Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

120. zk., 2023ko ekainaren 26a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
3022

AGINDUA, 2023ko maiatzaren 29koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita Sopela farmazia-eskualdean (Berango) beste farmazia-bulego bat sortzeko prozeduraren hasiera.

Euskal Autonomi Elkarteko Ordenazio Farmazeutikorako ekainaren 17ko 11/1994 Legearen 34.1 artikuluaren arabera, farmazia-bulego berriak sortzeko deialdia edo, hala badagokio, halakoen beharrik ez dagoelako iragarkia urteko lehen seihilekoan egin behar da.

Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak 2023. urterako indarrean diren biztanleria-datuak eman ditu, osasun-guneen arabera eguneratuta, Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-guneak zehazten dituen 2018ko apirilaren 20ko Aginduaren 4. artikuluaren 2. puntuari jarraikiz.

Datu horiek aztertuta, Farmazia Zuzendaritzak ondorioztatu du, 2019ko ekainaren 21eko Aginduak ezarritakoaren arabera (zeinaren bidez zehazten eta sailkatzen baitira farmazia-eskualdeak, eskualde bakoitza zer udalerrik osatzen duen adierazita; 2019ko uztailaren 16ko EHAA), egokia dela Sopela farmazia-eskualdean (2.C.UR.02) urtean zehar beste bi farmazia-bulego irekitzea. Horietako bat Berango udalerrian egon beharko da, udalerri horrek bere lurralde-esparruan beste farmazia-bulego bat irekitzeko biztanle-proportzioa eskuratu baitu.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1.– Sopela farmazia-eskualdean beste farmazia-bulego bat sortzeko deialdia egin da, Farmazia-bulegoak sortzea, lekuz aldatzea, ixtea eta jardunean jartzea arautzen dituen ekainaren 27ko 338/1995 Dekretuan ezarritakoaren arabera (Dekretu hori otsailaren 3ko 24/2004 Dekretuaren bidez aldatu zen).

2.– 11/1994 Legearen 13. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz eta 2023. urteko biztanleria-datuen arabera, deitutako farmazia-bulegoa Berangon jarri beharko da.

3.– Deitutako farmazia-bulegoaren titulartasuna eskuratzeko eskabideak hilabeteko epean aurkeztu behar dira, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

4.– Eskabide horiekin batera, ekainaren 27ko 338/1995 Dekretuaren 2. artikuluan aurreikusitako dokumentazioa aurkeztu beharko da (24/2004 Dekretuak emandako idazkuntzan).

5.– Eskabideak eta horrekin batera doazen agiriak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez (https://www.euskadi.eus/servicios/0609205). Bertan, izapideak bitarteko elektronikoen bidez egiteko zehaztasunak, eranskinak, esku-liburuak eta ereduak agertzen dira.

6.– Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak eta jakinarazpenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/).

Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 29a.

Osasuneko sailburua,

MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.


Azterketa dokumentala