
121. zk., 2023ko ekainaren 27a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (656 KB - 76 orri.)
- EPUB (4198 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
HEZKUNTZA SAILA
3032
82/2023 DEKRETUA, ekainaren 6koa, Fabrikazio Gehigarriko espezializazio ikastaroari, Bideojokoen eta Errealitate Birtualaren Garapeneko espezializazio ikastaroari eta Ibilgailu Hibrido eta Elektrikoen Mantentze Lanetako espezializazio ikastaroari dagozkien kurrikulumak ezartzen dituena, Euskal Autonomia Erkidegoan emateko.
2/2006 Lege Organikoa, maiatzaren 3koa, Hezkuntzari buruzkoa, 3/2020 Lege Organikoa, abenduaren 29koa, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen duena, 39.3 artikuluan xedatzen duenez, espezializazio-ikastaroek modulu-eskaintza bat izango dutela, iraupen aldakorrekoa, eta lanbide-arloetarako egokiak diren eduki teoriko-praktikoak bilduko dituenak. 39.6 artikuluan ezartzen du Gobernuak, autonomia-erkidegoei kontsulta egin ondoren, lanbide-heziketako ikasketei dagozkien titulazioak ezarriko dituela, bai eta horietako bakoitzaren curriculumaren oinarrizko alderdiak ere.
Bestalde, 42.2 artikuluak xedatzen du espezializazio-ikastaroak jada lanbide-heziketako titulu bat dutenen edo horietako bakoitzerako zehazten diren sarbide-baldintzak betetzen dituztenen gaitasunak osatuko edo sakonduko dituzte.
Irakaskuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatuaren (INSN-11) ondorioetarako, espezializazio-ikastaroak dira horietara sarbidea ematen duten erreferentziazko tituluen programa sekuentzialak.
Bestalde, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak 6 bis artikuluaren 4. apartatuan xedatzen du Gobernuak Lanbide Heziketako oinarrizko curriculumaren helburuak, konpetentziak, edukiak, ikaskuntzaren emaitzak eta ebaluazio-irizpideak ezarriko dituela. Oinarrizko curriculumaren edukiek ordutegien % 50 hartuko dute hizkuntza koofizialak dituzten autonomia-erkidegoetan, eta % 60 horrelakorik ez dutenetan.
Gainera, lege horrek berak 6.5 artikuluan ezartzen duenez, hezkuntza-administrazioek, egoki baderitzote, gutxieneko irakaskuntzetan eskatutako ehunekoetatik salbuetsi ahal izango dituzte Lanbide Heziketako irakaskuntzetako espezializazio-ikastaroak, eta haietako bakoitzaren oinarrizko curriculumean aurreikusitako ordu kopurutik gorako iraupena ezarri ahal izango dute.
Lanbide Heziketa antolamendu eta Integratzeari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoak, 28. artikuluan, Lanbide Heziketako Sistemaren eskaintzaren E gradu gisa adierazten du, eta 51.1 artikuluan ezartzen du espezializazio-ikastaroen helburua dela lanbide-heziketako titulu bat dutenen edo ikastaro bakoitzerako zehazten diren sarbide-baldintzak betetzen dituztenen gaitasunak osatzea eta sakontzea.
Gainera, 54. artikuluko 1. eta 2. paragrafoetan ezartzen denez, erdi-mailako Lanbide Heziketako espezializazio-ikastaro bat gainditzen dutenek espezialista-titulua lortuko dute, eta goi-mailako Lanbide Heziketako espezializazio-ikastaro bat gainditzen dutenek Lanbide Heziketako master-titulua.
Hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuak 27. artikuluan Lanbide Heziketako espezializazio-ikastaroak arautu eta espezializazio-ikastaro horien betebeharrak eta baldintzak ezartzen ditu. Artikulu berean zehazten da, erreferentziazko tituluen jakintza-esparrua sakontzea edo horietan sartzen diren konpetentziak zabaltzea eskatuko duten alderdiak eta arloak jorratuko dituztela. Beraz, espezializazio-ikastaro bakoitzean zehaztu egin behar da Lanbide Heziketako zein tituluk ematen duen aukera ikastarora sartzeko.
Zentzu horretan, espezializazio-ikastaroek erantzun azkarra eman beharko diote produkzio-sisteman gertatzen diren berrikuntzei, baita erreferentziazko tituluek barne hartzen duten prestakuntzaren osagarriak diren eremu sortu berriei ere.
Halaber, aipatutako errege dekretuaren 9. artikuluak espezializazio-ikastaroen egitura xedatzen du, eta 27. artikuluan dio, horien izaera kontuan hartuta, prestakuntzaren espezializazioak erabatekoa izan behar duela; hala ere, hezkuntza-administrazioek zehaztapen horiek beren lurraldeko produkzio-sektorera moldatu ahal izango dituzte.
Ondorio horietarako, zehaztu beharko dira Lanbide Heziketako espezializazio-ikastaro bakoitzaren identifikazioa, lanbide-profila, lanbide-ingurunea, sektore edo sektoreetako prospektiba, espezializazio-ikastaroaren irakaskuntzak eta prestakuntzaren testuinguruko oinarrizko parametroak.
Bestalde, Hezkuntza Sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen 1147/2011 Errege Dekretuaren 8. artikuluaren 2. apartatuan xedatzen da hezkuntza-administrazioek ezarriko dituztela Lanbide Heziketako irakaskuntzen curriculumak, errege-dekretu horretan bertan eta titulu bakoitza erregulatzen duten arauetan xedatzen direnak errespetatuta.
Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen propioen esparruari dagokionez, Autonomia Estatutuaren 16. artikuluak aditzera ematen duenez, «Konstituzioaren lehen erabaki gehigarrian ezarritakoa aplikatzeko, irakaskuntza, zabalera, maila, gradu, era eta espezialitate guztietan, Euskal Autonomia Erkidegoaren konpetentziapean dago, Konstituzioaren 27. artikuluan ezarritakoari eta hura garatzen duten Lege Organikoei, eta 149.1.30 artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenei eta hori guztia betetzeko eta bermatzeko behar den goi-inspekzioari kalterik egin gabe».
Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legearen xedea Lanbide Heziketako Euskal Sistema antolatzea eta arautzea da, eta haren helburua da Euskadik egungo eta etorkizuneko erronkei modu egokian erantzungo dien Lanbide Heziketako sistema bat izatea.
Bestalde, otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuak hezkuntza-sistemaren barruan Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegorako.
Adierazitako aurrekarien arabera, dekretu honen helburua Lanbide Heziketako hiru espezializazio-ikastaroren curriculuma ezartzea da, Euskal Autonomia Erkidegoan irakasteko. Honako hauek dira ikastaro horiek: fabrikazio gehigarriko espezializazio ikastaroa, bideojokoen eta errealitate birtualaren garapeneko espezializazio ikastaroa, eta ibilgailu hibrido eta elektrikoen mantentze-lanetako espezializazio ikastaroa.
Dekretu hau izapidetzean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako, otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 19. artikulutik 22. artikulura bitartean aurreikusten diren izapideak bete dira.
Hiru espezializazio-ikastaro horiei dagozkien curriculumak pertsonaren garapen integrala lortzera bideratuta daude, sexuaren araberako estereotipoak eta rolak alde batera utzita, diskriminazio mota oro baztertzera eta generoak baldintzatu gabeko orientazio akademiko eta profesionala bermatzera.
Ondorioz, Hezkuntzako sailburuaren proposamenez, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak emandako txostena eta gainerako aginduzko txostenak aztertuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak adierazitakoa aintzat hartuta, eta Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak 2023ko ekainaren 6an egindako bilkuran eztabaidatu eta ontzat eman ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea eta aplikazio-eremua.
Dekretu honek espezializazio-ikastaro hauei dagozkien curriculuma ezartzen ditu, Fabrikazio Gehigarriko lanbide heziketako espezializazio ikastaroa, Bideojokoen eta Errealitate Birtualaren Garapeneko lanbide heziketako espezializazio ikastaroa, eta Ibilgailu Hibrido eta Elektrikoen Mantentze lanetako lanbide heziketako espezializazio ikastaroa, Euskal Autonomia Erkidegoan emateko.
2. artikulua.– Espezializazio-ikastaroen identifikazioa.
Dekretu honek ezarritako curriculumen espezializazio-ikastaroak errege-dekretu hauetan daude identifikatuta:
280/2021 Errege Dekretua, apirilaren 20koa, Fabrikazio Gehigarriko Espezializazio Ikastaroa ezarri eta curriculumaren oinarrizko alderdiak finkatzen dituena.
261/2021 Errege Dekretua, apirilaren 13koa, hauek egiten dituena: Bideo-jokoen eta Errealitate Birtualaren Garapeneko Espezializazio Ikastaroa ezartzen du eta curriculumaren oinarrizko alderdiak finkatzen ditu; espezializazio-ikastaroak eta curriculumaren oinarrizko alderdiak ezartzen dituzten hainbat errege-dekretu aldatzen ditu; eta tituluen eta curriculumaren oinarrizko alderdiak ezartzen dituzten apirilaren 22ko 283/2019 Errege Dekretuaren eta otsailaren 25eko 402/2019 Errege Dekretuaren hutsak zuzentzen ditu.
281/2021 Errege Dekretua, apirilaren 20koa, Ibilgailu Hibrido eta Elektrikoen Mantentze Lanetako Espezializazio Ikastaroa ezarri eta curriculumaren oinarrizko alderdiak finkatzen dituena.
3. artikulua.– Eranskinen edukia.
Dekretu honetan ezartzen diren lanbide-moduluetako irakaskuntzak eta espezializazio-ikastaroetako curriculumen gainerako elementu espezifikoak beste eranskin hauetan daude:
I. eranskina: Fabrikazio Gehigarriko Espezializazio Ikastaroa.
II. eranskina: Bideojokoen eta Errealitate Birtualaren Garapeneko Espezializazio Ikastaroa.
III. eranskina: Ibilgailu Hibrido eta Elektrikoen Mantentze Lanetako Espezializazio Ikastaroa.
4. artikulua.– Hezkuntza-ingurunera egokitzea.
1.– Ikastetxeak, pedagogian eta antolaketan duen autonomiaren barruan, du ikastetxearen curriculum-proiektua zehazteko ardura. Hor, bere irakaskuntza-lanaren ezaugarriak eta nortasuna zehazteko eta lanbide-moduluen programazioak egiteko irizpideak ezartzeko beharrezko erabakiak hartuko ditu.
2.– Ikastetxearen curriculum-proiektuaren esparruan, ikastetxeko sailetako irakasle-taldeei dagokie espezializazio-ikastaroak osatzen dituzten lanbide-moduluen programazioak garatu eta onartzea. Horretarako, ezartzen diren helburu orokorrak eta ikasleen ikaskuntza erraztuko duten elkarlaneko metodologia aktibo berriak kontuan hartu beharko dituzte, lanbide-modulu bakoitzean bildutako ikaskuntzaren emaitzak, ebaluazio-irizpideak eta edukiak errespetatuz, eta irakaskuntzen erreferentziazko lanbide-profila oinarri hartuta.
Ikastetxeek malgutze-neurriak sustatuko dituzte lanbide-moduluak, espazioak eta denborak antolatzean, eta ikaskuntza-metodologia berritzaileak sustatzeko aukera izango dute, ikasleek konpetentziak eta ikaskuntzaren emaitzak hobetzeko.
5. artikulua.– Enpresan jarduera duten lanbide-moduluak.
1.– Lantokiko prestakuntza-modulua, Lanbide Heziketako Hezkuntza Zikloetako Lantokiko prestakuntza-modulua egiteko modua arautzen duen uztailaren 8ko 156/2003 Dekretuak jasotako zehaztapenen arabera antolatuko da.
2.– Ikastetxearen autonomiaz eta modulu horiek berezkoa duten antolakuntza malguaz baliatuta, ikastetxeak eta enpresak adostuko dute enpresan jarduerak nola banatu, eta ikasleari enpresara eta ikastetxera joateko aukera emango dioten baldintzak bermatuko dizkiote.
Enpresako prestakuntza bat etorriko da espezializazio-ikastaroaren lanbide-profilarekin, eta ikastaroaren berezko konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak sendotzeko eta horietan sakontzeko aukera emango du.
Lantokiko prestakuntza egiteko, Lanbide Heziketako zentroek eta enpresa kolaboratzaile bakoitzak akordioa ezarriko dute, eta akordio horrek Euskal Autonomia Erkidegoko uztailaren 8ko 156/2003 Dekretuaren 8. artikuluan deskribatutako gutxieneko ezaugarriak izango ditu. Ezarritako eta baimendutako akordioaren gutxieneko edukia handitu nahi izanez gero, Lanbide Heziketan eskumena duen sailari jakinarazi beharko zaio, berretsi eta, hala badagokio, baimen dezan.
Lanbide Heziketako zentroak eta enpresak tutore bana esleituko diete ikasleei, eta tutore hori egongo da beti ikaslearen ondoan, diseinatutako prestakuntza-ibilbidearen fase eta jarduera guztien arteko loturari eusteko. Enpresako tutorea enpresan prestakuntza eta lanbide-esperientzia egokiak dituen pertsona bat izango da. Ikastetxeak espezialitateko irakasle bat aukeratuko du, tutoretza-lanak egiteko. Irakasle horrek eskolak emango ditu espezializazio-ikastaroan.
Lanbide Heziketako zentroko tutoreak enpresako tutorearekin adostuko ditu ikasleak egin beharreko jarduerak, Lantokiko prestakuntza moduloan zehaztutakoa kontuan hartuta. Jarduera horiek proiektu batean jasoko dira, eta programazio bat diseinatuko da espezializazio-ikastaroa osatzen duten moduluen ikaskuntzaren emaitzen arabera.
Proiektuan jasota geratu beharko dira parte-hartzaileen identifikazioa, ikasleari esleitutako lanpostua, orduen banaketa eta egutegia. Gainera, ikastetxeko eta enpresako tutoreek ikasleen arretarako plan bat ezarriko dute, baita horren maiztasuna ere. Halaber, programazioan zehaztutako ikaskuntzaren emaitzak ebaluatzeko sistema bat diseinatuko da, eta azken kalifikazioa Gai edo Ez Gai izango da. Alderdi horiek funtsezkoak dira, eta Lantokiko prestakuntza moduluen garapen arrakastatsua bermatzen dute. Horrela, ikasleak, enpresak eta Lanbide Heziketako zentroak ezagutu eta onartu behar dituzte.
3.– Lantokiko prestakuntza modulua osorik edo zati batean salbuestea erabaki ahal izango da, lan-esperientziarekin bat etortzeagatik, baldin eta dagozkion lanbide-ikasketekin lotutako lanaldi osoko urtebeteko esperientzia egiaztatzen bada.
Lan-esperientziaren bidez hartutako lanbide-konpetentziak egiaztatzeari buruzko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuaren 12. artikuluan xedatutakoaren arabera egiaztatuko da aurreko apartatuan adierazitako lan-esperientzia.
XEDAPEN GEHIGARRIA.– Ikaskuntza-metodologia berritzaileak.
Ikastetxeek aukera izango dute, beren autonomia pedagogikoaz baliatuta, eta curriculum-proiektuko aurreikuspenen arabera, dekretu honen eranskinetan lanbide-moduluek duten iraupena zertxobait aldatzea proposatzen duten proiektuak prestatzeko, espezializazio-ikastaroak emateari buruzko estrategietan eta metodologietan oinarrituta. Hori egin ahal izango da, espezializazio-ikastaroa sortzeko errege dekretuan lanbide-modulu bakoitzerako ezarri diren gutxieneko ordutegiak errespetatzen badira. Proiektu horiek Lanbide Heziketan eskumena duen sailaren baimena beharko dute.
AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2023ko ekainaren 6an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Hezkuntzako sailburua,
JOKIN BILDARRATZ SORRON.
RSS