
121. zk., 2023ko ekainaren 27a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (126 KB - 2 orri.)
- EPUB (105 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
3077
86/2023 DEKRETUA, ekainaren 13koa, zeinaren bidez baimena ematen baitzaio Finantzen Euskal Institutuari partaidetzak eskuratzeko Ezten arrisku-kapitaleko funtsean, ekarpen bidez.
Finantzen Euskal Institutuaren Administrazio Kontseiluak –Ekonomia eta Ogasun Sailari atxikitako zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da institutu hori–, erakunde horren estatutuak onartzen dituen abenduaren 23ko 218/2008 Dekretuaren 8. artikuluaren k) letran aurreikusitako ahalmena erabiliz, Ezten Arrisku Kapitaleko Funtsaren ondarean hogei milioi (20.000.000) euroko ekarpena egitea erabaki du 2023ko apirilaren 24an; hala bada, aipatutako funtsean duen partaidetza-ehunekoa handitu egiten da.
Azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginak honako hau ezartzen du 110.1 artikuluan: enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Dekretu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, baina, edonola ere, ematen den egunetik aurrera izango da indarrean; doako eskurapena ez baldin bada behinik behin, dekretuak nahitaez adieraziko du zein den sozietatearen xedea, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoak sozietatean zuzenean nahiz zeharka izango duen partaidetzaren ehunekoa ere.
Ezten-en kudeaketa erregelamenduaren 2. artikulua xedatzen denaren arabera, arrisku-kapitaleko funts horren objektu sozial nagusia da enpresa ez-finantzarioen eta higiezinen arlokoak ez diren enpresen kapitalaren behin-behineko partaidetzak eskuratzea, baldin eta partaidetza eskuratzeko unean enpresa horiek ez badute kotizatzen balio-burtsen lehenengo merkatuan edo Europar Batasuneko nahiz Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeko gainerako estatu-kideetako pareko beste edozein merkatu araututan.
Ekarpen hori jarduerari eusteko eta Ezten arrisku-kapitaleko funtsari baliabide nahikoak emateko egiten da.
Horrenbestez, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak 2023ko ekainaren 13ko bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Finantzen Euskal Institutua zuzenbide pribatuko erakunde publikoari baimena ematea Ezten funtsean –arrisku-kapitaleko funtsa– hogei milioi (20.000.000) euroko ekarpena egiteko. Eragiketa honen ondoren, Finantzen Euskal Institutuak % 43,18ko partaidetza izango du funts horretan.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2023ko ekainaren 13an,
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,
PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.
RSS