Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

120. zk., 2023ko ekainaren 26a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
3020

87/2023 DEKRETUA, ekainaren 13koa, urgentziakoa deklaratzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak, nahitaez desjabetzeko, honako eskubide eta ondasun hauek okupatzea: Bergaran eta Elgetan, GI-2639 Errepidean Elgeta eta Kanpanzar artean bihurguneak hobetzeko eta zabaltzeko proiektua (2-EM-33/2022) burutzeko beharrezkoak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, «GI-2639 Errepidean Elgeta eta Kanpanzar artean bihurguneak hobetzeko eta zabaltzeko proiektua (2-EM-33/2022)» delakoaren espedientea formalki onartu eta gero, adierazi zuen ezinbestekoa zuela lur guztiak erabiltzea, proiektua gauzatzeko.

Bide Azpiegituretako Departamentuko foru diputatuak 2022ko urriaren 24an emandako Foru Aginduaren bidez, honako hau ebatzi zuen: nahitaezko desjabetze-espedientea hastea eta jendaurrean jartzea eragindako ondasunen eta eskubideen zerrenda, hilabetez, iragarkiak jarriz bai prentsan bai eta 2022ko azaroaren 3ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (208. zk.). Gero, 2023ko urtarrilaren 10ean egindako bilkuran, Gipuzkoako Foru Aldundiak erabaki zuen Eusko Jaurlaritzari eskatzea proiektuak ukitzen dituen eskubideak eta ondasunak okupatzeko urgentzia dagoela adierazi dezala, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko datu aski dituztela agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen, egokitu zenean, eta bi alegazio aurkeztu zitzaizkion, administrazio-espedientean adierazten denez.

Zerbitzu teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako oztoporik hirigintzaren aldetik.

Ezin da gehiago luzatu ondasun eta eskubide horiek okupatzea, honako arrazoi hauengatik:

GI-2639 errepidea –«N-636 errepidetik (Kanpanzar)-Eibarrera, Elgetan barrena»– bihurgune askokoa da, eta plataforma-zabalera nahiko uniformea du (5,50-6 metro artekoa) proiektuaren xede den zatian; hau da, Kanpanzar gaina eta Elgetako hirigunea lotzen dituen tartean.

Eguneko batez besteko trafiko-intensitatea arina bada ere, azpimarratu beharra dago ibilgailu astunak ere ibiltzen direla bertan, Elgetako industrientzat hori baita Bizkaiarekin lotzen duen biderik laburrena. Elgeta-Elorrio tartearen zati batean debekatua dago ibilgailu astunen trafikoa, eta Eibarretik joateko aukera daukate, baina Eibarko hiri-bilbearen zati bat igarotzera behartzen ditu horrek gidariak, eta zati horretan zabalera eta biraketa-erradioak kaskar samarrak dira.

Proiektuaren xede den tartearen egungo baldintza geometrikoak ez dira egokiak. Nahiko zuzenak diren zatietan edo erradio zabalekoak diren zatietan ez dago arazorik bi ibilgailu astun gurutzatzeko, baina erradio txikiko puntuetan plataformaren gainzabalera ez da beti nahikoa izaten eroso edo seguru ibiltzeko.

Erradio txikia izateaz gain plataforma ere estua duten puntuetan, deserosoa eta arriskutsua da bi ibilgailu astun elkarrekin gurutzatzea edo astun bat eta arin bat elkarrekin gurutzatzea ere (horietako batek martxa moteldu behar du, bestea igaroko bada).

Proiektuko lanak gauzatzeak industria-ehun produktiboaren loturak hobetuko ditu, baita errepidearen zati hori erabiltzeko beharra duten herritarren baldintzak ere, eta alboko istripuak izateko arriskua murriztuko. Arrisku hori ez da nolanahikoa gaur egun.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak urgentziaz okupatu behar direla deklaratzea, nahitaezko desjabetzeak honako hauek baldin baditu tartean: exekuzio-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde-antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari dagokio horretarako proposamena aurkeztea Jaurlaritzaren Kontseiluari.

Hori dela eta, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak, 2023ko ekainaren 13ko bilkuran gaia aztertu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, adieraztea urgentziakoa dela Gipuzkoako Foru Aldundiak «GI-2639 Errepidean Elgeta eta Kanpanzar artean bihurguneak hobetzeko eta zabaltzeko proiektua (2-EM-33/2022)» burutzeko beharrezkoak diren ondasunak eta eskubideak okupatzea, nahitaezko desjabetzea burutzeko. Berariaz horretarako abiarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztuta eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, aurretiaz, berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dakioke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Epeok dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.

Vitoria-Gasteizen, 2023ko ekainaren 13an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala