeria bete behar duela.

Horrela, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak hitzarmenen araubide osoa garatzen du, eta hitzarmenen gutxieneko edukia, motak, iraupena eta azkentzea finkatzen ditu. Hitzarmenek jaso behar dituzten beste gai batzuen artean, hitzarmenen aldaketa-araubidea eta indarraldia daude.

Nolanahi ere, interesak, konpromisoak eta ekarpenak behar bezala bideratzeko, bi alderdiek hitzarmen hau formalizatzen dute, honako klausula hauen arabera:

KLAUSULAK

Lehenengoa: Hitzarmen honen helburua da Gaubeako udalerriko AR-16 (b) eremuan alokairurako babes publikoko etxebizitzen sustapena ahalbidetzea.

Bigarrena: Gaubeako Udalak eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak adostu dute AR-16 (b) eremua alokairurako babes publikoko etxebizitzak sustatzeko erabiltzea.

Gaubeako Udalak AR-16 (b) eremuaren nahitaezko lagapeneko hirigintza-aprobetxamenduaren % 15 doan eta kargarik gabe lagatzeko konpromisoa hartu du.

Aipatutako lagapenak Urbanizatzeko Jarduketa Programa behin betiko onartu ondoren erabakiko dira.

Hitzarmen honetan hitzartutako ondare-eragiketak Gobernu Kontseiluaren baimena lortzearen baldintzapean daudela ulertu behar da, azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bateginean adierazitakoaren arabera.

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak konpromisoa hartzen du Jaurlaritzaren Kontseiluak lagapen hori onar dezan izapidetzeko.

Klausula honetan aurreikusitako doako lagapenei buruzko ondare-eragiketak eskritura publikoan formalizatuko dira sei hilabeteko epean, Gobernu Kontseiluak doako lagapena baimentzen duen erabakia hartzen den egunetik zenbatzen hasita.

Hirugarrena: Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak honako jarduera hauek egiteko konpromisoa hartzen du:

– Truke horren kontraprestazioa: AR-16 (B) eremuan gauzatu beharreko sustapeneko bi etxebizitza babestu Gaubeako Udalari emango zaizkio, kargarik gabe.

– Plan Berezia, JUPa, Urbanizazio Proiektua eta Banaketa Proiektua idaztea kontratatzea.

– Gaubeako Udalak ezin badu egun dagoen finka pribatua erosi, desjabetzeko jarduketa-sistema sartuko da JUPean, eta, kasu horretan, sail horrek hartuko du bere gain nahitaezko desjabetzeari dagokion espedientea izapidetzea.

– Eraikuntza-proiektuaren idazketa kontratatzea.

– Eraikuntza-obren exekuzioa eta horien zuzendaritza fakultatiboa kontratatzea.

– AR-16 (b) arearen urbanizazio orokorreko obren exekuzioa eta horien zuzendaritza fakultatiboa kontratatzea.

– Behar diren neurri guztiak hartzea obrak eragin dezakeen kaltea ahalik eta txikiena izan dadin eta, betiere, obrak uki ditzakeen udal-titulartasuneko ondasunak lehengo egoerara itzuliko direla bermatzeko.

– Lurren Balioaren Gehikuntzaren gaineko Udal Zerga izan ezik, erreferentziako partzela doan eskuratzean datzan ondare-eragiketa eskrituratzearen eta Jabetza Erregistroan inskribatzearen ondoriozko gastuak bere gain hartzea.

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak bere gain hartzen dituen konpromiso guztiak aldez aurretik dagozkion aurrekontu-izendapenak izatearen eta aurrekontu-egonkortasunaren eta finantza-iraunkortasunaren printzipioak betez Euskal Autonomia Erkidegoak dituen baliabideen mende egongo dira.

Laugarrena: Gaubeako Udalak honako jarduketa hauek egiteko konpromisoa hartu du:

– Etorkizuneko udal-lurzoru guztia Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari trukean ematea, Administrazio Batzarrari eskuratu ondoren.

– Areako oinean zerbitzu guztien beharrezko hartune guztiak egiteko behar diren obrak egitea.

– Etxebizitzaren arloan eskumena duen organoak obrak eskatu eta sei hilabeteko epean obrak egiteko gaikuntza emateko behar diren hirigintza-dokumentuak izapidetzea eta onartzea.

– Hala badagokio, Eusko Jaurlaritzan etxebizitza-arloko eskumena duen organoak AR-16 (b) Arean egindako sustapenari % 95eko hobaria ematea Instalazioen, Eraikuntzen eta Obren gaineko Zergan (EIOZ), interes bereziko sustapena edo udal-onura delako, gizarte-inguruabarrak direla-eta eta deskribatutako sustapenaren izaera dela-eta, hau da, errentamendurako erregimen orokorreko etxebizitza babestua delako.

– Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari, Herri Administrazio den aldetik, aplikatzekoa den araudiak eska diezazkiokeen fidantza edo abal gisa inolako finantza-bermerik emateko ez eskatzea, edo obrak egiteak eragin diezaiekeen udal-agintaritzaren titulartasuneko ondasun higigarri edo higiezinen itzulketari dagokienez.

Klausula honetan hartutako konpromisoetatik eratorritako gastuak Gaubeako Udalak hartuko ditu bere gain.

Bosgarrena: Etxebizitzen esleipena esleipen-prozedura eta aplikatu beharreko araudian adierazitako kupo-erreserbak errespetatuz egingo da. Etxebizitza babestuak esleitzeko eskumena duen sailburuaren dagokion aginduan, partaidetza-baldintzak ezarriko dira, indarreko araudian jasotako etxebizitza-kupoen erreserbak eta Gaubeako herritarrek dagokien erroldarekin jasotzaile izateko duten lehentasuna oinarri hartuta.

Era berean, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek eta mugikortasun urri iraunkorreko arazoak dituzten pertsonek etxebizitza edo zuzkidura-bizitoki horiek eskuratu ahal izango dituzte erreferentziako udalerrian erroldatuta daudela egiaztatu beharrik gabe, indarrean dagoen araudian jasotzen den bezala.

Hala ere, Gaubeako Udalak behin betiko salbuespena proposatu ahal izango du babestutako bi etxebizitzatarako lehentasunez, eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak etxebizitza horien esleipen berezia egiteko konpromisoa hartuko du, betiere hirigintzako jarduketen eta/edo udal-beharren eraginpean dauden pertsonen alde egiten badu.

Seigarrena: Bi administrazio publikoek beharrezkotzat jotzen dute Hitzarmenaren Jarraipen Batzordea eratzea. Batzorde horren zeregina izango da hitzartutako aurreikuspenak eta konpromisoak betetzea, zorrotz betetzeko neurriak proposatzea, babestutako etxeak sustatzean sor daitezkeen gatazkak eta/edo interferentziak konpontzea, eta, oro har, etorkizunean sor daitezkeen gorabeherei erantzutea.

Jarraipen-batzorde hori lau kidek osatuko dute, alde bakoitzak proposatutako bi pertsonak.

Hitzarmen honetan planteatu ez diren gaiei dagokienez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen Atariko Tituluaren II. kapituluko 3. atalean xedatutakoaren arabera arautuko da Jarraipen Batzordea.

Zazpigarrena: Hitzarmen hau administratiboa da, eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioari dagokio haren interpretazioaren, aplikazioaren, betearazpenaren eta ondorioen inguruan sor daitezkeen gai guztien berri izatea, seigarren klausulan aurreikusitako bidea agortzen denean.

Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 6. artikuluarekin bat etorriz, hitzarmen hau ez dago lege horren mende, sor daitezkeen zalantzak eta hutsuneak ebazteko Lege horren printzipioak aplikatzeari kalterik egin gabe.

Zortzigarrena: Hitzarmen honen indarraldia lau urtekoa izango da, sinatzen denetik kontatzen hasita. Aurreko paragrafoan aurreikusitako epea amaitu aurreko edozein unetan, hitzarmena sinatzen duten alderdiek berariaz erabaki ahal izango dute hitzarmena beste lau urtez luzatzea edo azkentzea.

Bederatzigarrena:Hitzarmen hau edozein unetan berrikusi eta, hala badagokio, aldatu ahal izango da, alderdi sinatzaileek aho batez hala eskatuz gero, hitzarmenari dagokion gehigarria sinatuz.

Hamargarrena: Dokumentu honetan jasotako betebeharrak ez betetzea hitzarmena suntsiarazteko arrazoia izango da, eta alderdiak jatorrizko egoera juridikora itzuliko dira, eta kausatzaileak eragindako kalte eta galera guztiak ordaindu beharko dizkie, bai beste alderdiari bai fede oneko hirugarrenei.

Kasu horretan, dagokion izapidea egin ondoren, Gaubeako Udalari eskualdatu beharreko lurzatia itzultzea erabakiko da, eta ebazpen horren kausatzaileak eragiketa horri lotutako kostuak ordaindu beharko ditu (eskritura-gastuak, erregistroa, etab.).

Era berean, hitzarmen hau suntsiarazteko arrazoiak izango dira indarrean dagoen legeriak bere izaeragatik jasotzen dituen beste guztiak.

Hala ere, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak hitzarmen honetan aurreikusitako sustapenetan atzera egin ahal izango du, idatz-zati honetan aurreikusitako kalte-ordainik ordaindu gabe, baldin eta gerora sortutako arrazoiengatik bideraezina egiten bada.

Eta adostasuna eta fede ona adierazteko, agiri hau sinatzen dute lau aletan, idazpuruan adierazitako tokian eta egunean.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

Gaubeako Udaleko alkate udalburua,

GORKA SALAZAR SENSO.


Azterketa dokumentala