Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

123. zk., 2023ko ekainaren 29a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
3116

EBAZPENA, 2023ko maiatzaren 31koa, Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita EAEko arte eszenikoen sektorearen hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta argitaratzea.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2023ko maiatzaren 16an, arestian aipatutako hitzarmenari buruzko dokumentazioa aurkeztu zen REGCON erregistroan (hitzarmen hori negoziazio-mahaiko enpresa-ordezkaritzak –Eskena eta Besteok– eta langileen ordezkaritzak –ELA, LAB, CCOO eta UGT– sinatu zuten 2023ko apirilaren 26an).

Bigarrena.– Aipatutako hitzarmenaren sinatzaileek hitzarmena erregistratzeko, gordailutzeko eta argitaratzeko eskabidea izapidetu behar duen pertsona izendatu dute.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 2. artikuluak Lan eta Enplegu Saila sortzen du; eta, 6. artikuluan ezarritakoaren arabera, lan-arloko legeriak lan-harremanei buruz ezartzen duena egikaritu behar du sail horrek, besteak beste. Bestalde, urtarrilaren 19ko 7/2021 Dekretuak (Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzekoak, uztailaren 6ko 167/2021 Dekretuaren bidez aldatutakoa) 10.1.i) artikuluan Laneko eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritzari esleitzen dio Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistro telematikoa zuzendu eta kudeatzeko egitekoa, erregistroa arautzen duen dekretuan eta indarrean dagoen gainerako araudian xedatutakoari jarraikiz.

Bigarrena.– Prozedura honetan aplikatu behar den funtsezko araudia bi dekretu hauetan jasota dago: 713/2010 Errege Dekretua, maiatzaren 28koa, laneko hitzarmen eta akordio kolektiboak erregistratu eta gordailutzeari buruzkoa; eta 9/2011 Dekretua, urtarrilaren 25ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko laneko hitzarmen eta akordio kolektiboak eta berdintasun-planak erregistratu eta gordailutzeari buruzkoa (otsailaren 14ko 20/2023 Dekretuak aldatu zuen).

Hirugarrena.– Aurkeztutako akordioa inskriba daitekeen egintza bat da, Hitzarmenak eta akordio kolektiboak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Dekretuaren 2.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera; eta Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 85., 88., 89. eta 90. artikuluetan ezarritako betekizunen arabera sinatu da.

Inskripzio-eskaera eta erantsitako dokumentazioa aztertuta, egiaztatu da legez eskatzen diren baldintzak betetzen dituela eskaerak; beraz, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko laneko hitzarmen eta akordio kolektiboak eta berdintasun-planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko urtarrilaren 25eko 9/2011 Dekretuaren 9. artikuluan xedatutakoarekin (otsailaren 14ko 20/2023 Dekretuak aldatu zuen dekretu hori), hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Hitzarmena Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzeko eta gordailutzeko agintzea, eta alderdiei jakinaraztea.

Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 31.

Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendaria,

ANGEL LAPUENTE MONTORO.

ARTE ESZENIKOEN LAN HITZARMENA – 2023KO APIRILA

1.– Eremuak.

1.1.– Funtzio-eremua.

Hitzarmen kolektibo honek antzezle eszeniko guztiei eta enpresa eta pertsona fisiko eta juridiko guztiei eragiten die, irabazi asmoz edo irabazi asmorik gabe (aurrerantzean, Kontratugileak), baldin eta beren jarduera profesionala jendaurreko zuzeneko antzezpenetan egiten badute, edozein generotan, ekoizpen publikoetan, pribatuetan edo koprodukzioetan, edozein motatako espazioetan.

1.2.– Lurralde-eremua.

Hitzarmen kolektibo honek Euskal Autonomia Erkidegoan ikuskizun eszenikoak ekoizten dituzten kontratugileen eta beren ekoizpenetan parte hartzen duten antzezleen artean formalizatzen diren lan-kontratu guztiei eragiten die, kontratu horien modalitatea eta zerbitzuak emateko lekua edozein direla ere.

1.3.– Aplikazio-eremua.

Hitzarmen kolektibo hau nahitaez aplikatu beharko zaie kontratugile guztiei eta kontratatutako antzezle eszeniko guztiei, 1.1 klausulan ezarritakoaren arabera.

2.– Indarraldia.

Hitzarmen kolektiboaren indarraldia 2 urtekoa izango da, eta 2023ko apirilaren 26tik 2025eko ekainaren 30era arte iraungo du.

Hitzarmenaren amaiera automatikoki iragarriko da, indarraldia amaitutakoan.

Amaiera iragarri ondoren, arau-edukia beste hitzarmen bat sinatu arte luzatuko da.

2.1 Langileek, banaka edo taldeka, hitzarmen honetan ezarritakoak baino baldintza onuragarriagoak (ekonomikoak, artistikoak edota bestelakoak) badituzte, osotasunean aintzat hartuta, baldintza horiei eutsiko zaie.

3.– Lan-kontratua.

3.1.– Kontratuaren edukia.

Lan-kontratuak datu hauek zehaztuko ditu:

– Antzezlearen izena eta datu pertsonalak eta artistikoak. Antzezleak ordezkaririk badu, alderdi kontratugileak zerbitzuak emateko beste kontratu bat formalizatuko du harekin, aldeen artean adostutako moduan.

– Kontratugilearen eta legezko ordezkaritza duen arduradunaren datuak.

– Obraren identifikazioa (izenburua, egilea eta zuzendaritza).

– Antzezlearen kategoria.

– Kontratuaren indarraldia.

– Probaldia.

– Entseguak: aurreikusitako hasiera-data eta iraupena.

– Antzezlearentzako ordainsaria.

– Dieten planaren deskribapena, kontratu mota bakoitzerako mantenu, ostatu eta joan-etorrien dieten kotizazioari eta zergei buruz legeak ezarritakoaren arabera, eta jardun lekua lantoki ibiltaritzat hartzea.

– Sinatzean aurreikusitako beste ordainsari batzuk.

– Kontratua hitzarmen honetan agindutakoari lotzea.

3.2.– Kontratua formalizatzea.

Kontratua idatziz formalizatuko da eta bi alderdiek sinatu beharko dute antzezlea zerbitzuak ematen hasten denean. Sinadura-ekitaldian bertan, jatorrizko bat emango zaio antzezleari, kontratugileak sinatuta.

Hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean, Batzorde Misto Paritarioak ereduzko kontratu bat idatziko du; eta nahitaez erabili beharko da, idatzi eta onartzen denetik aurrera.

3.3.– Kontratazio-motak.

Lan-kontratua iraupen mugagabekoa edo iraupen jakin batekoa izan ahalko da, Langileen Estatutuaren 15. artikuluan eta martxoaren 22ko 5/2022 Errege Lege Dekretuak aldatutako abuztuaren 1eko 1435/1985 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera.

3.3.1.– Iraupen mugagabeko kontratua.

Alderdiek hitzartzen dutena da, beren prestazioak denboran zehar mugarik gabe luzatzen direnean, iraupenari dagokionez mugarik gabe.

3.3.2.– Iraupen jakineko kontratu artistikoa.

Kontratu honetan, alderdiek kontratazio-denbora bat aurreikusten dute, eta horri amaiera emango dio gertaera jakin batek: epe jakin bat igarotzeak, jarduketa bat egiteak, denboraldi edo zirkuitu jakin bat amaitzeak, obra bat erretiratzeak eta abar.

‘Iraupen jakineko kontratu artistiko’ modalitate honen barruan, kontratu-premia ia guztiak formaliza daitezke: emanaldi baten edo batzuen entseguak, emankizunak edo gertakari bereziak; birak eta denboraldiak, hainbat kasutan; zirkuitu itundua, eta abar.

Antzezleak antzezpenen datak, emanaldien lekuak eta horien baldintzak jakingo ditu, gutxienez, antzezpenak baino hamabost egun lehenago.

3.4.– Kontratu eta jarduera profesionalen konkurrentzia.

Kontuan hartuta prozesu eszenikoen dimentsio kolektibo berezia eta daten bateraezintasunak eta kontratu baten amaierak edo aldebakarreko uzteak kontratugile baten jardueran ez ezik gainerako taldearenean ere duten eragina, honako hau erabaki da:

3.4.1.– Entsegu-egoeran:

a) Entseguengatik egindako kontratuetan, eranskinean zehaztu beharko dira antzezleek entsegu horietan parte hartzea galarazten duten data blokeatuak. Geroagoko kontratuetarako, gainjartze baztertzailerik aurreikusten bada, data kontratuan lehenago erreserbatu duen kontratugilearen saioak lehenetsiko dira.

b) Antzezleak entsegu-aldaketa edo -dispentsa eskatu ahal izango du egun jakin baterako, gutxienez zazpi egun natural lehenago, eta hilabete bat lehenago epe luzeagoetarako, deialdi-alternatibak planifikatu ahal izateko.

c) Antzezlea, planifikatu gabe, entseguetara ez joateak soldataren kenkari baliokidea ekarriko du, lan egin gabeko egunengatik eta dagozkien asteburuengatik; hargatik eragotzi gabe hitzarmen honen esparruan sor daitezkeen beste zehapen batzuk.

3.4.2.– Zenbait kontratugilerentzako birako lan-prestazioa.

Antzezle bera kontratugile batek baino gehiagok kontratatu ahal izango du esklusibotasun-itunik gabe. Kasu guztietan, behartuta egongo da gainerako kontratugileei bere egoeraren eta egutegiaren berri ematera.

a) Egutegiak formalizatzea.

1.– Bira bat planifikatu eta berresteko, iraupen jakineko kontratu guztietarako (ikus 3.3.2), antzezleak egutegi bat eguneratuta izango du, lan egiteko moduan dagoeneko datak eta lan egiteko moduan ez dagoenekoak zehaztuko dituena. Lan egiteko moduan dagoeneko data blokeatuta geratuko da ‘lan egiteko moduan ez’ gisa soilik prozedura honen arabera:

1.1.– Kontratugileak, daten erabilgarritasuna zein den jakinda, erakunde erakuslearen interesaren berri emango du; eta antzezpenaren data, ordua eta lekua zehaztuko ditu. Jakinarazpen hori posta elektroniko bidez edo bidalketaren data eta ordua baieztatzen duten beste bitarteko elektroniko batzuen bidez bidaliko da.

1.2.– Jakinarazpen hori agiri bidez jasotzea alderdiek egindako kontratuaren edukitzat hartuko da ondorio guztietarako.

3.4.3.– Dedikazio osoko ituna.

Langileen Estatutuaren 21. artikuluaren arabera, alderdien artean adostu ahal izango da antzezle baten dedikazio osoa, berariaz adostutako baldintzetan. Itun horren baldintzak berariaz jasoko dira kontratuan. Kontratu hori abuztuaren 1eko 1435/1985 Errege Dekretuaren 6. artikuluko laugarren atalean ezarritako baldintzetan egingo da.

3.5.– Kontratuaren indarraldia eta azkentzea.

Lan-kontratuaren indarraldia hitzartutako lanaren hasiera- eta amaiera-egunen artean igarotako egunek osatzen dute.

Kontratua honela azkenduko da:

a) Erabat betetzeagatik.

b) Alderdiek hala adostuta.

c) Hitzartutako denbora eta adostutako luzapenak amaitzeagatik, hala badagokio.

3.5.1.– Probaldia entseguetan.

Probaldi bat hitzartu ahal izango da idatziz, entseguetan benetako 15 lanegun geratzen diren arte iraungo duena.

Antzezleak kontratua bere aldetik etetea.

a) Kontratu guztietan (iraupen mugagabekoak izan zein iraupen jakinekoak izan), modalitate guztietan (baita emankizunengatik egindako kontratuetan ere), antzezleak lan-harremana eten ahal izango du, 21 egun naturaleko aurreabisua emanez kontratugileari (protagonistaren kategorian izan ezik, orduan aurreabisu hori 30 egunekoa izango baita).

b) Antzezleak ez badu bajaren berri ematen finkatutako aurreabisuekin, zenbateko hauetakoren batekin konpentsatuko dio kontratugileari:

3 antzezle arteko ekoizpenetan: 1.500 euro arte.

6 antzezle arteko ekoizpenetan: 2.500 euro arte.

9 antzezle arteko ekoizpenetan: 3.500 euro arte.

Hori guztia gorabehera, kontratugileak edozein ekintza judizial hasi ahal izango du, desegite horrek produkzio-etxeari nahiz zuzenean eragindako talde profesionalari eragin diezazkiekeen kalte ekonomiko edo moralak konpentsatzeko. Esate baterako, hirugarrenekin kontratua ez betetzetik erator daitezkeen zenbatekoak eta kontratugilearen irudi komertzialari eragindako kaltea.

c) Antzezlearen gaixotasuna edo istripua ez da inoiz lan-harremana alde bakarretik amaitzeko arrazoitzat hartuko; eta mediku-ziurtagiriaren, baja-parteen eta berrespenen bidez justifikatu beharko da.

d) Aktorearen haurdunaldiaren kasuan, eta amatasunak eragindako baimenei eta gainerako baldintzei dagokienez, indarrean dagoen legerian ezarritakoa beteko da (baita haurdunaldiko gaixotasun eta arriskuari dagokionez ere).

4.– Lanbide-kategoriak.

Talde bakoitzeko profilak identifikatzeko, hitzarmenaren eraginpeko antzezleak kategoria hauetan sailkatuko dira:

a) Protagonista:

antzezpenaren pisua bereizgarri duten antzezleak, egiletza, zuzendaritza eszenikoa edo produkzio-zuzendaritza kontuan hartuta.

b) Koral nagusia:

garrantzi partekatua eta antzekoa duten protagonistak.

c) Bigarren mailakoa: Antzezpenean mendeko garrantzia duen antzezlea, antzezle protagonistaren ezaugarriak ez dituelako.

d) Iraupen laburrekoa: 40 minutu baino gutxiagoko antzezpenetako protagonistak. Agerpen eta esku-hartze puntualak gainerakoetan.

Dantzaren kasuan, iraupen laburreko obratzat hartuko dira 30 minutu edo gutxiagoko obren antzezpenak.

Ordezkotzat joko da Kontratugileak kontratatutako antzezlea, obra eszenikoko rolen batean/batzuetan ordezkatuz gero.

5.– Entseguak.

Entsegutzat hartzen dira antzezlearen lan-prestazioak, proiektu eszeniko bat eszenaratzeko direnak, edozein direla ere haren izaera edo xedea, abiapuntu kontzeptuala eta muntaia amaitu arte –estreinaldi publikoarekin– garatzen den sormen-prozesua. Entsegutzat hartzen dira, halaber, bertsio bikoitzak egiteko jardunaldiak, ordezkapenak edo obraren emaitza onenak bermatzeko beharrezkotzat jotzen diren aldaketak.

5.1.– Baldintza orokorrak.

a) Antzezleak idatziz jakingo du entseguen ordutegia, hasi baino 15 egun natural lehenago gutxienez, salbu eta alderdien arteko akordio arrazoitua badago.

b) Entsegu-aldian, asteko gehieneko lanaldia 36 ordukoa eta eguneko 6 ordukoa izango da. Ekoizpen-arrazoi justifikatuak direla-eta, asteko 40 ordura arte luza daiteke, bi aldeak ados jarri ondoren. Entseguen azken bi asteetan lanaldiaren banaketa irregularra gerta daiteke, betiere legez ezarritako gutxieneko atsedenaldiak errespetatuta.

c) Antzezlea entsegu-aretora deitutako ordutik aurrera zenbatuko da lanaldia. Entseguetan, antzezleek 15 minutuko atsedenaldia izango dute benetan lan egindako 4 orduko aldi oso bakoitzeko, lanalditzat hartuta.

d) Dantzaren kasuan, aldez aurreko beroketa-denbora eta ondorengo luzaketa-denbora ezartzen dira, lanaldiaren barruan sartuta. Baita aldeen arteko akordio bat ere (beharrezkoa izanez gero, antzezleek beroketa zuzentzeko lanari buruzkoa).

e) Entseguak kanpoan egiten badira, 15 minutuko atsedenaldia egingo da 3 lanordurik behin (eta minutu horiek benetako lan-denboratzat hartuko dira).

f) Ordainsariak eranskinean zehaztutakoak izango dira.

6.– Emanaldiak.

Emanalditzat hartzen da obra egiten den lekura joaten den publikoaren aurrean obra antzeztea.

a) Lanaldia konpainiari dei egiten zaioneko orduan hasiko da. Nolanahi ere, justifikatutako arrazoiengatik antzezlea ezin bada deira agertu, emanaldia hasi baino ordubete lehenago bertan egon beharko du beti.

b) Gutxienez ordubeteko atsedenaldia ezartzen da –benetako lan-denbora gisa zenbatuta–, bai emanaldi eta emanaldi artean, bai entsegu eta emanaldi artean (eta alderantziz), alderdiek bestelakorik adostu ezean.

c) Emanaldi eta emanaldi artean, ondoz ondoko egunetan, gutxienez 12 ordu igaro beharko dira, alderdiek bestelakorik adostu ezean.

d) Astean 9 antzezpen egiteko gehienezko muga ezartzen da, honako salbuespen hauekin:

Iraupen laburreko antzezpenak eguneko paseen taula honetara egokituko dira:

(Ikus .PDF)

Dantzaren kasuan, iraupen laburreko antzezpenak eguneko paseen taula honetara egokituko dira:

(Ikus .PDF)

Dantzaren kasuan, iraupen laburrekoak ez diren gainerako obretan, gehienez ere 2 antzezpen egingo dira egunero.

d.1.– Eskola-kanpainetan, gehienez ere 10 antzezpen egingo dira lanegunetan, eta 2 gehiago ondoko asteburuan.

d.2.– Antzezleek astean gutxienez egun eta erdiko atsedenaldia hartzeko eskubidea izango dute, etenik gabe.

e) Emankizunak badira, asteko nahitaezko atsedenaldi hori ere errespetatu egin behar da. Birak edo emankizunek aurrera jarraitzen badute eta gutxieneko atsedenaldi hori hartzea ezinezkoa bada, salbuespen gisa, hurrengo asteei metatu ahal izango zaizkie; edo lanaldi gisa ordaindu ahal izango dira, alderdiek berariaz adostutakoaren arabera.

7.– Ordainsariak.

7.1.– Baldintza orokorrak.

a) Soldatatzat hartzen dira antzezleak bere jarduera artistikoa egiteko (entseguak eta antzezpenak) kontratugilearengandik jasotzen dituen eskuratze ekonomiko guztiak, baldin eta horren ondorioz egindako gastuak konpentsatzea ez badakarte (ostatu-gastuak, bidaia-gastuak, dietak eta abar).

b) Rol bat baino gehiago duen antzezleak interpretatzen duen rol garrantzitsuenari dagokion soldata kobratuko du.

c) Dagoeneko antzezten ari den obra batean sartzen den ordezko antzezleak egiten dituen antzezpenak eta egin beharreko entsegu guztiak kobratuko ditu, hitzarmen honetan azaldutako ordainsari-modalitateen arabera.

d) Entsegu orokorrak edota publikoarekin diren entsegu irekiak, konpainiarentzako irabazi ekonomikorik gabe egiten badira, entsegu-egun gisa ordainduko dira.

e) Antzezleen soldata alderdiek lan-kontratuan askatasunez adosten dutena izango da, eta hitzarmen honetan ezarritako soldata-zorua izango du. Soldata irregularra ehunekotan adostuz gero, soldata hori inoiz ez da izango bertan berariaz ezarritako gutxienekoak baino txikiagoa.

f) Lan-prestazioa hitzartzean, eta langilearen eta enpresaburuaren artean balioaniztasun funtzionala edo talde bati baino gehiagori dagozkien funtzioak egitea adosten denean, soldata lehentasunezkoak diren funtzioen arabera zehaztuko da –balio handiagokoak–, eta ez, ordea, denbora luzeagoan betetzen diren funtzioen arabera.

7.2.– Ikuskizunetako soldata-taldeak.

Gutxieneko soldatak zehazteko, kontuan hartzen da kontratuaren xede den ikuskizunaren bizi-zikloa aurreikusten deneko merkatu-segmentua.

a) Helduen aretoko taldea. Bertan sartzen dira batez ere helduak diren ikusleei zuzendutako ikuskizunak, zirkuitu, espazio eta areto publiko eta pribatuetako programazio eszenikoen baitakoak, sarbide konbentzionala dutenak (leihatila bidez).

b) Familien taldea. Bertan sartzen dira familientzako ikuskizunak.

Antzerki lan bat dagokion soldata taldean sailkatzeak langile artistiko guztiei eragingo die, eta lan kontratuan azaldu beharko da.

Desadostasunik izanez gero, Batzorde Misto Paritarioak argituko ditu zalantzak (ikuskizun bakoitza zein taldetakoa den).

7.3.– Soldata-taulak.

Ikuskizunetako soldata-talde horien eta antzezleen lanbide-kategorien arabera, gutxieneko ordainsari gisa ezartzen dira 1. eranskineko tauletan jasotakoak.

Aparteko bi ordainsariak hilabetez hilabete hainbanatu ahal izango dira.

Antzezleak jasoko dituen ordainsarietan ordainsari-kontzeptu guztiak sartzen dira: oinarrizko soldata, aparteko 2 ordainsariren zati proportzionala, dagozkion oporrak, jaiegunak eta atseden-egunak; eta barne hartzen du kontratua amaitzeagatiko edo kaleratzeagatiko balizko kalte-ordainaren konturako aurrerakin bat ordaintzea. Banakako kontratuetan kopuru horiek banakatu egingo dira.

Hitzarmen honetan jasotako ordainsari guztiak zenbateko gordinak dira.

7.4.– Baldin eta sektoreko enpresaren batek asmoa badu hitzarmen kolektibo hau aldi batean ez aplikatzeko (arrazoi ekonomikoengatik, teknikoengatik, antolakuntzakoengatik edo ekoizpenekoengatik) eta langileen ordezkaritzarekin akordiorik lortzen ez badu, eta lanbide arteko akordioetako gatazkak konpontzeko prozedurek desadostasuna konpontzen ez badute, bi alderdien (enpresaren ordezkarien eta langileen ordezkarien gehiengoaren) arteko akordioa beharko da, hitzarmena ez aplikatzeari buruzko desadostasuna arbitrajearen, ORPRICCEren (Estatutuko Hitzarmen Kolektiboak ez Aplikatzeko Prozedurak Ebazteko Organoa) edo, hala badagokio, CCNCCren (Hitzarmen Kolektiboen Aholku Batzorde Nazionala) esku jartzeko.

8.– Joan-etorriak eta dietak.

Arte eszenikoen jardueraren izaera dela-eta, hainbat udalerritan emanaldiekin birak egin behar direnez, bi alderdiek onartzen dute lana ibiltaria dela kotizaziotik salbuesteari dagokionez eta mantenu, ostatu eta lokomozioko dieten tributazioari dagokionez, baldin eta emanaldiak kontratugilearen lantokia ez den beste udalerri batzuetan egiten badira.

8.1.– Joan-etorriak.

a) Kontratugileak bere gain hartuko ditu joan-etorriak kontratuan ezarritako akordioen arabera; eta, antzezpenak hala eskatzen badu, bere gain hartuko du garbitasuna, erosotasuna eta gutxieneko zerbitzuak eskainiko dituen ostatua (2* edo 3*tik aurrerakoa), ibilbideko prestasunaren eta bidaia-planaren inguruabarren arabera. Garraiobide hauek erabili ahal izango dira:

– Hegazkina.

– Trena.

– Autobusa.

– Autoa.

b) Antzezleak bere ibilgailuan bidaiatzea eskatzen badu, idatziz baimena eskatu beharko dio kontratugileari, irten baino nahikoa lehenago; eta joan-etorria bere kontura izango da, kontratugilearekin itundu ezean.

c) Kontratugileak eskatzen badio artistari bere ibilgailuan bidaiatzea, eta antzezlea ados badago, bidaiaren gastuak ordainduko zaizkio gutxienez (0,21 euro/km, bidesarien zenbatekoaz gain).

d) Kontratugileak nahitaez eman behar dio alta antzezleari Gizarte Segurantzan, joan-etorrien egunetan, artisten araubide berezian.

8.2.– Dietak.

Dietak ordaintzearen helburua da antzezleari ordaintzea kontratupeko emanaldiak egiteko gosariek, bazkariek edo afariek eragindako gastuak.

8.2.1.– Dieta motak.

Lau dieta mota daude:

a) Dietarik gabe.

Irteera-orduaren eta iritsiera-orduaren artean 7 ordu igaro ez badira edo abiapuntura 15:00ak edo 23:00ak baino lehen itzultzen bada, ez da dietarik ordainduko.

b) Dieta erdia.

7 orduak gainditu eta 15:00ak edo 23:00ak ondoren itzultzen bada, dieta erdia ordainduko da. Otordu bakarra hartzen du barne, eta zenbatekoa 20 euro gordinekoa izango da.

c) Dieta:

Etxetik goizean irten eta 23:00ak ondoren itzuli behar den emanaldi guztietan, dieta osoa jasoko da. Bi otordu nagusiak hartzen ditu barne, eta zenbatekoa 40 euro gordinekoa izango da.

d) Dieta osoa:

Gaua igarotzea barne hartzen duen dietaren kasuan. Bazkaria, afaria eta gosaria hartzen ditu barne. Kontratugileak ostaturik ematen ez duen kasuetarako, antzezlearentzako eguneko 50 euro gordin gehituko zaizkio xede horretarako.

e) Gosari-dieta.

Gaua igarotzeko lekuan hura ez sartzea konpentsatzen du.

Dieta horiek indarrean dagoen legezko legeriaren arabera ordainduko dira.

Atzerriko emanaldietan, mantenurako dieta bat hitzartuko da, herrialdeko maila ekonomikoa kontuan hartuta.

Ekitaldiaren sustatzaileak gastu horiek bere gain hartzen dituen emanaldietan (adibidez, adierazpen gisa eta ez mugatzaile gisa: azokak, antzerki-jaialdiak, eskola-kanpainak...): sustatzaile horrek bere erabilera eta ohituren arabera xedatzen duena hartuko da kontuan.

9.– Antzezpen bat bertan behera uztea.

Antzezpen bat ezinbesteko arrazoiengatik edo fenomeno atmosferikoengatik bertan behera uzten bada, aire zabalean egiten bada:

a) Produkzioa edozein erakunde antolatzailek kontratatu badu eta Kontratugileak hitzartutako cachet edo portzentaje osoa kobratzen badu, antzezleak egun horri dagokion soldata osorik jasoko du.

b) Kontratugileak hitzartutako cachetaren edo ehunekoaren zati bat bakarrik kobratzen badu, antzezleak bere soldataren zati proportzionala jasoko du, kontratugileak jasotakoarekin bat datorrena.

c) Ikuskizuna antolatzea kontratugile produktore berari badagokio, antzezleak honako hauek jasoko ditu: entsegu-egun bateko soldata edo kontratuaren luzapena (egin ezin izan diren antzezpenengatik).

10.– Ekoizpen eszenikoak grabatzea eta filmatzea.

a) Antzerki-ekoizpenak ondoren merkataritza-ustiapenerako filmatu edo grabatuz gero, edozein multimedia-euskarritan, antzezleak berariazko baimena eman beharko du, eta, nolanahi ere, kontzeptu horrengatik ordainsari gehigarri bat jasoko du (berariazko kontratu batean alderdien artean adostutakoa). Antzerki-ekoizpena edozein multimedia-euskarritan antzezlearen berariazko baimenik eta arestian aipatutako ordainsari gehigarririk gabe erakutsi edo merkaturatzen bada, interpreteak demanda jarri ahal izango du, eta dagozkion kalte-galerak jasotzeko eskubidea izango du.

b) Antzezleak baimena emango du, ordainsari gehigarririk gabe, antzerki-produkzioak filmatzeko edo grabatzeko, betiere komunikazio publikorako, obra sustatzeko edo kultura-artxiborako helburu bermatua badute. Ikuskizunean parte hartzen duen antzezleak grabazio horren kopia bat eskatu ahal izango du (kostuak bere kontura izango dira). Lanaren komunikazio publikoa badu helburu, egiten den grabazioak gehienez ere 15 minutu iraungo du.

c) Jendaurreko espazio batean ikus-entzunezko edozein euskarritan helburu komertzialekin ikuskizun bat grabatzen denean, antzezleak honako kopuru gehigarri hauek jasoko ditu gutxienez eta behin bakarrik, grabazio-egunak edozein direla ere:

Protagonista: 803,12 euro.

Koral nagusia: 723,40 euro.

Bigarren mailakoa: 525,92 euro.

Aktoreak: 356,88 euro.

Parte-hartze laburra: 198,95 euro.

Grabazioa zuzenean emititzeko bada, jasoko den zenbateko gehigarria aurrekoa izango da, % 25 gehituta.

Antzezleak, halaber, guztizko zenbatekoaren % 5 jasoko du jabetza intelektualeko eskubide gisa, hargatik eragotzi gabe kasuan kasuko kudeaketa-erakundeek kobratzen dituztenak.

d) Jendaurreko espazio batean edozein irrati-euskarritan ikuskizun bat grabatzen denean, antzezleak entsegu-egun bateko soldataren pareko kopuru gehigarri bat jasoko du gutxienez eta behin bakarrik, grabazio-egunak edozein direla ere.

Antzezleak, halaber, guztizko zenbatekoaren % 5 jasoko du jabetza intelektualeko eskubide gisa, hargatik eragotzi gabe kasuan kasuko kudeaketa-erakundeek kobratzen dituztenak.

e) Grabazio horiek ordaintzeko epea 30 egunekoa izango da, horiek amaitzen direnetik aurrera.

f) Espazio publiko batean ikuskizun bat irrati-euskarrian grabatzen denean: testu-emanaldi baten kasuan, ezin izango da inoiz podcast gisa erabili; eta antzezleak, grabazio-egunak edozein direla ere, entsegu-egun bateko soldataren baliokidea den kopuru gehigarri bat jasoko du gutxienez eta behin bakarrik.

11.– Gizarte Segurantza.

Kontratugileak antzezleari Gizarte Segurantzan alta emateko betebeharra du, haren lehen entsegu-egunetik; eta lana edo emanaldia hasi aurretik afiliazioa eta alta aurkeztu beharko ditu, kontratuak 30 egunetik beherakoak izan zein araudi orokorra aplikatzearen ondorioz luzeagoak izan.

a) Kontratugileak hilero nomina bat eman behar dio antzezleari. Nomina horretan, honako hauek jasoko dira: kenkariak eta horien kontzeptuak, haren ordainsariari dagokionez.

b) Behin kontratua amaituta eta langileak hala eskatzen badu, kontratugileak honako hauek eman beharko dizkio: kontratugilearen ziurtagiria, afiliazioaren alta eta baja, Gizarte Segurantzako kotizazioaren agiriak (TC-2/19 eta TC-4/5), soldataren ordainagiriak, eta kontratuaren amaieraren jakinarazpen-gutuna. Formalitate horiek indarrean dagoen legeriara egokituko dira beti.

12.– Lan-harremanak.

12.1.– Lan-erregimena.

a) Antzezlea behartuta dago bere rola zuzendariaren edo koreografoaren jarraibideen arabera eta kontratugileak aurreikusitako planen arabera interpretatzera.

b) Antzezleak konpromisoa hartzen du eszenako edo koreografiako zuzendariaren argibideak eta jarraibideak jarraitzeko izaera artistikoko bere lana betetzean. Kontratugilearen mende egongo dira lan-kontratuari dagozkion gai guztiak.

c) Obra antzezlana bada, kontratugileak antzezlearen esku jarri beharko ditu testua edota beharrezko dokumentuak, behar den denborarekin eta obraren zuzendariak emandako rola ikasteko behar diren jarraibideekin. Kontratugileak kontratua egiterakoan aurreikusten dituen lan-planak edo aurrerago aurreikus daitezkeenak ere emango zaizkio antzezleari.

d) Antzezlearen rola nabarmen murrizten bada edo funtsean aldatzen bada, antzezleak uko egin ahal izango dio interpretatzeari.

e) Antzezleak ez du bere jantzirik, makillajerik edo antzezpenerako beharrezko den lan-elementurik ekarri beharko, kontratugilearekin berariazko akordioa lortu duenean izan ezik. Kasu horretan, ekarritako jantziak edo lan-elementuak lanaren arrazoiei egotz dakiekeen akatsen bat jasango balu, antzezleak kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izango luke, eta horren zenbatekoa kontratugilearekin hitzartuko litzateke.

f) Antzezlea ez da behartuta egongo inola ere kontratatzen duen kontratugilearentzat edo konpainiarentzat eginkizun administratibo edo teknikoak betetzera, ezta gidatzera ere, kontzeptu horiengatik kontratugilearekin berariazko akordioa lortu duenean izan ezik.

g) Kreditu- eta publizitate-tituluak: kontratugileak zuzenean editatutako publizitate eta material grafiko guztietan jasoko dira antzezle guztien izenak.

12.2.– Erantzukizun profesionala hirugarrenei dagokienez.

Antzezleak ez du inolako erantzukizunik izango, baldin eta bere kontratuaren ondorioz egiten duen lan profesionala hirugarrenek erreklamazio judiziala egiteko arrazoi bada, betiere testuarekin edota zuzendaritzaren jarraibideekin bat badator.

12.3.– Osasuna eta laneko arriskuak.

a) Hitzarmen honen eraginpeko kontratugileek «Laneko Arriskuen Prebentzioari» buruz indarrean dagoen 31/1995 Legearen xedapenak beteko dituzte, bai eta kontratugilearen jarduera espezifikoaren aplikazio bereziko gainerako erregelamenduak ere. Kontratugileak langileen segurtasuna eta osasuna bermatu beharko ditu lanarekin zerikusia duten alderdi guztietan.

b) Aurreko paragrafoan ezarritako prebentzio-betebeharra lan-betebehartzat hartzen da; eta, Langileen Estatutuaren 4.2.d) eta 19. artikuluetan eta artikulu honetan ezarritakoaren arabera, langileek babes eraginkorrerako eskubide korrelatiboa dute.

c) Aurreko paragrafoan ezarritakoaren arabera, eta bere erantzukizunen esparruan, kontratugileak beharrezko neurriak hartuko ditu langileen segurtasuna eta osasuna babesteko (laneko arriskuen prebentzioko jarduerak, prestakuntzakoak eta informaziokoak barne), beharrezko bitartekoekin.

d) Antzezleak antzeztutako rolak ariketa arriskutsua badakar, eta, oro har, antzezlearen osotasun fisikorako arrisku larria izan dezakeen joko eszeniko ororengatik, kontratugileak Gizarte Segurantzarenaren aseguru osagarria izan beharko du, aseguratuarentzat edo haren interesdunentzat baliaezintasun iraunkorrerako edo heriotzarako kapitala bermatuko duena.

e) Batzorde Mistoak Laneko Arriskuen Prebentziorako eta Segurtasunerako Eskuliburua egingo du, hitzarmen hau indarrean jarri eta gehienez ere urtebeteko epean.

12.4.– Haurren lana.

Langileen Estatutuaren 6. artikuluan eta 1435/1985 Errege Dekretuaren 2. artikuluan modu zehatz eta orokorrean debekatzen da hamasei urtetik beherakoak lanean onartzea, salbuespen bakar batekin: salbuespenez parte hartzea jendaurreko ikuskizunetan.

Parte hartzeko, lan-agintaritzaren aurretiazko eta berariazko baimena behar da, eta, horren bidez, adingabea kontratatzeko baimen-eskaera egin beharko da. Kontratugileak eskaera hori aurkeztuko du entseguak egingo diren eta antzezpenak egingo diren tokiko Laneko Lurralde Ordezkaritzan. Eskaerarekin batera, honako hauek aurkeztuko ditu: adingabearen NANaren fotokopia, adingabeak eta kontratugileak sinatutako lan-kontratua, adingabearen idazkia –eskaintzen zaion rolean antzezle gisa parte hartzearekin ados dagoela adieraziz–, legezko tutoreen idazkia –baimena emanez– eta kontratugilearen memoria –rola zertan datzan eta nori zuzenduta dagoen azalduz–. Lurralde Ordezkaritzak Lan Ikuskaritzari helaraziko dio dokumentazio hori guztia, txostena egin dezan; eta, ondoren, Lurralde Ordezkaritzak baimena emango du edo ez.

Berariaz debekatzen da hemezortzi urtetik beherakoek aparteko orduak egitea; eta Gobernuak, Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioak proposatuta, ordezkaritza handieneko sindikatuei kontsulta egin ondoren, osasungaitz, nekagarri, kaltegarri edo arriskutsutzat jotzen dituen beste jarduera guztiak egitea edo lanpostuak betetzea, hala badira bai haien osasunerako, bai haien lanbide-heziketarako eta giza heziketarako.

13.– Diziplina-araubidea.

Hitzarmen honen eraginpeko langileek egindako falta oro arintzat, astuntzat edo oso astuntzat joko da garrantziaren, ondorioaren eta asmoaren arabera.

Kontratugilea behartuta dago adierazten den ordezkaritza sindikalari idatziz jakinaraztera, informazioa emateko, falta arin, astun edo oso astunagatik langile bat zigortzeko proposamena, bai eta kontratugilearen iritziz zehapen hori justifikatzen duten arrazoiak ere.

Informazio hori gehienez hiru eguneko epean (langileari falta jakinarazten zaionetik aurrera) emango zaie sindikatuetako ordezkariei.

13.1.1.– Falta arinak.

Berrikusi edo beste jokabide batzuengatik alda daitezkeen falta arinak izango dira honako hauek, Batzorde Misto Paritarioak hala erabakiz gero:

a) Higiene pertsonalaren gabezia nabarmena.

b) Testuak, mugimenduak, teknikak eta abar ez ikastea, baldin eta horrek entseguak oztopatzen baditu.

c) Entseguetan eta emanaldietan gailu elektronikoak baimenik gabe erabiltzea.

d) Emanaldira puntualtasun falta bat, edo bi entsegura, behar bezala justifikatu gabe, betiere atzerapenak emanaldia edo entsegua oztopatzen ez badu eta interesdunari agertokira une egokian ateratzea eragozten ez badio.

e) Karakterizazioarekin, jantziekin edo erabilitako materialekin ardurarik ez izatea.

13.1.2.– Falta astunak.

Berrikusi edo beste jokabide batzuengatik alda daitezkeen falta astunak izango dira honako hauek, Batzorde Misto Paritarioak hala erabakiz gero:

a) Kontratugileari edo 12.1.a) eta b) artikuluen arabera hura ordezkatzen duen pertsonari esanbidez men ez egitea.

b) Hiru falta arin.

c) Entsegu batera ez joatea, justifikaziorik gabe.

d) Lankideei edo kontratugilea ordezkatzen duten langileei hitzez tratu txarrak ematea edo hitzez iraintzea.

e) Lantokian rola egiteko egokia ez den egoera fisikoan agertzea, hori interesdunari egotz dakizkiokeen arrazoien ondorio denean.

13.1.3.– Falta oso astunak.

Berrikusi edo beste jokabide batzuengatik alda daitezkeen falta oso astunak izango dira honako hauek, Batzorde Misto Paritarioak hala erabakiz gero:

a) Publikoarekiko errespetu falta dakarten keinuak, hitzak edo jarrerak.

b) Lankideei edo kontratugilea ordezkatzen duten langileei egitezko tratu txarrak edo irain fisikoak egitea.

c) Emanaldi batera ez joatea, justifikaziorik gabe.

d) Mozkortuta egotea edo toxikomania lantokian.

e) Sexu jazarpena lantokian.

13.2.– Zehapenak.

Egindako faltaren larritasunaren, berriro egitearen eta lan-harremanetan duen eraginaren arabera, kasu bakoitzean honako zehapen hauek ezarri ahal izango dira gehienez:

a) Falta arinen kasuan: ahozko edota idatzizko ohartarazpena.

b) Falta astunen kasuan: bat eta hamar egun bitarteko lan eta soldataren etenaldia.

c) Falta oso astunen kasuan: egun batetik hogeita hamar egunera bitarteko lan- eta soldata-etetea (kontratuaren iraupenaren arabera), edo kaleratzea (emanaldira justifikaziorik gabe ez joatea izan ezik, hori diziplinazko kaleratzearekin zigortu baitaiteke).

14.– Enplegatzaileak kontratua ez betetzea.

14.1.– Ez-betetze larriak.

Enplegatzaileak kontratu-betebeharren ez-betetze larritzat hartuko dira honako hauek:

a) Antzezleak eginkizun administratiboak edo teknikoak betetzera edo kontratatzen dituen kontratugilearentzat edo konpainiarentzat gidatzera behartzea, ezinbesteko kasuetan eta horretarako berariazko itunik ez dagoenean izan ezik.

b) Lanaren antolaketa praktikoa hitzarmen honi edota indarrean dagoen legeriari lotu gabe.

c) Lanaren garapeneko leku eta alderdi guztietan erregelamendu bidez ezarritako segurtasun- edota osasun-neurririk ez izatea.

14.2.– Ez-betetze larriaren kasuan.

Enplegatzaileak kontratua larriki betetzen ez badu:

a) Antzezleak uko egin ahal izango dio bere lana egiteari, eta ez-betetze larria gertatzen den lanaldian/lanaldietan itundutakoaren % 100 kobratu ahal izango du.

b) Antzezleak kontratua alde bakarretik azkendu ahal izango du, aurreabisurik behar izan gabe; eta bidegabeko kaleratzeagatik dagokion kalte-ordaina kobratu ahal izango du.

15.– Ordezkaritza-eskubideak, eskubide sindikalak eta Jarraipen Batzordea.

15.1.– Legezko ordezkaritza.

Legeak xedatzen duena aplikatuko da; eta, bereziki, Langileen Estatutuaren 64. artikulua (eskumenak) eta 68. artikulua (bermeak), eta ASLO.

15.2.– Batzorde Paritarioa.

a) Batzorde Paritario bat eratuko da, hitzarmen hau sinatu eta 30 egun naturaleko epean, hitzarmena garatu eta aplikatzean sortzen diren gai eztabaidagarriak interpretatzeko eta betetzen jarraitzeko.

Batzorde Paritarioa hitzarmenaren sinatzaileek osatuko dute, eta gehienez 8 kide izango ditu: 4 langileen aldetik eta 4 enpresaren aldetik.

Batzorde horretako bi aldeetatik edozeinek egiten badu bilera-deialdia, gehienez hamabost eguneko epean elkartu beharko da batzordea.

Honako eskumen hauek izango ditu:

a) Hitzarmen kolektibo honetako arauak interpretatzea.

b) Hitzarmen honetan jasotako konpromisoak garatzea.

Ordezkaritzetako edozeinen heren batek eskatzen duenean bilduko da Batzorde Paritarioa, eman zaizkion eskumenak baliatuz.

Batzordea elkartzeko, bilera egin baino gutxienez zazpi egun lehenago helarazi beharko da komunikazioa. Komunikazioarekin batera, beste idazki bat emango da, zer gai jorratuko den azaltzeko.

Batzorde Paritarioko ordezkaritza sindikal bakoitzak eta enpresa-ordezkaritzak gehienez ere bi aholkulariren laguntza izan dezakete, hitzarekin baina botorik gabe.

Edozein kidek izan dezake ordezkoa, batzordeari aldez aurretik jakinarazita.

Batzorde Paritarioaren akordioek balioa izan dezaten, ordezkaritza bakoitzaren botoen % 51k berretsi beharko ditu.

Batzorde Paritarioan desadostasunik sortuz gero, Lan Gatazkak Judizioz Kanpo Konpontzeari buruzko II. Akordioan (PRECO II) arautzen diren bitartekaritza-prozeduren arabera ebatziko da (2000-04-04ko EHAA).

16.– Itun-deuseztasuna. Igorpenak.

a) Hitzarmen honetako xedapenen aurkako kontratu-klausula oro erabat deuseztzat joko da.

Hitzarmen honek arautzen ez duen guztian, Langileen Estatutua eta ikuskizun publikoetan aritzen diren artisten lan-harremana arautzen duen abuztuaren 1eko 1435/1985 Errege Dekretua aplikatuko dira.

ERANSKINA
Soldata-taulak

Helduentzat.

Protagonista: 205 euro.

Koral nagusia: 184,5 euro.

Bigarren mailakoa: 164 euro.

Zati txikia /Iraupen laburrekoa: 108 euro.

Familientzat.

Protagonista: 164 euro.

Koral nagusia: 149 euro.

Bigarren mailakoa: 133 euro.

Zati txikia/Iraupen laburrekoa: 102,5 euro.

(Ikus .PDF)

Soldata hori ezin izango da inoiz negatiboan berrikusi, eta lanbide arteko gutxieneko soldatari buruz legez ezartzen denaren arabera eguneratuko da.

Soldata lan-kontratu jarraituetan.

Kasu honetan, entsegu-aldia aurreikusten da:

– eta horiek amaitu ondoren, jarraitasunez, estreinaldiaren ondorengo aldian emanaldirik badago.

– edo jarraipen-kontratua egitea, emankizunak izaten hasten denean, gutxienez hiru hilabeteko blokean, aparteko bi ordainsarien zati proportzionala barne hartzen duen hileko gutxieneko soldata bermatuarekin:

(Ikus .PDF)

Hiru hilabeteko blokea edo adostutako handiagoa amaituta, enpresak honako hauek proposatu ahal izango dizkie aktoreei:

– Ekoizpenarekin jarraitzea, kontratatutako emankizunak ordainduta (modalitate honetarako adostutako emankizun bakoitzeko prezioan).

Kontratua hileko, bi hileko edo hiru hileko blokeen arabera luzatzea, formula honen bidez:

Helduentzat.

Hileko luzapena: hileko prezioa + 205 euro gordinen % 50, hilean 8 emankizun baino gehiago direnean.

Bi hilez behingo luzapena: hileko prezioa + 205 euro gordinen % 45, hilean 8 emankizun baino gehiago direnean.

Hiru hilez behingo luzapena: hileko prezioa + 205 euro gordinen % 40, hilean 8 emankizun baino gehiago direnean.

Familientzat.

Hileko luzapena: hileko prezioa + 164 euro gordinen % 50, hilean 8 emankizun baino gehiago direnean.

Bi hilez behingo luzapena: hileko prezioa + 164 euro gordinen % 45, hilean 8 emankizun baino gehiago direnean.

Hiru hilez behingo luzapena: hileko prezioa + 164 euro gordinen % 40, hilean 8 emankizun baino gehiago direnean.

Denboraldiak.

Denboralditzat hartzen da espazio berean 6 emanaldi egitea.

Kasu horietarako, enpresaren eta langileen artean adostutako formuletara iristea proposatzen da.

Soldata-igoeraren klausula.

Hitzarmena indarrean dagoen bitartean, soldata-tauletan eta artikulu honetan ezarritako zenbateko eta kontzeptuetan aplikatuko dira soldata-igoerak.

2023ko hilabeteetarako ordainsariak (hitzarmena onartzen denetik eta indarrean jartzen denetik) hitzarmen honi erantsitako soldata-tauletan ezarritakoak izango dira.

Hurrengo ekitalditik aurrera, uztailaren 1etik aurrera, Euskal Autonomia Erkidegoko aurreko ekitaldiko KPI aplikatuko da.


Azterketa dokumentala